Hauteskundeen atarian, zaintzaren auziaz hitz egiten ari dira hainbat eta hainbat alderditako politikariak. Egoera horren erantzule direnek aldaketaren motor gisa saldu nahi dute euren burua. Horren aurrean, hainbat gogoeta partekatu nahiko nituzke zaintzaren egoeraz, joan den azaroaren 30eko Greba Orokorrak utzitakoaz eta ikuspegi sozialistatik zaintzaren problematikari eman beharreko aterabideaz.
ZAINTZA-LANEN EGOERA
Emakume langileon zapalkuntzak hainbat ezaugarri baditu ere, azpimarratzekoa da zaintzaren auziak emakumeon bizitzetan duen eragina. Izan ere, emakume langileok ekonomikoki eta sozialki zapalduta mantentzen gaituen mekanismoetako dira zaintza-lanak. Historian zehar, emakumeen gain jausi dira etxeko lanak eta senideen zaintza, eta, horrez gain, soldatapeko lanean ere aritu behar izan dute; horrek zapalkuntza bikoitza eragin du emakume langileengan. Soldatapeko lanean ere zaintzaren eta garbiketaren arloa da sektore feminizatuena. Halaber, zaintza nahitaezko eginbehar sozial bat izanik, gaurkotasuneko problema bat izaten jarraitzen du, besteak beste, gizartearen zahartzea dela eta. Gero eta jende gehiago dago dependentzia-egoeran, eta zaintza-zerbitzua areagotzea eskatzen du horrek.
Zaintzaz arduratzen diren emakumeen bizi-baldintzen inguruan luze eta zabal jardun dezakegu. Ordea, testu honek duen tamaina dela eta, hainbat ohar soilik egin nahi nituzke. Batetik, emakume langileok etxean egin behar dugun lanaz arituko naiz. Oraindik orain, emakumeok, soldatapeko lanaz gain, etxearen kudeaketaz eta familiako kideen zaintzaz arduratzen gara. Lan-zama horrek emakumeok sozialki baztertuta egotea eragiten du, besteak beste, mugatu egiten duelako gertukoekin egoteko denbora, edota aisiaz gozatzeko aukera. Bestetik, zaintzaren eta garbiketaren sektorean lanean diharduten emakumeez egingo ditut hitz batzuk. Nabarmentzekoa da erabat zaurgarria dela zerbitzu horietan lan egiten duten emakumeen egoera; hau da, lan-baldintza ezegonkorrak izaten dituztela. Hona hemen hausnartzeko zenbait adibide: lanetik kaleratzea eta jendartean zabalpenik ez izatea, hainbat hilabetez soldatarik ez jasotzea, kontraturik gabeko lanak egitea, hitzartutakoak baino ratio handiagoak inposatzea, eskubide politikoen urraketak, etab.
Gainera, Estatuari ahalik eta kosturik txikiena ekar diezaion, zerbitzu horiek azpikontratatu edota pribatizatu egiten dituzte. Kasu horietan, enpresa kapitalisten interes ekonomikoek ipintzen dituzte zaintza-zerbitzuen oinarriak. Enpresek merkatuaren logikari erantzun behar diote, hau da, errentagarritasunari eta lehiakortasunari. Horren adibide modura ditugu zerbitzu kontzertatuak: dirua instituzio publikoek jartzen dute, baina kudeaketa, aldiz, enpresa pribatuen esku geratzen da. Enpresa pribatuek, diru gehiago eskuratzeko, ahalik eta diru gutxien bideratzen dute lan-baldintza eta zerbitzuen kalitatea bermatzera. Enpresen irabaziak ziurtatzeko, zaintza-zerbitzuen baldintzak eta langileen lan-baldintzak okerragotzen dituzte.
Enpresa kapitalisten interes ekonomikoek ipintzen dituzte zaintza-zerbitzuen oinarriak
Egoera halakoa izanik, azkenaldian, sektore horretako langileen borroka ugari ari dira gertatzen. Nahiz eta komunikabideek, enpresek eta politikariek sektore horretako langileen beharrei eta interesei entzungor egin, beren lan-baldintzen alde borrokan ari dira langileak. Borrokan dihardutenen aurkako jazarpena ere ikusi dugu: greba egiteagatik kaleratuak izatea edota greba eskubidea ukatzea, Poliziaren jazarpena, borrokan ari diren langileen egoeraren inguruko zabalpenik eza, garrantzia mediatikoa galdu bezain pronto albo batera utzitako borrokak, etab.
