Zalantzarik gabe, turismoa kapitalismo globalaren industria errentagarrienetako bat bilakatu da. Bidaiari kopuruak munduko errekorra lortu zuen pandemiaren aurreko urtean, ia 1.500 milioi bidaiari izan baitziren munduan. Hala ere, Estatu eta hiri askok haien lurraldeetara kapital fluxuak eta pertsonak erakartzeko aurkitu duten urrezko arrautzen oilo honi arrakastak heriotza ekar diezaioke.
Masifikazio turistikoak eta haren albo-ondorioek, horien artean gentrifikazioa edota merkatu kapitalistaren kultura homogeneizatzailearen mesedetan berezko ezaugarri kulturalak suntsitzeak, gaur egun lurralde turistiko bat denak biharamunean hala izateari uztea eragin dezakete. Modu horretan, lurralde suntsituak eta biztanlez hustuak uzten ditu ekoizpen eredu kapitalistaren industria estraktibista eta predatzaile handienetako batek: industria turistikoak.
Turista, joan zaitez hiritik, All Tourists Are Bastards edota Turista, zure luxuzko bidaia, nire miseria leloak Bartzelonako, Parisko edo Donostiako gune turistikoetako paretetan margotuta ikusi ahal izan ditugu. Pentsa genezake pintaketa horiek izaera xenofoboko arrazoiketa politiko baten ondorio direla. Aitzitik, gure bizitzan guztiok izan gara eta izango gara hainbat txokotako turista edo bisitari. Baina, pintaketa horietako asko ez dira talde xenofoboek eginak; kontrara, «ezker erradikala» deiturikoan parte diren eta antiarrazismoarekin eta antifaxismoarekin bat egiten duten antolakundeek egin dituzte. Hortaz, honakoa da galdera: nola heldu gara honaino?
Turismoarekin eta gizaki orok leku eta jende berria ezagutzeko duen grinarekin teknologiarekin gertatzen den gauza bera gertatzen da. Berez, aurrerapen teknologikoak onuragarri izan litezke giza espeziarentzat oro har, lan-karga handiak kentzen baititu eta denbora libre gehiago eskaintzen. Alabaina, harreman sozial kapitalistapean, garapen teknologikoek aberastasunaren kontzentrazio handiagoa eragiten dute alde batetik eta miseria, bestetik. Turismoarekin gauza bera gertatzen da: arazoa ez da bidaiatzea, kapitalismoak turismoa egituratzeko duen moduaren arabera egitea baizik; hau da, industriarik esktraktibistenetako, desparekotasun handieneko eta potentzialki suntsitzaileenetako baten arabera bidaiatzea.
Arazoa ez da bidaiatzea, kapitalismoak turismoa egituratzeko duen moduaren arabera egitea baizik
Zalantzarik gabe, gizarte turistikoetan bizi gara eta ondare natural, kultural edo historiko oro turistifikazio prozesu batean sartzen da, bisitariak erakartzeko ustia dadin. Mundu mailan sektoreko enpresa handienak biltzen dituen World Travel and Tourism Council (WTTC) erakundearen datuen arabera, turismoa da urtero azkarren hazten den industria, baita pandemiako beherakadaren ondoren ere. Hain zuzen ere, 2019an turismoaren sektorea munduko BPGaren % 10,3 zen eta 330 milioi pertsonarentzat enplegua suposatzen zuen, munduko lan indarraren % 10 inguru. Gainera, industriak hazten jarraituko duela aurreikusten da. Izan ere, WTTC erakundearen arabera, 2033rako sektorea munduko BPGaren % 12 izango da eta 450 milioi pertsona inguru enplegatuko ditu, munduko soldatapeko langileen % 15 [1].
