Irati Z
2023/03/05

Sección Femeninak, «Movimiento Nacional» delakoaren barnean Francok aitortutako emakume-erakunde bakarra izanik, rol espezifikoa izan zuen gerraosteko urteetan. Testu honen xedea, erregimen frankistan eta Bigarren Mundu Gerra ingurura arte Sección Femeninak ordena soziala eraiki, sendotu eta erreproduzitzeko erabilitako modus operandia azaltzen saiatzea da. Helburua ez da analisi zehatz bat egitea, kontrol mekanismoen logika orokorrari eta jarduteko moduei buruzko ohar orokor batzuk eskaintzea baizik.

SECCIÓN FEMENINA

Sección Femenina (aurrerantzean SF) 1934ko ekainean «Falange Española de las JONS» alderdiaren baitan sorturiko erakundea izan zen. 1937ko apirilean sektore tradizionalista «FET y de las JONS» alderdi bakarrean bateratu ondoren, horren adar bihurtu zen. Bateratze Dekretuan adierazi zen FETen baitan SF izango zela emakumeak hezteko eta mobilizatzeko ardura izango zuen erakundea. Horrela, FET y de las JONS alderdiko Sección Femenina Francok aitortutako emakumeen erakunde bakarra bihurtu zen[1]. Pilar Primo de Riverak (José Antonioren arreba) sortu eta gidatu zuen erakundea, 1977an desagertu zen arte.

FET y de las JONS alderdiko Sección Femenina Francok aitortutako emakumeen erakunde bakarra bihurtu zen. Pilar Primo de Riverak (José Antonioren arreba) sortu eta gidatu zuen erakundea, 1977an desagertu zen arte

SFk funtsezko funtzioa bete zuen emakumeak kontrolatu, doktrinatu eta politikoki lerrarazten. Baina haren lana ez zen horretara soilik mugatu: alderdi bakarraren adar gisa, erregimen frankistaren ordena soziala mantentzeko engranaje bat izan zen. Gainera, emakumeak funtsezko transmisio-tresna izan ziren; izan ere, erregimenaren ideien arabera emakumeek emazte, ama eta familiaren eratzaile izateko zeregina zutenez, haiei esleitu zitzaien «nazio-identitate» berria eratzeko zeregina.

LAGUNTZA, ASISTENTZIA ETA INTERBENTZIONISMOA

SFren funtzioen errepaso labur bat eginez, sortu zenetik gerraosteraino, hiru etapa bereiz ditzakegu bere bilakaeran. Lehenik eta behin, Gerra Zibilaren aurreko urteak aipatu beharko lirateke. Garai horretan, erakundearen jarduerak Falangeko gizonei laguntzean oinarritu ziren: diru-bilketak, propaganda-lana, kartzeletara bisitak, armak ezkutatzea edo jantziak egitea izan ziren afiliatuen zereginetako batzuk. Jarduera horiek ugaritu egin ziren 1936an Falangea legez kanpokotzat jo zenean. Gerora, funtsezko jarduera bilakatu ziren talde kolpistekin kontaktua mantentzeko[2].

Bigarren etapa Gerra Zibilari dagokiona izango litzateke, eta bertan asistentzia-jardueren betetzeko funtzioa izan zuen. Emakume afiliatuek hainbat zeregin bete zituzten atzeguardian eta matxinatuek konkistatutako lurraldeetan. Garai hartan erizaintzaren esparrua ofizialki emakume karlisten esku bazegoen ere, SFk aginte-sare oso bat antolatu zuen, eta, horrela, asistentzia-­lanak kontrolatzen zituen erakunde nagusi bilakatu zen. Modu horretan, Gerra Zibilaren lehen hilabeteetan, SF laguntza orokorreko erakunde izatetik gerrako asistentzia-beharrei erantzuteko erakunde izatera igaro zen. Kolpistak lurraldeetan hedatzen ari ziren neurrian, SFren probintzietako baseak ezarri ziren, eta horrek gerra bukatzerako eskualde guztietan ordezkaritzak lortzea ahalbidetu zuen[3].

