Fidel Castroren esanetan, “internazionalismorik gabe Kubako Iraultza ez litzateke existituko ere. Internazionalista izatea gizateriarekin dugun zorra kitatzea da”. Hitz horiekin, iraultzaile ezagunak internazionalismoa eta Iraultza kubatarraren zortea bereizezin gisa lotzen zituen. “Edozein herrialdetan ideia baten garaipena beti hainbat belaunaldiren ahaleginaren fruitu eta gizateria osoaren parte-hartzeari esker da”
Kubako Santiago hirian 1978ko uztailaren 26a zen Fidel Castrok, Kubako Iraultzari hasiera eman zion Moncada kuartelari eginiko erasoaren 25. urteurreneko ekitaldian, Kubaren sentimendu internazionalista bere esaldi ospetsuan bildu zuenean: “Internazionalismorik gabe Kubako Iraultza ez litzateke existituko ere. Internazionalista izatea gizateriarekin dugun zorra kitatzea da”. Hitz horiekin, iraultzaile ezagunak internazionalismoa eta Iraultza kubatarraren zortea bereizezin gisa lotzen zituen. “Edozein herrialdetan ideia baten garaipena beti hainbat belaunaldiren ahaleginaren fruitu eta gizateria osoaren parte-hartzeari esker da”: iraultzaileen hainbat belaunaldiren esfortzuari eta konpromiso politikoari esker Fulgencio Batistaren erregimenaren ‒yankien inperioko diktadura proxya‒ garaipena lortu zen. Ez ziren soilik komunista eta iraultzaile konprometituak izan euren ideiekin eta ekintzekin lagundu zutenak –Marx, Engels, Lenin, Espartaco, eta Parisko Komuna aipatzen ditu Fidelek, besteak beste–, eredu izan baitziren bidea irekiz munduko beste garai eta lekuetan, mundu guztiko emakume eta gizonek Kubako Iraultzaren garaipenaren alde lagundu baitzuten; ospetsuena Ernesto “Che” Guevara komandante argentinarra izan zen, haren Boliviako mendietako martiritzaren ondorioz inperialismoaren kontrako ikur eta militanteen belaunaldien eredu bilakatu baitzen. Haiekin eta aunitzez gehiagorekin zorretan egonik, Kubako Iraultza aurrera ateratzea ahalbidetu zuen marxismo iraultzailearekin zuen zorra kitatzeko aukera herrialde bat eraikitzea izanen litzateke, aberri sendoa eta eredugarria, beti antiinperialismoaren eta eskuzabaltasun internazionalistaren alde konprometitua legokeena. Ideia horretan errotu zen abertzaletasun kubatar iraultzailearen eta internazionalismoaren bat etortzea, blokeo ekonomikoaren, komertzialaren eta finantzarioaren momenturik zailenetan ere jarraitu zuena.

Internazionalismo kubatar historikoa
Beste herriekiko elkartasuna eta internazionalismoa Kubako nazioaren balio sistemaren eta tradizio patriotiko eta iraultzailearen parte dira 1959ko iraultza baino lehenagotik ere, kolonizazioaren, esklabotzaren eta migrazioen historiak ekarpena egin baitzuen balio horien sorreran, baita Kubako herriaren sustrai multietnikoen sorreran ere. Hala eta guztiz ere, Kubako espainiar kolonialismoaren aurkako eta independentziaren aldeko borrokaren garaia izan zen haren borroka konpromiso antiinperialista latinoamerikarrarekin lotzeaz gain, gizateriaren emantzipazioaren aldeko proiektu politiko baten alde egiteko kontzientzia sakona eman ziona, Kubako abertzaletasun iraultzailea Marco Rubioren txobinismo inperialistatik argi eta garbi bereiziz: “Aberria gizatasuna da, hurbilen ikusten dugun eta jaiotzea tokatu zitzaigun gizadiaren zatitxoa da; eta ezin dira izen santu baten gezurraren bidez alferrikako monarkiak, erlijio konkordunak edo politika lotsagabe eta gosetiak garatzen
utzi, ezta bekatu horiei maiz aberri izena ematen bazaie ere, gizakiak ezin du gizaki gisa duen betebeharra ukatu, hurbilen duen eremuan”. José Martíren hitzak dira, Kubako heroi nazionala, iraultzailea eta idazlea, Kubako Independentzia Gerran borrokan hila, eta Latinoamerikan AEBren kontrako eta antiinperialismoaren aldeko sentimenduak garatzen eta pizten lehenbizikoetarikoa, belatz yankia bere itzala kontinentearen gainean proiektatzen hasi zenean hain justu.
