4.0 INDUSTRIA: MARKETING HANDIA ETA ZURRUMURRU ASKO (EZER EZ ETA FESTA)
“Laugarren Industria Iraultza” kontzeptua Munduko Ekonomia Foroak proposatu zuen. Proposamen horren oinarria da aurreko industria-iraultzek ekoizpenean aldaketa tekniko garrantzitsuak egin zituzten bezala, orain ere antzeko zerbait gertatzen ari dela. Laugarren iraultza horri dagokionez, honako hau aipatzen dute:
“Gaur eguneko aldaketak Hirugarren Industria Iraultzaren luzapen soil bezala baino gehiago Laugarren eta desberdin baten helduera bezala ulertzeko hiru arrazoi nagusi daude: abiadura, irismena eta sistemen inpaktua. (...) Sorkuntza teknologiko handiak dira, hala nola arlo hauetakoak: Adimen Artifiziala, robotika, Gauzen Interneta, ibilgailu autonomoak, 3D inprimaketa, nanoteknologia, bioteknologia, materialen zientzia, energia biltegiratzea, eta konputazio kuantikoa (...).”
Lehenik eta behin, kontzeptu horri buruz idatzi den literaturari lotutako arriskuaz ohartarazi behar dut irakurlea: neurri handi batean aldaketa tekniko berri horiek garatu dituzten enpresen publizitate apologista hutsa da. Edonola ere, bere ekarpenek eduki gutxi eta hitz burrunbatsu asko dute. Hobe izaten da ekoizpen-prozesuan bertan parte hartzen duten ingeniariei eta teknikariei arreta jartzea.
Era batera edo bestera, definizio edo azalpen guztiek bat egiten dute 4.0 industria aldaketa tekniko espezifiko batzuekin lotzearekin. Normalean, 2011-2016 aldian Alemaniako industrian nabarmendu ziren horiek identifikatzen dira Laugarren Industria Iraultzarekin: Gauzen Interneta, robotika berria, Adimen Artifiziala, Big Data, errealitate areagotua eta errealitate birtuala, 3D manufaktura... Munduko Ekonomia Foroak emandako azalpenera itzuliz gero, beste adibide asko aurkituko ditugu (nanoteknologia, bioteknologia...).
Jainkoak libra nazala lehen aipatutako ahobero berritsuen taldean sartzetik; horregatik, teknologia horiek arlo ekonomikoan duten eragina azaltzera mugatuko naiz. Jarraian emango ditudan azalpenak, ahalik eta sinpleen azaltzen saiatuko naizen arren, nahasgarriak izan daitezke ekonomia politikoaren kritikaren oinarrizko kontzeptuak ezagutzen ez dituenarentzat.
Sarrera honetako garrantzitsuena da lerroon helburua 4.0 teknologien jatorria eta kapitalisten zerbitzura –beti diru-gosez– betetzen duten funtzioa seinalatzea dela. Saihestu egin nahi dugu etorkizunari buruzko zientzia-fikziozko fantasiak elikatzea, arreta klase-borrokatik desbideratzen baitute. Halaber, testu honek irakurlea Marxen testuak irakurtzera bultzatu nahi du, gizarte kapitalistan makineriak duen funtzioa uler dezan; ez da, beraz, Kapitalaren egungo joerak aletzen dituen tratatu bat. Gauza ugaritan ez gara sartuko (nahiz eta sekulako interesa izan gaur egun, hala nola Kapitalaren metaketa eta lur-jotzea edo ekoizpen-prozesuan lan-indarrak gero eta garrantzi txikiagoa izatea), irakurketa laburtu eta erraztearren. Beraz, ez dezatela testu hau Mugimendu Sozialistaren tesiak kritikatzeko erabili; izan ere, badaude tesi horiek azaltzen dituzten dokumentu ondo idatzi eta arrazoitu batzuk edonorentzat eskuragai.
LAN-PROZESUA ETA BALORIZAZIO-PROZESUA
Has gaitezen lan-prozesuaren eta balorizazioprozesuaren arteko bereizketatik, ezinbestekoa baita edozein teknologiaren rola ekonomia politikoaren kritikatik ulertzeko, Marxek Kapitalaren V. kapituluan ezartzen duenez. Horiek, zentzu figuratuan, prozesu beraren bi aldeak irudikatzen dituzte:
“Ikusten dugu ezen lana ‘erabilera-balioaren sortzaile moduan’ eta lana ‘balioaren sortzaile moduan’ bereizten dituen hori (merkantziaren analisian iritsi ginen diferentzia horretara) orain ekoizpen-prozesuaren alderdien arteko bereizketa moduan aurkezten dela. Lan-prozesuaren eta balorizazio-prozesuaren unitate moduan, [ekoizpen-prozesua] ekoizpen kapitalistaren prozesua da, merkantzien ekoizpenaren forma kapitalista”.
