2023ko azaroaren 30ean zaintza-greba bat izan zen Euskal Herrian. Antolatzaileen esanetan, zaintzaren pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka zaintza-sistema publikoa eta komunitarioa aldarrikatzeko egun bat izan zen. Zaintza esku pribatuen atzaparretatik askatu eta ardura kolektibo bat izan dadila aldarrikatu zuten; izan ere, zaintzaren pribatizazioak bere degradazioa dakar eta, ardura kolektibo bat izanik, Estatuak hartu behar du bere gain, zerbitzu publikoak indartuz horretarako. Aurtengo Martxoaren 8an ere ildo beretik jarraituko dutela dirudi.
Bistan denez, aipatutako irakurketak arazo larriak ditu. Alde batetik, zaintzaren merkantilizazioa bere izaera pribatuarekin lotzen du soilik. Bestetik, desmerkantilizazio gisa ezaugarritzen du Estatu kapitalistak bere gain hartzea funtzio hori. Azkenik, nahasi egiten ditu zaintzaren antolaketa kolektiboa eta Estatuaren zerbitzu publikoak. Hori dena ez da, baina, akats soil bat; are, koherentea da ideologia erreformistarekin.
Zaintzaren auzian ere, beste auzi politiko guztietan bezala, soluzioak, proposamenak eta ebazpenak klase-interesen araberakoak dira; ilusio horien guztien atzean, hau da, Estatuaren esku-hartzean konponbide kolektiboa ikusten duten ameskerien atzean, gainbeheran den erdi-mailako klasearen ideologia aurkitzen da. Horrexegatik, bere proposamen politikoek ez diote, inondik inora ere, zaintzaren auziari errotik heltzen, ez eta proletalgoarentzat benetako konponbiderik ekartzen ere.
Azken batean, erdi-mailako klasearen ongizatea bermatzeko bidean aurkezten diren proposamenak dira; edo zaintza, zerbait bada, ez da izaki bizidunei dagokien aktibitate natural bat, aktibitate sozial bat baizik, indarrean den sistema kapitalista erreproduzitzea beste helbururik ez duena. Erdi-mailako klasearen eskuetan, zaintza erdi-mailako klase horren zaintza da, edo bere bermea erdi-mailako klase gisa bizirauteko.
Zaintza, zerbait bada, ez da izaki bizidunei dagokien aktibitate natural bat, aktibitate sozial bat baizik, indarrean den sistema kapitalista erreproduzitzea beste helbururik ez duena
Fenomeno modernoa da zaintza, hein handi batean. Izan ere, garai aurremodernoetan gizakiak bere burua erreproduzitu bazuen ere, hori ez da izan zaintza-sistema bat antolatu duelako, ezta zaintzak berak aktibitate produktiboarekiko esfera independente bat hartu duelako ere. Kontrara, ekoizpen-esfera oso bat hartzen du zaintzak, eta horrekiko kontzientzia hartzen dute gizakiek, bizitza sozialaren erreprodukzioa elkarrekiko independenteak diren aktibitateen bidez gauzatzen den eta aktibitate horiek merkantzia eran hezurmamitzen diren garai historiko batean; hau da, lanaren banaketa hedatu eta lana hainbat esfera pribatutan antolatzen den garai batean.
Zaintza esfera independente bilakatzen da esfera produktiboak nagusitasuna irabazten duenean, hau da, esfera produktiboak gizakiaren erreprodukzioaren gaineko kontrol despotikoa ezartzen duenean. Eta hori posible da ekoizpenak, zentzu komunista batean ulertutako gizakiaren beharrei erantzun ordez, indar sozial objektibo bati erantzuten dionean soilik; ekoizpena kapital-ekoizpen bilakatzen denean. Zentzu horretan, zaintza gisa ezagutzen dena erreprodukzio komunistarekiko erabat aurkakoa da: zaintza ez da erreprodukzio sozialetik desberdindu ezin den prozesu bat; ez da erreprodukzio sozialaren oinarria eta helburua. Zaintza, gizarte kapitalistan, erreprodukzio sozialaren mendeko prozesu bat da; eta, zaindu egiten bada, Kapitalaren ekoizpenari mesede egiten diolako gertatzen da.
