ARGAZKIA / Zoe Martikorena
2024/05/01

Zalantzarik gabe, giza-galera izugarria dakar gerrak. Bonba bakoitzarekin, giza-bizitzak eta bizitza horiei eusteko beharrezkoak diren azpiegiturak suntsitzen dira. Ahalegin eta ezagutza urteak desagertzen dira; espazio eta jarduera jakin batzuetan eta existitzeari utzi dion horren sorkuntzan erlazionatu diren askoren historia bizia. Gerraren ekoizpenera bideratutako gaitasunak ere suntsitzen dira; suntsipena ekoiztera bideratutako indar sozial produktiboaren kantitate izugarri bat. Gaitasun xahutze izugarri bat -eta, horregatik, bizi-kalitatearen okerragotze bat- dakar horrek, ez baita giza-erreprodukziorako ezinbesteko balio bat. Gerran, itxuraz paradoxikoa den sintesi bat gertatzen da: ezinbestekoa ez dena, alferrikakoa dena, suntsitzailea da berdin-berdin. Baina, suntsitzen badu, baliagarritasunen bat izango du.

Paradoxa hori beste modu honetan ageri da: gerra dirua alferrik galtzea bada, ezin da, aldi berean, irabazien ekoizpena izan. Izan ere, suntsitzailea den hori ez da ez erabilgarria ez produktiboa; baina errealitatetik urrun dago hori. Produktiboa izango ez balitz, gerra ez litzateke aukera bat ere izango.

Horregatik, ez da zuzena gerrako gastu publikoa beste edozein gastu publikorekin parekatzea. Ez da erreala dirua gerran edo osasungintzan gastatu behar ote den planteatzen duen aukera. Lehenik eta behin, diru publikoa ez delako beti existitu den eta betirako existitzen den elementu bat, administratu behar den aberastasun-iturri agortezin gisa -sozialdemokraziaren existentzia justifikatzen duen epika-; eta, bigarrenik, kapital pribatutik altxor publikora doan diru-fluxuak aberastasun horren jabe den kapital pribatuarentzat mesedegarriak izango diren baldintzak eskatzen dituelako.

Ez da erreala dirua gerran edo osasungintzan gastatu behar ote den planteatzen duen aukera. Lehenik eta behin, diru publikoa ez delako beti existitu den eta betirako existitzen den elementu bat, administratu behar den aberastasun-iturri agortezin gisa -sozialdemokraziaren existentzia justifikatzen duen epika-; eta, bigarrenik, kapital pribatutik altxor publikora doan diru-fluxuak aberastasun horren jabe den kapital pribatuarentzat mesedegarriak izango diren baldintzak eskatzen dituelako

Aberastasuna, hain justu, hura ekoizteko gaitasunarekin lotuta dago; eta, une horretan, ez dago zertan dirutan eduki. Modu nabarmenagoan: estatuak ezin du dirurik bereganatu, dirua inon ez badago. Kapital pribatuak estatuari emandako kredituak, gehienbat, fikziozko kapitala dira; eta kreditu horiek ematen dituenaren fidagarritasuna -inprobablea izan arren, itzultzen ez badira ere-, estatuaren kaudimen militarra -zeinak negozio gisa ekiten dion gerrari- eta finantza-kapitaletik espero den irabazia ditu abal gisa. Gerran soilik inbertitzeko sortutako kapital-dirua da, kapitalistentzat, negozio bat delako gerra; eta osasun publikoa, berriz, lapurreta bat.

Gerrak bere finantzaketa-iturriak sortzen ditu; ez du soilik estatuak jadanik duen dirua gastatzen. Gainera, enpresa bat da gerra, hasieran inbertitutakoaren itzulera ekonomiko handiagoa lortu nahi baitu: merkataritza-akordio hobeak, garaitutako herrialdeetan Kapitala inbertitzeko akordioak, barneko eta kanpoko lan-indarraren gaineko kontrol handiagoa alerta-egoeran dagoen bizitza sozial guztiaren militarizazioaren bidez, baliabide naturalen gaineko kontrola… Azken batean, borrokan ari diren kapitalista handiak aberastea eta, horien bidez, estatuaren aberastasuna handitzea, zentro inperialistako erdi-mailako klasea finantzatzeko baliabide gehiago ekartzen dituena: gerra eta arpilatzea, osasun-baliabideen iturri potentzial gisa; laguntza sozialak eta abar, momentuko gobernuaren administraziopean.

