Zenbaki honetako kolaborazio-testuaren euskarri izatea du helburu testu honek. Azken urteetan, sekulako pisua hartu du Mendebaldeko ekonomietan zaintzaren sektoreak (eta horren barruan, neurri batean behintzat eta merkataritza-termino bat den heinean, Zilarrezko Ekonomia delakoak; alegia, 50 urtetik gorako pertsonen merkantzia-beharrak asebetetzean zentratutako sektore ekonomikoak). Kontuan hartu behar da, alde batetik, ekoizpen-eredu kapitalistak bizitzako esparru guztien merkantilizazioan murgiltzen duela bere burua, plusbalioaren erauzketan oinarrituta dagoenez, halabeharrez behar baitu Kapitala modu errentagarrian inbertitzeko zirrikitu eta espazio berriak etengabe bilatzea. Merkatu berriak irekitzea oihanean bide berri bat irekitzearekin aldera daiteke kapitalista abenturazaleentzat, bere garaian (eta historian zehar) periferiako herrialdeekin gertatu bezala: kapital-metaketari parez pare irekitako espazio berriak bilatzen dituzte, inbertsio eta metaketa-prozesu berrietarako lurrak. Arnasgune berriak, aurrera egiteko aukera berriak.
Harri batez bi kolpe: lan-indarraren erreprodukzioa soldatapeko lanaren dinamikara subordinatuta egotetik lan-indarraren erreprodukzioa bera ere soldatapean jartzera eta merkantilizatzera igaro nahi izan dute aipatutako bilaketa horretan. Are gehiago krisi-testuinguruetan, arnasgune horiek hil ala biziko funtzio bat betetzen baitute. Egun, zaintza-lanen sektorean aritzen diren pertsonen kopurua ia 400.000.000 lagunekoa da. Munduko langileen %11,5 da hori; emakumezko langileen %19,3 eta gizonezkoen %6,6. Artikulu guztian zehar kontuan hartzeko elementua da sektore honetan lanean aritzen diren langileetako asko kontraturik gabe ari direla, eta, zentzu horretan, aipatutako datuek adierazten duten egoera ez dela errealitatearen gordintasuna guztiz islatzera heltzen.
Egun, zaintza-lanen sektorean aritzen diren pertsonen kopurua ia 400.000.000 lagunekoa da. Munduko langileen %11,5 da hori; emakumezko langileen %19,3 eta gizonezkoen %6,6
Auziaren garrantziaren erakusle bezala har dezakegu agenda politiko publikoan behin eta berriro duen presentzia. Maila instituzional ezberdinetako adierazpenek beren proposamenen erdigunean kokatzen dute zaintza-lanen sektorea, eta aldarrikapenetan berdintasun-planetan, agendetan eta estrategietan itotzen dute gaira hurbiltzen saiatzen den hori. Auziak duen garrantziari pisurik kentzeko inolako asmorik izan gabe, bistakoa da honen eduki politikoa ez dela hauteskunde-propagandako orrietan agortzen, eta, zentzu horretan, beharrezkoa dela alor horretan aurkitzen den errealitateari begirada sakonago bat botatzea. Helburu hori ortzi-mugan, abiatu gaitezen egoera orokorra testuinguruan jartzetik.
MENPEKOTASUNA MENDEBALDEKO GIZARTEETAN: ZAHARTZEN ARI DEN GIZARTE-EREDU BAT
Zenbait fenomenoren nahasketa tarteko, Mendebaldeko gizarteetan gero eta gehiago dira menpekotasun-egoeran dauden pertsonak. Zahartze-prozesuaren ondorioz (bizi-itxaropena izugarri handitu da azken hamarkadetan, jaiotza-tasak beherantz egin duen bitartean), egun, Mendebaldeko herrialdeetako (fenomeno hori era adierazgarrienean bertan ikusten delako) adin-piramideek errealitate berri bat adierazten dute, inoiz erakutsi gabekoa. Mendearen hasieratik, 65 urtetik gorakoen proportzioa %88 igo da AEBetan, %110 inguru Europan eta, are, hirukoiztu egin da Txinan. Zentzu horretan, mendekotasunen bat duten pertsonen kopurua izugarri hazi dela esan daiteke, are gehiago gainontzeko adin-tarteetako pertsonen kopuruaren jaitsierarekin harremanetan jarriz gero. 2015ean, mundu mailan, 2100 milioi pertsona mendekotasun-egoeran zeudela kalkulatzen da, eta aurreikusten da kopuru hori %10 igoko dela 2030erako.
Kontrara, zaintza-jarduerak aurrera eramaten dituzten sektore sozial “naturalak” (nolabait esatearren) uzkurtzen ari dira urtez urte. Familia-ereduaren transformazioaren elementua gehitu dakioke horri, zentro inperialistako herrialdeen kasuan familia nuklearren eta tamaina handiko familien eredua gero eta murritzagoa den garai batean aurkitzen baikara, zalantzarik gabe. Espainiako Estatuaren kasuan, gaur-gaurkoz, pertsona bakoitzak 1,5 eta 2 pertsona artean zaintzen dituela kalkulatzen da, batez beste. Emakumeen kasuan, zifra hori bikoiztu egiten da; bestalde, zaintzaren sektorean lanean ari diren langileen kopuruak ere auziaren garrantziaz ohartarazten gaitu, Europa mailan sektorean lan egiten ari direnen kopururik altuenetako bat baita. Zaintza-lanen zatirik handiena etxean gauzatzen den arren, etxeko zerbitzuek eta egoitzek, besteak beste, presentzia handia daukate sektore honetako jarduerei dagokienez; adibide bat ematearren, EAEko etxeen ia %15ek etxeko eta zaintza-lanak betetzeko zerbitzuak kontratatzen dituztela kalkulatzen da. Hala ere, familiako zaintza-espaziotik edo eremu formaletatik kanpo dauden hainbat jarduera ere biltzen ditu sektore horrek. Eremu formal horretan sartzen dira zaintzaren sektorean lan egiten duten pertsonak, hala nola hezkuntzan, osasungintzan eta gizarte-lanetan; etxeko lanetan aritzen diren pertsonak; eta beste zaintza-jarduera batzuekin harremanetan dauden jardunbideak, besteak beste. Egun, ideia bat egiteko, etxeko langileak mundu mailako langileen %2 inguru dira (ikerketa batzuek zifra hori hirukoiztu egiten dute); zaintzaren sektoreko bestelako lanbideetan enplegatutako pertsonak, hala nola sukaldariak edota garbitzaileak, beste %2 dira, eta aipatutako espazio “formal” horietatik kanpo geratzen diren langileak beste %1 inguru.
