Testu honetan, gazte problematikaren analisian osasun mentalaren gaia txertatzeko ahalegina egin nahi da. Hain zuzen, sistema kapitalistak eta, konkretuago, krisi testuinguruko gazteriaren egoera ekonomikoak zein bizi ereduak nola zeharkatzen duten haren osasun mentala. Edonola ere, datu soziologikoak erabiliz egindako hurbilpen bat baino ez da, eta gako orokor batzuk ematea da nire asmoa, kritikatua eta berrikusia izan beharreko edukia.
Munduko Osasun Erakundearen arabera, 2030. urterako arazo psikologikoak izango dira munduko ezgaitasun kausa nagusiak eta, egun ere, % 12,5 dira, minbizi eta gaixotasun kardiobaskularren aurretik. Espainiako Estatuan, lautik batek diagnostikatutako gaixotasun mentalen bat izango du bere bizitzan zehar eta, azken bi urteotan, gorakada izugarria izan da: pandemia hasi zenetik, Espainiako Estatuko biztanleriaren % 6,7k –gutxienez– esparruko profesionalen laguntza bilatu dute eta % 18,7k eta % 21,6k antsietateari loturiko sintomak dituztela zenbatzen da. Albisterik lazgarriena, agian, 2020ko 3.914 pertsonako suizidio kopuruarena izan zen: 1906tik izan den zifrarik altuena.
Artikulu honetan, gai konplexu horren azterketa politiko eta koiunturala egitea da nire asmoa, inkesta eta azterketa soziologiko ezberdinek bildutako informazioa klase ikuspegi batetik lantzeko saiakera egitea. Izan ere, azterketa soziologikoek auziak hartu duen dimentsioa haztatzeko balio duten arren –hala nola, gaixotasun mentalen kopuruak edo itxurazko zergatiak jakiteko–, ez digute errealitatea den bezala ulertzeko balio. Aldagaiak modu independentean sailkatu ohi dituzte eta, arazoaren errora jo beharrean, sistemaren baitan aldaketak, lege-proposamenak edota prebentzio eta kontzientziazio kanpainak proposatzen dituzte, eta aurpegia zuritzeko erabiltzen dituzte, gainera. Horrela, datuon interpretazioa XXI. mendeko kapitalismoaren egitura ekonomikoa zein gainegitura soziala kontuan hartuz egin behar dela deritzot, auziaren erroa non datzan jakiteko eta kausak, egiazki, ekoizpen ereduak zeharkatzen dituela ondorioztatzeko.
Hurrengo lerroetan, joera gorakorra erakutsi duten arazo psikologikoetan jarriko da fokua. Alabaina, ikuspegi zabal batekin heldu nahi diet. Diagnosi hertsiak plazaratzetik urrun, gero eta ohikoagoak diren sintoma eta patroiez jardungo naiz, egoerak ilustratzeko adibideak emanez eta inkesta ezberdinek erakutsitako kausa nagusiak gazte langileon bizi ereduarekin alderatuz. Gazte subjektuan jarriko dut fokua, gaur-gaurkoz, burgesiaren ofentsiba ekonomiko eta politikoan guztiz baliagarria den subjektua delako. Izan ere, langile belaunaldi berrietan esku hartuz proletalgo osoaren esplotazio-modalitate berriak ezartzea du helburu, osasun psikologikoan ondorio zuzenak dituena. Gainera, gazteriak osasun mentalarekiko duen zaurgarritasuna, bere klase kondizioak ez ezik, gaztaroko burmuinaren finkapenak ere baldintzatzen du, aro erabakigarria izanik gaixotasunen garapenean.
OSASUN MENTALAREN KLASE DETERMINAZIOAZ
Desoreka mentalak bizitzan modu osasuntsuan jarduteko gaitasuna murrizten edota kentzen duten desbideratze arrazional, emozional eta jokabide-patroiak dira, behin-behinekoak zein kronikoak izan daitezkeen eta elkarreraginean diharduten patroi disfuntzionalak. Izatez, normala da bizitzan gorabeherak pairatzea –pentsamendu, emozio eta jarrera erasokorrak eta kaltegarriak izatea, saihes-mekanismo disfuntzionalak bilatzea, etab.–; gure izate inperfektuaren parte dira denak ala denak. Hala ere, banakoaren (eta ingurukoen) eguneroko bizitza kaltetzean, egonezin maila altuak sorraraztean eta kontrolagaitz bihurtzean esan ohi da gaixotasun baten aurrean aurkitzen garela.
