Zaintzaren gaia agenda politikoan zein koiunturan hartzen ari den garrantzia dela-eta, interesgarria iruditu zait gaiari buruzko hipotesiak ikertzea, eztabaidari ekarpen bat egiteko asmoz. Horretarako, zenbait sektoretatik egiten diren azterketen mugak azpimarratzen eta proposamen eraginkorrak egituratzeak dakarren erronkari buruzko zertzelada batzuk ematen saiatuko naiz.
KRISIAREN TESTUINGURUA
Behin eta berriz aipatu dugun moduan, 2007. urtetik bizitzen ari garen krisi-testuingurua ulertzea ezinbestekoa da, eta, hari lotuta, baita COVID-19aren pandemia ere, sistema kapitalista bera berregituratzea ekarri baitute biek. Kapital-metaketarako ezintasuna burgesiaren Damoklesen ezpata da, eta horrek testuinguru egokia sortu du metaketa-ziklo berri bat ekarriko duten erreforma berrietarako. Bide horretan, Kapitalak, bere etekinak bermatzeko, langileen soldatak jaitsi eta gizarte zerbitzuen murrizketak eta pribatizazioa sustatzen ditu. Hemen kontuan hartzekoa da gizarte zerbitzu horiek arduratzen direla langile-klasearen gutxieneko erreprodukzio-baldintzak bermatzeaz (pentsioak, haurtzaindegiak, osasuna, egoitzak, etab.).
Joera horrek sektore zaurgarrienak kanoi-bazka bihurtu ditu (emakume langileak, etorkinak eta gazteak, nagusiki) egiturazko esplotazio gero eta muturrekoagoa gauzatzeko. Eguneroko bizitzako baldintzak gainbeheran daude, eta gero eta ohikoagoak dira lan ezegonkorrak, soldata baxuak edo bizitzaren garestitzea. Emakume langileok berebiziko garrantzia duen eginkizuna dugu hemen, eta, hain justu, horretan zentratuko da erreportaje honen analisia.
LAN-MERKATUAREN FEMINIZAZIOA
Emakume langileok funtsezko zeregina dugu gizartearen erreprodukziorako baldintzekin lotutako zerbitzuen okertzean. Oso feminizatuta dauden lanak, zaintzaren sektorekoak esaterako, bigarren mailakotzat jotzen dira, eta, horren ondorioz, horietan langileek lan-baldintzak okerragoak izatea onartzen da.
Aurrez aipatu moduan, argi dago emakume langileok sozialki garrantzi handiko eginkizuna dugula eta izan dugula klase gisa langile-klaseak bere erreprodukziorako beharrezkoak dituen lanak egiteko; besteak beste, beste pertsona batzuen zaintzan (haurrak, adinekoak nahiz mendekotasunen bat duten pertsonak), etxearen garbiketan, sukaldeko lanetan edo eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiten. Azken finean, lanaren antolaketa horrek Kapitalari kostu asko aurrezteko aukera ematen dio. Historikoki emakumeek soldatapeko lanaren esparruan izan duten funtzioa aldakorra izan da, baina esan daiteke industrializaziotik eta, batez ere, 70eko hamarkadatik aurrera, emakumea modu masiboan sartu dela lan-merkatuan (hor koka ditzakegu, besteak beste, ehungintza fabriketako emakume jostunak, beste familia batzuetako seme-alabak zaintzen dituzten haurtzaindegi pribatuetako langileak, besteen etxeak garbitzen dituzten emakumeak edo egoitzetan adinekoak zaintzen dituztenak, besteak beste). Hala ere, gai hori berdintasunaren isla gisa hartu beharrean, komeni da beste fenomeno batzuk ulertzea; izan ere, gaur egun erdigune kapitalistako emakume gehienok soldatapeko lanean aritu arren, horrek ez gaitu etxeko lanen zamatik askatu. Horrez gain, emakumeen sektore proletarizatuenek, beren egoera ekonomiko eta sozialagatik, lan-baldintza penagarriak dituzten lanak onartzera kondenatuta egoten jarraitzen dute, eta horrek egoera paregabea sortzen du emakume langilearen dominazioa betikotzeko.
