Lanaren soziologia frantziarra nagusiki Bigarren Mundu Gerraren ondoren garatu eta sendotu zen, eta paper garrantzitsua izan zuen herrialde horretako soziologian, oro har. Gatazka beliko haren ondoren, Frantziak, modernizazioaren proiektu handinahia hasteko xedez, soziologia-arloan bilatu zuen babesa: pentsatu zen diziplina horretatik eratorritako jakintza aplikatua erabilgarria izan zitekeela, besteak beste, enpresan, lan-merkatuan, ekoizpen-prozesuen antolakuntzan, lan-harremanen ordenamenduan, eskola-sisteman, administrazio publikoan edo hiri-planifikazioan egin nahi ziren erreformak diseinatzeko eta ezartzeko. Garai hartan, fabriketako eta enpresetako ateak zabaldu zitzaizkien soziologoei, haiek erakunde horien eta ekoizpen-prozesuen inguruan ikertu, eta enpresen arrazionalizazioa eta hobekuntza azter zezaten: ekoizpena handitzea, lan-gatazkak murriztea, ekoizpen-prozesuak automatizatzea, langileak teknologia eta lan-metodo berrietara egokitzea, etab. [1]
Lanaren soziologia frantziarraren zati handi bat, beste herrialde ugaritako lan-soziologia bezalaxe, Estatuak sustatutako proiektu modernizatzailearen zerbitzura jarri zen, hots, uneoro termino kapitalistatan formulatutako proiektu erreformista baten zerbitzura. Hamarkada haietan, lanaren soziologiaren jo-puntua ez zegoen Sobietar Batasunean edo sozialismo erreal zeritzen herrialdeetan, ezpada lanaren antolakuntzarako metodoetan (taylorismoa, ekoizpen-prozesuetako kate-lanaren eta automatizazioaren garapena, kronometrajea eta aprobetxatu gabeko denboraren kontrako borroka, lanaren banaketa eta espezializazioa, etab.), zeinak beste ekonomia kapitalista arrakastatsu batzuetan aplikatzen baitziren (AEBn, Erresuma Batuan, Japonian,…), nahiz eta horiek ikuspegi kritiko batetik aztertu edo kezka agertu metodook aplikatzeak nola eragin ziezaiekeen langileei eta gizarteei.
Horren adibide garbia dira sasoi haietan Georges Friedmann soziologoak egin zituen lanak; gerora, harena bilakatu zen lanaren soziologia frantziarraren korronte hegemonikoa (ez, ordea, bakarra). Problèmes humains du machinisme industriel (1947), Où va le travail humain? (1950) eta Le travail en miettes (1956) bezalako lanak lanaren soziologia frantziarrean AEBko esperientzia industrialari eman zitzaion lehentasunaren lagin argia dira (taylorismoa eta fordismoa, Giza Harremanen Eskola eta Western Electric Company-ren esperimentuak, beste beste). Alabaina, esperientzia sobietarrean ere ikus daiteke Friedmannen eragina. Egile hau «humanista» esaten zaion lanaren soziologiaren defendatzailea zen, eta 1930eko hamarkadan zehar hainbat aldiz bisitatu zuen SESB. Esperientzia sobietarraren gainbeheraren inguruko analisi politiko batzuk ez ezik (De la Sainte Russie à l’URSS, 1938), Friedmannek gogoeta ere egin zuen, bere lehenengo lanetatik, zer eragin izan ote zuten SESBn herrialde kapitalistetan berak egin zituen ikerketen ardatz izan ziren dimentsio orokorrek, hala nola makinismoaren eta gizarte industrialen garapenak eta lanaren fragmentazioa handitzeak («lana birrintzea»). Lan horietan (Problèmes du machinisme en URSS et dans les pays capitalistes, 1934; Le travail en miettes, 1956), Friedmannek azpimarratu zuen lanaren banaketa handitzea, lana mila puskatan banatzea zeregin erraz eta errepikakorretan, langileen espezializazioa, ekoizpen-prozesuetan gero eta makina gehiago egotea, eta faktore horietatik eratorritako arazoak (langileen desmotibazioa, egindako lanari zentzurik ez bilatzea…) ez zirela gizarte kapitalistetakoak bakarrik, eta SESBn ere ikus zitezkeela, non 1918. urtean dagoeneko Leninek metodo tayloristak ezartzearen alde egin baitzuen, industria sobietarreko produktibitatea hobetzeko, gerra zibila irabazteko eta iraultza komunista indartzeko helburuz.
Hala eta guztiz ere, lanaren soziologia frantziarrak eredu sobietarrari egin zion ekarpena aztertu nahi bada (ez lan-prozesuak antolatzeko moduei eta teknikei dagokienez egin zuen ekarpena bakarrik, baita esperientzia haren bilakaerari, ezaugarriei eta kontraesanei dagokienez egindakoa ere), soziologia-adar horren sustatzaile handia izan den beste egile bat ere aipatu beharra dago: Pierre Naville. Georges Friedmannekin batera, Naville «Lanaren soziologiaren» lehenengo tratatuaren egilea izan zen (jatorriz Traité de Sociologie de Travail, 1961-1962). Hala ere, zerikusi txikia dute batak eta besteak proposatzen duten lanaren soziologiak. Friedmannek bezala, Navillek ere esperientzia sobietarra lehenengo pertsonan ezagutzeko parada izan zuen, 1927an SESBra Urriko Iraultzaren hamargarren urteurrena ospatzera gonbidatu zutenean. Bertan, Victor Serge eta Leon Trotsky ezagutu zituen, bat egin zuen haien tesiekin, eta hala, ezkerreko oposizio esaten zitzaionera atxiki zen; ondorioz, Frantziako Alderdi Komunistatik kanporatu zuten 1928an, eta militantzia trotskistara igaro zen. Hamarkada batez baino gehiagoz, Navillek elkarlan estuan jardun zuen Trotskyrekin, eta gerora beti aldarrikatu izan zuen haren figura, desadostasunak desadostasun, baita mugimendu trotskistatik aldendu ondoren ere (ikusi, adibidez, 1962ko Trotsky vivant liburua). Edonola ere, Navillek heriotzara arte jardun zuen aktibo Frantziako eszena politikoan, eta beti ahalegindu zen bere lan intelektualaren independentzia eta zorroztasuna babesten, eta ihes egiten «intelektual komunistaren» figurari (horren harira, interesgarriak dira Sartrerekin izan zituen hika-mikak ) zein «alderdiko posizioek» agintzen zuten alderdikeria itsuari.
Esperientzia sobietarra Navillen obra guztian zehar dago presente (adibidez, Perestroikaren eraginak aztertzen dituen Gorbatchev et la réforme en URSS liburua 1992an argitaratu zuen, hil baino urtebete lehenago). Alabaina, sistema sobietarraz egin zuen analisi handinahi eta formalizatuena Le Nouveau Léviatan izeneko zazpi liburukietan aurki daiteke; 1957 eta 1987 urteen artean argitaratu ziren eta horietako askok esperientzia sobietarra dute ardatz. Sobietar Batasunaren historia bizi garen mundu honen berezko osagaia da, hau da, ez dago munduaren egungo konfigurazioa ulertzerik esperientzia hori eta haren inguruabarrak zorrotz aztertu gabe. Navillen aburuz, SESB emantzipazio-mugimenduen bilakaerarako funtsezko eztabaidagaia ez ezik, kapitalismo globalaren funtzionamenduaz galdegiteko aukera ere bazen. Hain justu, Navillen oinarrizko hipotesietako batek defenditzen du Sobietar Batasuna nazio kapitalistek osatzen zuten trukeen munduaren espazio berberaren zatia zela, eta bertan parte hartzen zuela. Ezbairik gabe, berezitasun batzuk zituen, eta horiexek identifikatzen ahalegindu zen Naville –eta gerora, Pierre Rolle ere bai– baina aipatutako herrialde horiekiko antzekotasunak ere bazituen, zeinekin soziologoa sostengatzen saiatu baitzen mundu global partekatu bat genuela, eta krisialdiek jatorri berbera zutela altzairuzko oihalaren alde batean zein bestean (nahiz eta sintomatologia, tratamendua eta emaitzak ez ziren berdin-berdinak).
Navillen esanetan, iraultza boltxebikea ez zen errusiar iraultzatzat hartu, ezpada europar iraultzatzat, edo are, munduko iraultzatzat. Nagusitzen zen ordena kapitalista hankaz gora jartzera begirako mugimendu bat, Europako gainerako potentziak ere (bereziki Alemania) iraultzara batzea eskatzen zuena. Buruzagi boltxebikeek ziurtzat zuten beste herrialdeen mugimendu hori. Ordea, mundu osoko iraultza horren porrotak norabide aldaketa ekarri zuen, eta iraultza sobietarra iraultza nazional bilakatu zen (sozialismo nazional baten eraikuntza izan zen). Mundu osoan antolatutako kapitalismoa mundu osoko sozialismo batez ezin ordezteak SESB kapitalismoak definitutako ekoizpen-estandar eta -mekanismoetara egokitzera behartu zuen, eta lehenago nazio kapitalistetan ezagutu ziren printzipio eta indarkeria berberetan oinarritutako industrializazio-prozesu azeleratu bat izatera, baldin eta biziraun nahi bazuen (nekazaritzako eskulana industriara igaroaraztea, diziplina industrialarekiko mendekotasuna…). Horrela, SESB kapitalismoarekin lehian egon zitekeen (ekonomian, arlo militarrean, zientzian, etab.) mundu osoan antolatutako truke-espazio partekatu batean, baina kapitalismoaren aldean, ez zuen kapitalaren mundu-mailako iturri nagusiak eskuratzeko aukerarik eta alimaleko zailtasunak zituen eremu sozialistako gainerako nazioekin batera (Txina, Yugoslavia…) espazio ekonomiko alternatibo bat antolatzeko.
Iraultza boltxebikea ez zen errusiar iraultzatzat hartu, ezpada europar iraultzatzat, edo are, munduko iraultzatzat. Nagusitzen zen ordena kapitalista hankaz gora jartzera begirako mugimendu bat
Horrek guztiak, Navillen esanetan, une batean edo bestean sistema sobietarra kolapsora eramango zuen, aurreikusterik ez bazegoen ere hura zer-nolakoa izango zen (Navillek dagoeneko egina zuen diagnosi bat 1947an, artean estalinismoaren oposizioak ere sistema sobietarra erreformatu zitekeela uste zuela). Navillek zioen prozesu industrializatzaile sobietarraren arrakastak SESB are gehiago bultzatuko zuela irekitzera eta mundu-mailako sistemako –azken batean, horren parte zen– trukeetan parte hartzera (horretara zeuden bideratuta, besteren artean, Gorbachov-en Perestroika erreformak). Irekitze hori, Rollek dioen moduan, zehazki, behartutako industrializazio-prozesua agortu zenean eta hiritar sobietarrek desira zuten araututako mugikortasun sozialeko prozesuak eten zirenean gertatu zen.
Navillen eta Rollen ustez, irekitzeko premia hori, sistema unibertsal bilakatzeko behar hori kontraesan atzeraezina zen sistema sobietarrarentzat (gogora dezakegun, nazio-eskalan ulertutako sistema zela), horrekin bere burua sostengatzeko aurre egin beharreko erronka eta ziurgabetasunak handitzen zirelako (zalantzazko itun politikoak, zer ibilbide armamentistiko hartu, etab.).
Navillen eta Rollen ustez, irekitzeko premia hori, sistema unibertsal bilakatzeko behar hori kontraesan atzeraezina zen sistema sobietarrarentzat (gogora dezakegun, nazio-eskalan ulertutako sistema zela), horrekin bere burua sostengatzeko aurre egin beharreko erronka eta ziurgabetasunak handitzen zirelako (zalantzazko itun politikoak, zer ibilbide armamentistiko hartu, etab.)