Gerrak bere finantzaketa-iturriak sortzen ditu; ez du soilik estatuak jadanik duen dirua gastatzen. Gainera, enpresa bat da gerra, hasieran inbertitutakoaren itzulera ekonomiko handiagoa lortu nahi baitu

Hortik ulertzen da zergatik erabil ditzakeen estatuak funts handiagoak gerrarako, osasungintzarako baino. Baina, gainera, horrela bakarrik ulertzen da auzi sozialtzat jotzen den hori ez dela administratu beharreko auzi soil bat; irabazi kapitalistak determinatzen du jadanik, eta horren mende dago. 

Hala ere, sozialdemokraziaren politika teknokratikoak ondoko elementuen bueltan eusten dio bere diskurtso sozial osoari: estatuaren diruaren administrazio ona, eta laguntza sozialetan eta osasungintzan egindako inbertsioaren areagotzea. Osasungintzarako dirua badagoela dio, eta horretarako erabili beharko litzatekeela, eta ez gerrarako. Nahiz eta sozialdemokraziaren ordezkari politikoek ez duten oso ozen esaten azken hori, jakitun baitira faktore ekonomiko bat dela gerra, politikatik eta estatuak ondo ordaindutako administrazio-postuetatik irabazten jarraitzea ahalbidetzen duena. Hobeto esanda, gerra nahi dute; baina, beste edozer bezala, erdi-mailako klaseko bizimodu duin bat ahalbidetzen duen neurrian.

Gainera, diruaren administrazio txarra eskasia bihurtzen da sozialdemokrazia boterera iristen denean: bere neurriak gauzagarriak ez badira, hori dirurik ez dagoelako da. Hala ere, programa sozialdemokrata gauzatzeko estatuaren esku dagoen dirua eskasa izatea ez da kaudimen ekonomiko falta, erantzukizun sozialdemokrata gabezia baizik. Ez dago diru faltarik, horren inbertsio errentagarri falta baizik -krisi kapitalista, eta ez administrazio txarra-; eta, beraz, ez dago, zergen bidez, itzulerarik estatuaren diru-kutxara.

Gerrak puntu horretan betetzen du bere helburu ekonomikoa, eta kapitalisten kreditu eta inbertsio espekulatiboz betetzen ditu estatuaren kontuak, inbertsio horren itzulera segurua espero baitute. Estatu horrek ez du zalantzarik izango, beharrezkoa bada, prestazio sozialetan murrizketak egiteko eta langile-klasea zerga artean itotzeko, lortutako kredituen interesak ordaindu ahal izateko eta kapitalisten konfiantza ziurtatzeko bada.

Ez da erraza gerraren itzulera ekonomikoa kalkulatzea, bere onura zein den kalkulatzea. Kapitalaren ikuspegitik, oro har, sortutako gainbalioari egindako kenketa bat da; gainbalioaren birbanaketa bat gerran espezializatutako enpresetara, estatuaren bidez. Hau da, kapital-metaketari egindako kenketa bat da, estatuak doan eskuratzen baititu bere produktuak, Kapitalak berak aurretik ordaindu dion diruarekin. Beraz, kapital produktiboarentzako, irabazi-galera bat da gerra.

Hala ere, gerrak, zentzu batean, metaketa kapitalistaren oinarriak aldatzen ditu. Bizirik irauteko borroka bat da, Kapitalaren mundu mailako krisi batean; etekina bilatzea da, jadanik ekoitzitako gainbalio urrian, lapurreta bidez. Gerra ihesbidea da krisian dagoen Kapitalarentzat, non kapitalista handiak ur gainean mantendu nahi diren, berehalako etekina bereganatuz; ez direlako gai ekoizpen kapitalistaren errentagarritasuna berrezartzeko eginkizun gogorrari heltzeko, hau da, Kapitala metatzea ahalbidetuko duen irabazi-tasa bat.

Gerra ihesbidea da krisian dagoen Kapitalarentzat, non kapitalista handiak ur gainean mantendu nahi diren, berehalako etekina bereganatuz; ez direlako gai ekoizpen kapitalistaren errentagarritasuna berrezartzeko eginkizun gogorrari heltzeko, hau da, Kapitala metatzea ahalbidetuko duen irabazi-tasa bat

Deskribatutakoa bezalako krisi-egoera batean jardutea helburu duen neurri eta estrategia multzoa da gerra-ekonomia: krisi horretan, Kapitalaren premia nagusia ez da irabazi-tasa berrezartzea, baizik eta, lehenik eta behin, kapitalista handien biziraupen indibiduala eta, horiekin batera, botere-bloke geoestrategiko handien eta mundu-hondarrean duten estatus politikoaren biziraupena. Horregatik da gerra-ekonomia bat, lehenik eta behin gaitasun militarrak indartu nahi dituelako aipatutako helburuak ziurtatzeko. Eta proletarioen kontrako gerra ireki bat da, borroka ez baita soilik gainbalioa hobeto banatzeko, baizik eta banatu beharreko gainbalio handiagoa lortzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK