Testu honetan azken urteotan okupazioaren praktikaren kontra egondako kanpainaren parte izandako bi agente nagusiak aztertuko dira: gizartearen zorpetzearekin negozioa egiten duten eta krisi garaian berrestrukturazio ekonomikoan funtzio garrantzitsua betetzen duten funts putreak, batetik; eta higiezinen jabegoaren bitartez jabetza pribatuaren printzipioa errotzean sakondu duen klase ertain propietarista fenomenoa, bestetik.
Azken aldian ohikoa bihurtu da albisteetan, parlamentuan eta espazio ezberdinetan okupazioa kriminalizatzen duten diskurtsoak entzutea. Ekintza ilun bezala aurkezten dute okupazioaren praktika, hainbat gezurretan oinarritutako errelatoen bitartez. Iaz Errakik ofentsiba horren kontrako kanpaina bat jarri zuen martxan, eta fenomenoa ulertu ahal izateko gako batzuk plazaratu zituen. Bertan, batetik, eraso horiek bultzatutako agenteek dituzten interes ekonomikoak eta politikoak azaldu zituen. Ekonomikoei dagokienez, higiezinen merkatuan negozioa egiten duten zenbait enpresari (putre funtsak, higiezin enpresak, inbertsio funtsak, errentadunak…) okupazioaren praktikak oztopoak sortzen dizkie irabaziak izateko orduan. Horrez gain, kanpainak sortutako beldurragatik etekinak lortzen dituzten enpresak daude, segurtasun edo desokupa enpresak, adibidez. Interes politikoei erreparatuz, eskuineko alderdiei politikoki errentagarria zaie okupazioaren kontrako diskurtsoa zabaltzen ibiltzea, alderdi progresistak posizio deseroso bat hartzera behartzeko. Modu horretan ulertu ahal dugu hauteskundeetatik urrun gauden hilabete hauetan desitxuraketa kanpainak izan duen intentsitate jaitsiera. Hori dela eta, hurrengo urterako Espainiako Estatuan hauteskunde orokorrak daudela ikusita, ofentsiba honen berraktibazioa aurreikus daiteke. Beste faktore garrantzitsu eta determinanteetako bat Espainiako Estatuaren gizarte izaera jabeduna izan da, baina beranduago sakonduko dugu horretan. Izan ere, okupazioaren biktima edonor izan daitekeen diskurtsoarekin gizartearen sektore handi bat interpelatuta sentitu da, gizartearen gehiengoak jabetza bat duelako, eta, era horretan, kriminalizazio kanpainak berak eta proposatutako neurriek zilegitasun maila handia izatea lortu dute.[1]
Bestetik, okupazioaren kontrako kanpaina aurrera eramaten duten hiru interbentzio bide nagusi identifikatzen ditu Errakik: okupazioaren iritzi negatiboa zabaldu eta hartzen diren neurriak zilegiztatzen laguntzen duten masa komunikabideak; prozedura judizialen geldotasunaren aurrean zerbitzu estrajudizialak eskaintzen dituzten desokupazio enpresa parapolizialak; eta, sortutako iritziaz baliatuta, zuzenean okupazioaren praktika ezinezkoa izatea xede duten legedia gogortzeko saiakerak.[2]
Ofentsiba horren ondorioak proletalgoak jasaten ditu zuzenean. Izan ere, espazio okupatuak etxebizitza sarbiderako muturreko baliabideak dira sektore kolpatuenentzako eta, era berean, politika iraultzailea egiteko ezinbesteko espazioak dira. Horregatik, okupazioaren erabateko ilegalizazio saiakeren bitartez, proletalgoaren beharrak asetzera bideratutako espazioak diren Langile Kontrolpeko Espazioekin bukatzeko ofentsiba abiatu du burgesiak. Bizi dugun krisi garai honetan, aginte kapitalistak aurrera eraman behar dituen berregituraketak egin ahal izateko, beharrezkoa du estatuarekiko gizarte dependente eta diziplinatu bat heztea. Beraz, okupazioaren kontrako kanpaina burgesiaren ofentsiba orokorraren baitan ulertu behar dugu, proletalgoaren autonomia murriztea, babesgabetasun egoeran sakontzea eta subordinazioaren areagotzea dakarrena.
Okupazioaren kontrako kanpaina burgesiaren ofentsiba orokorraren baitan ulertu behar dugu, proletalgoaren autonomia murriztea, babesgabetasun egoeran sakontzea eta subordinazioaren areagotzea dakarrena
Espainiako Estatuan baino lehenago, Europako hainbat herrialdetan okupazioa zorrotzago arautzeko aldaketa juridikoak egon dira. Besteak beste, Erresuma Batuak 2012an usurpazio delituagatik 5.000 librako isunak eta lehenengo 28 egunetan salaketa jartzekotan hurrengo egunean okupak kaleratu ahal izateko aukera biltzen duen legea onartu zuen; Frantziaren kasuan, inongo agindu judizialik gabe lehenengo 48 orduetan espazioa desalojatu daiteke eta zigorrak 15.000 euroko isunak eta urte bateko kartzela zigorra izatera hel daitezke; Herberehereetan, okupazioan biolentzia erabiltzen bada 20.500 euroko isunak jaso daitezke, besteak beste.
