Deigarria da ia eduki guztia gaztelaniaz duten egunkarietan euskarak estatu kapitalistaren administrazio publikoan duen presentzia urriaren inguruan irakurtzea. Are deigarriagoa da eduki hori euskarazko eduki apurren artean soilik irakurri ahal izatea, euskararen ingurukoek, beste guztiek ez bezala, gaztelaniaz behar luketenean.
Gaztelaniaz idatzitako egunkarietan, euskarak euskararen inguruan informatzeko balio du, euskal dantzez, idi probez, Korrikaz eta euskal pastelaz; ez, ordea, ekonomiaz edo politikaz. Auzi garrantzitsuak gaztelaniaz lantzen dira oraindik ere, eta euskara pribilegiatuen ghetto bat sortzeko baliatzen da. Izan ere, gaztelania salmentarako egokiagoa bada ere, euskarak interes handiagoa du bazterketa soziala bermatzeko eta klase ertainaren pribilegioei eusteko.
Auzi garrantzitsuak gaztelaniaz lantzen dira oraindik ere, eta euskara pribilegiatuen ghetto bat sortzeko baliatzen da
Urteetako eztabaida da. Nork baztertzen du euskara gehiago, debekatzen duenak ala administrazioko hizkuntza izatera zokoratzen duenak? Erabiltzeari uko egiten dionak ala folklore-auzietarako soilik erabiltzen duenak?
Argi da, euskarak etorkizuna izango badu, auzi erreal eta garrantzitsuekin lotzeko gaitasuna garatzeagatik izango duela, eta ez egunkarietan zein administrazioan bete beharreko ratioa izateagatik. Ez du ematen, ordea, interesa dagoenik euskara proletalgoaren masa-hizkuntza bilakatzeko; ez euskal elite intelektual eta kulturalaren partetik, bederen. Askok nahiago du euskara urre forma hartzen duen altxor preziatu bat izatea, pobreen artean debaluatzen ikustea baino.
Ez du ematen, ordea, interesa dagoenik euskara proletalgoaren masa-hizkuntza bilakatzeko; ez euskal elite intelektual eta kulturalaren partetik, bederen. Askok nahiago du euskara urre forma hartzen duen altxor preziatu bat izatea, pobreen artean debaluatzen ikustea baino
Hizkuntzarekiko zorroztasunak eta bulegoetan hartzen diren zuzentasunaren eta purutasunaren inguruko erabakiek traba gehiago jartzen dizkiote euskarari, haren erabilera erraztu baino. Kostata hitz egiten duenarekiko trufa eta garbizalekeria ere nahiko agerikoak dira eliteko euskal hiztunen artean. Euskara gutxitu bat negozioa da, merkatua murriztu arren haren prezioa handitu egiten duelako. Adibidez, nekez sal zitezkeen zenbait literatur material, euskaraz idatziak izan ez balira.
Euskara askorentzako bizi baliabide bilakatu da; lanerako sarbidea errazten du konpetentzia txikituz, edota zuzenean saldu egiten da, hezkuntza pribatuan nahiz kontsumo gaien forman. Euskararen egoeratik etekina ateratzen duten horiek ez dute egoera hori aldatzea nahi. Ezer gutxi lagunduko lioke horietakoren bati hizkuntza gutxitua izateari utziko balio, horrek dakartzan ondorioekin: hezkuntza unibertsala eta doakoa izatea, kalitatez irakasten dena eta bazterketarako aukerarik ematen ez duena, guztion eskura dagoena eta euskal hiztunen artean hierarkiak sortzen ez dituena, salgai ez dena...
Bidegabekeria justifikatzeko aitzakia ere bilakatu da euskara: soldata baxuak, lan baldintza okerrak, «kausari» emandako ordu estrak… Eguneroko ogia dira euskara merkantzia gisa saltzen duten hezkuntza zentro desberdinetan, baina isildu egiten dira, euskararen izenean. Euskarak errenta altuetan aurkitzen badu bere erro soziala, era berean, errenta altuak lortzeko baliabidea da. Bere zokoratze sozialaren etekin ekonomikoak baino ez dira bata zein bestea, eta ez dira gertatzen euskara ikastunen edota aristokraten hizkuntza delako berez, ez eta horretarako ezaugarri bereziak dituelako ere.
