Ekialde Hurbileko zona dugu ziurrenik masa komunikabideen orrialdeetan eta telebistako albistegietako nazioarteko sailetan tarte gehien hartzen duena. Hala ere, 2014az geroztik, Yemen gudu isil batean murgilduta dago, eta munduko beste potentzia handi batzuen babespean dauden bi potentziek, Iranek eta Saudi Arabiak, esku hartzen dute. Honako gatazka hau izan da azken hamarkadetan egon den munduko goseterik handienaren eta Siriako gerrarekin parekatu daitekeen errefuxiatu eta desplazatuen krisiaren erantzule.
1991ko urtarrilaren 17an, Estatu Batuek Kuwaiten Sadam Husseinen Irakeko tropak kanporatzeko esku-hartze militarra gidatu zutenetik, gerra modernoaren garai berri bat hasi zen, telebistaz kontatzen ziren gerren aroa. CNNk Kuwaiteko operazio militar estatubatuar guztien berri zuzenean eman zuenetik hain zuzen ere, ia zuzen-zuzenean parte hartu dugu NATOk Jugoslavia zaharrean egindako esku-hartzeetan, Irakeko eta Afganistango gerretan, Gadafiren eraisketan eta hiletan Libian, baita Siriaren suntsiketan ere, duela gutxi talibanek Kabul hartu zutenekoan.
Hala eta guztiz ere, hedabide handien agenda-setting izenekoan oraindik lekurik ez duten gatazkak ere badaude. Azken urteetako kasurik nabarmenena dugu 2014an hasitako Yemengo gerra. Alabaina, albiste izatearen eta kontatutako albiste izatearen arteko bereizketa egin behar denez, erreportaje honi izen ematen dion izenburua ez dugu ausazkoa. Yemen hedabide handietan albiste izan baitzen, 2017. urtean, gerra hasi baino hiru urte lehenago; hango giza krisia nabarmenegia zelako bilakatu zen albiste ezinbestean.
Hala ere, horrek ez zuen komunikabideek Yemenen osoki gertatzen zena kontatzea eragin, ez baitzuten kontatzen zeintzuk ziren Yemengo gatazka belikoen jatorria ulertzeko gakoak, ezta jokoan zegoena ere. Harrigarria badirudi ere, Yemengo gudua hedabide handiek azkar eta gainetik aipatu zuten, hain zuzen arretarik jarri ez zitzaiola adierazteko. Justuki albiste zer izango den eta zer ez erabakitzen duten hedabideek albistegietan lekua hartuko zuen gerra baten berri eman zuten, NBEren Gai Humanitarioen Koordinaziorako Bulegoaren (OCAH) datuen arabera, jada 2020rako zuzeneko edo zeharkako 230.000 biktima baino gehiago eragin zituen gudu baten berri, hain justu.
Harrigarria badirudi ere, Yemengo gudua hedabide handiek azkar eta gainetik aipatu zuten, hain zuzen arretarik jarri ez zitzaiola adierazteko
GUDUAK, KAPITALISMOARI LOTUAK
Artikulu honen helburu nagusia yemendar gatazkaren atzean benetan dagoena ulertzeko eta XXI. mendeko munduko kapitalismoaren baitan dauden guduak interpretatzeko gako batzuk ematea da. Yemen adibide ezin hobea dugu; ulertzeko gastu militarren beharrak, armamentuaren norgehiagokak, gatazka armatuak eta suntsipenak lotuta daudela metaketa prozesuaren eta sistema kapitalistaren krisiari.
Yemen adibide ezin hobea dugu; ulertzeko gastu militarren beharrak, armamentuaren norgehiagokak, gatazka armatuak eta suntsipenak lotuta daudela metaketa prozesuaren eta sistema kapitalistaren krisiari
Optika marxista batetik begiratuta, gastu militarrak ez dira produktiboak, ez duelako aukerarik izanen ekoizpen sisteman balorizatuko den inbertsio bat izateko. Are gehiago, gastu militar gehienak estatuenak dira, edo modu eskuzabalean finantzatzen dituzte, haiek baitira armamentuen erosle nagusiak. Hala, estatuek egindakoa edo bultzatutakoa da armamentuen ekoizpen gehiena, eta ez dago merkatu zabalari zuzenduta. Era berean, irakaskuntza edo osasungintza bezalako gastu publikoekin alderatuz, bitxia da nola gastu militarrek ez duten apenas murrizketarik jasaten krisi kapitalista garaian.