Espainiako Estatuaren kasuan, lausoagoa eta geldoagoa da okupazioa zigortzen duen araudia. Poliziak usurpazio delitua momentuan atzematen ez badu, epaileak, hilabete batzuk luzatu ohi den prozesu baten bitartez, erabaki behar du okupak noiz kaleratu. Zigorrak zentzu batean asumitzeko modukoak dira, beste herrialde batzuek dituzten araudiekin konparatuz: usurpazio delituagatik biolentzia erabili bada, 1-2 urte tarteko zigorra eta 100 eta 600 euro bitarteko isuna jaso dezakezu. 2018an Espainiako Aldizkari Ofizialean egindako modifikazio batean, ezaugarri jakin batzuk betetzen dituzten espazioen jabeek espazioa berreskuratzeko egin beharreko tramiteak azkartzen dira; hori okupazioa poliki-poliki guztiz desagerrarazteko lehen pausua da. Artikulu hau Espainiako Estatuan zentratuko da, zuzenean eragiten digun fenomenoa ulertzeko ezinbestekoa delako hori aztertzea.[3]
2008ko krisiak gogor kolpatu zuen Espainiako Estatuaren ekonomia. Aurreko urteetan egondako higiezinen merkatuko dinamika espekulatzaileak sortutako garai oparoaren sentsazioarekin amaitu zen. Ondorio lazgarriak utzi zituen hurrengo urteetarako: familien zorpetze maila izugarri handitzea, estatuen zor publikoak gora egitea, etxe-kaleratzeak areagotzea, higiezinen salerosketa gelditzea… Testuinguru horretan baldintza egokiak sortu ziren aginte kapitalistak interbentzio bide berriak irekitzeko. Batetik, familiak eta erakunde publikoak zorrez beteta zeudenez, putre funtsek negozioa egiteko egoera ezin hobea aurkitu zuten. Hori dela eta, higiezinen merkatuaren funtzionamendu egokirako oztopoa den okupazioaren praktika desagertzeko interesa dute inbertsio funts hauek. Bigarrenik, Espainiako ekonomian egondako higiezin merkatuko krisia dela eta, etxe-kaleratzeek gora egin zuten eta jabetza bat zuen sektorea txikiagotu zen. Horren aurrean oraindik jabeduna den eta pribilegio hori galdu nahi ez duen taldearen erreakzio modura uler dezakegu okupazioaren fenomenoaren kontrako iritzia nagusi bihurtu izana sektore horren barruan, beraien jabetzak mantentzeko arriskutzat hartzen dutelako okupazioa. Aipatutako arrazoiengatik bi agente horiek garrantzia izan dute okupazioaren kontrako kanpainan, eta datozen bi ataletan sakonago aztertuko dira.
PUTRE FUNTSAK
Vulture edo Distressed Funds (putre funtsak euskaraz) kiebratik hurbil dauden entitate publiko edo pribatuen zorrarekin negozioa egiten duten inbertsio funtsak dira. Enpresa horiek ez dute beren burua termino horrekin izendatzen, kazetaritzatik eta mugimendu sozialetatik datorren izena da honako hau. Inbertsio funtsak, zenbait inbertsoreren ekarpenez osatutako inbertsio kolektiboak dira, sozietate batek kudeatzen dituena. Putre funtsak, aldiz, zor handiko ekonomietan espezializatutako inbertsio funtsak dira. Arrisku handiko zor tituluak prezio baxuan (bonu eta titulu horien balio nominaletik oso behera) erosten dituzte, ondasun horiek ondoren dagokien merkatuko balioan saltzeko edo zordunei presio egiten diete zor guztia eta interesak kobratzeko, eta, horrela, errentagarritasun handia lortzen dute. Negozioa egiteko erosten dituzten tituluak arrisku altukoak direnenez, aukera dago zordunek zorra ez ordaintzeko. Horren aurrean, enpresa hauek gaitasun juridikoa, esperientzia eta ezagutza handia daukate zordunekin tratatzean, kasuak irabazi eta zorra kobratzeko.
70eko hamarkadan indarra hartu zuen finantziazazio prozesuak eta zorraren bidezko finantzaketak gora egin zuen. Horrekin batera, 80ko hamarkadan egondako desregulazio finantzarioa eta Latinoamerikako herrialdeen zorraren krisiak baldintzak jarri zituen zor horrekin negozioa egiteko. Urte horietan garatze prozesuan zeuden hainbat herrialde zor publikoaren bitartez finantzatu ziren, Latinoamerikako hainbat herrialde, besteak beste Argentina, Brasil, Mexiko... Zor hori finantzatu zutenak banku eta inbertsio funts estatu batuar eta europarrak izan ziren. Inbertsio enpresa hauei zorra ordaintzeko gaitasun ezaren ondorioz, ordainketa milioidunak egitera kondenatuak izan ziren aipatutako herrialdeak.
