ARGAZKIA / Amaiur Santxoierto
Jose Castillo
@josecast23
2023/12/03

Bonbardaketa selektiboak egiteko gai diren tripulatu gabeko hegazkinak, borroka zelaian tiro egingo duten robotak, gerraontziak hondora ditzaketen urpekari kamikazeak... zientzia-fikzio futuristaren eremuko aurrerapen horiek guztiak gerra garaikideen parte izango dira laster. Erdigune inperialistako potentzia geopolitiko handiak eta influentzia irabazten ari direnak dirutza inbertitzen ari dira euren armadetan Adimen Artifiziala garatzeko eta aplikatzeko.

Adimen artifiziala giza agintetik automatizatzen den teknologia izateak ezaugarritzen du nagusiki. Izan ere, gai da kanpoko datuak interpretatzeko eta haietatik ikasteko gizaki bat teknologia hori etengabe birprogramatzen egon beharrik gabe. Horrek gerretan gizakiaren agintetik autonomoak diren armak egotea ahalbidetuko du. Arma horiek inongo giza interbentzio zuzenik gabe erasoko diote etsaiari zein populazio zibilari. Erasoa giza interbentzio zuzenik gabekoa izango da, eta hortaz, hilketa egin duen soldaduaren damurik gabekoa.

Black Mirror telesail ezagunak etorkizun distopiko bat erakutsi nahi digu, era berean bizi dugun orainalditik hurbil dagoena. Etorkizun horretan aurrerapen teknologikoen eraginez, pertsonek euren gizatasuna galduko lukete. Hirugarren denboraldiko bosgarren atalean telesailak kontatzen digu armada estatubatuarreko soldaduak txip bisual baten bitartez manipulatzen dituztela, eta, horren eraginez, pobreak suntsitu beharreko munstroak balira bezala ikusten dituztela.

Horrela, soldaduak, gizatasun osoa galduta, gobernuak seinalatutako helburuak suntsituko ditu, hori ondo ala txarto dagoen zalantzan ipini gabe, gizakiak ez diren munstroen aurka ari baita. Gaizkiaren hutsaltasuna muturreraino eramatea da. Muturreko hutsaltasun horren bitartez deskribatzen zituen, hain zuzen ere, Hannah Arendtek nazien sarraski-esparruetako funtzionarioak. Teknologiaren erabileragatik, gizakia robot bihurtzen da, eta robotek erabaki gizatiarrak har ditzakete, baina ez dute gizakien arrazoibide etikorik.

Estatu Batuetako Defentsa Departamentuaren arabera, Adimen Artifiziala (AA) “normalean giza adimena behar duten zereginak egiteko makinek duten gaitasuna” da. Adibidez, bizipenetatik ikastea, ereduak ezagutzea, aurreikuspenak egitea, ondorioak ateratzea edota gizakiak suntsitzea algoritmoak balira bezala. AAk Interneten sorrerak baino iraultza handiagoa ekarri du; izan ere, Interneteko komandoak oraindik gizaki batek kudeatu behar zituen. AAren ezaugarri nagusia modu autonomoan ikasteko eta erabakiak hartzeko gaitasuna da.

Adimen Artifizialak Interneten sorrerak baino iraultza handiagoa ekarri du; izan ere, Interneteko komandoak oraindik gizaki batek kudeatu behar zituen. AAren ezaugarri nagusia modu autonomoan ikasteko eta erabakiak hartzeko gaitasuna da

AAren erabilera ekoizpen sistema kapitalistan laugarren industria iraultzatzat hartzen da. Baina, ez dezagun txarto interpretatu. AA, gainontzeko teknologiak bezala, ez da berez kaltegarria. Alabaina, ekoizpen harreman kapitalisten baitan, arrisku posible bihurtzen da berez denon ongizaterako eta gizakia lan-zamatik askatzeko erabil litekeen teknologia hori. Izan ere, ekonomia politiko marxistaren kritikak zehazten duen bezala, puntu batetik aurrera ekoizpen-indarrak suntsipen-indar bihurtzen dira.

Lider politikoek badakite potentzia militarrek AA era indiskriminatuan erabiltzeak suntsipen arriskua dakarrela. Horregatik, 2023ko azaroaren hasieran, AAren segurtasunari buruzko konferentzia globala egin zen Londresen, eta bertan egon ziren Mendebaldeko estatuburu eta teknologia-enpresariak. Baina, baita Txinako Zientzia eta Teknologia ministrordea, Wu Zahaohui, bai eta Alibaba eta Tencent enpresetako ordezkariak ere. Mendebaldea beldur da Txinak aurrea hartuko ote duen AAren ekoizpenean eta ezarpenean. Hori dela eta, haren erabilera maila globalean arautzeko ahaleginak egiten ari da.

Artikulu honetan Adimen Artifizialaren inguruko lehia geopolitiko nabarmenetako batzuk laburtuko ditugu. Baina, batez ere, AAren erabilera militarrari buruz arituko gara, bai eta gerra kapitalistek izango duten etorkizunari buruz ere. Hots, erailtzeko erabakiak gizakiak hartu baina algoritmo adimendunak dituzten makinek modu independentean gauzatuko dituzten etorkizunaren inguruan.

ADIMEN ARTIFIZIALAREN GEOPOLITIKA

Baliabide naturalak, armamentua edota balio-kateak kudeatzeko lehia dagoen modu berean, AAren inguruko lehia ere badago: ea zein potentzia geopolitiko den lehena AAren aurrerapen teknologikoak sortzen, patentatzen eta gizarteko maila guztietan ezartzen. Gaur egungo nazioarteko politikan dauden beste tirabira batzuetan gertatzen den bezala, Adimen Artifizialaren kasuan ere esan daiteke bi polo antagoniko daudela: Txina eta Estatu Batuak. Nahiz eta Txina ahalegin handia egiten ari den bere teknologia nazionala finantzatzeko, oraindik ere big tech estatubatuarrak dira lehenak AAren garapenean eta ezarpenean.

Hala ere, azken urteotan AAren aurrerapenaren grabitate zentroa Asia-

Pazifikorantz mugitzen ari da. Horrela, dagoeneko 2016an, eta Jabetza Intelektualaren Munduko Erakundearen arabera, 3,1 milioi patente eskaeren artetik, Txinak 1,3 milioi egin zituen, AEBk 605.571, Japoniak 318.381, Hego Koreak 208.830 eta EBk 159.358. Dena den, 2016an munduan indarrean zeuden 11,8 milioi patenteetatik, 2,8 milioi Ameriketako Estatu Batuenak ziren, 2 Japoniarenak eta 1,8 Txinarenak.

Alabaina, lehia hori elkarrekiko menpekotasun konplexu batean oinarrituta dago, zeina ohikoa baita ekoizpen harreman kapitalistetan. Izan ere, ordenagailu pertsonal eta tableten %65 eta eskuko telefonoen %85 Txinan ekoizten diren arren, tresna horietako txipak Estatu Batuetan diseinatzen dira, Taiwanen edota Hego Korean fabrikatzen dira, eta euren softwarea enpresa estatubatuarretan garatzen da.

Badirudi Europar Batasuna atzean gelditzen ari dela lehian, AAren garapenak enpresa pribatu eta estatu-mailako enpresa handiak behar baititu, eta halakorik ez baitago EBn. Txinak, ordea, bere enpresarik handienetako batzuk AAren sektorean dauzka; adibidez, Baidu, Alibaba eta Tencent (elkartuta “BAT” izenarekin ezagutzen dira). Kontraposizioan, GAFAM (Google, Amazon, Facebook, Apple & Microsoft) deituriko enpresa estatubatuarrak daude. Testuinguru horretan, EB saiatzen ari da lehen aktore politikoa izaten AAren erabilera arautzeko eta mugatzeko zereginean, besteak beste, datu pertsonalak babesteko eremuan. Izan ere, berrikuntza teknologikoak ekoizteko gaitasunik ez daukanez, AA arautuko duen potentziarik garrantzitsuena izaten ahalegintzen da.