Lanaren banaketa sexual bortitzak emakumeak gutxietsitako lan-eremuetan eta soldata txikiagoekin kontratatzea legitimatu du. Adibidez, EAEn emakumeak dira etxeetan lanean aritzen diren langileen % 90, osasun-jardueretan ari diren % 77, hezkuntzan ari direnen % 69 eta ostalaritzan lan egiten dutenen % 62. Kualifikaziorik gabeko lan gisa hartzen diren horietan kobratzen dituzte soldatarik baxuenak beste lanbide batzuen aldean (esaterako, osasun-zerbitzuetan eta pertsonen zaintza-lanetan). Lan horietako bestelako lan-baldintza batzuk ere pozgarriak izatetik urrun daude, lanaldi partzialeko kontratuen % 74 sektore horretakoak izaten baitira. Horri gehitzen badiogu emakume horiek soldatapeko lana eta senideen zaintza kontziliatu behar dituztela, emakume langileari gelditzen zaion aukera bakarra horrelako lanaldiak eta soldata txikiagoko kontratuak onartzea da.
Lanaren banaketa sexual bortitzak emakumeak gutxietsitako lan-eremuetan eta soldata txikiagoekin kontratatzea legitimatu du
Klaseen arteko lan-banaketa Kapitalaren beharrak mantentzen dituen engranajea dela ulertuta, lanaren banaketa sexualak funtsezko zeregina du, oro har emakumeen lan-indarra debaluatuz gero langile-klasearen lan-indarra ere debaluatzen baitu. Horrek testuinguru egokia sortzen du langileen biziraupen-baldintzak okertzea normalizatzeko, eta, era horretan, etorkizunerako are okerragoak izan daitezkeen bizitza- eta lan-baldintzak justifikatzeko. Besteak beste, bizitzaren garestitzea, lan-ezegonkortasuna, soldaten jaitsiera, kaleratze masiboak edo laneko indarkeria dira horietako batzuk. Modu horretan aztertu behar dugu lanaren banaketa sexuala bera, aparte utzita irakurketa oportunista eta partzialak, zeinek esaten baitute emakumeak, orokorrean, kapitalismoaren engranaje bakarra direla –ikuspegi guztiz desklasatua–.
ZAINTZA-LANEN MERKANTILIZAZIOA
Aurrekoarekin loturan, ulertu behar dugu oso feminizatuta dauden zerbitzu horietako asko modu desberdinetan kudea daitezkeela. Izan ere, zuzeneko edo zeharkako zergen bidez kudeatzen diren Estatuko zerbitzu moduan funtzionatu dezakete edo modu pribatuan kudea daitezke.
Zerbitzu publikoek, beren horretan, ez dute kapital-metaketan funtziorik betetzen, non eta ez den azpikontraten bidez egiten. Zerbitzu pribatuek, funtsean, emakume langileak kontratatzen dituzte zerbitzu hori kudeatzen duten enpresetan, eta, modu horretan, Kapitalak hortik etekina lor dezake. Zerbitzu horiek ugariagoak egiten dira familia batzuen erosahalmena handiagoa denean, eta horrek prezio jakin batean zerbitzu indibidual bat lortzeko aukera ematen die. Prezio hori (soldata forma hartzen duena) aldatu egiten da lanaren kategoriaren eta kualifikazioaren arabera. Hori dela-eta, bigarren mailakotzat jotzen diren lanak askoz ere okerrago ordainduko dira beste lanbide batzuekin alderatuta. Adibide bat aipatzearren, bistakoa da adinekoen garbiketaren edo higienearen eta mediku pribatu baten zerbitzu baten arteko soldata-arrakala. Modu horretan, agerian geratzen da zein klasista den zaintza-lanen mailakatzea.
Zaintza-zerbitzuen aurrekontuak eta pribatizazioa
Europako Osasun Inkestak (EHIS) jarduera orokorrak egiteko norberak dituen mugak neurtzeko erabiltzen duen adierazlearen arabera, 2019an, etxean bizi diren 65 urtetik gorako Europako biztanleen % 30,9k laguntza- eta zaintza-premiak izan zituzten. Horrek esan nahi du mendekotasun funtzionalen bat duten 30,8 milioi pertsona inguru daudela Europan, eta horien erdia baino gehixeago (17 milioi pertsona) iraupen luzeko zainketen eskatzaile potentzialak direla –65 urte edo gehiagoko pertsonen % 19–. Gainera, mendekotasun-egoeran dagoen biztanleria 2019an 30,8 milioi pertsona izatetik 2050ean 38,1 milioi pertsona izatera igaroko dela kalkulatzen da. 2050ean zaintza-premia 65 eta 69 arteko pertsonen % 8,9k beharko dutela kalkulatzen da, eta 85 urte edo gehiago dituzten pertsonen % 30,7k; emakumeetan gizonetan baino intzidentzia handiagoa egotea aurreikusten da.
