Pobreziaren hazkundea eta nolakotasuna ARGAZKIA / Aitor Arroyo
Martin Goitiandia
2021/01/11

[Unai Ioldirekin batera idatzitako testua. Grafikoak ikusteko ikusi PDFa edo aldizkari fisikoa.]

«Pobrezia eta askatasun eza ziklo ekonomiko berriak berrezarri duen bizi eredu proletarioaren ezaugarri nagusiak dira». Honela mintzo da Gazte Koordinadora Sozialista bizi dugun egoeraren inguruko irakurketan[1]. Ildo berean ITAIAren urriaren 20ko irakurketak[2], Ikasle Abertzaleaken iraileko grebaren irakurketak[3] edo GEDARreko editorialak[4] Mugimendu Sozialistaren etorkizunerako oinarrizko hipotesietako bat argitzen digute: «Proletariotzak ez du bizi-aukera aburgesaturik eta ongizate estatuek ezin diote haren egiturazko kondizioari eragin; alabaina, kapitalak proletarizazio ofentsiba abiarazi du eta hitzartu litekeen klaseen arteko paktu-sozial berriak ez dio proletariotzaren existentzia miserableari aterabiderik eskainiko; argudio-komunista, beraz, menderaezina zaie sozialdemokratei. Bitartean proletarizazio prozesu hau aztertu eta taktikoki pentsa dezagun militanteok».

Burgesiak aberastasuna (plusbalioa) metatu behar du. Gaur egungo egoeran plusbalioa lortzeko arazoak ditu. Bere irabaziak urriagoak dira. Hau honela izanda, langile klaseak pobreagoa izan beharko du burgesiak aurrera egin dezan. Gaur egun bizi dugun pobretze horri deitzen zaio ofentsiba burgesa. Mugimendu Sozialista osoaren hipotesia da, beraz, bizi baldintzak are gehiago okertuko direla. Etorkizun beltz horretan hautu politiko komunista soilik ikusten da irtenbide bakar gisa. Hipotesi hori zuzena dela frogatzeak berebiziko garrantzia du beraz. Jendeak etxebizitza bat lortzeko ezintasuna izango badu, hor egongo da politika egiteko aukera hain zuzen ere. Bizi dugun ofentsiba burgesaren eragin zehatza mugatzea beraz funtsezko ariketa da. Ariketa horretarako lehen hurbilpen bat da erreportaje hau; aipatu dugun oinarrizko hipotesiaren kontrastea.

Hau honela izanda, langile klaseak pobreagoa izan beharko du burgesiak aurrera egin dezan. Gaur egun bizi dugun pobretze horri deitzen zaio ofentsiba burgesa. Mugimendu Sozialista osoaren hipotesia da, beraz, bizi baldintzak are gehiago okertuko direla

Horretarako neurketa estatistiko ofizialak erabiliko ditugu, errealitate enpirikoak berak hipotesia baieztatzen duela erakusteko. Horregatik aztertuko dugu Hego Euskal Herria muga administratiboen arabera, honela emanda daudelako datuak. Era berean, bizi baldintzen okertzea epe ezberdinetan ematen den joera bat da. 2008-2018 periodoa erabiliko dugu guk, neurketa estatistikoak honela eginda egoteaz gain XX. mendeko Ongizate Estatuaren paradigmaren desegitea gehien azkartu den tartea delako. Honela epe luzeko zein motzeko distortsioak ekidingo ditugu, bai eta 2020ean pandemiaren ondorioz emandako bat-bateko aldaketak ere. Azken aldaketa hauek ez dute kapitalaren joera ezeztatzen, indartu egiten dute, baina oraindik datu gutxiegi ditugu behar bezala aztertzeko. Tira, analisiaren nondik norakoak azaldu ditugu. Orain, egin dezagun galdera nagusia: handitu al da pobrezia, Mugimendu Sozialistak dioen bezala?

POBREZIA ETA LAN INDARRA

Lehenik eta behin, nola definitu dezakegu gure hipotesiaren arabera handitzen ari den pobrezia hori? Dokumentu ofizialek darabilten definizioaren arabera: «elkarbizitza unitate batek oinarrizko beharrizanei aurre egiteko diru-sarrera nahikoa ez izatearen egoera da pobrezia». Kontzeptu honetatik abiatuta zehatz-mehatz pobrezia izan ez arren gabezia material berberaren beste mailak definitu daitezke, pobrezia maila ezberdinak alegia: «Ongizatearen ausentzia gizarte batean espero den bizi maila mantentzeko nahikoa diru sarrera ez izatearen egoera da»[5]. Pobrezia maila ezberdin hauek, funtsean, lan indarraren erreprodukzio defizitarioak dira; hau da, langileak bere lan indarra balio edo prezio baxuagoan saltzea[6]. Nolanahi ere, gure hipotesia baieztatzeak honakoa inplikatzen du: langile klaseak bere lana saltzearen truke gero eta merkantzia gutxiago[7] eskuratzen dituela trukean.

Langileek merkantzia bat, produktu bat, ekoizten dutenean hura diru baten truke saltzen da. Lortutako diru hori kapitalistaren eta langilearen artean banatu behar da; soldata eta irabaziaren artean hain zuzen ere. Honelako era sinplean azalduta, oinarrizko lege honek esan nahi du kapitalistak bere zatia handitu nahi badu langilearen zatia murriztu behar duela. Murrizketa hau erlatiboa izan daiteke; lortzen den dirua handitzen bada, hazkunde egoera batean adibidez, bai irabazia bai soldata handitu daitezke nahiz eta erlatiboki etekinen zatia gehiago handitu. Hazkunde handiko egoera batean beraz langile klasearen zati baten egoera hobetu daiteke, pobreziatik urrundu, langile aristokrazia deiturikoaren kasuan bezala. Baina horretarako baldintza historiko oso zehatzak behar dira. Ohikoagoak dira hazkundea amaitzen edo moteltzen diren uneetan etekinen zatia mantentzen saiatzea soldatak jaitsiz[8].