Herrialdearen nolakotasunaren araberako alde handiak badiren arren, egitate bat da, egun, zaintza-lanek denbora (edo diru) inbertsio handi bat dakarkiela familiei. Norabide hori markatzen du, behintzat, zaintza-lanez arduratzearren soldatapeko lanaren dinamikatik kanpo geratzen diren pertsonen kopuruak, koiuntura ekonomikoaren kausen ondorioz (lana aurkitu ezina) soldatapeko espazioetatik kanpo geratzen diren pertsona kopuruaren bikoitza baita kasu edo testuinguru guztietan, lekuan lekuko espezifikotasunak espezifikotasun. Zentro inperialistako herrialdeetan zifrak murritzagoak dira, maila sozioekonomiko altuagoko geruzen existentzia tarteko, klase-estratu altuenetako pertsonek zaintza-lanak besterentzearen aldeko apustu bat egiten dutelako (zerbitzu publikoen edo pribatuen bitartez). Joera horrek maila sozioekonomikoaren araberako zaintza-ereduen existentzia adierazten du, zentro inperialistako herrialdeen baitara ere estrapola daitekeena. Maila sozioekonomiko dirudunetako pertsonek, aipatu bezala, zaintza-lanak besterentzeko ohitura daukate, zerbitzu publikoen edo pribatuen bitartez. Langile-klaseko sektore zanpatuenentzat, ostera, zailagoa da zerbitzu pribatuetarako sarbidea izatea; hain justu, lehen mailako beharrizan bat izan arren, merkatuaren logikak zeharkatutako esfera bat izaki, bakoitzak duen diru kopuruak erabakitzen baitu produktu horietarako ateak irekitzea. Jarraian aipatuko den zerbitzu publikoen dekadentzia orokorraren testuinguruan, egitate honek klase-izaera garbiko auzi bilakatzen du zaintza-lanen sektorea.
Beste alde batetik, krisiak, zentro inperialistaren dekadentziaren eskutik, beste fenomeno orokor bat gehitu dio horri guztiari. Ongizate Estatuaren desegiteak gogor kolpatu du sektore publikoaren erantzuteko gaitasuna, izan zerbitzu publikoen kalitatea halabeharrez jaitsi delako, edota izan sektore publikoak betetzen duen espazioaren barruan sektore pribatuak gero eta garrantzi handiagoa duelako (pribatizazioen eskutik edo zenbait funtzioren azpikontratazioen eskutik gertatu da hori). Zerbitzu publikoetatik egiten den eskaintza baino handiagoa da eskaria, eta horrek hutsune nabarmen bat eraginda, beharrizana bertute bilakatu dute sektore pribatuko enpresek. Hori hainbat erakusletan hauteman daiteke. Sektorean lan egiten duten langileen kopuruaren hazkundeari begiratzen badiogu, adibidez, sektore publikoan aritzen direnen kopurua azken 20 urteetan %25 inguru igo da, eta, aldiz, sektore pribatukoen kopurua %250 inguru. Finantzazioari dagokionez ere errealitate bera ikus dezakegu: 2020rako, finantzazio publikoaren %59 baino ez zen erresidentzia publikoetara bideratzen (1994an %75ekoa zen proportzio hori; enpresa pribatuek jasotako diru publikoaren bilakaera kontrakoa izan da).
Ongizate Estatuaren desegiteak gogor kolpatu du sektore publikoaren erantzuteko gaitasuna, izan zerbitzu publikoen kalitatea halabeharrez jaitsi delako, edota izan sektore publikoak betetzen duen espazioaren barruan sektore pribatuak gero eta garrantzi handiagoa duelako
Horrek hiru ondorio nagusi izan ditu zerbitzu publikoetatik kanporatuak izaten ari diren langile-klaseko kideentzat. Alde batetik, jasotako zerbitzuen kalitatearen jaitsieraren sakontzea ikus daiteke, enpresa pribatuek irabaziaren maximizazioa baitute helburu lehen instantzian, eta, norabide horretan, ohikoa baita zerbitzuen edota arretaren kalitatea jaistea (ratio altuagoak, lan-baldintza orokor eskasagoak; aipatzekoa da aurretik aipatutako langileen kopuruaren hazkundea gertatu bitartean langileen soldatetara bideratutako gastua %20 inguru baino ez zela igo). Beste alde batetik, familia askok haien beharrizanei erantzuteko zerbitzu pribatuetara jo behar izan dute, sektore publikoaren eskaintzak ez baitu eskaria asetzeko besteko indarrik (hori aspalditik da oso nabarmena periferiako herrialdeetan, haietan emakumeen lanpostu ohikoena etxeko langile izatea baita, baina gero eta nabarmenagoa ari da bihurtzen zentro inperialistako herrialdeetan ere). Azkenik, sektore honetan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzen kaskartzea aipa daiteke (atal hau aztertzera beranduago sartuko gara). EAEko eta Nafarroako adinekoen egoitzen kasuan, adibidez, publiko-pribatu aldea alderantzikatu egin da azken urteetan, eta, egun, egoitzen %9 eta %3 baino ez dira publikoak, hurrenez hurren. Etxez etxeko zerbitzuaren kasuan, nahiz eta zerbitzua bera udalen eskumena izan, orokorrean azpikontrataziora jotzen dute udalek. Hasiera batean haiek jarritako neurrien barruan lan egitera behartuta egon arren, sektore pribatuarekiko dependentziak negoziazio-indar handia ematen die enpresei haiek nahi dituzten baldintzak ezartze aldera.
