Munduko kirol ekitaldirik garrantzitsuena Parisera iritsiko da, eta badirudi mundu guztia pozik dagoela, hura hasteko zain. Diotenez, ekitaldi horrek aukera handiak, aberastasuna eta ongizatea dakarkizkio Paris osoari. Horixe da komunikabideek, enpresek eta politikariek saltzen duten kontakizuna, errealitate soziala ezkutatzeko eta makillatzeko helburuarekin. Hainbesteko fartsaren eta hainbeste gezurren aurrean, gisa horretako ekitaldi guztiek Parisko proletariotzan dituen ondorioak salatzea dagokigu. Horregatik, erreportaje honen helburua da aztertzea zeintzuk diren aipatzen diren onurak, nork jasotzen dituen irabazi horiek eta nork pairatzen dituen ondorioak.
HIRIA ETA KIROLA, DENA KAPITALAREN ZERBITZURA
Industrializazioak gure inguruko guztia aldatu zuen: hiri berriak, auzo berriak, kultur eredu berriak eta abar sortu zituen. Gizarte industrialaren agerpenak gure bizimodua moldatu zuen. Baina zentro inperialistan industria pisu ekonomikoa galtzen hasi zenean, gure hiriak ere aldatu egin ziren. Kez eta lantegiz betetako hiriak izatetik aisialdiko eta kontsumoko parke tematiko izatera igaro ziren. Zenbait egilek disneyfikazio deitu diote horri. Fase fordistari lotutako metatze-patroiek (ekoizpen masiboa; eskulanaren espezializazioa eta sinplifikazioa; Estatuaren esku-hartze orokorra) “metaketa malgurako” eredu egokiagoak sortu zituzten (merkatu berri eta espezializatuagoak; esku-lanaren errotazio handiagoa; ingurune konplexuetako zereginak; balio-kateen globalizazioa eta konplexutzea; Estatu pribatizatzailea eta liberalizatzailea); horrek, aldi berean, gure ingurunearen eraldaketa eragin du. Garrantzi berezia du azpimarratzeak Estatuak eta bere erakunde publiko “zoragarriek” zer rol esanguratsu betetzen duten hiri-espazioaren eraldaketan. Arlo publikoaren defendatzaileek alde batera uzten dute, askotan, horrek etekin pribatuarekiko duen mendekotasuna eta, ondorioz, baita duen izaera kolaboratzailea ere. Historikoki, enpresarien eta momentuko gobernarien premiei lotuta egon dira hiri eraldaketak. Eta erakunde publikoek hainbat arau, proiektu eta ekimen gauzatu eta garatu behar izan dituzte hiri-espazioa unean uneko behar ekonomikoetara egokitzeko[1].
Historikoki, enpresarien eta momentuko gobernarien premiei lotuta egon dira hiri eraldaketak
Paris mendekotasun publiko-pribatuaren adibide garbia da. XIX. mendearen erdialdean, Napoleon III.aren agintepean, Haussmann baroiak hiri eraldaketa batzuk egin zituen Frantziako hiriburuan. Finantzari handiek eman zuten eraldaketa horiek egiteko laguntza, hala nola Pereire anaiek, kreditu-erakunde berriak sortuz. Eraiste-politika eta eraikuntza masibo horiek gabe, ez genuke gaur egungo Argiaren Hiria ezagutuko. Baina interes ekonomikoak lotuta daude helburu politikoekin eta hertsadurarekin ere, nahiz eta askok baztertu egiten duten ideia hori. Hiri-diseinuaren helburua zen bulebarrak zabalduz tropen eta artilleriaren mugimendua erraztea; horrez gain, kuartelak eraiki nahi zituzten leku estrategikoetan, langile-klasea eta Parisko herria kontrolatzeko. Antzeko adibidea dugu Francoren diktaduran Leioako campusa (EHU) eraiki zutenekoa. Kasu horretan, diseinuaren eta kokapenaren helburua da Poliziaren esku-hartzea erraztea eta ikasle mugimendua hirietako langile-mugimendutik bereiztea.