Esandakoa erraz laburtu dezakegu. Demagun toki eta une bateko langile klasearen bataz besteko bizi-baldintzak kontsumo saski batekin definitzen ditugula (etxebizitza, elikadura, jantziak, aisialdia…). Denboran zehar merkantzia gehiago kontsumitu ditzaketela baieztatu dezakegu, baina hau aberastasunaren[9] zati handiago bat jasotzeagatik baino merkantzia horien kostua denboran zehar murrizten doalako da. Hau da, errealitatean kapitalista da etekinak handitu dituena[10]. Aldiz, salmentak diru gutxiago ematen duenean etekinak mantendu edo gutxiago murriztu ahal izateko soldatak murriztu behar dira. Krisi garaiak deiturikoetan murrizketa hauek kolpetik egin behar izaten dira. Honek inplikatzen du langile klasearen estratu ezberdinak pobretu egiten direla, bere erreprodukzioa ohiko mailaren azpitik kokatzen dela. Aipatu dugun kontsumo saski hori beraz ez da betetzen (etxebizitzan, elikaduran, jantzietan… eraginez)[11]. Baina, nola ematen da pobretze prozesu hau gure inguruan, zehazki? Zein behaketa edo datuk eraman gaitzake pobretze hau frogatzera?

Krisi garaiak deiturikoetan murrizketa hauek kolpetik egin behar izaten dira. Honek inplikatzen du langile klasearen estratu ezberdinak pobretu egiten direla, bere erreprodukzioa ohiko mailaren azpitik kokatzen dela

ARABA, BIZKAIA ETA GIPUZKOA

Joera orokorrena, beti martxan dagoena, pobretze erlatiboarena da: lehen aipatu dugun bezala, indar produktiboak eta ekoitzitako merkantzia kopurua (aberastasuna) handitzen doaz une oro ekoizpen kapitalistan; hau da, lan indarraren produktibitatea hazten doa. Baina langile klaseak gaitasun material handiagoa izan arren (merkantzia gehiago kontsumitzeko aukera) aberastasun osoaren proportzioa gero eta txikiagoa du. Hau ez da epe laburrean nabaritzen, erlatiboki pobretu arren bizi kalitatea handitu daitekeelako. Hala ere honek frogatzen du langile klasea pobretzen doala bere baldintza materialak hobetu arren[12].

Hau da, langile bakoitzak ekoitzitako produktua igotzen doa denboran zehar (beren produktibitatea handitzen doa beraz, zehazki %47 bat 1995etik 2018ra[14] adibidez) baina ikusi dugun bezala beren parte hartzea hazten doan aberastasun sozial horretan gero eta txikiagoa da[15]. A grafikoan aztertzen dugun periodoa soilik ikusten da, baina hau joera historikoa da kapitalismoan. Estatu mailan adibidez 2017an soldatak BPGaren %47,3raino jaitsi ziren; 1989ko maila berbera alegia. Zergatik ezin du produktuaren zati handiago bat hartu langile klaseak bere egoera hobetzeko? Honi erantzuteko azken hiru urteetan adibidez patronalak eta sindikatuek elkarri botatzen diote errua[16] adostasunetara ez iristeagatik, baina azken hiru urtetan emandako soldataren pisuaren galera kapitalak bere boterea berreskuratzearen fruitu da, ez negoziazio kontua. Kapitalistak plusbalio falta duenean (2008an adibidez) langile klasearen zatia azkarrago murriztu behar du. Hori egitean bere erreprodukzio normalera iristen ez den lan indar kopurua handitzen da (pobrezia bera edo ongizate ausentzia adibidez handitzen dira). Hain zuzen ere hau izan da guk aztertzen dugun periodoan (2008-2018/20) gertatutakoa. Hazkundea langile klasearen egoera hobetzera ez bideratzetik haratago, krisiak birmoldatze bat eskatu du plusbalioa handitzeko.

Ikerketa gehienetan, pobretzea eman den ala ez neurtzeko ohikoena errentaren garapena aztertzen hastea da[17]. Eurostat EB mailako estatistika institutu erreferenteak normalean errenta mailen medianaren[18] %60tik beherakoak pobrezia erlatibo gisa hartzen ditu eta %40tik beherakoak pobrezia grabe gisa. Hau horrela izanik, 2008-2018 periodoan pobrezia erlatiboa %20,2 handitu da (318.161tik 382.316 pertsonara) eta grabea aldiz %64,9 (66.540tik 109.735ra). B grafikoan pobrezia talde bakoitzaren pisu demografikoaren garapen historikoa aztertuz (1986tik) azken urteetan errenta maila baxuko talde hauetan emandako hazkundea (populazioarekiko ere) nabarmena dela antzeman dezakegu.

Pobreziaren igoera bere aurpegi gordinena izan arren, proletarizazioa eta ofentsiba burgesa klase estratu ezberdinen bizi-baldintzen okertzean ematen da. Hau aztertzeko errenta baxueneko populazioa handitu dela baieztatzeaz gain errentaren banaketaren medianatik gertu dauden taldeak murriztu direla ere argitu behar dugu; «aberatsak» eta «pobreak» areagotu direla, erdi-mailako errenten murrizketarekin, nolabait esateko. Disparekotasuna (desigualdad) neurtzeko Gini indizea erabili ohi da[19]. Indize honetatik abiatuta. EAEk diru sarreren disparekotasunaren hazkundea bizi izan du 2008-2018 periodoan. 2012 urtetik aurrera bereziki, disparekotasunaren hazkundea joera izan da, 2018an periodoaren hasieran baino puntu eta erdi handiago izanik indizea (ehunekotan). C grafikoan dugu urteroko garapena.

Gini indizeak errentaren banaketa polarizatu dela soilik esaten digu, baina ez zehazki nola banatzen den. Proletariotzaren lerroak langile aristokraziaren deskonposizioarekin hazten ari direla ikusteko gutxienez populazioaren banaketa errentaren tarte (dezil edo pertzentil) bakoitzean nola aldatzen den aztertu beharko genuke, eta hori errentan soilik oinarrituz. Honek erreportaje honen mugak gainditzen ditu, baina hala ere Gini indizeak errentaren disparekotasunaren hazkunde bat nabarmentzeko balio digu. Orain arteko errentaren analisia bizi baldintzen okertzearen ohiko oinarrizko azalpena da.

Proletarizazioa eta krisi kapitalista, hala ere, dimentsio anitzeko fenomenoak dira. Errentatik haratago, langile klasearen bizi esparru guztietan ematen da miseria eta pobretzea. Izan ere, hemen nabarmendu ditzakegu behaketa enpiriko hutsaren mugak. Gorago aipatu dugu pobrezia eta disparekotasunaren hazkundea objektiboki erakustea dela analisi honen helburua hori delako Mugimendu Sozialistak darabilen hipotesia. Hala ere, ezin da proletarizazioa eta langile klasearen pauperizazioa errenta edo beste aldagai isolatu baten aldaketan soilik frogatu, kapitalak bizitzako esparru ia denak kontrolatzen dituelako, eta beraz bere plusbalioa handitzeko beharrak dimentsio guztietan eragiten duelako. Are gehiago, errenta (nominalki zein errealki) hazten den testuinguru batean ere langile klasearen baldintza materialak okertu daitezke. Baldintza hauei lotutako bestelako behaketa enpirikoekin osatu beharko dugu, beraz, analisia.

Errentaren behaketen mugak nabarmentzeko berehalako bidea ondarean (aurrezkietan, jabetzan dituzten higiezinetan…) zentratzea da, egungo ofentsiba burgesean langile klaseak asko galdu baitu aspektu honetan[21]. Aurrezki gabe bizi diren familien proportzioa 2018an 2004ko mailaraino igo izana (%33 inguru) ondarearen murrizketaren ondorio zuzena da adibidez, beren eguneroko diru-sarrerekin egin behar dutelako aurrera. 1996-2008 tartean etengabe handitu ostean, EAEko ondare estimatu osoa %12,8 murriztu da 2008-2018 tartean; frogatu nahi dugun pobretzea nabarmenduz. Are gehiago, pertsonako ondarea (per capita) %13,1 murriztu da. Hala ere hemen ere behaketa enpiriko hauen eta klase estratuetan emandako aldaketen arteko amildegia nabarmendu behar da. 2008-2012 tarteko ondarearen jaitsiera adibidez etxebizitzaren prezioaren jaitsierarekin lotu izan da. 2012-2014 urteetan aldiz bestelako ondasunen depreziazioak eragin du ondarean, baina horien prezioek gora egin dute 2014-2018 tartean.Azkenik 2016-2018ko ondarearen jaitsiera aztertuta aurrezkiek izan duten pisua ikus dezakegu, hauek %19 baino gehiago jaitsi izatearen ondorioz ulertzen baitugu ondarea murriztu izana. Periodoaren arabera elementu batzuek besteek baino galera handiagoak izan arren (horren urte gutxitan zaila baita joerak argi ikustea) 2008-2018 periodoan errentan pobrezia eta disparekotasunaren hazkundea ikusi dugun bezala epe luzeagoko perspektiban ere joera berbera baieztatu dezakegu, ondarean alegia[22].

Orduan, orokorrean ondarea eta errenta murriztu dira. Gainera aberastasunaren banaketa ere polarizatu egin da ikusi dugun bezala, disparekotasuna areagotuz. Ze ondorio ditu baina, egoera honek? Pauperizazioaren joeraren zantzuak aurkitu baditugu, nola bizi da pobrezia hori EAEn? Pobretzeari (ez pobreziari) lotutako arazo nagusiak jasaten dituzten populazioak aztertuz, D grafikoan 2008-2018 tartean pisu handiena hartu dituzten arazoak alderatu ditzakegu.

Bestelako datuekin osatuz, EAEko pobrezia era oso zehatz batean ezaugarritu dezakegu. Izan ere, grafikoan adierazten diren hazkunde erraldoiak nabarmendu egiten dira bizi baldintzen okertzeari lotutako beste arazoen garapena aztertuta. Ohiko ikuspegi batetik elikadura arazoak adibidez gehiago lotu izan dira pobreziarekin. 2008-2018 periodo berberean elikadura arazo larriak %40 bat murriztu dira eta oso larriak %15. Honek ez ditu frogatzen saiatzen ari garen pauperizazio eta proletarizazioaren hipotesiak ukatzen, baina prozesu horiek EAE bezalako lurralde batean dituen ondorioak akotatzen laguntzen digu. Aldiz, etxebizitzaren auzia ofentsiba burgesaren jo puntu bihurtu dela egiaztatu dezakegu. Hau ere baldintza zehatzen ondorio da (krisia higiezinen burbuila bati lotuta eman izana 2008an, etxebizitzaren prezioa bereziki altua izatea lurralde honetan…), baina etxebizitzarena auzi determinantea dela ikus dezakegu langile klasearen bizi baldintzetan.

