Asko hitz egin da Sobietar Batasunaren inguruan Artekaren zenbaki honetan. Hala ere, SESB barruko auziak bezain interesgarriak dira bere mugetatik kanpo izan zituen eraginak ere. Zehazki, bi mundu gerren gerraostetik Varsoviako paktutik kanpo geratu ziren Europako herrialdeen berreraikuntzan (Frantzia eta Italia, nagusiki) berebiziko garrantzia izan zuten gerraren amaiera baino lehen III. Internazionalaren kide izan ziren alderdi komunistek (PCFk Frantzian eta PCIk Italian). Komintern edo internazionala desegin bazen ere, alderdi horien eta PCUSaren (Sobietar Batasuneko alderdi komunista) arteko harremana ez zen desagertu hauek 70eko hamarkadan Eurokomunista deklaratu zen arte. Horrek esan nahi du Europaren berreraikuntzan eta Ongizate Estatuaren zein hori sostengatuko zuen klase arteko paktuaren jaiotzan paper garrantzitsua izan zutela alderdi horiek eta baita SESBek ere.
Gaur egun langile aristokrazia eta orokorrean klase ertainaren programa politikoa Ongizate Estatuaren berreskurapena denez, mugimendu sozialistarentzat ezinbestekoa da haren izaera historikoa determinatzea, sozialdemokraziarekin duen norgehiagokan garaile atera nahi badu. Ongizate Estatua mugimendu komunistaren indarrari esker lortu zen ala burgesiak zentro inperialistan egonkortasuna lortzeko egindako mugimendua izan zen? Galdera horren erantzuna artikulu honen mugetatik haratago doa, baina edonola ere, hemen hipotesia da Ongizate Estatuaren paradigmak kontsentsu eta paktu sozial jakina inplikatzen duela, bai eta klase arteko paktu horretan gerora eurokomunista izango ziren alderdiek langile mugimenduaren zaindari papera jokatu zutela ere. Auzi honetan faktore andana batek eragiten dutenez, artikulu honek ez du argudiaketa behar bezala garatzeko aukera ematen, eta beraz, nahasgarria izan daiteke. Horregatik, irakurleari haria behar bezala jarraitzeko ahalegina eskatzen diogu (erreferentzia asko ez dira azalduko, arrazoiketak ez dira sakonduko…).
Hemen hipotesia da Ongizate Estatuaren paradigmak kontsentsu eta paktu sozial jakina inplikatzen duela, bai eta klase arteko paktu horretan gerora eurokomunista izango ziren alderdiek langile mugimenduaren zaindari papera jokatu zutela ere
EUROKOMUNISMOA
1977an, Europa hegoaldeko alderdi sozialistetako buruek (Francois Mitterrand frantsesetik, Bettino Craxi italiarretik, Felipe González espainiarretik eta Mario Soares portugaldarretik) alderdi eurokomunisten ildo politiko berriarekiko gertutasun jakina adierazi zuten (iparraldeko herrialdeetako sozialisten aurka): «Eurokomunismoa errespetatzen dugu. Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan sortu den korronte ideologiko garrantzitsuena da». Garaiko Suediako Olof Palme sozialistak ondo sintetizatu zuen alderdi komunistekiko gertutasun hau: «Zaila iruditzen zait alderdi komunisten barnean egiten ari diren berrebaluazioen aurrean mesfidantza besterik erakusten ez duten horiek ulertzea. Onuratzat hartu behar da alderdi horiek eskubide eta askatasun demokratikoetan sinesten dutela adieraztea, oinarrizko eskubideak defendatu nahi izatea, erreformismoak gizartearen aldaketarako duen indarraz ohartzen hastea». Alderdi komunistengana gerturatzeko apustua egin zuten sozialista horiek arrazoia zuten; izan ere, eurokomunismoak, hain justu, alderdi horien elementu komunistak garbitu eta demokrazia burgesaren oinarrizko arauak onartu zituen. Horrela, ordura arte parlamentarismo burgesean isolatuta zeuden alderdi horiek Estatu kapitalistan integratu ahal izan ziren. Austriako alderdi sozialdemokratako Bruno Kreisky kideak adierazi zuen bezala, «Komunistek, egiaz demokratak izan nahi badute, proletariotzaren diktaduraren kontzepzio soila baino askoz gehiago alboratu beharra daukate. Hori eginez gero, kredo politiko oso bat desagertuko litzateke. Ez litzateke komunismoari espezifikoa zaion ezer geratuko eta sozialdemokrata bihurtuko lirateke, hizkuntza arinki iraultzaileago batekin».