Txinan nolabaiteko “teknonazionalismoa” nagusitu da, eta Estatuak finantzatu eta gidatu egiten du AAko berrikuntzen ekoizpena. Estatu Batuek, aldiz, zuhurrago jokatu dute, eta ez dituzte puztu enpresa teknologiko handiak dirulaguntza publikoekin. Washingtonek uste izan du munduko merkatu libreak eta haren botere militarraren arauek berez lagunduko zietela enpresa horiei. Baina, ikusita Txina orpoz orpo zetorkiola funtsezko sektore horretan, Joe Bidenen egungo Administrazioak norabidea aldatu behar izan zuen, eta, 2022ko abuztuan, AEBko presidenteak Zientzia eta Txipen Legea argitara eman zuen. Legearen helburuak erdieroaleen eta txipen ekoizpen autonomoa sustatzea dira, eta teknologiaren sektorea indartzea defentsa-estrategian.

Hala eta guztiz ere, Txinak eta Estatu Batuek ez dituzte estrategia berak erabiltzen munduko hegemonia teknologikoaren lasterketan. Estatu Batuetan, gobernuak defendatzen du enpresek kontrolatu behar dituztela AAren garapen industriala eta arautze irizpideak. Txinak, aldiz, hertsiki kontrolatzen ditu herrialdeko enpresek sortzen dituzten berrikuntzak eta horiek ezartzeko modua.

Estatu Batuetan, gobernuak defendatzen du enpresek kontrolatu behar dituztela AAren garapen industriala eta arautze irizpideak. Txinak, aldiz, hertsiki kontrolatzen ditu herrialdeko enpresek sortzen dituzten berrikuntzak eta horiek ezartzeko modua

Horregatik, enpresa teknologiko estatubatuar askok arazoak dituzte Europan berrikuntzak ezartzeko, EBk zorrotzago jokatzen baitu AAren arau-esparruan. Emmanuel Macronen hitz hauek egoera ulertzen laguntzen dute: “Nor izan daiteke subiranoa, bere kabuz, erraldoi digitalen aurrean?”

GERRA “ADIMENDUNA”

AAk eguneroko bizimodua arlo guztietan zeharo aldatuko badu ere, arrisku handiena haren erabilera militarrean dago. XX. mendeko eta XXI. mendearen hasierako gudu-zelaietako azpiegiturek aukera gutxi edukiko dituzte drone autonomoen taldeen aurka, tripulatu gabeko erasorako urpekarien kontra, eta planetan gertatzen diren ia mugimendu guztiak ikusi ahal dituzten irekiera sintetikoko radarren aurka. Egungo “heriotza-kate” militarra (soldaduek helburuak identifikatzeko, haien aztarnari jarraitzeko eta haiek exekutatzeko prozesuaren laburdura) zaharkituta geratuko da AAren ondorioz. Sarraskiak inoizko abiadurarik handienean egin ahalko lirateke, eta gizakiaren esku-hartzerik gabe.

NATOk badaki gerraren aro berri baten hasiera dela, eta bonba atomikoak ekarri zuen iraultzaren parekoa edo handiagoa izango dela. Horregatik, 2022ko ekainean eta Ukrainako gerra une gorenean zela, iragarri zuen Mendebaldeko Estatu inperialisten aliantza militarrak 1.000 milioi dolarreko berrikuntza-funts bat eratzen ari zela. Diru funts horiek aliantzarako “lehentasunezkoak” diren teknologiak garatzen dituzten startup enpresa eta arrisku-kapitaleko funtsetan inbertitzeko izango dira; teknologia horiek lirateke, besteak beste, AA, big dataren prozesamendua eta armamentuaren automatizazioa.