Lehen begiratuan hain nabarmena ez izan arren, gerren bidezko baliabideen suntsiketak eta militarismoak, modu kontraesankorrean, kapital metaketarako positiboak diren hainbat funtsezko zeregin betetzen dituzte: gainproduzituriko balioen masa suntsitzea, ekonomia «onbideratzea», metaketa zikloa berregituratu ahal izatea eta errentagarritasun baldintzak berrezartzea. Krisian izaten den balioen suntsiketaren funtzioa etengabe betetzen du militarismoak. Izan ere, kapitalismoarentzat ezinbesteko diren beste gastu publiko batzuen moduan, behar ez bezala –gutxiegi, alegia– baliatzen diren ekoizpen gaitasunak eta eskulana aktibatzeko aukera ematen du gerrak. Ekoizpen modu kapitalistaren arraste-indarra osatzen du era horretara.
Areago, gastuen kostu handiengatik enpresa pribatuek beren gain hartu ezin dituzten industria ikerketa teknika berriak garatzen dira Estatuak gastu publikoen bidez irmoki finantzaturiko industria militarrari esker. Siderurgia, elektronika, mikroordenagailuak edo aeronautika sektoreak eta enpresa pribatuak dira ikerkuntza militar horien onura jasotzen dutenak. Beste era batera esanda, metaketa prozesuan gerren existentzia ezinbestekoa da[1].
Metaketa prozesuan gerren existentzia ezinbestekoa da
Elementu «ekonomiko» soilaz gain, gerrek oinarrizko eginkizun politikoa dute estatu burgesen legitimazioan. Gudua funtsezko mekanismoa da Estatuaren egitura politikoen barne-egonkortasunerako. Guduak berak zuzeneko gatazkaren forma har dezake, baina era berean harengandik babestu behar den «kanpoko etsai» bat izan daiteke edo bestelako gerrarako arrisku argi bat. Gerrarako arriskua egoteak bateratasun eta hertsapenaren sentimenduak sor ditzake, eta horien bidez zenbait joera politiko sorrarazi daitezke biztanleriarengan; horren adibide dira biztanleriari «nazioaren onerako» eskatzen zaizkion sakrifizioak.
Orain arte azaldutakoa argitzeko eta gure azterketa-kasuan sakontzeko, lehen zertzelada gisa, gogora ekarri behar dugu Saudi Arabia erregimen monarkiko ia absolutua dela eta demokrazia liberaletan ohiko diren kontrapisu bakar bat ere gabe Saud dinastiak gobernatzen duen herrialdea dela. Era horretan, Yemengo guduan sartuta dagoen herrialde potentzia den Saudi Arabiak bere casus belli partikularra aurkitu du herrialde txiki bati erasotzen, eta hori egiteko interesak, ekonomikoak baino, barne-zilegitasunari lotutakoak eta herrialde aurkari duen Irani indar mezu bat bidaltzea izan dira.
Erreprodukzio ekonomikoari dagokionez, ezin genezake ahantz Saudi Arabiak armamentuaren gehiengoa Mendebaldeko herrialdeetan erosten duela. Cadizen emaniko ontziolen gatazka har genezake adibide gisa. Horiek saudiarabiar ejerzitoaren gerraontzien hornitzaile nagusi dira, eta hango langileen postuak ontzi horien eraikuntzaren mende daude erabat; hortaz, hura mantendu nahi izatekotan, ezin dute ondoren emango zaien erabileraren inguruko galderarik edo protestarik egin.
YEMENEN KOKALEKU GEOESTRATEGIKOA
Yemen Asia eta Afrikaren artean eta Itsaso Gorrira eta Adengo golkora begira dagoen arabiar penintsularen hegoaldean dagoen herrialde arabiar bat da. Kokaleku horrek estrategikoa den Bab el-Mandeb itsasartea kontrolatzeko aukera ematen dio, Estatu Batuen eta Europako herrialdeen hidrokarburo hornidurarako ezinbestekoa dena. Handik, hiru eta lau milioi petrolio upel artean igarotzen dira egunean.