LAN-BALDINTZEN ALORREAN, MISERIA NAGUSI
Testuinguruan jarri ondoren, errepara diezaiegun zaintza-lanen sektoreko lan-baldintzei. Tesi orokorra da sektore prekarizatua eta gutxietsia dela zaintza-lanena. Bigarren mailako lantzat jotzen dira orokorrean gizarte kapitalistaren barruan errotuta dagoen lan-banaketa ereduaren ondorioz, zeinetan, eskuzko lanaren eta lan intelektualaren arteko bereizketa bat egoteaz gain, eskulanaren kualifikazioak eta prestakuntzak garrantzia handia hartzen baitute balioa determinatzeko momentuan. Hala ere, ideia orokor horretaz gain, badago zer esan sektore honetan enplegatutako langileek pairatu behar dituzten lan-baldintza tamalgarrien inguruan. Edozein kasutan, sektore honetako lan-baldintzak zehaztasunez definitzeak zenbait zailtasun dakartza. Izan ere, zaintza-lanen sektoreaz hitz egiten dugun arren, zaku honek errealitate oso ezberdinak barne hartzen ditu. Lan zehatzei dagokienez, aniztasun handia dago, alde batetik: ez da gauza bera, nahiz eta antzekotasun batzuk edo ezaugarritze orokor bat partekatu, etxeko zerbitzuan aritzea edo garbitzaile izatea. Lan zehatz bakoitzaren barruan, bestalde, ez da gauza bera, jakina, azpikontratatutako enpresa batentzat lanean ari den institutu bateko garbitzailea izatea edo familia batentzat beltzean jarduten duen etxeko langile bat izatea. Hori horrela, zaintza-lanen arloan dagoen aniztasunak korapilatsu bilakatzen du ariketa bera. Gainera, sektoreko jardueren zati bat espazio formaletatik at gauzatzeak, jarduera ekonomiko formalen garbitasun burokratikotik at, eta, beraz, gizarte kapitalistaren askatasun eta berdintasun faltsuaren defendatzaileek ez ikusiarena egiten dieten espazio horien barruan, erraztasunak eman baino gehiago, ilundu egiten du kontua. Gure kasuan, azken horietan zentratuko gara bereziki, nahiz eta, berriro ere, adieraziko diren elementuen ezaugarri orokorren arloan antzekotasun asko aurki daitezkeen zaintza-lanen baitako estratifikazioan (eta nahiz eta, tarteka, erreferentzia orokorragoak ere egingo ditugun).
Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LNE) definizioaren arabera, “zaintzaren ekonomiak lan-jarduera ordainduen zein ordaindu gabeen sorta zabal bat barne hartzen du, ongizate fisiko, psikologiko eta sozialerako beharrezko zaintza zuzena zein zeharkakoa ematera bideratuta daudenak, bereziki, zaintza-behar espezifikoak dituztenei zuzenduak, hala nola umeak, adineko pertsonak, desgaitasunen bat edo gaixotasunen bat duten pertsonak zaintzera bideratuak”. Aldi berean, gogoan ditu “elkarrekintzan aurkitzen diren bi jarduera mota: zuzeneko zaintza-jarduerak, pertsonalak eta harremanei loturikoak, haur bati jaten ematea edo gaixorik dagoen ezkontidea zaintzea kasu, eta zeharkako zaintza-jarduerak, besteak beste sukaldean egitea eta garbitzea”. Edozein kasutan, sektorean gauzatzen diren lanen ezaugarriek inpaktu handia dute lan edo jarduera horien erregulartasunean, eta egozten zaien irregulartasun edo informaltasun horrek eragin zuzena dauka lan-baldintza orokorretan zein lan-baldintza horiek kontrolatzeko aukeran.
Zaintza-lanen espazio formalean garatzen diren jardueren artean, etxeko zerbitzuetan lan egiten duten pertsonak dira lan-baldintza eskasenak dituzten langileak. Lan horietan ohikoak dira aldi baterako lanak, errotazio-tasa altua eta lanaldi partzialak. Edozein kasutan, zaintza-lanen sektorean aurki daitekeen lan espezifikoen estratifikazioaren barruan, zaintza-lanen esparru formaletik at aurkitzen diren lanpostuak oso ugariak dira, eta horietatik askok daukaten erregimen partikularra tarteko (kontraturik gabe edo beltzean), asko dira lan-baldintza eskas horietan lan egitera behartuta dauden pertsonak.
Kontratazioak eta soldatek era oso esplizituan jasotzen dute aurreko parrafoan aipatutako egoera. Lehen alderdiari dagokionez, aipatu beharra dago oso altua dela zaintzaren sektorean kontraturik gabe lan egiten ari diren pertsonen zenbatekoa. 2021eko Oxfam-Intermonen ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuan 70.000 emakumezko inguru daude egoera administratibo irregularrean sektore honetako lanpostuetan (beste ikerketa batzuek 215.000 pertsonara igotzen dute kantitate hori). Etxeko langileen kasuan, langileen %30 inguru modu informalean aritzen dira (kasuen erdia, gutxi gorabehera, egoera irregularrean dauden atzerritarrek osatzen dute). Kontraturik gabe egoteak, de facto, langilearen eskubide guztiak desagertzea dakar; izan ere, kontratua izateak lanpostua erregularizatzen eta lan-baldintzak biltzen dituen heinean, kontratu baten faltan ez da ezer geratzen, nolabait esatearren. Lehen aipatu bezala, alor honetako errealitatea aldakorra da zaintzaren sektoreak barne hartzen dituen lan eta langile mota ezberdinetan. Etxeko Langileen Asanbladak 2020an egindako txosten batean aipatzen zutenez, jasotako kontsulten artetan, %75ek jarduten zuten baldintza ilegaletan jardunaldiari, atsedenari eta soldatari erreparatuz gero. Gainera, sektore honetako zenbait esparrutan izaten diren ahozko kontratuen proportzioa ere gehitu behar zaio horri; etxeko langileen kasuan %85ekoa da, adibidez. Hau da, nahiz eta a priori egoera bera erregularra izan, a posteriori, ohikoa da lan-baldintzetan aldaketa ezberdinak ezartzea “informalki”, langilearen zaurgarritasun-egoera probestuta.