Espainiako Estatuaren kasuan, 2008 urteko krisiari aurre egiteko berrestrukturazio finantzarioaren testuinguruan Espainiako Gobernuak higiezinen merkatuan esku hartu zuen, eta putre funtsen sarrera masiborako baldintzak jarri zituen. 2008ko krisiaren hurrengo urteetan etxe-kaleratzeek gora egin zuten, hipotekak ordaintzeko zailtasunak zirela eta. Bankuek hustutako hainbat etxe bereganatu zituzten, aktibo hauen balioa etengabean behera zihoan bitartean. 2010ean Basileako Akordioa onartu zen G20ak bultzatuta, bertan helburu nagusietako bat bankuen bideragarritasuna bermatzea izan zen eta bankuek aktibo arriskutsuak murriztu behar zituztela adierazi zuten, besteak beste. Espainiako bankuentzat, ondare higiezinaren zati handi bat kentzea ekarri zuen horrek. Bide horretan, Espainiako Gobernuak erreforma ezberdinak egin zituen, 2009an PSOEk SOCIMIak (higiezinak alokatzen dituen instrumentu finantzarioa da, eta putre funtsek horrelako enpresak izaten dituzte) erregulatu zituen, eta 2012an PPk, erreforma ezberdinen bitartez, putre funtsen interbentzioak erraztu zituen (enpresa horiei zerga presioa jaitsi zien, adibidez). 2013an Madrileko udaletxeak 5.000 etxebizitza publiko saldu zizkien putre funtsei (Blackstone enpresari 1.861 eta 3.000 Goldman Sachs Azorari)[4]. Espainiako Gobernuak mezu argi bat bidali zien nazioarteko inbertsio funtsei: etxebizitza prezio baxuak, onuragarria den marko juridikoa eta estatuaren babesa zutela Espainiako ekonomian parte hartzeko. Horrela adierazi zuen Donald Trumpek 2012an: «Espainia leku harrigarria da. Gaixorik dagoen herrialdea da, eta horretaz baliatzeko unea da».
Espainiaren bankuen hipoteken zorrarekin zeukan arazoaren aterabidea arrisku aktiboak putre funtsei saltzea izan zen. 2016an Espainiako bankuen aktiboen arrisku balioa 190.000 milioi eurokoa zen, eta urte horren bukaeran 95.000 milioi eurokoa izatera jaitsi zen. Horrela, urte gutxian presentzia nabarmena irabazi zuten enpresok Espainiako higiezinen merkatuan: 2014an Blackstonek CatalunyaCaixa bankuko 3.500 milioi eurotan baloratutako higiezin zorra erosi zuen; 2017ko irailean Banco Popularrek bere higiezin negozioaren % 51 Blackstone enpresari saldu zion; 2017ko azaroan BBVAk bere higiezin aktiboen % 80 Cerberus putre funtsari saldu zion; 2018ko erdialdean CaixaBankek aktibo higiezinen % 80 Lone Star Fund X eta Lone Star Real State Fund V putre funtsei saldu zien; 2018ko irailean Banco Santanderrek Cerberus funtsari 1.535 milioi eurotan baloratutako higiezinak saldu zizkion eta 2019ko udan Banco Sabadelek Cerberusi 314 milioi euroko higiezinak saldu zizkion.[5]
Enpresa horiek Espainian daukaten influentzia higiezinen merkatutik harago doa. BlackRock inbertsio funtsak Ibex 35eko enpresa guztietan akzioak eta partaidetzak ditu; Madrileko gestio mistoko zazpi ospitaleetatik bostetan % 100 kontrolatzen dute putre funtsek; energiaren merkatuko bi enpresa nagusietan, Enagás eta Repsolen, partaidetza garrantzitsuak dituzte: % 19 eta % 16,5, hurrenez hurren; eta banku ezberdinetan presentzia nabaria daukate (Santander, BBVA, Sabadel, Caixabank…).[6]
Hedabideetan ere influentzia daukate, eta, azken urteotan, boterea handitu dute: Amber Active putre funtsa Prisa Taldearen akzioen % 29,2ren jabe da eta 2020an BlackRock eta CVC enpresek Prisa taldearen zorraren erdia erosi zuten, 500 milioi eurotan baloratutakoa; A3Media eta Mediaset enpresetan BlackRock funtsak % 2,2 eta % 4,9ko jabetza dauka, hurrenez hurren. Mugimendu horien bitartez iritzia sortzeko gaitasuna eskuratu dute. Batetik, putre funtsek daukaten praktika erasokorren iritzi negatiboa konbatitzeko, zorraren eta arriskuaren krisitik ateratzeko irtenbide erreal gisa aurkezten dira enpresa hauek. Bestetik, enpresa hauen praktika espekulatzailea aurrera eramateko baldintza egokiagoak lortzen dituzte.
Bigarren arrazoiari helduz, lehenago ikusi bezala, putre funtsek higiezinen merkatuan inbertsio handia egin dute errentabilitate tasa altua lortzeko asmoz. Helburu horri heltzera begira okupazioaren praktika oztopo bat da enpresa hauentzat. Izan ere, Espainian 120.000 etxe okupatu baino gehiago egotea arazo larria da aktibo hauen salerosketa fluxurako, jakinda gehiengoa enpresa pribatuena (putre funtsena eta bankuena batez ere) dela. Okupatuta dagoen etxe batek zailtasun handiak ditu saldua izateko eta higiezinaren prezioa nabarmen jaisten da (% 60 jaistera hel daiteke). Gainera, enpresak bere poltsikotik ordaindu behar du hauek kaleratzeko kostu judizial zein estrajudizial guztiak eta okupatuta dagoen eta erabili ezin duen espazio batengatik PFEZ edo SZ zergak ordaindu behar ditu berdin-berdin.
Putre funtsentzat higiezinen merkatuan okupazioaren praktikaren existentziak eragin negatiboa du errentagarritasuna bilatzerako orduan. Hori dela eta, enpresa hauek interes berezia dute okupazioarekin bukatzeko eta, horregatik, azken urteetan praktika honen kontrako kanpaina bultzatu duen agente garrantzitsuenetako bat izan da. Ahalik eta etekin tasa altuena lortzeko eta horretarako oztopoak gainditzeko, bidean eskura dituzten baliabide guztiak erabiliko dituzte. Zentzu horretan, komunikabideetan duten boterea eta influentzia erabili dute (beste agente batzuekin batera) okupazioaren inguruko iritzi negatiboa eraikitzeko, eta horretarako hainbat gezur zabaldu dituzte: etxe bat duen edonori (biztanleen gehiengoari) eragiten dion fenomeno bat dela, ogiaren bila joatean etxea okupatzen dutela, okupatzaile gehienak narkotrafikatzaile arriskutsuak direla, besteen esfortzutik bizi nahi duten alferrak direla… Jendearengan iritzia sortzetik aparte, Espainiako ekonomiaren zenbait sektoretan duten pisua erabili dute gobernua hainbat momentutan erabaki batzuk hartzera bultzatzeko, adibidez, 2018an Pedro Sanchezek alokairuen erregulaziorako egindako erreforma bertan behera utzi zuen inbertsio enpresa hauek Espainiatik joango zirelako mehatxuagatik. Beste adibide bat, Espainian dagoen marko juridikoa nahikoa ez dela seinalatzen dabiltza hainbat hedabide zein agente (azkenekoak VOXek ekaina amaieran diputatuen kongresuan aurkeztutako lege proposamena edo maiatzean Malagan izandako Okupazio Ilegalari buruzko Espainiako Estatuko I. Kongresua) eta okupazioa zigortzen duen legedia gogortzeko lehen pausuak ematen hasi dira. Putre funtsek okupazioa kriminalizatzen duen kanpaina bultzatzen ari dira higiezin merkatuan negozioa ahalik eta baldintza egokienetan egiteko, okupazioaren praktika aurre egin beharreko oztopo bat baita.
2008ko krisitik geroztik, Espainian ohikoa bihurtu da sektore progresistek putre funtsak gogor kritikatzea eta diskurtsoan presentzia izatea. Ezkerreko alderdiek kritika enpresa hauen praktika inmoralean oinarritzen dute eta horiekin bukatzeko Estatuari merkatuaren erregulazio zorrotzagoa exijitzen diote. Diskurtso horrek alde batera uzten du inbertsio enpresa hauek kapitalaren metaketa zikloan betetzen duten papera eta munstro espekulatzaile, irrazional eta deskontrolatu gisa aurkezten dituzte, kritika termino moral hutsetan kokatuz. Gainera, estatuari izaki neutral baten izaera esleitzen diote, eta, horrela, enpresa hauen gehiegikeriekin bukatzeko ardura instituzio burgesetan jartzen dute.
Horren aurrean, putre funtsek sistema kapitalistaren erreprodukzioan betetzen duten funtzioa aztertzea garrantzitsua da. Nahiz eta kapitalismoaren sorreratik ez existitu, funtzionalak dira sistemaren bizirauterako, are gehiago krisi garaian. Putre funtsek etekinak ateratzen dituzte beste agente batzuk kaltetu ditzaketen arrisku handiko tituluetatik; merkatua dinamizatzen eta sektorean dauden oztopoak murrizten dituzte, hau da, merkatua arrazionalizatzen dute. Horrela, sistema ekonomikoaren berregituraketan paper garrantzitsua betetzen dute: produktibo izateari utzi dion kapitala desagerrarazi edo sektore eta merkatu estrategikoetara mugitzen dute. Krisi garaian ezinbestekoa bihurtzen da metaketa ziklo ekonomiko emankor berri bat abiarazteko momentuan sistema ekonomikoaren berregituraketa efektibo bat egitea, eta jarduera horretan putre funtsek garrantzia dute. Hori dela eta, progresismotik enpresa hauei egiten dieten izaera irrazional eta inmorala dutela dioten kritikatik aldendu eta metaketa ziklo berria abiarazteko krisi garaietan betetzen duten berrestrukturazio paper guztiz arrazionala seinalatu behar dugu.
Badirudi gelditzeko etorri direla putre funtsak. Azken urteetan izugarrizko boterea lortu dute munduan. Horren adibide, munduko putre funtsik handiena den Black Rock enpresak ia bederatzi bilioi eurotan baloratutako aktiboak gestionatzen dituela da, hau da, Espainiako BPG guztiaren balioa baino zazpi aldiz gehiago, eta azken urtean % 15,4 handitu da kudeatutako aktiboen balioa. Bestetik, instituzio burges ezberdinen laguntza daukate, krisi garaian enpresa hauek betetzen duten paperaz jakitun direlako. Espainiaren kasuan, orain dela gutxi nazionalizatutako Sareb enpresak (2012an Espainian higiezin problematikoen salerosketa errazteko baliabide publikoekin sortutako enpresa pribatua) Blackstone eta Hipoges funtsei esleituko die haren ondarearen salerosketa, 25.300 milioi euroko balioa duena. Azkenik, enpresok krisi garaietan lortzen dute errentagarritasun tasa altuena, izan ere, ekonomiaren atzeraldi momentu hauetan zorrak gora egiten du eta hori ordaintzeko zailtasunak handitu egiten dira. Era horretan, baldintza egokiak sortzen dira putre funtsek arrisku titulu publiko zein pribatuekin negozioa egiteko. Aurretik daukagun inoiz ez bezalako krisia ikusita, badirudi denbora luzerako eta era are nabarmenagoan izango dugula enpresa hauen presentzia.