Turistifikazio prozesua bereziki sendoa izan da Europako potentzia industrialak zerbitzu-ekonomiak bihurtzean, batez ere Mediterraneoko herrialdeetan. Industria Garapenerako Nazio Batuen Erakundearen (IGNBE) datuen arabera, Europak munduko ekoizpen industrial guztian zuen parte hartzea 1980ko hamarkadan % 51,4 izatetik, 2016an % 24,1 izatera igaro zen, hots, erdia baino gutxiago izatera [2]. Turismoak leundu zituen, hein batean, industria-sareko galera hori eta ekonomia-birmoldaketa. Izan ere, turismoaren sektorea 90ko hamarkada hasieratik 2008ko krisira arte Estatuen ekoizpen osoaren bikoitza hazi zen Mediterraneoko Europako Estatu askotan.
Nolanahi ere, turismoa merkatu kapitalistako industria aldakorrena da ziurrenik, epe motzean herrialde edo eskualde bat turismorako erakargarri izateari uztea eragin dezaketen kanpo faktore askoren menpe baitago. Horrez gain, turismo-fluxuak erakarri ahal izateko lan-baldintza kaskarrak eskaini behar direla eta, industria hau mundu mailako esplotazio eta desparekotasun sortzaile handienetako bat da. Hemen makro mailan dituen ondorioak aztertuko ditugu, baina baita herri edo hiri mailan dituenak ere.
TURISMOAREN EKONOMIA POLITIKOAREN KRITIKA
Jada esan denez, kapitalismoko industrien artean, turismoa bereziki estraktibista da. Dena den, hori ez da turismoaren bereizgarri bakarra. Industria turistikoaren oinarri materiala gune kulturalen merkaturatzean datza, eta zentzu zabalean kultura esaten diogunaren zati gisa ere ulertzen dira paisaia naturalak. Hori dela eta, industria turistikoan kapitalistak etengabe beren produktu turistikoa desberdintzen saiatzen dira, lehiakideek baino bizipen turistiko hobeak eskaini nahian. Baina, kultura-gune turistiko berezituak sortzean, hainbat kulturaren bereizgarri kulturalak homogeneizatu eta ezabatzen ditu industria turistikoak, bizipen turistikoak kontsumitzeko modu homogeneo baten bidez.
Horri dagokionez, argigarria izan liteke David Harvey ekonomialari eta geografo marxistak turismoari eta haren industria kulturalari egiten dion kritika. Harveyren arabera, industria turistikoa monopolio-errentak lortzean oinarritzen da neurri handi batean. Monopolio-errenten bidez, burgesiako agente batzuek diru-sarrera handiagoak lor ditzakete denbora luzean, alderdi erabakigarri batzuetan bakarra eta ordezkaezina den eta zuzenean edo zeharka merkaturagarria den artikulu baten kontrol esklusiboaren ondorioz. Hori gertatzen da, esate baterako, elikagaien jatorri-deiturekin, beste inon errepikatu ezin diren leku eta baldintza zehatzetan soilik ekoitzi baitaitezke.
Berdin gertatzen da leku turistikoekin: enpresa asko saiatzen dira haien helmuga ahalik eta gehien ezberdintzen, bizipen bakar eta errepikaezin gisara saltzeko. Dena den, helmuga oso exotikoa izanik ere, hura kontsumitzeko turismo moduak homogeneizaziora darama: frankizia-kateek hartzen dituzte jan-edateko tokiak, aireko garraioa gero eta gehiago kontrolatzen dute airelinea gutxi batzuek eta hotel-kateek munduan zehar eskaintza eta ostatu esperientzia berdin-antzekoak eskaintzeko joera dute.
Esperientzia turistikoa gero eta gehiago oinarritzen da urrutiko lurralde exotikoen bisitan, baina, bisita horretan ez da esperientziaren erosotasuna eta egunerokotasunaren segurtasuna galdu nahi. Kapitalismoak dibertsitatea hitzematen du sozialismoaren gris monolitikoaren aurrean. Baina, industria turistikoak leku eta kultura bereizi horiek akabatzen ditu, mundu guztian gero eta antzekoagoa den industriaren estandarren arabera homogeneizatuz. Starbuckseko kafe bat har dezakezu Gizako piramideen aurrean, Erromako Koliseo ondoko KFC batean jan edo Bilboko Alde Zaharreko Airbnb batean lo egin eta Frantziako Tourraren irteera ikusi. Esperientzia guztiak ez dira asko aldatzen kontsumitzeko moduari dagokionez, Disneyland handi bilakatu baita mundua.