Diktadura frankista hastearekin batera, beste aldaketa bat gertatu zen erakundearen funtzioetan eta jarduteko moduan: babesaz eta asistentzialismoaz gain, erakundeak emakumeen gaineko kontrol politiko eta soziala gauzatzen hasi zen lurraldeetan banatutako agintarien sare baten bidez. Ordurako, SFk 600.000 afiliatu zituela adierazi zuen. Beraz, une horretarako, erabat egituratutako erakunde gisa finkatu zen, eta ofizialki aitortu zuen Francok[4]. Horrela, 1939ko abenduaren 28ko Sección Femeninaren funtzioei buruzko Dekretuaren 1. artikuluak ezartzen duenez, alderdi barruko erakunde horren erantzukizuna hau zen: «Espainiako emakumeen prestakuntza politiko eta soziala, Falangearen berezko helburuekin bat eginez»[5]. Beraz, gerra amaitzean jarduera edo programa interbentzionistak sortzen hasi ziren.

1939ko abenduaren 28ko Sección Femeninaren funtzioei buruzko Dekretuaren 1. artikuluak ezartzen duenez, alderdi barruko erakunde horren erantzukizuna hau zen: «Espainiako emakumeen prestakuntza politiko eta soziala, Falangearen berezko helburuekin bat eginez»

OSAERA/KONFIGURAZIO SOZIALA

Aztergai dugun aldian SFk izan zuen osaera soziala ulertzeko, Gerra Zibilaren aurreko azken urteetara jo behar dugu. Burgesiako eta klase ertaineko emakume asko Bigarren Errepublikan emakumeen arloan gauzatu ziren politiken aurka agertu ziren. Azken horiek Elizaren adierazpenekin identifikatu ziren, Errepublikaren alde egitea balio kristauak eta familia tradizionalaren oinarria ukatzearen parekoa zela esaten baitzuen[6].

SFren sortzaileak eta lehenengo afiliatuak oso sektore konkretuko emakumeak izan ziren: falangismoaren kausarekin lotura zutenak. Lehen afiliatu horiek goi-mailako klase dirudunetatik zetozen, nahiz eta gerran errealitate sozial desberdinetako emakumeak batzea ere lortu zuten. Oligarkia finantzarioaren, jabeen eta armada kolpistako kideen seme-alabak izan ziren gerran eta gerraostean abangoardiarik erradikalena, eta hortik sortu ziren SFren lehen afiliatuak. Horregatik, esan bezala, SFren lehen oinarri soziologikoa burgesiako eta klase ertaineko emakumeek osatzen zuten, ezkongabeak, gazteak eta lehen mailako ikasketak zituztenak[7]. Kortazarrek (2021) azaldu zuen bezala, erregimen frankistan elkarrekin bizi ziren elite tradizionalen «eskuin zaharra» eta faxisten «eskuin berria». SF, neurri handi batean, «eskuin berriaren» zati gisa garatu zen: Bigarren Errepublikaren aurka, baina «eskuin zaharrak» emakumeen arloan zituen ideia eta erakundeekin tentsio etengabean[8].

SF, neurri handi batean, «eskuin berriaren» zati gisa garatu zen: Bigarren Errepublikaren aurka, baina «eskuin zaharrak» emakumeen arloan zituen ideia eta erakundeekin tentsio etengabean

Ildo horretan, diktadura frankistaren lehen urteetan, emakume falangistek gerrarteko garaiko alderdi faxista europarrak hartu zituzten erreferentziatzat, batez ere Alemaniakoak, Italiakoak eta Portugalgoak, eta lerratze ideologikoari buruz haiek erabilitako doktrina eta politikak eredu gisara hartu zituzten beren lurraldeetan aplikatzeko[9]. Era berean, emakumeen erakunde naziaren eta Italiako emakume faxisten zenbait erakunderen antolaketa-eredua ere erreferentziatzat hartu zituzten.

SFren diskurtsoak, Falangearenak bezala, ezaugarri populista eta interklasistak zituen, masen mobilizazioa bilatzen baitzuen. Erakundearen oinarri soziala denborarekin zabaldu egin bazen ere, SFren zuzendaritza-taldea klase altuko emakumeek soilik osatzen jarraitu zuten. Nahiz eta Pilar Primo de Riverak esan aginte-posizioetara iristea meritu kontua zela, buruzagi izatera iristeko erakundearekiko independenteak ziren bitarteko batzuk behar ziren. Ondorioz, agintariak tokiko elite tradizionaletatik zetozen beti.[10]

INTERBENTZIONISMOA ETA PROPAGANDA, HERTSAPENA ETA ERAKARPENA

Aipatu dugun bezala, SFren eginkizun nagusietako bat «indarkeria politikoaren, pobrezia desesperatuaren eta ustelkeria instituzionalizatuaren» testuinguruan emakumeen artean esku hartzea zen[11]. Horretarako, hainbat programa interbentzionista garatu zituzten, emakumeen bizitzaren alderdi askoren gaineko kontrola izateko aukera eman zietenak. Programa horiek guztiak erregimeneko emakumearen idealean oinarritzen ziren: gerraosteko nazioa berreraikitzen lagundu behar zuten emaztearen, amaren eta familia-­sortzailearen funtzioak betetzearen bidez[12]. Hala ere, ideal hori urrun xamar zegoen erakundearen agintarien errealitatetik[13].