300 gaixotasun mental baino gehiago katalogatu dira DSM-V Gaixotasun Mentalen Diagnosi eta Estatistikarako V. Eskuliburuan, baina nagusiki ageri direnak antsietate, aldarte, auto-pertzepzio, elikadura eta menpekotasun desorekak dira. Adinari erreparatuz, desoreka mentalen % 50 14 urtetik behera eta % 75 18 urte aurretik garatzen direla jakinarazi du Munduko Osasun Erakundeak, gehienak atzematen ez diren arren. Azken mendeetako medikuntzak eta psikoanalisiak ondorioztatu dutenez, haurtzaroko burmuin garapenak gaixotasunen joeretan funtzio erabakigarria betetzen du. Haurdunalditik hasita bizitzako lehen urteetara, belakien gisara funtzionatzen du garunak eta, jarraian, nerabezaroan eta gaztaroan osatzen da banakoen nortasuna, iraunkorra eta hein batean aldagaitza den bereizgarri multzoa.
Desoreka mentalen % 50 14 urtetik behera eta % 75 18 urte aurretik garatzen da
MOEk hiru multzotan sailkatzen ditu osasun mentalaren determinatzaileak: «indibidualak», «sozialak» eta «ingurumen-faktoreak». (a) Ezaugarri indibidualak autoestimu urria, heldutasun kognitibo eta emozional txikia, komunikatzeko zailtasuna, gaixotasun fisikoa, substantzia toxikoen kontsumoa eta bakardadea dira. (b) Zirkunstantzia sozialak, bestalde, babesgabetasuna, familia-gatazka, zuzenean edo zeharka biolentzia pairatu izana, diru-sarrera urria, pobrezia, ikasteko zailtasuna, eskola-porrota, estres laborala, langabezia eta oinarrizko baliabideak eskuratzeko ezintasuna lirateke. (c) Azkenik, ingurumen-faktoreetan bazterketa eta injustizia, parekidetasun sozialik eza eta gerra edota hondamendi naturalak sailkatzen dira. Sarreran esan bezala, faktore guztiak elkarloturik daudela eta klase zapalkuntzak zeharkatzen dituela bistakoa da, baina ikuspegi desklasatu batetik aurkezten dira, independenteak eta zoriari edo ardura indibidualari egotziak izango bailiran. Behar bada ez hain esplizituki, baina arazoaren erroaren analisi ezak ez du hura iraultzeko proposamen integralik egiteko aukerarik uzten. Horrela, faktore sozialak erreprodukzio ekonomikoari eta klase-arteko harremanei dagozkien bezala, ingurumen faktoreek ere mundu mailako interes kapitalistei erantzuten diete, arazo indibidualetan gauzatzen direlarik: bakardadea, autoestimu urria, substantzia toxikoen kontsumoa eta abar errealitate kapitalistak hauspotzen dituen praktika eta bizi ereduak dira.
Gainera, gaixotasun psikologikoetarako joera handiagoak dituzten subjektibitate eta estratifikazioak erreproduzitzen ditu gizarte kapitalistak. Hala nola, periferia inperialistako proletalgoa, gerra-testuinguruan bizi dena, emakumea, etorkina, nazio, sexualitate edota genero ez normatiboa duena, etab. Historikoki gutxietsiak izan diren subjektibitate horiekiko menderakuntza bere egin du kapitalismoak, gainbalio-tasak handitzeko eta langile klasea zatitzeko xedearekin. Eta arazo psikologikoen garapenean eragin zuzena dute kolektibo horiek pairatzen dituzten miseria espezifiko eta traumek: pobrezia estrukturalak (debaluazioa, edota langabezia-tasa altuak), klase barneko zapalkuntzak (estigma, diskriminazio eta jazarpen soziala) edota zuzeneko errepresioak (gerra, kriminalizazioa, espetxeratzeak). Suizidioaren Prebentziorako eta Biziraun dutenen Atentziorako Elkarteak (APSAS) adierazi duenez, suizidio-tasa arras altuagoak pairatzen dituzte talde zaurgarri eta baztertuek, hala nola, LGBTI komunitateak. Emakumeek, bestalde, gizonen aldean, depresioa hiru aldiz, elikadura nahasmenduak zazpi aldiz eta antsietateari loturiko sintomak bi aldiz sarriago izan ohi dituzte.
