ARGAZKIA / Maitane Lizarraga
2023/05/02

Deslokalizazio prozesuen ondorioz periferietan garatu den testuinguru politikoa izango du hizpide erreportaje honek, langile-mugimenduaren adierazpen zehatzetan eta haren aurkako atzoko zein gaurko errepresio kasuetan zentratuta. Zein baldintza daude herrialde horietan antolakuntza politikorako? Nola egiten dio eraso burgesiak masa desjabetuen antolakuntzari erdigune inperialistatik kanpo?

Askatasun politikoen auzira zuzenean jauzi egin aurretik, periferietako lan-baldintzen inguruko irudi orokorra freskatzea komeni da, eta horretarako datu batzuk aztertuko ditugu. Azken hamarkadetan asko idatzi izan da periferietako soldatapeko lanaren erregimen espezifikoaz. Urrutira joan gabe, aldizkari honetan bertan bi erreportaje jorratu genituen soldataren nazioarteko egituraren eta periferietako lan-baldintzen inguruan: «Herioa ogibide» (1) eta «Argi-itzalak mapan» (2). Deslokalizazioa kokatzen laguntzen duten zifra interesgarri ugari ematen dira haietan, adibidez, mundu mailako arropa ekoizpenaren % 60 Asian kokatzen dela, Asiako hego-ekialdean, zehazki. 2018an Kanbodiako ehungintza sektorean 700.000 lagun inguru aritzen ziren soldatapeko lanean hilean 181 euroren truke. Bangladeshen 4,5 milioi inguru zirela estimatzen da, 247 euroko batez besteko soldatarekin. Handik gertu, Vietnamen, Samsung enpresari bakarrik bertako esportazioen % 25 dagokiola uste da, eta Intelek ere bertan du fabrikazioaren zatirik handiena. Ezinezkoa da potentzia aurreratuen ekonomian halako fenomenoak aurkitzea. Lan-merkatuaren zurrunbilo horren erdian aurkitzen da proletalgoa: 2017an mundu osoan 2,8 milioi langilek galdu zuten bizia soldatapeko lanean, eta 374 milioi inguruk, berriz, lanaren ondoriozko lesio zein gaixotasunak izan zituzten urte horretan. Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) datuen arabera, Costa Rica da aztertutako 72 herrialdeen artean laneko lesio zein heriotza gehien dituen herrialdea: 9.421 lesio profesional ez-­hilgarri eta 9,7 hildako 100.000 langileko 2016an. Latinoamerikako beste lau herrialde ere podiumean agertzen dira: Argentina, Txile, Uruguai eta ­Mexiko (3).

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) egindako ikerketa batek (4) argitara atera duenez, Alemaniako, Norvegiako eta Danimarkako langileak ziren urtean batez besteko lanordu gutxien zituztenak 2019an; 1.386 ordu Alemanian, 1.384 Norvegian eta 1.380 Danimarkan. Txanponaren beste aldera begiratuta, ELGAko herrialdeen artean urteko batez besteko lanaldi altuenak zituzten bi herrialdeak Hego Amerikakoak ziren: Mexiko (2.137 ordu) eta Costa Rica (2.060 ordu). Txilek seigarren postuan jarraitzen zien, 1.914 ordurekin. Are, Statistak gogorarazten duenez (5), Latinoamerikako herrialde askok eta askok ELGAko herrialdeen asteko batez besteko lanordu kopurua soberan gainditzen zuen. Bolivia, Honduras, El Salvador eta Peru nabarmentzen dira, astean 49 orduz edo gehiagoz lan egiten dutelako herrialde horietako hamar langiletik hiruk baino gehiagok. Beste herrialde batzuetan, hala nola Mexikon eta Kolonbian, % 27k betetzen dute «gehiegizko lanaldi» deituriko indizea, eta Venezuelan eta Panaman, berriz, % 10ekoa baino zertxobait txikiagoa baino ez. Munduko hiriburuak beren langileen batez besteko lanorduen arabera sailkatzen dituen 2021eko sailkapenari begiratuz gero, ez dago Europako ez Ipar Amerikako herrialdeetako hiribururik 20. postura arte (6).

Munduko hiriburuak beren langileen batez besteko lanorduen arabera sailkatzen dituen 2021eko sailkapenari begiratuz gero, ez dago Europako ez Ipar Amerikako herrialdeetako hiribururik 20. postura arte

Higieneari dagokionez, Baliabide Hidrikoen Garapenari buruzko Nazio Batuen Munduko Txostenak iazko abenduan estimatzen zuen urtero ia 400.000 langile hiltzen direla soldatapeko lanean, lan-eremuan harrapatutako gaixotasun kutsakorren ondorioz (7). Horien faktore nagusiak edateko uraren kalitate txarra, saneamendu eskasa zein higienerik eza izaten direla ohartarazten dute, eta intzidentzia nabarmen handiagoa da erdigune inperialistatik kanpo.

Bestalde, Unicef erakundearen arabera, mundu osoan 5 eta 17 urte arteko 160 milioi haurrek baino gehiagok egiten dute lan, eta horien ia erdia (79 milioi haur) lan arriskutsuetan aritzen dela uste da (8). Saharaz azpiko Afrikan, zehazki, 2016. eta 2020. urteen artean lan egin duten haurrak 16,6 milioi gehiago izan direla diote.

Ez da imajinatzen zaila muturreko baldintza horien guztien aurrean langileek matxinatzeko joera izatea, sarritan euren osasuna eta segurtasuna zuzenean mehatxatzen duten egoeren erdian aurkitzen baitira. Logikoa da, beraz, periferietako langileriak aldiro kontzientzia hartu eta grebak, protestak zein altxamenduak antolatzea, XIX. mendeko industrializazioaren sasoian Europako eta Ipar Amerikako langileek egin zuten bezalaxe. Burgesiak bi mende baino gehiagoko esperientzia dauka klase agintari gisa, eta zapalkuntza eraginkor egiteko metodoak perfekzionatu ditu prozesu historiko horretan.

