ARGAZKIA / Adam Kozinski
2023/09/01

Ekainaren 10ean aurkeztu zuten Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, hurrengo programarekin: 1) Alokairuen, hipoteken eta zorraren abolizioa; 2) Espekulazioaren eta errentismoaren amaiera; 3) Miseriazko etxebizitza sozialari ez; 4) Putre funtsen eta bankuen espropiazioa; 5) Hirigintza kapitalistaren eta espazioaren bereizketa klasistaren aurka; 6) Etxegabetze guztien etetea; 7) Filtro arrazista, burokratiko eta ekonomikoen ezabapena; 8) Etxebizitza segurua; erasotzaile, etxejabe eta poliziarik gabea; 9) Etxebizitzaren kalitate galerari eta infraetxebizitzari ez; 10) Horniduren mozketen amaiera; 11) Garapen pertsonal askerako etxebizitza sistema baten alde; 12) Etxejabeen inpunitatearen aurka; 13) Etxebizitza hutsak okupatzeko eskubidea; 14) Etxebizitzaren aldeko borrokaren kontrako errepresioari ez.

Programan, etxebizitzaren auziari dagozkion printzipio komunistak eta eginbeharrak jasotzen dira. Programa oro bezala, printzipio ideologikoak eta helburuak argitzeko praktika bat da, problematika nagusienak jasotzen dituena teoria komunistaren itzulpen politikoaren forman. Programan –eta programetan– ez da jasotzen, bada, praktika iraultzailearen gorabehera zertan datzan, hau da, zeintzuk diren programa hori egikaritzeko beharrezkoak diren bitarteko taktikoak eta baldintza politikoak. Alajaina! Halakorik jasotzen duen programarik ez da inon ezagutzen, bere helburua ez baita, inondik inora ere, komunismoaren antolakuntza-hedapena nola gauzatzen den azaltzea, printzipio politikoak argitzea eta horien bidez proletalgoaren batasun ideologikoa erdiestea baizik, zeina funtsezkoa baita batasun politikoa, hots, subjektu izaera konkistatzeko, eta klase-antolakuntza zentralizatua posible egiteko.

Programan, etxebizitzaren auziari dagozkion printzipio komunistak eta eginbeharrak jasotzen dira. Programa oro bezala, printzipio ideologikoak eta helburuak argitzeko praktika bat da, problematika nagusienak jasotzen dituena teoria komunistaren itzulpen politikoaren forman

Erreakzioak, ordea, ez ziren gutxi izan, bereziki programa baten forma eta edukia zertan datzan ezagutzen ez duten horien partetik –eta ezagutza falta, ikusiko dugun bezala, ez da kontingentea, estrategia politiko jakin baten gaitz endemikoa baizik–. Bereziki aipagarria da sektore komunista jakin batzuetatik egin zen balorazioa. Aipagarria, ez berria delako, baizik eta teoria, dogmaren forman, buruz ikasitako errezeta bat bailitzan aplikatu ziotelako, berriz ere, komunismoaren programaren hezurmamitze sozialari, alegia, bere itzulpen taktiko-politikoari, kasu honetan etxebizitzaren auzian.

Aipatutako balorazioek, baina, komunismoaren aldeko borrokari ez diote espaziorik txikiena ere aitortzen. Komuniston eginkizuna ez baita, antza, errealitate sozialean aritzea, bere inguruan, edo hobeki esanda, berau ustez sintetizatzen duen teoriaren inguruan, zirkuluetan mugitzea baizik. Azken finean, komunismoa ezinezko bilakatzen dute de facto, ez baita berarentzat aukerarik, teorikoki ebatzi ezean. 

Baina ebazpen teorikoa, praktika komunistaren unea ez bada, zer da, praktika komunista ezinezko egiteko bitartekoa baino? Edo bestela esanda: ebazpen teorikoak praktikari aurre hartzen baldin badio modu absolutuan, noraino eta teoriaren ebazpenak berak praktikaren aukera ezabatzeraino –teoria guztiz osatua egon artean, behintzat; ezinezkoa dena, betiere teoria praktikaren momentua baldin bada, eta ez hari kontrajartzen zaion objektua–, zein da, orduan, teoria eta praktikaren arteko harremana? Nolatan existitu daiteke praktikari uko egiten dion teoria bat, teoriaren ezaugarri nagusia baldin bada praktikaren sintesia izatea?

Ebazpen teorikoak praktikari aurre hartzen baldin badio modu absolutuan, noraino eta teoriaren ebazpenak berak praktikaren aukera ezabatzeraino, zein da, orduan, teoria eta praktikaren arteko harremana? Nolatan existitu daiteke praktikari uko egiten dion teoria bat, teoriaren ezaugarri nagusia baldin bada praktikaren sintesia izatea?

Ezbairik gabe, gauza desberdina da teoria bat ebaztea edo teoria baten inguruan bueltaka ibiltzea. Azkeneko horrek, teoria iraultzailearekin baino, lotura handiagoa du teorizismo burgesarekin; hau da, teoriaren inguruko eztabaidek errealitatearen eta gure praktika sozialaren inguruko eztabaidak ordezkatzen dituzte, teoriaren beharra jakintza-gogo hutsal bilakatuz, eta bere inguruko eztabaidak teorikoen arteko eztabaida sasi-zientifikoen forman gauzatuz, militante politikoen arteko eztabaidak izan beharrean.

Gauzak horrela, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak aurkeztutako programari bi motatako kritikak egin zizkioten: lehena, forman oinarritutako kritika; bigarrena, berriz, edukiari kritika. Biak ala biak, baina, kontzepzio edo eduki berdina dute oinarri, hau da, komunismoaren ikuspegi zehatza eskaintzen dute, zeina, ezbairik gabe, Mugimendu Sozialistaren ikuspegiarekiko kontrajarria den, kritikoek berauek aipatzen duten moduan.

Formari lotutako kritikak programak programaren forma hartzen duela dio, hots, errezeta-multzo batena, eta horregatik dela erreformista. Ikuspegi hori, ordea, praktika politikoaren ukazioan datza. Izan ere, estrategia bat taktika-programen arabera garatzen da, eta hori zenbait puntutan jaso behar da ezinbestean. Puntu horiek, baina, ez dira erreformak, estrategia argitzera bidean ezartzen diren aldarri eta neurri politikoak baizik, lehenik; eta ondoren, eta soilik indar metaketarako baliabide izan direnean, bilakatzen dira neurri egingarri, ziur asko beste ikuspegi garatuago batekin eta beste logika baten arabera berrantolatuta.

Azken batean, taktika-programa komunistak proletalgo iraultzailearen berrosatzea ahalbidetu behar du, eta bere puntuek kontzientzia hori posible egin behar duen taktika kulturalaren bitarteko ideologikoak izan behar dute, estrategia komunistari hezurmamitze soziala eskaintzen diotenak, eta taktika-programa argitzen.

Azken batean, taktika-programa komunistak proletalgo iraultzailearen berrosatzea ahalbidetu behar du, eta bere puntuek kontzientzia hori posible egin behar duen taktika kulturalaren bitarteko ideologikoak izan behar dute, estrategia komunistari hezurmamitze soziala eskaintzen diotenak, eta taktika-programa argitzen

Edukian zentratutako kritikek, bestalde, programa ezinezkotzat jotzen dute. Izan ere, antza, bere edukia ezin da garatu eta zentzugabea da, Alderdi Komunistarik ez badago. Horrek, baina, oinarrizko kontrakotasun bat uzten du agerian. Izan ere, Alderdi Komunistaren gabeziak taktika komunistarako aukerak ixten baldin baditu, Alderdi Komunista ez da inoiz izango proletalgo iraultzailearen antolakuntza maila garatu bat, bere aurretik, eta gainetik, ezartzen den egitura burokratiko-bertikala baizik: alderdi hori da praktikaren hasiera, eta ez praktika komunistaren beraren antolakuntza forma historikoa. 

Alderdi Komunistaren ulerkera hori muturreraino eramanez gero, Alderdia jakintsuen, hau da, dogma bilakatutako teoriaren –eta hargatik, aipatu bezala, ez errealitatearen– ezagutza gorena eskuratu dutenen antolakuntza espazio bilakatzen da, zeinaren eginbeharra langileengan kontzientzia kanpotik txertatzea baita. Izan ere, kontzientzia ezin da praktikaren fruitua izan, bere abiapuntua baizik, eta praktikarekin inongo erlaziorik ez duen teoriaren ezagutza maila gorena dakar. Alegia, ikuspegi horren arabera, Alderdi Komunista teoria “osatu” –esan dezagun, dogma bilakatutako teoria– baten ezagutza maila gorenaren emaitza da, ezagutza maila gorena, kontzeptu gisa, posible bada ere soilik praktika sozialaren garapen maila batekin erlazioan, eta ez modu absolutuan, ezeren abiapuntu gisa.

Mugimendu Sozialistaren ikuspegia, ordea, bestelakoa da: Alderdi Komunista programa eta praktika/antolakuntza komunistaren emaitza da, behin eginbeharrak argitu direnean eta ofentsibarako bitartekoak eskuratu. Hau da, Alderdi Komunista proletalgo iraultzailearen subjektu-bilakatze prozesuaren forma historikoa da, praktika komunistari lotutako eginbehar programatikoen garapen organizatiboa, alegia.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren programaren helburu nagusia proletalgo iraultzailea subjektu gisa berrosatzea da. Programa hori ez dago burgesiari eta bere instituzioei bideratuta, proletalgoari baizik. Eta burgesia eta haren instituzioak interpelatzen ditu horrela osatzen delako proletalgoa subjektu iraultzaile gisa bere etsaiaren aurkako borrokan. Programak etsai hori definitzen eta hezur-haragizko egiten laguntzen du.

Azken batean, etxebizitzaren auzian ere posible da, eta ezinbestekoa, programa komunistak bere hedapenerako bitartekoak eraikitzea. Horri uko egitea, komunismoari uko egitea da.

EZ DAGO IRUZKINIK