Hainbat programa interbentzionista garatu zituzten, emakumeen bizitzaren alderdi askoren gaineko kontrola izateko aukera eman zietenak. Programa horiek guztiak erregimeneko emakumearen idealean oinarritzen ziren

Hezkuntza izan zen esku hartu zuten eremu nagusietako bat. Erakundeko afiliatuek beren gain hartu zuten erregimenean emakumeen hezkuntza (soziala, etxekoa, politikoa, etab.). Pixkanaka hasi zen, hainbat eremutatik abiatuta (lezioak, klaseak, hitzaldiak), eta hori oinarrizko hezkuntzarekin, erlijio-prestakuntzarekin eta aisiarekin ematen zuten[14]. Antolakundea emakumeen prestakuntzaren hiru arlo nagusitan zentratu zen: erlijio-hezkuntzan, hezkuntza nazionalistan eta etxeko trebetasunetan. Gai horiek etxeko eskoletan, udako eskoletan eta erakundeak ezarri eta administratu zituen prestakuntza profesionaleko programen bidez eman ziren[15]. Nesken hezkuntza etxean hasi ohi bazen ere, zazpi urtetik aurrera prestakuntza arautuan hasiko zirela ezarri zen[16].

Hala ere, hezkuntza-programen funtsezko zutabea etxeko trebetasunena izan zen, erakundearentzat kontrol-eremu erabakigarria izan baitzen. Emakumeak etxean zituzten zereginetarako prestatzeko ideala betetzeaz gain, funtzio ekonomikoa ere bazuen: krisi-testuinguru baten berreraikuntza ekonomikoan laguntzea[17].

Richmonden (2004) arabera, SFren jarduera interbentzionista esanguratsuena Gizarte Zerbitzua delakoan (Servicio Social Femenino) garatu zen. Zerbitzu hori derrigorrezkoa zen 17 eta 35 urte bitarteko emakume ezkongabeentzat. Emakume horiek hiru eta sei hilabete bitartean lan egiten zuten ordainsaririk gabe feminizatutako asistentzia-lanetan, hala nola haur-jantokietan, umezurztegietan, ospitaleetan eta erietxeetan. Lana bilatzeko, titulu akademiko bat lortzeko edo gidabaimena eskuratzeko beharrezkoa zen lan horiek egin izanaren ziurtagiria lortzea.

Helburua, azken batean, horiek guztiek antolakundearen barruan jarraitzea zen, hau da, beren lerroetara mobilizatzea. Errealitatea, ordea, bestelakoa zen. Emakume pobreenak izan ziren, gehienbat, zerbitzua bete zutenak, eta ziurtagiria eskuratzea zuten helburu bakarra. Bien bitartean, emakume dirudunek zailtasun handirik gabe saihets zezaketen Gizarte Zerbitzua. Gainera, Cenarro Lagunas (2010) autoreak dioen modura, Gizarte Zerbitzuak eginkizun gehigarri bat betetzen zuen, asistentziara bideratutako instituzioetan «doako eskulana» izatea bermatzen baitzuen.

SFren interbentzionismoak bestelako itxura hartu zuen landa-eremuko emakumeen ingurunera sartzean. Gose- eta miseria-testuinguru batean, SFk hainbat zerbitzu eta ekimen ezarri zituen zeuden beharrak asetzen saiatzeko, arreta nagusiki emakumeengan jarrita[18]. Aldi berean, erregimenaren antolaketa-aparatuek hainbesteko presentziarik ez zuten guneetara iristeko modu bat ere izan zen.

