ARGAZKIA / Raul Ibañez
2024/01/03

"Kolonialisten helburua beti bera da: indigenen jabetza kolektiboa suntsitzea eta salerosketarako objektu bilakatzea" - Karl Marx

"Jabetza pribatuaren oinarria eta klan arabiarren artean kolono europarrak kokatu izana klanak disolbatzeko bitartekorik boteretsuena bilakatu zen (…). Legeak bi helburu lortu nahi zituen desjabetze horrekin: 1) Frantziarrei ahalik eta lur eremu zabalena ematea; eta 2) Arabiarrak lurrarekin zituzten lotura naturaletatik erauztea, hala disolbatzen ari ziren klan-elkarteen azken heldulekua apurtzeko, eta, hala, baita edonolako matxinadak gertatzeko arriskua ere" - Karl Marx

"Geure lurren eremu guztiak gure masei dagozkie, haiek defendatu baitituzte lurrok usurpatzailearen aurka; lur zati bakoitza, harkaitz eta harri bakoitza, geure masek ez dute haietatik hazbete bat ere abandonatuko, pobreei, gosetuei eta desplazatuei baitagokizkie. Lur hau libratzeko, eta gure herri indartsu honen izenean, gure borrokalariak zutik erori dira gaur" - Palestina Askatzeko Herri Frontearen sorrera-agiria, 1967

Palestinaren gaineko kolonizazio-prozesu historikoari begirada bat botako diogu erreportaje honetan. Horretarako, kolonizazioaren kontzeptu marxistatik abiatuko gara, kolonialismo sionistaren berezitasunak aztertuko ditugu eta mende oso batean sionismoak Palestinan ezarritako dinamika konplexuak delineatuko ditugu. Lurraldeen okupaziotik hasi eta komunitateen zatiketaraino, kolonialismoak Palestinako txoko bakoitzean hartzen dituen formei ere erreparatuko diegu. Denboran atzera egingo dugu kolonialismo aurreko Palestina ikusteko, gaur egungo errealitatearekin kontrastatuz, eraldaketen garrantzia ulertzeko. Amaieran, bi estaturen bidezko konponbiderako proposamenen kritika egin eta horren bideraezintasuna argudiatuko dugu, eskualdean sakonki errotutako kolonialismoaren egituren eta Israelgo Estatuaren berezko izaeraren argitan.

Karl Marxek eta Friedrich Engelsek kolonialismoaren inguruko azterketa sistematikorik egin ez bazuten ere, fenomenoaren inguruko perspektiba ugari eskaini zituzten haien eskutitzetan, eta zenbait idazlanetan tartea eskaini zioten, XIX. mendeko klaseborrokaren auzi garrantzitsu bat baitzen. Izatez, Marcelo Mustok berriki argitaratutako artikulu batean gogora ekartzen duenez, Marxek arreta berezia jarri zion kolonialismoari 1882an Aljeriara egin zuen bidaian, eta sakonki sumindu zen Frantziako Inperioaren gehiegikeriekin [1]. Baina hau are garrantzitsuagoa da: komunismo modernoaren aitek kolonialismoaren zentzu historikoa identifikatzeko metodo bat eta marko kontzeptual bat sortu zituzten Ekonomia Politikoaren Kritikaren bidetik, zeinak aukera ematen baitu osotasun historikoaren (kapitalismoa) eta dinamika partikularraren (kolonialismoa) arteko erlazioa ulertzeko eta politikoki haren aurka borrokatzeko. Horri esker, tradizio marxistan kolonialismoaren inguruko ulermen eta posizio politiko argi bat egon da, nahiko partekatua: kolonialismoa ekoizpen-eredu kapitalistaren garapen-fase aurreratua eta espezifikoa da, potentzia kapitalisten botere ekonomikoa, politikoa eta militarra beren muga nazionaletatik kanpoko eskualdeetara hedatzea dakarrena. Beraz, ezaugarritzat du burgesiek beren estatu-nazioen mugez kanpoko lurraldeetako baliabide naturalak, lan-indarra eta merkatuak aktiboki bilatu, bereganatu eta ustiatzea, bertako biztanleria natiboaren kalterako. Ondorioz, estatu okupatzailearen jabetza bihurtzen da kolonia, baina administrazio- eta lege-erregimen berezi baten pean: bertako biztanleria natiboak ez ditu metropolikoaren eskubide berdinak, eta zuzeneko menderakuntza politiko-militar baten pean dago. Kasu batzuetan, kolonietako natiboek metropoliko biztanleek baino eskubide gutxiago izaten dituzte, eta, beste askotan, berriz, inolako eskubiderik ez. Horrez gain, tradizio marxistan asko azpimarratu izan da kolonialismoak metropoliko langile-aristokrazia osatzeko zein mantentzeko funtzioa izan duela. Laburbilduz, marxismoak kapitalismoaren eta haren hedapen kolonialaren arteko berezko harremana seinalatzen du.

Hala eta guztiz ere, XX. mende hasierako marxismoak oso bereizketa lausoa erabili zuen inperialismo eta kolonialismo terminoen artean. Izan ere, garai hartan Europako lurralde askok oraindik ere inperio forma zuten estatu-nazioarena baino gehiago, eta potentzia nagusien menderakuntza-mekanismo internazionalek beste lurralde batzuen okupazio militar zuzena zekarten berekin. Ez da erreportaje honen asmoa bi terminoen arteko bereizketan sakontzea. Hala ere, gure gaiari dagokionez, esan daiteke inperialismoak ez duela lurraldemenderakuntza zuzena eskatzen, eta, kolonialismoak, aldiz, ezartzen duela menderakuntza zuzen hori. Israelen kasuan biak uztartzen dira, lurraldeen okupazio zuzenaren gainean eraikitako estatu bat delako eta Mendebaldeko potentzia inperialisten interesen zaindari zeregina betetzen duelako Ekialde Hurbileko eskualdean.

PALESTINAREN KOLONIZAZIOA ETA SIONISMOAREN EZAUGARRIAK

Kolonialismoaren ezaugarri nagusiei dagokienez, Palestina historikoaren gaineko kolonizazio-prozesuak edo kolonialismo israeldarrak dituen ezaugarri partikularrei erreparatu behar diegu. Lehenik eta behin, kolonialismo israeldarra nahiko “berria” edo “berantiarra” da ikuspuntu historikotik: Israelgo Estatua sortzeko plan zehatzak eta Mandatu britainiarrak horretarako emandako baimenak (1917ko Balfourreko Adierazpena) XX. mende hasierakoak dira, eta entitate sionista 1948an ezarri zen ofizialki palestinar lurretan, jada indarrean zen okupazio informalaren eta partzialaren hedapen eta instituzionalizazio gisa. Europako potentzien kolonizazio-prozesuak, berriz, XV. mendetik XX. mende erdialdera arte garatu ziren, hau da, Erresuma Batua, Frantzia, Espainia, Portugal, Belgika, Herbehereak, Italia eta beste potentzia batzuk deskolonizazio-prozesuan ziren bitartean hasi zen Israel deituriko proiektu koloniala indartzen.

