AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Adamuzko eta Rodaliesko tren-istripuak direla-eta, hainbat eta hainbat erreakzio ikusten ari gara egunotan. Ezer baino lehen, elkartasun guztia kaltetuak izan direnei edo senideren bat galdu dutenei. Horrelako istripuak gertatu ohi dira, baina begiratu egin behar da ea zer testuinguru eta zer baldintzaren pean jazotzen diren. Hala, bi parametrotan bana ditzakegu erreakzioak orain arte: batetik faxistak, kosta ahala kosta PSOEren gobernua gertatutakoaren errudun gisa jarri nahi dutenak; eta bestetik gobernua, batasunaren eta estatuko instituzioen gorazarrea egiten ari dena.

Agitatzaile faxistak, Vito Quiles eta enparauak, gezurrak zabaltzen ari dira lehenengo momentutik, PSOE gertatutakoaren erruduntzat jotzeko. Vox alderdi faxistak, ezeren aurretik, PSOE gertatutakoaren errudun modura seinalatu zuen bere liderraren txio batzuen bitartez, eta ondoren baieztatu zuten Espainian trenez bidaiatzea jada ez dela segurua. Eskrupulu falta ikaragarria erakusten dute horrelakoetan, ezbeharrak arma politiko gisa erabiltzen baitituzte zer gertatu den jakin aurretik. Gainera, beren ereduak, pribatizazioan eta zerbitzu publikoen desegitean oinarritutakoak, horrelako gertakarien aurrean egoera zaildu baino ez luke egingo, kalitatezko zerbitzu publikoak baitira egoera horiei aurre egiteko bermea.

PSOE faxisten eskrupulu falta erabiltzen ari da dikotomia horretatik etekin politikoa eskuratu eta PPren aurka egiteko. Baina, horrez gain, instituzio publikoekiko triunfalismo moduko bat erakusten ari da. Beren iruditegiaren arabera, posible den estaturik hoberenean bizi gara, eta arazoa Vox eta Trump dira, gure paradisua suntsitzera baitatozte. Ezin aipatu gabe utzi Espainiako monarkiaren aurpegi garbiketa, bizkor gerturatu baitira biktimen ondoan argazkiak ateratzera, ezer gehitu gabe, horrelako tragediak instituzio monarkikoa legitimatzeko erabiliz.

Espainiako Estatuko zerbitzuen kalitate erabatekoa zalantzan jarri behar dugu. Izan ere, zerbitzu horietako asko pribatizatuta daude, tren-konpainiekin gertatzen den moduan. Jakinekoa da zerbitzu pribatuek etekin pribatua jartzen dutela beste ezeren gainetik. Bestalde, zerbitzu publikoen zenbatekoa eta horien kalitatea mugatua da estatu kapitalistaren baitan, eduki zezaketen potentzialarekin alderatuz gero. Horretarako, ordea, gizartea eta baliabideak antolatzeko beste eredu bat da beharrezkoa, gehiengoaren beharrizanen arabera antolatzen dena, eta ez etekin pribatuaren arabera. Estatua kapitalismoan ez baita gehiengoaren beharrizanen arabera egituratzen, kapitalismoaren erreproduzkioa bermatzeko egitura da. Jendarte honek eskaintzen dituen aukerak azken muturrera bultzatu behar ditugu ongizate kolektiboaren norabidean. Besteak beste, horrelako ezbeharrak gertatzeko aukera mugatu, eta gertatzekotan, horiei aurre egiteko baliabide hoberenak momentuan prest edukitzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK