Estatu Batuetako armadaren USS Nimitz hegazkin ontzia Kubako kostaldearen aurrean dago zain, setio moderno bortitz baten agertoki bihurtu duten Karibeko uharte txikia zelatzen ari den altzairuzko erraldoi bat bailitzan. Iparramerikarren grin kolonizatzailea ez da berria, baina argi dago Trump Administrazioaren itzulerarekin Estatu Batuen eta aipatu uhartearen arteko gatazka historikoa gogortu egin dela.
Artikulu honetan, gatazkaren oinarriak ulertzeko funtsezko elementuak azaltzen saiatuko naiz, bai eta Estatu Batuetako gobernua Kubaren aurka gauzatzen ari den ofentsiba berriaren koiuntura modu egokian aztertzeko behar diren gakoak aurkezten ere. Analisi hori gauzatzeko, funtsezko hiru auzi garatuko ditut: bi herrialdeen arteko aldebiko harremanen garapen historikoa; Miamiko lobby kubatarraren sorrera eta sofistifikazioa; eta, azkenik, ofentsiba yanki berriaren eta Marco Rubiok ofentsiba horretan jokatzen duen paperaren deskribapena.
I. Aldebiko harremanaren bilakaera eta dominazio estrategikoaren faseak
Estatu Batuen eta Kubaren arteko harremana ez da Gerra Hotzean jaiotako disputa koiuntural hutsa; aitzitik, asimetria geopolitikoak, gertutasun territorialak eta Washingtonek hemisferioa kontrolatzeko duen anbizioak eragindako prozesu luze baten emaitza da. XIX. mendetik aurrera, Karibeko uharteak zentralitate osoa izan du Estatu Batuen segurtasun nazionaleko doktrina eratzerako garaian, eta Estau Batuek laborategi moduan baliatu dute Karibeko arroan euren proiekzio inperialista gauzatzeko.
XIX. mendetik aurrera, Karibeko uharteak zentralitate osoa izan du Estatu Batuen segurtasun nazionaleko doktrina eratzerako garaian, eta Estau Batuek laborategi moduan baliatu dute Karibeko arroan euren proiekzio inperialista gauzatzeko
Azpimarratzekoa da Kubak Estatu Batuen kanpo politikan izan duen zentralitatea aldakorra izan dela eta ezin duela soilik haren gertutasun geografikoak azaldu. Izan ere, Estatu Batuetako kapitalismoaren behar materialak aldatzen joan ahala eraldatu da uharteari esleitutako funtzioa ere: lehendabizi, lurraldearen finkapena eta kapitalismo esklabistaren hedapena; ondoren, kapital industrial eta finantzarioaren kanpo proiekzioa; beranduago, azpiratutako eremu hemisferiko baten antolaketa; eta, azkenik, haustura iraultzaile bat geldiaraztea eta potentzia lehiakideen aurrean Estatu Batuen nagusitasuna defendatzea.
Artikulu honen helburua ez da harreman horretan izandako gertakari esanguratsu guztien analisi historiografiko zehatza egitea, baizik eta lotura asimetriko hori ezaugarritu duten dominazio formak erakusten dizkiguten faseak zehaztea. Hortaz, jarraian aldi historiko horietako bakoitza definitzen duten ezaugarriak eta gertakari historikoak azalduko ditut.

Lurralde hedapena eta aldebakarreko tutoretza juridikoa (1848-1934)
XIX. mendearen zatirik handienean, Estatu Batuek Kubarekiko zuten kanpo politikaren gidari nagusiak “fruta onduaren doktrina” (ripe fruit theory) eta “ageriko patuaren doktrina” (manifest destiny) izan dira. Logika horren arabera, Espainiako Koroatik bereizi ondoren, uhartea ezinbestean erori behar zen Estatu Batuen grabitate eremu politikora. Premisa horrek lurraldea erosketa formal bidez eskuratzeko ahalegin finantzario sistematikoak eragin zituen, horien artean aipagarrienak honako hauek izanik: 1848an James Polk presidenteak 100 milioi dolar eskaini zituen eta, 1897an, William McKinley presidenteak 300 milioi.
1898 ondoren AEBk Kuban ezarritako tutoretzak Ipar Ameriketako kapitalaren metaketa-fase berriarekin egin zuen bat; Estatu Batuetako kapitalismoak batez ere herrialde barruan hedatzeari utzi, eta kanpora begira proiektatzeari ekin zion
“Fruta onduaren doktrina” izeneko horrek harreman estua du Monroe doktrinarekin; John Quincy estatu idazkariak asmatu zituen biak ala biak 1923an. Lehenaren arabera, Estatu Batuek pazientzia estrategikoa izan behar zuten, uhartea gainbeheran zihoan Espainiatik askatu eta, grabitate geopolitikoak eraginda, Washingtonen kontrolpean erori arte. Bigarrenak defentsa-ezkutu moduan jardungo zuen, argudiatuz Europak kontinente amerikarrean egindako ezein kolonizazio saiakera edo esku hartze politiko Estatu Batuen segurtasunaren aurkako erasotzat eta mehatxu zuzentzat hartuko zela. Hala, AEBk ziurta zezakeen Kuba ez zela eroriko Espainia dekadentea baino indartsuagoa zen Europako potentzia inperial baten eskuetan (nagusiki, Erresuma Batua), eta isilpean itxaron Kuba Espainiako Inperiotik independizatu ondoren bere kontrolpean noiz eroriko (haren hitzetan, “ondu”, fruta bezala). Horixe da garai hartan Estatu Batuek Kubarekiko hartu zituzten posizionamenduen eta ekintzen atzean zegoen arrazionalitate politikoa ulertzeko gakoa. Zentzu horretan ulertu dezakegu zergatik erabaki zuen administrazio iparramerikarrak ondorengo urteetan Kubako Independentzia Gerran esku hartzea.
1895ean piztu zen Kubako hirugarren Independentzia Gerra. Indar errebeldeek gero eta arrakasta handiagoa zuten Espainiako armadaren aurrean eta, ondorioz, Ulysses S. Grant presidentearengana hurbiltzen saiatu ziren diplomaziaren bitartez; baina hark uko egin zion errebeldeak ofizialki aitortzeari edo babes material zuzena emateari, Madrilekin gatazka zuzenak saiheste aldera. Nolanahi ere, egoera erabat aldatu zen USS Maine korazatu estatubatuarrak bere burua hondoratu zuenean Habanako portuan. Yankiek aipaturiko bandera faltsuko ekintza hori egin zuten casus belli bat lortzeko eta, horrekin, Independentzia Gerran zuzenean esku hartzen hasi ziren. Azkenean, 1898ko Parisko Ituna sinatzean, Espainiak behin betiko uko egin zien Kubarekiko subirotasun eskubide guztiei eta Estatu Batuen okupazio militar formaleko aldi bat abiarazi zen 1899ko urtarrilaren 1ean. Teller eranskinaren bidez, AEBk uko egin zion formalki Kuba anexionatzeari, baina bere tropek alde egiteko honako baldintza hau jarri zuen: Kubako Batzar Konstituziogileak 1901ean Platt eranskina onartzea. Konstituzioko eranskin horrek aldebiko harremana modu mugatzailean definitu zuen hiru hamarkadaz baino gehiagoz eta Washingtoni lege eskumena eman zion bai Kubako lurraldean barne ordena mantentzeko militarki esku hartzeko, bai eta funtsezko lur zatiak betiko errentatzera behartzeko ere, besteak beste itsasontzi baseak ezartzeko, horien artean, Guantanamoko base militarra. Eranskinean jasotako tutoretza-ahal hori behin baino gehiagotan gauzatu zen; esate baterako, Charles Edward Magoon gobernadoreak 1906 eta 1909 artean uhartearen administrazio militarra bere gain hartu zuen behin behinean, José Miguel Gómez errepublikako presidentearen aurkako altxamendu armatuaren ostean.
Azpimarratzekoa da 1898 ondoren ezarritako tutoretzak Ipar Ameriketako kapitalaren metaketa-fase berriarekin egiten zuela bat. Estatu Batuetako kapitalismoak batez ere herrialde barruan hedatzeari utzi, eta kanpora begira proiektatzeari ekin zion. Industria-ekoizpenak gero eta gehiago gainditzen zuen barne merkatuak hura xurgatzeko zuen gaitasuna eta kapital metaketak inbertsio, hornikuntza eta zirkulazio espazio berriak galdegiten zituen. Esku hartze politikoak inbertsio horien errentagarritasunerako baldintza orokorrak bermatzen zituen: jabetzaren egonkortasuna, aldeko gobernuak, aduanen kontrola eta ordena ekonomikoa mehatxatzen zuten gatazka sozialak erreprimitzeko gaitasuna.

Zeharkako hegemonia, 1933ko iraultza eta Batistaren goren unea (1934-1959)
Aldi honek Gerardo Machado erori ondorengo Kubaren eraldaketa barnebiltzen du, boterea hutsik geratzeak 1933ko iraultza eragin baitzuen; mugimendu horrek tokian tokiko eliteen interesei aurre egin zien behin-behineko gobernu erreformista eta nazionalista bat ezarri zuen. 1934ko Harremanen Ituna sinatzean Platt eranskina formalki indargabetu zen, Franklin D. Roosevelten administrazioaren “auzokide onaren politika” izenekoaren babesean. Dena den, esku hartze militarrerako eskumena deusezteak ez zuen gutxitu Estatu Batuek Karibeko uhartearekiko zuten kontrola. Hain zuzen, garai hartan onartu zen AEBko Kongesuan 1948ko Azukrearen Legea, Kubak Estatu Batuetako merkatuetan zehaztutako azukre kuotarekiko zuen egiturazko mendekotasuna finkatu zuen legea, hain justu, kanpo kapitalak nazio ekoizpenaren aurrean zuen nagusitasuna ziurtatuz. Tutoretza juridikoaren ordez zeharkako hegemonia ezartzeko beste arrazoi bat Latinoamerikako okupazio militarren ondorioz pilatutako kostu politikoak izan ziren. Washington eskualdean zuen gaitzespena gutxitzen eta bere eragina egonkortzen saiatu zen itunen, maileguen, merkatu kuoten eta aitortza diplomatikoen bidez eta ordena ziurtatzeko gaitasuna zuten lekuko estatu aparatuei babesa eskainiz, ageriko administrazio kolonial bat izateko beharrik gabe. Gainera, Estatu Batuetako kapitala aski barneratuta zegoen eta Kubaren mendekotasun komertziala aski sakona zen eta, horrenbestez, esku hartze militar iraunkorrerako beharra txikiagoa zen.
Washington eskualdean zuen gaitzespena gutxitzen eta bere eragina egonkortzen saiatu zen itunen, maileguen, merkatu kuoten eta aitortza diplomatikoen bidez eta ordena ziurtatzeko gaitasuna zuten lekuko estatu aparatuei babesa eskainiz, ageriko administrazio kolonial bat izateko beharrik gabe
Desegonkortasun garai horren aurrean, Estatu Batuek Fulgencio Batista sargentu gaztea babestu zuten eta azkar batean nagusitu zen herrialdeko arbitro politiko moduan, zeharkako hegemoniako garai bati hasiera emanez, zeinetan AEBk itzalpetik presidenteak jartzen eta kentzen zituen ordena mantentzeko eta Washingtonen eragina bermatzeko. Ondoren, bere agintaldi konstituzionala izan zen 1940 eta 1944 bitartean. Demokrazia formaleko parentesi labur baten ondoren, zeinetan gobernuen ustelkeria nagusi izan zen, “batistarren goren unea” iritsi zen, eta horrek eman zion itxiera aldiari; izan ere, 1952an Batistak estatu kolpea eman zuen eta aldi konstituzionala bukarazi zuen, zuzeneko diktadura bati bide emanez.

Gerra Hotzaren konfrontazio sistemikoa eta blokeoaren hasiera (1959-1991)
Uztailaren 26ko mugimendua (Movimiento 26 de Julio) izenekoak Batistaren diktadura militarra eraitsi zuen 1959ko urtarrilaren 1ean eta Fidel Castrok azkar lortu zuen nabarmentzea; horrek eskualdeko oreka geopolitikoa irauli zuen. Hasiera batean Washingtonek 1959ko urtarrilaren 7ko behin-behineko gobernu iraultzailea aitortu bazuen ere, Dwight D. Eisenhower presidenteak uko egin zion Castrorekin biltzeari kubatarrak urte hartako apirilean Washingtonera egin zuen bisitan , eta maiatzean nekazaritza-erreformari buruzko legea onartzearekin, aldebiko harremanak erabat hoztu ziren. Era berean, kapital estatubatuarreko petrolio findegiak eta telekomunikazio konpainiak ordainik gabe nazionalizatu zituzten eta, horrenbestez, estatubatuarrek uhartea kontrolatzeko zituzten oinarri materialak kolokan jarri ziren. Hortaz, Eisenhowerren gobernuak Kubaren azukre kuota bertan behera utzi zuen eta ezkutuko ezegonkortze planen prestaketa abiarazi zuen. 1961eko urtarrilaren 3an Washingtonek dekretuz harreman diplomatikoak formalki hautsi ondoren, urte hartako apirilean John F. Kennedy presidente berriak Kubako erbesteratuen espedizio militarra baimendu zuen Cochinos badian, baina espedizioak huts egin zuen. Erasoaren erabateko porrotak Habanaren eta Sobietar Batasunaren arteko behin betiko hurbilketa eragin zuen eta, ondorioz, buru nuklear klandestinoak ezarri zituzten uhartean eta 1962ko urriko Misilen Krisia gertatu zen. Krisi horri amaiera emateko, Estatu Batuek uhartea ez inbaditzeko eta Turkian ezarririko jaurtigai iparramerikarrak kentzeko konpromisoa hartu zuten.
