AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

2025ean Euskal Herrian izandako zortzigarren erailketa matxistaren berri izan dugu: Barakaldon, 27 urteko gizon batek 54 urteko emakume bat hil du. Erailketa matxistek gora egin dute azken urtean eta honakoa datu soil bat baino askoz ere gehiago da. Era berean, matxismoaren aldeko diskurtsoak geroz eta gehiago dira eta jaten ematen diote biolentzia matxistari, azken muturrean, horrelako gertakarietan islatzen dena.

Horrekin guztiarekin agerian geratu da instituzio kapitalistek ez dutela biolentzia matxista gelditzen. Emakumeak lehen lerroan izango dituzten langileon arteko elkartasuna eta autodefentsa, kontzientziazio-lana eta erasotzaileen zein biolentzia normalizatzen dutenen inpunitatea deuseztatzea dira indar-harremana aldatzeko gakoak. Lan militantea da erdigunean jarri behar duguna. Era berean, instituzioak aliatu gisa ikusi beharrean, arazoaren parte bezala identifikatu behar ditugu: ez daukate biolentziarekin bukatzeko mekanismorik eta ondorioak kudeatzera mugatzen dira. Horrez gain, estatuak ez dio mugarik jartzen matxismoa normalizatzen ari den oldarraldi mediatikoari, telebistan zein sareetan. Eta, gainera, mugimendu feministaren parte baten bilakaeraren mugak ere nabarmentzen ari dira: kaleko dinamikak nabarmen jaitsi dira instituzioak koadro feministaz betetzen diren bitartean; eta, bestalde, biolentzia matxistaren aurkako diskurtsoek zentralitatea galdu dute. 

Baina matxismoaren eta biolentzia matxistaren aurkako borrokak zentralitatea edukitzen jarraitzen du, horrelako muturreko gertakariek agerian uzten duten bezala. Komunistok lehen lerroan egon behar gara biolentzia matxistaren aurka, sozialismoak zapalkuntza guztien aurkako jendarte-eredua ardaztu behar duen gisara. Egunotan deituriko mobilizazioetan ikusiko dugu elkar.

EZ DAGO IRUZKINIK