KLASE ERTAIN PROPIETARISTA
Klase ertainaren inguruan hitz egitean, Emmanuel Rodriguezen hitzetan: «efektu politiko batez ari gara». Izan ere, klase ertaina egikaritzen duen ezaugarrietako bat klase kontzientziaren desagerpena da, hau da, bere burua burges edo langile klasetzat ez duen posizio subjektiboa. Era horretan funtzio politiko argi bat betetzen du: klase gizartearekin bukatzeko beharraren ideia alboratzea eta proletalgoa estatuan integratzea. Klase ertaina hertsiki lotuta dago estatuarekin, honen interbentzioaren bidez bakarrik sortzen direlako bloke politiko gisa egikaritu ahal izateko baldintzak (zerga politika, hezkuntza, sindikatuak, politika sozialak…).
Espainiako Estatuaren kasuan, klase ertainaren efektuak bi momentu nabarmen izan ditu: fordismoan oinarritutako frankismoaren azken etapan eta finantzarizazio garaian. Ekonomia eredu ezberdinetan gertatu den arren (fordismoan eta neoliberalismoan), bi momentuek funtzio ideologiko berberak betetzen dituzte: langile klasea estatuan integratzea eta bake soziala ezartzea. Gainera, diktaduran aurrera eramandako politiken oinarrietako bat, hots, etxebizitza jabetzaren hazkundea mekanismo diziplinatzaile gisa, ondorengo fase finantzarioan bide orria izango da[7]. Horrela, jabetza pribatuaren logika errotu eta ideologikoki langile klasea desartikulatu egiten da, Josu Luis Arrese etxebizitza ministro frankistak esan zuen bezala «gizarte jabeduna, eta ez proletarioa» sortzearen bitartez.
Diktaduran aurrera eramandako politiken oinarrietako bat, hots, etxebizitza jabetzaren hazkundea mekanismo diziplinatzaile gisa, ondorengo fase finantzarioan bide orria izango da
Klase ertainaren bigarren eratze fasean zentratuko da artikuluaren atal hau, egungo sektore honen krisia ulertu ahal izateko. 70eko hamarkadan industriaren krisi produktibo eta sozialari merkatu finantzarioen bidez eman zitzaion aterabidea. Espainia Europako Ekonomia Erkidegoaren parte bilakatu zen 1985ean eta mugimendu horrek Espainiaren ekonomiaren garai berri bat ireki zuen, birmoldaketa neoliberalaren garaia, hain zuzen: atzerriko inbertsoreak erakarri eta kapitalaren mugimenduak liberalizatu ziren.
Klase ertainarentzat garai itxaropentsua izan zen, lehenengo aldiz gizartearen sektore zabal batek merkatu finantzarioan parte hartzeko aukera izan baitzuen. Maileguen eskuragarritasunak, kanpoko inbertsioak, aktiboen prezio igoerak eta horrek dakarren familien ondarearen balio nominalaren gorakadak etxebizitzen salerosketa masiboa bultzatu zuen. Era horretan, etxebizitzaren jabetza erregimenak alokairuarenari aurre hartzea lortu zuen. 1985. urtetik 1991. urte bitartean hiru milioi etxebizitza inguru eraiki ziren, horietatik erdia bigarren edo hirugarren etxebizitza bihurtu zirenak. Bizitzeko eta erreproduzitzeko espazioa izateaz aparte, etxebizitza inbertsiorako aktibo bilakatu zen. Gainera, maileguak lortzeko erraztasunak eta higiezinetatik lortutako gainbalioak kontsumo gaitasuna handitzea ekarri zuen familientzat. 1973 eta 1993 urteetako gorakada ekonomikoaren onuradun nagusia, beraz, klase ertaina izan zen. Euforia finantzarioarekin bakarrik ezin da klase ertain efektua azaldu; izan ere, enplegu publikoaren hedapena, unibertsitatera sarbidea handitzea, zona urbanoetan lanaren gorakada eta abarrak ere faktore giltzarri izan ziren. Hala ere, loraldia 1991eko krisiarekin bukatu zen.