Kapital estatubatuarreko petrolio findegiak eta telekomunikazio konpainiak ordainik gabe nazionalizatu zituzten eta, horrenbestez, estatubatuarrek uhartea kontrolatzeko zituzten oinarri materialak kolokan jarri ziren. Hortaz, Eisenhowerren gobernuak Kubaren azukre kuota bertan behera utzi zuen eta ezkutuko ezegonkortze planen prestaketa abiarazi zuen
1962ko otsailean, Kennedyk aldebakarreko zigorrak gogortu zituen eta erabateko blokeo ekonomikoa ezarri zuen, aktibo kubatarren kontrol erregulazioak (Cuban Assets Control Regulations, CACR) iragarriz, Etsaiarekiko Merkataritza Legea izenekoaren agintaritzapean. Ondorengo hiru hamarkadetan zehar, Kubak bloke sozialistako aliatu estrategiko gisara jardun zuen, laguntza militarra, instruktoreak, aterpe politikoa eta baliabide materialak eskaniz mundu osoko mugimendu matxinatu antiinperialistei.
Garai historiko horretan, Kubak inperialismoaren kateak haustea lortu zuen eta estatu klientelar izatetik estatu burujabe izatera igaro zen. Aipatzekoa da Sobietar Batasunaren laguntzak erabateko garrantzia izan zuela eraldaketa sozialeko prozesua gauzatu ahal izateko oinarri materialak jartzerako garaian. Era berean, Kubako herri langilearen borroka iraultzaileari erantzunez, Estatu Batuek setio ekonomikoa eta politikoa gauzatzeko neurriak abiarazi zituzten, eta horrekin hasiera eman zitzaion blokeoaren estrategiari.

Carter Administrazioaren baretze taktikoa eta blokeoaren kodeketa parlamentarioa
Oro har gatazka zurruna izan bada ere, Jimmy Carterren gobernupean baretze diplomatikoko prozesu labur eta berri bat probatu zuten. Carterren barealdiak ez zuen Washingtonen helburu estrategikoak desagertzea eragin; aitzitik, horiek lortzeko bitarteko eraginkorrenen inguruko eztabaida bultzatu zuen. Estatu aparatuko zenbait sektorek uste zuten erabateko etsaitasunak Kubak Sobietar Batasunarekiko zuen dependentzia areagotu eta zenbait arazo konkreturen kudeaketa zaildu zezakeela, hala nola migrazioa, arrantza eta itsasoko mugaketa. 1977ko martxotik aurrera, Washingtoneko eta Habanako ordezkariek isilpeko elkarrizketa-txandak izan zituzten eta horien emaitza gisara AEBko herritarrei bidaiatzeko debekua aldi baterako kendu zieten eta urte horretako apirilean arrantza-mugei eta itsas mugei buruzko aldebiko akordioak sinatu zituzten.
Nolanahi ere, gerturapen horrek Florida hegoaldean finkatutako erbesteratu kubatarren erantzuna eragin zuen, garai hartan 750.000 pertsonak osatua. Sektore horrek, 59ko iraultza aurreko Kuba gidatzen zuen kazike-burgesiak zuzenduta, zuzeneko aktibismo politiko-elektoralera eta biolentzia terroristara jo zuen negoziazioak porrotera eramateko. Hori guztia erbesteratuek hauteskunde indar handia zuten testuinguru batean gertatu zen: Miami-Dade konderrian Carterren garaipena ziurtatu zuten, 1976ko sufragioen %58 izanik.
Gerra Hotza amaitu eta Kubak sobietarren babes ekonomikoa galduta, Estatu Batuetako Kongresuak bere gain hartu zituen blokeoaren diseinua eta kontrol zuzena. 1992ko demokrazia kubatarraren legeak (Torricelli Legea) eta 1996ko Kubako askatasun eta elkartasun demokratikorako legeak (Helms-Burton Legea) izaera betearazleko zigor guztiak irismen federaleko gorputz legal bakarrean formalki kodifikatzea ekarri zuten. Modu horretara, galarazi egin zen ezein presidentek merkataritza-murrizketak aldebakartasunez eta aurretiaz onespen legegilea jaso gabe altxatzea eta harremanak berrezartzeko baldintza bat jarri zuten: Kubako Alderdi Komunista baztertzen zuen trantsizioko gobernu bat ezartzea.
Carterrek Kubarekiko saiatu zuen barealdiak ez zuen Washingtonen helburu estrategikoak desagertzea eragin; aitzitik, horiek lortzeko bitarteko eraginkorrenen inguruko eztabaida bultzatu zuen
Fase historiko horrek Miamin finkatutako burgesia kubatarraren lobbya sofistikatzea ekarri zuen, bai eta Kubaren setio politiko eta ekonomikorako tresna nagusi gisa blokeoa sistematizatzea eta instituzionalizatzea ere. Azpimarratzekoa da Kubako kapitalaren eragin ahalmena lehen mailako kontua dela AEBko gobernuak fase honetatik aurrera egin zituen setio mugimenduak ulertzeko. Hori dela eta, ondorengo lerroetan lobby horren sorrera labur azaltzen saiatuko naiz, AEB uhartean gauzatzen ari den egungo erasoaldia eta Miamiko presio taldeak bertan duen eragina aztertu aurretik.