Esperientzia sobietarra Estatuko sozialismo gisa eratu zen, eta Estatuak zuzendutako industrializazio-prozesu azeleratu bat martxan jartzera zegoen bideratuta. Rollen ustetan, Estatua bera zen prozesu horrek zekarren kapitalaren eraketaren eta erabileraren erantzulea. Halako eraldaketa-prozesu bat gauzatzeko tresna nagusia «plana» (planifikazioa) dela esan izan da; itxuraz nonahi zegoen mekanismo bat zen, eta hari esker lurralde sobietar osoan ekoizpenaren eta kontsumoaren artean definitutako banaketak eta proportzioak aplikatu zitezkeen. Hala eta guztiz ere, Navillek eta Rollek, biek jarri zuten kolokan planifikazioa ulertzeko modu hori (gauza ohikoa, haren aldekoen zein kontrakoen artean), eta merkatua ordezteko (adostutako) mekanismotzat hartu zuten. Planifikazioaren eta merkatuaren arteko oposizio (faltsu) hori ontzat eman beharrean, Navillek (geroago, baita Rollek ere) erakutsi zuen sistema sobietarraren oinarria, egiaz, soldatak (nagusiki monetarioak) lan-gaitasunekin trukatzean zetzala, eta soldatek ekoizpen-gaitasun horiek erabiltzean sortutako produktuaren zati bat konpentsatzen zutela.
Bestela esanda, haren ustez, Estatu Sobietarraren oinarria gainerako merkatuen existentzia beharko lukeen lan-merkatu bat litzateke, nahiz eta merkatu horiek guztiak planaren estandarizazioari, bitartekaritzari arauei lotuta leudekeen. Beraz, ez litzateke besterik gabe sozialki ekoitzitako aberastasuna birbanatzen duen sistema bat, maiz baieztatu izan den moduan; izan ere, hala izateko ondasun guztiek doakoak behar lukete izan, baita lan-indarrak ere, eta hori ez zen betetzen. Sistema sobietarra ezaugarritzen zuen enpleguaren egonkortasuna gorabehera (ohikoena langileek beren lan-ibilbide osoa enpresa bakarrean egitea zen), langileen joan-etorriko mugimenduak ere esanguratsuak ziren (baita borondatezkoak ere, «autokaleratzeak») (Rolle, 2009:88). Eskulanaren egiturazko eskasiaren eraginez, enpresa ugarik arazo handiak zituzten planak ezarritako helburuak betetzeko behar adina langile izateko. Horren guztiaren ondorioa zen enpresek hainbat estrategia abiarazten zituztela langile berriak erakartzeko eta lanean ari zirenak lana utz ez zezaten, langileen soldata zuzenaz eta zeharkakoa baliatuz: kalitate hobea zuten etxebizitzak, osasun- eta hezkuntza-sistema propioak, garraioa eta ekonomatoak eskaintzen zizkieten, besteak beste. Finean, horrek guztiak lan-indarra mugitzeko eta erabiltzeko merkataritza-mekanismo bat eta egiazko lan-merkatu bat sortzen zituen, zeinak soldata-bereizketa handiak sortzen baitzituen, eta horrek, era berean, planaren aurreikuspenak desorekatzen eta tenkatzen zituen.
Pierre Rollen ondorengo analisiak (2009) berretsi egin zituen Navillen planteamenduok, erakutsiz eguneroko errealitatean Plana ez zela botere politikoaren mendeko ekonomiaren dinamika menderatzeko gai zen mekanismo ahalguztiduna, ezta hurrik eman ere. Rollek, halaber, agerian utzi zuen enpresa sobietarretan ez zela bere koherentzia nazioaren ekonomia osora zabaldu nahi zuen Planaren aginduei eta arauei jarraikiz bakarrik egiten. Planak ezartzen zuen lanerako araubideak, hau da, aurreikusten ziren zeregin guztiak betetzeko definitzen zituen denbora-tarteek, planifikazioaren organo zentralari ekoizpenaren emaitzak definitzen eta aurreikusten laguntzen zien, eta baita ekoizpen hori gauzatzeko behar ziren zereginak eta baliabideak Batasuneko enpresa guztien artean banatzen ere. Bestela esanda, teorian, enpresak edo haiek ematen zituzten datuak behatuz eta horiek produktibitatearen bilakaera aintzat hartzen zuten indizeen bidez zuzenduz, era zentralizatuan ezartzen zituzten enpresei esleitutako soldata-funtsak eta enpresa horiek beren langileei ordaintzen ziena ere (ibid.: 143).