ASKATASUN POLITIKOAK MUNDUAN

Zer nolako baldintzak daude gaur egun mundu zabalean langileriaren antolakuntza eta borrokarako? Datuek erakusten dutenez, formalki aitortutako askatasun politikoak, araua baino, salbuespena dira toki gehienetan. Nazioarteko Konfederazio Sindikalaren (CSI, gaztelaniazko sigletan) Global Rights Index txostenaren arabera (9), 2022an munduko herrialdeen % 87tan greba-eskubidea urratu zen, hau da, 2014an baino % 24 gehiagotan. Herrialdeen % 74tan langileei sindikatzeko eskubidea ukatu zaie, eta 2021. eta 2022. urteen artean bakarrik, debeku hori ezartzen duten estatuen kopurua 106tik 113ra igo da. Munduko estatuen % 79k hitzarmen kolektiborako eskubidea ere urratu zuten iaz. Biltzeko eta manifestazioak egiteko eskubidea kriminalizatu zutenak % 41 izan ziren gutxienez. 2014an sindikatuen erregistroa oztopatu edo debekatu zuten herrialdeak % 59 izan ziren; aldiz, 2022an % 74ra igo zen kopuru hori. Munduko herrialdeen % 66k ez diote justiziara sarbiderik bermatzen langileei, eta kontrara, gutxienez 69 herrialdetan atxiloketa arbitrarioak jasan dituzte beharginek. Hori dena gutxi balitz, duela bi urte baino bost gehiago izan ziren iaz langileen aurkako zuzeneko eraso fisikoak erregistratu zituzten herrialdeak: 2021ean 45 zenbatu ziren, eta 2022an 50. Joan den urtean hamahiru herrialdetan erail zituzten euren bizi-baldintzak hobetzearen alde borrokan ari ziren langileak, protesten erdian zein atentatuen bidez. Bangladesh, Kolonbia, Ekuador, Eswatini, Filipinak, Guatemala, Haiti, India, Irak, Italia, Lesotho, Myanmar eta Hego Afrikan erregistratu ziren terrorismo patronalaren ekintza horiek.

Laburbilduz, azken bederatzi urteetan langileriaren eskubide politiko guztien kontrako oldarraldi orokorra izan da mundu mailan. Hala ere, egoera desberdina da tokiaren arabera: Europako herrialde gehienetan, adibidez, «langileen eskubideen urraketa ugari», «urraketa erregularrak» edota «sistematikoak» daudela adierazten du txostenak. Bada, hala ere, hura da mundu mailan langileen askatasun politikoen baldintza «onenak» dituen ingurunea. Hainbat erakusleren konbinazioaren bidez, langileen eskubide politikoen egoeraren araberako puntuazio bat kalkulatzen du CSIk, batetik bosterako eskalan. Bata egoera «onena» eta bosta okerrena izaki, ondokoak dira munduko zonetako indizeak: Europa 2,49; Afrika 3,76; Ekialde Hurbila eta Afrika Iparraldea 4,53; Asia Pazifikoa 4,22 eta Amerikak 3,53.

ZONAKA

1. Ekialde Hurbila eta Afrikako Iparraldea

    2022an, Ekialde Ertaineko eta Afrika Iparraldeko zonak «munduko okerrena» izaten jarraitzen zuen CSIren txostenean, langileen eskubide politikoei dagokienez, oro har. 4,53ko batez besteko sailkapena aurreko urteko batez bestekoa (4,50) baino handiagoa izan zen, eta, beraz, «urraketa sistematikoen eta bermatu gabeko eskubideen» graduan kokatzen dute. Blokea osatzen duten hemeretzi herrialdeen artean, datu hauek ikus daitezke:

  • % 100etan hitzarmen kolektiborik gabe daude.
  • % 100etan sindikatzeko eskubidea ukatuta dute.
  • % 100etan sindikatuen erregistroa galarazten dute.
  • % 95etan greba eskubidea urratzen dute.
  • % 84k adierazpen zein bilkura askatasuna ukatzen dute.
  • % 79k langileei justiziara sarbidea ukatzen diete.
  • % 47tan langileen aurkako atxiloketak egin dituzte.
  • % 42tan eraso fisiko zuzenak izan dira.
  • Langileen erailketak Iraken.
2022an, Ekialde Ertaineko eta Afrika Iparraldeko zonak «munduko okerrena» izaten jarraitzen zuen CSIren txostenean, langileen eskubide politikoei dagokienez, oro har

2. Asia Pazifikoa (23 herrialde)

  • Greba eskubidearen urraketa: % 87.
  • Hitzarmen kolektiborako eskubidea ukatuta: % 83.
  • Sindikatzeko eskubiderik ez: % 87.
  • Justiziara sarbiderik ez: % 70.
  • Eraso fisikoak: % 43.
  • Sindikatuen erregistroa ukatuta: % 91.
  • Adierazpen zein bilkura askatasunaren aurkako erasoak: % 61.
  • Langileen aurkako atxiloketak: % 83.
  • Langileen erailketak Bangladeshen, Filipinetan, Indian eta Myanmarren.

3. Afrika (39 herrialde)

  • Greba eskubidearen urraketa: % 95.
  • Hitzarmen kolektiborako eskubidea ukatuta: % 93.
  • Sindikatzeko eskubiderik ez: % 95.
  • Justiziara sarbiderik ez: % 90.
  • Eraso fisikoak: % 31.
  • Sindikatuen erregistroa ukatuta: % 79.
  • Adierazpen zein bilkura askatasunaren aurkako erasoak: % 45.
  • Langileen aurkako atxiloketak: % 36.
  • Langileen erailketak Eswatinin, Lesothon eta Hego Afrikan.