Merkatuak etekin-bilaketa etengabea inposatzen du, eta erakunde publikoek prozesu hori lagundu eta erraztu behar dute. Egiturazko logika horren eraginez, hiriak merkatu-nitxo bihurtzen dira. Turismo, kirol eta musika ekitaldi handiek enpresariak aberasten dituzte; eta, bitartean, politikariak, nola ez, harro agertzen dira, antolatzaileak erakarri eta konbentzitu izanagatik. Enpresariak pozik beren onurekin, politikariak handiputz beren "lorpenekin", eta erdi-mailako klasea zorioneko, oporretarako plan berri bat duelako. Bitartean, proletarioek gordinki jasaten dituzte mota guztietako indarkeria eta prekarietatea. Beren auzoetatik kanporatuak, baldintza kaskarretan (askotan hilgarrietan) lan egitera kondenatuak eta, gainera, kriminalizatuak dira, aipatutako ekitaldi horien aurrerapena eta haiek dakartzaten hamaika onurak ez onartzea leporatzen baitzaie. Pairatzen dugun etengabeko pobretzearen ondorioz, horrelako ekitaldiak eta horiek dakarten guztia ontzat hartzen ditugu ("hau ezer ez izatea baino hobea da"). Ekitaldia amaitu ondoren, hedabide eta politikari guztien ahotan ibiltzen da hark hirira ekarrarazi dituen milioien zifra. Noren onurarako da, ordea? Eta zeren kontura? Porrot politiko eternalaren ikuspegi politikoaren ondorioz, ez gara ezer planteatzeko gai izan gaitz erditik haratago. Dena da konformismoa, onarpena eta etsipena. Ikus dezagun zer ekarri dioten eta zer ekarriko dioten Olinpiar Jokoek Frantziako hiriburuari.
Turismo, kirol eta musika ekitaldi handiek enpresariak aberasten dituzte; eta, bitartean, politikariak, nola ez, harro agertzen dira, antolatzaileak erakarri eta konbentzitu izanagatik
PARISKO JOKOAK ZIFRATAN
Jokoen eragina aztertzen hasi aurretik, Frantziako eta, zehazki, Parisko egoera sozialari erreparatu behar diogu, haien eragina hobeto ulertu ahal izateko. Frantzia tentsio sozial handiko gunea izan da, etxebizitzaren eta elikaduraren garestitzea, pobreziaren areagotzea eta neurri autoritarioen aplikazioa direla eta. 2000 eta 2018 artean, higiezinen prezioak hirukoiztu egin ziren. Ondoko grafikoak erakusten duen bezala, pobrezia arriskuan daudenen kopuruak gora egin du Frantzian azken urteetan: pobrezia-tasa %15,6koa zen 2022an.
Parisko metropoli-eremuak 14 milioitik gorako biztanleria du, Frantziako biztanleriaren ia %20. Pertsona asko banlieues deituriko auzoetan bizi dira; auzo horiek 1960 eta 1979 artean sortu zituzten, landatik etorritako langileek eta kolonietatik iritsitako biztanleek aterpea hartzeko. Auzo txiro horietan, klase- eta etnia-gatazka asko gertatzen dira. Biztanleriaren erdia urtean 11.250 euro baino gutxiagorekin bizi da, eta gainerako biztanleek baino hiru aldiz aukera gehiago ditu langabezian egoteko. Adibidez, Clichy-sous-Boisen (Parisko metropoli-eskualdea) hamar biztanletik zazpi pobreziaren atalasearen azpitik bizi ziren eta gazteen langabezia tasa %40koa zen 2013an. Gainera, auzo horiek herrialdeko beste edozein guneri baino finantziazio txikiagoa ematen die Estatuak. [2]
Jokoak egoera ekonomikoa hobetzeko aukera gisa saltzen dizkigute, baina baita urte hauetan protesten ondorioz sorturiko segurtasun ezaren irudia hobetzeko ere.
Antolatzailea: NOB
Nazioarteko Olinpiar Batzordea (NOB) “irabazi asmorik gabeko” erakunde pribatua da; berak antolatzen ditu Olinpiar Jokoak, eta Mugimendu Olinpikoaren jarduerak koordinatu. 1894an sortu zuen Pierre de Coubertin frantziarrak, Olinpiar Joko modernoen sortzaileak. Jatorrian, NOB Europako, Amerikako eta Ozeaniako hamabi herrialdetako hamabost kidek osatzen zuten. Gaur egun haren kide dira 101 kide aktibo, 45 ohorezko kide eta ohorezko kide bakar bat: Henry Kissinger, Estatu Batuetako idazkari ohi eta Bakearen Nobel sariduna.
Jokoen egoitza bihurtu nahi duten herrialdeek konpromisoa hartzen dute, idatziz eta NOBren aurrean, zenbait gastu egiteko azpiegituretan, segurtasunean edo osasunean. Baina ez hori bakarrik. Adibidez, 2020an Madril egoitza izaten saiatu zenean, Espainiako botere publikoek honako konpromisoak hartu zituzten idatziz [3]:
– Data berberetan antzeko beste ekitaldirik egongo ez zela bermatzea.
– Marka olinpiko guztiak babestea.
– Tasa eta zerga guztiak kentzea Olinpiar Jokoetako beharrezko ondasunei zein horietan lan egingo zuten pertsonei.
– Olinpiar Batzordearen balizko defizita bere gain hartzea.
– Beharrezko segurtasun eta osasun zerbitzua kosturik gabe uztea.
– Ambush marketina saihesteko legeria onestea (hau da, iragarkiak debekatzea Olinpiar Jokoen babesleei lehia egiten dieten markei, eta, horrela, NOBri ordaintzen dioten sponsorez baliatzea).
– Kanpoko publizitatea kontrolatzea, garraio publikoan zein aireportuetan.
– Lehiaketa- eta entrenamendu-egoitzetako obrak finantzatzea.
– Instalazioak batzorde antolatzailearen esku jartzea, merkataritza-eskubiderik gabe.
– Garraio-azpiegituren gaitasunak hobetzea.
Behin egoitza lortuta, Jokoen finantzaketari heltzen zaio. 2022an egindako berrikuspenaren arabera, 2024ko Parisko Olinpiar Jokoen Batzorde Antolatzaileak lehiaketa abian jartzeko aurrekontuko diru-sarrerak 4.300 milioi dolar estatubatuarretik gorakoak izan ziren. Gaineko grafikoan, Joko Olinpikoen diru sarreren iturri nagusiak ikus daitezke. Besteak beste, babesle nagusien artean dira Airbnb, Alibaba, Allianz, Atos, Bridgestone, Coca-Cola/Mengniu, Deloitte, Intel, Omega, Panasonic, P&G, Samsung, Toyota eta VISA.
Aipatzekoa da paperaren gainean NOB irabazi asmorik gabeko erakundea dela jartzen badu ere, kritika handiak jaso dituela bere opakutasunagatik. Zuzendarien esanetan, zuzeneko soldatarik jasotzen ez duten arren, kopuru handiak jasotzen dituzte konpentsazio gisa. Adibidez, 2015ean, Thomas Bach NOBko presidenteak 225.000 euro jaso zituen. Eta ofizialki jasotzen dutenaz haratago, frogatu da egoitza aukeratzerakoan zuzendarietako asko egon direla nahasita eroskeria handietan. [4]
Urteko ekitaldi inportanteena
Jokoak badatoz, eta politikari zein hedabide guztiek hitzetik hortzera darabiltzate ekarriko dituzten onurak. CaixaBank erakundeak, besteak beste, Jokoek ekonomian izango duten eragin positiboa defendatu du.