Oso altua dela zaintzaren sektorean kontraturik gabe lan egiten ari diren pertsonen zenbatekoa. 2021eko Oxfam-Intermonen ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuan 70.000 emakumezko inguru daude egoera administratibo irregularrean sektore honetako lanpostuetan (beste ikerketa batzuek 215.000 pertsonara igotzen dute kantitate hori)
Bigarren alderdiak ez du egoera askoz ere hoberik erakusten. Sektore honetan garatzen diren jardueren artean soldatarik altuenak dituztenak Espainiako Estatu mailako batez besteko soldatatik hurbil dauden arren, jardueren gehiengoa batez besteko maila horretatik behera ordaintzen da. Sektore pribatuarentzako lan egiten duten langileen soldata maila sektore publikokoa baino txikiagoa da. Espainiako Estatuaren kasuan, zaintzaren sektoreko langileen urteko batez besteko soldata 18.876 eurokoa zen 2020an, eta, aldiz, batez besteko soldata orokorra 26.000 eurokoa. Etxeko langile bezala kontratatutako pertsonen kasuan, soldataren alorrean ikusten ditugun baldintzak oraindik eta miserableagoak dira, lanbide honetan ari diren langileen %66k 1.000 eurotik beherako soldata gordina baitute (sektoreko beste lanpostuetan ere ohikoa da batez besteko soldaten langa hori behetik pasatzea; erresidentzietako langileen kasuan, adibidez, 1.444 eurokoa da batez besteko ordainsaria, gutxieneko soldata baino baxuagoa). Sektore ekonomikoetako batez besteko zenbatekoetan jasotzen diren 10 euro gordineko, 4 euro inguru kobratzen dituzte etxeko lanetan ari diren pertsonek. Soldatapeko lanaren dinamikaren barruan dauden pertsonen pobrezia erlatiboa ia hirukoiztu egiten da langile horien artean; etxeko langileen %32 inguru pobreziaren atalasetik behera zeuden 2019an.
Sektore ekonomikoetako batez besteko zenbatekoetan jasotzen diren 10 euro gordineko, 4 euro inguru kobratzen dituzte etxeko lanetan ari diren pertsonek. Soldatapeko lanaren dinamikaren barruan dauden pertsonen pobrezia erlatiboa ia hirukoiztu egiten da langile horien artean; etxeko langileen %32 inguru pobreziaren atalasetik behera zeuden 2019an
Bestalde, kontratu horien iraupenari dagokionez, 2021eko ikerketa baten arabera, sektoreko langileen %55 aldi baterako kontratuekin ari ziren lanean (Espainiako batez besteko orokorra %22koa da) eta kontratuen %24tik gora partzialak eta zatitutakoak dira (zenbait ikerketak zifra hori bikoiztu ere egiten dute). Etxeko langileen kasuan, %60tik gora ari dira kontratu partzialekin lanean, kasu gehienetan, haien borondatea hori ez izan arren. 2018an lanaldi partzialeko kontratuekin lanean ari ziren pertsonen %75 inguru emakumezkoak ziren, eta garbiketa-lanak, ostalaritzako lanpostuak eta merkataritza-lanen sektoreak ziren lan partzialen ehuneko handiena zutenak.
Aipatutako elementuen isla argia da enplegu kantitatearen eta enplegatu kantitatearen arteko harremana. Sektore ekonomiko gehienetan ohikoena pertsona bakoitzak lanpostu bat betetzea da; kontrara, zaintza-lanen sektorean, lan-kontratuen nolakotasunari eta kontratu horietako baldintzei lotuta, handiagoa da lanpostu kopurua (%35 handiagoa) lanean ari diren pertsonen kopurua baino. Hau da, lanean ari den pertsona bakoitzak lanpostu bat baino gehiago betetzen ditu, batez beste. Hori aurretik aipatutako lan-baldintza ezberdinen arteko nahasketaren ondorio zuzena da, sektore ekonomiko honetako soldatek eta lan-kontratuen partzialtasunak inpaktu zuzena baitute errealitatea eratzeko momentuan. Lanpostu kopuruak jardunaldi osoko lanpostuekin duen harremana %33koa da, hau da, dauden lanpostuak lanaldi osoko lanpostu bilakatuko bagenitu, kopurua hiru aldiz murriztuko litzateke; etxeko langileen kasuan, lau langiletik batek 10 ordu baino gutxiago egiten ditu lan astean, eta erdiak baino gehiagok 20 baino gutxiago. Lan-sektore honetan enplegatutako langileen baldintzak tarteko (soldata baxuak, lanaldien partzialtasuna eta lanpostuen irregulartasunaren eskutik eratortzen diren askotariko gehiegikeriak), beren bizitzaren erreprodukzioa bermatzeko, lanpostu ezberdinetan lanean aritzera behartuta daude kasu askotan.
Badago bestelako kasu batzuetan sartzerik. Asteko lanaldiaren iraupenari dagokionez askotarikoak aipa daitezkeen arren, etxeko langileen gehiengoak 45 ordutik gorako lanaldiak izaten ditu, eta, kasu batzuetan, 90 ordutik gorakoak izatera heltzen dira. Lanaldia, gainera, txandakakoa izaten da kasu askotan (asko errotazio-erregimenean), eta gaueko eta asteburuetako ordutegietan aritzea nahiko ohikoa izaten da. Urtea amaitzen denerako etxeko langileek lan egiten duten ordu kopurua kalkulatuz gero, irakasleen urteko jardunaldiaren hirukoitza da ia, eta Bizkaiko Metalgintzako hitzarmen kolektiboan jasotako lanaldia baino %45 handiagoa.
