Gizarte kapitalistaren etapa honetan, ohitu egin gara maskara guztien atzean itzal berberak ikustera. Kapitalen kontzentrazioaren eraginez, enpresa-bloke handiak sortu dira inbertsio-funts handiek dinamizaturik, eta funts horiek ekonomiaren parte handi bat kontrolatu dute. Musikaren industria, jakina, ez dago joera horietatik aparte. Zigiluak, diskoetxeak, managerrak, promotoreak, izen handiek eta makrojaialdiek osatzen dute musika-industriaren animalia-erreinua, eta, hala, gustu guzti-guztiak asetzeko gai da.
Musikaren industria ezagutu eta ulertzeko, ezinbestekoa da jakitea eta ulertzea zer prozesuk osatzen duten, eta, halaber, gehiago jakitea prozesu horiek gauzatzen dituzten agente edo figurei buruz.
Datozen lerroetan, lehenbizi, musikaren industriak gaur egun oro har duen egoeraz hitz egingo dugu. Horrez gain, Last Tour-ez ere hitz egin nahi dugu, hau da, “Espainiako musika-industriako enpresa liderraz”. Haren fisionomia arakatzen ahaleginduko gara, dituen adar eta adierazpenetan, argitzeko nolabait zertan den; izan ere, nahiz eta bolo-bolo dabilen haren izena, ez da maiz izen huts gisa erabiltzen.
SEKTORE BAT, BOLADAN DAGOENA
London School of Economics unibertsitatearen arabera, musika-jaialdietara joatea da pertsonei poz eta zorion handiena ematen dien jarduera. Beraz, gure helburua ez da zoriontsu izatea bakarrik; gure poztasuna beste batzuekin batera bizitzea ere gustatzen zaigu [aipu hauek Last Tourren webgunetik ateratakoak dira]
Dudarik gabe, musika-industria arrakasta handiko sektorea da. Nahiz eta, analisia mugatzearren, gure ikerketa Last Tourren bueltan zentratuko dugun, nazioarteko dimentsioa duten zifra batzuk ere emango ditugu, hasierako ideia bat izan dezazuen mintzagai dugun musikaren industria zertan den ulertzeko.
Nahiz eta, kontu agerikoengatik, ezinezkoa den industria mota honek munduan mugitzen duen diru kantitatearen zifra zehatza ematea, duen dimentsio izugarrira hurbiltzen ahaleginduko gara. MIDiA Research merkatu-ikertzaileak eginiko ikerlan baten arabera, musikaren industriak 49.000 milioi dolarreko irabaziak izan zituen 2022an, aurreko urtean baino %50 handiagoak (konparazio bat egite aldera, zifra horrek gainditu egiten du munduko herrialdeen erdien BPG nominala). Munduko 10 musika-promotore nagusiek gutxi-asko 9.587 milioi dolarreko irabaziak izan zituzten (zifra horren %70 baino gehiago lehen bietan kontzentratzen da, Live Nation eta AEG Presents-en). IFPIren Global Music Reporten arabera, musika grabatutik etorritako irabaziak %10,2 hazi ziren 2023an; antzeko zerbait gertatu zen jabetza intelektualaren eskubideekin (%9,4 hazi ziren), eta musikako streaming zerbitzuetako ordainpeko harpidetzak urte horretan bertan hautsi zuten 500 milioi pertsonaren langa. Global Entertainment and Media Outlooken txostenaren ondorioen arabera, zuzeneko musikari dagozkion diru-sarrerak pandemiaren aurreko zifretara itzuli ziren (20.000 milioi dolar). Musika-jaialdiei dagokienez, munduko zortzi jaialdi nagusiek 192 milioi dolarreko diru-sarrerak sortu zituzten 2023an. Musika-industria, zentzu horretan, harribitxi bat da urterik urte musikaren eta entretenimenduaren pastel handia banatzeko lehiatzen diren enpresa urre-bilatzaileentzat.