Bestalde, Israelen kolonialismoan berebiziko garrantzia du ordezkapen etnikoaren faktoreak, alegia, “populatzaileen kolonialismoak”, Illian Pappé historialari kritikoak dioen moduan. Izan ere, kolono sionistek ez dituzte bilatzen Palestinako baliabide naturalak, posizio geoestrategikoa eta bertakoen eskulan debaluatua bakarrik, baizik eta, nagusiki, biztanleria natiboa erabat edo ia erabat desagerrarazteko helburu espresua dute, izan kanporaketaren bidez edota izan haren suntsipen fisikoaren bidez. Gainera, Israelen sortzaileen eta haien jarraitzaileen ikuspuntutik, Palestinaren lur kolonizatuak ez dira haien nazioaren misio zibilizatzailea edo lurralde-luzapen soila; kontrara, Jordan Ibaiaren eta Mediterraneoko kostaldearen arteko lurrak haien nazioaren muina direla uste dute. Are gehiago, Estatu Sionistaren ideologo nagusiek, ezker zein eskuin politikoan kokatu, inoiz ez dute argi utzi zein izango liratekeen beraien estatu-proiektuaren azken mugak. Sionistek ​Eretz Israel​​​​​​ edo “Israel Handia” termino biblikoa erabiltzen dute Palestinako lurrak okupatzea justifikatzeko, eta inork ez daki Biblian aipaturiko “Israel” horren mugak non amaitzen diren. Litekeena da, sionisten ustez, muga bibliko horiek egungo Egipto, Jordania, Siria eta Libanoko lurraldeak ere barne hartzea.

Kolono sionistek ez dituzte bilatzen Palestinako baliabide naturalak, posizio geoestrategikoa eta bertakoen eskulan debaluatua bakarrik, baizik eta, nagusiki, biztanleria natiboa erabat edo ia erabat desagerrarazteko helburu espresua dute

Ondorioz, sionistak ez daude konkistatutako lurraldeei uko egiteko prest, ezta funtsezko auzietan aldaketak onartzeko ere. Esan bezala, sionismoa da lurralde-espantsionismorako proiektu horren atzetik dagoen eraikuntza-nazionalerako proiektua edo sustrai ideologikoa. Printzipio jakin batzuk ditu, eta guztiek onartzen edo babesten dute Israelgo Estatuaren existentzia, enfasi maila desberdinekin. Hau dute amankomunean:

“Israel Agindutako Lurraldera itzultzera”: Bibliako itun zaharraren interpretazio jakin batetik eratorritako ideia bat da, juduen artean problematikoa eta kontraesankorra. Izan ere, sionismoa proiektu nazional moderno gisa artikulatu zenean, XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera artean, mugimendu sekular baten moduan sortu zen. Sionismoak Biblian beste nazionalismo batzuek Erdi Aroko gertakari historikoetan bilatzen duten gauza bera bilatzen du: bere nazioaren lurraldea justifikatzeko kontakizun historiko bat. Kontua da Biblian idatzitako asko eta asko ez direla gertakari historikoak bere horretan, mitoak eta herri-kondairak baizik. Are gehiago, sionismoa sortu zenean lider erlijioso judu gehienak horren aurka altxatu ziren, “judaismoaren heresia” bat zekarrela argudiatuta [2].

“Etxe nazional judu bat eratzea”: sionismoak Palestinan “estatu judu subirano bat” ezartzearen alde egiten du; juduz, juduentzat eta soilik juduentzat osatutako estatu bat. Hau da, judaismo erlijiosoari naziotasun politikoa ematen dio sionismoak; juduek jada ez dute soilik erlijio bat partekatzen, nazio bat osatzen dute. Berdin dio juduak munduko kultura eta nazio ezberdinetan barreiatuta bizitzea, nazionalismo juduaren azken helburua "sakabanatutako nazio" hori lurralde berean elkartzea baita. Paradoxa badirudi ere, antijudaismoak ere uste du nazio etniko bereko kide direla juduak, “gaizkia” ordezkatzen duen nazio bateko kide hain justu; hala ulertzen zuen nazismoak, esaterako. Beraz, judutarren nazio-jatorri bera aldarrikatzen du sionismoak, horien berezitasun guztiak teorikoki ukatzen, eta, praktikan, Israelgo Estatuan judutar zuriei gainerako jatorri etnikoetako juduei baino tratu hobea ematen.

Juduen autodeterminazioa: “juduek herri gisa duten patua zehazteko eskubidea” defendatzen dute, beren gobernuari eta erakundeei buruzko erabakiak beren estatuan eta soilik beren estatuan hartzea barne. Sionismoak XIX. mendeko nazionalismoak izan zituen ardatz, eta hortik dator ideia hau: “etnia batek osatutako nazio eta lurralde bakarraren” ideia.

Antisemitismoaren aurka babestearen interpretazio perbertsoa: sionismoaren atzean zegoen beste bulkadetako bat zen juduek segurtasunari eta ongizateari buruz zuten kezka; munduko hainbat lekutan antisemitismo naziaren testuinguru historiko lazgarrian areagotu zen. Sionismoak erantzun bat eman zien juduek historikoki jasandako jazarpenari eta diskriminazioari, baina gako arrazistetan eta baztertzaileetan. Are gehiago, Bigarren Mundu Gerra garaiko lider sionista nagusiek Alemania naziko agintariekin negoziatu zuten, sekretupean Europako judu guztiak Palestinako lurretara “lekualdatzen” laguntzeko [3]. Horrela, sionistek naziei “arazo judua” konpontzen lagunduko zieten proiektu nazional propioa eraikitzeko aukeraren truke. Antisemitismoaren eta Holokaustoaren memoria Israelgo Estatua justifikatzeko instrumentalizatzea Bigarren Mundu Gerra osteko lider sionisten estrategia izan zen, lehen ez baitzuten judutarrak akabatzen zituzten horiei eskua emateko inolako arazorik izan. Gainera, sionistek sistematikoki ezkutatzen dute arabiarrak ere semitak direla; are gehiago, palestinarrek askoz ere lotura zuzenagoa dute semitekin europar jatorriko kolono sionista zuriek baino.

Lurralde-espantsionismoa: sionismoaren korronte nagusiek, “Israelgo Lurraren garapen ekonomikoaren eta sozialaren” aitzakiapean, antzinako aberrian “gizarte judu modernoa eta oparoa” eraikitzeko ideia sustatu zuten; horrek ezinbestean zekartzan historikoki arabiarrak bizi izan ziren lurren okupazio mugagabea, populazio horren kanporaketa, esplotazioa eta zapalkuntza. Izan ere, David Ben-Gurion Israelgo lehen presidente sozialdemokratak argi eta garbi utzi zuen: “Lehenik lur eremu bat eskuratu behar dugu bertan armada indartsu bat sortu eta etorkizunean lur gehiago geureganatzeko, gure aberri osoaren proiektua bete arte” [4].