Suizidio-tasa arras altuagoak pairatzen dituzte talde zaurgarri eta baztertuek, hala nola, LGBTI komunitateak. Emakumeek, bestalde, gizonen aldean, depresioa hiru aldiz, elikadura nahasmenduak zazpi aldiz eta antsietateari loturiko sintomak bi aldiz sarriago izan ohi dituzte
Koiunturalki, krisi kapitalista ezkutatzen duen pandemiak gaixotasun psikiatrikoen gorakada estrukturala ekarri du, areagotutako pobreziaren eta hori ahalbidetzen duten aldaketa kulturalen ondorioz. Esaterako, beldur mekanismoak, isolamendua, bizitzako alor guztien teknifikazioa, askatasunen murriztea eta neurri totalitarioak. Paraleloki, ongizate estatuaren gainbehera izaten ari den garaian, Europako burgesia osasun sistema «publikoen» edo estatukoen eraistea gauzatzen ari da, proletalgoa gero eta babesgabeago utzirik arazo horien aurrean: dirua duenarentzat zerbitzu azkarretarako eta kalitatezkoetarako aukera bermatzen da, gainerakoek, hilabeteetako itxaronaldiak eta arreta gero eta urriagoa duten bitartean. Hori gutxi balitz, ez nuke aipatu gabe utzi nahi nola, osasun mentalaren arazoa, burgesiaren interesekiko funtzional bilakatzen den egungo testuinguruan. Irabazi ekonomikoak izateko, psikofarmakoen salmenta, arreta psikologikoaren pribatizazioa, auto-laguntza, medikuntza alternatibo eta bestelako kontsumo-gaien bidez; edota masa kulturaren bitartez gaia merkantilizatuz eta haren inguruko iritzia inposatuz. Etorkizunari begiratuz, arazo psikologikoak ezgaitasunen kausa nagusi bilakatuko direla aurreikusten da eta, proletalgoaren miseria sortzen, areagotzen eta betikotzen duten bezala, sistema kapitalistak horiek probesten ditu, ekonomikoki zein politikoki.
GAZTEON BIZI EREDUA ETA OSASUN MENTALA
Gazteria proletarioa osasun mentalak zuzenean eragiten dioten subjektibotasun horietako bat da. Balentziako Unibertsitate Politeknikoko 2021eko inkesta batek adierazi duenez, pandemia aurretik nerabe eta gazteen % 44k jada arazo psikologikoak pairatzen zituzten. Reina Sofia eta FaD-en Gazte Barometroaren arabera, 2019an % 34,4k aldizkako suizidio pentsamenduak eta % 5,8k etengabeak izan zituzten. 2020an, 300 gaztek beren buruaz beste egin zuten Espainiako Estatuan. Oro har, gazteen arazo mentalak hurrengo gaixotasun psikologikoei lotuak daudela ondorioztatu zuen Gazte Barometroak: antsietate desorekak, izu eta fobiak, depresioa, loaren nahasmenduak, elikadura-nahasmenduak, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa, trauma osteko estres nahasmendua eta substantzia-menpekotasuna.
Gazte problematikaren eta arazo mentalen arteko lotura argudiatzeko, hurrengo eran banatu dut informazioa: batetik, gazteriaren baldintza ekonomikoen eta antsietate-desoreken arteko lotura azalduko dut, bai eta, albo-kalte gisa, sintomatologia depresiboan zertxobait sartu ere. Bestetik, gazteen despolitizazioan eta bizi ereduan sakonduz, aisialdi eta harreman ereduak aztertuko ditut, antsietate sozialarekin, autopertzepzio eta elikadura-nahasmenduekin zein menpekotasunekin erlazionatuz.