Zaintza esfera independente bilakatzen da esfera produktiboak nagusitasuna irabazten duenean, hau da, esfera produktiboak gizakiaren erreprodukzioaren gaineko kontrol despotikoa ezartzen duenean. Eta hori posible da ekoizpenak, zentzu komunista batean ulertutako gizakiaren beharrei erantzun ordez, indar sozial objektibo bati erantzuten dionean soilik; ekoizpena kapital-ekoizpen bilakatzen denean
Testuinguru horretan, zaintzarekiko kontzientzia hartzeak honakoa esan nahi du: zaintza-sistema bat antolatu behar da ekoizpen kapitalistaren efizientzia handitu ahal izateko, hau da, langile-klasea prest egon dadin Kapitalarentzat lan produktiboa egiteko. Beste era batera esanda, zaintzarekiko kontzientzia hartzea estuki lotuta dago ekoizpen kapitalistaren garapenari, erreprodukzio-lanak ardura kontziente bilakatzen baitira soilik ekoizpena bere izaera naturaletik aldentzen denean, alegia, ekoizpenak nagusiki erreprodukzio biologikoari erantzun ordez, Kapitalaren erreprodukzioari erantzuten dionean. Une horretatik aurrera, lana ez da gizaki biologikoaren erreprodukzio lan bat izango −zeinak, jakina, harreman sozial batzuk erreproduzitzen dituen−, edo gizakia ez da bere lanaren arabera biologikoki erreproduzituko; aitzitik, gizakiaren erreprodukzioa Kapitalaren produkzioaren baldintza bilakatzen da eta, zentzu horretan, prozesu horren baldintza tekniko-zientifiko bihurtzen da: zaintza-sistema bilakatzen da.
Aipatutako kontzientzia, beti esplizitua ez bada ere, inplizitua da zaintza-sistema publikoa aldarrikatzen duen edozein ideologiarentzat: lan produktiboak eta erreproduktiboak dakarten karga bikoitzaren aurrean, bigarrena lan produktibo bilakatzea aldarrikatzen dute, hau da, esfera pribatutik lanaren esfera publikora salto egitea. Baina hori, soluzio bat izan beharrean, arazoan sakontzea da. Izan ere, lan produktiboaren gailentasuna aldarrikatzen da, alegia, ekoizpen kapitalistarena. Eta, beraz, kontrakoa zabaldu nahi badute ere, lan erreproduktiboaren sozializazioaren atzean ezkutatzen dena Kapitalaren nagusitasuna da, eta zaintzaren subordinazioa Kapitalaren interesetara.
Lan produktiboak eta erreproduktiboak dakarten karga bikoitzaren aurrean, bigarrena lan produktibo bilakatzea aldarrikatzen dute, hau da, esfera pribatutik lanaren esfera publikora salto egitea
Hori agerikoa da eskaintzen den soluzioan. Hain zuzen ere, lan erreproduktiboak sozializatzeak, adiera kapitalistaren arabera, honakoa esan nahi du: ez da lan produktiboa zaintzarako denbora kentzen duena, alderantziz baizik. Gainera, zaintza lan produktibo bilakatzeak lan produktiboak handitzea dakar de facto −lan produktiboa zentzu kapitalistan ulertuta: enpresa batentzat lan egitea−, baina are gehiago: zaintza lan produktibo bilakatzen da, horretatik askatu den langileak denbora eta indar gehiago izan dezan lan produktiboetan aritzeko.
Horri guztiari zaintza-sistema publikoaren aldekoen mezu lazgarriak gehitu behar zaizkio: hurkoa zaintzearen aurkako mezuak, zaindu beharrak sortzen duen nazka adierazten duten mezuak… Gure hurbilekoen zaintza beste bati egokitzea, Estatu kapitalistari gure senideen eta lagunen zaintza esleitzea; hori baino jarrera zitalagorik ez dago. Baina hori da, azken finean, erdi-mailako klasearen ideologia; berekoikeria, eta elkartasunean oinarritutako zaintza-etika proletarioari gorrotoa, noraino eta zaintza bera soldatapeko behar bilakatzeraino.
