Klase ertaina deskonposizioan dago. Proletarizazio-prozesu azkarraren ondorioz, langileriaren masa zabalak ongizate estatu batek eman ditzakeen onuretatik kanpo edo galtzeko arriskuan daude. Baina klase ertainaren politika egiteko eredua, hein handi batean, ongizate estatu horren desirek eusten dute, eta, hortaz, burgesiarentzat ezinbestekoa da krisi garaietan ere hari eustea. Gizarte eredu horren azken zantzuei eusteko saiakeretan, ideologia faxista indar handia ari da hartzen. Haren bidez, gehiengo sozialari oinarrizko bizi-baldintzak ukatzea bultzatzen da, hala klase ertain «nazional» murritzago baten ongizatea bermatzeko. Horrela, normalizatzen hasten dira ideologia erreakzionarioak, obreristak, patriotikoak, eta, oro har, proletalgoaren aurkakoak.
Ultraeskuineko alderdiak hartzen dira faxismoaren errepresentazio politikotzat, baina ideologia faxista askoz hedatuago dago eta puskaz konplexuagoa da. Esaterako, gainontzeko alderdi gehienek ere badituzte iruditeria sozial faxistaren zantzuak. Izan ere, estatuari erabilgarria zaio ideologia hori, matxismoa, arrazakeria edo bestelako ideologia erreakzionarioak bultzatzen dituelako besteak beste. Zentzu komunean ideologia faxistari esker justifikatzen dira gobernuaren aktuazio asko: etorkinak estatuko mugetatik biolentziaz kanporatzea, estatu polizialak inposatzea… Bide beretik, estatu aparatuek, tartean komunikabideek, faxismoaren espresio espontaneo eta gehienetan biolentoak zuritzen dituzte.
Joan den astean Iruñeko Ezpala tabernan gertatukoa eraso faxista izan zen, temati defendatzen ari badira ere horren atzean bi talde zaleturen aurkakotasun hutsa dagoela. Horrelako kontakizunen helburua jazotakoa sinplifikatzea eta faxismoaren auzia ekuaziotik ateratzea da. Gauza bera egiten saiatu izan dira urte luzez Aitor Zabaletaren erailketarekin edo Carlos Palominorenarekin. Ordea, errealitatea da zentzu komunean tokia duen ideologia dela faxismoa, eta hartzen duen forma biolentoak arriskutsu bilakatzen dituela kaleak. Kolektibo zaurgarrienentzat edo talde eta norbanako antifaxistentzat etengabeko mehatxua dira talde faxistak.
Gobernuko alderdi ezkertiarrak ez dira faxismoaren gorakada gelditzeko alternatiba erreala, faxismoa ez baita Vox edo Ciudadanos alderdietara mugatzen, eta, hortaz, ez baitira arazoaren soluzioa, beren burua haren alternatiba moduan aurkezten duten arren. Sozialdemokrazia ez da aterabide erreala; ez du gaitasunik krisiari aterabidea emateko, autoritarismo forma berriak oztopatzeko edo ideologia erreakzionarioen erradikalizazioa leuntzeko. Gainera, faxistak seinalatu ordez, fokua mugimendu antifaxistak etengabe kriminalizatzean jartzen dute. Gure ustez, lehen pausoa eragile antifaxisten kriminalizazioa etetea, elkartasuna saretzea eta askotariko espazioetan faxismoaren normalizazioa etetea da. Baina, era berean, faxismoa ideologikoki borrokatzeko, beharrezkoa da militantzia antolatu bat garatzea, faxismoa borrokatu eta gainditzeko adina adore eta inteligentzia estrategikoa izango dituena.