Biztanleriaren zahartze orokorrak zerbitzu horien beharra handitu duenez, Ministro Kontseiluak azken urte honetan autonomia-erkidegoei zaintzaren ekonomiara bideratutako funts europarretatik 730,8 milioi euro banatzea onartu du. Funts horietako gehienak, 482,4 milioi euro, mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko erabiliko dira. Haien hitzetan, «adinekoei beren etxeetan ahalik eta denbora gehien bizitzeko aukera emango dien eredu bat sustatzea» izango da helburua, eta egoitza-zentro berriek «etxebizitza arrunten antzekoak» izan beharko dute. Hala, «zaintza-eredua eraldatzeko helburuaz» hitz egiten dute. «Etxeko arreta sustatu» nahi dute «egoitzetako arreta baino gehiago», eta, horretarako, «kalitatezko enplegua sortuko dute oso prekarizatua eta feminizatua dagoen sektore batean». Kontraesankorra dirudi, beraz, aurrekontua igo arren, 11 autonomia-erkidegok mendekotasun-partidak murriztu izana 2020tik, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien Elkarteak argitaratutako datuen arabera. Mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta handitu beharrean, gobernuek lehentasuna eman diote hortik beren intereseko zerbait ateratzeari. 2021ean, elkarte horrek argitaratutako datuen arabera, autonomiek finantzaketa publikoaren % 79,2 ordaindu zuten, eta ministerioak gainerako % 20,8a, nahiz eta desberdintasunak egon autonomien arabera.
Nahiz eta aurrekontuaren igoeraren helburua familien itxaron-zerrendak murriztea izan, ez zen 60.000 pertsonako kopurua murrizterik lortu; izan ere, eskaera bat ebazteko batez besteko itxaronaldia 421 egunekoa da, eta 38.807 pertsonak bakarrik lortu zuten zerbitzua. Hortaz, aurrekontuan jasotako 75,78 milioi euroak ez aurrera ez atzera gelditu ziren. Are gehiago, 2022an 45.000 pertsona baino gehiago hil ziren mendekotasun-sistemaren itxaron-zerrendan zeudela, Espainiako Mendekotasunaren Behatokiaren arabera. Urte horretan, guztira, 1,3 milioi pertsona artatu ziren, 2021ean baino 91.295 gehiago, baina 353.965 lagun bideko tramiteetan gelditu ziren.
Bestalde, egoitza-eredua hartzen ari den joera mendekotasun larrieneko kasuetara eta adin altuenetara mugatzekoa da. Pertsonei etxean ematen zaien arreta erdigunean jartzeko joera horren ondorioz, hedatzen ari dira etxez etxeko arreta-zerbitzuak. Oro har, zerbitzuak emateko sistemak mistoak dira, eta finantzaketa publikoa eta kudeaketa pribatua dituzte. Eredu horren gertuko adibideak aurki ditzakegu Gasteizen, hala nola IMQ Igurco Egoitza Unitatea edo Arabarren izeneko egoitza berria, zaintza integraleko egoitza eredu berri gisa ageri direnak iragarkietan. Horiek horrela, eredu nazional gehienetan egonkortzen ari da epe luzeko zainketa-zerbitzu publikoen kudeaketa entitate pribatu, merkantil eta ekonomia sozialekoek egitea. Gero eta ohikoagoa da irabazi-asmorik gabeko nahiz irabazi asmodun erakunde pribatuek zerbitzu-emaile izateko baimena lortzea kontratazio publikoaren bidez edo funts publikoekin finantzatutako plazak hitzartuz. Joera hori indartzen ari da era guztietako zainketa-ereduetan. Esate baterako, Suedia edo Finlandia bezalako herrialdeak 2010etik ari dira zerbitzu horiek merkantilizatzeko neurri berriak onartzen, eta pentsatzekoa da gurean ere norabide berbera hartuko dela. Suedian, 2010ean, erreforma bat sartu zen indarrean, non ahalik eta erakunde zerbitzu-emaile gehienen artean aukeratzeko askatasuna sustatzen baita. Finlandiaren kasuan, joera hori indartu egingo da SOTE erreforma ezartzen bada. Erreforma horrek zerbitzu-emaile publiko eta pribatuen artean hautatzeko askatasuna zabaltzen du, zainketetarako aurrekontu indibidualak sartzen ditu eta zerbitzu-txekeen erabilera zabaltzen du. Horrek bidea irekitzen dio nazioarteko zainketa-enpresa milioidunek merkatua kontrolatzeari.
