Izate sozialak eratzen du kontzientzia. Hori hala zen aldagai etniko-geografikoek kulturartekotasun sendoa ezartzen zutenean ere, distantzia ekonomikoak espazialagoak zirenean, sozialak bainoago, eta baita gaur ere, bestelako zentzu batean: ekonomiaren sozializazio globala dela-eta aldagai etniko-geografiko horiek lausotuz doazenean, klasearen arabera sortzen ditu izate sozialak kultur egiturak, klaseen arteko ezberdintasun ekonomikoengandik eratorritako bizimoduen eta kontsumo-mailen ezberdintasunaren arabera. Modu horretan egitura ekonomiko sozialek edo, nahiago bada, ekoizpen- eta kontsumo-harremanek kulturaren ardatza mugiarazi dute. Horrek ez du esan nahi aldagai etnikoak guztiz galduko direnik, baina bai beraien izaera dominantea galdu dutela dagoeneko egunerokotasuneko ulermen- eta jokabide-patroi gisa, eta kapitalismoak markaturiko kultur egiturek hartu dutela haien lekua. Klaseen araberako bizimoduak banatuta, homogeneizazio etniko-kultural bat ari da gertatzen –bai etnia dominante zein azpiratuei dagokienez, gure borondatea gorabehera– bai ekonomikoki eta baita, ondorioz, kulturalki ere. Ziurrenik, hizkuntz ezberdintzea eta beste hainbat partikularitate mantenduko dira lokalki, kirol motak, dantzak eta antzekoak kasu –kapitalaren formapean bizirauteko eta merkantilizatuak izateko aukera dutenak, bereziki–, baina norbanakoen egunerokotasunean periferikoak dira horiek.
Gizataldeon dimentsio kulturala, zehazki esateko, egunerokotasuneko ulermen- eta jokabide-markoen egitura sinbolikoa da. Baina kultur blokeak –demagun kultura proletarioa, klase ertainetako kultura eta eliteko kultura burgesa bereizten ditugula– batasun ber batek arautzen ditu barne-lotura gisa, oinarrizko mundu-ikuskera, gizartearen ulermen eta jokabide-etika batek: kosmobisio kapitalistak. Ekoizpen-harreman kapitalistetatik eratorritako mundu-kontzepzioari deitzen diogu kosmobisio kapitalista –edo kosmobisio burgesa–, gizarte burges aurreratuko hiru kultur bloke nagusiak integratzen dituen oinarri ontologiko eta historikoari. Besteak beste, kosmobisio kapitalista kontzientzia historiko burgesaren dimentsio psikologikoa da: nola norbanakoek inmediatoki mundu osoa optika burgesaren eta oinarrizko ulermen kategoria burgesen arabera ikusi, ulertu eta bertan parte hartzen duten.
Hiru kultur bloke nagusi, beraz, eta hiruretan, komunismo iraultzailearen porrotaren aztarna gisa, kosmobisio kapitalistaren hegemonia. Horrela, kultur bloke garaikideen gaineko kontrola dauka burgesiaren alderdi historikoak, eta hori gehiago da kosmobisio kapitalistaren gailentzearen ondorio, kausa baino. Klase-kultura guztiak –proletarioa, klase ertainena eta eliteena– kapitalismoaren programa historikoan integratzen ditu, bakoitza bere erara, kosmobisio kapitalistaren hegemonia kulturalak. Kultur bloke proletarioari dagokion adibide bat jartzearren, kosmobisio kapitalistaren gailentzeak masa proletarioek politika modu arrotzean ulertzea ekarri du eta, ondorioz, ez praktikatzea edo militantzia iraultzaileari uko egitea. Auzo pobreetan, politika besteek egiten duten zirku bezala ulertzen da, ez zaio inolako erabilgarritasunik aitortzen. Aldiz, esaterako 1850eko hamarkadan, kosmobisio iraultzaileak Europa mailako kultura proletarioa hegemonizatu berri zuenean, langileek politika zerbait propio moduan ikusten zuen –klase ertainek eta burgesiak politika arrisku bezala ikusten zuten hein berean–. Horrela altxatu ziren alderdi proletario handiak XIX. mendeko bigarren zatian, alderdi iraultzaileak, kosmobisio komunista borborka zegoenean eta masa proletarioen kultura eratzeko gaitasuna zuenean, kosmobisio kapitalistak baino indar handiagoz. Gaur egungo egoera oso bestelakoa da; ez kosmobisio komunista historikoki faltsua delako, ezpada, prozesu dialektiko gisa, borroka iraultzailearen ziklo historiko baten agortzean gaudelako edo, bestela esanda, ziklo luze berri baten hastapenetan mundu-mailan.
