Burdin Hesiaren azken saiotik tiraka eta Roberto Vaqueroren deklarazio arrazisten harira, ezinbestekoa da Estatu kapitalisten immigrazio-politikak eta horiek oinarritzen diren ideologia erreakzionarioak mahai gaineratzea.
Gaiari heltzeko Frantziaren kasua hartu daiteke adibidetzat, argia baita bere azken immigrazio politiken intentzionalitatea. Macronen Gobernua eta Frente Obreroko bozeramailea bat datoz etorkinen auzian: migrazioarekin ados egon litezke, baina modu ordenatuan baldin bada (haiek ordenatua, alegia). Gérald Darmanin Frantziako Barne Ministroak ondo adierazi du Frantziar Estatuaren intentzioa: «Atseginak izango gara atseginekin, koldarrak gaiztoekin». Laburbilduz, kapitalak dituen beharrizanen arabera, horri subordinatzeko prest dagoen hori onartua izango da; kontrara, kapitalaren ankerkeriari otzan ez dena, poliziak itzulerako bidean jarriko du arnasa hartu orduko. Frantziak, lege-proposamen berriarekin, paperik gabeko etorkinak kanporatzea bizkortu nahi du, eta, bide beretik, haiei paperak eskuratzea zaildu nahi die. Macronen politiketatik atentzioa eman duena, ordea, zera da: lege-proposamen berean etorkinak Frantziatik kanporatzea eta eskulan falta dagoen esparruetan (ostalaritzan, nekazaritzan eta eraikuntzan) lan kontratazioak errazteko aukera baloratzen dituela. Kontraesankorra izatetik urrun, elkar elikatzen duten politikak dira. Azken finean, helburua arrazismoa sustatzea da, horrela lan indar migratua debaluatzea lortzeko. Lan baldintzak are ezengonkorragoak bihurtu nahi dituzte, enpresariek etekin marjina handitu, eta nagusiek langileen lan-baldintzetan esku-hartze handiagoa izatea.
Frente Obreroren moduko eragileek gizarteko geruza errakzionarioenak gorroto-haztegi perfektu bilakatzea dute xede, horrela Macronek martxan jarri nahi dituen era horretako politikek testuinguru oparoa izan dezaten Espainiar estatuan ere garatu daitezen. Arrazismoaren moduko ideologiek asko dute proletalgoaren aurkako gorrototik. Interakzio sozio-kulturaletatik mamitzen da arrazakeria (ez auzi fisiologiko edo fenotipiko hutsetik), eta, era berean, interakzio horiek klase kondizioak determinatzen ditu, are gehiago krisi garaietan. Gehienetan bizi eredu proletario ezberdinen kriminalizazioa dago arrazakeriaren atzean, horregatik pertzibitzen dira aniztasun kultural moduan jatetxe marokoarrak baina migrazio arazo bezala horien komunitateak gure herrietan haztea. Frente Obrerok, beste behin ere, aho betez aurkeztu du bere burua proletalgoaren aurkako eragile gisa.
Estatu modernoen eraikuntzarako nahitaezkoa izan zen periferiako herrialdeen esplotazioa. Politika eta jardun ankerrek ahalbidetu dute zentro inperialistan dagoen bizi ereduaren eta ongizate estatuen sorrerarako baldintzak existitzea. Gerrak, goseteak, arpilatzeak eta edozelako sarraskiak egin dira erdi-mailako bizi ereduak sostengatzeko. Miseria erein da hainbat lurraldetan, bizi baldintza guztiak suntsitu zaizkie biztanleei, eta egin daitekeen gutxienekoa da miseria horretatik ihes egiten ahalbidetzea.
Internazionalismoa da iraultza proletario globala estatuen integritate, segurtasun eta bakearen gainetik jartzen duen printzipio bakarra, eta, hortaz, mundu mailako proletalgoaren ongizatea jartzen duena edozein interes kapitalistaren gainetik (kolektibo eta indibidualak). Proletalgo iraultzailea subjektu unibertsal bezala eraiki behar dugu, eta, horretarako, nahitaezkoa da hura duen aniztasun guztian antolatzea.