II. Miamiko lobby kubatar-amerikarraren sorrera, garapena eta sofistikazio instituzionala
Lobby kubatarraren garapenak nagusiki bi fase ditu, esku hartzeko moduaren arabera bereiziak. Batetik, taktika terroristek ezaugarritutako fase bat dago eta, bestetik, politika instituzionalean interbenitzera bideratuago dagoen egonkortze fase bat. Esan gabe doa sektore hauek Estatu Batuetako politikan eragiteko duten gaitasuna ez dela inoiz ez autonomoa, ez mugagabea izan. Haien eragina handitu egin da haien helburu zehatzek estatuaren beharrizan zabalagoekin eta kapital estatubatuarraren frakzio jakinenekin bat egin dutenean.
Oinarri soziopolitikoa eta bide instituzionaletarako trantsizioa
Lobby kubatarraren garapenak nagusiki bi fase ditu, esku hartzeko moduaren arabera bereiziak. Batetik, taktika terroristek ezaugarritutako fase bat dago eta, bestetik, politika instituzionalean interbenitzera bideratuago dagoen egonkortze fase bat
Fidel Castroren gobernua finkatu ondoren, 1960ko hamarkadako erbesteratuen lehen fluxuak (gehienak sektore aberatsez, enpresariez eta Batistaren erregimeneko funtzionario militar ohiez osatuak) Miamiko (Florida) metropoli-eremuan ezarri ziren gehienbat. Hasiera batean, ekonomikoki txertatzeko zailtasunak izan zituzten, baina berehala gainditu zituzten zailtasunok Luis Botifoll kubatar jatorriko bankariak zuzendutako Banku Errepublikarrak finantza-kredituko lehentasunezko lerroak eman zizkielako eta horrek denda txiki eta ertainen sare sendo baten loraldia erraztu zuelako, bai eta Habana Txikiko Calle Ocho inguruan kultura eta negozioen loraldia eragin ere. Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan, erbesteko oposizioa ekintza armatuaren inguruan antolatu zen ia bere osotasunean eta eskuin muturreko fakzio nazionalistak nagusitu ziren, hala nola, Alpha 66 talde paramilitarra, MNC New Jerseyko mugimendu nazionalista kubatarra eta Omega 7 erakunde terrorista. Azken horrek bahiketak, merkataritza interesen sabotajea eta atentatuak gauzatu zituen AEBn bertan. Baina Estatu Batuetako inteligentzia zerbitzuek pixkanaka babes ofiziala emateari utzi zioten eta pixkanaka gizartearen arbuioa areagotu zen, besteak beste 1976an Barbadoseko kostan 455 hegaldia egiten ari zen Aerolínea Cubanaren hegazkina leherrarazi baitzuten, baita beste ekintza terrorista batzuk egin ere, eta, ondorioz, erbestean zeuden kubatarrak bestelako taktika batzuk entseatzen hasi behar izan ziren Estatu Batuetako barne politikaren baitako bide konstituzionalen barruan.

FNCA eta AIPAC eredua
1981ean Ronald Reagan presidente bihurtzeak kubatar-amerikarren estrategia organizatiboa erabat aldarazi zuen. Une hartan Reaganen Segurtasun Nazionaleko kontseilari zen Richard Allenen iniziatibaz, Jorge Mas Canosa, Raúl Masvidal eta Carlos Canosa erbesteratutako enpresariek fundazio nazional kubatar-amerikarra (Fundación Nacional Cubano Americana, FNCA) eratu zuten 1981ean bertan, Mas Canosaren zuzendaritzapean. FNCAren egitura berariaz prestatu zen AIPAC Israelen aldeko eragin handiko presio taldearen atzekoa izan zedin. FNCAk zereginak banatzeko sistema sofistikatu bat diseinatu zuen eta baliabideak bereizi zituen: analisi eta ikerketa akademikoa bideratzeko; bi alderdietako (bai errepublikarrak, bai demokratak) legegileekin kudeaketa-lan politikoak egiteko; eta kanpainetarako diru ekarpenen kanalizazio masiboa zuzentzeko, Free Cuba PAC eta antzeko bitarteko finantzarioak baliatuz.
FNCAko zuzendaritza-batzordea batez ere Miamiko banku eta inportazio eta esportazio sektoreetako lider garrantzitsuenek osatu zuten. Erakundeak eragin legegile bipartidista eztabaidaezina finkatu zuen eta 1983ko Kubarako irrati difusioaren legea, 1985ean Radio Martíren emisioa abiarazi zuena, eta ondorengo 1990ko Kubarako teledifusioaren legea, castrismoaren aurkako TV Martí propaganda aparatua sortu zuena, onartzea lortu zuen.