1. Ezegonkortasun ekonomikoa, estresa eta antsietate-desorekak
Antsietate-desorekak estutasun eta kezka menderakaitzek ezaugarritzen dituzte, bai eta egonezina bera lasaitzen duten jokabide disfuntzionalek ere. Beldurra eta kezka bezalako emozioak erantzun biologiko onuragarriak dira; arrisku zein mehatxuetatik aldentzera eramaten gaituzte. Hala ere, ezinegona irrazional bilakatzean, eguneroko ekintzekiko ikara bizia garatzean bilakatzen da ahulgarri. Horien artean aurkitzen dira, hala nola, antsietate orokortua, soziala, fobiak eta izu krisiak, eta sintomen adibide batzuk hurrengoak dira: emozionalki, beldurra, kezka, lotsa, konfiantza eza sentitzea; mentalki, pentsamendu negatibo, auto-erasokor edo katastrofikoetan murgiltzea, kognizio- eta kontzentrazio-arazoak; fisikoki, baita ere, ezinegon orokorra, dardara, bihotz bulkaden igoera, arnasa moztea, goserik eza edo, batzuetan, antsiaz jatea.
2018an, EAEko Osasun Inkestak 15 eta 24 urte bitarteko gazteen antsietate eta depresio sintomen prebalentzia % 7,8an zegoela kalkulatu zuen, Bizkaiko nesketan % 13,9ra igotzen den zifra. Eta pandemia garaian areagotu den sintoma nagusia izan da. Konfinamendu sozialetik (ekoizpena ez baita gelditu) ateratzean, segurtasun falta orokortua hazi egin da gazteen artean, osasunaren izenean pairatutako murrizketak eta kriminalizazioa direla eta: aisialdi-murrizketak, esparru publikoaren erabilera zigortzea, gaztetxeen eta gazte lokalen itxiera, poliziaren presentzia etengabea, birusa hartzearen mehatxu sanitario, sozial eta ekonomikoa... 2019ko Gazte Barometroaren arabera, gazteen artean estres maila altuak –0tik 10erako eskalan 7-10 bitartean sailkatuak– eragiten dituzten bizitzako esparruak hurrengoak izan ziren: ikasketak eta lana, autonomia ekonomikoa eskuratzeko presioa, osasun fisiko eta mentala, familia eta lagun harremanak eta sare sozialak. Atal honetan aspektu ekonomikoan jarriko dut arreta.
Beraz, gazteen erdiarentzat ikasketak eta lana dira estres maila altuenak sorrarazten dituzten esparruak eta, horiei loturik, hurrengo kezka nagusia autonomia ekonomikoari loturikoa da, nesken % 46,7rentzat eta mutilen % 27,8rentzat. Izan ere, ezegonkortasunak ezaugarritzen ditu gazte langileon baldintza ekonomikoak: langabezia estruktural bilakatu den krisi-garaian, gure gurasoen belaunalditik hona eman diren aldaketa nagusiak emantzipazio adinaren gorakada eta lan baldintzen prekarizazioa izan dira, krisian ez baitago proletalgoa ekoizpenean orain arteko baldintzetan txertatzeko gaitasunik. Azken hamarkadetan, gazteriari zuzendutako estrategia desberdinak jarri dira martxan: batetik, ikasketa urteak izugarri luzatu dira, langileria aktiboaren ehunekoak jaitsiz eta hezkuntza-instituzioen etekinak handituz. Horrela, gradu, master, hizkuntza-titulu eta bestelakoak ordaintzera bideratu dira gaztaroko urteak. Bigarrenik, gazte lan merkatuaren prekarizazioa legeetan zein kulturan inpunitate osoz erregulatua izan da eta, beste erremediorik gabe, aldi baterako lanak, kontraturik gabekoak, debaluatuak... onartzera beharturik aurkitzen da egungo gazteria.
