Demagogia politika elektoralaren funtsezko praktika bilakatu da; ezinbesteko kontua da politikagintza burgesean. Miseria garaiotan langile-klasearen esperantza erretorika eta propagandara kondenatu nahi dute. Hori horrela, pisuzko argumentu politiko bilakatu dira batzuentzat, 2023ko hauteskundeen atarian, tankera honetako esamoldeak: «aukeran, onenak dira (edo txarrena ez, behintzat)», «okerrago egon gintezke» eta «laguntzarik ez jasotzea nahiago al duzu?». Horiek, ezer izatekotan, argumentu pobreak dira.
Azken hamarkadetan langileon soldatak nabarmen debaluatu dira, hau da, diru berarekin gaitasun ekonomiko txikiagoa dugu. Bizi-bitartekoen prezioek gora egin dute, eta, gainera, Espainiar estatuan buruko 1730 € jaitsi da urteko aberastasuna. Azken urteetan langileriak aurrezkiak galdu ditu eta proletalgoa zorpetuta bizirautera kondenatu dute. Bien bitartean, Espainiako Gobernuak, urtarrileko aldapari aurre egiteko izateko proposatutako neurri entzutetsuenak hauek izan dira: elikagai-bonuak, alokairuak mugatzea eta BEZa murriztea. Aurkeztu duten krisiaren kontrako neurri sortak plazebo eta hauteskunde-kanpaina usaina du. Hitz egin dezagun hartutako neurriez.
Batetik, elikagai-bonuaren laguntza errealitatean hilabeteko 17 €-ko dirulaguntza batera murrizten da, hilabeteko buruko bataz besteko gastua 100 €tik gorakoa denean. Horretaz gain, BEZa murrizteko proposamenarekin iragar zitekeen prezioen jaitsiera ez da antzeman elikagaien azken balioan. 2021etik 2022ra ia % 16ko igoera izan du elikagaien saskiak, eta supermerkatu kate batzuek sekulako irabaziak izan dituzte; adibidez, Mercadonak % 3,3ko hazkundea izan zuen fakturazioan. BEZa murrizteko azken erabakien esanahia errealitatean hauxe izan da: supermerkatuen irabazi-marjinak handitu direla. Beste urte batez aberastasuna pilatuko dute langile-klasearen bizkarretara.
Bestetik, alokairuaren prezioak 2022an % 6,2 igo ziren, eta bataz besteko prezioa 826 €-tik 877 €-ra igaro zen. Hiri-eremuetan biztanleriaren % 11k bere soldataren ia % 40 alokairua ordaintzera bideratzen du; aldiz, aholkuek diote norbait pobreziara ez kondenatzeko ez lukeela bere soldataren % 30 baino gehiago alokairura bideratu behar. Alokairuen prezioa jada guztiz neurrigabea eta ordainezina da askorentzat. Beraz, urte honetako igoera gehienez % 2koa izango dela iragarri izanak proletalgoak estutasun gehigarririk ez izatea eragin dezake, baina ez du etxebizitzaren auziaren ondorioz pairatzen dugun larritasuna inondik inora ebazten.
Neurri horiek martxan jartzeak inpaktu ekonomiko oso txikia edo hutsala dute gure bizitzan. Hori, guk dakigun bezala Espainiar Gobernuak ere badaki. Ulertu behar duguna zera da, neurrion azken helburua ez dela ekonomikoa, politikoa baizik. Krisiaren aurkako neurriek krisiak eragin dezakeen desoreka politiko eta soziala neutralizatzea dute helburu. Lortu nahi dutena instituzioen zuriketa, proletalgoaren erreakzioak lausotzea eta nahasmen politikoa sortzea da. Izan ere, egoera honek gobernu aurrerakoienari prezioak langileon soldatetara egokitzea eta langile-klasearen beharrizanak kapital-bloke handien interesei lehenestea eskatzen dio. Baina hori ez da gertatuko. Guk krisiaren atzean dagoen ofentsiba ekonomiko eta politikoa mahaigaineratu behar dugu. Langileriaren bizi-ereduaren kalitatearen beherakadak erantzule eta konplizeak dituela salatu, eta gaurdanik bizi eredu hobe horren alde borrokatzea dagokigu.