Nolanahi ere, toki erreal bati bere jatorrizko izaera kentzen dion eta haren bertsio higienizatu eta desinfektatu bat bihurtzen duen disneyfikazio [3] horrek berak kapital turistikoaren irabaziaren oinarria akabatzen du azkenean: lekuaren izaera bereizia eta bakarra. Hori dela-eta hasi da gerra industria turistikoaren baitan, ikusteko zein enpresa edo administrazio publiko den gai mantentzeko merkatuan ahalik eta denbora luzeenean nahikoa berdingabeak eta bereizgarriak diren esperientzia turistikoak.
Hala, Harveyk argudiatzen du egungo industria turistikoaren eta haren industria subsidiarioen lehia nagusia «errentagarriak izan litezkeen konfigurazio-kulturalak» bereganatzea dela. Horretarako, Estatuko erakundeek eskaintzen dituzten laguntzak ere aprobetxatzen dituzte, eta beren lurraldeak helmuga turistiko gisa sustatzen dizkiete bidaiariei zein enpresei.
Adibidez, Brasilgo favelak interes kultural handiko eta potentzialki errentagarri diren txoko bezala saldu litezke. Izan ere, hirigunetik urrun, berezko brasildarren egiazko kultura eta pobreziak eragindako miseriak ezagutu daitezke. Horregatik hasi dira turoperadore ugari Rio de Janeiroko edo Sao Pauloko faveletatik bira turistikoak eskaintzen. Kasu horietan pobreziaren esperientzia eta haren ondorio sozialak dira errentagarriak izan litezkeen konfigurazio-kulturalak. Edozerk balio du bizipen berdingabeak eskaintzeko etengabeko bilaketan.
Estuki lotua dago hainbat hirik edo Estatuk euren «marka» propioa sortu eta hura saltzeko abiarazitako lasterketa. «Marka» hori eraikitzeko beste leku batzuetatik desberdindutako kapital sinbolikoa eta kulturala metatzen dute. Ziurrenik, 1992ko Olinpiaden osteko Bartzelona adibide ona da; izan ere, hiriko agintari politikoak konde-hiriaren kultur ondareaz baliatu ziren gero eta ekitaldi turistiko, komertzial, politiko edo kirol-ekitaldi gehiago erakartzeko. Alabaina, arrakasta hori, monopolio turistikoen errenta oro bezala, aldi baterakoa soilik da. Gaur egun, Bartzelona izugarri gentrifikatzen ari da portuaren inguruko auzo eta kale gehienetan, eta ingurune horiek ez dira gainerako hiri turistikoen kaleetatik apenas bereizten, multinazional berak aurki baitaitezke.
TURISMOAREN ALDEKO APUSTUA
Turismoa fast foodarekin aldera liteke Estatu baten ekonomiari dagokionez. Erraz eta azkar lortzen den dirua eskaintzen du, baina, epe luzera, saturazio arazoak sortzen ditu. Horretaz gain, helmuga turistiko bat izanik ere, gauetik goizera hala izateari utz dakioke, jasandako saturazioa dela-eta edota espero gabeko arrazoiengatik, esate baterako, mugikortasuna geldiarazten duen pandemia batengatik. Hortaz, Estatu batentzat apustu arriskutsua da haren ekonomia turismora bideratzea.
Baina, kasu gehienetan, Estatuek ez dute hautatzen turismoan espezializatzea; aitzitik, nazioarteko lanaren banaketa eta garapen geografiko ezberdinak dira nazio-ekonomia jakin bat turismoan murgiltzea eragiten dutenak. Hori da Europa hegoaldeko edo Mediterraneoko Estatuen kasua desindustrializatu zirenetik.