D grafikoan adierazitako ehuneko altuen haritik etxebizitzan gastua duten familia kopuru handia aurkitzen dugu. Erabat amortizatua ez dagoen jabetzan (hipoteka adibidez) edo alokairuan bizi den populazioaren proportzioa handitzeak errenta baxuen egoeratik haratago orain arte egonkortasun bat izan duen langile klasearen estratuaren desegitea erakusten digu (jada etxebizitza baten jabe egiteko gai ez dena, alegia). Izan ere, 1986-1996 tartean talde hau %31,2tik %23,5 batera jaitsi ondoren ordudanik etengabe hazi da 2014an %47,6 batera iritsi arte. Zentro inperialistako gune «aberats» batean populazioaren erdia ere etxe baten jabe izateko ezintasuna paradigmatikoa da, dudarik gabe. Are adierazgarriagoa da proletarizazioa kontuan hartzen badugu proportzioa hau 2004-ean %34koa besterik ez zela.

D grafikoa ikuspuntu zabalago batetik aztertuta etxebizitzak gure inguruko pobreziaren karakterizazioan duen pisu erraldoiaz jabetu gaitezke. Izan ere, gehien hazi diren lau arazoetatik hiruk lotura dute, hein handiago edo txikiagoan, etxebizitzarekin: bahiturak, atzerapenak eta jabetzen salmentak. Honekin batera, pobreziarekin gehien hazi den beste aspektua ere etxebizitzan kokatzen da: pobrezia energetikoarena. Tenperatura egokia izateko ezintasuna %125,5 hazteak ideia orokorra ematen digu. Honek esan nahi du pobretzearen adierazle nagusia etxebizitzaren arazoa bada honekin batera langileria gehien zigortu duen beste arazoa etxebizitzaren kalitateari lotuta doala; pobrezia energetikoari hain zuzen ere. Zentzu honetan, eta beharrezko horniduren prezioen igoerek istorio luzea dutenez, oinarrizko bizi-kalitatearen arazo hau etxebizitzaren bidez neurtuko dugu. Izan ere etxebizitzaren kalitateari dagokion neurgailuen arten gehien hazi dena hezetasunarena da. Pobrezia energetikoarekin korrelazio zuzena duen aldagai hau era jarraituan hazi da 2008tik, urte horretako %7,7 batetik 2018an %14,2 arte. Etxebizitzaren prezio altuak bizigarritasun baldintzak malgutzera eraman ditu maizterrak, 10 urtetan hezetasun kasuak ia bikoiztera iritsiz.

Honek esan nahi du pobretzearen adierazle nagusia etxebizitzaren arazoa bada honekin batera langileria gehien zigortu duen beste arazoa etxebizitzaren kalitateari lotuta doala; pobrezia energetikoari zehazki

Zentro inperialistako gune «aberats» batean populazioaren erdia ere etxe baten jabe izateko ezintasuna paradoxikoa da, dudarik gabe. Ikuspuntu zabalago batetik aztertuta etxebizitzak gure inguruko pobreziaren karakterizazioan duen pisu erraldoiaz jabetu gaitezke. Izan ere, gehien hazi diren lau arazoetatik hiruk lotura dute, hein handiago edo txikiagoan, etxebizitzarekin: bahiturak, atzerapenak eta jabetzen salmentak

Pobreziaren hazkundea mila faktore ezberdinetan xehatu daiteke; etxebizitzatik haratago elikadura, hezkuntza, osasuna, aisialdia eta abar luze bat aztertu genezake. Zenbat eta gehiago xehatu, orduan eta zehatzago ezagutuko genuke frogatu nahi dugun fenomeno hau. Hala ere, faktore nagusietara mugatuko gara, gure pobreziaren hazkundea frogatzeko nahikoa direlakoan. Orain arte azaldutako pobreziaren sintomek eragiten duten zaurgarritasun egoera orain arteko bizi-eredua mantentzeko bat-bateko ezintasunean nabaritzen da. Honela, ohiko bizi-baldintzak finantzatzeko ezintasuna familien ekonomia defizitario batean ikusten da. Urtebetez ohiko gastuari aurre egiteko aurrezki nahikoa ez duten pertsonen ehunekoa argigarria da zentzu honetan, 2018an %48,4 zifra izugarrira iritsi baitzen.

Pobreziaren sintomek eragiten duten zaurgarritasun egoera orain arteko bizi-eredua mantentzeko bat-bateko ezintasunean nabaritzen da. Honela, ohiko bizi-baldintzak finantzatzeko ezintasuna familien ekonomia defizitario batean ikusten da

Oraindik inork pentsa lezake, egunerokotasunaren ebidentzia ororen aurka, aurrezki falta hau aurreikuspen falta edo xahutzearen ondorio dela. Kontsumoaren jaitsierak, alabaina, tesi hau gezurtatuko luke frogatu nahi dugun pobretzea baieztatzen duen bitartean. Epe laburreko kontsumoan eragiten duten faktore kopuru handiak gora-behera handiak sortzen ditu, baina epe luzeko kontsumoa bizi-baldintzen adierazle aproposa izan daiteke askotan. Higiezinen kontsumoa epe luzeko kontsumo honen adibide argia litzake, baina Espainiako Estatuan merkatu honek distortsio bereziak ditu, ikusi dugun bezala. Horren ordez, familien arteko aldea erakusten duen aldagaia auto bat izateko aukera da. Zehazki, 10 urtetik beherako autoen kontsumoa epe luzeko kontsumo gaitasunaren ohiko elementua da. Oinarrizko ondasuna ez dela eman dezakeen arren, oso ohikoa zen langile aristokraziako familien artean 2008a arte. E grafikoak erakusten duen bezala, 2008-2018 periodoan kontsumo honen ez-ohiko beherakada ematen da, proletarizazioak gutxi batzuei utzi die beraz epe luzeko kontsumorako gaitasuna.