Argudiaketa horrek ondorio politikoak ditu: gaurko proiektu komunistaren eginbeharra klase-borroka kulturalaren bitartez kosmobisio kapitalistari gailentzea da, klaseen araberako kultur blokeen oinarri klasista ulertuz, agerian utziz eta kultura kosifikatu eta arrotzaren jatorri burgesa suntsituz. Posizio obreristek eta esentzialistek –klase ertainen eta, bereziki, langile aristokraziaren programa politikoaren isla kulturala diren heinean– langile produktiboari eta bere horretan bizi duen kultura alienatuari de facto izaera iraultzailea ematen diote. Isla kontzeptual horiek kosmobisio burgesaren garaipenaren kontzeptu nahasien ondorio dira. Izan ere, ez baita soilik klase ertainaren kultur blokean ez dagoela potentzialtasun iraultzailerik; izatez, ez dago proletalgoaren kultur blokean ere: langabeen, gazteen, emakume prekarizatuen edo etorkinen kultur bloke alienatuan, kosmobisio burgesaren gailentzetik jaiotako kultura proletario pasibo garaikidean, masa kultura proletarioan. Ez dugu, beraz, kultura proletario hegemonikoan potentzialtasun iraultzailerik aurkituko, kultura hori hankaz gora jartzea lortzen ez badugu bederen, inpotentzia guztiak potentzia iraultzaile bihurtzen ez baditugu, ideia faltsuak borrokatuz eta kosmobisio komunista berriro gailenaraziz.
Ez dugu, beraz, kultura proletario hegemonikoan potentzialtasun iraultzailerik aurkituko, kultura hori hankaz gora jartzea lortzen ez badugu bederen
Beraz, uler bedi klase borroka kulturalaren berpizkunderako gure analisiaren oinarria –zeina era zuzenean eta zehazki koka baitaiteke Gramsciren kultur borrokaren ubera iraultzailean–: hiru kultur bloke nagusi bereizten ditugu eta hirurak ageri zaizkigu kosmobisio kapitalistak inposatutako mundu-ulerkera kosifikatuak hegemonizatuta, baita masa kultura proletario internazionala ere. Merkatuaren eta merkantzia-mugimenduaren esferara mugatzen da haien jokabidea eta neutralizatuta eta normalizatuta dituzte kapital-ekoizpenaren, estatu burgesaren eta dominazioaren forma objektiboak. Modu horretan pentsaezina da posizio iraultzailearen ez soilik berrantolaketa, baita ulermena bera ere. Finean, elite burgesaren ikuspegi eta jokamoldeak soilik ez, ezta klase ertainenak soilik ere, proletalgoaren beraren ikuspegi eta jokamoldeak, egunerokotasunean, ezintasuna du ordena sozial burgesetik kanpo pentsatu eta ekinbide politiko-militantea proiektatzeko eta praktikatzeko. Horixe dago langileon zapalkuntza kulturalaren oinarrian: alderdi historiko burgesaren hegemonia, kosmobisio kapitalistaren hegemonia eta, aurreko klase-borrokaren zikloko porrot historikoarekin batera, kosmobisio komunistaren ezabapena. Kosmobisio kapitalistak masa kultura proletarioan ezarri dituen lege zurrunak, gainera, askotariko kontzientzia-forma erreakzionarioak hauspotu ditu: indibidualismoa, apolitizismoa, matxismoa, xenofobia, aspirazionismoa eta beste. Horrela, finean, proletalgoa komunitate iraultzaile izatetik klase ertainen kopia degradatu izatera pasatu da: guztiak-guztien-aurkako guda, baina pobrezia latzak sortzen dituen kalte izugarriekin. Kosmobisio komunistaren oinarri historikotik kanpo, izan ere, basakeria eta izua baino ez baita geratzen langileontzat.