Kasu gehienetan, Estatuek ez dute hautatzen turismoan espezializatzea; aitzitik, nazioarteko lanaren banaketa eta garapen geografiko ezberdinak dira nazio-ekonomia jakin bat turismoan murgiltzea eragiten dutenak
Bi estatu paradigmatiko daude Europako turistifikazioaren aldeko apustuaren eredu direnak: Grezia eta Espainia. Bi kasuak antzekoak dira, Grezia Espainiak izandako industrializazio mailara iritsi ez bazen ere, biak baitira Mediterraneoko herrialdeak, Olinpiar Jokoak ospatzeagatik pertsona-fluxuen eta kapital turistikoen erakusleihoan ezarriak.
Greziako kasuaren datuak paradigmatikoak dira. COVID-19aren pandemia aurretik, Greziak jada ia 35 milioi bisitari jasotzen zituen urtean, nahiz eta bere biztanleria 11 milioi baino apur bat handiagoa izan. Ikuspuntu historikotik begiratuz, zifrek euren kabuz hitz egiten dute: 1998an 6,2 milioi bisitari joan ziren Greziara, eta, 2010an, 15 milioi. Bestela esanda, 20 urteren buruan, Greziak ia sei aldiz bisitari gehiago jaso ditu [4].
Greziak dena jokatu zuen XX. mende hasieran bere ontzi-industria mantentzearen alde, herrialdeko lehen industria. Bestalde,finantza eta turismo kapitalak erakartzen saiatu zen, eurora sartu zela eta 2004ko Olinpiar Jokoak antolatu zituela baliatuz. Hala eta guztiz ere, Greziako finantza eta hazkunde ekonomiko ereduak behea jo zuen 2010an, kanpo zorrean eta berfinantzazio etengabean oinarritutako eredua sostengaezina baitzen. Harrezkero, Grezia are gehiago murgildu da turismoan, sektore horretako langileen kalterako, Mendebaldeko herrialde batean jasa den lan-indarraren debaluazio handiena bizi izan baitu Greziak.
2010az geroztik, turismoari loturiko enplegu kopurua hamar lanpostu berritik zortzi izatera igaro ziren herrialde heleniarrean; zehazki, bertako lan indarraren ia % 20 enplegatzera. Turismoak Greziako ekonomian duen pisua % 25 ingurukoa da, eta, beraz, Europar Batasunaren baitako menpekotasun turistiko handiena berak dauka. Greziako Lantza antolakunde sindikalaren arabera, sektore horretako soldatapeko langileen urteko soldatak 2012an 5.300 eurokoak izatetik, 2017an 3.000 eurokoak izatera igaro ziren, euroaren krisian atzemandako soldata-debaluazio handienetariko bat [5].
2015ean, Proto Thema egunkariak, Mykonoseko favelak lerroburupean, argitara atera zituen Greziako uharte turistikoetako langileek jasaten dituzten baldintza gizagabeak. Establezimenduetako zerbitzariek udaro kontainer prefabrikatuetan bizi behar izaten dute, inguruarekin kamuflatzeko margoturik daudenak, zortzi lankiderekin batera pilaturik eta aire giroturik gabe. Antzeko fenomenoa gertatzen ari da Ibizan: ostalaritzako langileak kontainer prefabrikatuetan bizi dira udan, ezin baitute bizitegi-alokairu bat ordaindu goi-denboraldian duten kostu altuagatik.
Bere aldetik, Espainiaren kasua ere argigarria da turismoak lan debaluatuarekin duen harremana ulertzeko. 2022an Europako lehen opor-helmuga izan zen Espainiako Estatua. Are gehiago, urtean sortzen dituen lanpostu gehienak zerbitzuen sektoreari lotuta daude, zeinak mendekotasun handia baitu turismoarekiko. 2010-2020 arteko hamarkadan, urteko kontratu berrien ia % 13 zerbitzari lanetarako zen, aurreko hamarkadako bikoitza. Kontratu horien ia erdia sasoikakoa eta hilabete baino gutxiagokoa zen, eta soldata Espainiako batez besteko soldata baino % 42 baxuagoa zen.