4. Amerika (25 herrialde)

  • Greba eskubidearen urraketa: % 92.
  • Hitzarmen kolektiborako eskubidea ukatuta: % 76.
  • Sindikatzeko eskubiderik ez: % 76.
  • Justiziara sarbiderik ez: % 77.
  • Eraso fisikoak: % 36.
  • Sindikatuen erregistroa ukatuta: % 88.
  • Adierazpen zein bilkura askatasunaren aurkako erasoak: % 24.
  • Langileen aurkako atxiloketak: % 52.
  • Langileen erailketak Kolonbian, Ecuadorren, Guatemalan eta Haitin.

KASU ZEHATZAK

Langileen erailketetan fokua jarrita, Kolonbiak aipamen berezia merezi du. Izan ere, datuen arabera hura da langile zein sindikalistentzako herrialderik arriskutsuena mundu osoan. Nazio Batuen Garapenerako Programak (PNUD) duela urte batzuk egindako azterlanen arabera, 1984. eta 2012. urteen artean 2.800 sindikalistatik gora inguru erail zituzten Kolonbian, ia 100 urtean, % 94,4ko zigorgabetasun-mailarekin (10). Azterlanak hauek zenbatu zituen: 3.400 mehatxu, 1.292 desplazamendu­-kasu, 529 atxiloketa, 192 atentatu, 208 jazarpen-kasu, 216 bortxazko desagertze, 83 tortura kasu eta 163 bahiketa. Kolonbiako Lanaren Konfederazio Nagusiaren zifren arabera, duela hamarkada bat mundu osoko sindikalisten hilketen % 64 inguru Kolonbian gertatzen ziren (11). 2019. urtea eta 2020ko lehen seihilekoa bakarrik kontuan hartuta, sindikalisten aurkako lau homizidio saiakera, bortxazko desagertze bat, 198 heriotza-mehatxu eta hamalau buruzagiren erailketak zenbatu zituen CSIk (12). 2021. eta 2022. urteen artean, berriz, hamahiru sindikalista erail zituzten, beste sei erailtzen saiatu ziren, beste 99ri heriotza-mehatxuak egin zizkieten eta zortzi modu arbitrarioan atxilotu zituzten (13). Perspektiba historiko zabalagoan, 1973ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra, 14.992 eskubide-urraketa erregistratu ziren sindikalisten bizitzen, askatasunaren edota osotasun fisikoaren aurka. Eraso horietatik 3.240k 480 sindikatu ingururi eragin zietela uste da (14). Krimen gehienak argitu gabe geratzen dira, eta inolako babesik ez dutenez, sindikalisten eta haien familien bizitzek etengabe jarraitzen dute mehatxupean. Amerika da, oro har, langileentzako kontinenterik hilgarriena. CSIren Eskubideen Indize Globalean, 2022an, sindikalisten erailketak erregistratu zituzten hamahiru herrialdeetatik lau Amerikan zeuden. Langileen eskubideen 15.481 urraketa zenbatu ziren iaz kontinentean, eta horietatik 3.295 erailketak izan ziren.

Amerika da, oro har, langileentzako kontinenterik hilgarriena. CSIren Eskubideen Indize Globalean, 2022an, sindikalisten erailketak erregistratu zituzten hamahiru herrialdeetatik lau Amerikan zeuden. Langileen eskubideen 15.481 urraketa zenbatu ziren iaz kontinentean, eta horietatik 3.295 erailketak izan ziren

Lege antisindikalek, greba-hausleek eta paramilitarismoak periferiako langile-mugimenduen eguneroko ogia izaten jarraitzen dutela ikusi dugu. Duela ez asko argitaratutako albiste pare batek auziari are gertuagotik erreparatzeko aukera ematen dute. Filipinetako Alderdi Komunistak (CPP) berriki aditzera eman duenez, indar armatuek alderdiko bi buruzagi eta beste zortzi militante erail zizkieten 2022ko abuztuaren 21ean (15). Izan ere, Filipinetan komunista izatea edo grebak antolatzea ez da txantxetarako kontua. CSIren txostenak berak ezin argiago dio: «Filipinetan, langileak eta haien ordezkariak bereziki zaurgarriak dira oraindik indarkeriazko erasoen, larderia-ekintzen eta atxiloketa arbitrarioen aurrean. Duterte presidenteak gorri modura etiketatzen ditu sindikalistak, maltzurki, eta poliziaren zein armadaren sarekaden edota erasoaldien mehatxupean jarraitzen dute. 50 sindikalista baino gehiago hil dituzte Duterte presidenteak 2016an boterea eskuratu zuenetik». Handik gertu, Indonesian, militante komunistei hamar urteko kartzela-zigorra ezartzea baimenduko duen lege berri bat onartu zuten iaz (16). Horrekin batera, lau urteko espetxealdiak ere ezarriko dituzte propaganda komunista egite hutsagatik. Jarraian ikusiko dugunez, praktika horiek sustrai historiko sakonak dituzte herrialde horietan guztietan.