Horren adibide izan zen Hiriko eta Landako Emakumearen Ermandadea (Hermandad de la Mujer de la Ciudad y del Campo) erakundearen sorrera, beste esperientzia faxista batzuetan oinarritu zena. Haren kideek, familien egoera arintzen saiatzeko nekazaritza-lanetan laguntzen zuten bitartean, propaganda egiten zuten. Zehazki, Ermandadeak nekazaritzan eta artisautzan trebatzeko hainbat programa sortu zituen, landa-eremuko emakumeei zuzenduak. Geroago, Osasun eta Gizarte Arloko Landa Eremuko Dibulgatzaileen kidegoa (Cuerpo de Divulgadoras Rurales Sanitario-Sociales), Etxerako Laguntza Zerbitzua (Servicio de Ayuda al Hogar), Katedra Ibiltariak (Cátedras Ambulantes) edo Landa Etxeak (Hogares Rurales) sortu ziren. Ekimen horien guztien oinarria presentzia mantentzea eta hiriguneetatik urrunen zeuden eremuetan presentzia mantendu eta biztanleen kontrola bermatzea zen[19].

Landa-eremuan ere bada beste ezaugarri interesgarri bat ere: Hiriko eta Landako Ermandadearen departamentuaren bitartez, landa-eremuko emakumeak sindikatu falangistara batzea lortu zuten bitartekari batzuen bitartez. Irudi dezake emakume horiei soldatapeko langileen izaera aitortzea eta, gainera, haiek sindikatuetan integratzea kontraesankorra dela ideal falangistaren. Baina ezin dugu ahaztu, adibidez, soldata baxuek nabarmen handitzen zituztela jabeen irabaziak. SFren erronketako bat esfera horiek (emakumearen etxekotasuna eta soldatapeko lana) modu diskurtsiboan bateratzen saiatzea izan zen, biak ala biak beharrezko errealitate baitziren[20].

Dominazio sozialerako beste baliabide interbentzionista bat amatasuna eta emakumeen osasuna kontrolatzea izan zen. Hori, era berean, politika eugenesiko batekin batera gorpuztu zen. Azken batean, amatasuna profesionalizatzea zen helburua, eta, higienea goraipatuz, Errepublikako «birusak» desagerraraztea. Horretarako, SFri dagokionez, hainbat osasun-programa eta -erakunde sortu ziren. Aldi berean, erakundeak erizaintzaren esparrua monopolizatu zuen, diktaduraren aurretik profesionalizatzen ari zen esfera feminizatua. Erizainen Kidegoa (El Cuerpo de Enfermeras) edo Gizarte Laguntza (Auxilio Social) gisako ekimenen bidez, eta erizain bisitariaren moduko figura berriak gehituta, osasuna funtsezko elementu bihurtu zen biztanleriaren kontrol sozialerako[21].

Aipatu ditugun tresnak SFren modus operandiaren adibiderik nabarmenenak baino ez dira. Hau da, funtzio bikoitza zuten politika interbentzionistak erabiltzea: ekonomikoa eta soziala. Alde batetik, ekonomikoa; izan ere, adierazi dugun moduan, ideal femenino berriarekin eta etxean efiziente izatearen betebeharrarekin ekonomiaren «suspertzea» bizkortu nahi zen. Era berean, emakumea erabat debaluatutako subjektu bihurtzeak eta hori kulturalki horrela onartua izateak aukera ematen zuen haien eskulanetik aberastasun handiagoa metatzeko. Bestalde, funtzio soziala ere bazuen, ideal hori indartuz indarkeria matxistaren baldintzak erreproduzitzen baitziren. Argi dagoenez, bi dimentsio horiek elkar elikatzen dute. Beraz, berriro diogu, plan horiek, aldi berean ziren kontrol-­mekanismo eta egonkortasunerako bitarteko. Eta, azkenik, guztiek ere propaganda-funtzio argia zuten.

Aipatu ditugun tresnak SFren modus operandiaren adibiderik nabarmenenak baino ez dira. Hau da, funtzio bikoitza zuten politika interbentzionistak erabiltzea: ekonomikoa eta soziala

Aipatutako mekanismoez gain, SFk beste «erakarpen» bitarteko batzuk ere erabili zituen, bereziki propagandara zuzenduak. Hemen kirolaren eta gorputz-hezkuntzaren esparrua aipatu behar ditugu. Propagandarako bitarteko baliotsua izateaz gain, diziplinarako eta ugalkortasunaren kontrolerako ere balio baitzuen. Diskurtsiboki sustatzen zen emakumeen kirola amaren osasun fisikoarekin lotuta zegoela. Baina, benetan, erabilera haratago zihoan: propagandarako eta ideologizaziorako tresna argia zen. Manrique Arribasek (2011) aipatzen duen moduan, frankismo garaiko buruzagi politikoak hasieratik jabetu ziren kirolak zer aukera zituen masak erakartzeko, interesak batzeko eta garapen ekonomikorako. Logika horretatik abiatuta, Sección Femeninak kiroleko eta gorputz-hezkuntzako programak antolatu zituen, erregimenarekin bat egiteko ikuskizun eta erakustaldi forman.