Hego Euskal Herrian, adibidez, enpresa bat baino gehiago aipa daiteke gai honetan. Horien artean ezagunenetako bat Eulen da; sektoreko erreferente argia da, 7.000 bezero baino gehiago baititu. Eulenek, 2021ean, 45 milioi euroko irabaziak eta 1.532 milioi euroko salmentak izan zituen, eta aurreko urtearen aldean % 6,4ko hazkundea izan zuen. Beste enpresa batzuek, hala nola Zaintzen enpresak, urte berean 33 milioiko etekin garbia lortu zuten, eta 2.6 milioikoa izan zen lizitazioetatik jasotakoa. Urgatzik ere, norabide berean, 22.2 milioiko irabaziak izan zituen urte horretan.
Merkatu-nitxo berri bat sortzen du biztanleriaren zahartze-egoera demografikoak, eta dagoeneko hasiak dira «zilarrezko ekonomia» etorkizunean irabaziak lortzeko ekonomia indartsua izango dela esaten. Gero eta enpresa pribatu gehiago ari dira sektorearekiko interesa adierazten, zerbitzu publikoek aurreikusten baitute ezingo dutela beren gain hartu eskaini beharko den zerbitzu kantitatea. Adibide gisa, telelaguntzaren eta etxez etxeko laguntzaren sektoreak 1.755 milioi euro fakturatu zituen 2020an, COVID-19aren pandemiaren urtean, hau da, sektoreak % 2ko hazkundea erregistratu zuen 2019arekin alderatuta.
Merkatu-nitxo berri bat sortzen du biztanleriaren zahartze-egoera demografikoak, eta dagoeneko hasiak dira «zilarrezko ekonomia» etorkizunean irabaziak lortzeko ekonomia indartsua izango dela esaten
MENDEKOTASUN LEGEA ETA ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA (EZL)
Gobernuak hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean Mendekotasun Legeari eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuei (ELZ) dagokienez. Senitarteko bat zaintzeko laguntza lortzeko prestazioak ez dira nahikoak (500 euro baino gutxiagokoak izan ohi dira), eta, horrez gain, batzuek, nahiz eta mendekotasun-egoera aitortua izan, ez dute behar duten laguntza edo zerbitzurik jasotzen, itxaron-zerrendak luzeak baitira. 2021eko martxotik 2022ko ekainera bitartean, adibidez, eskaera egin zenetik eskaerak ebatzi arteko batez besteko denbora 463 egunetik 377 egunera baino ez zen murriztu, nahiz eta Estatuko aurrekontuak handitu ziren, aurrez aipatu moduan. Dena dela, mendekotasunari buruzko legearen babesean egotea ere ez da sekulako pagotxa izaten familientzat, zerbitzu eta prestazioak ez baitira nahikoak, eta arretaren kalitatea ez baitago bermatuta.
Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko Legeak (LADAP gaztelaniaz) zenbait arazo topatu ditu, pertsonen eta familien kopuruak gora egin baitu eta biztanleriaren zahartzeak egoera zaildu baitu. Alde batetik, hasiera batean, lege hori mendetasun-egoeran dauden adinekoak artatzeko pentsatuta zegoen, baina, ondoren, mendetasun-egoeran dauden pertsona guztietara zabaldu zen, hala nola desgaitasuna edo gaixotasun mentalak dituzten pertsonetara. Bestalde, lege hori 2008ko krisi ekonomikoaren aurretik egin zen, presaren presaz. Gerora, ezinezkoa izan zen legea osorik aplikatzea, eragin ekonomiko handia izan baitzuten 20/2012 Legegintzako Errege Dekretuaren aurrekontu-murrizketek. Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko legeen, 20/2012 Legearen eta beste arau batzuen bidez egindako erreformen ondorioz, nabarmen murriztu zen ELZra bideratutako gastu publikoa. Murrizketa horiek LADAP Legea ezartzeko bidean zegoen unean gertatu ziren. Egiturazko erreforma eta murrizketa horiek mendekotasuna artatzeko gastu publikoa murriztu zuten. Neurri horien adibide dira 2012-2014. urteen artean 4,5 milioi euro baino gehiago pilatu izana murrizketen bidez; egiazki, Mendekotasunaren Behatokiaren XXI. Txostenaren (2022) arabera, 6,3 milioi euro izan ziren.