Lehen esan bezala, nahi beste sakondu daiteke pobretze prozesuaren analisi hau, baina marko orokor bat irudikatu dugu honezkero. 2008tik pobrezia eta disparekotasuna nabarmen hazi dira, beren enplegua galdu zuen jende guztiagatik bereziki. Hazkundea 2014ean berreskuratu zenez, tarteko epean langabe poltsa handiak osatu ziren (2015eko lehen hiruhilekoan jo zuen goia, %17ko langabeziarekin[24]). Urte luzez mantendu zen populazio langabe honek zegozkion kontribuzio-mailako langabezia-prestazioak agortu zituen, bestelako laguntzen menpe geratuz. Hain zuzen ere 2014-2016 tartean ematen da Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE, RGI gazteleraz) jasotzen duen populazioaren maximoa, 65.000 eta 65.500 artean mantenduz urte horietako maiatzean, berriro jaitsi eta 2018ko maiatzean 58.000 inguruan kokatu arte[25]. Laguntza hauek dira pobreziaren hazkundea arindu dutenak, EAEn pobrezia zentzu hertsian (lan indarraren erreprodukzioa ohiko mailaren azpitik kokatzea) Estatu mailakoaren (%26) edo baita Eurozonakoaren (%22) azpitik kokatuz %18 batean. 1989tik indarrean dagoen laguntza honek EAEko kapital metaketa bereziki handia birbanatu du, krisian sortutako miseria nagusiki langile aristokraziaren deskonposiziora mugatuz. Honi Espainiako higiezinen merkatuko burbuila gehituta pobreziaren gorakada etxebizitzari lotuta ezaugarritu dezakegu, lehen mailako beste behar batzuei lotu beharrean (elikadura, jantziak…). Finean, langilea klasearen goi-estratuen murrizteak pobrezia moderatu bateko kapa berri bat elikatu du, errentaren zati handiena oinarrizko behar batzuetan gastatzera behartua dagoena eta bere soldatapeko lanera bereziki lotzen duena, lan eskaintza urria eta prekarioa den garai batean. F grafikoak errentaren erabilera hau erakusten digu.

NAFARROA

Nafarroako Foru Erkidegoak baldintza objektibo ezberdinen poderioz, antzekotasun handiak ditu EAErekin. Ez du zentzu handirik beraz testuinguruaz egin dugun gerturapen orokorra errepikatzea. Horren ordez antzekotasunak adierazi eta ezberdintasunetan zentratzen saiatuko gara, pobretze prozesu nafarra karakterizatzen saiatzeko lerro orokorretan. Antzekotasun hauek banan-banan frogatu beharrean horiek guztiak lotzen dituen faktorera mugatuko gara: enplegua. Izan ere, langabeziaren hazkunde gogorrak eta ondorengo berreskurapen geldoan sortutako klase estratu zabalen egoera prekarioa Estatu osoko lan-merkatuaren fenomenoa da. G grafikoak erakusten duen bezala hori komunean dute, eta horrek gainerako aspektuetako antzekotasuna azaltzen du hein handi batean.

Langabezia altua eta sostengatua izateak beraz diru-sarreren agorpena eta gabezia jakin batzuen orokortzea eragingo luke Nafarroan ere, EAEn ikusi dugun bezala. Errentaren banaketa deziletan aztertzen badugu F grafikoan estratuak nahiko egonkorrak direla ikus dezakegu, era oso arinean ikusten delarik aipatu dugun proletarizazioa. Hemen egiaztatu dezakegu aberastasunaren birbanaketa mekanismoek are eragin handiagoa dutela Nafarroan. Hain zuzen ere erkidego hau da Estatu mailan disparekotasun (Gini indizea) eta pobrezia (arriskua zein muturrekoa) baxuenak dituenak. Hala ere EAEn ikusi ditugun joerak antzeman daitezke.

Zein da gainerako tokietan ematen ari diren joerak Nafarroan honela leuntzeko arrazoia? Bada, Nafarroako Bermatutako Errenta laguntzaren jasotzaileen kopurua adibidez %32 handitu da 2014-2017 tarte berean, eta %415,52 2008-2018 periodoan[26]. DBEa eta bestelako neurrien antzera, honelako mekanismoen (ez-ohiko plusbalio batek baimendua) gainerako tokietan gogorrago azaleratzen diren joerei aurre egitea baimentzen dute. Honegatik eman da proletarizazio prozesua Nafarroan polarizazio gisa. Hau da, disparekotasuna ez handitu arren (Gini indizea 2012tik beherantz doa) %20 pobreenaren diru-sarrerak %27,1 murriztu dira, Estatu mailan %13 soilik murriztu direnean. 2014tik, hazkunde garaian alegia, %37tik gora murriztu dira kolektibo honen diru-sarrerak[27]. Honek azaltzen du bazterketa sozialean aurkitzen diren pertsonen proportzioa ia konstante mantendu izana 2018an %16 batekin, inklusio sozialaren esparrua handitu eta inklusio prekarioarena murrizten den bitartean. Honek baieztatzen digu pobretzea muturreko estratuetan mugatu dela, bazterketa honen kronifikazioa emanda.

