Funtsezko beharrizanen edo horiek ase ahal izateko kontsumo-gaien prezioaren gorakadari lotutako bizitzaren garestitzea izango dugu hizpide ale honetan eta hurrengoan. Bi zentzutan azpimarratu nahi dugu auzi honen garrantzia. Alde batetik, bizitzaren garestitzea, kontsumo-gaitasunaren txikitzea ez ezik, botere galera bat da proletalgoarentzat: bere merkantziaren –lan-indarra– debaluazioaren bitartez ematen den negoziazio-gaitasun politikoen galera, burgesiaren gaitasun politikoen eta ekonomikoen hazkuntzaren aurrean. Beste aldetik, bizitzaren garestitzeak baztertu egiten du auzia termino absolutuetan –hau da, erlazio kuantitatibo gisa, eta ez kualitatiboa– formulatzen duen hipotesi erreformista, anakroniko gisa agertzen baita formulazioaren une berean. Hel diezaiegun auzi biei.
Hasteko, bizitzaren garestitzeaz ari garenean, bizi-baliabideen garestitzeaz ari gara –kasu honetan inflazio-egoera orokor baten testuinguruan gertatzen dena–, baina ez horretaz bakarrik: bizi-baliabideen garestitze orokorraren emaitzarik garrantzitsuena ez da kontsumoaren garestitze orokortua, klase sozial guztietan eragina izango lukeena, kontsumoaren garestitzearen bitartez ematen den proletalgoaren botere galera baizik. Botere galera hori etsai duen burgesiarekiko harremanean ulertzen da –soldata erlatiboaren jaitsiera–, baina baita gaitasun sozialen galera absolutuan ere, proletalgoaren bizitzan –eta bizitza proletarioan– pitzadura soziala eragiten baitu elkar harremanerako oinarrizko bitartekoak bereganatu ezinak. Hau da, pobrezia soziala sortzen du proletalgoan, eta ez burgesian.
Botere galeraren bigarren adierazpenaren alde soziala bistakoa da edozeinentzat, bereziki, sufritzen duenarentzat. Pobrezia materiala ez baita gauzak ez edukitze soila; gaitasunen pobretzea ere bada, gauzek kondentsatzen dituzten gaitasun sozialetarako sarbidea ukatzen baitu pobrezia materialak. Horren ondorio politikoa, ordea, ez da horren agerikoa; pobretzeak ez duelako modu zuzen batean aukera politikoa zapuzten, aukera politikoa egon dadin beharrezkoak diren baldintzak suntsitu baizik. Aberastasun sozialak ez du zertan mugimendu politiko aberatsa sortu, baina pobretzeak sortuko du, ziurtasun osoz, politikaren pobretze orokor bat.
Pobretze absolutu hori, ordea, ezin da botere galera erlatiboaren dinamika gabe ulertu, hau da, gizarte kapitalistaren oinarrizko harremana –lana eta Kapitalaren artekoa– ekuaziotik kanpo utziz. Sozialdemokraziak lehenengoari bakarrik begiratzen dio (pobretze absolutuari), eta modu horretan, pobretze absolutuaren dinamika bera ulertzeko ezgai da. Halakorik egiten badu, arrazoi politikoa honakoa da: sozialdemokraziak ez du kapitalismoa gainditu nahi, bere ondorio sozialak lausotu baizik; hots, sozialdemokraziak kapitalismoa biziraunarazi nahi du, berau eroraraziko duen antolakuntza kolektiboaren funts ekonomikoa desitxuratuz, bere kontraesanak estaliz.
Modu absolutuan neurtzen den pobretzeak ez du gizarte kapitalista azaldu beharrik bere burua justifikatzeko: ebidentzia bat da pobretzea gertatzen dela kontsumo-gaitasunak txikitzen direnean, eta hori ikusteko begiak baino ez dira behar. Pobrezia absolutu horri, Estatuak gauzatu beharreko aberastasunaren birbanaketarekin erantzun nahi dio sozialdemokraziak. Baina termino absolutuetan ere, ez dago aberastasuna ulertzerik: banatu nahi duten aberastasun hori banatuz gero, aberastasuna bera desagertuko litzateke, sozialdemokraziak eta gizarte kapitalista osoak aberastasunaz duten adieraren arabera. Aberastasuna, diru pilaketa moduan agertzen dena, errealitatean kapital-jabetza da, eta halakorik banatuz gero, aberastasuna bera suntsitu egiten da, gizarte kapitalistaren ekoizle den, eta horregatik ere, potentzia sortzaile den aberastasun gisa.