Aurreko urteetako egoerara bueltatzeko asmoz, 1993an Maastrichten Ituna sinatu zen. Bertan, batasun monetarioari bultzada eman zitzaion eta estatuen inflazioa, zor eta defizit publikoa kontrolatzeko mekanismoak jarri ziren martxan. Horrela, 1995 eta 2007 urteen artean ekonomiaren hazkundea nabarmena izan zen: familientzako aukera berrien urteak bihurtu ziren. Tarte horretan ekonomiaren adierazle nagusiak gorakorrak izan ziren: BPGaren gorakada (% 3,5eko igoera urtero bataz beste) eta zazpi milioi lanpostu berri (nahiz eta horien gehiengoa etorkin eta emakumeek osatutako lanpostu prekarioak izan). Zenbaki horien erantzulea urte horietan egon zen higiezinen burbuila erraldoia izan zen. 1995 eta 2007 urteen bitartean zazpi milioi etxebizitza eraiki ziren, higiezinen prezioa hirukoiztu zen, hipoteka maileguak hamaika aldiz handitu ziren eta familien kontsumo gaitasuna % 90 hazi zen. Horren ondorioz, biztanleriaren % 80k gutxienez etxebizitza bat zeukan jabetzan eta urte horietan bikoiztu egin zen hiriburu handietan etxebizitza bat zuten familia kopurua. Gertakari horiek aberastasun sentsazioa sortu zuten eta 2000. urte inguruan klase ertain indartsu baten ilusioa egikaritu zen. Sektore jabedunei merkatu finantzarioan parte hartzeak soldataren menpekotasunik gabeko (soldata errealen jaitsiera gertatu zen) diru sarrerak izatea ahalbidetu zien. Txanponaren beste aldea familien zorpetze masiboa izan zen. 1995ean familien zorra errentekin alderatuta % 60koa zen eta 2007an % 140ra igo zen.
Hala ere, higiezinen jabetza oinarrian duen aberastasun efektuaren ilusioan ez zuen gizarte guztiak parte hartu. Jabedunen taldetik gizartearen % 10 eta % 20 artean kanpo geratu zen, horietatik gehienak etorkinak eta gazteak. Sektore horien errentak etengabe balioa galtzen ari ziren soldatak besterik ez ziren. Higiezinen prezioen igoerak etxe bat eskuratzeko aukerak zaildu zituen batzuentzat; izan ere, etxebizitzarako sarbidearen kostua handitzen zihoan bitartean, bizitzaren etengabe garestitzen ari zen. 1996an etxe baten kostuak familia osoaren lau urteko errenta suposatzen zuen, batez beste, 2007an 7,7 urtekoa.[8]
2008an sistema finantzarioaren kolapsoa izan zen Europako eta Estatu Batuetako ekonomietan. Amerikako Estatu Batuetako hipoteken merkatuen eztandarekin (subprime hipotekak) hasi zen mundura hedatuko zen krisia. Inbertsio enpresa askok kiebra jo zuten, eta horien artean aipagarriena 2008ko irailean porrot egin zuen Lehman Brothers enpresa da. Krisia berehala gainontzeko herrialdeetara hedatu zen, eta Espainiara higiezinen ziklo finantzarioaren erortzearekin batera heldu zen.
Azken hamarkadetan klase ertain efektua sortu zuten baldintzak desagertu ziren 2008ko krisiaz geroztik. Batetik, zor publikoa oso altua zen, estatuak bere gain hartu baitzuen sektore pribatuko zor kantitate handi bat. Hori dela eta, klase ertainaren sostengu izan den estatuaren interbentzio marjina murriztu egin zen. 2007. urtean zor publikoa BPGaren % 35 zen eta 2021eko urte bukaeran % 118.
Bestetik, desagertutako beste baldintza bat higiezinen merkatuarekin lotuta dago; izan ere, merkatu honetan lortzen zuten familiek kontsumorako gaitasuna. 2008an hasitako krisiaren ondorioz, langabezia % 27koa zen 2013an (4,6 milioi pertsonek galdu zuten lana 2008 eta 2013 urte bitartean), etxegabetzeek gora egin zuten nabarmen, familien mailegu zorrak hazi egin ziren eta etxebizitzaren balioa izugarri jaitsi egin zen. Horrela, klase ertain efektuak izan zuen figura zentrala arriskuan jarri zen: klase ertain propietarista. 2007. eta 2015. urteen artean milioi bat biztanlek etxebizitza galdu zuten, eta jabedunen biztanle sektoretik kanporatuak izan ziren, zorrez josita, gainera.
2007. eta 2015. urteen artean milioi bat biztanlek etxebizitza galdu zuten, eta jabedunen biztanle sektoretik kanporatuak izan ziren, zorrez josita, gainera
Gero eta txikiagoa zen klase ertain propietarista sektoreak zailtasunak zituen aktibo higiezinetatik errentagarritasuna ateratzeko. 2007 eta 2011 urteen artean etxebizitzen salerosketa % 70 jaitsi zen Espainian, 2008 eta 2013 urteetan etxeak erosi ahal izateko mailegu kopurua erdira murriztu zen, eta etxebizitzen balioak % 35eko beherakada jasan zuen.
Testuinguru horretan, etxebizitzaren alokairua negozio aukera bihurtu zen bi arrazoirengatik: lehenik, gizartearen pobretzerako joeraren aurrean gazte eta etorkinen zati handi batek alokairuan aurkitu zuten teilatu bat izateko aukera, etxebizitza erosteko ezintasunak bultzatuta; eta, bigarrenik, turismoaren gorakada zela eta, merkatu aukera bat bilakatu zen etxe hutsen eta bigarren etxeen alokairua.
Nahiz eta errenten zati bat putre funts eta enpresa handiek lortu, etxea alokatzen zuen sektore nagusia jabe txiki eta ertaina zen. 2019. urtean hiru milioi eta erdi etxebizitza zeuden alokairuan eta horietatik hiru milioi gutxi gorabehera jabe partikularrek osatzen zuten. Beraz, klase ertainaren zati batek errenten bitartez diru sarrerak izatea lortu zuen, eta «errentadun txiki» bihurtu zen.