PERIFERIAKO ERREPRESIOA: HISTORIA ETA DOKTRINA

Langileriaren erresistentzia antolatua zapaltzea eta kriminalizatzea kapitalismoaren berezko joera orokor eta ohikoena bada ere, periferiako herrialde askotan askatasun politikoen urraketek gaur egun hartzen duten forma zehatza ulertzeko gutxienez bi faktore hartu behar dira kontuan: 1) lurralde horiek une historiko honetan lanaren nazioarteko banaketan eta ekoizpen-kate globalean betetzen duten funtzioa eta 2) kontramatxinadaren historia. Lehenengo puntua ezaugarritzeko zertzelada batzuk aurretik eman ditugunez eta zenbaki honetako gainontzeko artikuluek funtzio historiko hori sakonago lantzen dutenez, bigarren faktorean jarriko dugu arreta: periferietako proletalgo antolatua erreprimitzeko historikoki baliatu diren metodoak eta horiek jarraitu izan dien logika.

Aski ezaguna den bezala, kolonialismoaren garaian lan-indarraren gaineko dominazio zuzena zegoen, eta esplotazioa bere muga biofisikoetaraino eramaten zuten morrontza-harremanek arautzen zituzten gizarte horiek. Modu horretan, kapitalismoaren hedapenaren eta metaketaren lehen faserako ezinbestekoak izan ziren lehengaiak, metal preziatuak zein harribitxiak arpilatu zituzten potentzia kolonizatzaileek. Aldi berean, Europan eta Ipar Amerikan aurretik egin zuten moduan, nekazarien masa desjabetuen artean ekoizpen-harreman kapitalista berriak kulturalki txertatzeko balio izan zien horrek, biztanleria lan-indar merkantzia modura diziplinatzeko; «modernizaziorako», funtsean. Gaur egun jabetza pribatua eta soldatapeko lana kulturalki zeharo errotuta daude Mendebaldean, gizarteak betidanik printzipio horien baitan antolatu direla pentsatzeraino. Askok uste dute forma sozial horren arabera funtzionatu izan ez duten zibilizazioek besterik gabe onartu zutela lurraren jabetza komunala galtzea nahiz bizibideak lortzeko modu bakarra beste norbaitentzat lan egin beharra izatea, alegia, basakeria hori dena modu baketsuan ezarri zela. Edozein historialari seriok mito hori gezurtatzen du gaur egun, sobera frogatuta baitago biztanleria indigena zein esklaboak kasu askotan heriotzara arte egin ziola kontra bizimodu arrotz horri. Haien zerbitzura lan egin nahi ez zutenak, lurren desjabetzaren aurka altxatzen zirenak, ebanjelizatuak izan nahi ez zutenak edo besterik gabe edozein injustiziaren aurrean makurtzen ez zirenak oztopo ziren zibilizazio kapitalistaren ezarpenerako. Kolonoek ehiztariari hozka egiten dion txakurra bezalaxe akabatzen zituzten.

XX. mendeko 40ko eta 60ko hamarkaden artean, aldatu egin zen potentzia kapitalistek periferiak menperatzeko baliatzen zuten forma politikoa, eta deskolonizazio prozesuak abiarazi ziren. XIX. mendetik XX. mendearen erdialdera bitartean fenomeno esanguratsu bat gauzatu zen gainera: iraultza proletarioa. 1917ko Urriko Iraultza Handiaz geroztik, administrazio kolonialek eta Mendebaldeko goi-burgesiak bazekiten «hirugarren mundu» deituriko espazio horretako mugimendu komunistek nahiz nazio askapen mugimenduek ordezkatzen zuten mehatxua jada ez zela matxinada indigenen erresistentzia bezalakoa. Gerra berria «komunismo internazionalaren aurkako gurutzada» zen, gerra modernoa. Aurrean zuten etsaia gai izan zen iraultza-prozesuak martxan jarri, bere burua nazioartean antolatu eta zenbait tokitan baita botere politikoa lortzeko ere. Sobietar Batasunak potentzia industrial aurreratu bat garaitu zuen, Alemania nazia, eta munduko lurrazalaren 1/6 hartzen zuen berak bakarrik.

«Etsai komunista» berri hark, ordea, ez zuen borrokatzen armen indar hutsean oinarrituta eta unitate guztiak gudu-zelai jakin batean aurrez aurre jarrita. Roger Trinquierrek (Frantziako armadako ofiziala izan zen Bigarren Mundu Gerran, Indotxinako Lehen Gerran eta Aljeriako Gerran) argi eta garbi azaldu zuen logika hori, Gerra modernoa eta gerrillen aurkako borroka idazlanean (17). Berak azpimarratzen zuen nazio askapen mugimenduek nahiz komunistek «borroka-metodo konbentzional zein ez-konbentzionalen mailaketa konplexu bat» baliatzen zutela: agitazioa, propaganda, doktrinamendua, protestak, grebak, sabotajeak, atentatuak, zirikatze ekintzak, gerrilla-gerra, eta, azkenik, botere politikoa hartzeko gerra zibil irekia. Bestela esanda, haien helburu estrategikoak biztanleriaren babes estua irabazi, lurraldearen nahiz bertako prozesu sozialen gaineko kontrola hartu, zibilizazio eredu zaharra desagerrarazi eta berri bat eraikitzea zela ikasi zuten Trinquierren belaunaldiko estatuburuek. Hori gutxi balitz, metropoliko burgesia erabat kontziente zen ahulgune politiko estrukturalak zituela periferietako biztanleriarekiko, bai kualitatiboki nahiz kuantitatiboki. Adibide bat jartzearren, XX. mendearen lehen erdialdeko Frantziaren kolonizazioaren sasoian Indotxinan 21 milioi biztanle baino gehiago bizi zirela uste da, eta 21 milioi lagun horiek 40.000 kolono frantsesen morroiak ziren praktikan. Gainera, ez da ahaztu behar XX. mendearen hasieran kolonien independentzia babesten zuten Europako alderdi politiko bakarrak komunistak zirela. Faktore horiek guztiak batuta, kolonialismoaren amaieran eta neokolonialismoaren hasieran komunismoak periferietan garaipenerako aukera errealak zituela identifikatzen zen. Fronte guztietara hedaturiko gerra global baten aurrean aurkitzen zirenez, mundu mailako sarraski-sare bat osatu zuten. Vincent Bevinsek ezin hobeto azaltzen du Yakarta metodoa liburuan: «Askotan ahazten da antikomunismo bortitza mundu-mailako indar bat izan zela, eta, bere protagonistek mugak gurutzatuz beste toki batzuetako arrakastetatik eta porrotetatik ikasiz egiten zutela lan, eta hala lortzen zuela beren mugimenduak bultzada eta garaipenak. Gertatutakoa ulertzeko, nazioarteko lankidetza hori ulertu behar dugu» (18).