Gazteen erdiarentzat ikasketak eta lana dira estres maila altuenak sorrarazten dituzten esparruak eta, hari loturik, hurrengo kezka nagusia autonomia ekonomikoari loturikoa da
Eta antsietatearen ondorioak ahulgarriak dira, nola edo hala, bizitzari aurre egiteko gaitasunak murrizten baititu. Gazteen % 30ek arazoa sozializatzeko eta konpontzeko ahalegina egiten duten arren, gehiengoak harekin bizitzen eta ahal duen neurrian ekiditen ikasten du. Edonola ere, hautu indibiduala izatetik urrun, faktore ezberdinek baldintzatzen dute laguntza ez eskatzea: estresaren normalizazioak, gaixotasun psikologikoekiko estigmak, ezintasun ekonomikoak eta bestek.
Eta estresa maneiatzen, hein batean, momentuko jarduera lasaigarriak bilatuz ikasten da gaur egungo gizartean, arazoa estaltzen duten ihes egite mekanismoen bitartez: alferkeria bezala interpreta daiteke, prokrastinazio gisara –zerbait gerorako uztea, egin behar duzula jakinik–, arazoan pentsatzea eta ezinegona sentitzea ekiditen duten jardueretan murgiltzea –mozkortzea, mendekotasuna sortzen duten elikagaien edota drogen kontsumoa–, mugikorraren erabilera etengabea, eta abar. Hau gutxi balitz, behin zerbaitetan hasita, antsietateak, nahikoa ez izatearen pentsamenduek, izu-biziak edo kontzentrazio faltak, egitekoa uztera behar lezake banakoa. Alabaina, hasierako definizioan esan bezala, argigarria da nola, antsietatea saihestu nahiak hura areagotu baino ez duen egiten. Ezinegona sortzen duten ekintzek banakoaren orainaldiko zein etorkizuneko erreprodukzioa baldintzatzen badute, horiek ekiditea disfuntzionala bihurtzen da nahitaez. Era berean, gaixotasun mentalak modu egokian sendatu behar dira, etorkizunean haiek berriz pairatzeko aukera handiagoak sortzen baitituzte –horra hanka bihurritzearen erkaketa–. Are, bizitzako lehen urtaroko pertsonalitate- eta burmuin-garapenarekin batera agertuz gero. Antsietatea burmuinean finkatutako erantzun-patroi bihur daiteke, gerora, egoera ezberdinen aurrean agertzen den egonezin neurrigabe eta azalgaitza.
2. Sintomatologia depresiboa gazterian
Sarri antsietateak eragina, eta alderantziz, depresioa ere XXI. mendeko gaixotasun mental sistematikoenen artean kokatzen da. Humore-erregulatze edota aldarte desoreka bat da, nahasmendu bipolar edo distimia bezalako gaixotasunak bezala. Hurrengo ezaugarriak ditu: tristura sakona, negargura etengabea, aldarte eta autoestimu baxuak, gauzak egiteko interes galera, funtzio psikikoen murriztea, nekea edota gelditasun fisikoa. Gazte Barometroan, arazo psikologikoak aitortu zituzten gazteetatik % 39k diagnostikatutako gaixotasun depresiboren bat izan zuten, hau da, lagin osoaren % 19k. Halaber, sintomatologia proportzio handiagoan ageri zen: gazteen % 40k nekea edo energia falta, lo-arazoak, apetitu galera edota igoera aitortu zuten; % 33k porrot sentsazioa eta autoestimu urria, goibeltasuna eta ahultasuna, eguneroko jarduerak egiteko interes falta eta kontzentratzeko ezintasuna; azkenik, % 25ek inhibizioa, egonezina, bulkada-kontrol baxua eta sentsazio oldarkor zein bortitzak adierazi zituzten.