Ildo beretik, alokairuen bitartez jabe txikiek berriro irabaziak lortzeak bi funtzio bete izan ditu: ekonomikoa eta ideologikoa. Lehenengoa, azken urteetan higiezinen merkatuan etxebizitzek izandako debaluaziotik etxea berriro negozioa egiteko eta aberastasuna lortzeko aktibo bihurtzea. 2015 eta 2019 urteen artean hiri nagusietako alokairuen prezioa % 50 igo egin zen eta, ondorioz, errentadunek lortzen zituzten etekinek gora egin zuten. Bigarrena, ideologikoa, eta, lehenengoarekin zuzenean lotutakoa, jabetza pribatuaren –klase ertaina gorpuzten duen oinarrietako bat– defentsa handitu izana. Klase ertain propietaristak kolpe handia jaso zuen 2008ko krisiarekin eta hainbatek etxea galdu zuten, eta horrela, sektore horretatik kanpo gelditu ziren. 2015-2019 urteetan alokairuaren prezioaren eta eskaintzaren igoerarekin jabetzaren bitartez lortutako errentek gora egin zuten. Era horretan, klase ertainaren efektua sortzen dituzten baldintza ekonomikoak berriro agertu ziren, jabetza txikien alokairuarekin batera (2008. urteko krisia baino lehen zeuden baldintzak baino askoz eskala txikiagoan, alabaina). Hortaz, errentaduna da klase ertainaren figura politiko berria.[9]
Alokairuen bitartez jabe txikiek berriro irabaziak lortzeak bi funtzio bete izan ditu: ekonomikoa eta ideologikoa
Komunikabideek alokairua etxebizitzarekin zegoen arazoari aurre egiteko irtenbidetzat aurkitu izan dute, jabe txiki izateari utzi dion biztanleriaren zati bati teilatu bat eskaintzeko modu gisa, alegia. Figura legitimo gisa aurkezten da jabedun txikia, norberaren edo familia kide baten esfortzuarekin dirua lortzen duen horrek bere jabetzak alokatzen baititu. Hala ere, bere jabetzak alokairuan jartzeko hainbat arazo zituztela esan da: merkatuaren zurruntasuna, segurtasun juridikoa eza, okupazioa, alokairuen ordainketa eza…
2020an familien % 76k etxebizitza bat zeukan jabetzan, hau da, biztanleriaren gehiengoa jabeduna zen. Nahiz eta klase ertain propietaristaren blokea txikitzen joan den, oraindik kapa zabala osatzen du. Sektore honen barruan errotuta dago jabetza pribatuaren printzipioa, jabetzan gutxienez etxe bat dutelako eta horietatik % 14k jabetzan duen higiezin batetik lortzen dituelako irabaziak.
Hori dela eta, esan daiteke okupazioaren gaiarekin azken urteotan izan den kriminalizazioaren onespen eta arrakasta sozialaren zergatiak hauek direla: biztanleria jabedunaren tasa handia izatea eta errentadun figurak jabetza pribatuaren defentsan sakondu izana. Izan ere, jabedun txikiak eta, oro har, biztanleriaren gehiengoa, interpelatuta sentitzen da okupatua izan daitekeen hurrengo etxea norberarena izan ahal delako diskurtsoaren aurrean. Errentadunek, beraz, arriskuan ikusten dute irabaziak ematen dizkion higiezina.
Azaldu bezala, Espainiako Estatuaren kasuan, klase ertainaren agertzeko baldintza ekonomikoak lotuta egon dira higiezinetatik lortutako etekinekin. Azken urteetako krisia dela eta, sektore honen zati batek zituen jabetzak galdu ditu, horietatik irabaziak lortzeko aukera ezabatu zaie eta klase ertaina deiturikoaren zati baten desagertu da. Egoera horretan ulertu behar da klase ertain izateari utzi nahi ez dion klase jabedunaren erreakzioa. Duen indar eta baliabide guztiekin defendituko ditu errentak ematen dizkion eta bizitza maila altuagoa izatea ahalbidetzen dion aktibo higiezina.