ZAINTZAKO LANGILEEN LAN-BALDINTZAK
Lehen azpimarratu dugun bezala, zaintzaren lan-sektorearen ezaugarri nagusia emakumeen presentzia eta beste lanbideetan baino lan-baldintza okerragoak dira. Mendekotasunaren sektoreak nabarmentzen du gizonek ordainsari handiagoa dutela emakumeek baino, batez beste 22.212 euroko eta 15.983 euroko soldatak izan baitzituzten, hurrenez hurren, 2009-2020 aldian. Beraz, kalkuluen arabera, gizonek emakumeek baino % 38,98 gehiago irabazten dute sektore horretan.
Sektoreko langileen ohiko arazoek babes sozial txikia dute, eta hainbat borroka-saiakera egin arren, bigarren mailan geratzen dira beti. Erakundeek erregularizazio-planak egin arren, lan-ikuskatzaile bat ere ez da arduratzen etxeko lanak ikuskatzeaz, edo ez dute prebentziorako teknikaririk. Insentsibilizatu egiten dira etxeko laneko jazarpena, sexu-jazarpena nahiz portaerari eragin diezaiokeen patologiaren bat izan dezaketen erabiltzaileekin lan egiteagatik izaten diren erasoak, eta inork ez du haiei buruzko informaziorik ematen; egiari zor, zerbait egitekotan, enpresen irudia garbitzen saiatzeko ahalegin lausoak egiten dira. Egoera zaurgarrienean dauden emakume langileekin, esaterako, dokumentaziorik gabeko etorkinekin, xantaia erabiltzen da haien baldintza penagarriak justifikatzeko, edo are okerragoa, ez zaie soldatarik ordaintzen edo soldata jaisten zaie, egoera guztiontzat kaskarra dela dioen premisa erabiliz horrelakoak justifikatzeko.
Laneko ezegonkortasunari dagokionez, ohikoa da langileak etxez aldatzea familiarekin eta erabiltzailearekin harremana egin ondoren, eta haien lanorduak murriztea eta lehen zituzten kontratuak kontratu partzial bihurtzea. Gainera, erabiltzaile bat hiltzen bada, langileek ez dute inolako bermerik lanpostua mantendu ahal izateko. Zaintza eman beharreko pertsona kopuruaren ratioak eta lan-baldintzak ere ez dira nahikoak; izan ere, zerbitzu-emaile merkantilek lehentasuna mozkinak lortzeari ematen diote eta ez zerbitzuaren kalitateari, eta horrek ondorioak ditu bai langileengan, bai zerbitzua behar duten familiengan ere.
Prekaritatearen beste adibide bat da teknologia berriak txertatzeak lagundu egin duela langileak kontrolatzeko mekanismoak normalizatzen. Horien artean daude lokalizatzaileak dituzten telefonoak edo etengabe fitxatu behar izatea nagusiek lan-orduak etengabe kontrolatzeko. Kontu horiek normalizatu eta sustatu egiten dira berritzaileak direla argudiatuz, baina haien atzean kontrolerako asmo argia dago, ondoren kaleratzeak edo kontratuen urraketak justifikatzeko balioko diena. Izan ere, langileari bere lanean lagundu beharrean, horrelakoek funtzio inkisitiboa baino ez dute betetzen, lanak autoritatez zorrotz betetzen direla ziurtatzeko. Ulertu behar dugu, gainera, mekanismo horietako batzuk (kameraz fitxatzeko makinak, esaterako) emakume langileen intimitatearen aurkakoak direla, eta haien eskubide politikoen aurkako eraso larriak direla. Horri lan-baldintza txarrak eta lan egiten duten gehiegizko ordu kopurua gehituta, sektore horretako emakume langileek antolatzeko zailtasunak izaten dituzte, edo antolatzea erabakitzen badute, maiz mehatxuak jasotzen dituzte kaleratu egingo dituztela edo baldintzak okertuko dizkietela esanez.
Horrek guztiak osasun-arazo nabariak sortu ohi ditu. Ikerketen arabera, zaintzaren sektorea da kaltetuenetako bat, eta etxeko lanen sektorean izan da gorakadarik handiena hipnosedanteen kontsumoan. Lunbalgiak edo artikulazio-minak, esaterako, oso ohikoak izaten dira; izan ere, beren gain hartu behar duten lan-karga handia dela-eta, mendekotasun egoeran dauden erabiltzaileak altxatu eta lekualdatu behar izaten dituzte. Horrez gain, zenbait gaitz lanpostuak eragindako arazo fisiko arrunt gisa hartzen dira, hala nola hernia diskalak edo karpoko tunelaren gaixotasunak, eta ez lan-istripu edo lanbide-gaixotasun gisa; horrek, inondik ere, haien egoera are gehiago okertzen du. Laneko gaixotasunagatiko baja bat lortzeko modu bakarra, oro har, etxeetan erorita egindako hausturak edo mutualitateek erabakitzen duten gaixotasun jakin batzuk izatea da. Horrek guztiak gabealdiak sortzen ditu (eskubide bat aitortzen denetik behar den prestazio soziala jasotzen den bitarte igarotzen den denbora) gaixotasun arrunt moduan aintzat hartzen dituzten bajetan, eta modu berean, ez du indeminzazioen arazoa konpontzen lanerako ezintasuna behar izanez gero.
