AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Maduro Venezuelako presidentearen bahiketa AEBen inperialismoaren kapitulu beltz bat gehiago da. Supremazismoa gorenera eramaten dute Estatu Batuek. Latinoamerika beraiena dela diote behin eta berriz, eta indarra, bai ekonomikoa zein militarra, baliatzen dute Hego Amerika beraien jabetza pribatua balitz bezala erabiltzeko. Doktrina inperialista ezin gardenagoa da Trump presidentearen hitzartze bakoitzean, Venezuela bere kontrolpeko herrialdea bilakatu dela baitio, edo petrolioa eskuratzeko eragin dituela dozenaka hildako Maduroren aurkako operazioan. Horixe da demokrazia kapitalismoaren baitan, itxurakeria hutsa.

Oraindik ez dago erabat argi nola lortu zuten AEBek presidente bat bahitzea, baina handik eta hemendik zabaldu diren informazioekin eta hipotesiekin zuhurrak izan behar dugu oso. Momentuz ziur dakiguna zera da: AEBak herrialde baten gainetik pasatu direla petrolioari lotutako hainbat enpresariren irabaziak bermatzeko eta nahi ez zuten presidente bat paretik kentzeko.

Euskal Herrian, EAJ, eskuin muturrerantz norabidetutako alderdia dela egunero gogorarazten ari zaiguna, kolpismoaren alde lerratu da beste behin ere. Eta aipamena merezi dute Espainiako Estatuko alderdi nagusien portaerek. PP bezalako alderdi bat nondik datorren ikusita, pentsatzekoa zen estatu-kolpea bete-betean defendatuko zuela, eta horrela izan da. PSOEk, ustez ezkerreko alderdi erreferentea Europan, Trumpen formak kritikatu ditu itxura pixka bat zaintzeko, baina gertatutakoa defendatzen ari da. Inongo estaldurarik gabe diote hauteskundeak Edmundo Gonzalezek irabazi zituela edo, orain, erregimen demokratiko batera jauzia egiteko aukera ireki dela Venezuelan. Eta, hori guztia, Madrilen oposizioko ultraeskuindar guztiak gordetzen dituen bitartean. Estatu-kolpean oinarrituta, AEBen interesak bermatuko dituen edo txarrenean jarrita eskuin muturra normalizatzen duen demokraziara trantsizioa proposatzen digu PSOEk. Hori da Mendebaldeko demokrazia, gustuko ez dituen agintariak indarrez eta amarruz kentzen dituena.

Komunistok Venezuelako herri langilearekin eta aktibo jarraitzen duen militantzia iraultzailearekin gaude. Jakin badakigu eskuin muturreko balizko gobernu batek edo AEBen interesei loturiko batek langileen eskubide politikoak zuzenean kaltetuko lituzkeela. Hori bai, egoera argitzen joan ahala, Iraultza Bolivaristaren inguruko gogoeta historikoan sakontzea ere beharrezkoa da edozein militante iraultzailerentzat. Apologismoa edo erabateko ukazioa dogmatismoa litzateke, lotuago legokeena prozesu politikoen gaineko ikuspegi identitarioarekin, ikuspuntu iraultzailearekin baino. Komuniston eginbeharra da gertaerei aurrez aurre begiratzea eta kritika politikoa erdigunean jartzea. Eta, hori guztia, inperialismoaren eta bere oinarrian dagoen kapitalismoaren aurkako borroka erdigunean daukagun heinean, noski.

EZ DAGO IRUZKINIK