Egungo egoera erabili dute okupazioaren kontrako kanpaina bultzatu duten agenteek: eskuin alderdiek (ezker alderdiak okupazioaren gaian posizio deseroso bat hartzera behartzeko) zein interes ekonomikoak dituzten enpresek (segurtasun enpresak, putre funtsak, higiezin enpresak, desokupazio enpresak…). Kanpainaren erdigunean ziurgabetasun egoeran aurkitzen den jabedun txikia aurkeztu digute (datuek okupazioen gehiengoa enpresa handien jabetzak direla adierazten duten arren) eta biztanleriaren zati handi bat jabeduna dela jakinda (% 77), biztanle orori eragiten dion zerbait balitz bezala azaltzen dute okupazioaren fenomenoa. Egun eta gau jabetza pribatuaren printzipioa hezurretaraino barneratuta duen sektorea beldurtzeko iragarkiak eta diskurtsoak entzuten dira, bai komunikabideetan, baita politikarien ahotan ere. Era horretan, kanpainak izan duen oihartzuna eta arrakasta handia ulergarria da.[10]
AZKEN AIPAMEN BATZUK
Okupazioaren kontrako ofentsibak aurrera jarraitzen du, eta are indar gehiago hartuko duela aurreikusten da. Azken hilabeteotan erasoak forma ezberdinetakoak izan dira eta ugariak izan dira desalojatutako espazioak: Legutioko Gaztetxea, Gasteizko Zentro Sozialista, Leninen Txokoa, Legutioko Zentro Sozialista, Algortako Gaztetxea, Errotxapeako Gaztetxea, Bilboko Urkila Zentro Sozialista…
Espainiako Estatuan legedia gogortzeko baldintzak ezartzen ari dira eta joera horrek okupazioa guztiz ilegalizatzeko nahia erakusten du: batetik, aurreko maiatzean Malagan egindako Okupazio Ilegalari buruzko kongresuan atera zen ondorio nagusia okupen aurrean jabeek duten babesgabetasun egoera izan zen, eta horri aurre egiteko bi proposamen egin ziren: lehena, kautelazko desalojoa erraztea espazioa zuzenean husteko, eta, bigarrena, poliziak edozein momentutan espazioetara sartzeko eskumena izatea. Horrez gain, hainbat izan dira Espainiako kongresuan VOX, C´s eta PPk okupazioa zigortzen duen legedia gogortzeko aurkeztutako proposamenak. Azken proposamenean, VOX alderdiak ekainean usurpazioagatiko zigorrak handitzea eta poliziak baimen judizialik gabe espazioak husteko eskumena izatea proposatzen zuen. Azken horri lotuta, kontuan izan behar dugu hurrengo urtean hauteskunde orokorrak direla, eta aipatutako eskuindar alderdiek badakitela PSOE eta Unidas Podemosi min egiten diela proposamen hauen inguruan eztabaidatzeak; hori dela eta, hurrengo urtean gai honen inguruko proposamen eta oihartzun mediatiko handiagoa izango dela aurreikustekoa da.
Azkenengo hilabeteotan espazioak desalojatzeko erabilitako formen artean aipagarria da kautelazko neurria naturalizatzen ari dela (epaiketa egunera arte oraindik sententzia izan gabe jabeek espazioa berreskuratzea ezartzen duen neurria). Babesgabetasun egoeran dauden pertsonentzat sententziarik egon gabe kale gorrian gelditzea ekartzen du horrek; horregatik, epaileek kontu handiz erabili duten neurria izan da. 2020an fiskaltzak publikatutako instrukzio batean neurri hau noiz erabili ahal den zehazten zuen eta, ordutik, epaileak normaltasun handiagoz erabiltzen hasi dira, Bilboko Zentro Sozialistaren desalojoan kasu, eta, horrela, Langile Kontrolpeko Espazioak irekitzeko zailtasunak areagotu dituzte.
Krisi testuinguruan, okupazioaren praktika oztopo bat da, ekonomia berregituratzen ari den momentu honetan higiezinen merkatuko funtzionamendu egoki bat egoteko traba delako. Gainera, Langile Kontrolpeko Espazioak ekinbide iraultzailerako gotorleku dira, eta burgesiak ezin du espazio horiek hedatzea onartu, are gehiago, ziurgabetasun momentu honetan. Egoera zail honen aurrean, okupazioaren praktika inoiz baino garestiago ordaintzen den honetan, Langile Kontrolpeko Espazioen gero eta eskala eta konpromiso handiagoko defentsa efektiboa egitean datza espazio okupatuen biziraupena. Klase ertain propietarista eta putre funtsen atzean dagoen oligarkia finantzarioa aurkari nagusienetarikoak dira urte hauetako eta hurrengoetako espazioen gatazketan.
BIBLIOGRAFIA
[1] Julian, Ibai (2020). La ofensiva contra el Control Obrero sobre los espacios bajo el paradigma de la «okupación». GEDAR LANGILE KAZETA.
[2] Arruti, Alain (2021). Okupazioaren kontrako ofentsibaren inguruan. GEDAR LANGILE KAZETA.
[3] BOE 1/2020 Instrukzioa, irailaren 15ekoa, Estatuko Fiskaltza Nagusiarena, Bizilekua bortxatzearen eta ondasun higiezinak usurpatzearen delituetan kautelazko neurriak eskatzeko jarduketa-irizpideei buruzkoa.
[4] Gil, Javier (2019). La subida de los alquileres: ¿falta de oferta o fondos buitre?. Papeles de relaciones ecosociales y cambio global, (148), 85-95.
[5] Ruiz Pantoja, Laura (2020). Análisis de los distressed funds. Gradu Amaierako Lana. Madril: Comillas Universidad Politécnica.
[6] Bayona, Eduardo (2021). Los fondos buitre amplían su presencia en los sectores que más disparan los precios: banca, ladrillo y energía. Público. Irailaren 6a.
[7] Pisano, Karla (2022). Jabeak eta proletarioak: etxebizitzaren jabetza kohesio- eta bazterketa-mekanismo gisa. Arteka.
[8] López, Isidro eta Rodriguez, Emanuel (2010). Fin de ciclo. Financiarización territorio y sociedad de propietarios en la onda larga del capitalismo hispano (1959-2010). Madril: Traficantes de Sueños.
[9] Rodríguez, Emanuel (2022). El efecto clase media. Crítica y crisis de la paz social. Madril: Traficantes de Sueños.
[10] Rodríguez, Emanuel (2020). ¿Qué hay detrás de la campaña contra la okupación?. CTXT Contexto y Acción.
HEMEN ARGITARATUA