Lan-prozesuaren ikuspegitik, hots, gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren ikuspegitik, haren eraldaketa material jakin bat baino ez dugu aurkituko. Bide horretatik, teknologiaren ondorioei buruzko hausnarketa teknikoa baino ezin dugu egin:
“Gariaren zaporearen bidez hura nork landu duen ez dakigun era berean, prozesu horrek (lan-prozesua) ez digu agerian uzten zer baldintzatan gertatzen den hura, ea esklaboen kapatazaren zigor gogorraren pean edo kapitalistaren irrikazko begiradaren pean gertatu den; edo ea nork eskuratu duen, Cincinatok eskuratu duen bere bi goldeak landuz, ala piztia bat harrikada batez jotzen duen gizaki basatiak”.
Ikuspegi hori saihestu behar da, hain zuzen ere, ekoizpenean eta gizartean izandako aldaketak ulertu nahi direnean, ezkutatu egiten baitu aldaketa horien eta horien gizarte-baldintzen arteko harremana. Izan ere, horrela, makina-eredu berriak, haien ekoizpen-abiadura, funtzioak, piezak, programazioa, erabilitako materialak... bakarrik identifika ditzakegu (berrikuntzak), baina inoiz ez haien jatorri soziala eta ezartzeko arrazoia. Hutsune horren aurrean, kapitalismoaren historiaren apologistek jenioen sormenera jotzen dute, ekintzaileen espiritu abenturazalera eta zentzurik gabeko beste lelokeria batzuetara.
[...] gizarte burgesaren lan-prozesuak jasaten duen etengabeko iraultzari erreparatuz, teknologia berrien oinarri “teknikotik” haratago joan behar dugu eta haien izaera sozialaz galdetu. Horixe bera da ekoizpen-prozesuaren beste aldea, balioaren ekoizpena
Errealitatea, ordea, bestelakoa da; liluratzea zein interesgarria den alde batera utzita (Marxek berak Manifestu Komunistan egiten duen bezala), gizarte burgesaren lan-prozesuak jasaten duen etengabeko iraultzari erreparatuz, teknologia berrien oinarri “teknikotik” haratago joan behar dugu eta haien izaera sozialaz galdetu. Horixe bera da ekoizpen-prozesuaren beste aldea, balioaren ekoizpena. Ekoizpen kapitalistaren alderdi espezifikoa lan-prozesua balioaren ekoizpenaren mende egotea da, eta, beraz, makina berriak instalatzeak men egiten dio bigarren faktore horren eskakizunari:
“Produktua –kapitalistaren jabetza– erabilera-balioa da, haria, botinak, etab. Baina, nahiz eta botinek, adibidez, zentzu batean aurrerapen sozialaren oinarria osatzen duten eta gure kapitalista aurrerakoia izan goitik behera, botinak ez dira bere kabuz fabrikatzen. Merkantzien ekoizpenean, erabilera-balioa ez da maite, oro har, erabilera-balio izateagatik. Erabilera-balioak sortzen dira oinarri materiala direlako, truke-balioaren eroale direlako. Gure kapitalistarentzat bi gauza diferente dira. Hasteko, kapitalistak truke-balioa duen erabilera-balio bat ekoitzi nahi du, hau da, salmentarako artikulu bat, merkantzia bat. Gainera, sortu nahi duen merkantzia horren balioak hauen balioen batura baino handiagoa izan behar du: merkantzia hori ekoizteko behar izan diren merkantzia guztiak; ekoizpen-bitartekoak; eta lan-indarra, zeina bere diru ugariaz erosi baitzuen merkatuan. Laburbilduz, ez du erabilera-balio bat bakarrik ekoitzi nahi, ezpada merkantzia bat; ez bakarrik erabilera-balio bat, ezpada balio bat, eta ez bakarrik balioa, baita gainbalioa ere.”
MAKINA, ERREMINTA ETA LANA
Zer dira eta zer eginkizun dute, orduan, gainbalioaren ekoizpenean Laugarren Industria Iraultza honetako aldaketek? Dagoeneko esan dugu ekoizpen kapitalista bereziki gainbalioaren maximizazio-irizpidearen arabera arautzen dela, eta irizpide hori kapitalistaren irabaziaren edo mozkinaren sinonimotzat hartuko dugu. Teknologia berri horiek ezartzeko arrazoia, beraz, haiek gainbalioa –batez ere gainbalio erlatiboa– sortzeko egiten duten ekarpena izan behar da (Kapitalaren X. kapitulua). Hori da makina berriak baldintza sozial eta historiko jakin batzuetan kokatzeko modua. Marxek ondo adierazten du XIII. kapituluan:
“Hala dio John Stuart Mill-ek 'Ekonomia Politikoaren Printzipioak' lanean: ‘Eztabaidagarria da orain arte egindako sorkuntza mekaniko guztiak gizakiren baten eguneroko lana arindu ote duen’. Ordea, inondik ere ez da hori Kapitalak erabiltzen duen makineriaren helburua. Lanaren ekoizpen-indarraren arloan izan diren beste garapen guztiak bezalaxe, makineriaren helburua da merkantziak merkatzea eta langileak beretzat behar duen lanaldiaren parte bat murriztea, eta, hala, lanaldiaren beste partea luzatzen du, hots, langileak kapitalistari doan ematen dion hori. Gainbalioa ekoizteko bitarteko bat da. Manufakturan, ekoizpen-moduaren iraultzaren abiapuntua lan-indarra da; industria handian, lan-bitartekoa [(makina)]”.