Musikaren industriak 49.000 milioi dolarreko irabaziak izan zituen 2022an, aurreko urtean baino %50 handiagoak (konparazio bat egite aldera, zifra horrek gainditu egiten du munduko herrialdeen erdien BPG nominala)
Begirada Espainiako estatuko panoramara eramaten badugu, ikusiko dugu margolan horren miniatura bat dela. Musikaren industriaren 2023ko fakturazioa 900 milioi eurokoa izan zen (zifra hori etengabe hazi da 2020tik, eta joera hori nabarmena da azken urteetan, 2008ko finantza-krisiaren eta pandemiaren ondorioak salbuespen). Musika grabatuaren datuei dagokienez, esperotako igoera baino handiagoa gertatu da munduan urte horretan, %12,3koa (520 milioi euro; ez da nolanahiko zifra), Espainiako musika-industriaren Promusicae elkarteak aurkeztutako Musika Grabatuaren Merkatuaren Erradiografiaren arabera. Halaber, %15 hazi da streaming musikako zerbitzuengatik ordaintzen duten pertsonen kopurua. OBS Business Schoolen txosten baten arabera, zuzeneko musikak 2023an 578 milioi euro sortu zituen (zifra hori errekorrekoa da Espainian, eta aurreko urtean baino %26 handiagoa), eta, arlo horretan, nagusiki nabarmentzekoak dira Bartzelona eta Madril. Era berean, erreferentzia gehien duten 10 jaialdietara 1,7 milioi pertsona joan ziren 2023an (Espainian era horretako 870 jaialdi baino gehiago antolatzen dira urtero, eta munduan arlo horretan diru-sarrera gehien dituzten herrialdeen artean hogeita hamabigarren herrialdea da). Kalkuluen arabera, jaialdien turismoak 14.000 milioi euro inguru mugitu zituela urte horretan Espainian.
Nahiz eta musikaren industriak zenbait maila dituen, artikulu honek duen luzeraren eraginez, testu honetan ikuskizun handi horretako aktoreak zein diren aztertuko dugu nagusiki.
Nazioarteko panorama aztertzen badugu, ikusiko dugu lehen aipaturiko bi izenak nagusitzen direla, Live Nation eta AEG Presents, haien irabaziek (baita bakarka ere) lehiakide guztien irabazien batura gainditzen baitute. Errepasa dezagun bi horietako handienari buruzko informazioa, hots, Live Nationi buruzkoa. Ekitaldi musikalak antolatzea helburu duen enpresa estatubatuar bat da: urtean 35.000 ekitaldi antolatzen ditu, 500 milioi sarrera saldu, 500 bat artistaren ibilbidea kudeatzen du eta 2022rako 338 espazio zituen (antzokiak, anfiteatroak, klubak eta pabiloiak, besteak beste). Zer indar eta garrantzi duen ulertzeko, atera kontuak: aipatu ditugun atal ia guztietan AEG Presents lehiakidearen datuak hirukoizten ditu. Ekitaldiak antolatzeaz gain, 2010. urtean, 2.500 milioi dolarreko operazio batean, Ticketmaster sarrera-salmentarako enpresa ezagunaren jabe egin zen (sarrera-salmentaren %80 inguru kontrolatzen du). Erabateko nagusitasuna du. Monopolioaren aurkako Estatu Batuetako fiskal nagusiak baieztatu zuen AEBn zuzeneko musikaren industriaren balizko porrotaren kausa Live Nation Entertainment enpresa zela; joan den maiatzean gertatu zen hori, AEBko Justizia Departamentuak eta 30 bat estatuk haren kontra demanda bat aurkeztu zuten testuinguruan, non salatu baitzuten enpresa horrek monopolio ilegal bat duela, lehiaren kontra jardun duelako sistematikoki (adibidez, iraupen luzeko kontratu esklusiboak sinatu ditu musika-ekitaldiak egiten diren estadio eta bestelako espazio batzuekin).