Agian ez da Persiar Golkoko herrialdetatik datozen petrolio-ontzi gehiengoak zirkulatzen duen Ormuzko itsasartea bezain ezaguna, baina Bab el-Mandeb itsasartearen garrantzia ez datza bere uretatik igarotzen den petrolio-ontzietan soilik. Izan ere, Suezko kanalera doazen kontsumo merkantzia anitzeko karga-barku gehienak handik igarotzen dira egunero. Batez beste, munduko komertzio eta hornikuntzek martxan jarrai dezaten ezinbesteko diren 55 barku igarotzen dira egunean. Lau herrialdek dute Bab el-Mandeb itsasartea blokeatzeko gaitasuna: Somaliak, Eritreak, Djibutik eta Yemenek.
Hortaz, Bab el-Mandeb itsasartearen gaineko kontrola eta influentzia dira Yemenek esku artean dituen aktibo geoestrategikorik handienak, petrolio putzu txiki batzuk eta findegi gaitasun urria dituen herrialde bat baita. Alabaina, haren kokaleku estrategikoak herrialde giltzarri bihurtzen du, Anthony Cordesman nazio segurtasun analista eta NATOko aholkulari militar estatubatuarrak gerra hasieran, 2015. urtean, idatziriko artikulu batean azaltzen duen moduan:
Bab el-Mandeb itsasartearen gaineko kontrola eta influentzia dira Yemenek esku artean dituen aktibo geoestrategikorik handienak
«Energiaz harago doan kontua dela azpimarratzea ezinbestekoa da: Suezko kanaletik igarotzen den karga bakoitzaren segurtasuna eta kostua, kanalean zehar igarotzen diren gerraontzi estatubatuarren eta aliatuen segurtasuna, Egiptoren egonkortasun ekonomikoa eta Jeddah-n dagoen eta Saudi Arabiarentzako gakoa den portuaren segurtasuna [...] Yemendik aireko zein itsasoko etsaien agerpenek Suezko kanalean dagoen trafiko guztia mehatxa lezakete, baita eguneroko petrolioaren eta petroliotik eratorritako produktuen fluxua ere»[2].
Saudi Arabiaren interes geoestrategikoentzat ezinbestekoa da Yemenekiko nolabaiteko kontrol politikoa edukitzea. Izan ere, yemendar petrolio putzu txikiekiko interesik izan ez arren, kokaleku geografikoarekiko interesa egon badago. Iranek Ormuzko itsasartea modu eraginkorrean blokeatuko balu, Saudi Arabiak Ormuz saihestuko lukeen oliobide bakarra izango luke; Itsaso Gorrian itsasoratzen den East-West Petroline, alegia. Oliobide hori, Bab el-Mandeb itsasartearen gaineko kontrolaren menpekoa litzateke, beraz.
Gaur egun, Wikileaks-ek ezagutzera emandako paper eta audioei esker, badakigu Saudi Arabia 2014ko matxinadaren aurreko Yemengo gobernuarekin bi oliobideren eraikuntza negoziatzen ari zela, Yemengo Mukalla portu-herrira iritsiko zirenak. Oliobide horien bitartez Saudi Arabiak Ormuzko itsasartean barna garraiatzen zen gasarekiko menpekotasuna murriztu nahi zuen, hala, irandar etsaiei azpiak jateko.
Oliobideen proiektuak huts egin zuen, batetik Yemengo huthien altxamenduagatik, eta, bestetik, Oman herrialdeak Iranekin gasbideen inguruko hitzarmen bat egin zuelako, saudiarabiarren planak zaborretara bota zituena. Azpimarratu nahi dena, ordea, gasbide horien garrantzia da; izan ere, ohikoa bihurtu da mundu arabiarreko gerrak hasi baino lehen, Sirian edo Libian bezala, gudu horiek jada markatuta egotea oliobideak eraikitzearen inguruko negoziazio tirabiratsuak direla-eta[3].