Jakina, erakundearen prentsa ere aipatu behar dugu. SFk aintzat hartu zuen propaganda zein garrantzitsua zen emakume guztiengana iristeko eta identitate bateratu bat sortzeko. Horregatik, zenbait komunikabideren bidez, erakundearen idealak eta hark egindako jarduerak zabaltzen ahalegindu zen, eta horien artean ziren prentsa, aldizkariak, irratia, eta, jakina, NO-DOa. Nabarmentzekoak dira, adibidez, Teresa, Medina eta Consigna aldizkariak eta La Hora de la Sección Femenina irrati-tartea.

Sección Femeninak folklorean aurkitu zuen propagandarako baliabiderik erabilgarrienetako bat; izan ere, erregimenarentzat sistema politikoari denboraz kanpoko funtsezko jarraipena ematen zion elementua zen folklorea. Musikaren, dantzaren eta poesiaren gisako elementuak atxikimendua lortzeko erabili ziren, «erraz identifikatzeko moduko antzinako ondare» gisa ulertuak[22]. Kultura Erregidoretza (Regiduría de Cultura), 1938an sortua, eta geroago Espainiako Abesbatzak eta Dantzak (Coros y Danzas de España) erakundea promozio bitarteko eraginkorrenak bilakatu ziren.

IDENTITATE KOLEKTIBOA INDAR BATERATZAILE GISA

Sección Femeninan ezinbestekoa izan zen identitate kolektibo bat sortzea, besteak beste emakumeentzat irudi erakargarria izan zezan. Cenarro Lagunas autoreak (2018) adierazten duen moduan, garrantzitsuak ziren «irudikapenak, diskurtsoak, sinboloak eta soziabilitate-sareak». Alde batetik, Hobsbawmek «asmatutako tradizio» izendatzen dituen horiek aipatu behar dira, zeinak batez ere XIV. eta XVI. mendeen arteko «garai mitiko» baten sorrerarekin lotuak baitaude, baita iraganari eta gerrari buruzko kontakizuna sortzearekin ere. Isabel de Castilla eta Teresa de Ávila hartu zituzten nortasun-figura nagusitzat. Asmaturiko nortasun hori Francok 1942an emandako La Mota gazteluan gauzatu zen batez ere, zeina Agintarien Eskola Nagusia izan baitzen.

Aldi berean, Sección Femeninaren identitate kolektiboak oso lotura estua zuen konpromiso pertsonalarekin. Hau da, konbentzimendu politikoz eta ideal hori lortzeko grinaz gain, proiektu komun bat izatearen kontzientzia sortu zen, kasu horretan, emakumeen errealizazioarena. Izan ere, SF Falangearen parte izan arren, bere identitatea sexu-desberdintasunetik abiatuta eraiki zuen, eta, ondorioz, subjektu kolektibo bereizi bihurtu zen: itxuraz kolektiboa zen emakume subjektu bat. Horrekin, SF bizitza-proiektu eta errealizazio pertsonaleko proiektua zelako irudi bat proiektatzen zen.

SECCIÓN FEMENINA: FRANKISMOAREN AURPEGI POLITA?

Sección Femeninaren lanak, bere interbentzionismoak markatuta, laguntza emateko eta jendea onbideratzeko izaera hartu zuen. Ikuspegi horren bidez, humanitarismoaren irudia transmititzen saiatzen zen. Gizarte Laguntza (Auxilio Social) ekimena izan zen erregimen frankistak eratu zuen gizarte ongintzarako instituzio nagusia, baina SFk zituen praktika interbentzionistek ere antzeko izaera zuten. Ongintza hori jantzi, jaki eta botikak banatuz, umezurtzak zainduz, eta landa-eremuetan lagunduz gauzatzen zen, eta nazionalsindikalismoaren «justizia sozialaren» diskurtsopean mozorrotua ageri zen[23]. Zenbait historialariren arabera, SFk kontrol eta dominazio soziala gauzatzeko zuen modua «zintzoa» eta «konpentsatzailea» zen, erregimenaren errepresioarekin alderatuta.