Nazioarteko panorama aztertzen badugu, ikusiko dugu lehen aipaturiko bi izenak nagusitzen direla, Live Nation eta AEG Presents, haien irabaziek (baita bakarka ere) lehiakide guztien irabazien batura gainditzen baitute
Espainiako industria urrunetik dago nazioarteko lehia horri begira, baina haren egoera ere ez da gutxiestekoa. Musika-industriari buruz Pollstar-ek urtero argitaratzen duen munduko rankingaren 2023ko edizioan, 32. posturaino joan behar dugu Espainiako lehenbiziko musika-sustatzailea topatzeko: Riff Productions. Enpresa horrek milioi bat sarrera baino gehiago saltzen ditu (Espainian egin diren lau birarik handienak berak sustatu ditu). Badira erreferentziazko beste zenbait sustatzaile ere: The Music Republic (besteak beste Arenal Sound, Viña Rock eta Benicassimeko Nazioarteko Jaialdiaren sustatzailea), Bring The Noise (besteak beste Resurrection Fest eta O Son Do Camiño jaialdien sustatzailea), Advanced Music, Sharemusic! eta Last Tour, adibidez. Edonola ere, enpresa handi edo garrantzitsuetan ez dago askoz gehiago. Izan ere, Espainiako musika-industria, nazioartekoa bezalaxe, oso kontzentratua da; hain justu Estatuko 50 jaialdi nagusiak 10 enpresa handiren eskuetan daude. Musika-industria handi modernoaren historia XX. mendearen amaieran abiatu zen Espainian; ordea, sorrera-uneaz geroztiko ondorengo bi hamarkaden ezaugarri nagusia izan da enpresak elkarren kontrako borroka odoltsu batean ibili direla merkatuaren kuotarik handiena nork bereganatuko. Izan ere, nahiz eta sektore horretan bazirudien Espainia aukeren paradisua zela, ezer ez da infinitua. Summercase jaialdiaren zuzendariak 2000ko lehenengo hamarkadan bizi izandakoa paradigmatikoa da, eta, hein batean, baita argigarria ere. Garai hartan sektore horretan izaten ari zen lehia gero eta handiagoa izanik, José Cadahía prest agertu zen behar zena baino diru gehiago jartzeko une horretan punta-puntan zeuden taldeak kartelburu jartzeko. Zein zen helburua? Sektorean bere lekua egitea, nazioartean Espainiaren erreferentzia izatea “atzerriko multinazionalek lur hartu aurretik”. Nahiz eta modus operandi enpresarial bortitz horren ondorioz izandako zorrek joko-zelaia uztera behartu zuten, Cadahíaren ikuspegia, zentzu horretan, profetikoa izan zen.
Espainiako musika-industria, nazioartekoa bezalaxe, oso kontzentratua da; Estatuko 50 jaialdi nagusiak 10 enpresa handiren eskuetan daude
17 urte geroago, esan dezakegu antzekoak direla Espainiako musika-industriari gertatzen zaiona eta PSOEri “Cuervo Ingenuo” abestiarekin gertatzen zitzaiona. Izan ere, azken urteetan atzerriko kapitala Espainian masiboki sartu izanaren eraginez, ezin genezake esan gaur egun badenik musikaren industria %100 espainiarrik. Providence Equity Partners inbertsio-funts estatubatuarrak 2022an The Music Republic erosi zuen. Espainian Superstruct Entertainment filialaren bidez jarduten du, eta bera dago Espainian urtero antolatzen diren ekitaldi askoren atzean. Providence-en presentziaz gainera, enpresa atzerriko kapitala ere agerikoa da: Live Nationena (Mad Cool jaialdian, nagusiki), Yucaipa Companiesena (Primavera Sounden nagusiki) eta Rototom SL enpresa italiarrarena. Prozesu hau, sektoreko enpresa-kontzentraziorako joerari lagun eginez, nahiko modu azeleratuan gertatu da azken hamarkadan (ia esan genezake azken bosturtekoan gertatu dela hori).
HISTORIA APUR BAT
Musikaren industriak hazteko eta egungo entzule eta joeretara egokitzeko estrategia moduan bere burua berritzeko, eraldatzeko eta berrasmatzeko etengabe egiten duen bilaketaren emaitza da Last Tourren historia.
