EDITORIALA / Faxismoa

Eskuinkeriaz beteriko ikasturte baten atarian

2026/09/09

Astea joan eta astea etorri eskuin muturrak markatutako agenda politikoa egokitzen ari zaigu. Eskuina eta eskuin muturra Ceutako egoera iraunarazten eta egoera hori baliatzen ari dira beren estrategia elektorala indartzeko. Aurreko asteko mobilizazioek funtzio hori betetzen zuten, faxismoa eta arrazakeria puzten zituzten aldi berean. Etorkinak kriminalizatzen eta haiei gizatasuna kentzen dihardute. Horrez gain, lawfare delako estrategia darabilte beren aurkari politikoak jokoz kanpo uzteko. Eskuinkeriaz betetako ikasturte politiko bat iragarri dezakegu, beraz.

Egoera internazionalari erreparatzen badiogu, behintzat Mendebaldeko herrialdeei dagokiona, antzeko egoera aurkitzen dugu: eskuin muturraren oldarraldiarena. Trump Ipar Amerika guztia eta Iran anexionatzeko mehatxuak egiten ari da. Alemanian eskuin muturrak hauteskunde garrantzitsuak irabazi ditu, Saxonia-Anhaltekoak. Alemania ondorengoaren adibide ezin hobea da: sozialdemokraziaren eta zentroko alderdien porrotarena. Hori, eta baita ezkerreko alderdien noraez ideologikoarena ere. Izan ere, BSW alderdiak, ustez ezkerrekoa baina egiaz chauvinista eta etorkinen aurkakoa denak, hauspotuko du boterera AfD. Azkenik, AfD alderdia eskuin muturraren aurpegi berriaren ilustrazio ezin hobea da: klasista, kontserbadorea eta liberala neurri berdinean, Alice Weidelen figuran gorpuzten dena.

Baina dena ez dira albiste txarrak, eta bada esperantzarako arrazoirik ere, larunbatean OES ikasle-antolakunde sozialista aurkeztu baitzuten. Ehunka ikasle elkartu ziren Mugimendu Sozialistaren baitako ikasle-antolakunde hori aurkezteko. Bi argudio: 1. Faxismoari aurre egiteko bide bakarra nazioartean Mugimendu Komunista indartsu bat egotea da. Jakina, nazio bakoitzean ongi erroturiko antolakundeak izan behar dute, eta errealitate konkretuei erantzuteko gaitasuna izan behar dute. 2. Egungo testuinguruan erradikalizazioa ezkerretik ere gertatuko da, lehenago edo beranduago. Mugimendu Sozialistaren loraldia hastapen gisa deskribatu dezakegu. Horrenbestez, ongi etorria ematen diogu OES antolakundeari: ibilbide oparoa izan dezazuela.