Gainbalioaren metaketak –arnasa da burgesiaren klase sozialarentzat –indar produktiboen garapenean du bere palanka. Hau da, lanaren produktibitatea handitzea da kapitalistek merkantzia multzo handiak metatzeko duten pribilejioaren atzean dagoen sekretua (eta, beraz, gainbalioaren eta Kapitalaren atzean dagoena). Marxek bere garaiko industria handiaren makinizazioa aztertu zuen, hura lan-indarraren esplotazio intentsiboan eta estentsiboan zentratu ziren lehen manufaktura-industriekin alderatuz. Burgesiaren egungo banderadunak –tartean Musk, Bezos edo Jobs –ekoizpenean egiten ari diren iraultza ulertu nahi badugu, Kapitala lanaren egilearen adibideari jarraitu behar diogu:
“Horrenbestez, lehenbizi aztertu behar dugu lan-bitartekoa zergatik pasatu den erreminta izatetik makina izatera, edo zertan bereizten diren makina eta artisau-tresna bat. (…) Matematikariek eta mekanikoek –ekonomialari ingelesek tarteka babesten dituztelarik– erreminta ‘makina sinple’ gisa definitzen dute, eta makina ‘erreminta konposatu’ gisa. Ez dute oinarrizko diferentziarik antzematen bien artean (…). Ikuspuntu ekonomikotik, hala ere, definizioak ez du ezertarako balio, bazter uzten baitu osagai historikoa”.
Eta honela jarraitzen du: “Transmisio-mekanismoak, zeinak osagai baititu bolantea, ardatz eragileak, horzdun gurpilak, turbinak, zurtoinak, kableak, uhalak, piñoiak eta era guztietako engranajeak, mugimendua erregulatzen du, haren forma aldatzen du beharrezkoa denean –adibidez mugimendu perpendikularra zirkular bihurtuz–, haren banaketa egiten du, eta hura makina-erremintara transferitu. (…) Makineriaren parte hori, hots, makineria-erreminta hori du abiapuntu XVIII. mendeko industria-iraultzak. Eta artisau-industria edo manufaktura-industria bat industria mekanizatu bihurtzen den aldi bakoitzean ere horixe da abiapuntua (…) Gizaki batek bere denbora propioan jarduteko erabiltzen dituen lan-tresna kopurua (ekoizpen-bitartekoak, lan-prozesuaren ikuspegitik) mugatu egiten du gizakiaren ekoizpen-tresna naturalen kopuruak, hots, haren gorputz-organo propioek. (…). Makina-erreminta batek funtzionatzeko aldi berean erabiltzen dituen erreminta kopurua hasieratik libratu da langile baten erreminta mugatzen duten muga organikoetatik”.
Hortaz, lankidetza sinpleenak (XI. eta XII. kapituluak) eta bitarteko sofistikatu eta modernoak, denak dira lan-indarra zukutzeko bitartekoak, haren produktibitatea handitzen baitute eta hura erabat ahitu arte esplotatu, azken gainbalio tanta ateratzeraino.
Lankidetza sinpleenak eta bitarteko sofistikatu eta modernoak, denak dira lan-indarra zukutzeko bitartekoak, haren produktibitatea handitzen baitute eta hura erabat ahitu arte esplotatu, azken gainbalio tanta ateratzeraino
PRODUKTIBITATEAREN LUXUA ETA KONDENA
Lanaren produktibitatea gero eta handiagoa izango bada, langile bakoitzak bere lana merkantzia gero eta kopuru handiago bilakatu behar du. Zentzu horretan, Marxek, lehenago aipatu dugun bezala, manufakturaren erremintaren eta industria handiko makinaren arteko aldea identifikatzen du. Azpimarratzen du azken horrek aukera ematen duela manufaktura mugatzen zuten “oztopo organikoak” gainditzeko. Industria handiak, horri esker, lanaren produktua biderkatzeko aukera zabaltzen du lan berarekin, lehengaien, makinen eta (Kapitala) ekoizteko gainerako tresnen kopuru izugarriak mugimenduan jarriz.
