AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Amerikako Estatu Batuak mundua hankaz gora jartzen aritu dira azken mendean, eta azkenengo hilabeteetan ez da joera hori apaldu, areagotu baizik. Faxismoa munduko herrialde boteretsuenaren agintera iritsi da, beste behin ere oligarken aldeko gobernu autoritarioaren forman. Hala ere, ez dugu ikuspegi historikoa galdu behar, Trumpen gobernua ez baita salbuespen historiko bat: AEBen politika inperialistaren jarraipen erabatekoa da, forma erradikalizatu batean.

Joera autoritarioak bizkortzera etorri da Trumpen azkenengo agintaldia, batez ere formei dagokienez. Hizkuntza eta ekimen biolentoak darabiltza Trumpek, esplizituak, eta indarraren erabilera erabatekoaz zilegitzen direnak. Mundu osoa ikaratu du oposiziorik gabe. Edukiari begiratuz gero hausturak ez dira hain nabarmenak aurreko administrazioekiko, izan demokratenak edo izan errepublikarrenak. Periferiako herrialdeetan interbentzionismoa erabatekoa izan da AEBen historia garaikidean zehar, Afrikan, Asian eta Hego Amerikan. Baliabideen arpilatzea eta lapurreta ere AEBen aberastasun pilaketaren oinarrian daude, eta horretan bat datoz munduko potentzia inperialista nagusiak, horixe baita inperialismoa, hain zuzen ere. Horrenbestez, adi ibili behar dugu faxismoa eta liberalismoa elkarren aurka jartzearekin, horrek liberalismoaren aurpegi zuriketa bultzatu izan baitu beti.

Faxismoaren areagotzeak bidegurutze batean kokatzen gaitu, baina ihesbideak uxatu behar ditugu. Langile-klasea politikoki berrosatzea presazkoa da, baina sozialdemokraziaren formulak ekidinda. Izan ere, fronte zabal garaikideen porrota erabatekoa da faxismoa indargabetzeko formula gisa, Espainiako Gobernuak eta beste hainbatek erakusten duten moduan. Horrez gain, oligarkiaren agendari ezin zaio erantzun eduki berdina izango lukeen gobernu aurrerakoi batekin, eta faxismoa indartzeko joera eduki ohi du progresismoaren iruzurrak. Politika erradikalaren garaia da, kaleak betetzeko denbora da, eta antifaxismoa eduki komunistaz betetzeko unea da. Horregatik da hain garrantzitsua gazteen artean hegemonia antikapitalista bermatzea Euskal Herrian eta ahal den toki denetan. Bilbo eta Iruñea jendez lepo betetzeko betebeharra daukagu hilaren 31n, segi dezagun horretan.

EZ DAGO IRUZKINIK