Egindakoaren inplikazio politikoen jabe izanda, EH Bilduk isiltasuna gordetzea erabaki du azken gertakarien aurrean. Euskal Herriko hamaika txokotan salatu da EH Bilduk Mugimendu Sozialistaren aurka erabilitako errepresioa, hari 3.000 euroko isuna ezarri nahi baitio. Badute zer isildua: legalitate burgesa erabili izana mugimendu politiko bat itzaltzen saiatzeko, txosna bat jartzeko eskubidea ukatu izana eta mugimendu bat estatu aparatuetan integratu eta asimilatu izana. Aski ezagunak zaizkigun era horretako beste jokamolde batzuk ere erabili izan ditu, hamarkadaz hamarkada beste alderdi politiko batzuek mugimendu politiko batzuk itotzen saiatzeko behin eta berriz erabili izan dituzten moduan, esaterako, instituzio eta baliabide publikoen erabilera interesatua egitea, eztabaida politikoa saihestu edo desitxuratzea, eta demagogia merkea edota instituzioak erabiltzea mugimendu bat zokoratu, isildu eta itotzeko. Azken jokaerak baditu, ordea, bestelako inplikazio batzuk ere.
Sozialdemokraziaren funtzio eta arrisku politikoak seinalatu izan ditugu behin eta berriro, eta Hernaniko gertakariek kritika horiek indartu baino ez dituzte egin. Argi geratu da, alde batetik, sozialdemokraziak betetzen duen funtzio kontrairaultzailea, eta, beste alde batetik, hark estatua eta bere instituzioak indartu baino ez dituela egiten. Legalitate burgesa beti izan da oztopo efektibo independentzia politikoz antolatzen diren mugimenduentzat, eta, era berean, proletalgoak botere kuotak eskuratzeko erabateko eragozpena. Horregatik, jardun iraultzailea gauzatzeko oztopo erreal moduan ulertu behar dugu ezkerreko alderdiek errepresioz mehatxu egiten dutela normalizatzea, instituzioekiko modu independentean antolatzen garenontzako aurrekari arriskutsu moduan. Desobedientzia politikoa kriminalizatzea politika iraultzailea debekatzea da, gizarte kapitalista eraisteak nahitaez eskatzen duelako marko legal burgesetik kanpo antolatu eta jardutea. Horretaz gain, sistema kapitalistaren baitan legitimitate kulturala duen marko legal bat apelatuz militantzia politikoa baliabidez husteak ideologia kontrairaultzailea indartzea eragiten du. Izan ere, horrek ideia hau indartzen du: zilegi den politika bakarra babes instituzionala duen mugimenduen jarduna dela, eta horrek automatikoki uzten du kanpoan politika proletarioa.
Proletalgoaren eskubide politikoak errotik ezabatzen ari diren honetan, era horretako jokamoldeek testuinguru hori elikatu baino ez dute egiten. Horregatik, EH Bilduk, alderdi politiko nazionala den heinean, dagokion erantzukizuna hartu beharko luke gertakarion aurrean; hartutako erabakiek irekitzen duten eszenatoki arriskutsuaren kontzientzia hartu, eta lehenbailehen eten beharko lituzke era horretako praktikak.