Hitz egin dezagun pixka bat historiaz. Musika-industriaren historia ez da mugatzen jaialdien historiara, baina egia da musikaren historiaren azken 3 hamarkadak oso lotuta egon direla musika-jaialdiekin eta haien sustatzaileekin. Nahiz eta jaialdiak ez diren izan musika-industriaren garapenaren kausa, industria hori neurri handi batean haren bitartez gauzatu da (musikaren plataforma digitalekin batera), eta, dudarik gabe, haren adierazpen modurik zaratatsuena izan dira. Zentzu horretan, baliteke Espainiako musika-jaialdien genealogia labur bat lagungarria izatea industria horren garapena irudikatzeko. Espainiako lehenengo musika-jaialdiak 1950eko hamarkadan agertu ziren, “abestien festibalak” izenarekin. Haien funtzionamendua telebistako lehiaketenaren antzekoa zen, eta helburu zuten turistei Espainiako musikaren arloaren promozioa egitea, urte haietan loratzen hasia zen turismoaren bultzada hori aprobetxatzeko (hala ere, egiazko booma 60eko hamarkadan gertatu zen). Ikusiko dugunez, joera edo ikuspegi hori mantendu egin da denboran; izan ere, gerora ere zenbait makrojaialdiren garapen eta errotzea turismoan mendekoa izan da.
Espainiako lehenengo musika-jaialdiak 1950eko hamarkadan agertu ziren, “abestien festibalak” izenarekin. Haien funtzionamendua telebistako lehiaketenaren antzekoa zen, eta helburu zuten turistei Espainiako musikaren arloaren promozioa egitea, urte haietan loratzen hasia zen turismoaren bultzada hori aprobetxatzeko
Bi hamarkada beranduago, gaur egun ezagutzen dugun horren antzekoagoa den formatu baten aldeko apustua egiten hasi ziren. Aire zabaleko lehenengo jaialdia Granollersekoa izan zen, 1971n, eta “Rock Progresiboaren Nazioarteko Jaialdia” izena hartu zuen. Musikaren arloan jarduera handiko urteak ziren (arlo sozial eta politikoaren ere une beroak izaten ari ziren), eta nazioartean hasiak ziren ziren izen handiko zenbait jaialdi antolatzen, adibidez Wight Uharteko jaialdia (gaur egun ere antolatzen da; 1968an egin zen haren lehenengo edizioa) eta Woodstockeko jaialdi historikoa (1969). Garai bertsuan, “Pop musikaren lehenengo 15 orduak” egin ziren Burgosen (1975). Edonola ere, esperientzia horiek denak, pezetatan antolatu eta frankismoak zorrotz gainbegiratuta antolatzen zirenak, ondoren etorri ziren urteen hitzaurrea besterik ez ziren.
80ko hamarkada atzeraldi ekonomikoaren eta eztanda sozialaren garai gisa ezagutu zen gerora Euskal Herrian (krisian zegoen nazioarteko kapitalismoak bultzatutakoak biak). Langabezia masiboa, industria-sarearen desegitea, sindikatuen gorakada, grebak, okupazioak, gaztetxeak, Poliziaren errepresioa eta biolentzia. Osagai horiek guztiek sortu zuten eszena alternatibo bat landu ahal izateko lurra, eta garai horretan egin zuen eztanda eszena horrek, punkaren etorreraren eskutik. Espainiako estatuko gainerako lurraldeetan antzekoa zen egoera testuinguru sozioekonomikoari dagokionez. Industria-birmoldaketarako neurriek egoera latza sortu zuten lurralde osoan zehar. Belaunaldi berriek kezka berriak ekarri zituzten, eta, beraz, adierazteko eta entretenitzeko moduak behar zituzten; ondorioz, estatuko hainbat eremutako musika-eszena indartsu garatu zen (Euskal Rock Erradikala eta Movida Madrileña izenez ezagutzen direnak har daitezke horren frogatzat). Musika-ekitaldi txikietan mugimendu handia izateaz gain, lehen jaialdi handiak ere sortzen hasi ziren. Concierto de Primavera (1981), Iberpop ‘84 eta Espárrago Rock (1989) garai berri baten lehen erakusgarriak izan ziren. 90eko hamarkadan, zerrenda hori handitu zuten besteak beste Sónar (1994), FIB (1995), Viña Rock (1996) eta Sonorama (1998) izen sonatuek. Horretaz gain, bi hamarkada horietan iraultza bat izan zen musikaren salmentari dagokionez, walkmanaren eta kaseteen agerpenarekin lehenengo (80ko hamarkadan), eta CDaren etorrerarekin ondoren (90eko hamarkadan).
