Bigilantzia-gailua ARGAZKIA / Zigor Garro
2020/04/03

Hutsune argi bat dago, ikuspegi politiko kritikotik, kartzelari, bere funtzio sozial objektiboari eta klase menderatzean duen funtzioari dagokienez. Osotasuneko estrategia politikora hedatzen den hutsunea, non kartzelak ez duen leku adosturik aurkitzen. Espetxea betikotzea, hura eraberritzea edo erabat abolitzea tradizio politiko desberdinen planteamendu hautsiezinak dira, zehaztapen estrategiko batean egokitu beharrean urrutiko literatura utopiko baten parte direnak, gizarte kapitalistaren baldintza objektibo eta historikoekiko erabateko deskonexioan, sarritan betebehar moraletara murriztuak helburu politiko arrazionaletara baino gehiago.

Kartzelak errealitate material izugarria lortu duen tokian ere, oro har, ezkerreko mugimendu politikoei dagokienez, beti bere borrokarekin eta hura hedatzen ari zen koiuntura taktikoarekin hertsiki lotuta jorratu izan da. Ez dugu uste hori eragozpena denik, ezta aztertzen ari garen gaiarekiko ikuspegi estua justifikatzen duenik ere; aitzitik, ez dugu ulertzen kartzelaren problematikari aurre egiteko beste modurik, ezta bestelako arazo soziala ere, subjektibotasun politiko batetik, estrategia batetik eta gizarte-errealitatearen aurreko klase-posizio batetik abiatzen ez denik. Hori bai, subjektuaren barneko batasun hori optika baten gabeziak azaltzeko baliozkoa ez den arren, ezinbestekoa da, ordea, ebazteko eskasia erreal bat subjektuaren gabeziatik abiatzen dela.

Saihestu ditzagun gaizki-ulertuak: subjektu bat nolakotasun hori besteei ukatzen dien heinean soilik da subjektu. Edo subjektua beste batzuk posibilitate horretatik kanpo uzten dituen neurrian bakarrik eratzen da. Beraz, subjektua ez da inoiz osotasun bat barnera, eta beti du kanpokotasun bat. Horregatik, kartzelaren aurreko posizio batek, beste guztiaren aurreko posizioak bezala, muga politikoak ezartzea eskatzen du, estrategiaren barruan eta kanpoan dagoenaren artean. Horixe gertatzen da preso politikoa preso arrunt edo sozialetik bereizten duen lerroa mugatzen denean. Lehenengoak estrategia politiko baten parte izateagatik ezaugarritzen dira; bigarrenak, berriz, kontraesan sozialaren emaitza hutsa izatera mugatu ohi dira. “Kontzientzia bat-batekotasunaren aurrean”, ezaugarritzeko beste modu bat da, non bigarrenak beti galtzen duen eta inoiz ez duen aztertzea merezi.

Neurri batean, kartzelaren gaia landuz, banaketa hori desegitea izan dugu helburu, edo, zuzenago esanda, beste maila batean eratzea. Lehenik eta behin, jada ez delako klase sozialak mugatzen ez duen bazterketa eskaintzen duen estrategia bat, estatu kapitalistaren aparatu errepresiboari erantzun gisa maila taktikoan kartzelarekiko ikuspegi partikularra sortzen duena. Eta bigarrenik, lerroa desegitearen bidez proletalgoaren geruza handiak gizarte-emantzipazioaren aldeko borroka politikoan sartzea bilatzen dugulako. Denak ez, ordea. Espetxea proletalgoarentzako sarraski-gune bat den bezala, klase etsaiaren laguntzaile zaharkituak ere badaude bertan.

Horrela, abiapuntu bat ezartzen dugu, non kartzelaren irakurketa politikoa ez den politikoki antolatzeko egitate zuzenaren menpe geratzen, baizik eta aukera horren deuseztapen gisa ere existitzen den. Klase emantzipazio sozialaren -eta humanitatearen emantzipazioa-, klase proletarioaren existentziaren baldintza objektiboaren eta garatu beharreko estrategia politikoaren arteko lotura ezartzea da egitekoa.

Ez datza preso politikoa eta soziala berdintzeaz, ezta militantziari eta konpromiso politikoari balioa kentzeaz ere. Baina ezta espetxeratutako proletalgoa bigarrengotzeaz ere. Aitzitik, politikoa dena proletalgoaren posiziotik mugatzean datza, preso politiko bat definitzeko orduan arbitrariotasun mota oro saihestu ahal izateko. Horrek, era berean, aukera ematen digu klase-ikuspuntu bat eratzeko kartzelaren aurrean, politikaren inguruko ikuspuntu mugatu eta aldi baterako batean agortzen ez dena -ezta adierazpen politiko horretara mugatutako irtenbide batean, bere ebazpenak kartzelaren problematikaren amaiera inplikatuko lukeena-, baizik eta harago doana, espetxe kapitalista abolitu arte, hari forma ematen dion sistema kapitalistarekin batera.