Antzeko sukarra hedatzen ari da Silicon Valleyko enpresa teknologikoetan: milaka milioi dolar inbertitzen ari dira defentsarako eta armamenturako proiektu teknologikoetan. Arrisku-kapitala bikoiztu egin da arloan; PitchBook enpresaren arabera (inbertitzaileei eta enpresa batzuei zenbait enpresatako datu baseak eskaintzen dizkien enpresa), 2019an 16 mila milioi dolar ingurukoa izan zen, eta 2022an 33 mila milioi dolarrekoa. 

Enpresa estatubatuar emergente batzuek, hala nola, BlackSky, Capella eta PlanetLabs enpresek (denbora errealean zehaztutako aireko irudiak edukitzeko helburuz Adimen Artifiziala eta satelite bidezko teknologia batzen dituzten teledetekzio enpresak) ahalbideratu diote armada ukrainarrari konboi errusiarren egoera eta kokapena zehatz ezagutzea.

Adimen artifiziala eremu militarrean erabiltzeari esker, teknologia horretan nagusitasuna duen armadaren agintaritzak arerioak baino askoz hobeto jakingo du nolakoa den egoera denbora errealean. Eta horretarako erabiliko diren datuen eta tekniken bolumena, abiadura eta konplexutasuna hain handiak izango dira, ezen gizakiarentzat ezinezkoa izango den horien tratamendua.

Adimen artifiziala eremu militarrean erabiltzeari esker, teknologia horretan nagusitasuna duen armadaren agintaritzak arerioak baino askoz hobeto jakingo du nolakoa den egoera denbora errealean

Gainera, AAren ezarpen zabala duen armada batek kanpoko etsaiaren (beste estatu batekoa) gizarte zibilaren edo barruko etsaiaren (bere biztanleria propioa) datuak kudeatu ahalko ditu. Izan ere, Interneteko eta sare sozialetako bilatzaileen algoritmoek, dagoeneko, Adimen Artifizialaren bitartez funtzionatzen dute. Horrela, posiblea izango litzateke erasogai den biztanleriaren ohiturak jakitea edota propagandarako mezu masiboak eta zehatzak bidaltzea, bosgarren zutabe teknologiko moduko bat sortzeko.

Baina, zalantza izpirik gabe, Adimen Artifizialak ezarri ahal duen armarik hilgarrienak Heriozko Arma Autonomoen Sistemak deiturikoak dira, hau da, gizaki baten esku-hartzerik gabe hiltzeko prestatuta dauden makinak. Munduko ezein armadak ez dio aukera horri uko egingo, nahiz eta momentuz haien erabilera ez den arautu. 

Adimen artifizialak ezarri ahal duen armarik hilgarrienak Heriozko Arma Autonomoen Sistemak deiturikoak dira, hau da gizaki baten esku-hartzerik gabe hiltzeko prestatuta dauden makinak. Munduko ezein armadak ez dio aukera horri uko egingo

Geopolitikan espezializaturiko Politico komunikabideko erreportaje batek dioenez, Errusiak tanke autonomoak probatu ditu Siriako gudu-zelaian, AEBk drone talde handiak askatu ditu Kaliforniako zeruan (metodo horren bitartez zenbait dronek aldi berean jarduten dute ibilbidean gizakiak gainbegiratu gabe, helburu komun bat lortzeko), Erresuma Batuak drone-eskuadroiak borrokan erabili nahi ditu urte honen amaierarako eta Txina tripulaziorik gabeko urpekariak fabrikatzen ari da. Urpekari horiek etsaien ontzien kontrako eraso kamikazeak egiteko gai izango lirateke.

Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa deiturikoak arautu egiten ditu, ia beti alferrik, armadek biztanleria zibilaren kontra egin ditzaketen sarraskiak eta krimenak. Baina zuzenbide hori gizakiek hartutako erabakiak zigortzeko prestatua dago, eta ez makinen algoritmoek hartutakoak. Izan ere, erabaki horiek hasiera batean gizakien aginte batek programatu behar baditu ere, automatismoen bidez gauzatzen direnez, azken erabakia makinak biltzen eta interpretatzen dituen datuen esku geldituko da.