GREBA OROKORRA AZTERGAI: ALDARRIKAPENAK ETA BORROKAK
2023an, Denon Bizitzak Erdigunera plataformak Greba Orokor Feminista baterako deialdia egin zuen, zaintzaren problematika erdian jartzeko eta hari aurre egiteko “zaintza-sistema publiko-komunitarioa” aldarrikatzeko. Dinamika edo prozesu horren helburu nagusia instituzioak interpelatzea izan da, zaintzarako eskubide kolektiboa berma dezaten. Hori benetan berma dadin eta bestelako zaintza-zerbitzuak gara daitezen, sektorearteko mahai bat sortzea proposatu dute; alderdi instituzional, sindikal eta bestelako eragile sozial-feministaz osatuta. Grebaren ostean ere aldarrikapen horiekin jarraitzen du plataformak.
Modu apalean bada ere zaintzaren auziaren inguruko hainbat argipen egin ondoren, zaintzaren arloko Greba Orokorrak potentzial politikoa eduki zezakeela ikus dezakegu, aukera ematen baitzuen zaintzaren problematikari zein martxan dauden borrokei zentralitatea eta batasuna emateko, eta zaintzaren arloko aldarrikapen politikoak plazaratzeko. Halere, kontuan izan behar ditugu zaintzaren arloko zerbitzuen eta langileen egoera dela-eta greba egunak berez zituen zailtasunak, hala nola zerbitzu minimo oso handiak edota eskubide politiko urriak, sektore zaurgarria izatearen ondorioz. Greba Orokorra, bere zentzu historikoan, tresna politiko garrantzitsu izan da langileok enpresarien eta haien menpeko politikari profesionalen ordena ekonomikoari eta politikoari aurre egiteko, baita langileon antolakuntza indartzeko ere. Dena den, azaroko greba egunak ez zuen behar zukeen potentzialitate politikoa gauzatu; nagusiki, lanpostuak ez zirelako modu masiboan itxi edota greba eguna ez zelako langileriaren geruza zabaletan hedatu.
Hala ere, egun horren harira, bi auzi aztertu beharko genituzke: batetik, greba bera tresna politiko gisa eta, bestetik, mobilizazioak. Esan dezakegu grebak, tresna politiko gisa, ez zuela zentralitaterik eduki. Horri dagokionez hiru puntu nagusi egongo lirateke azpimarratzeko. Lehenik eta behin, lan-zentroetan ez zen lortu grebarekiko atxikimendu handirik, orokorrean, ez baitzen greba egiteko beharrik sentitu. Bigarrenik, greba modu sinboliko-informatiboan proposatzearen ondorioz, berezkoa duen izaera borrokalaria kendu zitzaion hari. Adibidez, eguneko piketeak informatiboak izatea eragin zuen; are gehiago, bestelako borroka-molde oro arrotz edo lekuz kanpoko gisa antzeman zen. Hirugarrenik, borroka-prozesuak instituzioetan aldaketak eragiteko erabiltzeak antolakuntza propiorako gaitasunak apaltzea dakar. Greba Orokorreko mobilizazioei dagokienez, berriz, jendetsuak izan ziren, horiek hartu baitzuten zentraltasuna. Hain zuzen ere, grebaren arrakasta justifikatzeko, mobilizazioen irudiak erabili zituzten. Horrek guztiak erabat nahasten du Greba Orokorraren ulerkera.
Aldarrikapenei eta borroka-prozesuaren zentzuari erreparatzen badiegu, emakume langileon interesak horretatik guztitik kanpo kokatzen direla ikus dezakegu. Hasteko, Estatuari zaintza-zerbitzu publiko bat exijitzeak Estatua jotzen du zaintzaren problematika gainditzeko eragile nagusitzat, eta ez langileriaren antolakuntza independentea. Gainera, kontuan hartu behar da estatuak ez direla agente neutralak, oligarkia finantzarioaren mendeko agente zapaltzaileak baizik, eta beren eskutik etor daitezkeen neurriek ez diete langileriaren interes orokorrei erantzuten; kontrara, burgesiaren geruza ezberdinak asetzen dituzte, eta etorkizuneko langileriaren zama ekonomikoa handitzen dute, kasu askotan. Bestalde, Estatuak gaurko borroken ondorioz onar liezagukeen eskubidea, inolako oztoporik gabe uka liezaguke bihar. Hori Ongizate Estatuaren gainbeheran ikus dezakegu: krisi ekonomiko bete-betean, zerbitzu publikoen egoerak okerrera egin du etengabe. Azken urteetan, itxuraz onuragarriak izan daitezkeen hainbat aldaketa legal egin ditu zaintzaren sektorean Espainiako Gobernuak, etxeko langileei loturiko erreforma kasu. Errealki, ordea, ezer gutxi aldatu du emakume langileen bizitzetan. Funtsean, proletariotza bazterrean uzten baitu legedi klasistak. Paperik gabeko etxeko langileek, esaterako, orain arte bezain esplotatuta eta zaurgarri jarraitzen dute.