Jokoek 150.000 lanpostu sortuko dituztela aurreikusten da, baina inork ez du baldintzei buruz hitz egiten. Dena estatistikak apaintzeko. Boluntariotza-programa handia ere ez digute aipatzen; horren bidez, doan lan egingo dute 45.000 lagunek, eta hiribururako bidaia eta ostatua beren patrikatik ordaindu beharko dituzte [5]. Horrez gain, herrialde antolatzaileak erlojupeko lasterketa egiten ari dira dena prest egon dadin, eta erabat ahaztu dute lan segurtasuna. The Guardian egunkariak 2021eko otsailean egindako ikerketa baten arabera, gutxienez 6.751 langile etorkin hil ziren 2010 eta 2020 artean Qatarren egin zen munduko futbol txapelketari lotuta. Baina askok uste dute benetako kopurua seguruenik askoz handiagoa izango zela. Era berean, mahai gainean jartzen dute 1.900 zerbitzu-hornitzaile beharko direla Pariserako, eta osotara Jokoek 350.000 emisio-ordu izango dituztela telebista emanaldietan, hau da, milioika euro irabaziko dituztela publizitatean. Guztira, aurreikusten da kirol hitzordu horrek Frantziako ekonomian izango duen eragin ekonomikoa 10.700 milioi eurokoa izango dela 2017-2034 bitartean; horietatik 3.500 milioi turismorako izango dira esklusiboki. Milioika horiek nortzuk eramango dituzten aipatzea ez da beharrezkoa. Sustatzaileek modu abstraktuan hitz egiten dute aberastasuna sortzeaz, eta ezkutatu egiten dituzte sektore publikotik pribaturako transferentziak. Horren froga dira eraikitako zein utzitako azpiegiturak edo ekitaldi horietan aplikatzen diren zerga-salbuespenak. Adibide argia eta hurbila dugu Bilbon ospatzekoa zen Eurokopa. UEFAk aitortu zuen Espainiako Estatuari zerga-salbuespena eskatu ziola kirol ekitaldia egiteko baldintza gisa. 2018an, Espainiako Ministroen Kontseiluak dekretu bat onartu zuen, eta, hari esker, erakundeek ez zituzten ordaindu beharko sozietateen gaineko zerga, pertsona ez-egoiliarren gaineko zerga eta PFEZa.
Sustatzaileek modu abstraktuan hitz egiten dute aberastasuna sortzeaz, eta ezkutatu egiten dituzte sektore publikotik pribaturako transferentziak. Horren froga dira eraikitako zein utzitako azpiegiturak edo ekitaldi horietan aplikatzen diren zerga-salbuespenak
ONDORIOAK
Kontuan izan behar dugun lehenengo gauza datuen erabilera interesatua da. Eragin ekonomikoari eta lanpostuen sorrerari buruzko zifra guztiak estimazioak dira, eta garai batean Bartzelonan gertatu zen bezala, datu errealak askoz ere txikiagoak izan daitezke estimatutakoak baino. Ordea, datuetatik haratago, Parisko biztanleriarentzat benetako ondorioak zeintzuk diren ikusi behar dugu.
Enplegua sortzeaz hitz egiten digute, baina ez haien baldintzen inguruan. Lanpostu gehien zerbitzuen sektorean sortuko dira, eta, hartan, soldata txikiak, lanaldi ikaragarri luzeak, presio handiko lana, lan-segurtasun txikia, iraupen laburreko kontratuak eta abar izango dituzte. Zenbait sektorek aurreikusia dute jadanik lan-kargaren igoera hori (adibidez zabor-biltzaileek); horregatik, lan-baldintzak hobetu ezean, grebara jotzearekin egin dute mehatxu [6].
Eta hori guztia prezioek esparru guztietan (elikadura, etxebizitza, garraioa...) nabarmen gora egiten duten testuinguru batean gertatzen da. Hiria aste batzuetarako turisten bizileku bihurtzen den bitartean, egunero bertan bizi diren pertsonen eskuratze-ahalmena murrizten da. Eta horrek, azken urteotako garestitze orokorrarekin batera, hiriaren gentrifikazio-prozesuak areagotzea dakar. Proletarioek beren burua behartuta ikusten dute beren etxeak eta auzoak uztera, beste auzo eskuragarriago batzuetara bizitzera joateko. Bitartean, jabeak aberastu egiten dira alokairuak igoz edo pisu turistiko gisa erabiliz. Zenbait azterlanen arabera, aldi olinpikoan zehar erreserbatutako ostatuaren tarifa batez beste 323 eurokoa da gaueko. Beste adibide argi bat garraioa da; izan ere, garraio publikoaren tarifak nabarmen igoko dira Olinpiar Jokoetan. Adibidez, eguneko abonua 16,90 eurotik 32 eurora pasatuko da, eta astekoa 30 eurotik 70 eurora. Metroko eta autobuseko txartel indibidualen prezioak ere bikoiztu egingo dira: 2,10 eurotik 4 eurora pasatuko dira [7].