US-Cuba Democracy PAC taldearen goraldi garaikidea
FNCAren egitura berariaz prestatu zen AIPAC Israelen aldeko eragin handiko presio taldearen atzekoa izan zedin
Jorge Mas Canosaren heriotzak eta FNCAren hegemonia bateratuaren amaierak eraginda, erbeste kubatarraren indar politikoak sakabanatu egin ziren. 2003ko maiatzean, US-Cuba Democracy PAC legalki eratu zen, komunitateko hegal moderatuan indartzen ari ziren posizio bakegileen aurrean isolamendu politikak berpizteko helburuarekin. Gus Machado automobilgintzako enpresariak eta Maurixio Claver-Carone abokatuak sortu zuten eta ekintza politikoko batzorde forma zuen (Public Affairs Committee, PAC) atzerriko lobby independente handiena bihurtu zen AEBko espektro politiko osoan funtsak erakarri eta emateari zegokionez, Israelen aldeko lobbyak alde batera utziz gero. US-Cuba Democracy PAC taldeak maila federaleko politika parlamentarioak atzemateko teknika perfekzionatu zuen. Haien baliabide ekonomikoak herrialdearen barnealdeko estatuetako ordezkari eta senatari demokrata zein errepublikarrei bideratu zizkieten batez ere, Miamiko migrazio dinamiketatik urrun kokatzen zirenak, baina bozka erabakigarria zutenak muga zergen, nekazaritzaren eta kanpo merkataritzaren inguruko konpetentziak zituzten komiteetan. Ekarpenei esker, PAC horrek modu zuzenean eragin zuen, gutxienez, 18 kongresukide federalen bozka-erregistroan: nekazaritza irekitzearen aldeko merkataritza-posizioak izatetik, sistematikoki merkataritza-blokeoaren zurruntasuna mantentzearen alde bozkatzera igaro ziren.

III. Trump Administrazioaren ofentsiba berria (2025-2026): Floridako lobbya boterean
2025eko urtarrilean Trump Bulego Obalera iristeak Estatu Batuek Karibeko uhartearen aurkako ofentsiba gogortzea eragin zuen, segurtasun nazionaleko estrategia berriarekin. Mendebaldeko bloke inperialistak bizi duen krisi historikoak bultzatuta, Latinoamerikaren mendekotasuna bermatzera bideratutako politikak indartu dira Donroe doktrina berriarekin; hau da, Monroe doktrina historikoaren eguneratzearekin. Zentzu horretan, aipagaria da lobby kubatarra gobernu errepublikarraren kanpo politika konfiguratzeko garaian hartzen ari den zentralitatea, Marco Rubioren figuran pertsonifikatuta.
Marco Rubioren rola hemisferioko diplomaziaren zuzendari gisara
2025eko urtarrilaren 20an, Marco Rubio kubatar jatorriko senatari ohia Estatu Batuetako 72. estatu idazkari hautatu zuten aho batez, eta horrek nabarmen aldatu zuen AEBko kanpo politika Karibeko arroarekiko eta Hego Amerikarekiko. Trumpek, 2025eko maiatzean, Segurtasun Nazionaleko aholkulari ere izendatu zuen eta, modu horretara, Rubiok Estatu Batuen diplomaziaren historia garaikidean aurrekaririk gabeko eragin instituzionala metatu zuen. Rubiok erbesteratuen lobbyaren hizkera tradizionala moldatu du, Donald Trumpen segurtasun nazionaleko doktrina nazionalistarekin bateragarria den logika baten baitan txertatzeko. Haren argudiaketak gogoeta ideologikoetara mugatzetik urrun, Rubiok Habanako gobernua erabat itotzea justifikatzen du esanez berau berehalako eta egiazko mehatxua dela Estatu Batuen barne egonkortasunerako. Kontaketa horren arabera, Kuba “tiraniaren troika” izenekoaren parte da eta leporatzen diote Txinaren presentzia militarra eta inteligentziazkoa erraztea, Errusiako bigilantzia-base elektonikoak izatea eta Hezbollahren eta Iranen zelulei babes ematea.
Mendebaldeko bloke inperialistak bizi duen krisi historikoak bultzatuta, Latinoamerikaren mendekotasuna bermatzera bideratutako politikak indartu dira Donroe doktrina berriarekin; hau da, Monroe doktrina historikoaren eguneratzearekin
Azken ofentsiba 2025eko urtarrilaren 31n hasi zen formalki, Rubiok Kongresu Federalean ofizialki iragarri baitzuen irten berri zen Joe Bidenen gobernuak uharteaz ezarritako aginduak bertan behera uzten zituela.