Horregatik, berebiziko garrantzia du kartzelaren eta haren funtzio politikoaren birdefinizioak, proletalgo osoaren gaineko klase menderakuntzaren organo instituzional gisa, eta ez bakarrik estrategia politiko egoki edo ez hain egoki bati erantzuteko mekanismo gisa. Geure buruari galdetzen diogu: zein da klase irakurketa politiko bat bere azken oinarrietaraino eraman dezakeen estrategia? Zein da kartzela kapitalistak betetzen duen funtzioa?

Berebiziko garrantzia du kartzelaren eta haren funtzio politikoaren birdefinizioak, proletalgo osoaren gaineko klase menderakuntzaren organo instituzional gisa, eta ez bakarrik estrategia politiko egoki edo ez hain egoki bati erantzuteko mekanismo gisa

Lehen galderari erantzuna begi bistakoa da: sozialismoa eraikitzeko estrategia proletario batek baino ez dio amaieraraino aurre egiten burgesiaren botere instituzionalizatuari. Hura ez dagoenean, desagertu egiten dira bai preso politikoa bai kartzelaren aurreko posizio politikoa, biak jada agortuta dagoen garapen taktiko-koiuntural baten beroan sortuak. Horrela, bada, politikoak, proletalgoaren klase-borrokari datxekiona, klase-borroka eta estrategia sozialista etengabe berritzea eskatzen du. Hori ematen ez den unean, politikoaren ezaugarria desagertu egiten da, eta presoa normaltasun kapitalistara asimilatuta geratzen da. Horregatik, subjektua klase borrokaren mugetara zabaltzeak proletalgoari gizarte kapitalistaren aurrean duen jarrerarekin kontraesankorra ez den kartzelaren aurreko jarrera garatzeko aukera ematen dio.

Bigarren galderari dagokionez, gizarte kapitalistaren leku komuna da espetxea gizarteratzeko tresna gisa identifikatzea, lan hori burutzea ezinezkoa dela aitortzen den bitartean. Ezintasuna halakoa da, berez ez baitago ezer birgizarteratzeko: presoa ez da inoiz gizarte honetatik kanpo egon. Helburu politiko batzuen alde borrokatzen duenak gizarte honetan borrokatzen du. Jabetza pribatu kapitalistaren legeak hausten dituena gizartearen parte da, eta gizartearen kontraesanaren ondorio delako bakarrik hautsi dezake bere legea. Baina klase etsaiaren funtzioa betetzen duena ere, bortxatzailea kasu, ezin da zuzenean gizarte kapitalistatik kanporatu, askotan, gizarte-harreman kapitalistak babesteko, eskuak garbitzeko eta menderatzen gaituen zentzugabekeria sozialarekiko erantzukizun politiko kolektiboak saihesteko, gertatzen den bezala – “gizagabea da, animali bat…” –. Gizartearen baitako kontraesana ez da kanpokoa, baizik eta bera, gizartea, egiten du; eta horren ebazpena eraldaketa sozialerako praktika iraultzaile gisa bakarrik eman daiteke.

Espetxea sistema kapitalistaren katalizatzaile soziala da, non proletalgoa adierazgarririk nagusiena duen kontraesan sistemikoari datxezkion desorekak orekatzen diren. Azken batean, klase tresna bat da, aipatutako eraldaketa soziala eragoztea helburu duena, tipifikatutako delitu guztiekin batera kartzela ezinbestekotasunez erreproduzitzen duen menderatze-sistema bat betikotuz; delitu horiek, gehienetan, klaseetan banandutako eta besteren lanaren ustiapenaren gainean eutsitako gizarte baten delitu historiko eta bereizgarriak dira.

Historikoa eta klasista da ere zigorraren eta askatasun-gabetzearen forma, zeina hertsiki lotuta baitago askatasun kapitalistaren kontzeptuarekin, merkantzia zirkulazio kapitalistaren bitartekaritzaz eta haren aginpean sozialki interkonektatutako gizabanako askearen kontzeptuarekin. Gizarte-ordenamendurako zein beste aukera geratzen zaio forma sozial anarkiko bati, ez bada gizabanako aske eta desjabetuak ekoizten dituen dinamikarekiko gizabanakoaren deskonexio fisiko partziala? Hori da, gehienez ere, gizabanakoak gizartearekiko duen konpromisoa, eta horrela da ere gizarte kapitalistak bere desobedientziagatik ordainarazteko aurkitzen duen bide bakarra.

Hurrengo orrialdeak elementu bat izan daitezela presoekiko eta gizarte osoarekiko dugun konpromisoan sakontzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK