Azken astean zalaparta sortu dute Ernaiko hainbat taldek egin dituzten ekintzek. Tartean, zarata handia atera du, Ayuso Madrilgo presidente faxistari erantzunez, PPren Bilboko egoitzaren aurka egindako ekintza performatiboak. Dirudienez garrantzia handiagoa dauka egoitza horretara jaurtitako pinturak, Ayusok besteak beste euskararen aurka egindako adierazpenek baino.
Alderdi instituzional guztiak PPren defentsan lerratu dira, demokraziaren aurkako eraso bezala salatu baitute aipaturiko ekintza. Eskuineko alderdien jarrera, PPrena bezala, ezaguna da kontu horietan, enpresarien interesekin posizionatzen baitira zuzenean. Baina zein ezker instituzional mota da eskuinaren biktimizazio-kanpainara batu eta ezkerreko ekintzaileak salduta uzten dituena? Hori da egungo instituzioen alternatiba faltsua, guzti-guztiak instituzioen logika hipokritara azpiratzen dituena. Langileriaren interesak eta militantzia iraultzailerako baldintzak defendatuko dituzten alderdiak behar ditugu, ausartak eta eztabaida behar den tokira eramaten dutenak.
Bereziki aipatzekoak izan dira Sortuko buruzagi Arkaitz Rodriguezen eta Pello Otxandianoren hitzak, lehenengoak zuzenean seinalatu baitu Bilboko Ernai, eta bigarrenak Ernai orokorrean. Horra hor beraien bidegurutzea: Ernaiko militantzia GKSrekin lehiakorra izan dadin, ekintzailetasuna sustatu behar dute; erakargarriak izateko gazte erradikalen artean eta militantzia propioari dinamismoa emateko. Hori, ordea, kontraesanean sartzen da EH Bilduk zentrorara biratzeko daukan estrategiarekin, kostu politiko handia ari baitzaio ekartzen. Gainera, Ezker Abertzalearen oinarri sozialean nahasmendua sortzen dute halako gertaerek, eta ez dute inor asebetetzen ekintza horiek egitea ondo dagoela eta, aldi berean, EH Bilduk ekintza horiexek kondenatzea ere ondo dagoela dioten diskurtsoek. Elektoralismoan oinarritutako estrategiak borrokarako denon baldintzak kaskartzen ditu, protesta kriminalizatzen baitu joko-arau demokratikoen izenean. Kontu ezaguna da erdi-mailako klaseko alderdi bateko gazteak, formen bidez, GKSk ordezkatzen duen edukizko erradikaltasuna ordezkatzen saiatzea.
Mugimendu Sozialistako militante askok Ezker Abertzalean egin zuten hastapena militantzian, eta egoera horiek aski ezagunak egiten zaizkie. Militantzia sozialista, ezeren truke kapitalismoaren injustiziei aurre egiteko antolakuntza estrategikoa, zuen bizitzetan barneratu nahi duzuen guztiei: erdi-mailako klaseko alderdi instituzionalak ez dira horretarako espazioa. Behin eta berriz horma horren kontra joko duzue, gutxi batzuek liberatuta bukatuko dute, eta gehienek politika aktibotik urrunduta. Alternatibak badaude, Euskal Herrian Mugimendu Sozialistak eta beste hainbat eragile antikapitalistak frogatzen duten bezala. Geroz eta gaitasun handiagoarekin gainera. Euskal Estatu Sozialista eta langileon autodeterminazioa landu nahi duzuen horiekin guztiekin, bidean elkartuko gara, lehenago edo beranduago.