Frantziako eta AEBetako armadek nahiz inteligentzia-zerbitzuek Trinquierrenak bezalako kontzeptu estrategiko berriak eta teknika zehatzak irakatsi zituzten akademia militarretan, hala nola Ameriketako Eskolaren modukoetan, mehatxu berriari aurre egiteko eraginkorragoak izango zirenak. Periferiako herrialdeetan greba bat antolatzea jada ez zen enpresari jakin baten irabazi pribatuen aurkako mehatxu soil bat, edo manifestazio bat egitea ez zen desordena publiko puntuala, «oldarraldi komunista globalaren» fase, aspektu edo zati bat baizik. Kalean kartel komunista bat jartzea bezalako ekintza txiki bat ere ordena sozial osoaren aurkako arrisku zuzena zela ulertzen zuten, gerra-ekintza bat. Periferietako administrazio kolonial zein postkolonialen esku zegoen horren araberako neurriak hartzea, kontramatxinadako eskuliburuetako jarraibideak erabiliz. Horrela ulertzen da mundu osoan milioika pertsona komunismoaren aurkako gerraren banderapean akabatzeko erabili ziren metodoen ankerkeria neurrigabea eta genozidioaren dimentsioa bera. Gainera, mugimendu komunistak zein nazio askapen mugimenduak gizarte zibilarekin nahasita egoteak are gehiago aldrebesten zuen auzia: periferietako biztanle oro ezkutuko borrokalari bat izan zitekeenez, helburu militarra zen potentzian. Paranoia zein izu-egoera orokortzea eta salaketaren kulturaren errotzea eragin zituen sorgin-ehiza global horrek. Kasu askotan erakunde komunistekin zerikusirik ez zuten pertsonak ere inolako frogarik gabe zigortu, torturatu eta erail zituzten. Baina berdin zien, ez gerrako lege klasikoek, ez nazioarteko zuzenbideak ez eta giza eskubideen kartak jada ez baitzieten balio borroka-metodo ez-konbentzionalak erabiltzen zituen etsai haren aurka. Gerra psikologikoa, masen kontrola, inteligentzia-zerbitzuak, heriotzaren eskuadroiak, tortura metodo basatiak, bahiketak, desagertzeak, hilketa selektibo zein masiboak... Horiek izan ziren inperialistek mundu zabaleko operazio-antzokian entseatu zituzten doktrina berriaren armak. Ondorioz, leku askotan antolakuntza-­kultura erabat suntsituta geratu zen, eta erbesteratze, espetxeratze, heriotza eta biztanleria izutuen arrasto oso bat utzi zuten atzean. Beste leku batzuetan, aldiz, mugimendu inkonformistak ez ziren erabat desegin, baina ez ziren inoiz izan zirenaren itzalean ere geratu. Prozesu horren guztiaren ondoren uler daiteke gaur egun zenbait herrialdetan erreforma politiko edota sozial txikienaren aurrean horrenbesteko oldarkortasun erreakzionarioa egotea.

Periferiako herrialdeetan greba bat antolatzea jada ez zen enpresari jakin baten irabazi pribatuen aurkako mehatxu soil bat, edo manifestazio bat egitea ez zen desordena publiko puntuala, «oldarraldi komunista globalaren» fase, aspektu edo zati bat baizik

Hego Amerikako Kondor Operazioa eta Asia Pazifikoko sarraski antikomunistak dira Bigarren Mundu Gerraren osteko izu burges horren adibiderik argienak. Iran salbuetsita, masa-hilketa antikomunistak gauzatu zituzten herrialde guztiak AEBen aliatuak izan ziren. Gainera, aipatzekoa da genozidio horien zifrak konfrontazio militar zuzenetik kanpoko exekuzioei dagozkiela. Jarraian aipatuko diren zenbakiak nazioarteko organismo burgesek behetik jotako estimazio kontserbadoreak dira, Vincent Bevinsek Yakarta metodoa liburuan jasoak (19):

  • Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Paraguay eta Uruguay (1970-1980): 50.000-90.000 hildako
  • Kolonbia (1984-2002): 5.000
  • Hego Korea (1948-1950): 100.000-200.000
  • El Salvador (1979-1992): 85.000
  • Filipinak (1972-1986): 3.250
  • Guatemala (1954-1996): 200.000
  • Honduras (1980-1993): 200
  • Indonesia (1965-1966): 1.000.000-2.000.000
  • Irak (1963-1978): 5.000
  • Iran (1988): 5.000
  • Mexiko (1965-1982): 1.300
  • Nikaragua (1979-1989): 50.000
  • Sri Lanka (1987-1990): 40.000-60.000
  • Sudan (1971): 100
  • Tailandia (1973): 3.000
  • Taiwan (1947): 10.000
  • Ekialdeko Timor (1975-1999): 300.000
  • Venezuela (1959-1970): 500-1.500
  • Vietnam (1968-1972): 50.000