Ondorio hau errentaren behaketara mugatzen da hala ere. Errenta aztertzean sortzen den ideiaren aurka, bazterketa egoeran daudenen %54ak uste du bere egoera materiala okertu dela, eta %31ak asko okertu dela. Era berean, bazterketa ekonomikoa ordez erlazio-bazterketa aztertzen badugu (lotura sozial falta edo lotura gatazkatsuak neurtzen dituen aldagai sintetikoa) [28] ia %12 batean dago Nafarroan eta %7,5 batean Espainiako Estatuan, Nafarroa izanik adierazle hau altuena duen erkidegoa Balearren ondoren. Berriro ere pobreziaren hazkundea errentarekin soilik neurtzearen arriskuak ikus ditzakegu. Gastu publiko oso handi bati esker errentari dagozkion gora-beherak leundu daitezkeen arren bazterketa ekonomiko baxuena duen lurraldeak erlazio-bazterketa handienetakoa izateak kontraesan bat dagoela erakusten digu. Gobernuaren txosten ofizialak aipatutako errentaren aldagaietan zentratzen dira hain zuzen ere[29].

Errentak argi eta garbi erakusten ez duen arren pobretzea azaltzen zaigu. Nafarren %22a etxeko hornidurak (gasa, ura edo elektrizitatearen kontsumoa) murriztera behartua egon da, %7,6a etxebizitzari lotutako gastuei aurre egin ezinik aurkitu da eta %9,1a baldintza desegokietan aurkitzen da etxebizitzari dagokionez. Enpleguari dagokionez ere esan dugu langabezia tasak EAEko (eta orokorren Kantauri isurialdeko) gainerako lurraldeen antzeko garapena izan duela. Langabezia sostengatu honek Espainiako Estatuaren lan merkatuaren ohiko fenomenoa eragin du Nafarroan ere; enplegu prekarioa sortzea alegia. Izan ere, enplegua izatearen eta integrazio sozioekonomikoaren arteko lehengo lotura erabat hautsi da gaur egun[30]. Zentzu horretan, baztertuak dauden familien %49,5 dago lana duen pertsona batengatik sostengatua. Enplegua izateak jada ez du ziurtasunik bermatzen. Azken adibide gisa, pobrezia energetikoa errepikatzen den beste ezaugarri bat da Nafarroako pobrezian. 2017an 17.900 familiek sufritzen zuten pobrezia hau[31].Pobretzea errealitate bat da beraz, errentaren analisian beste lurraldeetan bezain argi ikusten ez bada ere.

Pobretzea ematen ari da krisiaren baitan beraz Nafarroan, errentaren garapen orokorrean ikusten ez den arren. Analisi hau era askotan moldatu daiteke, pobretze prozesuak gogorren jo dituen kolektiboetan (emakumezkoak, etorkinak, gazteak…) gure hipotesia baieztatzeko. Baina horiek orokorrean ikusten diren joerak dira. Nafarroan zehazki, berebiziko garrantzia du lurralde arteko barne desorekak. EAEn zein beste tokietan ere ematen da hau, baina Nafarroan iparraldetik hegoaldera dagoen ezberdintasunak ofentsiba burgesaren eraginak ezkutatzen ditu hein handi batean; bizi baldintza materialen okertzea era uniformean emango balitz egonkortasun bat mantenduko litzakeelako. Horregatik da horren interesgarria 2008 baino lehen jada existitzen ziren lurralde arteko ezberdintasun hauek aipatzea, krisiak bertan eragin duelako nabarmen. Errentaren analisian zentratua, Nafarroako bi mapek erakusten dute argien egoera.

Pobrezia eta disparekotasuna existitzen dira beraz, baina hauek territorialki kontzentratzeari esker ikuspegi orokor batetik leundu egiten dira. Egoera okerrago batetik abiatuta, pobrezia eta disparekotasunaren hazkundea handiagoa izan da Tutera aldean. Joera honek korrelazioa du enpleguan adibidez, langabezia altuagoa izanik Erribera aldean. Aurretik erabili ditugun aldagaiak zentzu honetan ere erabiltzearren, 2016an pobrezia energetikoa %5,6an kokatzen zen Pirinioetan eta %18,7an aldiz Goi-Erriberan. Pobretze prozesu honen banaketan salbuespena Iruñea bera izango litzake. Hiriburuaren eta gainerako lurraldearen artean horrelako populazio alde handia egonik, berez Nafarroako gainerako tokiekiko bataz-besteko pobrezia mailetan aurkitu arren dinamika propioak ditu hiriak. Nafarroa osoa batera hartu dugunean bezala, Iruñeak (eta bere inguru osoak, noski) duen garrantzia handia kontuan izanik hiri osoa unitate bakar gisa hartzen badugu informazioa galtzen dugu bertan ematen ari den aldaketaz. EAEko hiriburuekin egin dugun bezala hemen ere ez dugu hirian proletarizazioa nola eman den aztertuko. Konplexuegia litzake. Baina prozesuak hemen ere presentzia izan duela argitzeko nahikoa da auzo handi batzuetan pobreziaren tasak zein mailaraino metatu diren egiaztatzea: Etxabakoitz (%32,6), Buztintxuri (%31,8), Arrosadia (%31,5), Sanduzelai (%30,8) eta Errotxapea (%27,3) dira adibide garbienak. Tasa horiek hiriaren %10,7tik (Nafarroako bataz bestekoaren azpitik dagoena) oso urrun daude. Berriro ere baieztatzen zaigu Nafarroan krisi kapitalistaren eragina polarizazio gisa garatu dela.

ONDORIOAK

Mugimendu Sozialistaren proletarizazioaren hipotesia datu enpirikoetan oinarrituz demostratzen saiatu ondoren, proletalgo iraultzailearentzat eduki ditzakeen ondorioei buruz arituko gara. Izan ere, ez da lan makala aurrean duguna.

Burgesia-txikiaren eta langile aristokraziaren paktu politikoan oinarritzen den adierazpen politiko, organizatibo zein kulturalaren agorpen historikoaren aurrean kokatuko ginateke Euskal Herrian. Ez soilik krisi kapitalistak materialki ezinezko egiten duelako, politikaren gaineko jarrera boluntarista bat erakusten duelako ere. Honen ondorioa da alderdi guztiak pandemiak azkartu duen kapital-lanaren antagonismo espontaneo zein kontzientearen aurrean guztiz galdurik aurkitu izana. Are okerragoa izan da denborarekin sozialdemokrata hauek hartzen joan diren posizioa, aldarrikapen sozialen aitzakipean Estatu gehiagoren eskaria egin baitute. Pobrezia hazkorrari aurre egiteaz mintzo diren pseudokeynesiar hauek Estatu polizial eta autoritarioago baten eskaria daramate, jakitun ala jakin gabe. Ongizate Estatuaren garaian posizio «aurrerakoi» eta «sozial» honek tokia aurkitu izan dute, baina baieztatu dugun etorkizun beltzaren hipotesiak horien aukera ezabatzen du datorren ziklo berrian. Estatu burgesak bere funtzioa beteko du burgesiaren zerbitzura, eta bere alde edo kontra soilik kokatu ahalko gara.

Burgesia-txikiaren eta langile aristokraziaren paktu politikoan oinarritzen den adierazpen politiko, organizatibo zein kulturalaren agorpen historikoaren aurrean kokatuko ginateke Euskal Herrian. Ez soilik krisi kapitalistak materialki ezinezko egiten duelako, politikaren gaineko jarrera boluntarista bat erakusten duelako ere

Beraz, proletalgoaren independentzia politikoaren premisa komunista iraultzailea besarkatzeko, eta azken muturreraino eramateko testuinguru historiko aproposean aurkitzen gara. Esan bezala, klase-ertaina deritzon bloke politikoaren parte diren klase zein klase-estratuak proletarizazio prozesu batean sartzen ari baitira, masa-proletario handi bat eratuz. Eta hortaz, bere programa politikoak bideragarritasuna galdu baitu.

Beraz, proletalgoaren independentzia politikoaren premisa komunista iraultzailea besarkatzeko, eta azken muturreraino eramateko testuinguru historiko aproposean aurkitzen gara

Bestetik, pobretzearen artikulazio politikoaren erronkaren aurrean aurkituko ginateke. Izan ere, esperientzia historikoak erakutsi digun bezala, proletalgoaren kontzientzia komunista ez da espontaneoki eratzen, eta zoritxarrez, gustatu ala ez, borondate iraultzailea edukitzea ez baita aski: beharrezko suertatzen zaigu Botere Burgesaren simetrian, Botere Proletarioa sistematizatzea, horretarako eskala sozial osoan artikulatuz.

Klasearen artikulazio politikoaren hautu argia egin du Mugimendu Sozialistak, proletalgoaren berehalako beharrak logika politiko iraultzailearen baitan txertatzeko instituzio politiko desberdinen eraketa honen adibide direlarik. Argi eta garbi adierazi zuen Ane Ibarzabalek ideia guzti hau, GKSren izenean: «Pobrezia eta askatasun eza ekoizpen-ziklo berrian ezartzen ari den bizi eredu proletarioaren ezaugarri nagusia dela defendatu izan dugu. (...) pandemiaren hedapena argudiatuta, eredu sozial basatia inposatu digute egun batetik bestera: polizia-estatua, eskubide zibil eta politikoen muturreko murrizketa, agintearekiko obedientziarako dei orokorra eta langileriaren diziplinamendu zorrotza. Ez dirudi osasun-larrialdia gainditzeko diseinatutako neurriak direnik; are gehiago, guk defendatzen duguna da diseinatu direla pobrezia gehiago orokortzeko, eskubideak eta askatasuna indargabetzeko, eredu soziokultural alienantea sustatzeko eta polizia-estatua indartzeko. (...) Mundu-mailako gizarte burgesa gainbehera betean sartuta dago. Baina larriena ez da gizarte burgesa giza proiektu bezala porrot egiteko arriskuan dagoela, baizik eta historia bera, emantzipaziorako giza proiektu bezala, arriskuan dagoela. Bizirik mantendu behar dugu ortzi-muga komunista, eta horretarako, nahitaez, langileriaren antolakuntza komunista eraiki behar da».

ERREFERENTZIAK

[1] Gazte Koordinadora Sozialistaren sare sozialetatik ateratako adierazpenak.

[2] Itaia.eus

[3] Ikasle Abertzaleaken sare sozialetan.

[4] Gedar.eus

[5] Encuesta De Necesidades Sociales 2018 (CAV) - Módulo Epds-Pobreza.

[6] Oso kontuz ibili, esaldi honek ez du esan nahi lan indarraren balioa eta prezioa gauza bera direnik. Lan indarraren (langilearen lan egiteko gaitasuna) erostean honen balioa langilearen erreprodukzioak determinatzen du; langile hori lanera itzultzeko kostuak alegia (bere etxea, familia, janaria eta abarren kostua). Prezioa aldiz faktore ezberdinek eragindako aldaketengatik mugitzen da. Lan indarra bere berezko erreprodukzio kostuaren azpitik saltzea balioan eman den aldaketa bategatik zein prezioan eman den aldaketa bategatik izan daiteke.

[7] Lan sozialaren zati txikiago bat, ez merkantzia kopuru txikiago bat.

[8] Kontuan izan soldataren kategoriaren zentzu zabalenaz ari garela (nominatik harago). Era berean, ez gara soldata nominalaz ari, termino errealetan eros ditzaketen merkantzietaz baizik (soldata erreala adierazle aproposagoa da adibidez, baina ez erabat zehatza).