«Espainia marka» turistikoa ezaguna da nazioartean jaiengatik eta eguzkiagatik eta, batez ere, merkea izateagatik. Baina, kostu baxuko erakusleiho turistiko hori sektoreko beharginen erabateko debaluazioan oinarritzen da. Munduko Ekonomia Foroak, 2019ko The Travel and Tourism Competitiveness Report txostenean, berriz ere Espainiako Estatua jarri zuen lehen postuan lehiakortasun turistikoari zegokionez, Frantziaren, Alemaniaren, Japoniaren, Erresuma Batuaren, Estatu Batuen, Australiaren, Italiaren, Kanadaren eta Suitzaren aurretik. Ikerketaren arabera, Espainiako ereduaren arrakasta eskaintza kulturalean eta naturalean, azpiegitura turistikoan, aireko konektagarritasunean eta gobernuaren zein administrazioen babesean datza. Baina, osagai sekretua aipatzea ahazten zaio: eskulan eta lurzoru urbanizagarri merkea; munduko masa eta enpresa turistikoentzako iman bat.
Espainiako alderdi politiko nagusiak ohartu dira estraktibismoan eta prekarietatean oinarritzen den sektore batek sortzen dituen arazoez. Hori dela eta, azken urteetan kalitatezko turismoa erakartzeaz dihardute, hau da, eufemismo bidez adierazten dute erosteko ahalmen handiagoa duten bisitariak erakarri nahi dituztela. Baina, Espainiako turismoaren berezitasuna bere prezio baxuan eta festa eskaintzan datza eta «desfase» eskaintza hori gabe, erakargarritasun turistikoaren zati handi bat desagertzen da. Bitartean, Espainiako Estatuko langileen ia % 25ak, 4,6 milioi inguruk, ezin dio aurre egin urtean astebetez oporrak hartzeko gastuari. Eguzkia eta hondartza dituen Espainiaren beste aldea da.
Azken urteetan kalitatezko turismoa erakartzeaz dihardute, hau da, eufemismo bidez adierazten dute erosteko ahalmen handiagoa duten bisitariak erakarri nahi dituztela
TURISMOAREN HIRI-MAILAKO ONDORIOAK
Maila lokalago batean, turismoak eragiten duen arazo nagusia hirietako erdiguneen gentrifikazioa da. Hiriaren erdigunea saltoki turistikoak erakartzen dituen museo handi bat bihurtzean, etxebizitzen batez besteko prezioa bisitari kopuruaren hazkundearekin batera igotzen baita. Egoera horretan, eragin berezia du pisu turistikoen fenomenoak eta horiek kudeatzen dituen enpresa liderrak: Airbnb.
San Frantziskon sortutako enpresa horren hasierako helburua pisu edo gela bat eskaintzen zuten eta ostatua bilatzen zuten erabiltzaileen arteko kontaktua erraztea zen. Baina, hasierako arrazoi hori berehala desagertu zen. Errentagarritasunerako aukera erraza ikusirik, jabeek diru-sarrera gehigarriak lortzeko formula ikusi zuten eta bigarren plano batean geratu ziren horrek ekar zitzakeen ondorioak, baita haien ingurunekoak ere. Parisko etxebizitza alorreko alkateorde izan zen Ian Brossatek eginiko ikerketa baten arabera, etxebizitza bat epe motzeko alokairu turistikora bideratzeak epe luzeko alokairu tradizionalera bideratzeak baino 3,5 aldiz etekin handiagoak dakartza.
Airbnb fenomenoa globalizatu egin da eta eragin berezia du jabedunen gizarteetan, non familia askok etxebizitza baliatzen duten diru-sarrerak lortzeko ondasun nagusietako bat bezala. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzietan 6.708 etxebizitza eskaintzen dira Airbnb atarian. Baina, lurralde horretako hiri turistiko nagusia, Donostian, daude horietako 1.659. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren Alokairu-merkatuaren Estatistikaren datuen arabera, Donostiako hileko alokairuaren batez besteko prezioa ia 950 eurokoa izan zen 2022an, EAEko alokairuaren bateaz besteko prezioa baino % 18 altuagoa [6].