1959ko urtarrilaren 1etik aurrera, internazionalismoa Kubako hezkuntzaren parte bilakatu zen, milaka koadro politiko, militar eta teknikoren eraketa integralerako osagai eta ardatz izanik, Kubako herriaren sentimendu nazionalaren oinarri objektibo izateaz gainera. Aldi berean, elkartasun internazionalista Kubako Errepublikaren kanpo politika gidatzeko printzipio bilakatu zen. Lehenik eta behin, zeren eta Kubak Estatu Batuekin eta ofentsiba inperialarekin zituen harremanak eten eta gero bloke sobietikoak eskaini zion laguntza estrategikoak iraultzaren bidez sorturiko Estatu kubatarraren biziraupena eta independentzia ahalbidetu baitzuen, ez ELEK (COMECON) eta espezialista eta teknikari internazionalen laguntza ordainezinaren bidez soilik, baizik eta arma sobietikoen ekarpen garrantzitsuari esker ere. Cochinos badian yankien inbasio mertzenarioaren porrot ikusgarri eta biribila zigilatzeko erabili ziren armok, eta urte batzuk beranduago milaka soldadu kubatarrek hartu zituzten, euren biziak Angola eta Etiopian sakrifikatzeko prest egonik. Bigarrenik, konpromiso internazionalista kubatar amaigabeak, etika eta justizia kontua izateaz gain, bere diplomazia-eredua eta aliantza antiinperialistak egituratu baititu eta, bloke sobietarraren sakabanatzearen ondotik, aliantza estrategikoetarako eta legitimazio internazionalerako bide gisa balio izan baitu, duela hainbat hamarkada Kuba itotzen tematutako AEBk menderatutako munduan, zeinak Kuba kolonia estatubatuar bilakatzeko eta akabatzeko helburu bikoitza duen, neokolonialismoaren kontrako erresistentziaren ikur eta mugimendu antiinperialisten eta sozialisten inspirazio iturri baita irla mundu zabalean.

Kubaren inperialismoaren kontrako borroka heroikoa “dagoen lekuan dagoela”
Inperialista yankiek elkartasuna erreakzioa eta faxismoa esportatzearen bidez adierazi eta neokolonialismoa nagusitasun inperialaren marko gisa ezartzen zuten bitartean, Kuba sozialista konpromiso antiinperialistaren eta iraultzailearen aldeko adibide epikoenetariko bat bihurtzen ari zen XX. mendearen bigarren erdian. Agertoki internazionalean AEBren presio inperialek erasotua, blokeatua eta isolatua zegoela, Kubak bere burua askapen nazionalaren aldeko eta inperialismoaren eta kolonialismoaren aurkako mugimenduen mundu mailako hiriburu gisa jarri zuen, mundu osoko herri zapalduen esperantza iturri, eta borrokaren eta erresistentziaren ikur internazional. Erlatiboki txikia den uharte horren ahalegin heroikoak zuzen balioesteko, gogoratu behar da historia horren momentu erabakigarrienak munduko bazter guztietan diktadurek eta matxinaden aurkako borrokek –yankiek finantzatuak, entrenatuak eta armaz hornituak– torturatzen, hiltzen, bahitzen, zigortzen eta desagertze masiboak eragiten zituzten garaiak izan zirela, AEBren inbasio zuzenaz aprobetxatzen ez zirelarik, Guatemalan hasi (1954) eta Panaman buka (1990), artean izanik Kongo (1961), Brasil (1964), Indonesia (1965), Dominikar Errepublika (1965), Vietnam, Laos eta Kanbodia (1960 eta 1970eko hamarkadak), Txile (1973), El Salvador (1981), Grenada (1983)... bidenabar Gladio operazioaren sare antikomunistak Europa zaharrean josiz. Urte horietan FARek (Fuerzas Armadas Revolucionarias de Cuba) –garai hartan, yankien gibeletik, kontinente amerikarreko bigarren ejertzitorik handiena ziren– zenbait gatazka antiinperialistetan parte hartu zuen, tropak esku hartze militarretan zabalduz, zein laguntza diplomatikoa, politikoa, logistikoa eta militarra eskainiz, espioitza eta inteligentzia lanak eginez edota maila teknikoan, medikoan eta hezkuntzan laguntza emanez.