Beste adibide esanguratsu bat 2019an COVID-19aren pandemian zehar sektoreak izan zuen babesgabetasuna da. Gaixotasunaz gehien kutsatu zen bigarren sektorea izan arren (hori, gainera, prebentziorako segurtasun eta lan-baldintza aproposik ezak bultzatuta), ez ziren premiazko lanbidetzat jo. Horrek COVID-19az kutsatzea lanbide-gaixotasun gisa ez hartzea ekarri zuen, nahiz eta erabiltzaileekin antzeko kontaktua zuten beste sektore batzuei, sanitarioei edo soziosanitarioei, adibidez, COVID-19a lanbide-gaixotasuntzat hartu zitzaien. Horren ondorioz, langile horiek COVID-19aren ondoriozko gaixotasun bat bazuten, arazoak zituzten Gizarte Segurantzak bere gain hartzen zituen baja-egunak modu mugagabean luzatzeko.
Laburbilduz, argi dago zaintza-zerbitzuetako prekaritatea: sektore horretan, eguneroko ogia dira ratio neurrigabeak, ordu gutxiko lanak, azpikontratek lapurtzen duten dirua, kontratuetan islatu gabeko langileek beren gain hartzen dituzten lanak eta erantzukizunak, kontraturik gabeko lanak nahiz laneko eta osasuneko segurtasun falta. Eta, era berean, beharrezko baldintzak dira langileen kontura urtean milioika euro irabazten dituzten enpresentzat.
Argi dago zaintza-zerbitzuetako prekaritatea: sektore horretan, eguneroko ogia dira ratio neurrigabeak, ordu gutxiko lanak, azpikontratek lapurtzen duten dirua, kontratuetan islatu gabeko langileek beren gain hartzen dituzten lanak eta erantzukizunak, kontraturik gabeko lanak nahiz laneko eta osasuneko segurtasun falta. Eta, era berean, beharrezko baldintzak dira langileen kontura urtean milioika euro irabazten dituzten enpresentzat
PROPOSAMEN POLITIKOEN MUGAK
Lehen aipatu dugun bezala, krisiaren testuinguruan erosteko ahalmen orokorra murriztuko dela aurreikus daiteke, eta horrek gaitasun txikiagoa sortuko du zaintza pribatuko zerbitzuak kontratatu ahal izateko. Zerbitzu publikoetan ere eragingo du, Estatuaren aurrekontuen mende dauden neurrian; aurrekontu horiei, aldi berean, zuzenean eragiten die kontsumo orokorraren murrizketak, eta, ondorioz, jaitsi egingo da zergen bidez bildutako diru kantitatea ere. Beraz, kontraesan hori dela-eta, Kapitalak publikoaren aldeko joera batzuk erakutsi ahal izango ditu, baina argi dago arrazoia ez dela izango haren borondate ona, ezpada ahalegina egiten duela proletarizazio orokorreko eta ageriko gainbehera erakusten duen testuinguru batean gizartearen erantzuna saihesteko. Horrek guztiak, alde batetik, bizi-baldintzak okertuko ditu, ageriko ezintasuna dagoelako erreprodukziora bideratutako sektoreko hain premiazkoak diren lanak baldintza duinetan egin ahal izateko. Beste alde batetik, pentsa dezakegu zerbitzu horietako asko, orain arte zerbitzu publikoek edo pribatuek kudeatzen zituztenak, sektore zaurgarrienen esku geldituko direla berriro (emakume langileak, kasu), eta horrek haien lan-karga are gehiago handituko dela; halaber, zenbait familiatan lan horiek ez dira egin ere egingo. Estatuak eta Administrazio Publikoak zeharka kudeatuko dituzte zerbitzuok azpikontraten edo lehiaketa publikoen bidez, eta horien onura adostutako aurrekontuen eta efizientzia akademikoaren araberakoa izango da. Beraz, langileen eta zerbitzuen lan-baldintzak okertuko egingo dira zerbitzua bera kantitate handiagoan eman ahal izateko.