Israel gehiago da Mendebaldeko potentziek milioika europarrekin batera Ekialde Hurbilean ezarritako base militar erraldoi bat, ohiko nazio-estatu liberal-burges bat baino

Nazionalista judu erreakzionario horien planak indarra hartzen ari ziren munduko komunitate juduaren zati baten barruan, eta europar kolonoen emigrazio masiboari ekin zioten naziek juduen aurkako jazarpen bortitza hasi baino lehen. XX. mende erdialdean, Mendebaldeko potentzia inperialistek kolonialismo osteko eredu berri baten beharra zuten Ekialde Hurbila ekonomikoki, politikoki eta militarki kontrolatzen jarraitzeko. Horrela, Mendebaldeko burgesiaren sektore oligarkikoen eta burgesia judu nazionalistaren interes-komunitate horretatik sortu zen gaur egun Israelgo Estatu bezala ezagutzen dugun etnokrazia. Ondorioz, Israel gehiago da Mendebaldeko potentziek milioika europarrekin batera Ekialde Hurbilean ezarritako base militar erraldoi bat, ohiko nazio-estatu liberal-burges bat baino. Horren adierazle batzuk aipatuko ditugu jarraian, zeinak guztiz ezohikoak izango liratekeen edozein estatutan:

Israelek ez du konstituziorik: “oinarrizko legeen” arabera arautzen da, Espainiako Estatuan “Lege Organiko” gisa izendatzen diren horien pareko zerbaitekin. Horrek esan nahi du estatuaren beraren izaera definitzeko ez dagoela kontsentsurik sionisten artean ere. Tentsio amaigabe bat dago estatuaren izaera sekularraren eta erlijiosoaren artean; izan ere, estatu-nazio juduaren ideia, ikusi dugun moduan, erabat sekularra da, baina mito erlijiosoa oso baliagarria zaio sasi-justifikazio gisa eta judutarren babesa irabazteko. Gainera, judutar ortodoxo askorentzat Tora idazki sakratuak dira hebrearren konstituzio bakarra. Bestalde, arabiar lurretara modu mugagabean zabaltzea Israelen berezko asmoa denez, ezin dute zehaztu zeintzuk diren euren estatuaren lurralde-mugak. “Batasun nazionala” bermatu zuen elementu eratzailea, beraz, ez zen prozesu konstituziogile batetik eratorritako lege sorta bat izan, 1948ko palestinarren kanporaketa bortitza (Nakba) eta horrek ondorengo urteetan eragin zuen gerra baizik. Hau da, armakide izateak eta genozidio batekiko konplizitate partekatuak elkartzen ditu israeldarrak; gainontzeko guztia bigarren mailakoa da.

Hiritartasuna lortzeko baldintza erlatiboki malguak ditu: herritartasuna lortzeko baldintzak beste estatu batzuetan baino askoz ere malguagoak dira. Iran, adibidez, estatu islamiarra da, baina musulmana izate hutsagatik ezin da hango herritartasuna eskuratu. Bada, Israelgo Estatuan edozein juduk automatikoki eskura dezake israeldar herritartasuna, Aliá printzipioaren arabera. Horretarako, 1950eko Itzulera Legean ezartzen dute zer diren juduak: “Emakume judu batengandik jaioak edo judutartuak” eta “beste erlijioren batekoak ez direnak”. Horrez gain, judu izan gabe ere, “bizileku- eta naturalizazio-prozesu” bidez ere eskura daiteke israeldar herritartasuna, bai eta “komunitate juduarekin lotura edota Israelgo Estatuarekin konpromisoa” frogatuz gero ere. Kasu batzuetan, juduekin oso urruneko familia-harremanak “frogatu” dituztenek ere eskuratu izan dute Israelgo herritartasuna. Gainera, Mendebaldeko estatu askotako herritartasunarekin bateragarria da; posible da israeldarra eta estatubatuarra izatea aldi berean, esaterako.

Okupazioagatiko ordainsari eta onurak: Israelgo Estatuak bere biztanleak ekonomikoki eta juridikoki saritzen ditu lurralde jakin batzuetan bizitzea erabakitzen badute, eta horretarako zerga-salbuespenak eta dirulaguntzak ematen dizkie. Azken urteetan Gazako Zerrendaren aldameneko kokaleku kolonoak nabarmendu dira halako programen baitan, baina, aurretik, Zisjordaniako eta Al-Quds (hebreerazko Jerusalem izenagatik ezagunagoa) ekialdeko hainbat kokaleku okupatzea ere saritu izan dute. Kokaleku horiek, aurrerago ikusiko dugun bezala, okupazio-indar aurreratu edo abangoardia funtzioa betetzen dute palestinarrek nola edo hala mantentzen dituzten lurren aurka, armadako paraxutistek eta eraso-indarrek bezalaxe.

Amerikako Estatu Batuen kanpo-inbertsio militarraren %52 jasotzen du: 2000 eta 2022 artean, kanpo-finantzazio esklusiboki militarrean bakarrik, 64.000 milioi dolar baino gehiago jaso dituzte sionistek Washingtonengandik [5]. Dirutza horren dimentsioa zenbaterainokoa den irudikatzeko, Serbiako 2023ko Barne Produktu Gordin (BPG) osoaren pareko zerbait edo Israel beraren 2023ko BPGaren %12 da [6].

Biztanle guztiek derrigorrezko soldaduska egin behar dute: Israeldar hiritartasuna duten adin nagusiko gizon eta emakume guztiek, salbuespen zorrotz eta murritz batzuk kenduta, 2 urte eta 2 urte eta erdi arteko zerbitzu militarra egin behar dute Israelgo Armadan. Horren ostean, erreserbista gisa egoten dira 51 urte bete arte. Denboraldi horretan, lau hilabeteko prestakuntza jasotzen dute urtero, aktibo mantentzeko [7]. Horrek esan nahi du praktikan biztanleriaren gehiengo zabalak prestakuntza militar aurreratua duela eta une batetik bestera biztanleriaren %7 baino gehiago militarki mobiliza dezaketela. Konparaketa bat egitearren, Espainiako Estatuan 140.000 militar daude 47 milioi biztanleren artean, eta Israelgoan 750.000 soldadu 9,4 milioi biztanleren artean; Espainiako Estatuak Israelgoak baino bost aldiz biztanle gehiago izan arren, Israelgo Estatuaren armada bestearena baino bost aldiz handiagoa da.

Adin txikikoak espetxeratzea baimentzen duten legeak ditu: Horietako asko inolako kargurik gabe giltzapetzen dituzte, gainera.

KOLONIZAZIOAREN DINAMIKAK, LURRALDEKA

Kolonialismo sionistaren ezaugarri espezifikoak, printzipioak eta bitxikeria batzuk errepasatu ostean, ikusiko dugu nola gauzatzen duten Palestinaren gaineko kolonizazio-prozesua praktikan. Horretarako, aspektu juridikoei, militarrei eta politikoei erreparatuko diegu, Palestina historikoa gaur egun banatuta dagoen hiru lurraldeen arabera: 1948ko lurrak, Zisjordania, Al-Quds/Jerusalem eta Gazako Zerrenda. Azalduko ditugun faktore guztiek palestinarren bizitza ezinezko bihurtzea eta haiek kanporatzea dute helburutzat.

1948ko lurrak / “Israel”

Sionistek egonkortuen duten eremua da, okupaziopean denbora gehien daramana eta geografikoki zabalena. Israel izeneko estatua eraiki dute bertan azken 75 urteetan, barnetik zein kanpoaldetik zeharo babestuta. Palestinarrek 2023ko urriaren 7ra arte ez dute lortu bertan inolako kontraeraso masiborik egitea. Izan ere, sionistek gotorleku erraldoi bihurtu dute 1948ko lurraldea: lurreko, itsasoko eta aireko armada modernoa dute; “isilpeko” programa nuklearra; munduko inteligentzia-zerbitzu onenetarikoa; puntako teknologia-industria; Burdinazko Kupula izeneko misilen aurkako sistema; bonbardaketen kontra prestatutako arkitektura zibila... 