Diskurtsoan beren burua gobernu parlamentarioaren aurka agertzen bazuten ere, eurokomunista horiek eroso mugitzen ziren indar parlamentarioen artean. Gino Bianco sozialistak azaldu zuen aldaketa: «Ronald Tierskyk nahiko ondo islatzen du arazoa alderdi frantsesari dagokionez zera dioenean, “aniztasun politikoaren onarpena dagoeneko gertatu da, agian alderdia ez baita inoiz bere helburuak bakarrik lortzeko bezain indartsua izango”. (...) Frantsesek proletalgoaren diktaduraren kontzeptuaren ordez beste nozio bat ezarri dute, langileriaren hegemonia. Italiarrek Gramsciren hegemonia kontzeptuaren garrantzia ere aldarrikatzen dute (...) eta pluraltasunarekiko leialtasuna adierazi dute. Batez ere mendebaldeko komunistek indar handia jarri dute balio demokratikoen aldeko debozioan». PCFko komite zentraleko kide zen René Andrieuk ere zentzu berean sakondu zuen: «Politika komunistaren ideia da Frantzia krisi honetatik irtengo bada, beharrezkoa dela bere antolakuntza egiturak transformatzea. Demokraziaren etengabeko zabalpenak eramango du herrialdea naturaz egiaz demokratikoa izan beharko duen sozialismora».
1977an Berlinguer (PCI), Marchais (PCF) eta Carrillok (PCE) Madrilen egindako bilera batean gorago aipatutako aldaketa politikoak formalizatu zituzten adierazpen batean. 80ko hamarkada hasi zenerako, beraz, burututa zegoen alderdi horien eraldaketa prozesua (PCEren ibilbidea ezberdina izan zen, baina emaitza berberak izan zituen). Baina noiz hasi zen 70eko hamarkadan ikusi ditugun ondorioak izan zituen prozesu hau? Zer-nolako erlazioa izan zuen Ongizate Estatuarekin?
ONGIZATE ESTATUAREN FENOMENOA
Ongizate Estatuak aurrekari ugari dituen arren (Weimarko errepublikako konstituzioa, Suediako erreformismoa, Roosevelten New Deal…), fenomeno hau Estatu kapitalistan Bigarren Mundu Gerraren gerraostean egonkortu zen sistematikoki. Ezin da kausa bakar batekin azaldu babes sozialerako politiken orokortze hau. Hala ere, garaiko deklarazio eta teoriek argitasun handiz lotzen dute hazkunde ekonomikoa ekoitzitako aberastasunaren birbanaketarekin. Horrela, Ongizate Estatua gerraostean Europan sortutako kapital metaketaren zikloaren baldintza bereziei lotuta jaio zen. Baldintza berezi horiek hazkunde altua eta konstantea baimendu zuten 70eko hamarkadara arte. 1949-50 urterako, adibidez, herrialde gehienek gerra aurreko ekoizpen maila berreskuratu zuten, eta 1950-70 tartean Europako BPG urteko %5,5 hazi zen bataz beste (AEBen hazkundearen bikoitza); hazkunde horren zentroa industria zen.
Labur esateko, gerra amaitzean kapital konstantea suntsitua zegoen eta erreserbako armada industriala (langabezia) izugarria zen, beraz, metaketa berrabiarazteko arazoa gehiago zen shock bat gainbalio falta baino. Egoera horrek eskasia eta pobrezia eragin zuen Europa osoan zehar (herrialde garaile zein galtzaileetan), baina nazioarteko ordainketak egiteko likidezia lortuta (dibisak, dolarrak kasu honetan Marshall plana bidez), azkar batean berrabiarazi zen metaketa. Are gehiago, gainbalio tasa altuak eta kapital osoa berritzeko aukerak baldintza oso onak ezarri zituzten kanpo inbertsioa erakartzeko. Azkenik, hegemonia estatubatuarrak merkataritza zikloak moztu zituen GATTren bidez (librekanbioaren eta protekzionismoaren artean) eta Bretton Woodsen sistema finantzario zein monetarioa ordenatu (NDF, debaluazio lehiakorrak eta kontrol gabeko inflazioa ekiditeko) eta hazkundearen kontrola instituzionalizatu zuten (Munduko Bankua). Hazkunde dinamika horretan ziklo ekonomikoa (Koreako gerraren ondoren izandako beheraldia, adibidez) etengabeko hazkundea zuen joera baten baitan gertatu zen, eta horrek erabat lausotu zuen bere presentzia. Horri guztiari esker, bi mundu gerretan Europak mundu mailan galdu zuen pisua berreskuratu zuen: hazkunde demografikoa murriztu zen bitartean, bere ekoizpen industriala mundukoaren %38 izatetik %49 izatera igaro zen 1950etik 1970era.