Ohikoa bihurtu da mundu arabiarreko gerrak hasi baino lehen, Sirian edo Libian bezala, gudu horiek jada markatuta egotea oliobideak eraikitzearen inguruko negoziazio tirabiratsuak direla-eta
GERRAREN JATORRIA
Yemenek, gaur egun, 26 milioi biztanletik gorako populazioa du, eta gudua hasi arte, planeta osoko demografia-hazkunde tasarik handienak zituen. Gehienak musulmanak dira, eta biztanleriaren gehiengoa, hain zuzen, sunita da (%60 inguru) eta besteak xiitak (%40). Bigarren horien artean huthien adarra gailentzen da; era berean haiek osatzen dute yemendar gobernuaren aurkako egungo matxinatuen gehiengoa. Matxinatuok Saudi Arabiak eta NATO osatzen duten herrialdeek babesten dute.
Gainera, Yemen ur-erreserbarik ia ez duen herrialde oso menditsu bat da, eta horri gerra batzen badiogu, bertako populazioak edateko ura eskuratzeko arazo larria izatea eragiten du. Laborantza eta petrolio-erreserba txiki horien ustiaketan oinarritzen da hango ekonomia. Hala, nazio erakunde ezberdinetatik datozen kreditu eta garapen laguntzen esku geratzen da erabat.
Alabaina, Yemen bi herrialdek osatzen zuten 1990. urtera arte: Hego Yemengo Herri Errepublika Demokratikoa eta Ipar Yemengo Errepublika Arabiarra. Lehena, 1967. urteaz geroztik britainiarrekiko independentea izan zen, eta Sobietar Batasunarekin lerrokatuta zegoen erregimen sozialistarekin bat egin zuen. Bigarrengoa, Lehen Mundu Gerraren amaieran sortu zen, eta, ordura arte, 1.000 urtez baino gehiagoz, zaidiek –egungo matxinatuak diren huthien jatorria den adar erlijiosoa– gobernatu zuten, xii imamerri erregimen klerikal hura 1962. urtean boteretik bota zuten arte.
Sobietar Batasunaren kolapsoak eta 1988. urtetik aurrera guztiz antisozialistak ziren eta gerrarako trebatuta zeuden yemeniar soldaduak Afganistandik itzultzeak, baldintza ezin hobeak sortu zituen estatu bakarra eratzeko. Hala, bi herrialdeak batu ziren. Helburu hori 1990ean lortu zen; ordura arte Ipar Yemengo presidente izandako Ali Abdalah Salehen agintaritzapean geratu zen Yemen berri bateratua, eta Sana bilakatu zen hiriburu. Izatez, herrialdearen iparraldeak hegoaldea iparraldea bereganatzea baino ez zen izan.
Horren ondorioz, joera sekular-sozialistagoa zuen biztanleriak, antzinako hegoaldeko populazio sunitarekin batera, herrialdeak bateratzea okupaziotzat hartu zuten. Era honetara, iparraldeko xiitek etsaitasunezko posizioa hartu zuten hegoaldeko populazio sunitaren gehiengo berriaren aurrean, eta horrek 1994. urtean lehen altxamendua eragin zuen, Salehren gobernuak era bortitzean itzali zuena. Joera horretatik sortu zen huthien mugimendua: fede xiidun alderdi politikoa eta gehiengo sunitaren aurrean zaidien gutxiengo erlijiosoa defendatzen duena. Salehk ere sunitak sostengatzen amaitu behar izan zuen Saudi Arabiaren laguntza jasotzeko, lurralde horietako potentzia sunita handiena baita.
Salehk Yemen gobernatu zuen bitartean gobernuaren alderdiaren lider ukaezina izan zen. Haren agintaldian Yemengo biztanleria bateratzen saiatu zen, petrolio-errenten bidez eta Saudi Arabia bezalako herrialde aliatuengandik jasotzen zituen laguntzen bidez. Petrolioaren prezioak 2008ko krisiaren etorrerarekin batera hasi ziren jaisten, eta horrela hasi zen gobernatzeko modu horren arrakalatzea, 2011n, «Udaberri Arabiar» ezagunen babesean, protestak lehertu ziren arte.
Protestek eta Saleh presidentearen aliatu nagusi zirenen babesaren galerak, dimisioa aurkeztea eragin zuen ordura arte lehendakariorde zen Abdu Rabbu Mansour Hadiren mesedetan. Salehen gobernuaren aurkako protesten ostean son handia lortu zuten huthiek, eta herrialdearen ipar-mendebaldearen lurralde zabal baten kontrola hartu zuten. Xii inspiraziodun huthi matxinadak Iraneko gobernuaren babesa du; hala ere, ezin jakin genezake laguntza hori zeharkako laguntza armamentistaz, nolabaiteko finantziazioaz edo laguntza diplomatikoaz harago doan.