Aipatu berri dugunarekin, ikus dezakegu ezkerreko politikari profesionalen sektore askok edo mugimendu feministak sistema publikoa indartuz zaintzak instituzionalizatzearen garrantzia azpimarratzen dutela. Estatua zaintza bermatuko duen egitura gisa hartzen dute, kapitalismoaren erakunde autonomoa balitz bezala, modu neutral eta jatorrean aberastasuna birbanatzen duen figura moduan. Horren ondorioa da Estatu kapitalista onartzen duten sektoreek azkenean denboran atzeratu edo zuzenean ukatu egiten dutela gizarte-antolaketa goitik behera eraldatzea. Izan ere, haien proposamen politikoak Estatuaren baitan subsumituta gelditzen dira –definizioz Estatu burgesa–, eta Estatuak beharrezkoa du soldatak debaluatuta egotea, oligarkiaren interes finantzario, komertzial eta industrialen mesedetan antolatzen den neurrian. Zaintza-krisiaren arazoaren muina ez da gastu publikoaren kudeaketa, baizik eta krisiaren ondoren ez dela kapital-metaketarik egongo, eta horrek murrizketak eta zapalkuntzak iraunaraziko dituela Kapitalaren biziraupena bermatzeko.
Mahai gainean dauden beste proposamen batzuekin jarraituz, aspalditik aurki ditzakegu etxeko lanak soldatapeko bihurtzearen aldeko ideiak, horrek emakumea askatzeko edo zaintza-krisiaren konpontzeko balio duela esaten dutenak. Neure buruari zera galdetzen diot: zentzu feminista nagusi den sektore horietan, nola kualifikatzen edo kuantifikatzen da soldataren kategoria, justua izan dadin? Zer prezio du agure bat dutxatzeak? Eta mendekotasuna duen pertsona bati jaten emateak? Mendekotasunaren araberako prezioa al du erabiltzaile baten etxea garbitzeak, edo denboraren araberakoa da? Horri etxeko lanen zati bat dagoeneko soldatapean egiten dela gehitu behar zaio: hor daude zaintzaileak, arropa eta janaria dendetan erosten dutenak, garbiketa-zerbitzuak... Eta, hala ere, baldintza tamalgarriak dituzte, eta ez dago etorkizun itxaropentsurik begi-bistan. Oro har klase ertaineko emakume batzuek lan horietatik askatzeko aukera izan badute ere, emakume langile gehienek, eta batez ere egoera zaurgarrienean daudenek (etorkinak, adibidez), lan horiek egiten jarraitzen dute, baldintza negargarrietan egin ere.
Oro har klase ertaineko emakume batzuek lan horietatik askatzeko aukera izan badute ere, emakume langile gehienek, eta batez ere egoera zaurgarrienean daudenek (etorkinak, adibidez), lan horiek egiten jarraitzen dute, baldintza negargarrietan egin ere
Nire ustez, ez da zuzena soldataren kategoria eskubide jakin batzuen aldeko gai estrategiko gisa onartzea, eta ez klase-dominaziorik gabeko gizartea eraikitzeko gainditu beharreko kategoria gisa (ez dezagun ahaztu, bide batez, eskubide horiek erabat aldatzen direla Estatuen baldintza sozioekonomikoen eta botere-kuoten arabera). Emakume langileek egindako lan horiei prezio bat jartzeak, azken buruan, lanaren banaketa sexuala bera betikotzen eta legitimatzen du eta etxeko lanak emakume langileen erantzukizunpekotzat hartzen ditu (esan bezala, lanaren banaketa sexuala funtsezkoa da Kapitala metatzeko). Soldatak dominazio burgesaren funtzioa betetzen du lanaren esplotazioaren bidez, eta ezinbestekoa da zalantzan jartzea zer arrazionaltasun politikok sustatzen dituen gai horiek. Emakume langileek, soldatapeko lanak baldintza miserableetan onartzen dituztenean, itun bat sinatzen dute isolamendu politiko eta sozialarekin, ez baitute beren garapen propiorako denborarik eta baldintzarik izango. Beraz, borrokek ez dute soldataren aldekoak izan behar, haien aurkakoak baizik; soldata, lehen aipatu dudan bezala, ez da kategoria ekonomiko sinple edo neutral bat, dominaziorako kategoria politikoa da.