Agertoki internazionalean AEBren presio inperialek erasotua, blokeatua eta isolatua zegoela, Kubak bere burua askapen nazionalaren aldeko eta inperialismoaren eta kolonialismoaren aurkako mugimenduen mundu mailako hiriburu gisa jarri zuen, mundu osoko herri zapalduen esperantza iturri, eta borrokaren eta erresistentziaren ikur internazional
Kubak bere Iraultza finkatu bezain laster, kontinenteko iraultzari bihotz ematen hasi zitzaion, mugimendu gerrilleroak antolatuz eta sustatuz, eta Latinoamerika osoko borrokalari gehienen plataforma logistikoa eta operatiboa izanez. Kubara entrenamendu eta formakuntza militarra jasotzeko asmoz Bolivia, Guatemala, Nikaragua, Peru, Kolonbia, Venezuela, Argentina, Uruguai eta El Salvadorretik iristen ziren. 1965ean, Fidel Castrori adio erranik, Ernesto Guevarak Kubatik alde eginen zuela idatzi zuen bazihoala “betebehar guztietan sakratuena betetzeko: inperialismoaren kontra borrokatzea, dagoen lekuan dagoela”. Kongora joan zen, eta ondotik Boliviara; handik ez zen inoiz itzuli. Harekin edo haren adibideak inspiraturik, 300.000 kubatarrek baino gehiagok misioak egin zituzten atzerrian eremu militarrean soilik, eta horietako aunitz euren eginbehar internazionalistan zendu ziren.
Horrela jarraitu zuen Fidelek arestian aipatutako hitzaldian: “Soldadu kubatarrak senidetutako Algeriako Errepublikarantz abiatu ziren 1963an kanpo erasoen aitzinean babesteko, independentziaren aldeko borroka heroikoki irabazi ondoko hilabeteetan haren lurraldearen zati bat kentzen saiatzen ari zirelarik. 1973an Kubako soldaduak Siriara joan ziren herrialde hark, sionista oldartzaileen aurka izandako azken gerraren harira, laguntza eskatu baitzigun. Borrokalari kubatarrek Ginea Bissauren eta Angolaren askapenaren alde borrokatu eta bizia eman zuten, kolonialismo portugesaren aitzinean”. Algerian, Kubak 22 tankeko batailoiarekin parte hartu zuen, artilleria eta mortero taldeez, tankeen aurkako kanoien bateriaz eta ehundaka soldaduz gain. Yom Kipurreko gerraren azkeneko egunetan, tanke brigada batekin parte hartu zuen konbateetan. Urte horietan beretan Kubak hainbat eratan egin zuen Vietnamen askapenaren alde: Hego Vietnamgo Askapenerako Fronte Nazionala aintzatesten lehengo herrialdea izan zen 1960an, eta Vietnamgo Gerran zehar elkartasun irmoa erakutsi zuen, laguntza politikoa eta diplomatikoa bermatuz eta tekniko, instruktore eta militar adituak zein mediku eta ingeniari jakitunak bidaliz, ahalegin belikoan zehar zein hurrengo urteetan ere.

1975ean Carlota operazioa hasi zen, Kubak atzerrian egindako operaziorik handiena, 1843an Kuban izandako esklaboen matxinada handienetako baten buru izan zen esklaboaren omenez izendatua. Afrikarekin zuen anaitasunaren irudi izan zen, kolonizazioaren, esklabotzaren eta apalkuntzaren uztarripean egondako mendeen ondotik ernatzen hasia zena. 450.000 kubatar inguruk, artean mediku, irakasle, ingeniari eta soldaduk, Angolan jardun zuten 1991n operazioaren amaierara arte, portugesen zapalkuntzaren aurkako Angolako independentzia gerraren alde eginez, eta baita Hegoafrika supremazistaren eta Zaireren erasoaldiaren aurrean ere, CIAk babestutakoa. Angolaren independentziaren finkatzea, Namibiaren independentzia eta Hegoafrikako apartheid erregimenaren behin betiko ahultzea ere Carlota operazioan eroritako 2.600 kubatar baino gehiagoren odolaren bidez idatzi ziren.
1977. eta 1989. urteen artean 12.000 borrokalari kubatarrek baino gehiagok osatutako tropak Derg eta Etiopiako Herri Errepublikaren gobernu sozialistaren aldamenean borrokatu zuen Etiopian, Hailé Selassié enperadorea agintetik bota berri baitzuten, feudalismoa abolitu eta nazionalizazio kanpaina hasi, alfabetatze masiboa sustatu eta nekazari-erreforma egitearekin batera. Etiopian ere, kubatarrek inperialismo yankiak indartutako tropen aurka egin behar izan zuten eta Ogadenen ejertzito somaliarra kanporatzen lagundu zuten.