Urtea amaitzen denerako etxeko langileek lan egiten duten ordu kopurua kalkulatuz gero, irakasleen urteko jardunaldiaren hirukoitza da ia, eta Bizkaiko Metalgintzako hitzarmen kolektiboan jasotako lanaldia baino %45 handiagoa
Bestalde, lanordu horien nolakotasunari errepara diezaiokegu. Erresidentzien kasuan, adibidez, langile bakoitzak egoiliar bakoitzarekin egunean igarotzen duen denbora-tartea ez da bi ordura iristen. Pertsona bakoitzari 10 minutuko denbora baino ez zaio eskaintzen artatzen den aldiro, langile bakoitzak hamabost eta 35 egoiliar artean zaindu behar baititu batez beste (eguneko tartearen arabera). Etxeko langileen kasuan, nabarmentzekoa da (aipatutakoez gain) lan egiten ari diren bitartean atsedenaldirik ez izatea (Etxeko Langileen Asanbladaren arabera, %20 inguruk ez dute etxebizitzatik irteteko eguneko baimenik eta %27k ez dute asteko atsedenik), eta horri, gainera, jardunaldien legez kanpoko luzapena gehi dakioke (%40 inguru aurkitzen dira kasuistika horren barruan). Garbitzaileen kasuan, azpikontratetan lan egiten duten langileek metro karratu kopuru bikoitza garbitu behar dute 2.400 eguneko, sektore publikoan aritzen direnekin alderatuta. Jangeletako langileen kasuan, lanaldiak oso murritzak dira, eta sasoikakoak.
Lanean ari diren bitartean pairatzen dituzten baldintza horiei prestazio sozialetan jasotzen duten diru kantitatea ere gehi diezaiokegu. Behin betiko behin betiko ezgaitasunagatik, erretiroagatik eta alargun gelditzeagatik ematen diren prestazioei dagokienez, sektore honetako maila baxuenetan lan egiten duten langileek jasotzen dituzten prestazioak, batez beste, Gizarte Segurantzako erregimen eta sistema guztien artean baxuenak baitira. Sektoreko langileen %65ek gutxieneko osagarriak jaso behar izaten dituzte erretiroa hartzearekin batera (jasotako diru kantitatea ezarritako minimora heltzen ez denean jasotzen den osagarri bat), eta pentsioaren %32 hartzen du osagarri horrek. Hori, beste gauza batzuen artean, sektoreko erregimen bereziagatik da, Gizarte Segurantzan guztiz integratu gabe dagoen eta Arrisku Laboralen Prebentziorako legetik kanpo geratzen den sektorea izaki. Edozein kasutan, aipatu beharra dago sektore honetan lan egiten duten hamar langiletik zortzi Gizarte Segurantzan izena eman gabe daudela.
Baldintza politikoen kasuan, hainbat elementu aipa daitezke. Sektore ekonomiko honetako baldintza ekonomikoek zein enplegatutako langileen profil sozioekonomikoak oztopoak jartzen dizkiote eskubide politikoen defentsa antolatuari. Lanaren nolakotasunak, bere aldetik, langileak atomizatzen ditu. Sektoreko lan gehienak bakardadean eramaten ditu aurrera langileak, eta, eta lankideekiko kontaktua, halakorik baldin badago, oso mugatua da (harreman horretan sartzen diren langile kopuruari zein harreman horren iraupenari dagokienez). Aldi berean, lan-baldintzen arloko prekaritateak traba handiak jartzen ditu antolakuntza politikorako, soldata baxuek edota lanaldien iraupen luzeak zailtasun handia baitakarte lan-karga, familiari loturiko karga eta konpromiso politikoa uztartzeko. Gainera, langileen debaluazioa eta sektoreak funtzionatzeko duen era tarteko, etengabeko kaleratze-mehatxupean lan egin behar izaten dute. Azkenik, lan-sektore honetan nagusi den irregulartasun-egoerak edota lan horietatik asko eremu formaletatik at garatzeak inpaktu garbia dute langileen baldintza politikoen garapenean, egun, zaurgarritasun gehigarri bat baitaukate sindikatuak heltzen ez diren txokoetan gauzatzen diren lan-jarduerek, kontuan harturik sindikatuek antolakuntza mailarik oinarrizkoena eta ohikoena adierazten dutela. Etxe partikularretako langileen kasuan, adibidez, langileen %3,7 baino ez daude sindikatuta, eta Espainiako afiliazio orokorraren tasa %13,7koa da (Europa iparraldeko herrialdeetan %65etik gorakoa da).
SEKTOREKO LANGILEEN ERRADIOGRAFIA BAT
Ikusten diren lan-baldintzez gain, komenigarria da lan-sektore honetan enplegatutako pertsonek dituzten ezaugarri orokorrei behatzea, elementu horien arteko sintesitik osatzen baita auziaren gaineko ikuspegi orokorrago bat.
Lehendabizi, zaintza-lanen sektorearen inguruan hitz egiten dugunean (orokorrean zaintza-lanekin gertatzen den bezala, era are garbiago batean) sektore ekonomiko feminizatu baten inguruan hitz egiten ari garela esan daiteke. Zaintza-jardueren barruan, esparru formaletako lanen kasuan, emakumeak dira langileen %75 inguru; etxeko langileen artean %90ekoa da emakumezkoen proportzioa, eta uste da zaintza-lanetan aritzen den biztanleria migratua ia %95era heltzen dela. Baina ez hori bakarrik: esparru horretan lan-baldintzarik prekarioenak dituzten jardunbideetara hurreratzen goazen heinean, hazi egiten da emakumeen proportzioa. Espainiako Estatuan 600.000 pertsonak egiten dute lan etxeko langile bezala eta %90 inguru dira emakumeak. Hego Euskal Herrian lan egiten duten emakumeen %5,6 dira sektore horretako langileak (90.000 inguru); 100.000 biztanleko, 1.200 langiletik gora. Lanean ari diren emakumeen %10ek zaintza-lanen sektorean egiten dute lan. Beraz, sektorearen izaera debaluatuaren iturburuetako bat aurkitzen dugu hemen, emakumea subjektu sozial debaluatua baita maila ekonomiko, sozial zein politikoan, bizitzako hamaika esparrutan gordetzen zaion posizioa tarteko. Aldi berean, posizio horrek berak (non kokatzen den egunerokotasuneko harreman ekonomiko eta sozialetan) erreproduzitzen du bere posizioa gako berdinetan. Adibide bat jartzearren, erresidentzietan lan egiten duten langileek (sektore nabarmen debaluatu eta feminizatu bat) soldata baxuagoa dute, esaterako, eraikuntzaren sektoreko lanpostuetakoek baino, kasu batzuetan baita lanpostu bera beteta ere (biltegiko langileek, peoiek edota garbitzaileek, adibidez). Hego Euskal Herrian, %40tik gorakoa da egoitzetako eta eraikuntzako soldaten arteko aldea, bi salbuespenekin: aldea zertxobait txikiagoa da sektore desberdinetako peoi arrunten artean, baita garbitzaileen artean ere. Honakoa ere esanguratsua da: egoitzetako lan guztien artean, garbitzaileak dira de facto soldatarik baxuena jasotzen dutenak. Alor horri, gainera, emakumeek gaur-gaurkoz maila sozialean betetzen dituzten zaintza-lanen karga gehitu behar zaio, lanpostuan zaintza-lanetan aritzeaz gain, lanpostutik kanpoko zaintza-lanetako orduen ehunekorik handiena emakumeen gain erortzen baita.