Milurteko berriaren etorrerak mugarri bat ezarri zuen berriz industria horretan. Musikaren salmenta fisikoa formatu digitalagorantz mugitzen ari zen (lehenik MP3arekin edo iTunes eta tankerako plataformekin, eta ondoren streaming plataformen agerpenarekin eta hedapenarekin). Era berean, Espainiako Estatuan, luzatzen jarraitu zuen gaur egun uda hurbiltzen den bakoitzean kaleetako hormak betetzen dituzten jaialdien sokak. Une horretan, sustatzaileen ikuspegia aldatu egin zen, Cadahíaren kasuan ikus daitekeen bezala. Momentu horretatik aurrera, enpresa horien helburua ez zen jadanik etekina bera izan, fakturazioa baizik. Industrian gero eta leku handiagoa hartu eta lehia desagerraraztea zuten helburu, nahiz eta norberaren biziraupena arriskuan jarri (aipatutako kasuak erakusten duen bezala). Primavera Sound jaialdiaren lehen edizioa 2001ean izan zen, eta, bost urte geroago, BBK Live jaialdiaren lehen edizioa egin zuten Bilbon. Azkenean iritsi gara Last Tourrera.
Milurteko berriarekin, sustatzaileen ikuspegia aldatu egin zen. Momentu horretatik aurrera, enpresa horien helburua ez zen jadanik etekina bera izan, fakturazioa baizik. Industrian gero eta leku handiagoa hartu eta lehia desagerraraztea zuten helburu, nahiz eta norberaren biziraupena arriskuan jarri
Errepasa dezagun laburki Last Tourren historia. Bere sortzaile eta gaur egungo zuzendari Alfonso Santiagok aipatzen duen bezala, Last Tour International 2001ean sortu zen ideia gisa. Urte batzuk zeramatzan eszenan mugitzen liga handietan bere ibilerak hasi zituenerako (musika-ekitaldi txikiak, fanzineak eta irrati libreak antolatzen 80ko eta 90eko hamarkadetako atalean aipatutako testuinguruan). Hainbat urtez zirkuitu lokaletan mugitu ondoren, 90eko hamarkadan egin zuen jauzi nazioarteko uretara, nahiz eta, haren hitzetan, benetako jauzia hamarkada horren amaieran izan zen. Zentzu horretan, Azkena Rock Festival jaialdiaren (ARF akronimoagatik ere ezaguna) lehen edizioa, 2002an, inflexio-puntu bat izan zen. Nahiz eta txikia izan Last Tourrek gaur egun lan egiten duen ekitaldiekin alderatuta, eta oraindik ere Muskerra izenpean izan arren (Last Tour International ez zen erakunde juridiko gisa eratu 2003ra arte), lehen esperientzia horrek markatu zuen Last Tourrek gerora jorratuko zuen bidea ARFren ondorengo bi hamarkadetan zehar. 2006an antolatu zuten Bilbao BBK Live ezagunaren lehen edizioa, nahiz eta aurrenekoan oraindik ez zeraman abizen hori, banketxearen babesletza urtebete geroago hasi baitzen. Zenbakiei dagokienez, lehen edizioa ozta-ozta iritsi zen 50.000 pertsona biltzera, baina kopuru hori bikoiztu egin zen hurrengo edizioan. Horren osteko bi edizioetako zifrek lehenengoek markatutako joerari jarraitu ez bazioten ere, laster jauzi bat ikusi zen, izaera kualitatiboagoa, jaialdi horren hurrengo urteetako hazkundearen oinarriak ezarri zituena: kanpora begirako ikuspegia. Izan ere, Last Tourren garapena edo historia oso lotuta dago Bizkaiko hiriburuaren historiari edo garapenari.
