Egungo erreformak, langile-klasearen bizi-baldintzen debaluazioa eta kapitalaren berregituraketa ulertzeko Europa mailan, horiek zuzentzen dituen erakunde gobernatzaile handienaren oinarri historiko, politiko eta ekonomikoak ulertu behar dira: Europar Batasuna eta harekin lotutako erakundeak.
Europa edo, hobeto esanda, Europar Batasuna (EB) duela hamarkada bat baino gehiagotik etengabeko krisian dago; salbuespenezko politikak bata bestearen atzetik kateatzen ari da, bere proiektu politikoa salbatzeko eta historiako azken 70 urteetan eraikitzen joan den arkitektura batuta eta kohesionatuta mantentzeko, azken helburu batekin: Europa mailan egituratzen den metaketa kapitalistaren eremua gobernatzeko nazioz gaindiko markoa sortzea. Azken helburu hori oinarri hartuta, eta COVID-19aren krisiaren harira, susperraldirako Europako funtsak deritzenak formulatu dira. Ofizialki Next Generation EU izena dute funts horiek, eta finean helburu bera dute, baina egungo egoerara egokituta: Europako kapitalaren ehuna birmoldatzea eta modernizatzea, eremu hori ekonomikoki hirugarren polo estrategiko gisa txertatzeko AEBen eta Txinaren arteko mundu mailako lehian.
Hala ere, Europar Batasuna beste zerbait da kontakizun ofizialarentzat, bai eta sozialdemokrazia klasikoaren ezkerreko alderdi askorentzat ere: gerrak ekiditeko eta herrialdeen arteko elkartasuna eta kohesioa sustatzeko nazioz gaindiko erakundea. Noski, EBk helburu horiek betetzen ez dituenean eta bere benetako aurpegia erakusten duenean –adibide paradigmatiko gisa, Siriako errefuxiatuen krisiari modu eraginkorrean ez erantzutea edo Europako hegoaldeko estatuei austeritate-neurriak ezartzea–, ezker sozialdemokratak ulertzen ez duen baina bere parte izateari utzi nahi ez dion erakunde bat erreformatzeko aldarria egiten du. Jakina da, ordea, nazio mailako bere erreforma sozialen programa guztia ezinezkoa dela Europako egungo artikulazio politikoan, ez baitago erreforma sozial posiblerik zerga eta moneta politikarik gabe, zeinak aspaldi nazioz gaindiko eskala batera eraman ziren aurrera EBn[1].
Gauza bera gertatzen da hainbeste aldarrikatutako Europako berreskuratze-funtsekin; izan ere, ezker sozialdemokratak, haren adar independentistak barne, ongizate-estatu debaluatuaren erakunde nagusiak berrantolatzeko aukera gisa hartu ditu. Funts horiek zerutik eroritako diru moduan ikusten dituzte, eta horien kudeaketa disputan dagoela sinesten dute. Hori guztia EBren nortasunari buruzko fraseologia bikain batez laguntzen dute, eta EBk egungo krisi pandemikoan bere politikaren ikuskera «sozialagorantz» bira keynesiarra emango duela defendatzen dute, ustez, euroaren krisiaren urte gogorretan (2010-2015) ezarritako austeritate-politiken akatsetatik ikasita. Beste behin ere, ez dituzte ulertzen funts horien diseinua, funtzionaltasuna eta baldintzazkotasuna, funts horiek entregatu aurretik diseinatuta baitzeuden. Horrenbestez, ez dago disputa parlamentario posiblerik.
Artikulu honen helburua irakurleari EB, eurogunea eta haren erakunde ekonomiko-politikoen inguruko oinarrizko ezagutza transmititzea da, Europako funtsak zer diren azaltzen saiatzeko. Izan ere, Next Generation EU ibilbide luzeko proiektu politiko baten azken engranajea baino ez da. Proiektu horren helburu nagusia kapitalaren Europa mailako irabazi-tasei bultzada berri bat ematea da, kapital aldakorra debaluatuz; hau da, langile klasearen zuzeneko eta zeharkako soldata eta bizi-baldintzak erasoz.
Ikusteko dago kapitalismo europarrak lortuko ote duen bere depresio luzetik irtetea, edo, alderantziz, bere barne-kontraesanek are gehiago murgilaraziko ote duten krisi-fase berri batean. Gaur egun krisia inflazioak, hedapen kuantitatiboak ekonomian diru artifizialaren injekzio gisa sortzen duen burbuila ekonomikoak eta ekialdeko gerraren ondorioek markatzen dute. Jakina, Ukrainako gerrak EBk pandemiaren salbuespenezko politikak atzean uzteko ezarritako berreskuratze-funtsen eta norabide ekonomiko-politikoaren planak aldatzen ditu. Baina EBri krisi orok halako odolustea eragitea, ekonomia- eta gizarte-desorekei dagokienez, bere jarduteko moduaren eta barne-arkitekturaren ondorio zuzena da, ez kanpotik datozen eta aurreikusi ezin diren zorigaitzena. Hortaz, EBn txertatutako botere burges europarraren artikulazioa zehatz-mehatz ezagutzea ezinbestekoa da edozein praktika politiko sozialistarako.