Lanean ari diren emakumeen %10ek zaintza-lanen sektorean egiten dute lan
Bestalde, Oxfamen 2021eko ikerketa horren arabera, sektore honetan lan egiten duen langileriaren %50 inguru atzerritarra dela kalkulatzen da (EAEn, esate baterako, %33 inguru). Gainera, lan-erregimenaren araberako desberdintasun nabarmenak begitandu daitezke: barneko erregimenean lan egiten duten langileen artean pertsona migratuen proportzioa %90etik gorakoa da. Etxeko langileen kasuan 164.838 dira Etxeko Langileen Sistema Berezian afiliatuta dauden emakume migratuak (afiliatuta dauden langileen %45 inguru). Eta umeen zaintzan enplegatutako emakume migratuen proportzioa oraindik eta handiagoa da. Datua bere sakontasunean baloratzeko, dena den, komenigarria da sektorean egoera irregularrean lan egiten duten pertsonen inguruko informazioa gehitzea. Kualifikaziorik gabeko eta esfera formaletatik at geratzen den alor bat izaki, emakume migratu askoren kasuan, lan-merkaturako sarbide bat ahalbidetzen diete askotan jardunbide horiek. Egun, lan-sektore guztien artean, egoera irregularrean dauden langile migratuen proportziorik handiena duen sektorea da zaintza-lanena: %30 baino gehiago dira, zeina askoz zifra handiagoa baita lehen sektoreko migratuen ehunekoaren (%6) edota eraikuntza-lanetakoaren (%9) aldean. Zentzu horretan, aurreko parrafoan aipatutako elementuak erakusten zuen egoeraren antzeko bat ikus dezakegu. Hau da, sektorean lan-indar migratuaren proportzioa handia izanik ere, zaintzaren sektorean dagoen lanbideen estratifikazioaren barruan behera egin ahala, gero eta emakume migratu gehiago topatzen ditugu lanean. Irregulartasun horrek, gainera, gurpil zoro efektu bat dauka langile horiengan. Egoera irregularrean egonik eta beharraren beharrez, langile-klaseko sektore proletarizatuenaren parte diren pertsona horiek behartuta ikusten dute euren burua baldintzarik eskasenak dituzten lanpostuak eta lan-baldintzarik prekarioenak onartzera, baina baldintza horietan lan egiteak, aldi berean, nabarmen zailtzen du haien egoera erregularizatzea. Baldintza horiekin, urte luzetako prozesu bilakatzen da erregularizazioa; izan ere, errotze soziala eta laborala lortzeko (halako lur eskasetan errotzea hain zaila izaki), beharrezkoa da bizitoki- eta lan-baimena lortzea.
Bestalde, Oxfamen 2021eko ikerketa horren arabera, sektore honetan lan egiten duen langileriaren %50 inguru atzerritarra dela kalkulatzen da
Gainera, estatu burgesaren marko juridikoetako neurri batzuek, hala nola formakuntzaren bidez errotze-agiria lortzeak, indar handiagoz lotzen dituzte profil horretako langileak lan-sektore horietara. Eskulan-eskari handiko sektoreetara sartzeko formakuntza espezifikoak arindu egiten ditu aipatutako prozedurak, baina zaintza-lanetan sartzeko formakuntzara bideratzen ditu erregularizazioa helburu duten langile horiek. Aldi berean, behin betikoa izan ordez baldintzapekoa izaten denez aipatutako erregularizazioa, helburua lortuta ere, langileek behartuta ikusten dute euren burua jaten ematen dien eskuari musu ematera, baimen horiek mantentzeko. Soldatapeko lanaren dinamikari lotuta jarraitu beste aukerarik ez daukate lortu berri duten egoera erregularra iraunarazteko. Zentzu horretan, baiezta dezakegu estatu burgesak makilaren eta azenarioaren estrategia darabilela langile-klaseko sektorerik zaurgarrienekin, ohiko trikimailuekin: xantaia etengabe bat aplikatzen du haien biziraupenerako baldintza lan-sektore gutxietsienei eta kolpatuenei lotuz eta, horrela, haien zaurgarritasuna legeztatuz.
Aipatutako egoera orokorrak isla zuzena dauka sektore honetan ari diren langileen ikasketa mailan. Langile-klasearen sektorerik zaurgarrienak biltzen dituen lan-sektore bat izaki, ohikoa da bertan lan egiten ari diren proletarioen profila ikasketa-prozesuaren hasierako mailei lotuta egotea. Era goiztiar batean lan-mundura sartzera behartuta egoteak inpaktu erabakigarria dauka ikasketa-prozesuaren luzapenean. Sektore honetan aritzen diren pertsonen %70ek bigarren hezkuntzako ikasketak dituzte eta %16k lehen hezkuntzakoak soilik, eta goi mailako ikasketetara sarbidea izan dutenak %14 baino ez dira.
Esan beharra dago, gainera, zaintza-lanen sektorean enplegatuta dauden pertsonek arazo handiak dituztela lana eta familia-kargak era egoki batean kontziliatzeko. Kontuan hartu behar da, alde batetik, orokorrean, familia-kargaren zatirik handiena emakumeen gain jausten dela gizarte-mailan. Emakumezkoek, batez beste, gizonezkoek zaintzen duten pertsona kopuruaren bikoitza zaintzen dutela kalkulatzen da (15 eta 64 urte arteko emakume bakoitzak batez beste 3,5 pertsona baino gehiago zaindu behar ditu). Gizonek, batez beste, egunean 4 ordu eskaintzen dizkiete etxeko lanei; emakumezkoek 2 ordu gehiago. Horri lan-baldintzen atalean aztertutako elementuak gehituz gero (lanaldi luzeak, partzialak, lanpostu bat baino gehiago izateko beharra, lan-karga handiko lanaldiak), zaintza-lanetan ari diren pertsonek duten eguneko kargak egunaren zatirik handiena hartzen duela konturatuko gara. Horrek sekulako inpaktua dauka pertsona horien bizitzetan, aisialdirako eta atsedenerako denboran duen eraginaz gain (langile horien bizi-baldintzen okertze nabarmena dakarrena epe laburrean zein luzean), alor politikoan ere sekulako eragina baitauka.