Barne-mailan, erregimen sionistak Europako demokrazien antzeko ongizate-estatu bat eraiki du apartheidaren gainean, eta palestinarren aurkako ia erabateko garbiketa etniko erraldoi bat egin du bertan 1948az geroztik. Beraz, babes zibileko eta paramilitarreko oinarri sendo bat eraiki dute israeldarrek herritarren artean, eta fakzio sionisten arteko gatazka politikoak egon badauden arren, ez dago status quo-aren kontrako oposizio errealik 1948ko lurren barruan; ia inork ez ditu Palestinako Estatu bakarraren irtenbidea eta sistema kolonialaren desegitea babesten, eta hori egiten dutenentzat ezinezkoa bihurtzen da bertan bizitzen jarraitzea. Israeldar gizartearen klase-osaeraren inguruko azterketa eguneratu eta serio bat egin beharko litzatekeen arren, argi eta garbi esan behar da israeldar langile-klase badago, gaur-gaurkoz nazionalismo sionistaren proiektuaren banderapean kokatzen den konplizea dela, oro har.

Babes zibileko eta paramilitarreko oinarri sendo bat eraiki dute israeldarrek herritarren artean, eta fakzio sionisten arteko gatazka politikoak egon badauden arren, ez dago status quo-aren kontrako oposizio errealik 1948ko lurren barruan

Arlo juridikoan eta diplomatikoan, munduko estatu gehienek aitortzen dute lur horiek “Israel” direla, baita Palestinar Aginte Nazionalak (PAN) ere. Hau da, indartsuenek nazioarteko estatus juridiko baten bidez blindatu dute Palestina historikoaren okupazio militarraren gehiengoa, eta Osloko Akordioekin hori onartzera behartu nahi izan zituzten palestinarrak. Mende amaierako hitzarmen horrek iruzur erraldoi bat ekarri zuen: okupazioaren zati bat egonkortzen du, inpunitate osoz aurrera jarraitzea bermatzen dio, baina Zisjordaniako palestinarrei eskuak bizkarrean lotzen dizkie borrokarako.

Zisjordania

Hiru milioi biztanle inguru ditu Zisjordaniak, eta, diaspora kenduta, palestinar gehien bizi den lurraldea da. Formalki, PANek agintzen du bertan, baina lurraldeak galduz doa azken hamarkadetan, eta baita berez mugatuta dituen eskumenak ere. Izan ere, Israelgo Estatuak ofentsiba historiko bat dauka martxan bertan, eta, hori ulertzeko, Zisjordaniaren kolonizazio-prozesu espezifikoari eta egun indarrean den zonifikazio-sistemari erreparatu behar zaie.

1948ko kanporaketaren ondoren, milioi bat palestinar baino gehiago Palestinako beste lurralde batzuetatik Zisjordaniara joan ziren bizitzera, errefuxiatu-eremuetara. Izatez, israeldarrek hasiera batean uko egin zieten Zisjordaniari eta Gazari, harik eta 1967ko Sei Eguneko Gerran Israelgo Estatuak Gaza, Zisjordania, ekialdeko Jerusalem, Golan (Siria) eta Sinaiko penintsula (Egipto) okupatu zituen arte. Bazirudien sionisten espantsio-planek arrakasta izan zutela, Israelgo Estatuak inoiz baino lurralde gehiago konkistatu baitzituen. Baina konkistak berak arazo erraldoi bat eragin zien: zer egingo zuten lurralde guztiotatik kanporatu ezin zituzten milioika arabiarrekin? Halaber, Sinai Egiptori itzuli zioten eta hainbat palestinarri Zisjordanian bizitzea baimendu zieten, azkenengo hori behin-behineko neurri gisa. Sionistek Lerro Berdea izeneko banalerroa ezarri zuten Zisjordaniaren inguruan, baina aurrerago ikusiko dugun moduan, hori ez zen izan lurraldea modu iraunkorrean banatzeko, gerra irekia gelditu zen unean fronteak zuen forma baizik. Gero, arabiarrak isolatzeko balioko zuen. Gerra amaitu eta berehala, Israelgo Estatuak bederatzi “Gune Militar Itxi” ezarri zituen Zisjordania ekialdean, Jordan Haranean. 1967ko irailean bertan, Zisjordaniako lehen kokaleku kolonoa ezarri zuen, Kfar Etzion izenekoa. Hurrengo urteetan, 1967 eta 1975 artean, sionistek ia 30 kokaleku gehiago eraiki zituzten Zisjordanian, 4.500 kolonorekin. Denak zentzu estrategikoz kokatu zituzten: lehenbizi Jordan Aranean, Lerro Berdean zehar eta Jerusalem inguruan, eta gero herrigune arabiarren barruan ere bai; Al-Khalilen (hebreerazko Hebron izenez ezagunagoa), esaterako. Kokaleku horiek guztiak nazioarteko legediaren arabera ilegalak izan arren, inork ez zuen Israelgo Estatua zigortzeko neurririk hartu, eta, beraz, Mendebaldeko potentzia burgesek gaiztakeriak egiten jarraitu zuen, gaizki hezitako haur baten moduan. Esaterako, 1980ko hamarkadan checkpoint militarrak eta errepide-sare erraldoi bat eraiki zituen, 1948an okupatutako lurretatik Zisjordaniako kolonietara eta Zisjordania barrenean bidaiatzeko; palestinarrak bizi ziren kokalekuak saihestuz egin zuen dena. Ordutik, errepide horietan bidaiatzeko baimena duten bakarrak biztanleria eta armada kolonoa dira, palestinarrek debekatuta baitute. 

Kokaleku horiek guztiak nazioarteko legediaren arabera ilegalak izan arren, inork ez zuen Israelgo Estatua zigortzeko neurririk hartu, eta, beraz, Mendebaldeko potentzia burgesek gaiztakeriak egiten jarraitu zuen, gaizki hezitako haur baten moduan

Anexio-prozesu horrek Lehen Intifada eragin zuen 1987an, palestinarren altxamendu orokorra. Horren ostean, Zisjordaniaren egungo zonifikazio-sistema ezarri zen. Osloko Akordioetan palestinar burgesia txikiak termino batzuk adostu zituen Israelgo Estatuarekin, lurraldetasunaren, administrazioaren eta legediaren arloetan. Hala, hiru gune ezarri zituzten Zisjordanian: A, B eta C guneak. A gunean daude Zisjordaniako hiririk populatuenak: Nablus, Yenin, Ramalah, Belen, Tulkarem Qalqilya, Jerico eta, hein batean, Hebron. Gune hori, teorian, administrazio zibil eta polizial palestinarraren pean legoke, eta israeldarrek debekatuta izango lukete bertan sartzea. Hala ere, Israelgo Armadak eta Poliziak sarekadak eta sarraskiak egiten dituzte bertan etengabe. B guneak Zisjordaniaren %25 hartzen du, eta bertan daude herrigune gehienak. Hor ere PANi esleitzen diote administrazio zibila, baina errepresioaren funtzioa betetzen du Israelgo Armadarekin. C gunea Zisjordaniako lurraldearen %63 da, beste bi guneak inguratzen ditu, eta bertan daude kokaleku kolono gehienak, gune militarrak, errepideak eta Zisjordaniako baliabide natural ia guztiak; akuiferoak, esate baterako. Lurralde horren eskumen zibila eta militarra israeldarrena da, eta palestinarrei bertan sartzea galarazten diete. 