Horren osteko bi edizioetako zifrek lehenengoek markatutako joerari jarraitu ez bazioten ere, laster jauzi bat ikusi zen, izaera kualitatiboagoa, jaialdi horren hurrengo urteetako hazkundearen oinarriak ezarri zituena: kanpora begirako ikuspegia
Espainiako estatuko industria-sarea desegin zenean, oso kontzentratuta baitzegoen zenbait eremutan (horien artean, Bizkaiko probintziak garrantzi berezia hartu zuen Bigarren Industrializazioaren garaitik), hirugarren sektoreak garrantzi handia zuen eredu ekonomiko bati ekin zion Espainiak. Zentzu horretan, ez dago alde handirik Europako periferia osatzen duten gainerako lurraldeekin konparatuz gero. Zehatzago esateko, eguneroko beharrekin lotura zuen sare ekonomikoaz gain, apurka-apurka garrantzia hartu zuten aisiarekin lotura handiagoa zuten adierazpen ekonomikoek. Frankismoaren azken hamarkadetan, apustu handia egin zuten turismoaren alde, atzerrirako proiekzio handiarekin. Ordea, behin demokraziaren garaia hasita, Espainiak, pixkanaka, modu argiagoan hartu zuen oporretarako hiri handi baten itxura. Hori ere islatu zen musikaren industrian, enpresa-arloko zenbait abenturazale gosetiren lasterketak modu estuan egin batzuen bat erakunde publikoen interesekin. Hainbat probintziatako eta hiritako erakundeak beren lurraldeak turismorako helmuga erakargarri gisa sustatzen hasi ziren, eta prozesu hori primeran borobildu zuten ekitaldi handi horiek.
Modu esklusiboan izan ez bazen ere, Bizkaiko hiriburuak eredu “internazionalago” baterantz hartutako bidea modu esplizituenean Iñaki Azkunak garatu zuen (munduko alkaterik onena izendatu zuten 2012an). Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek egindako apustua pertsonifikatzen zuen Azkunak: EAE bisitatzeko leku bihurtzea, haren iragan bortitz eta, jakina, industrialetik urrun. Horrela, Azkunak bere altxor pertsonalaren gailurra aurkitu zuen Bilbao BBK Live jaialdian. Guggenheimek XX. mendeko azken hondarrekin ireki zituen ateak. Milurteko berriaren lehen urteetan ahalegina egin zuten Bilbo (eta, ondorioz, EAE) mundu osoko gida turistikoetara eramango zuen jaialdi erraldoien bat martxan jartzeko. Baina saiakera horrek ez zuen fruiturik eman BBK Live iritsi arte (hori baino lehen, 1 Formula Bilbora eramaten ahalegindu ziren). Hortik aurrerakoak ezagunak zaizkigu.
Milurteko berriaren lehen urteetan ahalegina egin zuten Bilbo mundu osoko gida turistikoetara eramango zuen jaialdi erraldoien bat martxan jartzeko. Baina saiakera horrek ez zuen fruiturik eman BBK Live iritsi arte
ZER DA LAST TOUR?
Last Tour aktibatzaile kultural eta soziala da, eta sormena eta berrikuntza ditu haren zutabe, helburu batekin: ekarpena egitea konprometituta gauden gizartearen eraikuntzari zein haren kultur garapenari.