Azken urteetan, itxuraz onuragarriak izan daitezkeen hainbat aldaketa legal egin ditu zaintzaren sektorean Espainiako Gobernuak, etxeko langileei loturiko erreforma kasu. Errealki, ordea, ezer gutxi aldatu du emakume langileen bizitzetan
Greba eguna bera eta ondorengo prozesuak instituzioetan eragiten saiatzeko baliatu dira, baita zaintza publiko komunitarioa exijitzeko ere. Urteak dira Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzu publikoen kalitatean atzerapausoak ematen ari direla. EAJk gidatutako politikek, inbertsio publiko faltak, zerbitzu publikoaren pribatizazioak (azken 30 urteetan erresidentzien %80 pribatizatu dituzte) eta abarrek egoera okerragotzea eragin dute. Kontuan hartu behar da politikagintza eta enpresa-mundua lotuta daudela; izan ere, kasu batzuetan, politikari izandakoak dira enpresa pribatu horietako zuzendaritza-postuetan daudenak, eta, besteetan, enpresari izandakoak pasatzen dira kargu politikoak edukitzera (ate-birakaria izendatu izan dena). Hortaz, zerbitzu publikoa txartzearen kontura, enpresari eta politikari ugari aberastu dira. Egoera horretan, Denon Bizitzak Erdigunera mugimenduaren bitartez, aldaketak eragin nahi izan dira instituzioetan, alderdien arteko ika-mikaren edo zirku elektoralaren erdian jarrita zaintzaren problematika. Hala eta guztiz ere, plataforma horrek posizio politiko argi batekin egiten du hori: bere interes korporatibistak gailentzen dira. Borrokaprozesu horren bitartez, EAJren borondate falta seinalatu nahi izan du eta, bide batez, ezkerreko gobernuaren (kasu honetan EH Bilduren) beharra mahaigaineratu zaintza-sistema publiko-komunitarioa eraikitzeko. Horrekin, politika instituzionalak dituen mugak baztertu ditu.
Dena dela, hauteskundeen bezperan, Eusko Legebiltzarreko hainbat alderdik atera dute mahai gainera zaintzaren auzia. Proposamenen artean, ordea, ez dago ezberdintasun handiegirik. Guztiek proposatzen dute zaintza-eredu feminista, publikoa eta komunitarioa, baina proposamen guztien artean bada alde jakin bat: bakoitzaren interes alderdikoiak eta ekonomikoak. Alderdi politiko guztiek arazo sozialei erantzuteko borondatea daukatela erakutsi nahi dute, instituzioetatik egin daitezkeen aldaketetarako lehen indar gisa aurkeztuta beren alderdia. Horren atzean, baina, instituzio publikoen mugak ezkutatzen dira, krisi ekonomikoaren baitan murrizten ari baitira estatuen zerbitzu sozialak. Bestalde, eztabaidan dago gobernatzeko asmoa daukan alderdietako bakoitzak ordezkatzen duen enpresa-eredua ere. Eztabaida horren atzean itxurakeria besterik ez dago, alderdi instituzional guztiek derrigor egiten baitute, besteak beste, azpikontratazioaren alde. Gauzak horrela, enpresa-eredu horiek guztiek erantzuten diote merkatu kapitalistaren logikari, eta, euren jarduna errentagarria izan dadin, inoiz ezingo dute zaintza-zerbitzuen kalitatea lehenetsi, enpresen interesak baizik. Instituzioak aldaketarako motor gisa definitzeak arazoaren kudeaketa hobe edo txarrago baten arteko eztabaidan kokatzen gaitu, eta inola ere ez zaintzaren problematikari aurre egiteko aterabide erreal batean.
Aldarrikapen politiko horiek eta instituzioak interpelatzea erdi-mailako klasearen programaren parte dira, justuki, estatu kapitalistaren barruan hobekuntza legalak eskuratzea eta bere bizi-baldintzak hobetzea delako haien helburua. Aldarrikapen- eta borroka-eredu horrek erreformak hartzen ditu helburutzat, hau da, borrokaren azken zentzua estatu kapitalistaren barruan aldaketak eta hobekuntzak gauzatzean datza. Xedetzat du, hala, gaur egungo klase-gizartea ontzat hartu eta bere barruan ahalik eta bizi-baldintza duinenak defendatzea. Baina emakume langileon zati handi bat politika instituzionalen abantailetatik kanpo geratzen da, izatez, ukatuta baititu politika horrek barne har ditzakeen eskubide horiek guztiak. Esate baterako, proletarioen zati handi bat etorkina eta paperik gabea bada, argi dago aipatutako aldarrikapen-esparru horretatik kanpo geratzen direla behar handiena duten pertsonetako asko. Hori horrela izanik, aldarrikapen iraultzailea da langileon kontrolpean egongo den zaintza-sistema bat eraikitzearen aldekoa. Inbertsio kapitalisten mende egon ordez, langileon interesak eta beharrizanak ordezkatuko dituen zaintza-sistema eraikitzeak gizartearen gehiengoaren eskubideak defendatzea esan nahi du.