Huthiek ez zuten Hadi lehendakari berriaren botere aldaketa onartu, eta trantsizioaren nazioarteko negoziazioen porrotaren ostean, 2014an, esku hartu eta Sana hiriburua hartu zuten. Orduan, Hadi lehendakaria Saudi Arabian ihes eginda zegoela, Estatu Batuak buru izanik Golkoko, Turkiako, Egiptoko eta NATOren Mendebaldeko potentzien monarkia gehienek babestuta, suniten petromonarkiak huthi matxinatuen kontra erasoa jo zuen.
Egoera kaotiko horren erdian eta boterean inor ez zegoela probestuz, Al-Qaedaren talde sunita terroristen jarduera loratu zen Arabiar Penintsulan, baita Irak eta Sortaldeko Estatu Islamikoarena (ISIS) ere. Al-Qaedaren tokiko filialak herrialdearen hegoaldeko eta kostako lurraldeak kontrolatzera iritsi ziren.
Saudi Arabiaren inplikazio militarraren bitartez mezu argi bat bidali nahi zion Irango Errepublika islamikoari: saudi erresumak ez zien utziko irandarrek Sirian, Iraken edo Libanon gauzatzen zuten interbentzionismoa beste herrialde batzuetara zabaltzen. Horretarako, saudiarabiarrek esku hartu zuten, huthien kokalekuetan, batik bat airezko bonbardaketak abiatu zituzten. Askotan, azkenik yemendar populazio zibilari zuzendutako bonbardaketa indiskriminatuak izaten ziren.
Saudi Arabiak, munduan armak erosten hirugarren herrialdea izanda eta munduko armada garestiena eta jendetsuena edukita ere, errealitatean ez du huthien matxinada garaitzea lortu. Gerra guztiz desorekatu horretan, huthi matxinatuek gerrilla estrategia planteatzen dute, lurren ezagutzan eta saudiarabiar armadaren ahultzearen zain egotean oinarritzen dena. Egia esan, 2017tik posizioak ez dira gehiegi aldatu eta huthiek, Sana hiriburuari eutsita, beren mendebaldeko lurretan segitzen dute. Higadura guduak zuzeneko eragina du biztanleriarengan; bost urte baino gehiagoz gosete handiak eta edateko ur gabeziak bizi izan baitituzte. Horri guztiari Riad buruzagi duen koalizioaren etengabeko bonbardaketak gehitu behar zaizkio[4].
Saudi Arabiak, munduko armada garestiena eta jendetsuena edukita ere, errealitatean ez du huthien matxinada garaitzea lortu
HERRIALDEKO ETA MUNDU MAILAKO BATAILA
Ezin da Yemengo gatazka bi potentzia handik beren indarrak neurtzen dituzten delegaziozko gerratzat hartu, barne parte-hartzaileak ez direlako Iran edo Saudi Arabiaren akolito soilak. Gainera, petromonarkia guztiek ez dituzte interes berdinak Yemenen. Adibidez, Arabiar Emirerri Batuek hegoaldeko zenbait eskualderen berehalako independentzia bultzatu dute, Adengo portu-hiriarena, besteak beste, eta horrela sortu da Hegoaldeko Trantsizio Kontseilua.
Yemengoa interes lokalak eta mundukoak elkartzen diren maila anitzeko gudu bat litzateke. Lehen mailan, tribu, adar erlijioso eta adar sozial ezberdinak lehiatzen dira gatazka guztiz zibil batean. Beste alde batetik, Saudi Arabiak zuzenean eta Irakek zeharka esku hartzen duten Ekialde Hurbileko herrialdeen hegemoniagatik garatzen den borroka dago. Azkenik, estatubatuar hegemoniaren gainbehera motelaren ostean, munduko hegemonia eskuratzeko giltzarri den energia horniduren eskuratzea dago Yemenen jokoan munduko potentzia handientzako.