Horixe dago langileon zapalkuntza kulturalaren oinarrian: alderdi historiko burgesaren hegemonia, kosmobisio kapitalistaren hegemonia eta, aurreko klase-borrokaren zikloko porrot historikoarekin batera, kosmobisio komunistaren ezabapena
Kontua ez da, beraz, langile-izaera alienatua bere horretan aldarrikatzea, ezta kultura proletario espontaneoa sustatzea ere, ezpada langileon kondizio inmediatoa –kosmobisio burgesak hegemonizatua dena– gainditzea klase-independentzia eraikiz eta kontzientzia historikoa prozesu gisa berrantolatuz; kosmobisio komunistaren hegemonizazioan oinarritutako kultura proletario kontziente berri bat osatuz eta hedatuz, alderdi komunistaren egitura sendo eta osatu gisa; finean, kosmobisio komunista berraktibatuz eta bere horretan sakonduz, gizarte osoak bere burua fase historiko berri batera kontzienteki gidatzeko aukera berpiztearekin batera. Posizio komunistaren eginbeharra, gaur atzo bezala, gizarte kapitalista bere osotasunean borrokatzea da, kosmobisio kapitalista gaindituko duen subjektu politiko iraultzailea eratzea: alderdi komunista eraikitzea eskala internazionalean, zeinak bere barruan modu kontzientean sustatuko baititu aldagai etnikoen eta hizkuntza ezberdinen balore unibertsala eta haiekiko begirunea.
Kosmobisio komunistaz hitz egiten dugu, beraz. Hori da langile-mugimendu iraultzaileak bere mendeetako historian zehar eratu duen mundu-ikuskera erradikalki alternatiboa; marxismoaren une teorikoa bere oinarrian duena, kapitalismoaren kontrakotasun erradikal, dinamiko eta historiko gisa; klase-borroka internazionalaren azken ziklo historikoko porrota dela-eta, soilik partzialki garatua gelditu zena, iraultza politiko sozialistek ez baitzuten iraultza sozial-ekonomikoa gauzatzea lortu. Marxismoak –ekonomia politikoaren kritikak–, aurreko zikloan bezala, oinarri zehatza ematen digu komunistoi klase-borroka iraultzailearen ziklo berrian ere mugimendu historikoa ulertzeko eta, beraz, klase-borrokaren bidez eraldatu beharrekoa ezagutzeko. Marxismoa eraldaketarako gida zientifikoa da, etengabe berrikusi eta autokritikaz elikatu beharrekoa, eta une teoriko gisa funtsezko garrantzia dauka kosmobisio komunistaren eraikuntzan eta bere konkrezioa den borroka kulturalean. Hori hala izanik ere, ezin daiteke marxismoa bera, batzuek egin izan duten moduan, kosmobisio komunista osatu gisa ulertu; kosmobisio osatu bat soilik iraultza sozial eta ekonomikoaren garapen integralean eratuko da. Hortik dator, hain justu, kosmobisio iraultzailearen ahultasuna: XX. mendeko bigarren zatian izan dugun porrot politiko eta kulturalaren ezaugarrietako bat izan da kapitalismoaren garaipen kosmobisionala. Belaunaldi berriei dagokigu, hala, marxismoa berrartzea, gaurkotzea eta klase-borroka integralaren bidez kosmobisio komunistaren berreraikuntza- eta hegemonizazio-prozesua elikatzea.Presta ditzagun, beraz, gure egitura politikoak borroka kulturalerako, edozein borroka partzialetan kosmobisio komunistaren gudu-zelai bat ikus dezagun. Hori da klase-borroka kulturala: klase-gizarteari lotutako kultur blokeen espontaneotasunetik harago, osotasun bati beste osotasun batekin aurre egitea borroka taktika bakoitzean, iraungitako klase-dominazioaren kosmobisio historikoari askatasun unibertsalaren kosmobisio berriarekin aurre egitea, gizarte kapitalista dekadenteari gizarte sozialistaren eraikuntzarekin.
Presta ditzagun gure egitura politikoak borroka kulturalerako, edozein borroka partzialetan kosmobisio komunistaren gudu-zelai bat ikus dezagun
HEMEN ARGITARATUA