Ideia hori ñabartu egin nahiko nuke, arriskutsua iruditzen baitzait errepresioa eta hertsaduraren adibiderik nabarienetara murriztea. Ikusi den bezala, Sección Femeninak hainbat forma hartu zituen bere helburuak lortzeko: batzuk propagandistikoagoak eta sinbolikoagoak, hala nola «Espainiako Koruak eta Dantzak» erakundea, aisialdia, kirola edo aldizkariak. Hala ere, era nabarmenean inposatzaileak diren beste batzuk ere erabili zituen, hala nola lehen aipatu dugun Gizarte Zerbitzua[24].

Hau da, errepresio- eta erakarpen-neurriak erabiltzen zituzten, eta guztiek logika eta esparru operatibo beraren barruan funtzionatzen zuten. Baina bitarteko horiez gain, SFk beste inposizio-bide inplizituago batzuk ere bazituen, aukera eta onura jakin batzuen kontrolaren edo monopolioaren bidez gauzatzen zirenak. Esate baterako, SFk monopolizatu egiten zituen lanpostu, beka edo ikasketetarako sarbidea, eta, beraz, nahiz eta helburu pertsonalengatik izan, emakumeek derrigorrez jarri behar izaten zuten harremanetan erakundearekin.

Errepresio- eta erakarpen-neurriak erabiltzen zituzten, eta guztiek logika eta esparru operatibo beraren barruan funtzionatzen zuten. Baina bitarteko horiez gain, SFk beste inposizio-bide inplizituago batzuk ere bazituen, aukera eta onura jakin batzuen kontrolaren edo monopolioaren bidez gauzatzen zirenak

Gainera, erakundeak, une jakin batzuetan, «polizia» izaerako eginkizunak betetzen zituen. Adibidez, estraperloari dagokionez, erakundearen tokiko emakume ordezkariek eta dibulgatzaileek edozeren susmoak jakinarazten zizkioten alkateari edo gobernadore zibilari (Richmond, 2004). Beste adibide bat Emakumeen Hiriko eta Landako Ermandadea da; izan ere, landa-eremuetara joaten ziren osasun-dibulgatzaile eta katedra-irakasle ibiltarien irakasleek informazioa jaso behar izaten zuten familien bizi-baldintzei, erlijio-sinesmenei eta egoera politikoari buruz. Bestela esanda, «salatari» lanak egiten zituztela esan genezake. Gainera, itxuraz «onuragarriagoak» ziren jarduerek ere jarrera umiliagarri eta baztertzaile argiak zituzten erregimenaren «etsaien aurka»[25]. Adibide gisa, 1939an Sestaon jaiotako Encarnación Santamariaren testigantzaren aipamen hau uzten dut:

«Ahizpa eta biok Auxilio Social-era joaten ginen bazkaltzera. Eta han bazen emakume bat deabrua baino gaiztoagoa, inoiz ahazten ez dudan maistra bat. Tira, hil zen. Esaten zuen nire ahizpari ez ziotela janaririk emango aitaren antza zuelako, eta gure aita gorria baitzen»[26].

Laburbilduz, errepresioak eta hertsadurak forma desberdinak hartzen zituzten, batzuk besteak baino agerikoagoak, baina era berean guztiak eraginkorrak eta beharrezkoak. SF humanitarismora gerturatzeak hertsadura inplizituagoaren bidez emakumeek erregimena modu batera edo bestera onartzea bermatzen zuen. Eta onartzearekin esan nahi dut aurka egiteko ezgai ziren desmobilizatutako masa bihurtu nahi zituztela: diktadurari buruzko itxurazko adostasun bat sortu nahi zen[27]. Baina, aldi berean, adierazi behar da erregimenaren gehiegikeria okerrenetatik at egotearen itxura hori zela bere lan egiteko zuen moduaren eta kontrol-tresna gisa zuen eraginkortasunaren gakoa. Gainera, onginahia emakumeen antolakunde batekin lotzeak, proiektatu nahi zuten irudi faltsu horren amarruan erortzeaz gain, genero-aldagai handia du.