Ikusi dugunez, Israelgo Estatuak kokalekuak erabiltzen ditu Zisjordania osoan bere kontrola zabaltzeko, eta horiek dira hitz-joko burgesak “lurralde okupatu” gisa izendatzen dituenak, 1967 aurretik okupatutako beste lurraldeak okupatuak ez balira bezala. Tel-Avivek demografia aldatzen eta Zisjordaniako lurraldeen gaineko kontrola ezartzen dihardu, Osloko Akordioen terminoak eta nazioarteko legedia alde batera utzita eta eremu jakin batzuetan “zibilak” kokatuta. Planteamendu horrekin, sionistek Zisjordaniako 127 kokaleku baino gehiago kontrolatzen dituzte oraingoz, eta bertan 700.000 kolono inguru bizi direla kalkulatzen da. Ignacio Álvarez-Ossorio Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko ikerketa arabiarren katedradunak gogorarazten duenez, israeldar hiritartasuna duten hamar biztanletik bat kokaleku kolono berrienetan bizi da [8]. Horietako asko Israelgo jurisdikzio ofizialetik kanpo daudenez eta PANek bere biztanleak kolonoen erasoen aurrean babesten ez dituenez, Zisjordaniako kolonoek palestinarren aurka era guztietako ankerkeriak egiteko aprobetxatzen dute, haien bizitza ezinezkoa egiteko eta beren lurrak uztera behartzeko. Horrela, kolonia berriak egonkortzen doazen heinean, “Israelgo Estatuaren lurralde ofizialaren” zatitzat hartzen dituzte. Anexioan berebiziko funtzio juridikoa betetzen dute Israelgo Estatuak bost urtean behin kokaleku horietarako egiten dituen Larrialdi Legeek. 

Maila fisikoan, sionistak 700 kilometrotik gorako harresi-sistema bat eraikitzen ari dira Zisjordanian 2004az geroztik, bi aldeak militarki gogor zainduta, eta A, B edo C eremuak zapaltzen ari ote diren erreparatu gabe. Hesi horren %22 baino ez dago Lerro Berdearen arabera eraikita, gainontzean, Zisjordaniako lurrak banatzen ditu. Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak hura ilegaltzat jo eta desegiteko eskatu zuen, baina, beste behin ere, ez zuen ondorio errealik izan horrek; bitartean, sionistek hesitze-planaren %65 bete dute dagoeneko. 2014ko negoziazio-prozesuak bertan behera geratu zirenean, sionistek kokalekuetan oinarritutako ofentsiba erraldoi bat jaurti zuten. Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Erakundearen Bulegoak (OCHA, ingelesezko sigletan) iaz ateratako txosten baten arabera [9], 2023. urtea izan zen Israelgo Estatuak bizileku kolono berriak eraikitzeko baimen gehien eman zituen urtea 2012az geroztik. 2020 eta 2023 artean bakarrik, %8 eraikuntza-lizentzia gehiago banatu zituzten. 2023a amaitu baino lehen, “645 oztopo” zenbatu zituzten Zisjordanian eta Al-Quds ekialdean; hesiak eta kontrol militarrak, besteak beste. Halakoen ondorioz, palestinarrak ezin dira normaltasunez ibili Zisjordanian barrena. Hori gutxi ez balitz bezala, OCHAk gogorarazi du Zisjordaniako lurraldearen %20an palestinarrek zuzenean debekatuta dutela sartzea, “Israelgo Armadaren tiroketa-guneen” aitzakiapean.

Palestinarren lurraldetik geratzen dena xurgatzeko modu motel, progresibo eta isil horren helburua Zisjordaniako palestinar biztanle-guneak aldamenean ez egotea, palestinarren pobretzea bultzatzea eta Palestinako Estatua bideraezin bilakatzea da. Beraz, Zisjordaniako egungo estatusaren eta PANen existentziaren bi funtzio nagusiak okupazio-prozesuan laguntzea eta zipaioarena egitea dira, hurrenez hurren. Israelgo Estatuak kontrol soziala bermatzea delegatzen dio etxekotutako administrazio palestinarrari, bertako biztanleria ez dadin matxinatu aurrera doan okupazioaren kontra. Ondorioz, gero eta autoritate gutxiago du eta geroz eta israeldarragoa da, baina Palestinar Aginte Nazionala oraindik eraginkorra da Zisjordania bigarren Gaza bihur ez dadin. Ez gaitzatela engaina: kasurik onenean, indiar erreserba baten estiloko lurralde labur eta mutilatu hori da Mendebaldeko progreek “Palestinako Estatu” bihurtu nahi dutena; hori oso urrun dago itsasotik ibairainoko Palestina izatetik.

Ez gaitzatela engaina: kasurik onenean, indiar erreserba baten estiloko lurralde labur eta mutilatu hori da Mendebaldeko progreek “Palestinako Estatu” bihurtu nahi dutena; hori oso urrun dago itsasotik ibairainoko Palestina izatetik

Al-Quds/Jerusalem

Okupazioak Al-Qudsen –hala esaten zaio Jerusalemi arabieraz– hartzen duen forma zehatza Zisjordaniatik bereizita aztertuko dugu; izan ere, kolonizazioak dinamika propioak ditu eremu berezi horretan. Al-Quds edo Jerusalem toki sakratua da hiru erlijio monoteistentzat: judaismoarentzat, kristautasunarentzat eta islamarentzat. Kilometro karratu eskasetan, parez pare daude Erosten Harresia (juduen tokirik sakratuena), Meskiten Zelaigunea (musulmanen hirugarren toki sakraturik garrantzitsuena) eta Hilobi Santuaren eliza (ustez Jesus berpiztu zen gunea, kristauen arabera). 

Palestinarrek Al-Qudseko ekialdea Palestinako Estatuaren hiriburu izatea nahi dute, eta Israelgo Estatuak kosta ahala kosta galarazi nahi du hori. Sionistek 1980an aldarrikatu zuten Jerusalem Israelgo Estatuaren hiriburu gisa, eta NBEk “Nazioarteko Zuzenbidearen kontrakotzat” jo zuen hori; horrek ere ez zuen, baina, inolako ondorio errealik izan israeldarrentzat. Nahiz eta Osloko negoziazio-prozesuetan Palestina Askatzeko Erakundeak (PAE) Al-Quds mendebaldeari uko egin, Jerusalem mendebalde gisa aitortu eta israeldarrei ematea onartu zuen, sionistek ez zuten ekialdea palestinarrei ematea onartu trukean, eta auzia zintzilik geratu zen. Israeldarrek kokaleku-sistema zentrokide garrantzitsu bat eraiki dute bertan, gunea banatzeko estrategiari jarraikiz. Gainera, Zisjordaniatik bertarako sarbidea bereziki zorrotza den kontrol militar israeldarrari lotuta dago, eta gehiengo musulmana duen biztanleria palestinarrak oso mugatuta zein neurtuta dauka bertarako sarrera. OCHAren arabera, 2022an, Al-Quds ekialdean edo Israelgo Estatuaren osasun-zentroetan arreta bilatzen zuten Zisjordaniako pazienteen baimen-eskaeren %15 eta haien laguntzaileentzako baimen-eskaeren %20 ez ziren onartu programatutako hitzorduetan [10]. Urte berean, hiriburu ekialdera anbulantziaz egindako lekualdatzeen %93 atzeratu egin ziren back-to-back prozeduraren ondorioz; prozedura horretan, pazienteak Palestinako anbulantzia batetik israeldar baimena duen beste anbulantzia batera eramaten dituzte kontrol-postuetan, agintari israeldarrek ezarritako murrizketen ondorioz. Politika kriminal horren ildo beretik, sionistek probokazio ugari egiten dituzte Meskiten Zelaigunean eta bere aldirietan, Poliziaren esku-hartzeak eta palestinarren zein haien ikurren aurkako erasoak barne.