Suniten mundu musulmaneko eskualdeko buru den Saudi Arabiak beti eduki du printzipio bat bere kanpo-politikaren oinarrian: ez onartzea mugakide dituen herrialdeek influentzia handiko rolik har dezaten. Yemenen kasuan, Saudi Arabiako gobernuak baliabide guztiak erabili ditu Yemen, alde batetik, ahul mantentzeko –ez dadin mehatxutzat hartzeko modukoa bilakatu– eta, bestetik, indartsu izaten uzteko –herrialdeko barne-oreka mantentzeko beste–.
Saudi Arabiak ez zuen mugimendu erabakigarririk egin yemendar xake taulan harik eta huthi matxinatuek Bab el-Mandeb itsasartearen mugakide diren guneak eta hiriburua hartu zituzten arte. Saudi Arabiak bere etsaiarekiko pauso estrategiko bat galtzeko beldur ez ezik, beren gutxiengo xiiek Yemenen egin zuten moduko altxamendu bat egiteko tentazioaren beldur ziren. Era horretara, operazio militarrek irandar aliatuen aurrerapenak eta xiien herrialde berrien altxamenduaren hedadura gelditzea zuten helburu.
Iran bere etsai diren saudiarabiarrak baino erosoago dago, gatazka horretan ez duelako bat ere edo ia bat ere galtzekorik. Iranek huthiei laguntza eskaintzen diela ukatzen du ofizialki, baina askotan irandar finantziazio eta armamentuak jasotzen dituzte, Libanoko Hezbola erakundeko gerrillen bitartez bada ere. Gerrilla horrek herrialde osoan militarki jarduteko gaitasuna du eta ez du beste talde xii batzuekin duen lotura ezkutatzeko beharrik.
Iranek Saudi Arabiarekin vietnamdar erara egindako estrategia baliatu nahi zuen. Hau da, gatazkan zuzenean esku hartu gabe eta inolako hildako militarrik izan gabe, Saudi Arabia garaitua izateko moduko higadura gerra batean luzaz jardutea. Hori Arabiar Penintsularen petromonarkia handienaren barne- eta kanpo-itxurarentzat sekulako zartakoa litzateke[5].
Estatu Batuek hasieratik lagundu zioten Saudi Arabiari yemendar matxinadaren aurkako gerran. Obamaren administrazio garaian, laguntza hori murritzagoa izan zen, baina Etxe Zurian Trump egon den urteetan, uthiek Yemenen dituzten posizioak bonbardatzeko Washingtonek utzitako dronen eta hegazkinen kopurua handitu zen. Hala eta guztiz ere, Estatu Batuen zuzeneko interesik handiena saudiarabiar Saudi Arabiako Armadari armak saltzen dizkion saltzaile nagusia izatea da.
Gogora ekarri behar dugu Saudi Arabia dela nazioarteko merkatuan arma gehien erosten duen herrialdea. Hortaz, Estatu Batuetako arma-industria erraldoiaren erosle leiala dugu. Estatu Batuarren ostean, eta alde handiarekin, Europako herrialdeak ditugu saudiarabiar monarkiaren hornitzaile nagusi: Erresuma Batua, Frantzia eta Espainia. Armen nazioarteko salmenten inguruko ikerketa ospetsuenaren egile den SIPRIk (Stockholmoko Bakearen aldeko Ikasketen Institutu Internazionala) indize bat sortu zuen; unitate bakoitzeko ekoizpen-kostuak oinarri hartuta, milioitan adierazten du baliabide militarren transferentziaren bolumena.
Herrialde zehatzen aldebakarreko ekintzetan izan ezik, EBk gatazkan ia parte hartu ez duela kontuan hartu beharrekoa da. Hala ere, Yemengo gatazkak Mendebaldean armen salmenten mugen inguruko eztabaida politikoaren ateak zabaldu ditu. Zehatz esanda, Europako Parlamentuak bi aldiz bozkatu zuen Saudi Arabiari zigorra ezartzearen alde. Dena den, sinbolikoa da keinu hori, ebazpen hori ez baita loteslea. Gainera, armen komertzioa eteteak herrialde hornitzaileen interes ekonomikoengan eragitea ekarriko luke.