Bidegabekeria justifikatzeko aitzakia ere bilakatu da euskara: soldata baxuak, lan baldintza okerrak, «kausari» emandako ordu estrak… Eguneroko ogia dira euskara merkantzia gisa saltzen duten hezkuntza zentro desberdinetan, baina isildu egiten dira, euskararen izenean
Urri eta bitxi denak konpetentziaren legeak hausteko gaitasuna du, merkatu zehatz batean baldintza berriak txertatuta. Urri eta bitxi dena urri eta bitxi mantentzeko legeak, diru laguntza espezifikoak… Salbuespen neurriak hartzen dira, zeintzuek, azken finean, monopolio errenta bat eskuratzeko aukera ematen duten, hau da, errentagarri egiten duten errentagarri ez dena. Nahita edo halabeharrez txikitutako merkatu batean, baina era berean bere beharrezkotasuna eta garrantzia aldarrikatzen dituen eta sozialki errotuta dagoen merkatu batean, administrazio publikoen diru txertaketa ezinbesteko bilakatzen da sarri. Euskarak kapitalaren estatuari esker irauten du kapitalismoan. Saltzen dutenek gutxi sal dadin nahi dute, haiena asko saltzeko, ikasia denak besteek ikasi ez dezaten nahi duen bezala, lanean konpetentziarik ez izateko.
Euskara, beraz, nahiaren eta ezinaren artean mugitzen da sistema kapitalistan. Alde batetik, askok ikas dezan bilatzen da dirulaguntza publikoen bitartez, baina bestetik, politika publiko horiek bideragarriak dira eta publiko objektiboa dute, hain zuzen, inor gutxik ikasten badu euskara. Horri lotu behar zaio ikastea eta erabiltzea desberdinak direla, eta ikasketa masibo batek askorentzat interesa baldin badu ere, erabilera urriak bilakatzen du euskara altxor preziatu eta salmentarako gai errentagarri.
Hizkuntza eskakizunek, euskararen erabilera sustatu ordez, bere zokoratzean laguntzen dute, euskara estratu sozial batean errotuz baina etorkizunetik –hots, proletalgotik eta bere askapen mugimendutik– aldenduz, gero eta gehiago. Euskararen inguruan sortu den eliteak ez dio euskarari laguntzen, baina bere egoera latzaren adierazpena da. Jende askok soilik lanerako sarbide gisa ikasten du euskara; eta gainera horrela aritu ohi direnak izan ohi dira mugimendu zabaletatik, errotze sozialetik, urrunen ibili ohi diren estratu aristokratak; hots, langile klasearen goi kapak, mugimendu bizia ordezkatu ordez, burgesiaren kulturaren eta klasismoaren ordezkari direnak.
Hizkuntza-instituzionalizazio burgesa ezgai da, bistan denez, euskara bazterreko egoera batetik ateratzeko. Izan ere, alde batetik euskaraz bizi nahi duen arren, bestetik ezin du bizi euskara negozio bilakatu gabe, edo euskarak ematen dizkion etekin ekonomiko horiek gabe, eta horrek euskararen hedapena baldintzatu egiten du. Gainera, jakina da bazterrean egoteak ematen duen biziak eta konfrontaziorako aukerak elikatu egiten dutela euskararen merkatua, gutxi batzuek denon lepora negozioa egin dezaten. Hedapen mugatua badu soilik biziraun dezake euskararen merkatu zabal horrek; alegia, altxor bitxi bat izaten jarraitzen badu eta trukean dirulaguntzak jasotzen baditu. Euskarak biziraun nahi badu, ordea, merkatutik irten eta proletalgoaren hizkuntza bilakatu behar du; bere lekua hartu iraultza sozialistaren prozesuan.
Alde batetik euskaraz bizi nahi duen arren, bestetik ezin du bizi euskara negozio bilakatu gabe, edo euskarak ematen dizkion etekin ekonomiko horiek gabe, eta horrek euskararen hedapena baldintzatu egiten du
HEMEN ARGITARATUA