Sintomatologia depresiboa faktore ugarik eragin dezakete eta, beldurra funtzionala izan daitekeen bezala, tristura edo apatia ere erantzun biologiko esentzialak dira, ez soilik gizakiontzat. Maite dugun norbait galtzeak, herriminak, arteak berak, eragiten digute tristura, galeraren graduaren arabera dolu-aldi bihur daitekeen sufrimendua. Batzuetan, tristura-aldi bat pairatzea eta handik ateratzea atsegingarria ere izan ohi da. Aitzitik, depresioaren gaitza emozio horrek hartzen duen laztasunak, iraunkortasunak eta handik ateratzeko ezintasunak ezaugarritzen dute, bai eta, sarri, mina justifikatzen duen itxurazko arrazoirik ez izateak. Ondorioz, bizitzarekiko ezintasun eta apatia mental, emozional eta fisikoan gorpuzten da: izan eguneroko ekintza txikienak aurrera eramateko ezintasun erabatekoa –ohetik altxatzea, higiene eta elikadura pertsonalak bermatzea, kalera ateratzea– edota, erreproduktiboki funtzionala izaten jarraitu arren –lanera joaten jarraitzea, ikasten, politikan jarduten, lagunekin ateratzen–, gero eta neketsuagoa eta ilusiorik gabea den bizitza aurrera eramatearen sentsazioa gailentzen da, plazera, poza, euforia egiazki sentitzeko eta hari eusteko ezintasun konstanteraino.
3. Harreman eta aisialdi ereduen ondorioak: antsietate soziala, auto-pertzepzio eta elikadura-nahasmenduak eta menpekotasunak
Errealitatea iraultzeko gaitasunik ez duen subjektua erreproduzitzea bilatzen du kapitalismoak. Eta despolitizazioa, teoria eta praktika iraultzailea erdiesteko ezintasuna modu ezberdinetan inposatzen da: batetik, hezkuntza sistema edo masa komunikabide bezalako ideologizazio mekanismoen bitartez, statu quoaren defentsa egiten da, errealitatea aztertzeko tresna oro alboratuz, gizarte aske baten eraikuntzaren premia ikusezin bilakatuz, karikaturizatuz edota zuzenean kriminalizatuz. Bestalde, langileria ekoizpen bitartekoetatik desjabetua egoteak, sistemaren baitan gaitasun politiko propioak eskuratzeko ezintasunean uzten du: politika burgesiaren neurri berean egiteko ezintasuna, instituzio propioak eraikitzeko baliabide eza edota, behin antolaturik, etsaiaren errepresiotik babesteko desabantaila militar totala.
Azkenik, sistemarentzat onuragarriak diren elementu kulturalak erreproduzitzen dira, eta horiei erreparatuko diet hurrengo lerroetan. Batetik, egoera ekonomikoak zuzenean baldintzatzen du gazteen bizi eredua: adibidez, ikasketak egiteko herritik atera beharra, deserrotzea eta komunitatearekiko atxikimendurik eza, ikasketekin uztartuta aste osoan lan egin beharra, kontsumora bideratutako aisialdi pobrea izatea, emigratzeko disposizioa, «bidaiatzeko aukera» bezala mozorrotuta, etab. Horrela, bizi eredutik eratortzen den (edota horren parte den) egungo kultura proletarioaren ezaugarri ugari despolitizazioaren baitan ulertu behar dira, banakoa isolatzeko eta langile klasea zatitzeko funtzioak betetzen baitituzte. Esaterako, indibidualismoa, lehiakortasuna, lanpostura bideratutako bizitza, deserrotzea, identitateak balio burgesen bidez eraikitzea, isolamendua eta komunikazioaren teknifikazioa; ihesera eta oinazea apaltzera bideratutako aisialdi kapitalista, eta abar luze bat.
Gazteen harreman eta aisialdi ereduak kultura proletarioaren parte dira, gazteriaren funtzio burgesa hauspotzen duten jokatzeko eta errealitatea hautemateko patroiak. Harreman ereduan ikus daitezke, gero eta lagun-zirkulu txikiagoak izatea (batez ere hirietan), bizi osoko lagunekiko urruntzea (kanpoan ikasi edo lan egitearen ondorioz) edota, orokorrean, bizi proiekturen bat partekatzetik urrun, aisialdira bideratutako harremanak izatea. XXI. mendeko aldaketa nagusia harremanen digitalizazioa izan da, gazteen artean guztiz erroturik dagoen fenomenoa. VUPeko inkestak adierazi duenez, pandemiaren ostean gazteen % 60k esponentzialki areagotu dute sare sozialen erabilera, eta horiek erreproduzitzen dituzten harreman eta aisialdi ereduek ondorio zuzenak dituzte gazteriaren osasun mentalean.