Ordea, Planaren errealitatea puskaz konplexuagoa zen: espazioak gatazkatsu bilakatzen zituen, eta praktikan, espazio horietan etengabe jartzen zen zalantzan eta birdefinitzen zen lan-araudia. Sobietarren botere zentralak lan-araudia ezartzeko gatazka eta negoziazio ugari behar izaten ziren, zeinen bidez hainbat aktore mobilizatzen baitziren (ministerioak, eskualdeak, enpresak, langileak) beren interesen arabera lan-denbora horren kalkuluan esku-hartzeko. Enpresek, lan-arauen eta ekoizpen sobietarren gune nagusia ziren aldetik, beren funtzionamendua ezinbestean egokitu behar zuten ezarritako araua bete zezaten, eta Planak ezarritako emaitzak lortu behar zituzten, baina emaitza horiek oso eztabaidatuak ziren, eta enpresak berak paper garrantzitsua zuen haien ezarpenean. Enpresa sobietarrek, mobilizazioaren bidez, ahalik eta ekoizpen-baldintza mesedegarrienak lortu nahi zituzten. Prozesu horren bidez, enpresak (eta bertako kideek) aurre egin behar zion Planak zekarren autoritate zentralari ez ezik, baita beste enpresa sobietarrei (eta bertako kideei) ere, beste horiek ere Planaren baldintza optimo horien alde borrokan ari baitziren (ibid.: 94-96).
Enpresetan, lanerako metodo eta prozedurak, maiz behar bezala formalizatuta ez zeudenak, lantaldearen barnean ezartzen eta arautzen ziren, eta horrek planifikazioaren araubide teknikoaren eta langile bakoitzari ezarritako plan efektiboaren arteko distantzia handitzen zuen (ibid.:107). Lantaldea ez zuen Planak ezartzen (nahiz eta hark autonomiaren inguruan kontrol motaren bat izan zezakeen); haren osaera, tarifak, funtzionamendua eta erreprodukzioa neurri bateraino bere irizpide eta logika propioen pean zeuden, eta horiek ez ziren beti Planak adierazten zituen behar eta lehentasunekin koherenteak (ibid.: 142 eta 164). Soldatapekoek praktikan zituzten eskumenak ere lantaldearen bertan ezarritakoak (edo aitortutakoak) izaten ziren (ibid.: 139). Gauzak horrela, enpresa sobietarrek beren langileei eusteko abiarazten zituzten praktikak, lantaldeen negoziatzeko autonomia edota enpresaren zentraltasunak, Planetik eratorritako araubideen definizioan eta aplikazioan, aukera ematen zuen hipotesi hau baztertzeko: Sobietar Batasunak merkatuko trukeak ezabatu zituela Planaren bidez horiek koordinatutako estatu-aginduez ordeztu zituelako. Era berean, ekonomia sobietarra mugatua eta botere politiko zentralaren burokraziak zorrotz babestutakoa zelako irudia baztertzeko aukera ere ematen zuen.
Errealitatean, Sobietar Batasunean, mendebaldeko ekonomia kapitalistetan bezalaxe, kapitala merkatu-trukeen bidez eratzen zen, eta Estatuak arautu zitzakeen truke horiek, baina guztiz deuseztatu ez (ibid.: 41). Enpresa sobietarretan sortutako kapitala kendu egiten zen, eta zentroan banatzen zen Planaren bidez; ondorioz, soldata- eta ondasun-tasa mugatzea nahastu egiten zen Planak berak kontsumo- eta ekipo-ondasunak sortzen zituzten industria-adarretan banatzen zituen baliabideekin (ibid.:40). Banaketa hori ez zen gertatzen merkatuan prezioekin jokatuz, ezpada planean ahalik eta baldintzarik onenetan parte hartzeko enpresek beren artean (langileak eta kudeatzaileak barne) zuten borroka zuzenaren bidez. Liskar horren helburua ekoizpen-talde batzuei zein besteei itzuliko zitzaien soberakin orokorraren zatia lortzea –inbertsioetan eta etekinetan– eta soldata zuzenak hobetzea zen. «Langile-taldeak elkarren kontrako gatazka saihestezinetan sartu ziren, arduratuta zeudelako kapitala ekoizteko zeregina establezimendu, eskualde eta korporazioen artean nola banatzen zen» (Rolle, 