Ez dugu ezkutatuko: poztasunez betetzen gaitu GEDAR LANGILE KAZETAren ibilbide publikoa hasi eta hamar hilabetera ukigarriak diren orri hauek eskuetan eduki ahal izateak. Baita hitzon atzean zu zaudela sentitzea ere. Denbora bizi joan da gurean, eta horrek ez du etenik. Gauza handiak ditugu esku artean.
Lehenengo ale honetan datozen hilabeteetan helduko denaren aurrerapena aurkituko duzue. ARTEKA hilabetekari berezia bihurtzea dugu xede, gero eta mamitsuagoa eta eduki berritzailea gero eta gehiago jasoko duena. Une honetan, ordea, hauxe da dastatzeko duguna. Hilero gai batek hartuko du zentralitatea, eta berorri helduko diogu formatu desberdinetan: erreportajeak, kronikak, elkarrizketak edota kolaborazioak. Horrekin batera webgunean argitaratutako ikuspuntuak eta koiuntura politikoaren analisiak jasoko ditugu, hilabetekari bakoitzaren gaiari sarrera egingo dion Editorialarekin batera. GEDAR eta Mugimendu Sozialista bere uneko zirkulutik harago bultzatzeko jaio da ARTEKA; baina ziur datozen hilabeteetan hori eta gehiago ere badela baieztatzeko egoeran aurkituko garela.
Edukia lantzeko formatu desberdinek ezinbestean edukiari ertz eta ikuspuntu desberdinetatik heltzea ekarriko dute. ARTEKAk emango du sintesi politikorako aukera, jakina, baina baita helmuga horretara heltzeko beharrezkoak diren kontraesanen garapena eskaini ere. Izan ere, ez dugu ulertzen Mugimendu Sozialistaren balizko garapenik, ez bada masa mugimendu sozialistaren lehen kimu den langile mugimenduaren gaitasunen antolakuntza gorakorrik gabe. Hari eman diogu hitza GEDAR LANGILE KAZETAn, eta haren hitza indartu nahi dugu ARTEKA hilabetekariaren bitartez: ez langile mugimendua zein langile klasea zapaltzaileen aurreko inpotentzian betikotzeko edo akaso borroka amaigabe batetara kondenatzeko; ezta ezeztatu nahi dugun klase soziala goratzeko ere, berauek, langile klasea eta bere mugimendua, azken limiteraino eramateko baizik, bere kontraesanen aurrean jartzeko eta ebazpen iraultzaile bidez Mugimendu Sozialistaren garapen kualitatiboa bermatzeko; proletalgoaren defentsara helburu duen mugimendu ekonomiko partziala osotasunari heltzen dion mugimendu politiko bilakatzeko. Zentzu horretan, ARTEKAk tresna bat gehiago izan nahi du Mugimendu Sozialistaren jardunean.
Jomuga horretara bidean hartzen dute zentzua, bada, edukia lantzeko formatu desberdinek, zeinak edukiaren nolakotasun anitzaren adierazpenak baino ez diren. Alde batetik, protagonisten bizipenak ezagutu nahi ditugu, gai desberdinen inguruan. Horretarako baliatuko ditugu elkarrizketak edota erreportajeak. Azken horiek, gainera, kazetaritza lanaren esparruan murgiltzera eramango gaituzte, ikerketarenean, gaiaren inguruko datu bilketa baliatuta. Horien bitartez Mugimendu Sozialistaren praktika politikoaren oinarri den errealitate sozialaren kontraesanak azaleratzea bilatuko dugu, proletalgoaren bizitzaren gordintasuna lehen lerrora ekarriz. Bestetik, ordea, edukiaren inguruko irakurketa zabalagoak eskaintzeko aukera izango dugu gaiaren inguruan arituko diren kolaboratzaileen ekarpenaren bitartez. Ez da makala erronka, helburua errealitate berehalakoena testuinguruan jartzea baita; hau da, proletalgoaren miseria klase menderakuntza estrategikoarekin harremanetan jartzea.
Azkenik, eduki horiei guztiei sarbidea eta zentzu estrategikoa emango dien Editoriala gehitu behar zaie, orain esku artean dugun hau bera.
Lehenengo ale honetan SOLDATA izan dugu hizpide. Gai zabala da, zeharkakoa. Hala ere, zenbait esparrutan zentratzea erabaki dugu. Alde batetik, egoera ekonomikoaren inguruko zertzelada orokorrak aztertu ditugu, Juanjo Basterrak egindako erreportajearen bidez. Bestetik, urte luzez hainbat etxetan barne-langile gisa aritutako Jessica Guzman eta Itaroa saltoki-guneko langile bat, Axier Nuñez, elkarrizketatu ditugu; bai haien lan baldintza ekonomikoen inguruan galdetzeko, nola haiekin harremanean agertzen diren aukera politikoak aztertzeko ere. Azkenik, Aitor Martinezek soldataren kontzeptuaren inguruan idatzitako artikuluan, soldataren funtzio politikoari heldu diogu argi ebazteko: soldata langile klasea menderatzeko tresna politikoa da, eta ez sinpleki eta soilik klase botere ekonomikoa azaltzen duen kategoria.
Erreportajean, galdera bat luzatzen du Juanjo Basterrak: soldata eta pentsio baxuak diru eskasiaren ondorio ote dira? Argi eta garbi ebazteko: ez, ez dira horren ondorio, dirua egon badago. Bada, ezinbestean, beste mekanismo baten logikak azaldu behar du langile klasearen egoera: ez ekoizteko gaitasun ezak, zeina, modu sinplean ebatzita, diru kantitatean adierazten den, ekoiztutako produktuaren balioa dirutan proiektatuz –betiere optika kapitalista sinplea onartuta: dirua merkantziaren lehenengo transformazio gisa eta, beraz, merkantzien forma duen aberastasunaren proiekzio ideal gisa-; diruaren –eta ekoizpenaren- kapital izaerak baizik. Soilik bide horretatik uler daiteke proletalgoaren gaineko sarraski etengabea, kapitalismoaren zabortegira ematen duen atzeko atetik ezinbesteko behar biologikoak asetzeko kontsumo-gaiak suntsitzen diren bitartean.
Horrek, ordea, ez du esan nahi proletalgoa sarraskitik kanpo bizi daitekeenik. Hori da bere existentzia modua. Ezin dugu esan, bada, proletalgoak modu orokorrean bere uneko behar sozialak asebeteta ez dituenik, ez baititu berak behar horiek zehazten, eta moldagarriak baitira balorizazio prozesuaren eskakizunen arabera. Izan ere bertan aurkitzen da arazoaren muina: proletalgoa gaitasun sozial eta politikorik gabeko klasea da, klase menderatzailearen bitartekoa, haren mesedera moldatua. Proletalgoa aurrerapen historiko orok ekar lezakeen onuratik kanpo geratzen den klasea da, historia etenda duen klasea.
Proletalgoaren miseria soilik modu erlatibo horretan definitu daiteke, eta ez pobrezia ekonomiko-sozialaren termino absolutuetan. Sarraskiak, ordea, bere oreka mugak gainditzen ditu erreprodukzio biologikorako baldintzak ere suntsitzen dituenean, hots, proletalgoaren biziraupena kolokan jartzen duenean. Gosea eta desoreka estrukturalak dira proletalgoaren haragitan, hala behar dute ekonomiaren jardun normalizatuaz hitz egin ahal izateko, horixe baita, hain zuzen ere, ekonomia kapitalista, klase zapalkuntzaren erreprodukzio jarraitua.
Inpotentzia horren inguruan ere mintzatu gara elkarrizketan eta bereziki horregatik jo dugu protagonista horiengana, gaitasun politiko oro ukatua zaielako, eta eskaintzen zaien bakarra amaierarik gabeko kondena delako. Akaso ogi apurrekin apainduta, are latzagoa egiten duena.
HEMEN ARGITARATUA