Horiexek dira enpresak bere burua definitzeko erabiltzen dituen hitzak. Gauza asko hain leku gutxirako, zeinak, egia esateko, gehiago esaten baitigute proiektatu nahi duenari buruz, Last Tourren izateari berari buruz baino. Gainera, ez da desberdintzen sektoreko beste enpresa batzuek ematen dizkiguten azalpen labur eta handinahietatik. Edonola ere, beste edozein bezalako abiapuntua da. Azken lerroetan zedarritu dugun bezala, nagusiki kontzertu eta jaialdien sustatzailea da Last Tour. Gaur egun, izen handiko sei jaialdi antolatzen ditu. Aipatutakoez gain, honako hauek ditugu hor: MEO Kalorama Lisboa (2022tik antolatzen den jaialdia, 100.000 lagunetik gora biltzen dituena), Kalorama Madrid (lehen edizioan 40.000 lagunetik gora bertaratu ziren), Pirineo Sur (30 ediziotik gorako historia badu ere, Last Tourrek 2023tik aurrera antolatu du, eta 30.000 pertsona inguru bertaratu dira) eta BIME (2022tik antolatzen da). Nahiz eta gaur egun ez diren antolatzen, aipagarriak dira Donostia Festibala, En Vivo jaialdia, Sonisphere edo Cala Mijas ere.
Jaialdiak antolatzeaz gain, nazioarteko artisten birak ere kudeatzen ditu Last Tourrek; hala nola Rolling Stones, Bob Dylan, Coldplay, Shakira edo Rosalíarenak. Taylor Swiftek bere azken biran Espainian egin duen geldialdia ere Last Tourren ardurapean egon da. Sona handia izan du Swiften bira horrek, marka historikoak hautsi baititu zenbakiei dagokienez.
Susma dezakegunez, buru asko dituen hidra moduko bat da Last Tour International, eta musikaren industriak gaur egun mugitzen dituen diru-kantitate handiek elikatzen dituzte buru horiek guztiak (ostalaritzan izan dezakeen eragina kontuan hartu gabe, musikaren industriak Espainiako Barne Produktu Gordinari egiten dion ekarpena %1,5ekoa dela kalkulatzen da, 2022an lehen sektore osoak egin zuen ekarpena baino %0,8 txikiagoa soilik).
Egin dezagun aurrera, buru horietako bakoitzari aurpegia jarrita. Zigilu edo musika-ekoizle lanak ere egiten ditu Last Tourrek. Bere askotariko garroen bidez (jaialdietan izaten den modus operandia bera erakusten dutenak), hainbat musika-talderen karrerak kudeatzen ditu, eta horietako batzuk aski ezagunak dira. Adibidez, El Columpio Asesino, XSakara, Ben Yart edo Chill Mafiarekin egiten du lan. Halaber, Last Tourrek Yuuki zigilua ere badu, ardaztuago dagoena talentu berrien potentziala aprobetxatzen. Era berean, aholkularitzako eta proiektuetako atal bat du, markei “esperientziak” eskaintzeaz arduratzen dena, zer eta berak eskaintzen dituen musika-produktuekin bat etor daitezen.
Ekitaldien antolaketatik eta hainbat artistaren kudeaketatik aparte, Last Tourrek, industriako beste artista handi batzuek bezala, dibertsifikazioaren aldeko apustua egin du azken urteotan. Baliteke deigarriena izatea hainbat espazioren erosketa edo kudeaketa. Izan ere, Last Tourrek Euskal Herrian barreiatutako lau gune kudeatzen ditu gaur egun: Erribera, Bilboko izen bereko merkatuan kokatua dagoena; Lasai jatetxea eta Crystal aretoa, Bizkaiko hiriburuan horiek ere; eta Zentral aretoa, Iruñean.
Horri guztiari gehitu behar zaio Mondragon Unibertsitateak harekin batera LEINN Arts Unibertsitateko Gradua sortu zuela 2020an. Musikaren sektorean lan egiteko baino gehiago (“oinarriko” mailetan, nolabait esatearren, hau da, lan teknikoetan), hura dinamizatzeko gai izango ziren espezialistak trebatzea zen asmoa, industriako beste enpresa handi batzuek egin duten moduan, hala nola Warnerrek. Aldi berean, 2022an, Last Tourren argitaletxearen jaiotzaren lekuko izan ginen (Liburuak argitaletxea), musika-gaietan espezializatua, noski.