GAESA itotzea eta 14404 Agindu Betearazlearen araberako bigarren mailako zigorrak
Mauricio Claver-Caronek, Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren Mendebaldeko Hemisferioko Gaien zuzendariak, diseinatu zuen presio kanpaina, “alderantzizko domino efektua” deritzon premisa taktikoaren arabera: Kubako finantza sareen kolapsoak Caracas eta Managuako gobernu aliatuak erortzea eragingo luke, bi horiek Habanako inteligentzia zerbitzu militarrek sostengatzen baitituzte. Helburu nagusia zen enpresa-administraziorako konglomeratu militarra (Grupo de Administración Empresarial SA, GAESA); izan ere, hark kontrolatzen ditu turismoa (Gaviota SA), telekomunikazioak, sare minoristak (CIMEX) eta nazioarteko finantza bankua (Banco Financiero Internacional, BFI). Setio estrategikoa presidentearen bi dekreturen bidez indartu zuten:
Zigorrek berehalako eragina izan zuten nazioarteko turismoan, Kubako ekonomiaren dibisa-iturri nagusian, zeinak, aurreko ekitaldian, BPGaren %50 eta zerbitzu sektorearen %80 osatu baitzuen. Estatu Batuetan presentzia handia duten kontsortzio turistiko multionazional garrantzitsuek, hala nola, Blue Diamond Resorts korporazio kanadiarrak edota Iberostar hotel kate espainiarrak, bertan behera utzi zituzten modu diskretu eta ezustekoan Gaviota SA firma militarraren jabetzekin zituzten errenta eta marka gestioko akordioak 2026ko maiatzean, Washingtonen zigor finantzarioak saiheste aldera. Zigorren eraginez, Kanadako Sherritt International meatzaritza-multinazionalak ere akordio ez lotesle bat sinatu behar izan zuen 2026ko maiatzean, Moa Nickel SA aldi baterako enpresa elkartean zuen %55eko partaidetza Gillon Capital inbertsio sozietateari transferituz, hain zuzen, Estatu Batuetako kontrol finantzariorako agentziek egindako presio eta ohartarazpenen ondorioz.
Ofentsiba osagarriak: legeak baliatuz ezegonkortzea eta misio medikoak bertan behera uztea
Alderdi legalari erreparatuz, uhartearen merkataritza-subirautzaren aurkako ofentsiba Estatu Batuetako gorte federaletan gauzatu da, Helms-Burton Legearen III. titulua berraktibatuz. Disputa honen mugak ezartzen dituen eredu kasua Exxon Mobil petrolio korporazioak Unión Cuba Petróleo estatu korporazioaren aurka jarritako milioi askoko demanda da, 1959an findegiak desjabetu zituela eta. Berehala ebatziko da auzi hori Estatu Batuetako Gorte Gorenean eta horrek demanda zibil masiboei eta kubatar jatorriko
atzerriko ezein kontu edo aktibo enbargatzeari bide eman diezaioke.
Era berean, Kubako misio medikoen aurkako erasoaldia gauzatzen ari dira. Washington presio diplomatikoak koordinatzen ari da hainbat herrialdetan, misio horiek gizakien salerosketatzat eta bortxazko lantzat joz. Horren ondorioz, pixkanaka mediku kubatarrak alde batera uzten ari dira Guatemalan, Hondurasen, Bahametan, Antigua eta Barbudan eta Granadan, eta kontratuak bertan behera utzi dituzte Italiako Calabria eskualdean. Hala, Habanari ezinbesteko dibisa iturri bat kendu diote.

Ondorioak
Estatu Batuak gaur egun Kubaren aurka gauzatzen ari diren ofentsiba bi elementuren bateratze historikoaren ondorio da: batetik, Estatu Batuek, euren nagusitasun inperiala galtzen ari direnez, mendebaldeko hemisferioa erabat dominatzeko beharra dute eta, bestetik, erbesteratutako kapital kubatarrak uhartearen kontrol politikoa berrartzeko aukera du. Hau da, Kubako eliteek uharteko boterea berreskuratzeko duten proiektuak zentzu historiko handiagoa du orain, Estatu Batuetako oligarkiak, bere nagusitasun globala galdu duenez, nazioarteko potentzia berriei aurre egiteko Latinoamerikaren kontrola bermatzeko beharra duen garai honetan. Hortaz, momentu historiko jakin honetan lortu du Miamiko lobbyak eragiteko gaitasunik handiena, bete-betean egiten baitu bat AEBko kapitalaren beharrekin.
