Urte guztiak bezala, hau ere etorkizunera igaroko da, eta Eurokopako titulua eskuratzeko balio izan zuen golarengatik edo Olinpiar Jokoetako anfitrioia izan zen herrialdeagatik oroituko dute. Izan ere, beroarekin batera ohikoa den bezala, masak ur handitan murgilduko dira urteko hiri-ekimen garrantzitsuenean.
Ekitaldiaren aldez aurrekoak oso interesgarriak eta argigarriak izaten dira: halako ekimenak euren mugetara erakartzeko asmoz estatu handiek euren artean izaten dituzten eztabaidek erakusten dute, hain zuzen ere, kontu kontingenteak direla futbol zelaian edo atletismoko pistan gertatzen direnak; oso garrantzi txikikoak. Hautagai guztiak lehiaketa moduko batera sartzen dira, eta frogatu behar dute euren estatuak beharrezko baldintzak betetzen dituela kontzentrazio-esparru handi bat abian jartzeko, eta bertan esperimentu sozial bat egiteko.
Hautagai guztiak lehiaketa moduko batera sartzen dira, eta frogatu behar dute euren estatuak beharrezko baldintzak betetzen dituela kontzentrazio-esparru handi bat abian jartzeko, eta bertan esperimentu sozial bat egiteko
Jakina, herrialde anfitrioiek bete beharreko baldintzek lotura estua dute ekimen horiek gauzatzeko gaitasunarekin. Horregatik, tamaina horretako ekimen bat antolatzeko eskatzen diren baldintzek asko esaten dute haien izaerari buruz: ez dute axola futbolarekiko gustu onak edo atleten merituak, edo herrialde batean edo bestean kirol jakin batek duen errotzeak, garrantzitsuena egitate soziala bera gauzatzeko gaitasuna izatea da, eta ezarritako helburuak betetzen dituela bermatzea. Horregatik, herrialde anfitrioia aukeratzean, erabakigarria da ekimen horiek antolatzeko behar besteko segurtasuneko, koertzioko eta kontrol sozialeko plan bat izateko gaitasuna.
Hori logikoa da, noski. Zentzugabea litzateke Olinpiar Jokoetan horien eta kirolaren arteko erlazioren bat bilatzea. Edo, agian, onartu beharko litzateke kirola deiturikoa horixe dela: egitura sozial jakin bat eratzeko elementu kulturala. Jarduera fisiko soil bat baino zerbait gehiago da, edo, are, jarduera kolektibo baten barruko lehiakortasuna baino zerbait gehiago. Nolanahi ere, diogun bezala, ikusirik eskatzen diren baldintzek zerikusi handiagoa dutela ekimen sozialarekin haren ustezko edukiarekin (kirolarekin) baino, alderantziz ulertu beharko genuke agian: kirola aitzakia da, benetako edukiaren bitarteko itxuraldatu bat.
Ikusirik eskatzen diren baldintzek zerikusi handiagoa dutela ekimen sozialarekin haren ustezko edukiarekin (kirolarekin) baino, alderantziz ulertu beharko genuke agian: kirola aitzakia da, benetako edukiaren bitarteko itxuraldatu bat
Hori horrela ez balitz, ekitaldi horiek ez lirateke antolatuko. Ezta diruagatik ere. Enpresen eta estatuen etekin ekonomikoak, garrantzitsuak badira ere, ez dute berez justifikatzen ekitaldi horien antolaketa. Ez da nahikoa. Ekitaldi horien izaerak pentsarazten digu ez kirolak ez diruak ez dutela behar bezala jasotzen haien benetako helburua, haien benetako edukia: kontrol soziala, diziplina soziala... azken batean, burgesiaren klase-borroka proletalgoaren aurka.
Jakina, edonork ikusten ditu ikuskizun sozial horiek mugitzen dituzten diru-kantitate izugarriez. Inork ez du zalantzan jartzen onuradunak nortzuk diren, eta horien artean politikari mordoa dagoela. Baina ekitaldi horien benetako ekarpena izan ohi da, hain justu, segurtasun-neurri, lege eta protokolo berriak ezartzea, milaka pertsona lekualdatzea eta espazioa gizarte- eta hiri-arloan berregituratzea... Hau da, klase-borroka eremu kualitatibo berritu batean hedatzea, kirolaren eta kirolaz segurtasun osoz gozatzeko eskubidearen aitzakiarekin.
