ARGAZKIA / Itsasne Ezkerro
2021/04/01

Atzera begira jarri gara, Espainiako trantsizio gisa ezagun den horretara. Lehenik eta behin, garai hartan garaitua izan zen proletalgoaren esperientzietatik ikasi beharra azpimarratzeko; bigarrenik, porrotak ahoskabetu zuen proletalgoaren ahotsa aldarrikatzeko. Ohikoa izaten baita, prozesu historiko konplexuetan, garaileak galtzaileen aldarrikapenen ordezkari bilakatzea —eta soilik subsumitze prozesu hori emankorra den heinean bilaka daitezke garaile—, nola eta mamitsu eta oparo izan ziren gertakariak sinplifikatuta, galtzaileen ekarpenak ezabatzeraino. Are gehiago tamaina horretako trantsizio batean non, azaleko begirada batek gauza asko aldatu ez zela babestuagatik ere, uste dena baino gehiago aldatu zen, nahiz eta hainbat hamarkada behar izan diren aldaketa horiek mugimendu iraultzaileen baitan izandako benetako ondorioak modu agerikoenean azaleratzeko.

Esan behar da, atzera begiratzean ere sinplifikaziorako joera nabarmendu ohi dela, batzuetan porrotaren atzetik datorren atsekabearen ondorioz, hasierako momentutik bertatik, antzeman ez bagenuen ere, dena galduta zegoela pentsarazten diguna. Baina, beste batzuetan, egoeraren konplexutasuna alboratzen delako gertatzen da hori, edo gaur egungo begiradak ahazten duelako, hor nonbait, gaur egun arte bizitakoa, agian, ez zela ezinbestean bizi beharrekoa, baina, akaso, hori bizi izan dugulako gaudela hemen gaur egun. Orain arte borrokatu dutenei errespetua da zor zaien gutxienekoa. Baina baita printzipio hau lau haizetara zabaltzea ere: kritikak ez du inola ere gailentasun morala esan nahi, kritika ezinbestekoa da porrotari zentzu politikoa emateko, hau da, historiatik ikasi eta bera oinarri izanda borrokari ekiteko.

Izan ere, ezker abertzalea izan zenak, gaur batzuek guztiz sinplifikatu nahi dutena, agortuta egonagatik ere, ezin uka paper historiko garrantzitsua izan duela. Baina paper hori, eta bere balioa, soilik testuinguru historiko zehatz bati lotuta aldarrika daiteke. Eta testuinguru hori agortuta ere, oraindik bere oinarri estrategikoei eutsi nahi dietenak, ez dira inola ere ezeren esentziaren eramaile, dogmarena baizik, mugimendu historiko bati bere balioa aitortu baino, guztiz agortzen dutenak karikaturizazio anakroniko bat tarteko.

Jada ez da ezer aurrerakoirik mugimendu interklasistaren estrategia demokratizatzailean, demokraziak irabazi egin duelako. Bukatu dira trantsizio aurreko urteak, baita trantsizioari berehalakoan jarraiki etorri zirenak ere. Baina ez da bukatu, inola ere, trantsizioaren ajea. Oraindik ageri zaigu “78ko erregimenaren” mamuarekin, askok erreskatatu nahi duena, hor aurkitzen baitu, ezinbestean, oinarri anakroniko horietan, bere estrategiaren zilegitasuna. Demokraziarik ez bada, diktadura autokratikoak badirau, orduan justifikatuta dago mugimendu nazional interklasistaren estrategia, estatu egitura burgesen demokratizazioa helburu duena.

Jada ez da ezer aurrerakoirik mugimendu interklasistaren estrategia demokratizatzailean, demokraziak irabazi egin duelako. Bukatu dira trantsizio aurreko urteak, baita trantsizioari berehalakoan jarraiki etorri zirenak ere. Baina ez da bukatu, inola ere, trantsizioaren ajea

Tamalez, bere izaera autoritarioa agerian uzten badu ere, hori da, formalki, «demokrazia unibertsala», edo guztien ahotan dagoen demokrazia, burgesiaren masa-aginte forma baino ez dena. Eta printzipio hori ez onartzeak, hau da, bizi dugun burgesiaren diktadura hau demokrazia dela ez aitortzeak, horrek luzatzen du trantsizioaren aroa, zeina jada ez duen burgesia agintariak sostengatzen, baizik eta aurrerakoikerian erortzen den bere frakzio burges txikiak, anakronismo horretan aurkitzen baitu estatu bilakatzeko aukera, baina soilik estatu independentearen forman, soilik nazio zapalduetan aurki baitezake bere programa demokratiko-estatalistari atxikimendua eman diezaiokeen masa zabala. Ez da kasualitatea, beraz, mugimendu demokratiko burgesak Euskal Herrian edota Katalunian aurkitzea bere oinarri sendoena, herri baten askapena zuzenean identifikatzen baita forma estatal burgesarekin, eta hori, hau da, estatu bilakatzea, soilik demokraziaren benetako egikaritzearekin lotu baitaiteke modu zabal eta sinple batean.