Horrela, Last Tour koloso bihurtu da Espainiako estatuko musika-industrian. Bere adarkatze zabalaren bidez, musikaren industriaren hazkundeak sortutako zirrikitu guztiak bete nahi ditu. Era berean, Last Tourrek lan-ildoei zein kontzeptuei dagokienez egiten duen dibertsifikazio horrek aukera ematen dio era guztietako bizimoduetara eta gustuetara egokitzen den eskaintza bat mahai gainean jartzeko. Aldagarritasun-printzipio hori, aldi berean, antolatzen duen ekitaldi guztietan ikus daiteke. Izan ere, azken finean, musika baino gehiago, dirua da Last Tour Internationali gustatzen zaiona. Eta zentzu horretan ez doakio batere gaizki. Hala dela erakusten du haren garapenak; izan ere, azpimarratu behar da erreportajean zehar aipatutako jaialdi eta ekitaldi asko pandemiaren ondorengoak direla, hau da, ondo sustraitu izanaren eta musikaren munduko kate trofikoan gora egitea lortu izanaren adierazle, eta hala erakusten du urtean duen 100 milioi euroko fakturazioak.
DENA EZ DA POZA IZANGO
Gure bezeroekiko harremanetan dugun zintzotasunak eta gardentasunak hazkundera eta arrakasta kolektibora garamatza.
Hala ere, dena ez da mugatzen su artifizialetara, neonezko argietara eta purpurinara, matematika kontua baita azken finean. Lerroburuen eta ondo formulatutako esaldien atzean bilatzen hasi bezain pronto, kaka besterik ez da ateratzen. Nonbaitetik atera behar da hori guztia. Zentzu horretan, jakina da nola biltzen eta metatzen den batzuen aberastasuna: miseriatik eta hura zukutzen jakitetik.
Bilboko Laneko Autodefentsarako Sareak (LAS) aurten salatu duen bezala, lan-baldintza gordinenetan oinarritzen da Last Tourren fakturazioa. Horren adibide dira harentzat lan egiten dutenen amaigabeko lanaldiak (17 ordurainokoak, eta horietako asko kontratutik kanpokoak, jakina), orduko 5 eurora ere iristen ez diren soldatak, ordainketen atzerapenak, lo egiteko eta jateko baldintza penagarriak, eta zer esanik ez etekina eta fakturazioa lehenestearen ondorioz izaten diren lan-arrisku eta istripuak. Horrek ez du inor harritzen; izan ere, ageriko sekretuak dira horiek guztiak, musikaren industriaren parte diren elementuak. Are gehiago, aisialdiaren eta entretenimenduaren sektorearen ezaugarriak dira denak. Aberastasuna batzuentzat, miseria beste hainbesterentzat.
Bilboko Laneko Autodefentsarako Sareak (LAS) aurten salatu duen bezala, lan-baldintza gordinenetan oinarritzen da Last Tourren fakturazioa. Horren adibide dira harentzat lan egiten dutenen amaigabeko lanaldiak, orduko 5 eurora ere iristen ez diren soldatak, ordainketen atzerapenak, lo egiteko eta jateko baldintza penagarriak, eta zer esanik ez etekina eta fakturazioa lehenestearen ondorioz izaten diren lan-arrisku eta istripuak
Azpimarratu behar da, azkenik, hau guztia instituzioen laguntzari esker gertatzen dela, baita lehen aipatutako sinergiari esker ere. Gasteizko Udalak 380.000 euro ordaintzen dizkio Last Tourri Azkena jaialdia antolatzeko, eta era guztietako erraztasunak ematen dizkio. BBK Liven kasuan, Bilboko Udalak 1,4 milioi eurorekin babesten du ekimena, banketxeak jartzen dituen 300.00 euroez gain. Trinitate Santua. Marka da, gero.
HEMEN ARGITARATUA