Hazkunde hori beharrezko baldintza zen Ongizate Estatuarentzat (izan ere 70-80eko hamarkadetan, hazkundea desagertzean, Ongizate Estatua bera ere desegiten hasi zen), baina ez nahikoa. Horrez gain, beharrezkoa zen Europan martxan jarri zen berebiziko gainbalio metaketa hori babes sozialerako politiketara bideratuko zuen kontsentsu politikoa ere. Lege jakin bat edo batzuk ekoizteko adostasun parlamentariotik haratago, Ongizate Estatuak bi mundu gerren ondoren, Gerra Hotzaren testuinguruan (SESB eta Varsoviako ituna parez pare etsai izanda), bake soziala lortu nahi zuen Europan. Funtsean, hazkunde handi horren zati bat negoziatu zen gainerako hazkundea kapitalaren esku zegoela bermatzeko. Kontsentsu edo paktu horren ondorioz gertatu zen, hain zuzen ere, prozesu eurokomunista.
Hazkundea beharrezko baldintza zen Ongizate Estatuarentzat, baina ez nahikoa. Beharrezkoa izan zen Europan martxan jarri zen berebiziko gainbalio metaketa hori babes sozialerako politiketara bideratuko zuen kontsentsu politikoa ere. Funtsean, hazkunde handi horren zati bat negoziatu zen gainerako hazkundea kapitalaren esku zegoela bermatzeko. Kontsentsu edo paktu honen ondorioz gertatu zen, hain zuzen ere, prozesu eurokomunista
EUROKOMUNISMOAREN JATORRI HISTORIKOAK: GERRA ONDORENGO PAKTU SOZIALAK
Gehienetan eurokomunismoaren aurrekari gisa PCUSren XX. Kongresuan hasitako Jrushchoven desestalinizazioa eta 1956ko Hungariaren inbasioa ezartzen dira. Esaten da honelako gertakariek banaketa bat eragin zutela PCUSren eta mendebaldeko Europako alderdien artean, eta eztabaidaren erdigunea Gerra Hotzaren baitako posizionamendua zela. Posizionamendu horiek garapen konplexua izan zuen; XX. Kongresua amaitu berri zela, adibidez, Thorez (PCF) Stalinen figura defendatu zuen sektorekoa izan zen, baina 70eko hamarkadan, aldiz, honakoak ziren Carrilloren (PCE) adierazpenak: «Ez nago NATOren alde Varsoviako Itunaren alde nagoena baino gehiago». Hala ere, posizionamendu hauetatik haratago alderdiek beren herrialdeetan hartu zituzten posizio politikoetan zentratuko gara, 70eko hamarkadako tesietara –Ongizate Estaturen paktua gertatu zen tartea– nola iritsi ziren aztertzeko.
Ziurrenik alderdi eurokomunisten artean PCIrena da kasu aztertuena. 1943-tik 1945-era Italian bizitakoa «gerra zibil» gisa definitu izan da. Egoera hartan nolabaiteko egonkortasun paktu bat bilatu zen, 1946an errepublikan eta konstituzio berrian egikaritu zena. Faktore askok eragiten zuen gerraosteko paktu horren desoreka: AEBren esku hartzea (CIA bidez, adibidez), Vaticanoaren eragina, altzairuzko harresiaren gertutasuna… Baina, hala ere, Italia berria bi indar handiren arteko orekan geratu zen: alderdi demokrata kristaua (DC) batetik eta PCI bestetik. Salernoko bira (Svolta di Salerno) deiturikoan, garai haietan PCIren buru zen Togliatti alderdiaren erantzukizun historiko batetik abiatu zen Italian iraultzari uko egin eta erreforma demokratikoen beharren alde egiteko. Ildo horretan, milizia partisanoak armagabetu eta gobernuan sartu zen DCrekin batera justizia ministro gisa.