Bada, atzera begiratzea aurrera begiratzea bezala da. Izan ere, oraindik ere garai hartan katramilatuta gaituzte halako eztabaidek. Ziur aski, trantsizioan bilatu beharko genuke jatorrizko bekatua, gaur fruitu pozoidun bilakatu dena. Garai oparoa izan zen mugimendu iraultzaileen baitan: eztabaida desberdinak, antolakundeen ugaritzea eta posizioen erdibideko argipenak nagusi izan ziren, besteak beste. Baina, korapiloei emandako ebazpenek, gaur egun oraindik ere ebazpen mugiezin gisa ageri direnak, ondorengo hamarkadetan garatu zen trantsizio luzatua baimendu zuten, guztiz itxi den arte, garai hartako mugimendu politiko aurkarien azkeneko hatsarekin.

Esan nahi dena da, trantsizioak, bere funtzioa bete badu, proletalgoaren menderakuntzaren ikuspegitik, bederen, bere burua hainbat hamarkadaz luzatu duelako izan dela, eta eragina izan duelako bere hasierako urteetan indarrean zeuden mugimenduetan eta haien ondorengo garapenean. Hau da, trantsizioak, une jakin batean antolatu zen tranpa gisa ezaguna dena, ez du bere ahalmen osoa garatu hainbat hamarkada igaro arte, eta bere lorpen nagusia izan da aurka zituen mugimendu politikoak bere printzipio eta helburuen baitara antolatzea. Horrek bide iraultzailea ixtea dakar, bide demokratikoaren irekieraren bidez.

Espainiako trantsizioaren helburua ez zen modu abstraktu batean esparru nazional bat indartzea. Kontrara, marko nazional hori bestelako prozesu batek hartzen zuen forma baino ez zen, burgesiarentzat baliagarria zena. Trantsizioaren helburua eta edukia Kapitalaren metaketa gauzatzeko marko mesedegarri bat sortzea zen, prozesu horrek berak soberan zuen diktadura paretik kenduta eta horrekin batera mugimendu iraultzaileei, ordura arte garatu ziren forman, existitzeko baldintzak erauzita. Beraz, une historiko zehatz horretan, non hurrengo hamarkadetako garapena baldintzatuko zen, jokoan zegoena errealitate berrira moldatzeko gaitasuna zen. Gaitasun horrek bermatu behar zuen estrategia iraultzailea, hau da, mugimendu iraultzailearen eraberritzea. Gaur, atzera begiratuta, esan daiteke orduan, une jakin horretan, hartu zela okerreko bidea, eta horrek azken hamarkadetako porrota baldintzatu duela.

Trantsizioaren helburua eta edukia Kapitalaren metaketa gauzatzeko marko mesedegarri bat sortzea zen, prozesu horrek berak soberan zuen diktadura paretik kenduta eta horrekin batera mugimendu iraultzaileei, ordura arte garatu ziren forman, existitzeko baldintzak erauzita

Porrot hori ideologikoa eta politikoa izan da. Ideologikoa, proletalgoak posizioak galdu zituelako trantsizioaren testuinguruan emandako eztabaidaren ondoren, eta gaur egun ere berea ez den ideologia baten menpe dagoelako. Politikoa, horren ondorioz garatu den masen antolaketa-moduak berekin ekarri duelako klase-emantzipazioa ukatzea, eta hori maila nazional jakin batean klase herrikoiak deiturikoek egindako askapen demokratikoarekin ordezkatzea.

Izan ere, trantsizioaren edukia espainiar batasun nazionala betikotzea bazen, demokraziaren ukazioan eta frankismo garaian eratutako elite aristokratikoen mesedean oinarrituta, batasun hori hausteak elite horiekiko konfrontazioa ekarri behar du nahitaez. Baina irakurketa horrek alde batera uzten duena ez da boterea erabiltzen duen figura sozial bat egotea, baizik eta figura horrek hartzen duen forma, zeina, bere begietara, berdina den diktadura zuzen batean edo forma demokratikoaren bitartez gauzatzen den diktadura batean. Hori izan zen mugimendu iraultzailea eta erreformista bereizi zituen puntu nodala; hortik aurrera, lehenengoa desegin zen, bere independentzia ideologikoarekin batera alderdi komunistan garatzea ahalbidetuko zuen independentzia politikoa galduz, trantsizioaren ondoren sortzen ari zen demokrazia kapitalistaren testuinguru berriztatuan.

EZ DAGO IRUZKINIK