Bere garaiko ekonomisten harriduraren eta nahasmenaren aurrean –haiek makinen aldaketa teknikoak aztertzen zituzten, energia-iturria, esaterako–, Marxek egia horiek lau haizeetara zabaltzen zituen. Berak oso ondo zekien makinak nolako aukerak ematen dituen gizakia lanetik emantzipatzeko, gizakia horretara kondenatua baitago bizirik irauteko. Ez zuen aukera hori ukatzen, baina lan-prozesua, balorizazio-prozesu gisa, baldintza historiko eta sozial zehatzetan aztertzean, argi ikusi zuen ezinezkoa dela makina horretarako erabiltzea.
Gizarte kapitalistan, lana da balioztapen bitartekoa. Bestela esanda, lana da produktu soziala eskuratzeko aukera ematen duena, soldata bat irabaziz, adibidez. Horrek esan nahi du makina batek, gizarte komunistak ordezkatzen duen gizarte arrazional batean, produktua handitzeko aukera ematen duela, lan egiten dutenen eta lan egin behar ez dutenen artean banatuz. Gizarte kapitalistan, ordea, ekoizten duen merkantzia kopurua eta bere irabazi maiteak handitzeko balio dio kapitalistari, baina hori da eskaintzen duen zerbitzu bakarra. Soberan gelditzen diren langileak gupidarik gabe kanporatuak izango dira, eta handitu egingo da erabateko miserian dauden proletario taldeak.
Ondoriozta dezakegu garrantzitsuena ez dela makina baten edo bestearen osaera edo teknologia berrien berrikuntza teknikoa, baizik eta haien erabilera. Zehazki, haien erabilera soziala: gizarte kapitalistan, jabearen poltsikoa betetzea.
4.0 INDUSTRIAREN KASU KONKRETUA
Dagoeneko azaldu dugu ez duela zentzurik lanprozesua abstraktuan aztertzeak, baizik eta ustezko Laugarren Industria Iraultza honek biltzen dituen aldaketak lanaren produktibitate gero eta handiagoaren beharretik abiatzen direla ekoizpen-modu kapitalistan. Hori da, oro har, ekoizpen kapitalistak lortu nahi duena, Marxek adierazten duen bezala erremintekin manufaktura-tailerretik makinizatutako industria handiaren fabrikara egindako jauziaren kasuan. Har dezagun, bada, Laugarren Industria Iraultza deiturikoaren eta haren ezaugarrien adibide bat, ahal dela produkzioko ingeniarien eta teknikarien ahotik:
“Azken urteotan teknologia ugari sortu dira industriaren eremurako. 4.0 Industriaren kontzeptuak Laugarren Industria Iraultzari bide emateko funtsezko zutabe diren teknologia horiek barne hartzen ditu. Iraultza horretan, fabrikazio- eta informazio-teknologiak ekoizpena eraldatzeko eta erlazioen izaera aldatzeko potentziarekin integratzen dira –ez soilik gizakiaren eta makinaren arteko harremanak, ezpada baita hornitzaile, ekoizle eta kontsumitzaileen artekoa ere–”.
Tekno-fantasiak alde batera utzita, fabriketan instalatzen diren azken hamarkadako berrikuntza tekniko askok informazioaren kudeaketan jartzen dute arreta. Oraindik ere garatzen jarraitzen dute aurreko industria-iraultzako alorrek, hala nola robotikak, merkantziaren unitate bakoitzaren ekoizpen-denbora murriztean oinarritzen zirenak (produktibitatea adierazteko beste modu bat). Informazioaren kudeaketak bidea egin du enpresa handien inbertsioen helburuen artean. “Fabrika adimendunak” deiturikoak, hain zuzen ere, informazioa zuzenean jasotzean eta prozesatzean oinarritzen dira:
“Informazioa konputatzeko gaitasun hori normalean konputagailutzat jotzen ez diren eguneroko objektuetara, sentsoreetara eta artikuluetara zabaltzen da, hau da, sistema zibernetikoen bidez mundu fisikoaren eta biologikoaren arteko interakzioa sortzen da, eta horrek aukera ematen du gailu horiek gizakiaren esku-hartzea minimora murriztuz datuak sortzeko, aldatzeko eta kontsumitzeko”.
Ideia da, hain zuzen ere, alde batetik, objektu berriak gehitzea sarera konektatu ohi diren gailuei (PC-ak, telefono adimendunak, erlojuak, tabletak...), eta, bestetik, objektu horiek intendentziari, ekoizpenari, banaketari eta kontsumoari buruz eman dezaketen informazioa zabaltzea. IOT (Gauzen Interneta) izenez ezagutzen dena da.