Ekitaldi horien benetako ekarpena izan ohi da, hain justu, segurtasun-neurri, lege eta protokolo berriak ezartzea, milaka pertsona lekualdatzea eta espazioa gizarte- eta hiri-arloan berregituratzea... Hau da, klase-borroka eremu kualitatibo berritu batean hedatzea, kirolaren eta kirolaz segurtasun osoz gozatzeko eskubidearen aitzakiarekin
Hori horrela ez balitz, ekimen horietako batek ere ez luke inolako zentzurik izango. Enpresarien eta politikarien etekin ekonomikoak azal dezake, beharbada, estatu jakin bateko burgesiak zergatik izaten duen ekitaldi baten anfitrioi izateko bat-bateko bultzada, baina ez du inola ere azaltzen zergatik antolatzen diren halako ekitaldiak behin eta berriz mundu mailan. Burgesiaren burmuin kolektiboak haren zati nazional bat aberastea baino zerbait gehiago bilatzen du: hori gertatzen jarraitzeko baldintzak inposatzea bilatzen du, hau da, proletalgoak menpeko klasea izaten jarraituko duen klase-borrokaren esparrua zehaztea. Egitate politiko batek azaltzen du (mendekotasuna) aukera ekonomikoa (proletalgoa esplotatuz burgesia aberastea). Proletalgoaren mendekotasunaren eta klase-borrokaren teoriarik gabe, ezin dugu ulertu klase-esplotazioaren errealitate ekonomikoa.
Beraz, hizpide ditugun kirol-ekitaldiak, egiaz, laborategi sozial handi bat dira, eta kontrol sozialeko teknika garatzea ahalbidetuko duten datuak ateratzea dute helburu. Hau da, burgesiak klase-borrokan proletalgoa menderatzeko dituen tresnak dira. Kirolarekiko maitasunagatik balitz, ez litzateke antolatuko segurtasunerako arriskutsutzat jotzen den ekimenik. Hiri-metropoli handietan ere ez lirateke egingo, horrek arazo asko sortzen baititu. Eta horrela egitearen arrazoia da metropoliaren hiri-eremua gerra zibil latente baten etorkizuneko gudu-zelai gisa hartzen dela.
Ekimen horiek burgesiaren gerra-makineria hobetzeko xedez eragindako masa-ekitaldiak dira, makineria hori egokitzen dutenak proletalgoaren gaur egungo klase-osaerara (proletario deserrotua, lanaldi partzialeko lana duena edo langabe kronikoa dena, hiri handietan pilatuta dagoena eta sindikatuetan afiliatzeko edo egitura formal legeztatuetan elkartzeko aukerarik ez duena...), bai eta proletalgoaren potentzia subjektiboetara ere (komunistek lurralde-antolaketa hedakorra dute aukera bakar gisa, hau da, espazioaren kontrolagatiko gerra irekia).
Hori dela eta, masen portaerak datu bidez prozesatzea ahalbidetuko duten kongregazio sozialak eta jarrerak bultzatzen dira, errepresioaren eta kontrol sozialaren makineria hobetzeko. Azken batean, burgesiaren ikuspegitik, ekitaldi horiek klaseen arteko gerra baten simulatzen dute proletalgoaren klase-osaerarekin bat datorren forma modernoan.
Hain zuzen ere, horregatik dira prozesatutako datu asko espazioko jarrerari eta portaera fisikoari buruzkoak. Horrekin, mugikortasun sozialaren nolabaiteko araudi bat lortu nahi da, aukera emango duena etorkizunean metropoli kapitalistaren barruan izan daitekeen gerra estrategiko batean masek izan ditzaketen jarreren antzeko mugimenduak aztertzeko. Halako ekimenek bultzada zientifiko bat dakarte masen psikologia aztertzeko eta kontrol sozialerako mekanismo egokiak garatzeko, bizi dugun garaira egokituak, hau da, krisi kapitalista kronikoko eta miseriazko garaietara, klase-antagonismoaren areagotzearen eta iraultza sozialaren mehatxuaren garaiotara egokituak.
HEMEN ARGITARATUA