Gazteen % 81,3k bakardade sentimenduak aitortu zituzten Gazte Barometroan, horien erdiak sarri edota etengabe. Gaur egun, sare sozialek bakardade kroniko horri erantzuten diete, hura hein batean asez. Hala ere, pertsonen arteko harremanen oinarrizko alderdi ugari alboratzen dituzte: adierazgarritasuna, bat-batekotasuna, keinuak, emozioak, elkarrizketa edo lagun batengan arreta guztia jartzea, etab. Kanala bera, traba da bestearen tonuaz edota emozioez jabetzeko, enpatia eta ulerkortasuna murriztuz: cyberbullyinga, sareetako liskarrak, haterak, jazarpen sexuala, eta bestelako harreman toxikoak erreproduzitzeko oholtza perfektua bihurtzen direlarik. Bakardadearen eta harreman telematikoen ondorioetako bat antsietate soziala izan daiteke, giza-harremanek eragindako ezinegon eta ziurgabetasuna, oro har gorantz doan arazo psikologikoetako bat: mugikorrari erantzun beharrak, sareetara igotako argazki batek izan dezakeen erreakzioak, jende berria ezagutzearen ideiak edota hurbileko lagunekin egon beharrean pentsatze hutsak pitz dezakete. Gazte Barometroak kalkulatu bezala, harreman sozialei jarraiki, sare sozialak izan ziren 2019an gazteen artean estres faktoreetako bat, % 13,6ri eragiten zietenak.
Pandemiaren ostean gazteen % 60k esponentzialki areagotu dute sare sozialen erabilera, eta gazteen % 81,3k bakardade sentimenduak aitortu zituzten Gazte Barometroan
Bestalde, ideologia edota kosmobisio burgesaren txertatzeko tresnak dira, norbere izatearen, identitatearen erakusleiho bezala funtzionatzen baitute. Bakoitzaren profilak gure pertsona ordezkatu behar du, bizitzako alderdi guztiak etengabe sareetan erakutsiz: lagunak eta familia, kirola egitea, parranda egitea, itxura fisiko gero eta hipersexualizatuagoa, zaletasunak, oparotasun ekonomikoa, gaitasun artistikoak, etab. Balore horiek, azken batean enpresak diren kontu, kanal eta influencer ezberdinek erreproduzitzen dituzte, gainera, sare sozial bidezko arrakasta ekonomikoaren ideia gazterian txertatuz. Eta ezin ebatzizko kontraesana dakarte gazteria langilearen errealitateak eta sare sozialetan erakusten den irudiak. Horrela, ametsetako bizitza eskuratzeko ezintasuna baina, aldi berean, aspirazionismoa eta itxurakeria inposatzen dira.
Banakoarengandik espero den bizitza, meritu propioei zor zaiena antza, lortzeko ezintasunak eragin zuzena du bizitzarekiko asebetetzean, besteekiko pertzepzioan zein autoestimuan: sintoma depresiboak, inbidia eta lehiakortasuna adibidez. Horri loturik, sare sozialetan hipersexualizazioak eta gorputzen kosifikazioak hartu duten nagusitasunak ere eragin zuzenak ditu: biolentzia matxista elikatu ez ezik, auto-pertzepzio eta itxura fisikoari loturiko arazo mentalak sor ditzakete, sarritan elikadura-nahasmenduetan gauzatzen direnak. Azken horiek emakumeen % 10,8ri eragiten diete, eta pandemia garaian hirukoiztu egin direla zenbatzen da, batez ere neska nerabe eta gazteen artean; kasu, Basurtuko Psikiatria Zerbitzuek adierazi bezala, 2020ko martxotik aurrera esponentzialki hazi dira malnutrizioari loturiko ospitaleratzeak.