Jakina, industrien lehiakortasuna, kasu honetan, milisegundo batean informazioa biltzen, biltegiratzen eta erabakiak hartzen dituen teknologiaren mende dagoen heinean, beste inbertsio batzuek hartzen dute garrantzia, hala nola zibersegurtasunak, informazio hori espioitza industrialetik babesteko. Edonola ere, ez dugu adibide hori hartu egungo lan-prozesuaren –gizakiaren historiaren teknika gailena– teknizismoen nebulosan galtzeko. Industria-iraultza honek, aurreko iraultzek bezala, ekoizpen kapitalistaren araberako funtzioa duela frogatzeko hartu dugu. Zentzu horretan, ulertu behar da berrikuntzek gainbalioaren ekoizpenari egiten dioten ekarpena ez dela beti merkantzia gehiagoren zuzeneko ekoizpenera mugatzen. Gauzen Internetaren eta lantegi adimendunen adibidean, funtzio argiena Kapitalaren errotazioak handitzea da. Honela dio Marxek:
“Lehenago garatu dudana gainbalioari buruz (bigarren liburukiko bigarren atalean, Kapitalaren errotazioari buruzkoan), berdin aplikatzen zaio irabaziari eta irabazi-tasari (…). Hortik, beraz, hau ondorioztatzen da: baldintza bereko kapitalentzat (…), bi kapitalen irabazi-tasek beren errotazio-denboraren alderantzizko erlazioa izango dute”.
Hitz gutxitan esanda, Kapitalaren errotazioaren faseei buruzko informazio guztia (erauzketa, hornidura, mihiztadura, garraioa, salmenta..., hau da, ekoizpenari eta banaketari buruzkoa) zuzenean prozesatzeak aukera ematen du inbertsioa kapitalistari irabaziekin itzultzen zaion denbora murrizteko eta berriro inbertitzeko, irabazi gehiago lor ditzan. Ondorioz, denboraldi batean lortutako irabazia handitu egiten da; helburu kapitalista beteta. Nolanahi ere, berrikuntza horiek modu ugari eskaintzen dituzte gainbalioaren ekoizpena handitzeko. Aldi berean, informazioa kudeatzeko teknologiak berak Kapital konstantearen merkatzea eskaintzen du. Hori ere, Marxen arabera, putre kapitalisten bide klasikoetako bat da beren poltsikoak gizentzeko:
“Kapital konstantearen parte horren kostuak murrizteak proportzioan handitzen du irabazi-tasa gainerako baldintzak emanak badaude (…). Ekoizpen-aldi jakin baterako makineriaren, eta, oro har, kapital finkoaren higadura murrizten duen orok, merkantzia indibiduala merkatzeaz gain, kapitalaren ordainketa alikuota murrizten du aldi horretarako. (…) Makineria iraunkorragoa delako konponketa-lanak eta parekoak murrizteak makineriaren prezioa jaisten du proportzioan”.
Adibide zehatz bat jartzearren, kontsumitzaileen eskariaren zuzeneko neurri zehatzak jakiteak (kontsumitzaile ez-produktiboak zein enpresa batek hornitzen dituen beste industria batzuk) aukera ematen du lehengaien eta ekoizpen-bitartekoen izakinak (stocka) gutxieneko kopurura murrizteko, eta, beraz, aldi berean, amortizazioa murrizten du (bi adierazpide horiek Kapital konstantearen merkatzearen adierazpide dira). 4.0 industriaren berrikuntza bakoitza gainbalioaren ekoizpenaren logikan koka daiteke, “Smart Factory"-ekin bezala.
4.0 industriaren Kapitalaren errotazioa handitzeko lorpen hori erraz konpara daiteke klase sozial burgesak lehenago lortutakoekin. Garraioaren iraultzak, XVIII. eta XIX. mendeen artean zaldi bidezkoa zenak, zeregin oso antzeko bati erantzun zion. Hamarkada gutxi batzuetan, mundua askoz txikiagoa bihurtu zen eta bertako txoko guztietako kartografia osatu zen. Merkantzien mugikortasun mugagabe horrek Kapitalaren errotazio askoz ere handiagoa ahalbidetzen zuen. 4.0 industrian azaldu berri dugunaren bera da funtsean.
Gizarte kapitalistako berrikuntza tekniko guztiak horiek finantzatzen dituztenen irabazia handitzeko helburuaren zaku berekoak direla erakusteak ez die batere konplexutasunik eta garrantzirik kentzen lan-prozesuko aldaketa horiei. Garraioaren iraultzak mundua aldatu zuen betiko, eta gauza bera ari da egiten iraultza digitala gure aroan. Baina bere benetako motibazioa ulertu nahi badugu, bere funtzio soziala abstraitu behar dugu. Hor bihurtzen da ezinbestekoa Marx.