Dena den, Donostia ez da gentrifikazio prozesu hori jasaten ari den hiri bakarra. Esate baterako, 2023ko lehen hiruhilekoa aurreko urtekoarekin alderatuz gero, Bilbon % 45 gehiago dira etxebizitza turistikoak, Espainiako igoerarik handiena Ibizaren atzetik (% 47ko igoerarekin). Nolanahi ere, Donostia nabarmentzen da oraindik ere pisu turistiko bakoitzeko eguneko errentagarritasun handiena duen hiri bezala, eguneko batez beste 212 euro lortu baitaitezke mota horretako pisu bat alokairuan jartzeagatik [7].
Ukaezina da erabilera turistikoko etxeen alokairuen errentagarritasuna bizitoki-alokairuena baino askoz ere handiagoa dela, nahiz eta urte guztian zehar beteta ez egon. Hori dela eta, jabe txikiez gain, putre-funts eta enpresa ugari etxebizitza bloke osoak ari dira erosten helburu turistikoetarako. Enpresa horien artean Staykeepers nabarmentzen da eta dagoeneko 250 pisu baino gehiago ditu Donostia eta Bilbo artean bakarrik. Enpresa horrek % 20 eta % 80 arteko etekin handiagoak hitzematen dizkie beren zerbitzuak higiezinak epe motzeko alokairura bideratzeko erabili nahi dituzten jabeei.
Horrek guztiak fenomeno bitxi bat eragiten du; izan ere, hiri turistiko handiak jada ez dira biztanleria egonkorra lortzen ari, hura kanporatzen baizik. Kasurik muturrekonen artean, Venezia da museo hirien adibide paradigmatikoa, non bertako auzo-bizitza jada ez den existitzen. Egun, Veneziak 50.000 bat biztanle ditu, XVIII. mendean zituen biztanleen herena. Hala, hiri italiarrak 120.000 biztanle galdu ditu aurreko mendeko 50eko hamarkada hasieratik.
Bartzelona ere joera bera jasaten ari da. Hiriburuko auzo turistikoenean, Auzo Gotikoan, populazioa gero eta baxuagoa da, bigarren egoitzen eta Airbnben inbasioaren ondorioz: 2007an, auzo horretan 27.946 biztanle zeuden; 15 urte beranduago, aldiz, 2.478 biztanle daude erroldatuta.
Donostia, euskal hiriburu turistikoa, joera horietatik urrun dago oraindik, baina horiek errepikatzen hasia da. Hain zuzen ere, Donostian jaiotako gazte langile ugari hiria uzten ari dira, ezin baitute bertan etxebizitza bat ordaindu. Gipuzkoako Aldundiaren ikerketa baten arabera, gutxienez 3.375 gazte (18 eta 34 urte artekoak) joan dira Donostiatik ondoan dauden Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko herrietara bizitzera 2010 eta 2020 artean [8].
ONDORIOAK
Turismoa, kultura eta jende berria ezagutzeko gogo bezala ezaugarrituta, ez da txarra bere horretan. Arazoa harreman sozial kapitalistapean hartzen duen forman dago. Hala, turismoa pertsonentzat eta ekosistementzat industria predatzaile bilakatu da. Izan ere, turismo fluxu orok masifikatzen dituen lekuetako naturan eta ekosistemetan eragina du.
Bidaiatzea eta ezagutzea giza aberastasun kulturalaren parte da eta, beraz, modu demokratiko eta arrazional batean kudeatu behar litzateke, eta gizartearen gehiengoari ondasun horretara sarbidea eman. Gaur egun, ordea, turismoaren arazoari aterabidea emateko hura gizarteko kapa dirudunenen eskuetara mugatzen da, hau da, klase ertain-altuen eskuetara. Modu horretan, langile klasearen zati handi bat oporren fenomenotik kanpo geratzen da, eta industria horretan langileak modu prekarioan enplegatzen jarraituko dira.
Bidaiatzea eta ezagutzea giza aberastasun kulturalaren parte da eta, beraz, modu demokratiko eta arrazional batean kudeatu behar litzateke, eta gizartearen gehiengoari ondasun horretara sarbidea eman
Gainera, joera honek lurralde askotako bereizgarri kulturalak akabatzeko arriskua du. Hiri edo eskualde bat gehiegi masifikatzen denean, bertako jendea eta kultura galtzen baititu azkenean, Venezian gertatu den erara. Horrek, azken buruan, hiri edo eskualde hori merkatu turistikotik botako du. Horrenbestez, industria turistikoak erloju-bonba bat bailitzan jarduten du aberastasuna metatzeko baliatzen dituen lurraldeetan.