SF humanitarismora gerturatzeak hertsadura inplizituagoaren bidez emakumeek erregimena modu batera edo bestera onartzea bermatzen zuen. Eta onartzearekin esan nahi dut aurka egiteko ezgai ziren desmobilizatutako masa bihurtu nahi zituztela: diktadurari buruzko itxurazko adostasun bat sortu nahi zen

Amaitzeko, garrantzitsua da aipatzea Sección Femeninan ikusi ditugun lanak funtzionalak izan arren oposizioa desmobilizatzeko eta emakumeak erakartzeko, horrek ez zuela ekarri erakundearekiko konpromiso politikorik. Izan ere, ikusi dugunez, emakume askok obligazioz edo behar pertsonalengatik soilik izaten zuten harremana erakundearekin. Eta Sofía Rodríguezek (2007) kontatzen duen bezala, emakume batzuek beste jarrera bat hartu zuten:

Beren erresistentzia-mekanismo propioak artikulatu zituzten, izan Falangeari ez atxikitzeko izan zuten ausardiaren bidez, izan beren ibilbidea jarraitzea saihestuz edo Gizarte Zerbitzuaren ziurtagiria faltsutuz, edo izan diktaduraren aurkako mugimenduetan integratuz.

OHARRAK

1. Gahete Muñoz, 2015; Viuda-Serrano, 2022 eta Ortiz, 2012.

2. Del Rincón, 2010.

3. Richmond, 2004.

4. Del Rincón, 2010.

5. Martins Rodríguez, 2019.

6. 1931n, Konstituzio errepublikarrak hauteskunde-eskubide berdinak ezarri zituen gizon eta emakumeentzat, eta, ondoren, dibortzio-lege bat onartu zen hurrengo urteko otsailean. (Richmond, 2004).

7. Rodríguez López, 2007.

8. Bereziki, Acción Catolica gisako antolakunde katolikoekin.

9. Ruiz Franco, 2016.

10. Rodríguez López, 2007.

11. Richmond, 2004.

12. Frankismoan, falangismoan eta Sección Femeninan emakumearen idealak zer forma hartu duen gai mamitsu eta konplexua da, eta ez dut lerro hauetan jorratuko. Horri buruzko bibliografia zabala jasotzen du Barrera (2020) aldizkariaren artikuluak; beraz, kontsulta egitea gomendatzen dizut.

13. Onartzen zuten emakumeen elite txiki batek amatasunaren betebeharra atzeratzea edo, are, ez betetzea, nolabaiteko erantzukizuna zuten kargu politikoak eskuratu ahal izateko. Gainera, lan horien zenbait alderdik garaiko emakume gehienek ez zituzten askatasunak ematen zizkieten, hala nola mugikortasuna, bizileku-aldaketak, oporrak edo aisialdirako aukerak.

14. Jiménez Aguilar, 2018.

15. González Pérez, 2013.

16. 1940an sortutako Frente de Juventudes (euskaraz,Gazteen Frontea) erakundearen bidez, gazteenak lerratzen hasi ziren. (Jiménez Aguilar, 2018).

17. Rebollo Mesas, 2001.

18. Ramos Zamora eta Colmenar Orzales, 2014.

19. Rodríguez Martínez, 2017.

20. Adibidez, SFren aldizkariek erakundearentzat onargarritzat jotzen ziren zenbait lan sustatzen zituzten. Alde batetik, tradizionalki emakumeek egiten zituzten lanak, hala nola irakaskuntza edo erizaintza, eta, bestetik, feminizatutako beste lan batzuk, hala nola telefonistak, zerbitzariak eta estetizistak.

21. Maceiras-Chans et al., 2018.

22. Asunción Criado, 2017

23. Rodríguez López, 2007.

24. Rodríguez Martínez, 2017.

25. Auxilio Socialek eta SFren asistentzialismoak ez zuten asistentzia-bidezko adostasunaren bidez bakarrik funtzionatzen, bortxa-izaera ere bazuten: umiliazioa, bazterketa, kontrola… erabiltzen zen “menderatuekiko”(Cenarro, 2006).

26. Solé y Díaz, 2014.

27. Garai horretako Erregimen Frankistaren errepresio moduetan sakontzeko, Souto Blancoren (2012) lana gomendatuko nuke. Autoreak adierazten duen bezala, errepresioak ere «itxuraz kontsentsua zuten eremuak agertzea erraztu zuen, eta horrek herritarren artean “nahigabetasun-giroa” zabaltzea saihestu zuen».

BIBLIOGRAFIA

Asunción Criado, A. (2017). El folclore como instrumento político: los Coros y Danzas de la Sección Femenina. Revista Historia Autónoma, 10: 183-196.

Barrera, B. (2020). La Sección Femenina en perspectiva. Historias y otros relatos sobre las mujeres de Falange. Historia Contemporánea, 62: 265-295.

