EDITORIALA
Guztiok harritu gaitu ezkerreko erakunde berri bat sortuko delako notiziak. Ezkerrekoa, ustez, eta "immigrazio masiboaren" aurkakoa. Wokismoaren aurkako mugimendu bezala aurkezten dute beren burua, baita Ezker Abertzalearen baitako bezala ere. Itxura batean Alemaniako BSW alderdiaren antzeko zerbait egin nahi dutela dirudi. Alderdi abertzalea, ezkertiarra eta egungo moda ideologikoen aurkakoa.
Joseba Iturria Gara egunkariko kirol-kazetari ohia izan da mugimenduaren izenean hitz egin duena. Oraindik ez dute ezer ofizialik aurkeztu, baina Iturriak iragarri du 2027ko udal-hauteskundeetara aurkezteko asmoa dutela. Eta hainbat hedabidek jarraipena eman diote gaiari: etorkinen aurkako mugimendua delako eta EH Bilduren kritikatik abiatzen delako. EH Bilduko kideak segidan atera dira mugimendu horren kontra egitera, beren oinarrian ere zenbait ahots dauden arren immigrazio masiboa kritikatzen.
Oraindik informazio asko falta zaigu mugimendu horren inguruan. Alabaina, zenbait gauzak arreta ematen dute, eta beharrezkoa da arrisku batzuen inguruan ohartaraztea:
1. Lerroburuan immigrazio masiboaren aurkako mugimendua direla aipatzen dute. Problematika hori zentroan jarri dute, baina, aldi berean, "ezkerrekoak" direla sinestarazi nahi digute. Jakin badakigunean etorkinen estigmatizazioak zein espazio politiko elikatzen duen, ez preseski ezkerrekoa.
2. Wokismoaren kritika erdigunean dute. Wokismoa joera bezala izendatu daitekeen moduan, wokismoaren kritika moda ideologiko erreakzionario bat bilakatu da mundu osoan zehar. Eztabaida arrazionala baino, dikotomia faltsuak sortzen ditu eta ez du funtzio aurrerakoirik betetzen.
3. Ia egiturarik gabeko mugimendua dira, baina etxea teilatutik sortzeko asmoa daukate. Ez daukate kale-mailako jardunik, baina hauteskundeetara aurkeztuko dira. Langileriaren alderdia oinarritik sortzen den hura da, herri-mugimenduetan erroturikoa, borroka-esperientzia metatzen duena eta dinamika militanteak aurrera ateratzen dituena. Ez da horrelakorik sumatzen kasu honetan.
Amaitzeko, faxismoari aurre egiteko aitzakiaren pean faxismoaren pack ideologikoa nork bere egitea akats larria da. Are gehiago Euskal Herrian, zeinetan Ezker Abertzalearekiko espazio kritikoa ezkerretik eta laburbiderik gabe zabaltzea lortzen ari garen. Ezker Abertzalearen eskuinera posizionatutako mugimenduek pultsio erreakzionarioei baino ez diete jaten ematen, eta EH Bilduren eskuineranzko joera errazten dute.