Togliattiren figura militantea gerora Carrillo bezalako eurokomunistenaren gainetik egon arren, berak ezarri zituen bira politikoaren lehen oinarriak. Urte haietan, Labriola eta Gramsci izan ziren alderdiaren erreferente (edo Gramsciren irakurketa jakin bat behintzat), nahiz eta azken hori gehiago apologizatzen zuten politikoki sinbolikoki baino. Togliattik gerratik (gerra zibiletik eta mundialetik) erdibitua atera zen Italia baten aurrean «erantzukizunaren» eta «egonkortasunaren» alde jokatu zuen. Hori 1948an nabarmendu daiteke, alde batetik haren aurkako atentatu baten ondoren gertatu zen greban bakea mantentzeko dei egin zuenean, eta, bestetik, PCI alderdi sozialistarekin batera aurkeztu zenean hauteskundeetara fronte demokratiko izenarekin. Azken joera horren aurrekaria faxismoaren aurrean III. Internazionalak (Komintern) markatutako Fronte Popularren estrategian datza. I. Mundu Gerrak II. Internazionala agortu eta zatitu zuela ikusirik, SESBek Komintern sortu zuenean bere kideei diziplina handia eskatu zien potentzia kapitalistetako alderdiei posizio komun bat markatzeko. Bigarren gerran zehar, beraz, alderdi horiek guztiak (tartean PCI) alderdi sozialista eta demokrata ezberdinekin batu ziren faxismoari aurre egiteko. Horrek minimo demokratikoen programa bat onartzeaz gain, fronteen kide ziren alderdi komunisten konposizioa bera aldatzea ere eragin zuen, zeinak klase ertainetako ildoak txertatzea erraztu baitzuen.
Kasu italiarrak 70eko hamarkadara bitarte izandako bilakaera xehetasunez garatzea oso luzea litzake, baina laburbilduz, gerra amaitu ondorengo urteetako egoera ahulean (iraultza eta erreformaren artekoa, nolabait esateko) PCI ordena burges-demokratikoaren alde jarri zela frogatu badugu, ondorengo bi hamarkadetan ildo bera jarraitu zuela esan dezakegu. Horrela, Togliattiren (PCI) eta De Gasperiren (DC) arteko akordio historikoa Berlinguerren (PCI) eta Aldo Mororem (DC) artean errepikatu zen, eta Italia berriaren oinarri bihurtu zen. Dena den, oreka hori tentuz aztertu beharra dago, erregimen berriaren oinarriak egonkortu bazituen ere, hamarkada oso ezegonkorra izan baitzen Italian (berunaren urteak izan ziren han; Aldo Moro bera brigada gorriek bahitu eta erail zuten).
Bibliografia gutxiago dago eta ezin gara asko luzatu, baina gertuagokoa izanik, Frantziako PCFren kasuari ere heldu behar diogu, gainetik bada ere. Okupazio naziak erabat aldatu zuen III. errepublikako paradigma. 1920an 50.000 afiliatu soilik zituen PCF 300.000 afiliatu baino gehiagorekin atera zen gerratik, erresistentzian izan zuen protagonismoari esker. Italian PCIk bezala, PCFk sekulako indarra zuen Frantzian, baina IV. errepublikaren sorreran egonkortzaile papera hartu zuen. Alderdi barruko sektore batzuek, gerra amaitzean, AEBren txotxongilo zen gobernuaren aurka armak hartu nahi bazituzten ere, PCUSren aginduz alderdiak atzera bota zuen asmo hori. PCIk egin bezala, gerra aurreko fronte popularraren politika berreskuratu zuten eta De Gaulleren gobernuan sartu ziren. Italian bezala ere, 1947an gobernua utzi behar izan zuten komunistek, herrialdeak AEBren laguntzak jaso zitzan. Ikus dezakegun bezala antza handia dute bi kasuek.
PCFk PCUSrekiko lotura estuagoa izan zuen PCIk baino (Thorez sektore gogorrenarekin tinko agertu zen bai PCUSren XX. Kongresuan, bai Hungariaren inbasioan ere, adibidez), baina gerra ondorengo erregimenen eraikuntzan antzeko integrazioa onartu zuen. Denbora igaro ahala, nazioarteko arloan ere PCIren posizioekiko bat egin zuen 70eko hamarkadan, gainerako alderdi eurokomunistekin bat egiteraino. Hemen ere ezin dugu PCFren garapena xehetasun osoz azaldu, baina Italiako kasuan bezala, gerraosteko erabakiak posizio taktiko bat baino gehiago posizionamendu egonkor bat izan ziren. Hori erakusten du adibidez hurrengo hamarkadetan Frantziaren abentura inperialistetan (Indotxina eta Arjeria) alderdiak erakutsi zuen jarrera pasiboak.