Europar Batasuna AA arautzen saiatzen ari den arren, Europar Batzordeak 2021ean onartutako zuzendaritzak, «Adimen Artifizialaren legea» izenarekin ezagunak, oso era arinean arautzen du AAren erabilera esparru militarrean. Zehazki, manipulazio kognitiboan, puntuazio sozialean edo azterketa biometrikoko sistemetan AA mugatzen zentratzen da.

Azkenik, azter dezagun era laburrean zein puntutan dauden potentzia geopolitiko handiak Adimen Artifizialaren garapenari dagokionez. Hau da, zein plan estrategiko garatzen ari diren:

ESTATU BATUAK

Estatu Batuak izan da potentzia nagusia AAren ikerketan eta garapenean, harik eta bere lehiakide zuzenak, batez ere Txina, estrategia eta inbertsio publiko masiboak eginda asko hurbildu zaion arte. Horrek Washingtonen ikuspegi estrategikoa aldarazi du. 2017ko Segurtasun Nazionalaren Estrategiak ekimen publikoak eta pribatuak batzeko beharra azaleratu zuen. Estrategia horren helburua AAren ikerketan eta ezarpenean liderrak izatea da, zeina funtsezkotzat hartzen baitu segurtasun nazionalerako.

Urte bat geroago, 2018ko Defentsa Nazionalaren Estrategiak gerra modernoaren izaera aldatzen ari diren teknologia multzoan sartu zuen AA. Horrez gain, Txina eta Errusia aurkari estrategiko izendatu zituen AA esparru militarrean ezartzeari dagokionez. Horrela, Trumpen administrazioaz geroztik, eta Bidenekin ere hala izaten jarraitzen du, Gobernu estatubatuarrak puntako enpresa teknologiko estatubatuarretako Adimen Artifizialari buruzko ikerketak babesten eta finantzatzen ditu. Izan ere, Estatu Batuentzat, AA funtsezkoa da garapen militarraren ondorengo esparruetan: ziberdefentsa, gidatutako misilak, sateliteen irudiak eta arma nuklearrak.

Estatu Batuentzat, AA funtsezkoa da garapen militarraren ondorengo esparruetan: ziberdefentsa, gidatutako misilak, sateliteen irudiak eta arma nuklearrak

Zentzu horretan ulertu behar da Bidenen Gobernuak onartutako azken Txipen eta Zientziaren Legea, zeinak 280.000 milioi dolar mobilizatzea aurreikusten duen Estatu Batuak autosufizienteak izan daitezen erdieroaleen eta mikrotxipen ekoizpenean. Neurri horrekin –ezker sozialdemokratari kynesianismora itzultzea iruditu zaiona estatu-inbertsio handia behar izate hutsagatik– Estatu Batuetako Gobernuak egungo gatazka geopolitikoan funtsezkotzat dituen industriak sustatu eta birkokatu nahi ditu. Izan ere, Estatu Batuetako Erdieroaleen Industria Elkartearen arabera, laurogeita hamarreko hamarkadan, herrialdean erabiltzen ziren txipen %37 bertako industrietan ekoizten ziren. Gaur egun, aldiz, %12ko ekoizpena baino ez du egiten.

TXINA

Adimen artifizialean indarra hartzen ari den potentzia nagusia da. AAren arlo batzuetan, aurpegi-ezagutzan, adibidez, Estatu Batuei aurrea hartu die. Esan bezala, Txinan Estatuak gidatzen du AAren arloko ekoizpena eta ikerketa, baina Pekin ez da teknologia horretako ekoizpenean lehen potentzia izatearekin konformatzen; bere arauak inposatu nahi ditu. Horrela, Pekinek bere estandarrak inposatu nahi ditu AAren mundializazio prozesuan. Bide horretan, Txinako enpresa batzuek, hala nola Tencent eta Alibaba enpresek, erabilera estandarrak inposa ditzaten lortu nahi du, Google edo Facebook konpainia estatubatuarrek Interneten euren estandarrak inposatu zituzten bezalaxe.