Hori guztia “segurtasunaren” izenean egiten diren hainbat neurri autoritarioren bidez gauzatzen da. Espazio publikotik desagertu behar da “polita” ez den eta erakarpen turistiko gisa salgarria ez den guztia. Horregatik, “garbiketa sozialerako” neurriak areagotu egin dira, hau da, etxerik gabeko pertsonak hiritik kanporatzeko neurriak. Horretarako, hesiak eta harri handiak jarri dituzte hiriko leku askotan. Neurri puntual bat izatetik urrun, Parisen etorkizuneko irudiaren parte izango da hori. Eta horrek guztiak eta herrialdeko segurtasun nazionalaren aurkako mehatxuek kaleak masiboki militarizatzea eragin dute: 45.000 poliziak zainduko dute Jokoen inaugurazio-ekitaldia, eta hainbat eremutarako sarbideak QR kodeen bidez kontrolatuta egongo dira.
Horixe da Jokoen errealitatea. Negozio handiak, klientelismoa parrastaka eta proletarioen aurkako politikak bata bestearen atzetik. Ekitaldi hori sistemaren logika irrazionalaren beste adibide bat da, non behar sozialak beharrezkoak diren soilik irabaziak sortzeko balio badute. Denbora gutxi falta da Paris gozamenerako leku bilakatu dadin gutxi batzuentzat, eta Kapitalaren erregimenaren peko miseriarako kondena beste askorentzat.
Negozio handiak, klientelismoa parrastaka eta proletarioen aurkako politikak bata bestearen atzetik. Ekitaldi hori sistemaren logika irrazionalaren beste adibide bat da, non behar sozialak beharrezkoak diren soilik irabaziak sortzeko balio badute
ERREFERENTZIAK
[1] Castro Martínez, E. de J. Contribución al pensamiento de David Harvey: La lógica del capital en la producción del espacio urbano.
[2] El Orden Mundial - EOM. ¿Qué son las banlieues francesas? Lotura: https://elordenmundial.com/que-son-las-banlieues-francesas
[3] Olympics, Paris 2024. “Juegos Olímpicos París 2024: Cómo convertirse en voluntario”. Enlace: https://support.olympics.com/hc/es/articles/4958135498515--C%C3%B3mo-puedo-ser-voluntario-en-Par%C3%ADs-2024
[4] Libre Mercado. “El COI y las olimpiadas: un ‘negocio’ de 8.000 millones de dólares”. Enlace: https://www.libremercado.com/2013-03-21/el-coi-y-las-olimpiadas-un-negocio-de-8000-millones-de-dolares-1276485402/
[5] RFI. (2024, 14 de mayo). En París, los basureros amenazan con ir a la huelga durante los Juegos Olímpicos. Lotura: https://www.rfi.fr/es/francia/20240514-en-par%C3%ADs-los-basureros-amenazan-con-ir-a-la-huelga-durante-los-juegos-ol%C3%ADmpicos
[6] Idealista News. (2024, 25 de abril). París se colapsa de pisos turísticos a pocos meses de los JJOO 2024. Lotura: https://www.idealista.com/news/inmobiliario/internacional/2024/04/25/816854-paris-se-colapsa-de-pisos-turisticos-a-pocos-meses-de-los-jjoo-2024
[7] France 24. (2024, 23 de abril). ONG denuncian limpieza social en París de cara a los Juegos Olímpicos. Lotura: https://www.france24.com/es/programas/en-foco/20240423-ong-denuncian-limpieza-social-en-par%C3%ADs-de-cara-a-los-juegos-ol%C3%ADmpicos
HEMEN ARGITARATUA