Emakume Langileon zati handi bat politika instituzionalen abantailetatik kanpo geratzen da, izatez, ukatuta baititu politika horrek barne har ditzakeen eskubide horiek guztiak
ZAINTZAREN AUZIA IKUSPUNTU SOZIALISTATIK
Emakume langileon emantzipazio erreala egikaritzeko, ezinbestekoa da zaintza-lanen egiturazko aldaketa bat gauzatzea: zaintza-lanen sozializazioa lortzea. Gaur-gaurkoz emakume langileok banaka, familia-eremuan eta lan-zama izugarriarekin egiten ditugun lan horiek guztiak sozializatu egin behar dira. Emakumeon ardura izatetik gizartearen ardura izatera igaro behar dira eta, horretarako, familia-eremuko lanak izan beharrean, gizartearen antolaketak berak barne hartu behar ditu.
Gainera, ekonomikoki debaluatzen dira nagusiki emakume langileok egiten ditugun zaintza- eta garbiketa-lanak. Zentzu horretan, klase-gatazka nabarmentzen da, lan-prozesu bakoitzari (lanak dituen ezaugarrien eta betetzen duen funtzio sozialaren arabera) balio ezberdina emateak hierarkizazio bat baitakar. Lan-sektore feminizatuetako lanek, askotan kualifikazio-maila baxua eskatzen dutenek hain zuzen ere, ez dute aitortza sozialik. Hori dela eta, lan-baldintza okerragoak izaten dituzte. Premisa horrek, ordea, ekonomia kapitalistari erantzuten dio; hau da, gizarte kapitalistan ezinbestekoa da subjektu debaluatuak izatea, euren bizkarretik gero eta irabazi handiagoak eskuratu ahal izateko. Argi izan behar dugu, baina, biziraupen sozialerako beharrezkoak diren lan-prozesu guztiek aitortza sozial bera eduki behar dutela; izan garbitzaile-lanak, izan irakasle-lanak, izan mekanikari-lanak. Horregatik da garrantzitsua guztiontzat soldata-berdintasuna aldarrikatzea, berekin dakarrelako guztion bizi-baldintzak berdintzea (zentzu gorakorrean).
Garrantzitsua da guztiontzat soldata-berdintasuna aldarrikatzea, berekin dakarrelako guztion bizi-baldintzak berdintzea (zentzu gorakorrean)
Gizarte kapitalistaren barruan, ezinezkoa da guztiok bizi-baldintza berak izatea, klasetan banaturiko gizartea gainditzea galdegiten baitu horrek. Baina guretzat ezinbestekoa da gizarte sozialistaren oinarriak ipintzen hastea, guztion ongizateari egin diezaiokegun ekarpenari aitortza eginda eta guztion aukera-berdintasunaren alde eginda. Kontuan hartu behar da, hala ere, aldarrikapen hori kontraesanean dagoela erdi-mailako klasearen programa politikoarekin. Erdi-mailako klaseak interes politiko propioei erantzuten baitie, alegia, gizarte kapitalistan gero eta botere-kuota eta bizi-baldintza hobeak lortzea bilatzen du. Horrez gain, erdi-mailako klasearen bizi-ereduari loturikoak baino baldintza okerragoetan bizi den langileriaren gehiengoari esker sostengatzen da hori guztia: zerbitzu pribatuetara jo ezin duen langileria hori, miseriazko soldatak kobratzen dituena, erdi-mailako klaseak bere gain hartu nahi ez dituen lanak egitera behartuta dagoena eta abar. Langileontzat hori ez da aukera bat, gure emantzipazioa gauzatzeko programa politikoak beharrezkoa baitu iraultza sozialistaren garapena.
Hori guztia kontuan hartuta, instituzio kapitalistak aldaketarako motor direla saltzen duten aldarrikapen sozialdemokratek ezer gutxi dute emantzipatzailetik. Funtsean, liberatuen eta burokraten interesek eta erdi-mailako klaseko emakumeen behar politikoek gidatutako mugimenduak edo dinamikak izaten dira. Programa sozialdemokrataren barruan emakume langile ugari antolatzen badira ere, politikoki umezurtz uzten dute emakume langileon osotasuna, gure bizi-baldintzak hobetzeko ahalmenik gabe. Hori horrela, beharrezkoa da emakume langileon interesek gidatutako antolakuntza politiko independentea eraikitzea; hain zuzen ere, instituzioen eta politikari profesionalen fartsatik kanpo antolatuko den eta guztiok bizi-baldintza berak izan ditzagun lan egingo duen antolakuntza sozialista eraikitzea.
HEMEN ARGITARATUA