Hor agerian geratzen da politika sozialdemokrataren muga, zentzu negatiboan: aberastasuna birbanatu daitekeelako aberastasunaren mugak suntsitzen ez diren bitartean, hots, kapital-harremana iraunarazten den bitartean. Politika horren nolakotasun positiboa ere argi geratzen da: sozialdemokraziak esplotazio kapitalista ontzat ematen du, berau termino absolutuetan adierazten ez den bitartean. Hau da, sozialdemokraziak ez du inolako interesik esplotazioaren amaieran; bilatzen duena esplotazio hori jasangarri egitea da. Horregatik esplotazio deitzen dio orduko bost euroko soldatarekin ordaintzen den lanari, eta ez hamabost euroan ordaintzen denari, kontzepzio marxistaren arabera bigarrengoan, termino absolutuetan ezkutatzen bada ere, lehenengoan baino esplotazio handiagoa eman daitekeenean.
Sozialdemokraziak ez du inolako interesik esplotazioaren amaieran; bilatzen duena esplotazio hori jasangarri egitea da
Pobretzea termino absolutuetan neurtzea, bada, ez da nahikoa ulertzeko inflazioak klase borrokaren auzian duen eragin politikoa, termino horietan ez baita aztertzen lana eta Kapitalaren arteko harreman kualitatiboa, ezta inflazioaren ondorio den soldataren txikitze erlatiboa ere –metatutako kapital osoarekin erlazioan, prezioaren gorakadarekin modu absolutuan hazten baita Kapitala, soldata mantendu edo proportzio txikiagoan hazten den bitartean.
Aipatutako ikuspegia sozialdemokraziarentzat funtzionala da estrategia komunista ukatzeko, baina ez da nahikoa. Sozialdemokraziak justifikazio historikoa galduko luke funtzio positibo bat beteko ez balu. Funtzio positibo hori honetan datza: ez du proletalgoaren klase independentzia oinarri duen estrategia komunista ezerezarekin ordezten, langile klasearen eta burgesiaren frakzio desberdinen arteko aliantza jartzen du bere lekuan, prezioen igoera ez-proportzionatuan oinarritzen dena –inflazioaren gaiari dagokionez, baina beste gaietan ere justifikatzen da halakorik, fronte nazionalaren banderaren pean–. Ikuspegi horren arabera, oligopolioek eta monopolioek –energiarena, esate baterako– nahieran igotzen dituzte prezioak eta, horrek, gizartearen gehiengo baten ustiaketa dakar, burgesiaren frakzio desberdinena barne.
Bada, kontsumoaren garestitze orokortuaren logikaren pean baieztatzen den kontsumitzailearen figurak ukatu eta ezkutatu egiten du gizarte kapitalista antolatzen duen funtsezko harremana: burgesiak lana ustiatzen duela langile klasearen esplotazioa gauzatuz. Horregatik, inflazio-egoera batean ezin ebatz genezake burgesiak ezer galtzen duenik, are gutxiago proletalgoak bere gaitasunak mugatuta ikusten baditu, hori baita burgesiaren eta Kapitalaren garaipenik handiena.
Kontsumoaren garestitze orokortuaren logikaren pean baieztatzen den kontsumitzailearen figurak ukatu eta ezkutatu egiten du gizarte kapitalista antolatzen duen funtsezko harremana: burgesiak lana ustiatzen duela langile klasearen esplotazioa gauzatuz
Inflazioarekin, burgesiak ez du ezer galtzen ez klase gisa, ezta kapital indibidualaren ordezkari gisa ere; gehienez jota, burges indibidual batek langile klasearen esplotaziotik sortzen den pastelaren zati txikiago bat eraman dezake, edo desagertuko da kapitalista gisa ezer eramaten ez badu, baina ez du ezer galduko burges gisa, bere burges izaera ez bada. Horri aurre egin nahi dio, baina, sozialdemokraziak; jakin badakielako, eta hala desio duelako, ekoizpen kapitalistak burgesia behar duela, proletalgoak, proletalgo izaten jarraitzeko, hau da, soldatapeko langile izaten jarraitzeko, burgesia behar duen bezala. Ekoizpenaren bi figura sozialen biziraupena eta esplotazio-oreka da sozialdemokraziaren programa politiko positiboa, bere justifikazio historikoa.
Esan dugu sozialdemokraziaren planteamenduak anakronikoak direla formulatzen diren unetik bertatik. Izan ere, soldata duina bezalakoak –esplotazio duina esan nahi dute–, soldata kantitate baten arabera formulatzen direnak ezinbestean –soldata minimoa kasu–, sistema kapitalistaren argazki estanko bat aurkezten dute, bere dinamika objektiboak une oro bilakatzen duelarik, inflazioarekin kasu, soldata kantitate bat erlatiboki aldagarri, eta erlatiboki beheranzko.
Baina berdin dio horrek, horretan baitatza kontzepzio absolutuaren muga eta zentzu politikoa: ezgai da esplotazioaren auzia ebazteko, hain zuzen ere, auzia ebatz ez dadin sortua izan delako –edo «jaio delako»–. Beraz, ezgai da esplotazioa gainditzeko, esplotazioa iraunarazteko sortu delako. Esplotazioaren amaiera, beharraz gain, desio kontua ere badelako.
HEMEN ARGITARATUA