[9] Aberastasuna, gizarte kapitalistan, merkantzia multzo bat da. Honela hasten da Kapitala. Une oro etekinen eta soldaten zatiaz hitz egiten dugunean, lan ordainduaren eta ez ordainduaren, plusbalioaren, arteko banaketaz ari gara.

[10] Hau da plusbalio erlatiboa deiturikoa.

[11] Azken hamar urteetan, 2008ko krisiaren harira, pobretze honen fase bat eman da. 80ko hamarkadatik neoliberalismo gisa ezagutu den joeraren baitan hamar urteko azpi ziklo bat bizi izan dugu pobretze prozesuan. Urte hauetan langile klasearen aberastasunaren zatia murriztu da, baina bereziki nabarmendu da langile klaseko estratu batek, langile aristokraziak, bere baldintza materialak galdu dituela, proletarizazio deitu zaion prozesuan.

[12] Fakzio politiko erreformistek langile klasearen bizi kalitatearen berehalako hobekuntza hau erabili izan dute (II. internazionaletik, Bernstein bezalakoekin) bake sozial baten aukera defendatzeko.

[13] EUSTAT

[14] Kalkulu propioak EUSTATeko datuak erabiliz.

[15] Kontuan izan hemen soldata guztien batura langile klaseak jasotzen duen «tartaren zati» gisa onartzen ari garela. Soldata guztiak ez dira langile klaseko kideenak, are gehiago, soldata handienak eta gehien handitzen diren soldatak ez dira langile klaseko kideenak, beraz oso urruti gaude joeraren estimazio zuzen batetik.

[16] Noticias de Gipuzkoa: ¿Por qué crece el PIB pero los sueldos no?

[17] 4. oin-oharrean adierazitakoarekin bat eginez, adieraziko diren datu guztietan kontuan izan behar da populazioaren zati baten egoera ez dela islatzen. Bat ere integratuak ez dauden kolektiboak askotan ez dira estatistiketan sartzen ere, beraz emandako datuak are okerragoak direla pentsatu behar dugu une oro.

[18] Estatistikan, mediana hainbat datu txikienetik handienera ordenaturik daudela erdian dagoen datua da. Aldagai kuantitatiboetarako soilik determinatu daiteke beraz.

[19] Gini indizea Lorenzen kurbaren (errentaren eta populazioaren pertzentilen arteko kurbaren) azaleratik eratortzen den adierazle bat da. Funtsean populazioaren dezil bakoitzak errentaren zein proportzio jasotzen duen aztertzen du. 0 eta 1 arteko balioak hartzen ditu; 0 balioak erabateko berdintasuna adieraziko luke (populazioaren %30ak errentaren %30 jasotzea zehazki) eta 1 balioak erabateko disparekotasuna (pertsona bakarrak errentaren %100 jasotzea).

[20] ISEAK: Pobreza y desigualdad en Euskadi: el papel de la RGI.

[21] Aipagarrienak higiezinen burbuilaren leherketa eta moneta politika dira. Hemen jorratuko ez dugun arren, politika fiskalak errentan zuzenean eragiten badu moneta politikak aurrezkiak (eta zorrak) murrizten ditu; balio-transferentziak eraginez. 2008tik hazkunde kuantitatiboak (expansión cuantitativa) protagonismo handia hartu du 2020an inoiz baino diru gehiago inprimatuz.

[22] Gainazalaren analisi honetan ezin dugu sakondu, baina ondarean murrizketa honetan ere ondarearen murrizketaren baitan klase-joera ezberdinak nabarmendu ditzakegu. Alde batetik aurrezkien murrizketaren zati bat ondarerako ondasunen erosketen igoerarekin azaldu daiteke (bigarren etxebizitzak...), %23ko igoera 2008-2018 tartean. Honek ez dio ondarearen jaitsiera orokorrari aurre egiten, izan ere beste aldetik honelako ondasunik ez duten familien proportzioa %70eraino igo baita periodo berean. Honek esan nahi du populazioaren zati batek bere ondarea handitu duen bitartean askoz ere handiago den beste zati batena murriztu egin dela.

[23] Encuesta de necesidades sociales CAE 2018. Módulo EPDS-POBREZA.

[24] EUSTAT

[25] Lanbide.eus

[26] Hemen nabarmentzen da analisiak tarte jakin batean (2014-2017) egiteko duten interesa.

[27] Informe sobre exclusión y desarrollo social en Navarra. Fundación Foessa.

[28] Errentari dagokion bazterketa ekonomikoa, parte hartze politikoari dagokion bazterketa eta aipatu berri dugun erlazio-bazterketa erabili ohi dira analisirako.

[29] Navarra.es «La pobreza severa en Navarra desciende un 25% el último año».

[30] Hau da Industriako Erreserba Armadaren funtzioa. Marxen kategoria teoriko hau ez langabezia zehatz-mehatz, baina kapital metaketaren dinamikaren baitan ekoizpen prozesutik kanporatutako lan indarraren (behar bezala erreproduzitzea lortuko ez duen lan indarraren) funtzio azaltzen digu.

[31] «La pobreza energética en España. Aproximación desde una perspectiva de ingresos». Fundación Naturgy.

[32] Observatorio de la Realidad Social: III Informe sobre la pobreza y la desigualdad social en Navarra. Departamento de Derechos Sociales del Gobierno de Navarra, Pamplona-Iruña, 2019.

[33] Bi dezil aberatsenen eta pobreenen bataz besteko errenten arteko erlazioa.

EZ DAGO IRUZKINIK