Eikadura-nahasmenduak emakumeen % 10,8ri eragiten diete, eta pandemia garaian hirukoiztu egin direla zenbatzen da, batez ere neska nerabe eta gazteen artean
Gainera, Facebook, Instagram, Twitter eta bestelakoak informazio pertsonala biltzen duten enpresak izanik, hura salduz irabazi izugarriak ateratzen dituzte –izan kontrol sozialerako, banakoaren neurrira egindako publizitatea txertatzeko, edota estatistika ezberdinak ateratzeko–. Eta kontsumitzailea sareetara ordu luzez loturik mantentzeko mendekotasuna sortzen duten produktuak dira, edukiei zein formari dagokienez giza psikologia ondo baino hobeto ezagutzen dutenak: masa kultura eta hango idoloen bizitza (elitezko aktore, abeslari edo kirolariena), proletalgoaren barneko kolore ezberdinetako zapalkuntzak, gero eta bortitzagoak gainera, ezertarako balio ez duten jakintza idiotizatzaileak, hack edo trikimailuak, desinformazioa sustatzen dutenak, bizitzako alor guztien sexualizazioa, sormenaren kontsumo pasiboa (norbait marrazten, abesten, dantzatzen... ikustea), bezalako edukiak erakusten dituzte.
Azkenik, jai eredua laburki aipatuz bukatu nahi nuke, bakardade eta teknifikazioaren kontrapartida asetzen duen esparru bakarrenetakoa baita. Horixe bai dela langileria fisikoki batzen den aisialdi esparru nagusia, eta helburu ekonomiko zein erreproduktiboak betetzen ditu: jai ereduan lan indarraren esplotazio masiboak izaten dira, gizakiok harremanak izateko daukagun ezinbesteko beharrari erantzuten dion bitartean. Hala ere, jai kapitalista ere ihes-mekanismo bat da, errealitatetik askatzeko erabiltzen dena, eta drogen kontsumoari hain loturik egoteak, jada akastuna den harreman eredu zapaltzailea areagotzen du: biolentzia, liskarrak, eraso sexistak, eraso homofoboak, lapurretak, etab. emateko testuinguru ezin hobea. Gainera, toxikoen kontsumoak eragin nabarmena du funtzio psikikoen eta fisikoen kaskartzean, baita gaixotasun mentalen garapen orokorrean ere, nerau horretan sartuko ez naizen arren.
ONDORIOAK
Azterketa honen ondorioa, azken batean, kapitalismoak osasun mentalaren arazoa (ere) erreproduzitzen duela da, egungo proletarizazioan gazterian ikus daitekeen fenomenoa. Aipatu guztiagatik, ikuspegi hori sistemaren kritika orokorraren baitan eta, beraz, komunismoaren eraikuntzaren beharrezkotasunari loturik ulertu behar da. Izan ere, kapitalismoan ondasunak eta ongizatea ekoizteko gaitasun izugarria eskuratu den arren, horiek banatzeko, askatasun unibertsala bermatzeko ezintasuna ardatz duela argi izan behar dugu, izan estatu-instituzioei zein pribatuei dagokienez. Hala, antolakuntza komunistaren egungo egitekoa proletalgoaren bizi baldintzak borrokatzea ez ezik, bizitzaren arlo guztiekiko pentsamendu kritikoa garatzea da, praktika iraultzaileak forma har dezan. Hala nola, osasun mentalaren esparruan proposamen integralak egin ahal izateko, zein arazoa betikotzen duten ezaugarri kulturalak identifikatu eta borrokatzeko, errealitate kapitalista osoa iraultzeko gaitasuna izango duen mugimendu politikoa antolatzea.
BIBLIOGRAFIA
[1] Inkesta: gazteak eta nerabeak, Osasun Mentala eta COVID-19. Universitat Politècnica de València, Observatorio de Educación y Bienestar Socioeconómica y Sexual.
[2] II. Gazteen Osasun eta Ongizate Barometroa. FAD eta C. Reina Sofía, 2019.
[3] EAEn buruko osasun arazoak dituzten haurrak, nerabeak eta gazteak: arreta baliabideen eta beharren azterketa. Fedeafes, Buru Gaixotasuna duten Pertsona eta Senide Elkarteen Euskadiko Federazioa (2021).
[4] Gazteria, osasun mentala eta ongizate emozionala. Nafarroako Gazteriaren Institutua, 2021.
[5] Espainiarren osasun mentalari buruzko inkesta COVID-19aren pandemian. Ikerketa Soziologikoen Zentroa (CIS), 2021eko otsaila.
HEMEN ARGITARATUA