ONDORIOAK: LAN FALTA ETA LAN BEHARTUA
Ekoizpen-indarraren hazkuntzaren legeak, gizarte kapitalistaren joera itsuak eta geldiezinak, prezio altua du proletarioen sufrimenduari dagokionez. Hala egin dute aurreko industria-iraultzek, eta halaxe egin du laugarren iraultza honek ere. Marxek bere obran aztertu zuen Lehen Industria Iraultza. Lurrun-makinaren, ikatzaren erauzketaren eta metalurgia astunaren eraketaren ondoriozko proletarizazio-prozesua krudela eta odoltsua izan zen. Ugari dira Kapitala obran zehar fabrika-ikuskatzaileek haurren, emakumeen eta lumpenen lanari buruz egindako txostenak; medikuen ohartarazpenak lantegietako osasungarritasun faltari lotutako epidemiei buruz; langileen eta nekazarien adierazpenak... Hona hemen proletarizazio horren alderdi bati buruzko lerro gutxi batzuk, haurrei buruzkoa:
“Makineria, indar muskularra ez-beharrezko bihurtzen duen neurrian, indar fisiko txikia duten langileak enplegatzeko bide bihurtzen da (…), baita soldatapekoen kopurua handitzekoa ere, langile-familiako kide guztiak Kapitalaren mendeko bihurtzen baititu, haien sexua eta adina edozein dela ere. Kapitalistaren mesederako bortxazko lanak ez zuen usurpatu haur-jolasen lekua bakarrik, baita etxeko esferako lan librearena ere, zeina muga duinen barnean eta familiarentzat berarentzat egindako lana baitzen. (…) Haurren lanaren eskaria beltz esklaboen eskariarekin parekatu ohi da (…). ‘Arreta eman zidan’, dio adibidez fabriketako ikuskari ingeles batek ‘neure distrituko manufaktura-hiri nagusietako bateko egunkari batean irakurri nuen iragarki batek, hau baitzioen: 12-20 mutil-koskor ez-adingabe behar ditugu, itxuraz 13 urtetik beherakoak izan daitezkeenak.’ (…) Dagoeneko aipatu dugu haur eta nerabeen fisikoa nola kaskartu den (…). 1861eko ikerlan mediko ofizial batek erakutsi zuenez, [haurren] heriotza-tasa altuen arrazoi nagusia da amak etxetik kanpo lanean ari direla, eta horrek haurrei zaintzarik ez eta tratu txarrak ematea dakarrela, adibidez elikadura desegokia, elikagai-gabeziak, opiazeoak ematea, (…) desatxikimendu antinaturala amen eta seme-alaben artean. Horrek guztiak kasu batzuetan haurrei nahita elikagairik ez ematea eta haiek pozoitzea izan du ondorio”.
Basakeria horiek, Lehen Industria Iraultzak ekarri zuen proletarizazioa ahalbidetu zuen miseria-zerrenda luzean anekdotikoak direnak, ez ziren nagusi diruzale batzuen gehiegikeria hutsa izan. Ez dut zalantzan jartzen haien diruzalekeria, baina makinak berak eta industria handi berriaren fabrikaren sorrerak eman zien bide “gehiegikeria” horiei, beren izaeragatik. Izan ere, Marxek luze eta zabal aztertzen du produktibitatea handitzeko premia larriak nola mugatu zuen garai hartako fabrika-legeak basakeria horiek arautzeko eta mugatzeko egindako ahalegina. Ezin da arautu edo mugatu gizarte kapitalistaren geneetan inprimatutako lege bat.
Era berean, 4.0 teknologiek beren ekarpena egin diote Mendebaldean 70eko hamarkadatik martxan zen proletarizazio-prozesu luzeari. Ondorio nabarienetako bat, edozein proletariok bere azalean edo, gutxienez, mehatxu potentzial gisa bizi duena, langabezia da. Teknologia horiek lanordu bakoitzeko produktibitatea edozein mugetatik haratago handitzea lortzen dutenez, haien berehalako ondorioa langile kopurua murriztea da. Programazioari buruzko ezagutza nahikoa duten langile gutxi batzuek makinak, kateak eta fabrika osoak funtzionamenduan eduki ditzakete ordenagailu baten bidez. Industria berriaren apologistek egiturazko langabeziaren mantra errepikatu arren, eta eskulana ordezkatzen duen berrikuntza bakoitzak denborarekin enplegu-aukera berriak sortzen dituela esan arren, errealitatea oso bestelakoa da. Egia erdia erabiltzen dute, argi baitago lan-indarra ekoizpen-prozesutik kanporatzea ez dela lineala berrikuntza bakoitzean. Hala balitz, kanporatutako langileak ezingo lirateke berriro lanean hasi, eta langabetuak metatzen joango lirateke. Ordea, kanporatutako langile horiek, antzeko baldintzak dituen beste lanpostu batean “birkokatzetik” urrun, lan-merkatuan dabiltza, beren lan-indarra edozein baldintzatan saltzeko prest, langabeziaren miseriarekin amaitzeko asmoz. Are gehiago, langabezia-tasak linealki gora egiten ez badu ere, prozesu horretan dauden herrialdeetan langabeziaren kronifikaziorako joera nabarmena dago. Izan ere, gaur egungo adibide zehatzen batean sartu aurretik, hauxe da ulertu beharreko logika orokorra: apologisten baikortasunak itsu-itsuan defendatzen duenaren aurka, ekoizpen-indarra handitzean, lanaren murrizketa ez da langileen aisialdirako denbora bihurtzen; kontrara, produktu soziala eskuratzeko aukerarik ez duten langileak ugaritzea dakar, eta lana lortzen dutenen baldintzei beherantz presioa egitea eragiten du horrek. Horri deitzen dio Marxek Erreserbako Armada Industriala.
