Asko esan da COVID-19ari buruz. Mugimendu sozialistatik ere bai. Ez dugu uste, hala ere, gaia agortuta dagoenik. Ezta dena esanda dagoenik ere. Zantzu guztien arabera, klaseen arteko borrokaren eremua mugatzen hasi besterik ez da egin, baita pandemiari dagokionez ere, eta ahalegin nekaezina, konstantzia eta lan ikaragarria beharko dira klase etsaiari aurre egiteko, antolatuta dagoen eremu orotan, nola behar sozialek eta borroka politikoak eskatzen duten tokian. Eremu bakarra ere zoriari utzi gabe, eta aldarrikapen humanista despolitizatzaile faltsuek edota arrazoimen sozial burgesaren politizatzaileak direnek engainatzen utzi gabe. Faltsukeriaren bagoira igo gabe eta atoitik tiratu gabe, zeinetara ahots «kritiko» horiek guztiak igo diren, burgesiaren usta eskuan dutela, bultzarazi egin nahi duten proletalgoaren gorputz biluziak markatzeko prest.
Egiaztatu eta frogatu da, berezkoa eta giza ekintzarekiko independentea den errealitate bat irudikatu nahi duen ilusio zientifikoaren atzean, badagoela eraikitako errealitate bat, eta haren atzean klase-politika bat ezkutatzen dela. «Langile klasearen» ordezkari instituzionalek atzerapauso bat egin dute estatura edo haren babesera bueltatu dira, eta hori, hein handi batean, errealitate independente horretan oinarrituta dago, zeinetara itxuraz ezin den heldu, eta zeinaren aurrean etsia hartu besterik ezin den egin. Horrelakoak izan dira osasun-krisia ofizialki hasi zenetik eman diren lehen urratsak, itun nazionalak aldarrikatuz, klaseen arteko ituna ezkutatzen duen eufemismoa, «baldintza sozialez ulertzen ez duen» pandemia kudeatzeko. Eta ulertu duenean –onartzea beste erremediorik izan ez dutelako, soilik analisirako eta haien interes politiko estuek azpiratuta izan arren, hau da, kapitalaren ordezkarien jarraibideekiko mendekotasuna ezkutatzeko–, estatistikak zioena berresteko eta ziurtatzeko baino ez da izan, berriz ere adiskidetze-politika justifikatzeko, hori bai, erradikalismo faltsuz josita, estatu-nomenklatura bestelako baten erreibindikazio-bandera altxatuz eta, ustez, behar handienak dituztenei laguntzea helburutzat hartuz.
Gai teknikoez harago (ez daitezela politika lausotzeko bitartekoa izan), pandemiak ezagunak diren interes zaharrak utzi ditu agerian, kapitalaren politika kudeatzailearen eragile ezberdinak, batasunaren aldeko eta pandemia interes politikoetarako erabiltzearen aurkako aldarrikapen faltsuekin, hori ezkutatzen saiatu diren arren. Ez al da, ordea, politikaren ukazio hori, politikatik kanpo ezer ez dagoela erakusten duen ebidentziarik argiena? Eta kudeaketa instituzional bateratuaren aldeko aldarrikapena, zeinaren azpian ezkutatzen den ukazio hori, ez al da subjektu burgesaren berreraketa-proiektua, hau da, haren kontraesanen azaleko ezeztapena oinarri duen berregituraketa positiboaren estrategia?
Ez da ezer aldatzen administrazio kapitalistaren fosil politiko ezberdinetan. Absurdoak eta anakronikoak diren subiranotasun eskarietatik hasita –subiranotasuna norentzat?–, zeinetan agerian geratzen diren politika burgesaren egia, haren abstrakzioa eta irrealtasuna, haren zentzugabekeria historikoa, subiranotasun horrek egoera indar are erreakzionarioagoak kudeatzea dakarrenean; estatalizazio handiagoaren aldeko eskaeretaraino, hau da, kapitalaren esku-hartze burokratiko handiagoa, bere egitura administratiboa eta botere politikoa baliatuta, publifikazio eraginkorra, erreprodukzio kapitalistaren adar zehatzen estatu-gestio burges gisara ulertuta, publifikazio politika beraren muga modura aurkezten den egoera batean. Muga hori barnekoa da, eta ez kanpokoa, administratzaile politikoena, sozialdemokraziak nahiko lukeen bezala. Sistema kapitalista osoaren erreprodukzio-baldintzek zehazten dute muga, eta haren hedadura gainbalioaren ekoizpenak ahalbidetzen duen punturaino iristen da. Kapitalaren eremu publikoaren eta pribatuaren arteko beharrezko proportzioa gainditzen bada, lehenengoaren mesedetan, bere erreprodukzioaren baldintzak ezabatzen dira –osotasun printzipioa–, horiek ekoizpen kapitalistaren eremu pribatuan aurkitzen baitira. Hori da erreformistek aurkaratzen duten muga gaindiezina, porrot ziur bati aurre egin behar dionaren konfiantzarekin. Horri irabazi kapitalistaren ekoizpen txikiagotua gehitzen badiogu, are gehiago sakontzen da sistemaren suntsipen espontaneoan eta kontrolik gabekoan, etorkizun sozialistara apur bat ere hurbiltzen ez gaituen suntsiketa. Kontrara, aparatu tekniko-erreproduktibo kapitalista osoaren suntsipenarekin batera, haren aukera-baldintzak ahultzen ditu.