Kubara entrenamendu eta formakuntza militarra jasotzeko asmoz Bolivia, Guatemala, Nikaragua, Peru, Kolonbia, Venezuela, Argentina, Uruguai eta El Salvadorretik iristen ziren. 1965ean, Fidel Castrori adio erranik, Ernesto Guevarak Kubatik alde eginen zuela idatzi zuen “betebehar guztietan sakratuena betetzeko: inperialismoaren kontra borrokatzea, dagoen lekuan dagoela”. Kongora joan zen, eta ondotik Boliviara; handik ez zen inoiz itzuli. Harekin edo haren adibideak inspiraturik, 300.000 kubatarrek baino gehiagok misioak egin zituzten atzerrian eremu militarrean soilik
Urte horietan beretan, Nikaragua sandinista lehen urratsak ematen ari zen, Iraultza kubatarrean inspiratua. Irla sozialistak gerrillaren garaian babesa eta laguntza eman zion, eta hurrengo urteetan 2.500 militar baino gehiago bidali zizkion, herrialde sandinistaren segurtasun eta inteligentzia zerbitzuak zuzentzeko bereziki. Gainera, 1979 eta 1990 artean, iraultzak markatutako helburuetako batzuk lortzen modu aktiboan lagundu zuen Kubak, irakasleak, medikuak eta osasungintzako profesionalak bidaliz.
Karibean betiere eta 1979an, Kubak Maurice Bishopek bultzatutako Grenadako iraultzaren kausa babestu zuen, teknikoak eta espezialistak bidaliz. Esperientzia sozialistarekin amaitu zuen yankien inbasioaren aurretiko hilabete gutxi horietan, iraultzak nekazari-erreforma bat sustatu zuen Kubaren laguntzarekin, doako osasuna eta hezkuntza ezarri zituen, eta alfabetizazio kanpaina masiboa hasi zuen. AEBk ezin zion ez ikusiarena egin ingelesez mintzo den herri beltz batek gidatutako iraultzaren mehatxuari euren kostetatik horren gertu egonik, non arrazakeriak eta pobrezia estrukturalak milioika pertsona arrazializaturen norakoa zehazten jarraitzen duen. Azkenik, 1983an irlatxoa inbaditu zutelarik, bertan zeuden kubatarrek –Grenada iraultzaile eta sozialista eraikitzeko joanak ziren militarrak eta zibilak– borrokaldietan parte hartu zuten.

“Daukaguna partekatu, ez soberan duguna”: blokeatutako Kubak beste herriei emandako laguntza medikoa
1991k SESBen bukaera eta Europako sozialismoaren sakabanatzea ekarri zuen. Era berean, Kubak atzerriko salerosketen %85 galdu zuen –aurreko hamarkadetako kanpainetan erabilitako gerrarako materialaren hornikuntza barne hartzen zuen eta FAR kontinenteko bigarren ejertzito handiena bilakatua zuen, hain zuzen ere– eta estatubatuarrek irlari eragindako blokeoa gogortu zen. “Garai berezia” deitu zitzaion aldia hasia zen. Eskasia eta depresio ekonomikoak baldintzatutako garai hartan ere Kubak ez zion herrien artean elkartasun internazionalista erakusteari utzi, “daukaguna partekatu, ez soberan duguna” lelopean. Areago, AEB ziur zegoen komunismoari amaiera eman ziola, eta marxismoaren ondarea eta biziarazi zituen deskolonizazioaren aldeko borrokak –Kubako Iraultza barne– gutxiesten eta deabrutzen jarraitzen zuen temati. Horren aurrean, Kubarentzat beharrezko praktika bilakatu ziren internazionalismoa eta mundu osoko gizartearen afera humanitarioekiko konpromisoan oinarritutako diplomazia, Kubako Errepublika internazionalki legitimatzeko funtsezko bitartekari gisa, yankiek Iraultza agortzeko egindako ahaleginak deuseztatzeko borroka kulturalean.