Pekinek bere estandarrak inposatu nahi ditu AAren mundializazio prozesuan. Bide horretan, Txinako enpresa batzuek, hala nola Tencent eta Alibaba enpresek erabilera estandarrak inposa ditzaten lortu nahi du, Google edo Facebook konpainia estatubatuarrek Interneten euren estandarrak inposatu zituzten bezalaxe

Txinak atzerriko enpresa teknologikoetan ere inbertsio estrategikoak egiten ditu, enpresa horietako ekoizpen prozesuetatik ikasteko, eta gero, ikasitakoa bere enpresetan ezartzeko. Mendebaldeak plagiotzat hartu du Txinaren estrategia hori, eta Mendebaldeko gobernuak euren enpresa teknologietako inbertsio txinatarrak mugatzen hasi dira. Bestalde, Txinak oztopo garrantzitsu bat dauka AA bere armadan egokitzeko; izan ere, azken hamarkadetan Txinak ez du gerra handirik egin. Eta esparru militarrean AAren erabilerarik eraginkorrena lortzeko, beharrezkoa izango da gudu-zelai errealean probatzea.

ERRUSIA

Vladimir Putin buru duen herrialdea berandu hasi zen Adimen Artifiziala segurtasun nazionalean funtsezko teknologiatzat hartzen, hain justu 2017an. Baina, Errusiak hasieratik zuzendu du esparru militarrera AAren ikerketa, haren doktrinaren arabera, esparru militarrean egiten den aurrerabide bakoitzak aurrerapena ekartzen baitu gero esparru zibilean.

Gainera, Ukrainako gerra akuilu izan da armadaren AAn oinarritutako ikerketarako eta berrikuntzarako. Business Inder komunikabide alemaniarraren arabera, Errusiak urteak daramatza AAn oinarritutako kontrol sistema bat garatzen. Sistema hori arma-sistema guztien interkonexio estrategikoan datza, eta aintzat hartzen ditu soldaduak zein misil nuklearrak.

ISRAEL

Israel mundu mailako potentzia izan ez arren, eskualde mailako potentziarik handiena da AAren aurrerabide militarrei dagokienez. Palestinako lurren okupazioan oinarritutako Estatu bat denez, etengabeko gerra egoera horrek bere indar armatuak etengabe modernizatzera behartzen du. Haren programa nuklearra bezalaxe, Israelen AAren garapen militarra ez da batere gardena. Ordea, gauza jakina da Israel lehena dela Adimen Artifizialaren aplikazioan zenbait eremutan, esaterako tripulaziorik gabeko lur eta aire ibilgailuen eremuan. Ibilgailu horiek dagoeneko herrialdeko mugak zaintzen dituzte, eta arma hilgarri autonomoen sistemei bide eman diezaiekete.

Israelek bere burua potentzia teknologiko gisa erakusten du munduaren aurrean, bere lurraldean kokaturik dauden ehunka enpresa eta startup direlakoekin. Modu horretan munduko zientzialaririk onenak erakartzen saiatzen da. Era berean, Defentsa Ministerioak AAren ezarpen militarrerako garapen eta ikerketa proiektuak finantzatzen ditu, badaki-eta Ekialde Ertaineko eskualdean Israelen nagusitasun militarra funtsezkoa dela Estatu sionistaren existentziarako. 

EUROPAR BATASUNA

EBko estatu kideek eta Europar Batzordeak berak gertatzen ari denaren jakitun dira: Europa atzean geratzen ari da AAren lasterketa teknologikoan, eta arrakala hori murriztu eta beste potentzietako teknologiaren aurrean nolabaiteko autonomia bat eduki baino ezin du egin. Horretarako, funtsezkoak dira Horizon Europe bezalako inbertsiofunts europarrak. Izan ere, ekoizpen teknologikoan liderrak diren enpresa europarretan inbertitzeko asmoa dute. Baina Europar Batasunarentzat are garrantzitsuagoa da teknologia atzerritarraren sarrera mugatzea, batez ere txinatarrera, baina baita estatubatuarrera ere. Horretarako, eskumena duen lurraldeetan araudi zorrotzagoa ezartzen du, esaterako, datuen babeserako eremuan. Esparru militarrean, ordea, EBk ez du oraindik Adimen Artifizialaren erabilerari buruzko legerik egin.