ONDORIOAK
Zaintza-lanen sektorea, egun, bereziki debaluatutako lan-sektore bat da. Lan-baldintzen alorrean aztertu ditugun alderdien bidez, identifika dezakegu aldea handia dela beste lan-sektoreetako batez besteko baldintzekin alderatuta. Hedatzen ari den proletarizazio-prozesuaren korrelatu gisa uler dezakegu prozesu hori, azken finean, krisi-testuinguruak beherantz egiten baitu presioa langile-klasearen bizi-eta lan-baldintzei dagokienez. Modu ezberdinetan gertatzen da hori, eta proletalgoaren geruza zaurgarrienen hedatze-prozesu bezala uler dezakegu artikuluan zehar aipatzen den lan-baldintzen hedatze-prozesua. Ekoizpen-indarren alorrean arrapaladan jazotzen ari diren aldaketek ateak irekitzen dizkiote lan-indar ez kualifikatua potentzialki ekoizpenetik kanporatua izateari, eta horrek mehatxu-egoera etengabe batean kokatzen du proletalgoa. Prozesu hori era desberdinetan gauzatzen den arren, kondizio proletarioaren sakontzea, besteak beste, gutxietsitako lanbideen hedapenaren bitartez gertatzen da, baita lanbide horietako baldintzen kaskartzearen bitartez ere. Hirugarren sektorearen hedapenarekin batera, Mendebaldeko gizarteei gradualki sortzen ari zaizkien behar espezifikoei (zahartze-prozesua zehazki, eta menpeko pertsonen areagotzea orokorrean) erantzuteko moldatzen da gizarte kapitalistaren ehun produktiboa. Prozesu horretan, lehen existitzen ez ziren merkatu-hobiak garatzeaz gain, existitzen zirenak moldatzen dira. Aldi berean, haien merkantilizazioan eta kontraesanetan sakontzen duen prozesu bat gertatzen da.
Prozesu orokor horren baitan uler daitezke, zentzu batean, zentro inperialistako ekonomien tertziarizazioa (errentagarriak ez diren sektoreen desegite industriala eta adar konkretu batzuen espezializazioa eta garapen basatia alde batean, eta hirugarren sektorearen hedapen basatia beste aldean) eta zaintzaren sektoreak azken urteetan hartu duen dimentsioa. Edozein kasutan, hori gizarte mailako prozesu moduan gertatzen den arren, prozesuaren izaera basatia sektore konkretu batzuetan grinatzen da bereziki. Lanaren banaketaren barruan, posiziorik debaluatuenak egokitu zaizkien lan-sektore eta lanpostuek era bereziki gogorrean pairatu behar izaten dute kondizio proletarioaren sakontze hori. Lehenagotik ere zaurgarriagoak ziren sektoreak izateaz gain, hau da, prozesuaren abiapuntua okerragoa izanik, horrek babesik gabe uzten ditu gizarte kapitalistaren basakeriaren aurrean. Gainera, langile-antolakuntzaren alorrean umezurtz ageri dira sektore horiek, izan forma politiko tradizionalen utzikeriagatik edo hutsaltasunagatik, izan horien izaera antiproletarioagatik (Burgesiaren Alderdiaren parte diren alderdi eta sindikatuen amaraun-sareak ez baitu inolaz ere sektore horien bizi- eta lan-baldintzen defentsa egiteko asmorik; ez, behintzat, horrek gizarte kapitalistaren joeren aurka joatea eskatzen duen artean), edo izan sektoreko langileriaren beharrei eta interesei erantzungo dien forma politiko independente baten gabeziagatik.
Harreman sakon bat dago, hala, sektore ekonomiko honen ezaugarri orokorren eta bertan lan egiten duten langileen ezaugarritzearen artean. Lan-sektore debaluatuen artean dago zaintza-lanena. Bigarren mailako lanbide izaera horrek harreman zuzena du lan-baldintzarik prekarioenak biltzen dituen sektorea izatearekin, eta langile profil zehatz bat erakartzen du, lanpostu horietarako sarbidea ia berehalakoa den heinean. Horrek faktoreen arteko elkarreragin bat du ondorio; langile-klaseko sektorerik zaurgarrienetako zati handi batek pairatzen duen sorgin-gurpila. Sektorearen debaluazioak lan-baldintza eskasak inposatzea dakar; baldintza horiek beharraren beharrez onartzen ditu langile-klaseko sektorerik zaurgarrienak; baldintza horiek sektore horren egoera erreproduzitu baino ez dute egiten, eta baldintzarik prekarioenak eta langilerik zaurgarrienak biltzen dituen sektorea ere debaluatuena bilakatzen da. Hori, aldi berean, auziaren alderdi espezifikoetan ikusten da. Eskulan feminizatua eta migratua enplegatzen du zaintza-lanen sektoreak; hala ere, (15 eta 64 urte arteko emakume bakoitzak batez beste 3,5 pertsona baino gehiago zaindu behar ditu) kopurua igo egiten dela ikusten dugu. Horrela, lan-baldintzen eta lan-sektorearen debaluazioaren artean dagoen logika erreproduzitzen da alor horri dagokionez ere. Lan-baldintza eta harreman konkretuen ondorio dira proletario profil ezberdinak, eta, aldi berean, proletariotzaren barruko profil konkretu bakoitzari leku ezberdin bat ematen zaio. Eta horrela behin eta berriro.