Gaza

Gazako Zerrenda ez da Zisjordania bezain baliotsua Israelgo Estatuarentzat, eta, horregatik, 2023ko urriaren 7ko gertakariak baino lehen ez zuen hura okupatzeko asmo berezirik. Hala ere, horrek ez du esan nahi sionistek bertako palestinarrak bakean uzten dituztenik: alderantziz. Gazako Zerrenda harri bat izaten ari da sionisten zapatan azken bi hamarkadetan, Hamasek bertako botere politikoa eskuratu zuenetik 2006an. Ordutik, Gaza Israelgo Estatuaren eta PANeko zipaioen kontroletik kanpo dago, Palestinako Erresistentziaren base nagusia da, eta, ondorioz, sionistek eragindako setio-egoera iraunkorrean eta aldizko eraso masiboen pean bizi da. 2023ko sarraski-gerraren aurretik, AIDA (Association of International Development Agencies) eta OCHA erakundeek lurralde horri buruzko datu beldurgarriak bildu zituzten, Gazari “munduko eremu irekiko espetxerik handiena” zergatik deitzen zaion ulertzen lagun dezaketenak: datu horien arabera, esaterako, 12 eta 16 ordu arteko elektrizitate-etenak zeuden bertan; etxeen %80k laguntza humanitarioa jasotzen zuten; biztanleriaren %81 pobrezia-egoeran zegoen; %47k ez zuten nahikoa janari; uraren %97 ez zen edangarria; langabezia-tasa %47koa zen; berreraikuntzarako behar zen zementuaren %44,4 baino ez zen iristen; laguntza humanitarioaren %44 blokeatzen zieten; aireportua suntsituta zegoen Israelek 2001ean bonbardatu zuenetik; eta arrantza ere mugatua zegoen [11]. 

Gaza Israelgo Estatuaren eta PANeko zipaioen kontroletik kanpo dago, Palestinako Erresistentziaren base nagusia da, eta, ondorioz, sionistek eragindako setio-egoera iraunkorrean eta aldizko eraso masiboen pean bizi da

Azpimarratzekoa da 2023ko urrian hasi den azken gerrak muturrera eraman duela berez ere muturrekoa zen egoera hori. Gazako Gobernuaren Prentsa Bulegoaren 2023ko abenduaren 2ko datuen arabera, azken sarraski-gerraren 57. egunean, ondoko giza kalteak zenbatu zituzten jada: 40.650 zauritu, 7.500 desagertu eta 15.207 hildako baino gehiago. Hildakoen artean, sionistek ondokoak erail zituzten: 75 kazetari, babes zibileko 26 langile, 280 mediku eta 6.387 haur. Azken horiei dagokienez, Gazako umeen eguneko erailketa kopurua Auschwitzen baino altuagoa izaten ari da azken gerra honetan: naziek eguneko 127 haur inguru hil zituzten kontzentrazio-esparruetan, eta Israelgo Estatua, batez beste, eguneko 178 haur akabatzen ari da Gazan [12]. Su-eten labur bat tarteko, sarraskiak aurrera jarraitzen du. 

Kalte materialetan, hurrengo txikizioa zenbatetsi zuten sionisten erasoko 57. egunean: 240.000 etxebizitza partzialki kaltetuta zeuden, beste 50.000 osorik suntsituta, 20 ospitale eta 110 osasun-zentro txiki suntsituta, 56 anbulantzia zuzenean erasotuta, 267 eskola kaltetuta eta 67 zerbitzuz kanpo, gobernuaren 103 eraikin kaltetuta, 181 meskita kaltetuta eta hiru eliza kaltetuta. Are gehiago, Gazako etxebizitzen %60 kaltetuta edo suntsituta zeuden egun horretarako. 

Okupatzaileek azken gerraren aurreko hamabost urteetan erail dituzten 6.400 palestinarretatik %84 Gazako Zerrendakoak ziren, NBEren datuen arabera. Eta kopuru horretatik, erdia baino gehiago zibilak ziren, tartean ehunka haur eta adineko. Indarren korrelazioan dagoen arrakala erraldoia are lazgarriagoa da 2008tik izan diren zaurituen kopuruari erreparatuz gero: 158.000 kaltetuetatik 152.000 baino gehiago palestinarrak dira. Denbora-tartea are gehiago estutzen badugu, NBEk dio 2008 eta 2021 artean, 5.739 palestinar hil eta 121.438 zauritu zituztela. Hildako sionistak 251 baino ez ziren izan.

KANPORAKETA ETA DIASPORA

Israelgo Estatuaren espantsionismoak eta sarraskiak ez dute heriotza bakarrik eragin, erbestea ere eragin dute. Rashid Khalidi palestinar historialariaren arabera, 1948an Israelgo Estatua ezarri zuten lurraldeko biztanle arabiarren %80k beren sorterria utzi behar izan zuten eta beren lurrak zein jabetzak galdu zituzten. “Herrialdean bizi ziren 1,3 milioi palestinarretatik, gutxienez 720.000 errefuxiatu bihurtu ziren”, azpimarratzen du Khalidik. Garbiketa etniko horri esker, Britainiar Agintaldiko Palestinako lurraldearen %78ren kontrola eskuratu zuten israeldarrek 1948an, eta bertan geratu ahal izan ziren 160.000 arabiar palestinarrak gobernatzera igaro ziren, okupazio-gerra aurreko biztanleria arabiarraren bosten bat baino ez [13]. Horrez gain, gogoan izan behar da 1948ko Nakba gerra kolonialaren faserik odoltsuena izan dela 2023ko sarraski-gerra hasi arte: 15.000 palestinar inguru hilda eman zioten hasiera Israelgo Estatuari.

