EDITORIALA / Faxismoa

Vito Quiles arnasestuka

2026/10/17

Vito Quiles probokatzaile faxista Iruñetik pasatu zen herenegun. Sartu-irten bat izan zen, bideo labur bat grabatu eta buelta. Ausart itxura eman nahi zuen, baina hala moduz atera zitzaion. Gainera, Vitok ez du estatu mailako eskuin parlamentarioaren babes handiegirik jaso atzokoa eta gero. Estatu mailako eskuineko komunikabideek gutxi hitz egin dute Iruñean gertatutakoaz, eta hori nahiko esanguratsua da. Aldez aurretik eman zezakeen Vito eskuin parlamentarioaren aginduz ari zela bira egiten Espainiako Estatutik, baina herenegungoak zalantzak eragiten ditu. Vito bere jarraitzaile kopurua handitu nahian ariko da buru-belarri, horrekin diru gehiago poltsikoratuko lukeelako. Arriskua, nolanahi ere, faxismoaren gorazarrea eta oldartzea dira. Guda kulturalean aurrerapausoak ematea, hain zuzen ere. Ostegunean bi helburu horiek ez zituzten bete.

Mobilizazio antifaxista handiak egon ziren arratsaldean Iruñeko alde zaharrean. Milaka lagunek ezetz esan zieten faxismoari zein espainolismoari eta klase-batasuna aldarrikatu zuten, besteak beste. Indar-erakustaldia agerikoa izan zen eta antifaxismoa indartuta atera zen. Ondoren, Yamaguchi plazaren inguruetan liskarrak egon ziren Poliziaren eta antifaxisten artean. Polizia, beste behin ere, faxistak babesten ibili zen eta antifaxisten aurka oldartu zen. Manifestarien artean zaurituak eta atxilotuak egon ziren. Gauzak horrela daude: probokatzaile faxista bat babesteko ehunka polizia mobilizatzen dituzten bitartean, antifaxismoa jazartzen dute.

Eta hori guztia PSOE gobernuan dagoen bitartean gertatzen ari da. Atzo, Iruñeko alkateak "istiluak" kondenatu zituen. Gauza bat agerikoa da: PSOE agintean dagoen bitartean hamarnaka auziperatu daudela faxismoari aurre egiteagatik, eta Iruñeko Udalak denbora gehiago eskaintzen diola "istiluetatik" aldentzeari beste ezeri baino.

Hauteskunde orokorren atarian gaude Espainiako Estatuan, eta baliteke faxismoa gobernura iristea. Gaur-gaurkoz aukera probableena dela ematen du, baina batek daki. Ondorengoa argi eduki behar dugu: gobernu aurrerakoi bat errepikatzekotan, orain arte bezala, Estatuaren erreforma autoritarioak bere bidea egiten jarraituko lukeela. Bi eszenatokietara egokitzeko prest egon behar du militantziak.

Ezker erreformistak faxismoaren aurkako fronte zabala aldarrikatzen du. EAJren gisako eskuin liberaletik hasi eta egungo gobernua osatzen duten alderdietaraino, guztiak omen dira polo aurrerakoiaren parte. Aurrekontu militarrak aurrera atera dituztenengan, Ukrainako gerra babestu dutenengan, Mozal Legea bere horretan mantendu dutenengan edo antifaxismoa zigortu eta kriminalizatu dutenengan jarri behar omen dugu konfidantza. Hau da, faxismoa hauspotu duten horiei sinetsi behar omen diegu. Aspaldi utzi genion ume izateari, eta ameskeriak baztertu genituen: prest egon behar dugu datorrenerako, eta, horretarako, langile-batasuna eraiki behar dugu; militantziatik, antolakunde iraultzaileetatik eta herri-mugimenduetatik abiatuta. Bloke propioa osatu behar dugu, faxismoaren eta autoritarismoaren aurkako euste-horma eraikitzeko. Orain da momentua.