Gure hurbilekoen zaintza beste bati egokitzea, Estatu kapitalistari gure senideen eta lagunen zaintza esleitzea; hori baino jarrera zitalagorik ez dago
Proposamen orokorrak −zaintza-sistema publikoa− indartu egiten ditu, hortaz, erdi-mailako klasearen sistema eta ideologia. Baina gehiago ere badago, proletalgoari hegemoniaren auzitik haratago ere gailentzeko. Eta hori proposamen zehatzean aurkitzen dugu.
Grebara deitu zutenen arabera, beren proposamenak zaintzan diharduten langileen egoera hobetzea du helburu. Baina sistema publikoak nola funtzionatzen duen dakienak badaki hori ez dela horrela. Zaintza-sistema publikoak, proletalgoaren egoera hobetu ez eta kaltetu egiten du, erdi-mailako klasearen mesederako.
Alde batetik, zerbitzu publikoetarako sarbidearen auzia dago. Jakinak dira proletalgoaren geruza askori ezartzen zaizkien baldintzak, horietako askok sarbidea lortzeko duten ezintasuna… Horri gehitu behar zaio, grebalarien ustearen aurka, zerbitzu publikoak merkantilizatuta daudela, hots, Estatuaren gaitasun ekonomikoen arabera antolatzen direla, eta, beraz, guztiz mugatuak direla eta kapital-metaketaren dinamikaren menpekoak.
Bestetik, zerbitzu publikoetako langileak izan behar ditugu kontuan. Lan horietara sartzeko baldintzek ere, hein handi batean, proletalgoa aukera horietatik kanpo uzten dute: kasu askotan ikasketarik gabeak, eskubiderik gabeko etorkinak, sarbide-probetan saiatzeko aukerarik gabeak… Hau da, zaintza-sistema publikoak ez du zaintzan lan egiten duen proletalgoarentzat soluziorik eskaintzen; kontrara, bere egoera are okerrago egiten du, bere lan-baldintzak okerragotuko dituelako, proletalgoa legez kanpo eta eskubiderik gabe lan egitera kondenatuz. Pobretze-egoera horretan, proletalgoaren kriminalizazioa handitu egiten da, erdi-mailako klaseak gidatuta. Proletalgoari ezarri dizkioten bizi-baldintzak bere aurka erabiltzen dituzte, gorrotoa hedatzen dute proletalgoaren estatus alegalaren eta, kasu askotan, ilegalaren aurka. Miseria aitzakia bilakatzen dute miseria handitzeko.
Zaintza-sistema publikoa eta estatukoa defendatuta, bere interesak defendatzen ditu erdi-mailako klaseak. Izan ere, bere existentzia bermatzen du, bi zentzutan. Lehena existentzia enpirikoa da, kuantitatiboa, sistema publikoaren eta estatu-inbertsioen bitartez bermatzen baitu bere erreprodukzioa erdi-mailako klaseak. Bigarrena, berriz, existentzia erreala da: bere nagusitasuna ezartzen dio proletalgoari eta bere burua baieztatzen du ekoizpen-sistema kapitalistan, lan-denbora irabazten baitu bere funtzio burokratiko-administratiboa aurrera eramateko eta bere estatus sozial bereizia balioan jartzeko.
Baina, bitartean, proletalgoak, soilik klase sistemaren abolizioaren bidez mailaz igo daitekeen klase sozialak, Kapitalaren erakundeetan gotortutako erdi-mailako klaseko egitura baten aurrean bere existentzia berresten du klase subordinatu gisa. Egitura horrek, gehienez ere, klaseen arteko progresioan gizabanako batzuk sustatzea lortzen du, baina bere benetako emaitza proletalgoaren miseria luzatzea da.
Eta, hala ere, edo horregatik, bizi duen miseriagatik, proletalgoak bere anai-arrebak zaintzen dituenean, elkartasuna etika iraultzailearen gainean eraikitzen du −hori oso oinarrizkoa izan arren−, eta ez klase-interes korporatibisten gainean.
HEMEN ARGITARATUA