Apologisten baikortasunak itsu-itsuan defendatzen duenaren aurka, ekoizpen-indarra handitzean, lanaren murrizketa ez da langileen aisialdirako denbora bihurtzen; kontrara, produktu soziala eskuratzeko aukerarik ez duten langileak ugaritzea dakar, eta lana lortzen dutenen baldintzei beherantz presioa egitea eragiten du horrek
Edonola ere, 4.0 olatuak kanporatutako lan-indarra berriro lan-prozesuan integratzea ere ekoizpen kapitalistaren legeen bidez azaldu behar da. David Ricardok argi eta garbi adierazi zuen kasu honetan balioko digun printzipioa, Marxek jasotzen duena: lan-indarra aurrezten duten ekoizpen-baliabideak sartzea saihesteko modu bakarra aurrenekoa bigarrena baino merkeago bihurtzea da. Hori da, adibidez, automatizazioaren kostu handiak soldata txikiekin (zerbitzuak, adibidez) konbinatzen diren adarren eta errentagarriagoak izateko jauzia eman dutenen arteko aldea. Lehen Industria-Iraultzarako erabili dugun adibide bera har dezakegu, haurren lanarena. Eta ez, ez dago zertan aztertu Mexiko edo Bangladesh bezalako herrialdeak, non erabateko askatasun-erregimena dagoen harrapari kapitalistentzat. Amerikako Estatu Batuetan, esaterako, Enplegu Sailak berak onartzen du 2018tik urte honetara arte milaka haur enplegatu dituztela ehunka enpresak. New York Times egunkariak erreportaje bat argitaratu zuen lan-istripuetan hiru mutil hil zirelako bost asteko epean bata bestearen atzetik. Han azaltzen zen nola gehiengo errepublikanoa duten estatu batzuek, hala nola Iowak, Wiscosinek eta Minessotak, haurren lana desarautzen duten legeak zigortu dituzten –hala nola hiltegien garbiketan edo eraikuntzan– erabiltzea gaitzesten duten araudi federalen aurka ere. Politika Ekonomikoko Institutuaren arabera, hamar estatuk onartu dute norabide horretako erregulaziorik, edo halakoak egiteko asmoa dute.
Hildako gazteetako bat Guatemalatik joana zen hegazti-planta bateko zinta batean trabatuta geratu baino sei hilabete lehenago. Izan ere, logikoa da Kapitala populaziorik babesgabeenaz baliatzea baldintza nahikoa onak lor ditzan ekoizpena kapital-intentsiboagoa bihurtzeko inbertitu nahi ez izateko. Gainerako langileekin egiten duena egunero ikusten dugu: baldintzak okerragotzen ditu errentagarri bihurtu arte, ekoizpena deslokalizatzen du dena delako tokira, edo gobernuak galdutako etekin potentziala diru publikoz ordain dezala eskatzen du. Adibide bat baino ez da hori; izan ere, era berean, lotura zuzena dute Kapital konstantearen nagusitasunarekin prekaritateak, behin-behinekotasunak, soldataren desbalorizaziorako baliagarriak diren diskriminazioak, Kapitalaren kontzentrazioak eta zentralizazioak... Gizakiaren teknologiaren garai bikainenak, pertsonak sufrimendutik askatzeko balio beharrean, jaun kapitalistak lehian ibil daitezen trikimailurik errentagarriena nork aurkitzen duen ikusteko balio du. Gure gizarte honetako mirariak.
Gizakiaren teknologiaren garai bikainenak, pertsonak sufrimendutik askatzeko balio beharrean, jaun kapitalistak lehian ibil daitezen trikimailurik errentagarriena nork aurkitzen duen ikusteko balio du. Gure gizarte honetako mirariak
LAN-INDARRA MURRIZTETIK DESAGERRARAZTERA?
4.0 teknologiek kapitalismoan izan dezaketen garapenari buruzko azken aipamen bat egin nahi nuke. Artikulu honen asmoa berrikuntza horiek harreman sozial kapitalistekiko erabateko jarraipena direla erakustea den arren, egia esan, ekoizpen kapitalistaren oinarrizko premisa batekin hausteko aukera ageri da. Ez da haustura emantzipatzailea, makina lan egiten duen horren zerbitzura –eta ez kapitalistaren zerbitzura– jarri nahi duen iraultza sozialista bezala. Marxek argi eta garbi adierazitako premisa baten haustura da; lan-indarra bakarrik dela balioa sortzeko gai.
