AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Larunbat honetan faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka mobilizatuko da Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) Bilbon eta Iruñean. Milaka gazte mobilizatuko direla espero da, baina manifestazioen emaitzez gain, GKSko militantziak egindako lana balioan jartzeko une aproposa da.

Faxismoa Mendebalde osoan zehar joera bilakatzen ari den une honetan, gauzak beste norabide batean joan daitezkeela eta gure eguneroko lanak horrekin zerikusia daukala erakusten ari da GKS, besteak beste. Faxismoari ezkerraren erabateko instituzionalizazioak eta hortik eratorritako egiturazko ustelkeriak jaten eman diola jakina da. Bestelako eredu batek, ordea, gauzak zail jartzen dizkio faxismoaren zabalkundeari. GKSk darabilen eredu militanteaz ari gara, herriz herri, auzoz auzo, ehunka militantek egin duten lan ideologikoa ari baita fruituak ematen. Egungo gauzen egoerak sortzen duen desatxikimendua ezkerrera mugitu daitekeela erakusten ari baitira, gazteen artean behinik behin. 

"Zentzu komunaren" eta irrazionalismoaren kultura bolo-bolo dabil sare sozialetan eta telebistan. Eman lezake gizartearen jokamoldea erabat menperatuta dutela. GKSk eta oro har herri-mugimenduek planteatzen duten eredua oso bestelakoa da, kaleko bizia berreskuratzean eta eztabaida zein azalpen sosegatuei tokia egitean oinarritutakoa. Horrela jo dute milaka gazterengana GKSko kideek, manifestazioaren zergatiak azalduz eta egungo gauzen egoeraren inguruko gakoak emanez. Lan-eredu horrek, faxismoari behar den guztietan aurre egitearekin batera, kontrajoera nabarmena dakar, eta berehalakoan eman lezakeena baino ikuspegi hegemonikoagoa dauka. Hau da, bizia dago sare sozialetatik kanpo, eta bertan indar-harremana oso bestelakoa izan daiteke.

Bukatzeko, nazioartean ez geundeke putzu batean sartuta ez balitz ezker erreformistaren porrotak bertara eraman gaituelako. Porrota erabatekoa da: ekonomikoa, instituzionala eta soziala-kulturala. Moderazioaren unea izatetik urrun, antagonismoen garai betean gaude sartuta. Oligarkia, faxismoaren bitartez, bere burua berritzen eta bere indarguneak berrasmatzen ari da. Sozialdemokraziaren eskutik ez goaz inora, Pedro Sanchezen hondoratze progresiboak hori erakusten digu, eta baita estatuen autoritarismoaren norabidean egiten dituzten politikek ere.

Langile-klaseak bere burua berrasmatu behar du, komunismoak horretarako gakoak ematen dizkigu. Sozialismoa ez dago garaituta, eta ikuspegi historikoarekin begiratuta, inoiz baino errealagoa da jendarte aske eta berdinzale bat eraikitzeko daukagun aukera eta beharra.

Faxismoari eta estatuen autoritarismoari aurre egiteko, larunbatean Bilbon eta Iruñean ikusiko dugu elkar.

EZ DAGO IRUZKINIK