Itaiak azaroaren 25 honetan borrokara batzeko deia luzatu du. Itaiako kideek berdintasun politiken mugak eta politikarien fartsa seinalatu dituzte, eta independentzia politikoz antolatzeko beharra mahaigaineratu dute.
Kritika horrek ez du emakume proletarioen bizi-hobekuntzen baldintzen aurka egiteko asmorik, baizik eta estrategia erreformista eta politika feministen ondorioak mahaigaineratu nahi ditu, alde batetik, politika eredu horren muga argiak seinalatzeko, eta, beste aldetik, emakume langilearen eta oro har proletalgoaren askatasun errealerako oztopoa direla salatzeko.
Diru-partidak handitu daitezke, instituzio konkretuak garatu eta legedi berriak idatzi. Baina ez dago indarkeria jasaten duen emakume ororen ondorioak erreparatzeko adina baliabide, are gutxiago krisi-garaian. Politikarien fartsaz mintzo gara, instituzioen egiturazko antolaketa kapitalismoari, eta, hortaz, matxismoari lotuta dagoelako. Esaterako, berdintasun-politikak garatzen dituzten bitartean, emakumeen aurkako indarkeria betikotzen duten egoerak sustatzen dituzte, lan baldintza-txarrak, etxeko lanen ardura eta abar: gaixotasuna tratatu gabe sintomak sendatzeko saiakera petrala. Izan ere, ez dago emakume proletarioa askatzerik bera azpiratzen duen harreman soziala irauli gabe, osotasuna eraldatu gabe.
Horretaz gain, politika horiek oztopoa ere badira emakume langilearen antolakuntzarako. Batetik, instituzioak eta politikariak matxismoaren gurpila elikatzen duten konplize gisa hauteman ordez, emakumearen interesen aldeko figura bezala agertzen dira gizartean, eta gisa horretako aurpegi-zuriketek politikariak egoeraren arduratik salbuesten dituzte. Beste alde batetik, politika erreformisten ondorioetako bat kaleen neutralizazioa da, hau da, mugimendu politikoak itzaltzen dituzte behin erreforma formalki gauzatu dela. Gehienetan, gainera, aldarrikapen edo politika horien aldeko indar-korrelazioa aktiboki mantentzeak eragiten du proposamen instituzional feministek irautea eta efizienteak izatea. Azkenik, politika mota horren marko ideologikoak medio, klase-gatazka elementua estaltzen da behin eta berriro.
Itaiak behin baino gehiagotan aldarrikatu ditu bizi-baldintzak berberak guztiontzat, bizi-baldintza duinak. Eguneroko bizitza hobetu dezaketenak, baina era berean gizartea eraldatzea baimenduko dutenak. Borroka horien norabidea klase etsaiarekin konfrontazioan marraztu behar da, askapen prozesu integral baterako norabidean, hain zuzen. Bestela esanda, hobekuntzarako borroka horiek, emakume proletarioaren bizi-baldintzak hobetzeaz gain, ekarpena egin behar diote borroka prozesuari, sozialismoaren eraikuntzari. Izan ere, antolakuntza independentea da emakume langilearen subjektua indartu eta autodefentsa egituratzeko aukera bakarra.