ONDORIOAK
Yemengo gatazka da mundu mailako berrantolaketaren ondorio zuzenetako bat, beste batzuen artean. Gerra Hotzaren dinamikak amaitu zirenean, nazioarteko egoera aktore ugariko artikulazio konplexu baten moduan agertzen zaigu. Izaera multipolarreko munduko ordena berriaren joko zelaian hainbat estatu daude, lehiatzen eta maila ezberdinetan duten influentzia erabiltzen, batak bestearen hegemonia deuseztatzeko helburuarekin. Hori dela eta, gaur egun, Iran edo Saudi Arabia bezalako herrialde erregionalistek Estatu Batuak, Txina edo Errusia bezalako potentzia berriekin partekatzen dute beren supremazia tradizionala, nazioarteko agertokian pisu handiagoa irabazten ari direlako.
Yemengo gatazka da mundu mailako berrantolaketaren ondorio zuzenetako bat, beste batzuen artean
Beste era batera esanda, Yemengo gatazka Estatu Batuetako aro inperialistaren gainbeheraren seinale da. Zehatzago esanda, 1991ko Golkoko Gerratik, Estatu Batuek ez dute inolako garaipen militarrik izan. Are gehiago, Irak edo Afganistan bezalako zenbait herrialdetan garaipen militarrak lortu dituzten arren, epe luzera gerraosteko ordena mantentzea zein zaila den frogatu da.
Guduak eta nazioarteko gatazkak itzuli dira; pax americana amaitu da. Yemenen kasuan, basakeria kapitalista barne-mailan gertatzen ari da, iritzi publikoak –komunikabide nagusien eraginpean– Yemengo proletalgoa eta nekazalgoa hiltzen dituen gatazka eta gosete masiboen inguruan ezer esan ez dezan. Gaur egun, gatazka impassean dagoen bitartean 3,2 milioi yemendarrek desnutrizio maila altua pairatzen dute. Batzuentzat Yemen ez da xake taula geopolitikoaren pieza bat baino, beste batzuentzat, aldiz, miseria eta basakeria hutsa da.
OHARRAK ETA ERREFERENTZIAK
[1] Gerraren inguruko ikuspuntu marxistan sakontzeko Louis Gill (2002) ekonomista marxista kanadarraren Fundamentos y límites del capitalismo izeneko liburuko 610-629 orrialdeak proposatzen ditut. Rosa Luxemburgen 1913ko La acumulación del capitaleko azken atalean ere kontsulta daiteke militarismoaren inguruan. Era berean, Joseph Schumpeter autore liberalak 1942an, II. Mundu Gerra betean, argitaratu zuen Capitalismo, socialismo y democracia liburuan «sormenezko suntsipenaren» ideia kontsulta daiteke. Azkenik, Frank Slijper-en Armas, deuda y corrupción: el gasto militar y la crisis de la UE (2013) izeneko lana gomendatzen dut gastu militarraren eta krisiak jotzen duen paperaren handitasunaz ohartzeko.
[2] Estatu Batuentzat eta haren aliatu diren saudiarabiarrentzat Yemengo garrantzia geoestrategikoa ulertzeko Cordesmanen artikulu osoaren irakurketa gomendatzen dut. America, Saudi Arabia, and the Strategic Importance of Yemen izenburu ingelesarekin Center for Strategic and International Studies-ek (CSIS) argitaratu zuen testua.
[3] Oliobideen inguruko proiektuaz gehiago jakiteko Think tank CIDOBentzat Felix Floren (2016) kazetariak egin zuen artikulua irakur daiteke: Yihadismo y petróleo: el nuevo caos saudí en Yemen.
[4] Yemenen Saudi Arabiak duen estrategia militar sakona ulertzeko IEEEren (espainiar Estatuko Defentsa Ministerioaren estrategia ikerketen zentroa) urteko txosteneko Claves para entender el conflicto de Yemen izeneko zazpigarren ataleko 2017ko gatazkako urteko Panorama irakurketa gomendatzen dut.
[5] Iran eta Saudi Arabiaren arteko lehian sakontzeko: González del Miño, P. (2018). La competitividad geoestratégica Irán-Arabia Saudí en Oriente Medio. Rivalidad entre potencias regionales. Política Y Sociedad, 55 (3), 733-753.
HEMEN ARGITARATUA