Marxen balioaren teoriaren oinarria da edozein lan-prozesuk, baldintzak edozein izanda ere, beti eskatuko duela gizakiaren lanaren esku-hartzea. Prozesuaren beste aldearen, hots, balorizazioaren oinarria da ordainsari gisa (soldata) jasotzea gizakien esku-hartze horrek lanean jarraitzeko beharrezkoa duen hori, baina ez sortu duen balioa. Hasierako ideiara itzuliz, irabazia gizakiaren (gain)lanean oinarritzen den sistema batean, giza lanik behar ez duen lan- edo ekoizpen-prozesu batek ezingo luke irabazirik sortu. Berez, ez luke zentzu handirik izango lan-prozesu deitzeak. Hori ez da arazoa; izan ere, edozein tresnak bera maneiatzen duen artisau bat behar du, edozein makinak langile bat behar du edo, behintzat, mantentze-lanez arduratuko den norbait, eta ekoizpen-kate konplexuenek eta integratuenek ere, gutxienez, ekoizpena abiarazteko oinarrizko aginduak emango dituen norbait behar dute. Beti dago kapital kantitate bat mugimenduan jartzen duen lan bat, nahiz eta kopuru hori titanikoa izan.
Hemen aipatu nahi dudan gaia zera da, ea teknologia batzuek, batez ere Adimen Artifizialak, gizakiaren esku-hartzea erabat ordezkatzeko ahalmena duten ekoizpen-prozesuan, hasieratik amaierara. Ezingo litzateke agindu-eredu bat gauzatzea izan, oso konplexua izanda ere, baizik eta lanean ikasteko gai den makina, gizaki batek egiten duen bezala. Kapitalaren balioaren legearen ideia da ezein kapital, dela diru, lehengai, makina, etab., lurrean utziz gero, hau da, gizakien inolako esku-hartzerik gabe, ez dela gai ezer sortzeko (ezta kapital hori lurrean uzteko ere). Lege horri aurre egiteak ekarriko luke, beraz, lanaren sormenezko plangintza-prozesua bera makinaren gain gelditu beharko litzatekeela, haren aginduak betetzen dituzten makinak sortzeraino, eta baita haren antzeko beste batzuk ere, gauza bera egin dezaten, gaur egun gizakiek egiten duten lan guztia ordezkatu arte. Gaur egun, oinak lurrean edukitzeari utzi gabe, hauxe da eduki dezakegun ideia:
“ML [Machine Learning] Adimen Artifizialaren azpimultzo bat da. 1959an, Arthur Samuelek, ikasketa automatikoaren aitzindarietako batek, ikaskuntza automatikoa ‘esplizituki programatua izan gabe ordenagailuei ikasteko gaitasuna ematen dien ikasketa-eremu’ gisa definitu zuen. MLk datuak erabiltzen ditu aztertu beharreko sistemaren sarreraren eta irteeraren arteko erlazioa ulertzeko gai den algoritmo bat elikatzeko, bildutako datuen ezagutza lortzeko, algoritmoak erabiltzen ditu ezagutza aurreikusteko, sailkatzeko eta sortzeko. Machine Learningaren tekniketatik abiatuta garatu daitezkeen aplikazioak zabalak dira (...): datuen segurtasuna; aireportuetako segurtasun-kontrola, (...) ordenagailuz lagundutako diagnostiko medikoko aplikazioak; marketin pertsonalizatua, non sistemak gai diren erosleentzako gomendioak egiteko erabiltzailearengandik ikasiz; Amazonek egiten duen bezala, (...) bilaketa-motorrak, (...) ibilgailu adimendunak edo autonomoak, jabearengandik eta inguruarengandik ikasten dutenak, horiek dira industria automotrizaren etorkizuna”.
Interesgarriena ez da, ikuspegi sozialista batetik behintzat, lanik gabeko ekoizpena posible izango ote litzatekeen, eta ondoriozko eszenatokia zein izango litzatekeen hausnartzea (izan ere, ez litzateke izango gizarte kapitalista bat, definizioz lanaren esplotazioan oinarritzen baita), baizik eta aukera hori kontuan hartzea Kapitalaren egungo joerak argitzeko. Errenta unibertsala edo lanaldia murrizteko proposamenak, adibidez, parlamentuko alderdien artean hainbeste entzuten direnak, estuki lotuta daude ez bakarrik lana erabat ordezten duen ikasketa automatikoaren aukera horrekin, baita testu osoan zehar azaldu diren joerekin ere. Nolanahi ere, horrek guztiak ihes egiten dio artikulu honen hedadurari eta asmoari; dena den, aipatuta gelditzen da.
HEMEN ARGITARATUA