«Zenbat eta okerrago orduan eta hobeto» printzipio ezaguna, baina forma askoz ere beldurgarriagoan: langileriaren pobrezia erlatibo eta absolutu jarraia sistema kapitalistaren sine qua non baldintza baldin bada, bere existentziaren baldintza normalizatua da, miseriarako joera horretan ez duena automatikoki inolako kontzientzia iraultzailerik sortzen, kapitalaren suntsiketak, edo burges klasearen «zenbat eta okerrago» horrek, aldiz, atzera bueltarik ez duen puntura darama, eta suntsitu egiten ditu proletalgoaren eta humanitatearen bizitza biologikoaren baldintzak eta joera horri aurre egiteko aukera guztiak. Diferentzia garrantzitsua da; izan ere, langile klasearen pobrezia funtzionamendu onaren seinale den bezala, bere heriotza, bere deuseztapena, sistema osoaren erorketaren frogarik gordinena da. Proletalgoaren eginbeharra da suntsipen hori saihestea, partzialki eta etengabe gertatzen dena, baina krisi ekonomikoaren garaian are gehiago larriagotzen dena, noraino eta martxa kapitalistaren prozesu kontraesankor gisa ia ez erreproduzitzeraino.
Ezker-sozialdemokraziaren plan historikoa, neurri batean onartua, neurri batean inkontzientea eta ezkutukoa, sistema kapitalista mugara eramatean datza, hura gainditzeko planik eta estrategiarik izan gabe. Ekoizpen-baldintzen balorizazio eta kapitalizazioari eremua murrizteak baldintza horiek erabilezin bihurtzea eta erabat suntsitzea dakar, milioika giza bizitza suntsitzearekin batera. Hau da politika erreformista orok dakarren irtenbiderik gabeko amaiera. Lehenik eta behin, langile klasea corpus politiko propiorik gabeko klase ekonomiko huts gisa identifikatzean, politika oro erreforma helburu duen administrazio kapitalistara kondenatzen dutelako, etengabeko tira-bira batera, non azken garaipena irabazi kapitalistaren muga subjektibo eta moral gisa marrazten den. «Bizitzak kapitalaren aurretik» esaten diote, edo «erabilera-balioa, truke-balioaren gainetik», baina ez dute inola ere planteatzen, bi poloen arteko oreka berri bat beharrean, polo horien kontraesanaren funtsa den horren abolizioa. Bigarrenik, erreprodukzio kapitalistaren baldintza objektiboez inkontziente, irabazia mugatzea ez delako soilik burgesiaren aurkako helburu politiko gisa egiten, baizik eta, gainera, gizartea egituratzeko sasi-plan bati erantzuten dio, aipatutako oreka berria, ezinbestean emaitza berdinera eramaten duena.
Ohitura denez, burgesiaren fakzio ezberdinen ibilbide-orrietan ez dago inolako alderik; kontzeptu eta kategoria berdinak, lelo eta antzukeria zahar berdinak gertakizunen aurreko ezintasuna ezkutatzeko eta, ahal dela, ezintasunaren beraren azaleratzea atzeratzeko.
Fikzio-politikak, etorkizun zalantzagarri eta zehaztugabe batera jotzeak, administrazio kapitalistan, hitzontzikeriaz harago –eta hala ez balitz, erabateko zuhurtziagabekeria litzateke–, alternatiba izaten jarraitzen du kudeaketa-postuak betetzeko asmorik ez duenarentzat. Baliabide bat ere bada postu horiek bete arren betetzen ez dituztenaren plantak egiten dituztenentzat. Ez da kasualitatea estatu baten izenean hitz egiten dutenak nola estatu horren ustezko falta dela-eta hitz egiten dutenak bat etortzea esatean subiranotasun handiagoa behar dela pandemiari –edo bestelako arazo sozial bati– modu eraginkorrean aurre egiteko. Abstrakziora jotzeko baliabide hori, ganoragabeko bultzada kolektibo gisa ulertutako subiranotasunera, etorkizun zalantzagarriari egindako deia da, zeinaren bidez oraina, milioika gizakiren bizitzak, gobernatzen baitituzten, eta beren intereserako tresna huts izatera kondenatu.
Komunistok badakigu, eta defendatzen dugu, subiranotasuna ez dela erreforma utopikoak egiteko bitarteko abstraktu bat, ezta sistema kapitalistak, eta ez estatu-nomenklatura partikular batek, ezartzen dizkigun mugek eragindako aldarri espontaneo, indargabe eta ia irrigarri bat ere; langile boterea eraikitzeko neurri eraginkorren emaitza objektibo eta erreala baizik. Hori dela-eta, burgesiak sortutako ilusio politikoari aurre egin behar diogu, gertaeren aurreko inpotentzia errealaren isla den ilusio politikoa, non estatu-politikak gauzatzeko subiranotasunik eza, sistema kapitalistaren muga objektibo bat besterik ez dena, kudeatzaile instituzional baten edo bestearen borondate subjektiboaren muga gisa islatzen den, eta ez gainditze osora deitzen duen egiturazko baldintza gisa. Burgesiaren fikzio-politikaren aurrean, hura gainditzera deitzen duen muga historikoaren emaitza dena, beharrezkoa da proletalgoa bere klase-existentzia objektiboan kondentsatzen duen egiazkotasun historikoa berreskuratzea.
HEMEN ARGITARATUA