Kanporaketa-dinamika historiko horren ondorioz, kalkulatzen da munduko palestinarren erdiak Palestina historikotik kanpo bizi direla

Kanporaketa-dinamika historiko horren ondorioz, kalkulatzen da munduko palestinarren erdiak Palestina historikotik kanpo bizi direla [14]. 14 milioi palestinar inguru bizi dira gaur egun munduan, Palestinako Estatistika Bulego Nagusiaren 2021. urteko datuen arabera. Hala ere, horietatik 7 milioi baino ez dira bizi palestinar lurretan: 3,2 milioi Zisjordanian, 2,1 milioi Gazan eta 1,7 milioi Israelgo Estatuan (1948ko palestinar lurraldeak). Gainontzeko 7 milioietatik, inguruko herrialde arabiarretan bizi dira 6,3 milioi lagun, eta beste 750.000 inguru munduko beste herrialdeetan sakabanatuta. Ekialde Hurbilean dauden Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) arabera, Libanon, Jordanian, Egipton eta Sirian kontzentratzen dira Ekialde Hurbileko errefuxiatu palestinar gehienak: 250.0000-500.000 artean Libanon, 2,3 milioi Jordanian, 438.000 Sirian eta 70.000-134.000 artean Egipton. Jordaniako kasuan, bertako biztanleriaren erdia jatorri palestinarrekoak direla uste da. Libanoko palestinarren %80 pobreziaren atalase nazionalaren azpitik bizi zirela esaten zuen UNRWAk 2021ean, eta Sirian, berriz, %82 “erabateko pobrezian” bizi zirela [15].

PALESTINA, KOLONIZAZIOAREN AURRETIK ETA ONDOREN

1948ko Palestinaren osaketa soziologikoa egungoarekiko oso bestelakoa zen, eta zer esanik ez 1948 aurrekoa. Hemen errealitate horren argazki orokor bat osatzen saiatuko gara, datu apur batzuekin. Nabil Mahmud al-Sahly Palestinako Estatistika Bulegoko ikerlariak XX. mende hasierako britainiar estatistikak dakartza gogora [16]: 1919an Palestinako populazio osoa 700.000 biztanlekoa zen, eta 1921ean 762.000 biztanle izatera iritsi zen; horietatik %76,9 musulmanak ziren, %10,6 juduak, %11,6 kristauak eta %0,9 beste konfesio batzuetakoak. Gainera, azpimarratzekoa da orduko judu gehienak arabiarrak ere bazirela. Palestinako biztanleriak hazten jarraitu zuen, eta 1931n 1.035.800 biztanle izatera iritsi zen. Horietatik 619.438 musulmanak ziren ( %59,8), 174.000 juduak ( %16,9), 91.400 kristauak ( %8,8) eta 10.100 inguru, %1 gutxi gorabehera, beste konfesio batzuetakoak.

1919an Palestinako populazio osoa 700.000 biztanlekoa zen, eta 1921ean 762.000 biztanle izatera iritsi zen; horietatik %76,9 musulmanak ziren, %10,6 juduak, %11,6 kristauak eta %0,9 beste konfesio batzuetakoak

Urte gutxiren buruan, al-Sahlyk azpimarratzen duenez, juduak “gutxiengo konfesionala” izatetik garrantzia demografikoa edukitzera pasatu ziren: 1922an 84.000 inguru ziren, eta 1948an 650.000. Britainiarrek prozesu horretan lagundu zietela dio al-Sahlyk, 1922 eta 1948 urteen artean biztanleria judua %11tik %31ra handitzen, hain zuzen. Epe berean, 566.000 biztanle irabazi zituen Palestinak, eta hazkunde horren baitan kolono juduen etorreraren zati proportzionala 400.000 ingurukoa izan zela kalkulatzen da. Halaber, Palestinak 1922an 757.000 biztanle zituen; 1948an, aldiz, 2.100.000 inguru, eta horien artean 1.450.000 ziren arabiarrak. 1897 eta 1948 artean nazionalismo sionistak bere helburu nagusietako bat bete zuela ondorioztatzen du al-Sahlyk: mundu osoko 650.000 judu Palestinara eraman zituzten eta 1.800 kilometro karratu okupatzea lortu zuten (Palestinaren %6,6). Horren ondoren, behin Mendebaldeko burgesia monopolistak argi berdea ematean, Nakbari ekin zioten, aurretik zituzten asmoak maila handian gauzatzeko. 75 urte beranduago, 2023ko irailean, Israelgo Estatuko biztanleen %21 baino ez ziren arabiarrak eta %73, berriz, “juduak” [17]. Beraz, argi dago sionistek Palestinan mende batean zehar garbiketa etniko bat prestatu eta gauzatu dutela judaismoaren izenean, eta horren biktima nagusiak arabiar musulmanak izan diren arren, kristauak eta beste talde batzuk ere nabarmen murriztu dituztela. Beraz, bada arrazoirik Palestinan gertatu dena “gatazka erlijioso bat” ez dela pentsatzeko, are gehiago kontuan hartuta 2014an, Israelgo Estatuko “juduen” artean, %63 “sekularrak edo ez-erlijioso tradizionalistak” zirela [18].

BI ESTATUEN IRTENBIDEAREN BIDERAEZINTASUNA

Prozesu kolonialaren nondik norakoen errepasoa eginda, amaitzeko, azalduko dugu zergatik den sionistentzat pentsaezina Palestinako Estatu baten existentzia edota palestinarrekin elkarbizitza bera. Hasieran aipatu ditugun faktore ideologikoez gain, horrek baditu zenbait arrazoi demografiko, geopolitiko, ekonomiko eta militar.

Palestinarrak mehatxu bat dira Israelen existentziarentzat, estatu zein kontzeptu gisa. Lehenik eta behin, arabiarrak Palestinako biztanleria natiboa dira eta haien presentzia hutsak zalantzan jartzen du europar jatorriko judu kolono zuriek milaka urteko kondaira sasi-justifikatzaile bibliko baten aitzakiapean han bizitzeko duten zilegitasuna. Bigarrenik, palestinarrak lehergailu demografiko eta sozial bat direnez, sionistek ezin dute onartu haiekin batera estatu bakarrean bizitzerik: palestinarren jaiotze-tasa altuekin, urte gutxiren buruan demografikoki gaindituko lituzkete kolonoak. Beraz, estatu judu bat nahi badute, arabiarren gehiengoa kanporatu eta geratzen den kopurua zorrotz kontrolatu behar dute. Gainera, maila kualitatiboan ikusi dugu Palestina nagusiki proletarioa den herri bat dela, historikoki borrokarako grina izugarria erakutsi duena. Erdi-mailako klaseko gizarte israeldarrak, kolono guztiek historikoki pentsatu izan duten bezala, ez du bizi nahi “barbarotzat” eta “terroristatzat” dituen horien ondoan. Are ideia okerragoa iruditzen zaie palestinarrei estatu bat ematea; “estatu barbaro eta terrorista” bat sortzea eta estatu horri “Israelen mugetan” kokatzeko baimena ematea izango litzatekeelako, haien ustez. 

Palestinarrak mehatxu bat dira Israelen existentziarentzat, estatu zein kontzeptu gisa. Lehenik eta behin, arabiarrak Palestinako biztanleria natiboa dira eta haien presentzia hutsak zalantzan jartzen du europar jatorriko judu kolono zuriek milaka urteko kondaira sasi-justifikatzaile bibliko baten aitzakiapean han bizitzeko duten zilegitasuna

Horri lotutako arrazoi geopolitikoengatik ere, sionismoak ezin du onartu Palestinako Estaturik aldamenean. Esan bezala, Israelek Ekialde Hurbilaren kontrola bermatzen dio NATOren blokeari. Palestinako Estatu bat bere ondoan ezartzeak kontrol hori zailduko lioke, Ekialde Hurbileko sarrera beste arabiar herrialde batek kontrolatuko lukeelako. Gainera, Palestinako Estatu bat sortzeak Mediterraneo kostaldeko hainbat baliabide naturalen kontrola mugatuko lioke Israelgo Estatuari. Libano eta Palestina historikoaren kostaldearen aurrean munduko gas erreserba handienetariko batzuk topatu dituzte azken bi hamarkadetan, Leviatan gas-zelai gisa ezagutzen den esparruan. Palestinako Estatu ofizial batek bere kostalde hurbileko uren gaineko kontrolaren zati bat izango luke nazioarteko legediaren arabera, eta horrek sionistei korapilatu egingo lieke erreserba horien ustiapenaren eta merkataritzaren kontrol guztia izatea.