2017:84). Horrela, esplotaziorako mekanismo orokor aldeaniztun bat jarriko zen martxan (elkarrekiko esplotazioa), zeina, Navillen iritziz, Estatu Sobietarreko sozialismoaren berezitasun nagusi bilakatuko baitzen. Rollek, Navillen analisia berrartuz, honelaxe adierazi zuen: «soldatapekoen kolektiboak, Estatuaren bidez, metaketarako tasa global bat ezartzen zion bere buruari (…). Izan ere, planifikatutako sistemaren kapitala kolektiboaren premien pean eratzen zen, talde bakoitzak merkatu trukeetatik bere buruarentzat ahalik eta soldatarik altuena eta etekin handienak eskuratzeko egiten zuen ahaleginaren bidez, eta horrek besteak inbertsio kolektiboari haiek baino intentsitate handiagoan laguntzera behartzen zituen» (Rolle, 2017: 84-85). Navillek eta Rollek egindako analisiak, beraz, errealitate sobietarra gaur egungo soldata-sisteman ikus daitekeen historiaren bilakaera globala eboluzio eta tentsioetan kokatzen du, eta ondorioz agerian jartzen dute hura sortu izana, erori izana, edota izan zituen ezaugarriak eduki izana ezin zela biolentziatik edo totalitarismo politiko deskontrolatua ez ziren ezein logikatik kanpo zegoen anomalia ulertezintzat hartu.
«Soldatapekoen kolektiboak, Estatuaren bidez, metaketarako tasa global bat ezartzen zion bere buruari (…). Izan ere, planifikatutako sistemaren kapitala kolektiboaren premien pean eratzen zen, talde bakoitzak merkatu trukeetatik bere buruarentzat ahalik eta soldatarik altuena eta etekin handienak eskuratzeko egiten zuen ahaleginaren bidez, eta horrek besteak inbertsio kolektiboari haiek baino intentsitate handiagoan laguntzera behartzen zituen». Perre Rolle (2017: 84-85)
Errealitatean, Sobietar Batasunean, mendebaldeko ekonomia kapitalistetan bezalaxe, kapitala merkatu-trukeen bidez eratzen zen, eta Estatuak arautu zitzakeen truke horiek, baina guztiz deuseztatu ez
OHARRAK
[1] Ildo honetan egindako ikerketa batzuk nahiko berriak dira, adibidez: Lucie Tanguy (2011), La sociologie du travail en France. Enquête sur le travail des sociologues, 1950-1990, Paris, La Découverte; edota Anni Borzeixen eta Gwenaële Roten (2010) Genèse d’une discipline, naissance d’une revue: Sociologie du Travail, Paris, Presses Universitaires de Paris Ouest.
[2] Pierre Navillek lanaren soziologian egin zituen planteamendu nagusienak gaztelaniaz txukun laburbiltzen dituzte lan hauek: Jorge García (2001), «Pierre Naville y la otra sociología del trabajo», Política y sociedad, 38:197-216 eta Jorge García (2009), «Explica el trabajo la sociedad? En torno a la sociología del salariado de Pierre Navilel», Laboreal, 5 (2).
[3] Pierre Naville (1975) La révolution et les intellectuels. Paris, Gallimard. [Bertsio honek badu gaztelaniazko bertsioa: La revolución y los intelectuales, Barcelona, Galba Edicions, 1976].
[4] Pierre Rolle izan da Navillen Frantziako kolaboratzaile eta jarraitzaileetako nagusia. Pierre Rollek Sobietar Batasunaren eta Errusia postkomunistaren inguruan egin zuen lan nagusia hau da: Le travail dans les révolutions russes, De l’URSS à la Russie: le travail au centre des changements, Lausana, p. 2, 1998 [Liburu honek badu gaztelaniazko bertsioa: De la revolución del trabajo al trabajo revolucionado, Madril, Traficantes de Sueños, 2009]. Bertan, Navillen planteamenduak berrartzen eta zabaltzen ditu.
[5] Navillek SESBez zituen ideien errepaso labur hau Pierre Rollek (2017) Navillen analisiaz egiten duen interpretazioan oinarritzen da: «¡Una misma crisis de Este a Oeste? Ensayo sobre Pierre Naville», Sociología Histórica, 8: 65.89.HEMEN ARGITARATUA