Indonesiako kasua bereziki deigarria da. 60ko hamarkadaren hasieran munduko seigarren herrialderik jendetsuena zen, eta urtebete eskasean milioika lagunen aurkako genozidio bat egin zutela kalkulatzen da; zenbait iturrik hiru milioi hildakoz ere hitz egiten dute. Sarraski horietan gizakiak imajina ditzakeen metodorik ankerrenak erabili ziren, gaur egungo edozein polizia-agente mendebaldar ere zurbilaraziko luketenak. The Act of Killing pelikulan borreroek inolako konplexurik gabe eta xehetasun osoz aitortzen dituzte euren krimenak (20). Zumurruak zabaltzen hasi ziren nahita, hala nola Indonesiako Alderdi Komunista (PKI) armadako goi-karguak hiltzen hasi zela eta altxamendu bat prestatzen ari zela, eta Estatuak paramilitarrei, mafiei, islamistei zein soldaduei «komunistak erailtzeko berariazko irizpidea» eman zieten aldi berean. Horren ondorioz, garbiketa ideologikoa naziek ere amestuko ez luketen abiaduran gauzatu zuten: hilabete batzuen buruan PKI ia erabat desegin zuten. Hiru milioi militantedun organo erraldoi bat, Sobietar Batasunaz eta Txinaz kanpo munduan zegoen Alderdi Komunistarik handiena zena, ezerezean geratu zen. Txinatarren aurkako garbiketa etnikoa egiteko ere baliatu zuten, eta sindikatuak nahiz antolakunde ezkertiarrik txikienak ere errukirik gabe sarraskitu zituzten.

Hilabete batzuen buruan Indonesiako Alderdi Komunista (PKI) ia erabat desegin zuten. Hiru milioi militantedun organo erraldoi bat, Sobietar Batasunaz eta Txinaz kanpo munduan zegoen Alderdi Komunistarik handiena zena, ezerezean geratu zen

Gainetik aipatu ditugun gertakariak periferietan sortu berri ziren kolonialismo osteko estatu-aparatuen «suzko bataioa» (21) izan ziren. Bertako proletalgoa politikoki eta militarki menperatzeko gai zirela erakutsi ahala, periferietako burgesia nazionalei «estatu independenteak» eratzen utzi zieten. Beraz, botere burgesak proletalgoaren aurkako biolentziaren erabilera berezkoa duen arren, objektiboa da zona geografiko jakin batzuetako poliziek, indar armatuek eta miliziek askoz esperientzia zabalagoa eta berriagoa dutela sarraski-praktiketan.

Hala ere, aipatzekoa da odol-isuri horren guztiaren aurrean Mendebaldeko moral burgesak darabilen hipokrisia, askotan fenomeno horiek «atzerapen kulturalagatik» izan direla esatera iristen baita. Arrazoia alderantzizkoa da: Bigarren Mundu Gerraren osteko genozidio antiproletario gehienak ezin dira Mendebaldeko potentzien motibazio ideologiko, interes politiko, finantziazio ekonomiko eta entrenamendu militarrik gabe azaldu, hots, modernitate kapitalistari dagozkion gertakariak dira, eta ezinbesteko funtzioa bete dute haren antagonismoa neutralizatzen. Bevinsek argi eta garbi dio bere ikerketan: «Brasilen, Indonesian eta planetan zehar banatutako beste 21 herrialdetan izan zen indarkeria ez zen ustekabekoa izan, ezta munduko historiako gertakari nagusien bigarren mailako ondorio bat ere. Heriotza horiek ez ziren izan “heriotzarik hotzena eta ankerrena”, ez inolako aldaketarik ekarri ez zuten akats tragiko hutsak. Guztiz kontrakoa. Indarkeria eraginkorra izan zen, prozesu handiago baten funtsezko zatia. Gerra Hotzaren eta Estatu Batuen nazioarteko helburuen ikuspegi osorik gabe, gertakariak oso zailak dira sinesten, ulertzen edo epaitzen» (22).

Bigarren Mundu Gerraren osteko genozidio antiproletario gehienak ezin dira Mendebaldeko potentzien motibazio ideologiko, interes politiko, finantziazio ekonomiko eta entrenamendu militarrik gabe azaldu, hots, modernitate kapitalistari dagozkion gertakariak dira, eta ezinbesteko funtzioa bete dute haren antagonismoa neutralizatzen

ERRESISTENTZIA PROLETARIOA PERIFERIAN

Errepresioa gordina izan arren, azpimarratzekoa da periferietako zapaldu guztiek ez dutela burua makurtu. Horren adibide nabarmenena dira Indiako Matxinada Naxalitak (23) edota Filipinetako Herri Armada Berriak estatuekin gaur egun dituzten gerra zibil prozesuak. Mendebaldeko erdigune inperialistan oso ezagunak ez badira ere, bi mugimendu komunista horiek nolabaiteko botere-dualtasun bat eraiki dutela esan daiteke, XXI. mendeko edozein antolakunde komunista mendebaldarrek amestu ere egingo ez lukeen indar sozialarekin. Hemen Filipinetako kasuari begirada orokor bat botako diogu.

Filipinetako Alderdi Komunista (CPP) eta bere adar militarra den Herri Armada Berria (NPA) 1968tik gerran daude Estatuaren aurka. Hirigune zein landa-eremuko iraultza sozialista helburu, Duterteren gobernu autoritarioaren kontrako oposizio zabala gidatzen dute gaur egun. Horretarako, CPPren estrategiarekin bat egiten duten erakundeen sare konplexu bat eratu dute: Filipinetako Fronte Demokratiko Nazionala (NDFP). Descifrando la Guerra atariaren erreportaje batean (24) azaltzen dutenez, alderdiak bi ildo uztartzen ditu: batetik, gutxieneko erreforma demokratikoen aldarrikapenen gidaritzari eta iniziatibari eusten die «herri mugimenduetan», eta, bestetik, gerrilla-gerra iraultzailea baliatzen du Estatuaren boterea higatzeko. Iniziatiba antifaxisten eta antiinperialisten artean erreferentzia irabazten du horrela, baita nekazal masa txiroen artean ere. Fronte Bakarraren taktikarekin, herrialdeko agenda politikoa dinamizatzea dute helburu, langile-­klaseko sektore desberdinetan antolakundeak eratu eta bertatik eguneroko arazoen inguruko lanketak eginez.