Cenarro Lagunas, A. (2006). La sonrisa de Falange. Auxilio Social en la guerra civil y en la posguerra. Crítica.

Cenarro Lagunas, A. (2010). Historia y memoria del Auxilio Social de la Falange. Pliegos de Yuste, 11-12: 71-74.

Cenarro Lagunas, A. (2018). “«El sol y la luna que llenan de vida los días y las noches»: juventudes de la Sección Femenina de Falange (1937-1947). En García Carrión, M. y Valero Gómez, S. (Eds.). Tejer identidades: Socialización, cultura y política en época contemporánea. Tirant Humanidades.

Del Rincón, M. F. (2010). “Mujeres azules de la sección femenina: formación, libros y bibliotecas para el adoctrinamiento político en España (1939-1945)”. En Métodos de Información (MEI), nº1, COBDCV: 59-81.

Gahete Muños, S. (2015). La Sección Femenina de Falange. Discursos y prácticas en Madrid. ARENAL, 22(2), 389-411.

González Pérez, J. A. (2013). La Sección Femenina y el Frente de Juventudes. Historia de un fracaso.

Jiménez Aguilar, F.(2018). Palancas de posguerra. La Sección Femenina de Falange y las políticas sociales en la Granada del primer franquismo (1939-1945). Revista del CEHGR, 30: 175-192.

Kortazar, J. (2021). Franquismo, fascismo y fascistización, Arteka, 19.

Maceiras-Chans, J. M., Galiana-Sánchez, M. E. y Bernabéu-Bestre, J. (2018). Enfermería y control social: las actividades socio-sanitarias de la Sección Femenina de Falange en la ciudad de Valencia (1940-1977). Enfermería global, 49: 270-282.

Manrique Arribas, J. C. (2011). “Juventud, deporte y falangismo. El Frente de Juventudes, la Sección Femenina y los deportes del Movimiento”. En Pujadas, X. (Ed.). Atletas y ciudadanos. Historia social del deporte en España, 1870-2010. Alianza: 233-272.

Martins Rodríguez, M. V. (2019). Sección Femenina. La Falange Católica. Storicamente. Laboratorio di Storia, 15: 1-15.

Ortiz, C. (2012). Folclore, tipismo y política. Los trajes regionales de la Sección Femenina de Falange. Gazeta de Antropología, 28(3).

Ramos Zamora, S. y Colmenar Orzaes, C. (2014). Mujeres rurales y capacitación profesional en el franquismo a través de la prensa femenina (1939-1959). Educació i Història: Revista d’Història de l’Educació, 24: 135-171.

Rebollo Mesas, M. P. (2001) “El Servicio Social de la mujer en Sección Femenina de Falange. Su implantación en el medio rural”. En Frías Corredor, C. y Ruiz Carnicer, M. A. (2001). Nuevas tendencias historiográficas e historia local en España. Actar II. Congreso de Historia local de Aragón. Instituto de estudios aragoneses: 297-315.

Richmond, K. (2004). Las mujeres en el fascismo español: La Sección Femenina de la Falange, 1934-1959. Alianza Ensayo.

Rodríguez López, S. (2007). “Niñas y jóvenes en el franquismo”. En Mir, C. (Ed.), Jóvenes y dictaduras de entreguerras. Propaganda, doctrina y encuadramiento: Italia, Alemania, Japón, Portugal y España. Editorial Milenio.

Rodríguez Martínez, D. (2017). La Sección Femenina de Falange como guía adoctrinadora de la mujer durante el Franquismo. ASPARKIA, 30: 133-147.

Ruiz Franco, R. (2016). El canto del cisne de la Sección Femenina de FET y de las JONS. Ayer 102(2): 121-143.

Solé, B. y Díaz, B. (2014). “Era más la miseria que el miedo”. Mujeres y Franquismo en el Gran Bilbao: Represión y Resistencias. Asociación Elkasko de Investigación Histórica.

Souto Blanco, Maria Jesús. (2012). “Dinámica Represiva en la Génesis y Consolidación del Régimen Franquista (1936-1950)”. En Martins, F. (Ed.), A Formação e a Consolidação Política do Salazarismo e do Franquismo: As décadas de 1930 e 1940. Publicações do Cidehus.

Viuda-Serrano, A. (2022): Deportistas sumisas e invisibles: la censura del deporte femenino en la prensa española del primer franquismo. Revista Internacional de Historia de la Comunicación, 19:54-72.


EZ DAGO IRUZKINIK