Labur esanda, lurralde bat egungo kudeaketa turistikoko ereduaren baitan masifikatzen denean, bere burua harrapakatu eta ondoren merkatu turistikotik botatzeko baldintzak ezartzen ditu. Hiri edo eskualde bat ezin du betirako turistiko izaten jarraitu, industria turistiko kapitalistaren joera urte batzuk lehenago turistiko bilakatu zuten bereizgarritasunak agortu eta homogeneizatzean. .
OHARRAK
[1] Analisi-erreportaje honetan eskainitako datu estatistiko gehienak COVID-19aren pandemia lehertu aurreko azken urteei dagozkie, pandemiarekin batera mugikortasun turistikoa hein handi batean gelditu egin baitzen. Indarberritze prozesuan badago ere, fenomeno honen joerak ulertzeko fidagarriagoak dira pandemia aurreko datuak. Bertan aipatutako ikerketa 2020. urteko «Travel and Tourism. Global Economic Impacts and Trends» da, World Travel & Tourism Council (WTTC) erakundeak argitaratua.
[2] Europaren pisu-industrialaren galeraren joera hau erakunde horren urteroko informe guztietan ikusten da. Bertan, eskuragarri dagoen azkena kontsultatu dugu: «Informe sobre el desarrollo industrial. El futuro de la industrialización en un mundo post-pandémico», IGNBE, 2022.
[3] Disneyfikazio terminoa hainbat kritiko kulturalek erabili dute Michael Sorkin arkitekto eta idazle estatubatuarrak Estatu Batuetako XX. mende amaierako hiri berrien eraikuntza- eta hirigintza-planei hala deitu ostean.
[4] Datuak Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) datu basean eskuragarri.
[5] Langile turistiko greziarren baldintza orokorren inguruko ikerketa bat Orestis Papadopoulos eta Dave Lyddon (2020) ekonomialarien artikuluan irakur daiteke: «Deregulation and institutional conversion in the Greek hotel industry: an employment relations model in transition», Industrial Relations Journal, 51 (1-2), 92-109 or.
[6] Txostenaren izen zehatza «Etxebizitza libre kolektiboen ohiko alokairu-kontratuen azterketa estatistikoa. (merkatuko prezioan)» da, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 2022ko edizioan argitaratua.
[7] Euskal Herriko higiezinen koiunturaren inguruko analisi handiagoa aurtengo ekainean ELA sindikatuko Manu Robles-Arangiz fundazioak argitaratu duen azterketan irakur daiteke: «Etxebizitza Hego Euskal Herrian: eskubide bat merkatuaren menpe».
[8] Ikerketaren izena «Bizilekuari lotutako gazteen mugikortasuna Gipuzkoan (2010-2020)» da, 2022 urtearen bukaera aldera Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Kooperazio, Gazteria eta Kirol Sailak argitaratua.
BIBLIOGRAFIA
Bravo, Pedro (2018): Exceso de equipaje. Por qué el turismo es un gran invento hasta que deja de serlo, Madril, Debate.
Brossat, Ian (2018): Airbnb: la ciudad uberizada, Iruñea, Katakrak Liburuak.
Cañada, Ernest y Murray, Ivan (2019): Turistificación global. Perspectivas críticas en turismo, Bartzelona, Icaria Editorial.
Carmona, Pablo (2022): La democracia de propietarios. Fondos de inversión, rentismo popular y la lucha por la vivienda, Madril, Traficantes de Sueños.
Dioni, Jorge (2023): El malestar de las ciudades, Bartzelona, Arpa.
Duterme, Bernard (2019): La dominación turística: turismo insostenible, Madril, Editorial Popular.
Harvey, David (2013): Ciudades rebeldes. Del derecho de la ciudad a la revolución urbana, Madril, Akal.
HEMEN ARGITARATUA