Arlo militarrean, Israelek ezin du onartu Palestinako Estaturik, ezta hori Zisjordaniak bakarrik osatuko balu ere. Sionistak 1967ko gerra aurreko mugetara erretiratzen badira, nazioarteko erreformismoak eskatzen duen bezala, desabantaila argi batean egongo lirateke Hezbollahr-en aldean –Sirian eta Libanon jarduten du–, baita palestinarren aurrean ere. Batetik, 1948ko lurralde okupatuak artilleria eta misil aurreratuen eraso masibo baten aurrean salduta utziko lituzke. Bestetik, eraso berean, palestinarrei itzulitako Zisjordania perfektua izango litzateke palestinarrek 1948ko lurrak birkonkistatzeko, Tel-Aviv hiritik bertatik Israel bitan banatzeko aukerarekin. Horrek arrisku larrian jarriko luke Israelgo Estatuaren existentzia bera, eta, beraz, Israelek ezin die uko egin Zisjordanian okupatutako lurrei, abantaila taktiko eta estrategikoa ematen baitiote. Israelentzat, ez dago aipatutako agertokiak bezainbeste beldur eragiten dion ezer: ez NBEren ebazpenak, ez zigorrak, ez eta ezein estaturen kritikak ere.

ERREFERENTZIAK

[1] Musto, M (2023). Marx fue un defensor de la liberación del pueblo árabeJJacobin Revista. Hemen kontsultatua: https://jacobinlat.com/2023/12/04/marx-fue-un-defensor-de-la-liberacion-del-pueblo-arabe/

[2] Adibidez, 1897ko lehen munduko biltzar sionistara gonbidatu zituzten Alemaniako 90 errabino ordezkarietatik 88k biltzarraren aurkako gutun bat sinatu zuten, “protestaren errabinoak” izenpean. Honakoa zioten “Komunitate bereizi bat osatzen dugu, baina soilik gure erlijioari dagokionez. Nazio alemaniarraren parte sentitzen gara, honetan gure fedea garatzen ahalegintzen gara eta gure aberkideekin nazio honi ekarpena egiten saiatzen gara, pareko gisa”. Aipamena hemendik egina: De Lange, N. (2011) El judaísmo, Madril, Akal.

[3] Sionisten eta nazien arteko itunik handiena 1933an sinatu zen, Haavarako akordioan. Bertan, erregimen naziak juduen Palestinako lurretarako emigrazioa aktiboki laguntzeko konpromisoa hartu zuen, sionistek erregimen naziarekin aktiboki kolaboratzearen truke eta beren ondasunak Alemanian utzi edota Palestinara esportazio alemaniar gisa bidaltzen bazituzten. Erlazio horren inguruko informazio gehiago: Brenner, L. (2010). Sionismo y fascismo. El sionismo en la época de los dictadores, Bósforo Libors.

[4] Hemen aipatua: Teveth, S. (1985): Ben-Gurion and the Palestinian Arabs: From Peace to War, Oxford University Press.

[5] Marín, J. L. (2023). La diplomacia de las armas: así es el reparto de la financiación militar extranjera de Estados Unidos - mapas de el orden Mundial - EOMEOM. Hemen kontsultatua: https://elordenmundial.com/mapas-y-graficos/distribuo-financiacion-militar-extranjera-estados-unidos /

[6] World Bank Open Data. Hemen kontsultatua: https://data.worldbank.org/

[7] García, L. (2023). El servicio militar de Israel: obligatorio para mujeres y hombres y con formaciones de un mes al año para reservistas. Newtral. Hemen kontsultatua: https://www.newtral.es/servicio-militar-israel/20231009/

[8] El Confidencial (2023). Por qué Gaza es solo una batalla y el gran objetivo de Israel está en Cisjordania [Vídeo]. YouTube. https://www.youtube.com/watch?v=X7AbDyNW3vc

[9] Fact Sheet: Movement and access in the West Bank, August 2023 (2023). OCHA. Hemen kontsultatua: https://www.unocha.org/publications/report/occupied-palestinian-territory/fact-sheet-movement-and-access-west-bank-august-2023

[10] Ibídem.

[11] Gedar. Israelek 12.000 Palestinar baino gehiago erail ditu azken 35 urteetan. Gedar: Langile Kazeta. Hemen kontsultatua: https://gedar.eus/aktualitatea/israelek-12000-palestinar-baino-gehiago-erail-ditu-azken-35-urteetan/

[12] Gedar. Gazan, umeen eguneko erailketa kopurua Auschwitzen baino altuagoa izaten ari da. Gedar: Langile Kazeta. Hemen kontsultatua: https://gedar.eus/aktualitatea/gazan-umeen-eguneko-erailketa-kopurua-auschwitzen-baino-altuagoa-izaten-ari-da/

[13] Khalidi, R (2022): Palestina, cien años de colonialismo y resistencia. Madril, Capitan Swing.

[14] Gedar. Munduko Palestinarren erdia diasporan bizi dira. Gedar: Langile Kazeta. Hemen kontsultatua: https://gedar.eus/aktualitatea/munduko-palestinarren-erdia-diasporan-bizi-dira/

[15] Holleis, J. (2023). Palestinos en Oriente Medio: ¿Dónde y cómo viven? dw.com. Hemen kontsultatua: https://www.dw.com/es/palestinos-en-el-medio-oriente-d%C3%B3nde-y-c%C3%B3mo-viven/a-67590172

[16] Nabil Mahmud Al-Sahly: La transformación demográfica Palestina (1948-2005). Hemen kontsultatua: https://www.nodo50.org/csca/agenda05/palestina/al-nakba_16-05-05.html

[17] https://www.cbs.gov.il

[18] Mitchell, T. (2022). Israel’s Religiously divided Society | Pew Research Center. Pew Research Center’s Religion & Public Life Project. Hemen kontsultatua: https://www.pewresearch.org/religion/2016/03/08/israels-religiously-divided-society/

BIBLIOGRAFIA

Khalidi, R (2022): Palestina, cien años de colonialismo y resistencia. Capitan Swing.

Pappé, I (2019): Los diez mitos de Israel. Akal.

Castillo, J (2022): Vista de deconstrucción de la identidad nacional sionista: las raíces ideológicas de la expulsión de los árabes | Revista de Estudios Internacionales Mediterráneos. Hemen kontsultatua: https://revistas.uam.es/reim/article/view/reim2022_32_012/reim2022_32_012

Regadas, L (2020): Palestinako bake kolonizatua. ARTEKA, Gedar: Langile Kazeta. Hemen kontsultatua: https://gedar.eus/es/arteka/palestinako-bake-kolonizatua

EZ DAGO IRUZKINIK