Filipinetako Alderdi Komunista (CPP) eta bere adar militarra den Herri Armada Berria (NPA) 1968tik gerran daude Estatuaren aurka. Hirigune zein landa-eremuko iraultza sozialista helburu, Duterteren gobernu autoritarioaren kontrako oposizio zabala gidatzen dute gaur egun

Taktika parlamentario bat ere garatu dute tarteka, baina ez besaulkiak berotzeko helburuarekin. Oso ortodoxoak dira zentzu horretan: hauteskunde-markak sortzen dituzte hautagaitzak aurkezteko, eta, behin legebiltzarrera heltzen denean, bertako pribilegio parlamentarioak aprobetxatzen dituzte zentsura gainditu eta bozgorailu mediatikoa irabazteko. Euren helburua ez da hauteskundeak irabaztea, eta, beraz, inoiz ez dute beren ordezkaritzaren erabilera elektoralistarik egiten, CPPk argi baitauka hauteskundeak Estatu burgesaren tresna bat direla. Legebiltzarra, kontrara, propaganda-tresna gisa ikusten dute, Estatuaren izaera erreakzionarioa agerian utzi eta programa sozialistarekin bateragarriak diren aldarrikapenak mahaigaineratzeko.

Bestalde, alderdiak bere historiari ere zor dio ospe onaren zati handi bat: komunistak izan ziren herrialdea Japoniar Inperioaren inbasioaren aurka gogorren defendatu zutenak, AEBen inperialismoaren aurka borrokatu zirenak eta atzerriko potentzien eraginaren aurrean independentzia lehenetsi zutenak. Gaur, bere fronte sozialaren jarduera begi onez ikusten dute sektore aurrerakoi gehienek, gerrillarien arteko ezkontza homosexualak izaten dira eta gutxiengo musulmanaren artean ere babesa irabazten ari dira. Euren programa sektore liberal, nazionalista, erlijioso zein intelektualengana helarazteko ere lan politikoa egiten dute.

Bere ibilbide luzean zehar, CPPk negoziazio-prozesu ugari abiarazi ditu Filipinetako Gobernuarekin. Elkarrizketa horiek, ordea, ez dute zerikusirik izan, adibidez, Kolonbiako «bake-prozesuekin». Eredua guztiz bestelakoa da: batetik, Filipinetako komunistek ez dute nazioarteko organoen inolako injerentziarik onartzen, ezta gerrillaren armagabetzerik ere. Kolonbiako Gobernuak nahiz paramilitarrek azken urteetan langileen eta nekazarien mugimenduen aurkako sarraskiak areagotu dituzte, gerrillarien armagabetzea aprobetxatuz. CPPk lezioa hartu du halako prozesuetatik, eta, beraz, ez du NPAren desmobilizazio militarra bultzatuko lukeen inolako kontzesiorik egiten. Kontrara, argi du bere estrategia Luzaroko Herri Gerran datzala. «Bake-elkarrizketa» deiturikoak abiatzen baditu, estrategia hori elikatzeko taktika baten barruan orientatzen dira. Duterteren gobernuak aurrera daraman «drogen eta terrorismoaren aurkako gerra» deiturikoa langileria eta nekazariak zapaltzeko aitzakia bat besterik ez dela ikusarazten diote biztanleriari, eta horrek agerian uzten du antagonismo soziala: bakea nahi duen proletalgoaren eta nekazari txiroen koalizio herrikoia ala enpresari eta lurjabeen Estatu hiltzailea, AEBen menpekoa. Elkarrizketak abiarazten diren uneetan, haiek nekazarien aurkako sarraskiak, multinazionalen espoliazioa eta lurjabeen despotismoa salatzeko baliatzen dituzte, eta bide batez, preso politikoen amnistia lortzeko indarrak ere bertan neurtzen dituzte. 2007an amnistia lortu zuten CPPko zein NPAko 1.377 militanterentzat. Mugimendu gerrillariaren tamaina garaikideari erreparatzearren, 2018an, NPAk bakarrik 5.600 kide inguru zituela kalkulatzen da, 120 fronte baino gehiagotan banatuta. Logikoa den bezala, «erakunde terroristatzat» jo dute munduko erakunde terroristarik handienek, AEBek eta Europar Batasunak, alegia.

ONDORIOAK

Kapitalismoak demokraziaren bidez bakarrik gobernatzen duela gezur handi bat da. Historikoki soberan frogatuta geratu da Mendebaldeko zuzenbide estatuak ez direla egonkortu ongizate material maila jakin batzuk eskuratu arte, eta gaur egun ere langileriaren gehiengoak ez duela inolako eskubide politikorik mundu zabalean. Gaur eta hemen naturala eta eternala dirudien «bake sozial» delakoa guztiz eragozten zuen gerra sozial bat bizi izan da estatu modernoen eta masa-mugimendu antagonista desberdinen artean. Kapitalak gatazka hori kudeatzeko lehenetsi duen gobernu-eredua diktadura irekia izan da; gaur egun ere eredu hori dago indarrean muga jakin batzuetatik kanpoko lurralde gehienetan.