Kubarentzat ez zen kontu berria lurrikara, urakan, uholde, epidemia eta sumendien erupzioen tankerako larrialdi egoeretan laguntza bidaltzea. Aljeria independentea laguntzen hasi eta, hortik aurrera, brigada medikoak, behin-behineko ospitaleak, botikak eta osasun langileak, txertoak… mundu osoko txokoetara ailegatu ziren, “lehen mundua” deituriko herrialdeetara barne. Osotara, 600.000 mediku misio kubatar baino gehiagok 165 herrialdetan lan egin dute
Kubarentzat ez zen kontu berria lurrikara, urakan, uholde, epidemia eta sumendien erupzioen tankerako larrialdi egoeretan laguntza bidaltzea. Aljeria independentea laguntzen hasi eta, hortik aurrera, brigada medikoak, behin-behineko ospitaleak, botikak eta osasun langileak, txertoak… mundu osoko txokoetara ailegatu ziren, “lehen mundua” deituriko herrialdeetara barne. Osotara, 600.000 mediku misio kubatar baino gehiagok 165 herrialdetan lan egin dute. 2005ean hondamendi egoeretan eta epidemia larrien aurrean espezializatutako medikuen nazioarteko kontingentea (Henry Reeve Kontingentea) eratu zen, eta martxan egon zen lehenengo 11 urteetan bere brigadak Guatemala, Pakistan, Bolivia, Indonesia, Peru, Belize, Mexiko, Txina, El Salvador, Haiti, Txile, Sierra Leona, Liberia, Guinea, Nepal, Dominika, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, Fiji eta Ekuadorrera zabaldu ziren. Covidaren urteetan, Kubak bost txerto-hautagai ekoitzi zituen, eta haietarik bi Vietnam, Saint Vincent eta Grenadinak, Mexiko, Nikaragua, Venezuela, Iran eta Bielorrusiako larrialdi egoeretan erabiltzeko onartuak izan ziren. 2020an, Europak eta Mendebaldeak Italiako Iparraldean hilkutxaz betetako orga armatuen prozesioak harriturik ikusten zituzten bitartean, Henry Reeve Kontingenteak 3.700 profesional kubatar baino gehiago 38 herrialdetara bidali zituen, eta horien artean nabarmendu ziren Italia bera eta Andorra.

1959ko Iraultza eta gero, 3.000 medikuk baino gehiagok –yankiek bulkaturik– Kuba saboteatu zuten irlatik alde eginik, eta 16 irakasle baino ez ziren gelditu Medikuntza Eskolan. Horrek ez zuen irla medikuntzan abangoardia bilakatzea saihestu, ikertzaile eta mundu osotik joandako gazteendako formakuntza sanitarioari dagokionez, batez ere. Iraultzaren lehen urteetan bekak eskaini zizkieten karibetar eta vietnamdarrei, eta beranduago gazte afrikarrei, Kuban ikas zezaten eta gero euren sorterrira itzuli eta bertako garapenean lagun zezaten. 1999an Latinoamerikako Medikuntza Eskola (ELAM) sortu zen, zeinean 73 herrialdetako 10.000 profesionaletik gora graduatu diren, batez ere amerikarrak, afrikarrak eta asiarrak.
Artikulu hau ezin da Palestina aipatu gabe amaitu, froga-harri baita Mendebaldeak giza eskubideen alde duen konpromiso faltsua ikusarazteari dagokionez. Kubak ikasle eta osasun langile palestinarren formakuntzan lagundu zuen, unibertsitateko beken, laguntza medikoaren eta kooperazio tekniken bidez, Palestinaren Askapenerako Erakundeari (PAE) eskainitako laguntza diplomatikoaz gain. 1973an Aljerian, dagoeneko, Lerrokatu Gabeko Herrialdeen laugarren konferentziaren testuinguruan, Fidelek Israelekin harreman diplomatikoak hautsi eta PAE aintzatetsi zituen, eta hori egin zuen Amerikako lehen herrialdea bihurtu zen. Era berean, Espainia Mendebaldeko Saharatik erretiratu eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren ostean, Saharako herriaren autodeterminazio eskubidearen alde, Kubak Fronte Polisarioaren zilegitasuna onartu zuen, eta formakuntza unibertsitariorako bekak (Medikuntzan bereziki) eman zituen eta ematen ditu egun ere, medikuak, irakasleak eta pertsonal teknikoa bidaltzeaz gainera.
Hitz hauek inprentara bidaltzerako orduan, blokeoaren momenturik zailenean eta yankiak gerrarako prest egonik, ez dakigu zer ekarriko ote dion Kubako Errepublikari etorkizunak, ezta elkartasun internazionala gai izanen ote den ere irla sozialistak egin duen esfortzu eta konpromiso internazionalistaren zorra ordaintzeko. Badakigu, aitzitik, belaunaldiz belaunaldi kubatarrek euren izerdiz eta odolez XX. mendeko bigarren erdiko eta XXI. mendearen hasierako orrialderik heroikoenak idatzi dituztela, mundu osoko herrialdeei emantzipatzen, umiliazioz jositako mendeak gainditzen eta garatzen lagundu baitiete.