Sektorearen debaluazioak lan-baldintza eskasak inposatzea dakar; baldintza horiek beharraren beharrez onartzen ditu langile-klaseko sektorerik zaurgarrienak; baldintza horiek sektore horren egoera erreproduzitu baino ez dute egiten, eta baldintzarik prekarioenak eta langilerik zaurgarrienak biltzen dituen sektorea ere debaluatuena bilakatzen da
Azkenik, auziari ematen zaizkion aterabide politikoak aztertu beharko lirateke. Nabarmena da mundu mailako dinamika kapitalistaren ziklo zehatz bat amaitzeak dekadentzia-prozesu batean murgildu dituela historikoki zentro inperialistako potentzia tradizionalak izan direnak. Baldintza historiko horien ikur nagusia zen Ongizate Estatua eta, zentzu berean, bere euskarri edo zutabe ziren horiekin batera amiltzen ari da. Hala ere, Burgesiaren Alderdiaren ezker hegala osatzen duten alderdiek zein sindikatuek tematuta segitzen dute: haien atzamarren artetik erortzen ari diren zatiei heltzen saiatzen ari dira, iraganean izan zen horren oroitzapenaren bista galdu gabe. Dena den, historiak aurrera egin izanak edukiz hustu du ezkerraren maskor iraultzaile edo aurrerakoia, eta erretorika baino ez du utzi bere lekuan. Kontrara, inoiz baino esplizituagoa da alderdiek, sindikatuek eta abarrek gizarte kapitalistaren mantentzean duten funtzioa; hau da, haien izaera antiproletarioa. Gizarteko alor ezberdinetan era ezberdinetan adierazten bada ere, zaintza-lanen alorrean ere bere era konkretuan adierazten da egitate hori. Norabide horretan, ezkerreko alderdi aurrerakoien proposamenek talka egiten dute etengabe errealitate gordinarekin, auzia behar bezala ulertzeko ezintasunagatik eta hari eusteko moduaren antzutasunagatik edo norabideagatik beragatik, besteak beste.
Haien pentsamendu- eta jardun-markoa gizarte kapitalistaren joko-arauei eta bere mekanismo eta espazioei lotuta egoteak aterabideak marko horren marjinetan planteatzea eragiten du; kasu honetan, horren emaitza da zerbitzu publikoen defentsa itsua, zaintza-lanen publifikatzea eta profesionalizazioa. Sektore pribatuak sektore publikoaren aldean irabazi duen pisuaren kritika bat egiten dute alde batetik, esfera publikotik haren ezintasunak tarteko edo erabaki politiko kontzientze baten ondorioz irtendako esparruak Estatuaren kontrolpera itzultzeko asmoz, galdutako Ongizate Estatu hori nolabait berreraikitzeko esperantzaz. Alor horrekiko egiten duten proposamena ere ageri zaigu, bestetik, aipatutako gakoetan pentsatzen eta gauzatzen dena. Zaintza-lanen debaluazio estrukturala, zeina gizarte kapitalistaren funtzionamenduaren ondorio zuzena baita, dekretu eta erreforma zehatzen bitartez konpontzeko nahian adierazten da hori. Norabide horretan, bi elementu nagusi azpimarra daitezke.
Alde batetik, publiko-pribatuaren arteko dikotomia faltsua. Nahiz eta egia izan sektore ekonomiko horretan hobeak direla sektore pribatuko lan-baldintzak eta eskainitako zerbitzua, auzia bera edo aurkitzen den ñabardura oro ez da borondatearen ondorio. Zentzu horretan, ez da borondatez konpontzen. Sektore publikoen dekadentzia baldintza historiko konkretu batzuen agortzeari lotuta dago eta, zentzu horretan, zaila da konpontzen dekadentzia horren kausa diren korronte historikoen alde (kasu gehienetan) edo kontra (inozokeriaz, indarge) arraun egiten. Zentro inperialistako potentzia tradizionalen dekadentziak eta Ongizate Estatuaren desegiteak aukera paregabe bat dakarte lehenago aipatutako sektore pribatuko hainbat eskurentzat, eta, edozein kasutan, txanpon beraren bi aurpegiak dira horiek: batak bestea osatzen du. Beste alde batetik, sektore ekonomiko honetan lanean ari den proletalgoaren ikuspuntuari buruz hitz egin beharko genuke. Artikuluan zehar azpimarratu da zer esan nahi duen lan- eta bizi-baldintzen alorrean, egun, zaintzaren sektoreko langile izateak: proletalgoaren barruko sektorerik zanpatuena izatea, etengabe erreproduzitzen dena. Zentzu horretan, proposamen politiko horiek de facto kanpoan uzten duten gizartearen zatiari hitz egitearen itxurak egiten dituzte. Egoera irregularrean eta kontraturik gabe egoteak, ozta-ozta bizitza erreproduzitzeko soldata bat izateak, bizitza pertsonala eta laborala uztartzeko aukerarik ez izateak, ikasketetarako sarbide mugatua izateak eta abarrek definitzen duen langile-klasearen zatiaren inguruan ari baikara, finean. Eta, zentzu horretan, egun egiten den publifikatzearen eta profesionalizazioaren aldeko apustuak kanpoan uzten duen langile-klasearen zati handi horretaz. Auzia lantzeko modua ezin da abiatu auziari ezikusiarena egitetik, horri era eraginkor batean erantzuteko asmorik badu behintzat. Proletalgoaren sektore zaurgarrienari eta kolpatuenari begira aritzeak, lehendabizi, auzia bere sakontasun eta errealitate zehatzean ulertzeko saiakeratik abiatu behar du. Zaintza-lanen lan-esparruari eta bertan lan egiten duten pertsonei alternatibaren bat eskaintzekotan, gako erradikal eta apurtzaileetan egin beharko da derrigor. Eta hori proletalgoaren antolakuntza politiko independentearen eskutik etorriko da, etortzekotan.
Proletalgoaren sektore zaurgarrienari eta kolpatuenari begira aritzeak, lehendabizi, auzia bere sakontasun eta errealitate zehatzean ulertzeko saiakeratik abiatu behar du. Zaintza-lanen lan-esparruari eta bertan lan egiten duten pertsonei alternatibaren bat eskaintzekotan, gako erradikal eta apurtzaileetan egin beharko da derrigor
HEMEN ARGITARATUA