Amaitzeko, desbideraketa politiko horien heldutasuna (70eko hamarkadako formalizazio eurokomunista baino lehen) beren disidentzian ikus dezakegu argien. Norabide politikoan egin zuten lehen oposizioa postura prosobietikoetatik egin zen, PCUS zaharraren marxismo-leninismo deiturikoaren alde (Thorez bera, adibidez). Horren adierazpen berantiarrena –hemen egin dugun kontakizunarekiko– Hoxharen Eurokomunismoa Antikomunismoa da (Eurocommunism is anti-communism) liburua litzateke, edo PCPE bezalako alderdi disidenteak. Hala ere, zalantzarik gabe PCIk eta PCFk 60eko hamarkadaren amaieran ikusi zuten beren ezkerreko disidentzia handienaren jaiotza. Lehena Italiako 67 urtea izan zen, eta ondoren 68 frantsesa. Unibertsitatean jaiotako sektore horiek orokorrean alderdietako politika moderatuak kritikatu zituzten. Gerra Hotzeko posizionamenduetan, eurokomunismo anbiguoaren eta SESBren defentsa sutsuaren artean, beste posizio batzuk ere jaio ziren, SESBrengandik urrundu berri zen Txinaren aldeko maoismoa adibidez, edo baita trotskismoa ere. Hala ere, alderdiekiko oposizio hori askoz ere gehiago garatu zen, PCF inguruko posizio intelektualetatik (J. P. Sartre) hasi, eta PCItik kanpo antolatutako mugimenduetaraino (brigada gorriak edota beranduago autonomia operarioa).
ONDORIOAK
Kontakizun honen helburua (analisi historiko ororena bezala) ez da une batean edo bestean hartu ziren erabakiak epaitzea. Gerra ondoren kapitalak metaketa ziklo berri bat abiarazi zuen, eta hori bermatzeko gerraosteko erregimen berriek (erregimen berri guztiek bezala) indar politiko ezberdinen arteko paktu bat behar izan zuten. Gerra Hotzak hil ala biziko kontu bilakatu zuen kontsentsu behar hori; aipatu ditugun gertakariez gain, Kubako misilen krisia, Txileko estatu kolpea eta beste hamaika faktore hartu beharko lirateke kontuan zentzu horretan. Horregatik alderdi komunisten ibilbidea adibide soil gisa azaldu dugu, klase-estratu guztien indar politikoek izan baitzuten beren integrazio prozesua. Integratzen zailenak beraiek zirelako azaldu dugu alderdi hauen kasua. 70eko hamarkadako eurokomunismoa ibilbide horren helmuga litzateke, beraz: erreformismoaren fruitua, eta ez jatorria.
Gerra ondoren kapitalak metaketa ziklo berri bat abiarazi zuen, eta hori bermatzeko gerraosteko erregimen berriek (erregimen berri guztiek bezala) indar politiko ezberdinen arteko paktu bat behar izan zuten. Gerra Hotzak hil ala biziko kontu bilakatu zuen kontsentsu behar hori. Horregatik alderdi komunisten ibilbidea adibide soil gisa azaldu dugu, klase-estratu guztien indar politikoek izan baitzuten beren integrazio prozesua. Integratze zailenak beraiek zirelako azaldu dugu alderdi hauen kasua. 70eko hamarkadako eurokomunismoa ibilbide horren helmuga litzake, beraz: erreformismoaren fruitua, eta ez jatorria
Ongizate Estatua kontsentsu honen zutabe gisa aztertu behar dugu. 1945-1971 tartea (kapitalismoaren urrezko urteak deitua) gorago azaldu dugun ezohiko hazkundearen produktua (gainbalioa) birbanatzean oinarritutako kontsentsuarena da herrialde hauetan. Hain zuzen ere, 60eko hamarkadako irabazi-tasaren jaitsiera 70eko hamarkadako hasieran adieraziko da petrolioaren krisiarekin, eta kontsentsu keynesiano honekin amaituko da.
BIBLIOGRAFIA
ALDCROFT, DEREK H. (2013). La economía europea 1914-2012. Crítica.
ANDERSON, PERRY (1976). Consideraciones sobre el marxismo occidental. Siglo veintiuno.
BIANCO, GINO (1977). Social democracia y eurocomunismo. Nueva Sociedad (35 zbk.)
DONOFRIO, ANDREA (2018). Érase una vez el eurocomunismo. Las razones de un fracaso. Tecnos.
HOBSBAWM, ERIC (1973). Revolucionarios. Crítica.
MARTELLI, ROGER (2016). El PCF en 1956: el miedo al vacío. Nuestra Historia (2).
RUBIO, M. JOSEFA (1989). La formación del estado social. Colección tesis doctorales.
HEMEN ARGITARATUA