Amaitzeko, zertzelada labur batzuk eman nahi nituzke «Zaintza ertzetatik erdigunera» lelopean egiten diren proposamenei buruz, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari baitira komunikabideetan. Horri erreparatuta, suposatzen dut hipotesi feminista batzuek ez dutela ulertzen edo ez dutela ulertu nahi lan-indarraren erreprodukzio-kostuak murrizteak zer garrantzi estrategiko duen kapital-metaketarako. Hori nahasgarria izan daiteke, erreprodukziora bideratutako sektorearen borroka modu partzialean ulertzen duten proposamenak mahaigaineratu baititzake, eta horiek erabat urrun baitaude gizarte egitura sozial kapitalistaren gaindipenetik. Autogestiotik erresistentziarako asmoa duten esparru alternatiboak edo ertzetakoak ez dira gauza gaitasun organizatibo propio eraginkorrak sortzeko, ezta guztientzako emantzipazio-prozesu bat lortu nahi duen subjektu politiko bat sortzeko ere. Ezin dugu estrategia global bat borondate onean eta esperientzia zehatzetan bakarrik oinarritu, jakin baitakigu infernua bera ere asmo onez eraikia dagoela. Pentsatzekoa da gizartearen pobretze orokorrarekin gero eta tarte txikiagoa izango dutela aktibismoak edo sektore zaurgarriekiko boluntarismoak; bizirautea bera gero eta malkartsuagoa izango da, eta zenbait sektorerentzat baita helburu bakarra ere.
ONDORIOAK
Agenda politikoan lehentasuna izan behar dute ia babes sozialik eta hedabideen babesik ez duten baina borrokan ari diren sektoreek; haien aurrean, proposamen zehatz eta eraginkorrak egin behar ditugu, eta esplotazioa gainditzeko baldintza politikoak sortu. Beraz, beharrezkoa da soldatak igotzea, lan partzialetako lan-orduak handitzea, aldi baterako kontratuak eta laneko ezegonkortasunarekin amaitzea, dietak ordaintzea, lan egindako denboratzat hartzea lanaldian zehar leku batetik bestera egindako bidaiak, egiten diren lanak kontratuan jasotakoak izatea eta ez onartzea kontratuan jaso ez direnak, ratioak jaistea, laneko segurtasuna bermatzea edo protokolo eraginkorrak egotea erasoen eta abarren aurrean. Ulertu behar dugu baldintza horien aldeko borrokak beharrezkoak direla sektore horretan baldintza politikoak sortzen joateko. Eta, zentzu berean, borroka horiek egungo gizarte zapaltzailea gainditzera bideratu behar dira, gizarte horrek miseria betikotzeko oinarriak ezartzen baititu.
Agenda politikoan lehentasuna izan behar dute ia babes sozialik eta hedabideen babesik ez duten baina borrokan ari diren sektoreek; haien aurrean, proposamen zehatz eta eraginkorrak egin behar ditugu, eta esplotazioa gainditzeko baldintza politikoak sortu
Egungo egoera kontuan hartuta (krisia, demografia, biztanleriaren zahartzea), etxeko lanetako zerbitzuen sozializazioa zein beharrezkoa den azpimarratuko nuke. Auzia ez da horiek, Estatu burgesaren pean, kudeaketa pribatukoak edo publikokoak izan behar duten; aitzitik, berme unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa duten zerbitzuen alde antolatu beharko ginateke. Hori sozialismotik abiatutako testuinguru ekonomiko eta sozial batean da posible, lana antolatzeko modu hori ez baita onura ekonomikoan oinarritzen, mundu guztiaren ongizatean baizik. Beraz, estrategia sozialista bat behar dugu gizarte osoaren beharren mende egongo den eta klase-dominazioa gainditzeko asmoa izango duen Estatu bat eratzeko. Eta norabide horretan lan egingo dugu bermeak lortzeko sektore horretako langileentzat eta zerbitzu horiek behar dituzten familientzat, hierarkiak deuseztatuz eta haien eskubide politikoen alde borrokatuz.
BIOGRAFIA
Sandra López Letón. 2022ko urtarrilaren 9an. El tsunami que viene: la economía de los cuidados. El País.
María Sosa Troya. 2021eko azaroaren 15ean. Acampadas frente al Ministerio de Trabajo: “La ayuda a Domicio en un nicho de vulnerabilidad y pobreza”. El País.
Observatorio Estatal de Dependencia.
Reforma SOTE: mites.gob.es
Europa Press. 2022ko ekainaren 14ean. Junta Eulen aprueba resultados de 2021, con beneficio de 45 millones y ventas de 1532 millones. Europa Press.
Juan Carlos Alcaide Casado, 2021eko irailaren 28an. Silver Economy: una economía de retos. El País.
HEMEN ARGITARATUA