Gaur eta hemen naturala eta eternala dirudien «bake sozial» delakoa guztiz eragozten zuen gerra sozial bat bizi izan da estatu modernoen eta masa-mugimendu antagonista desberdinen artean. Kapitalak gatazka hori kudeatzeko lehenetsi duen gobernu-eredua diktadura irekia izan da; gaur egun ere eredu hori dago indarrean muga jakin batzuetatik kanpoko lurralde gehienetan

Korrelatiboki, burgesiaren nagusitasuna finkatzeko estrategikoa izan den klase ertainaren kontzeptua sozialki nagusitu zedin, arpilaketan, esplotazioan eta genozidioan oinarritutako helduleku material zehatzak behar izan dira. Ekoizpen industrialaren desplazamendua prozesu hori egonkortzeko fase bat gehiago baino ez da izaten ari. Formazio sozial kapitalistan, irabazi pribatuaren metaketa-logikan oinarritutako mundu mailako sistema batean, ez da posible lurralde jakin bateko masa zabalen behar materialak asetzea, ez bada beste nonbaiteko biztanleria mugarik gabe esplotatzen eta zapaltzen. Kontrakoa pentsatzea zentzugabea litzateke, egunean 16 orduz lan eginez, modu txarrean janez, higiene egokirik gabe eta etengabeko mehatxupean pertsonak pozik eta lasai bizi gaitezkeela pentsatzea bezalaxe. Munduko hamar lagunetik bat baldintza horietan bizi da gutxienez, eta, antolakuntza-maila irregularrekin bada ere, beti ez dio etsaiari hain erraz uzten bera zapaltzen. Erregeak banketeaz gozatzen jarraitzen du bitartean, baina badaki baionetaz eginiko tronu baten gainean eserita dagoela..

ERREFERENTZIAK ETA OHARRAK

(1) GEDAR LANGILE KAZETA. Herioa ogibide. (2020ko irailaren 27a). gedar.eus.

(2) GEDAR LANGILE KAZETA. Argi-itzalak mapan (2020ko irailaren 10a). gedar.eus

(3) Florencia Melo, M. Los países donde trabajar es peligroso (2023ko maiatzaren 3a). statista.com.

(4) Promedio de horas de trabajo (Datos estadísticos de 2021). clockify.me

(5) Pasquali, M. ¿Cuántas horas por semana trabajan los latinoamericanos? (2023ko apirilaren 12a). Statista.com.

(6) Promedio de horas de trabajo (Datos estadísticos de 2021). clockify.me

(7) GEDAR LANGILE KAZETA. Munduko biztanleriaren % 29k ez du kalitatezko ur edangarrira sarbiderik (2023ko martxoaren 17a). gedar.eus.

(8) Unicef. Trabajo infantil: estimaciones mundiales 2020, tendencias y el camino a seguir. unicef.es

(9) Confederación Sindical Internacional. Índice Global de los Derechos de la CSI 2022. Brusela, 2022. globalrightsindex.org. CSIk galdetegiak bidaltzen dizkie mundu osoko sindikatuei, langileen eskubideen urraketei buruzko informazioa eman dezaten. Horiek urtero erregistratzen dira apiriletik martxora, eta egiaztatu egiten dira. Ondoren, herrialde bakoitza aztertzen da hitzarmenetatik eratorritako 97 adierazleri eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen jurisprudentziari dagokienez, langileen eskubideen urraketak legean eta praktikan islatuko dituen indize bat sortzeko.

(10) Público. La impunidad arropa los asesinatos de 2.800 sindicalistas colombianos (2013ko martxoaren 13a). publico.es.

(11) Telesur. El 64 % de asesinatos de sindicalistas en el mundo se producen en Colombia (2013ko maiatzak 9). telesurtv.net.

(12) Confederación Sindical Internacional. Índice Global de los Derechos de la CSI 2020. Brusela, 2020. globalrightsindex.org.

(13) Confederación Sindical Internacional. Índice Global de los Derechos de la CSI 2022. Brusela, 2022. globalrightsindex.org.

(14) Echeverri, J.A. El país de los 3.240 sindicalistas asesinados (2020ko irailak 21). ail.ens.org.co.

(15) GEDAR LANGILE KAZETA. Filipinetako Alderdi Komunistako militanteen erailketak salatu dituzte (2023ko apirilak 21). gedar.eus.

(16) GEDAR LANGILE KAZETA. Indonesian hamar urterainoko kartzela-zigorrekin zigortuko dute lan politiko komunista (2022ko abenduak 9). gedar.eus.

(17) Trinquier, R. La Guerra moderna. Librería del Ejército. Madril, 1963.

(18) Bevins, V. El método Yakarta: La cruzada anticomunista y los asesinatos masivos que moldearon nuestro mundo. Capitán Swing. Madril, 2021. 16. orr.

(19) Ibídem. 381-384. orr.

(20) Oppenheimer, J. (Zuzendaria). (2012). The act of killing [Filma]. Final Cut for Real, Arts and Humanities Research Council (AHRC), Radio (DR), Spring Films, Novaya Zemlya, Piraya Film.

(21) Soldadu batek gatazka armatu batean parte hartzen duen estreinako aldiari egiten dio erreferentzia. Erakunde kriminaletan sartu berri diren pertsonek beren nagusienganako fideltasuna erakusteko gauzatzen duten lehen hilketari ere horrela deitzen zaio.

(22) Bevins, V. El método Yakarta: La cruzada anticomunista y los asesinatos masivos que moldearon nuestro mundo. Capitán Swing. Madril, 2021. 14-15.orr.

(23) Llopis, A. Introducción a la cuestión Naxalita (2018ko abenduak 22). descifrandolaguerra.es.

(24) Marrades, A. La insurgencia comunista en Filipinas (2018ko azaroak 28). descifrandolaguerra.es.


EZ DAGO IRUZKINIK