ONDORIOAK

Argi geratu den bezala, potentzia handi guztiak arma eta teknologia lasterketan murgilduta daude, jakitun baitira norgehiagoka geopolitikoa gero eta handiagoa dela, eta edozein unetan egoera kontinente mailako gatazka militar bihur daitekeela. Momentuz, potentzia handiek egiten dituzten proxy gerrek, tartean Siriako gerrak eta martxan den Ukrainakoak, AA armadetan ezartzeko esperimentazio zelai gisa balio dute. 

Momentuz, potentzia handiek egiten dituzten proxy gerrek, tartean Siriako gerrak eta martxan den Ukrainakoak AA armadetan ezartzeko esperimentazio zelai gisa balio dute

AAk aukera ematen du gerra kapitalistek gizakiak hil ditzaten gizakiaren beraren parte hartzerik gabe, eta horrek esan nahi du giza kontzientziak ez duela eraginik izango norbait hiltzeko orduan. Bigarren Mundu Gerrako nazien sarraski-esparruetan soldadu batek, hots, gizaki batek, egin behar zuen presoak gasez hiltzeko prozesua, eta Hiroshiman eta Nagasakin bonba atomikoak bota zituena ere gizaki bat izan zen. Baina gaur egun aurrean daukaguna zera da: giza sarraskiak algoritmo adimendun batek egingo dituela, eta horrek ez duela sentitzen ez oinazerik, ez damurik.

Gerraren historia damurik sentitu gabe ahalik eta pertsona gehien hilko dituzten soldaduak lortzeko prozesuaren historia da. Era berean, kapitalismoaren historiak erakusten du ekoizpen indarren arloko aurrerapausoak beti bukatzen dutela suntsipen bide bihurtzen; kasu honetan giza bizitza suntsitzeko bitarteko bihurtzen dira. Adimen artifiziala berez ez da kaltegarria, kaltea teknologia hori garatu eta ezarriko duen harreman sozialen sisteman dago: kapitalismoan.

BIBLIOGRAFIA 

Arteaga Martín, F. (2019): «Contexto estratégico de la inteligencia artificial», en Documentos de Seguridad y Defensa 79: La inteligencia artificial, aplicada a la defensa, Instituto Español de Estudios Estratégicos (IEEE), 153-171 or. 

Aznar Fernández-Montesinos, F. (2019): «Inteligencia artificial y geopolítica», Claves de Razón Práctica, 267, 62-71 or. 

Delcker, J. (2019): «How killer robots overran the UN», Politico, otsailaren 12a. 

Gómez de Agreda, A. (2020): «La inteligencia artificial en el campo de batalla», en Usos militares de la inteligencia artificial, la automatización y la robótica (IAA&R), Ministerio de Defensa y CESEDEN, 131-158 or. 

Kinder, T. (2023): «How Silicon Valley is helping the Pentagon in the AI arms race», Financial Times, uztailaren 31. 

Tarancón Fernández, A. (2023): «¿Está la inteligencia artificial rompiendo nuestra geopolítica?», Geopol, abuztuaren 4a .

Torres Jarrín, M. (2021): «La UE y la gobernanza ética de la inteligencia artificial: inteligencia artificial y diplomacia», Cuadernos salmantinos de filosofía, 48, 213-234 or.

Vigevano, M. R. (2021): «Inteligencia artificial aplicable a los conflictos armados: límites jurídicos y éticos», Arbor, 197(800), a600.

EZ DAGO IRUZKINIK