Estatu Batuak gaur egun Kubaren aurka gauzatzen ari diren ofentsiba bi elementuren bateratze historikoaren ondorio da: batetik, Estatu Batuek, euren nagusitasun inperiala galtzen ari direnez, mendebaldeko hemisferioa erabat dominatzeko beharra dute eta, bestetik, erbesteratutako kapital kubatarrak uhartearen kontrol politikoa berrartzeko aukera du
Bloke atlantistaren hegemoniaren amaiera ekoizpen modu kapitalistaren egungo fasearen agortze edo gainbeheraren ondorio eta isla da eta, horren ondorioz, Estatu Batuetako gobernuak Amerikako kontinentea kontrolatzeko beharra dauka harengandik hurbilen dauden lurraldeetan segurtasun perimetroa bermatzeko Asia-Pazifikoa ardatzari heldu aurretik, azken horretan baitauka zain bere lehiakiderik handiena: Txina. Analisi marko honen baitan uler ditzakegu Venezuelako operazioa, Peruko eta Kolonbiako hauteskundeetako balizko esku hartzea, Groenlandiako auzia edota Kubako setioa bera. Ikuspegi orokor hori kontuan hartuz ulertu behar ditugu jarraian aletuko diren ondorio konkretuagoak.
Hasteko, Kuba dominatzeko nahia ez da orain hasi, ezta Gerra Hotzaren garaian ere. XIX. mendean “fruta ondua”, Monroe eta “ageriko patua” doktrinak ezarri zirenetik, Estatu Batuek euren botere inperiala proiektatu dute Karibeko uharte txikian. Eskualde mailako zein munduko panorama geopolitikoa eta Estatu Batuetako kapitalaren metaketa-beharrak aldatzen joan ahala, Kuba kontrolatzeko mekanismo inperialak eraldatzen joan dira, artikulu honetan aztertu ditugun fase bakoitzaren ezaugarrien arabera (kontrol politiko zuzena, zeharkako hegemonia eta blokeoa).
Gaur egun, eboluzio horrek gerra ekonomikoa egiazko estatu politika bihurtu du. Blokeoa Kubako Iraultzaren garaipenaren ondorioz instituzionalizatu bazen ere, Estatu Batuetako
Kongresuak SESB erortzea baliatu zuen politika hori bere egiteko koiuntura moduan, Torricelli eta Helms-Burton Legeen bidez, gobernuaren zigorrak lurraldez kanpoko lege federal mugiezin bihurtuz, erregimen aldaketa bat behartu nahian.
Lege egitura zurrun hori posible izan da erbesteratutako eliteek instituzioak atzeman izanari esker. Miamiko lobby kubatar-amerikarra sofistikatu ondoren, presio talde horiek gai izan ziren AEBko erabaki parlamentario federalak euren lekuko interesetara azpiratzeko, hauteskunde kanpainak estrategikoki finantzatuz. Eragin gaitasun hori bere puntu gorenera iritsi da lobbyko figura nagusiak Estatu Batuetako boterearen nukleora iritsi direnean, hain zuzen, Marco Rubio 2025ean estatu idazkari eta Segurtasun Nazionaleko aholkulari bihurtu baitzen. Mugarri horrek segurtasun nazionalaren instrumentalizazio ideologikoa kontsolidatu du eta hitz egiteko modua era esplizituan birmoldatu dela islatzen du: Kubaren aurkako asfixia jada ez dute arrazoi ideologikoek soilik justifikatzen, baizik eta uhartea atzerriko potentziekin –Txina, Errusia eta Iran, kasurako– lotutako berehalako mehatxu militar gisara aurkezten dute.
Plano materialean, kontaketa hori baliagarria da Kubako estatuaren oinarri ekonomikoen aurkako basakeria justifikatzeko. Claver-Caronek bultzatutako “alderantzizko domino efektua” doktrina baliatuz. 2026ko ofentsibak zuzenean eraso die herrialdeko finantza arteriei (GAESA), bigarren mailako zigorren eta itsas blokeoen bidez, atzerriko inbertsioa, turismoa eta energia hornikuntza nahita uxatuz, estatuaren porrot ekonomikoa eragin nahian. Aldi berean, ofentsibak nazioarteko elkartasunaren aurka jo du, erabat isolatzeko estrategia baten bidez. Horretarako, Estatu Batuetako diplomaziak beste herrialde batzuk finantzarioki itotzen ditu eta presio politiko zuzenak eragiten dizkie, mediku brigada kubatarrak desegiteko eta uhartea funtsezko dibisa-iturri hori gabe uzteko.
Nolanahi ere, dimentsio anitzeko asfixia-kanpaina horrek bere barne kontraesanak agerian uzten ditu, migrazio bumeran saihestezin bat eragiten baitu. Energia, turismoa eta baliabide finantzarioak itoaraziz, AEBk Kuban bizitzea ezinezko egiten du eta, ondorioz, aurrekaririk gabeko migrazio krisi bat eragin du. Horrek Estatu Batuetako hegoaldeko mugak gain hartzea eragiten du, erakutsiz Habana ezegonkortzeko baliatzen ari diren politika inperialek AEBko barne segurtasuna zuzenean kaltetzen dutela azken finean.
Bukatzeko, datozen hilabeteak funtsezkoak izango dira uhartearen etorkizunerako; ikusiko dugu ea setioa Kubako gobernua botatzeko erasoaldi militar zuzen bihurtzen den.