ZER DA EUROPAR BATASUNA?
Europako integrazio-prozesua prozesu politiko bat da, historiografia ofizialak estatu kideen batasun federal edo konfederalera –neurri handiagoan edo txikiagoan– hurbiltzen diren integrazio-etapa batzuen bidez azaltzen duena. Prozesu horren hasiera bateko helburu esplizitua, Schumann-en (1950) adierazpen ospetsuak zion bezala, «Europako herrialdeen arteko gerra materialki ezinezko egiteko baldintzak sortzea» zen, bereziki Frantziaren eta Alemaniaren artean. Hortaz, ikatzaren eta altzairuaren merkataritza askea ezarri zen 1951n Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa (IAEE) eratu zenean, eta 1957an sei herrialdek Europako Ekonomia Erkidegoa (EEE) eratu zuten, kide ziren herrialdeen arteko merkataritza askeko aduana-batasuna zena. Herrialde horiek Frantzia, Alemania, Italia, Belgika, Herbehereak eta Luxenburgo izan ziren.
Hala ere, inozoa litzateke pentsatzea integrazio ekonomikoa helburu politiko normatibo nobleek baino ez zutela sustatu. Gerraostean, Estatu Batuek berebiziko garrantzia izan zuten ekonomikoki integratuta zegoen eta errekuperatutako Alemania parte zen bloke europarraren sorreran –1953an, gerran pilatutako zorraren erdia baino gehiago barkatu zioten Alemaniari–, merkantzia kopuru izugarria esportatu ahal izateko bertara. Izan ere, garai hartan, Estatu Batuak planetako esportatzailerik handiena ziren eta bere eraginpean egongo zen eremu ekonomiko bat behar zuten. Beraz, integrazio europarraren historiako lehen hamarkadetan, eta hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaierara arte behintzat, ezin daiteke burgesia estatubatuarretik autonomoa den burgesia europar batez hitz egin, bigarrena ekonomikoki eta politikoki lehenengoaren mende baitzegoen[2].
Prozesu horrekin batera, bigarren gerraosteko lehen hogei urteetan, beharrezko baldintza sistemikoak gertatzen dira (mendebaldeko kapitalismoan salbuespenezko irabazi-tasa eta hazkunde ekonomikoa), langile-borroka garrantzitsuekin batera, soldata-igoerak eta estatu-laguntzen sare zabala biztanleriaren hainbat geruzatara iristea lortzeko. Ongizate-estatua deitzen zaio horri, eta hainbat forma hartzen ditu, estatuen gaitasunen arabera.
Hala eta guztiz ere, artikulu hau laurogeiko hamarkadaren ondorengo zikloan zentratzen da. Ziklo horretan, kapitalen zirkulazio askerako Europako Agiri Bakuna (1986) sinatu eta Ekonomia eta Diru Batasuna (EDB) sortzen hasi zen, zeinak Europako Banku Zentralak (EBZ) zuzendutako dibisa bakarra ekarri zuen. Funtsean, EDBren sorrerak Europako burgesia gero eta bateratuago baten eraketari erantzuten zion. Izan ere, nazioarteko zenbait gertakariren ondorioz, Europako burgesia Estatu Batuekiko erdi-autonomoa zen bere bloke propioa instituzionalizatzen hasi zen.
Vietnamgo gerrak, Bretton Woodseko itunen amaierak eta dolarra eta urrearen parekotasunean oinarritutako diru-patroiaren eztandak Europako burgesiak eta zuzendaritza politikoak integrazio-prozesuari norabide berri bat ematea eragin zuten. Helburua argia zen: hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera kapitalismoak jasaten zuen krisiari erantzutea. Hamarkada horretan irabazi-tasa okertzen hasi zen, eta horrek, kapitalaren eta nazioarteko erakundeen erreakzioa eragin zuen. Horren adierazpenik nabarmenena irabazi-tasaren jaitsiera arintzera bideratutako egiturazko doikuntza-politikak izan ziren: barne-soldaten debaluazioaren eta ongizate-estatuan instituzionalizatutako zenbait langile-konkistaren pribatizazioa edo zuzeneko deuseztapena[3].
Europan, langile-klasearen bizi-baldintzetara egokitzeko, zenbait erabaki-instantzia –zerga-politika eta moneta-politika, besteak beste– nazioz gaindiko instantzien esku utzi ziren. Era horretan, instantzia horiek sindikatuen eta hainbat alderdi politiko nazionalen presioaren eraginetik kanpo gelditu ziren. Doikuntza horiek kapitalaren balorizaziorako baldintzarik onenak berrezartzera bideratuta leudeke, bai errentagarriak ez diren kapitalak suntsituz, bai gehiegizko gastu publikoaren moduko estatu-oztopoak murriztuz. Helburua argia zen: soldatak produktibitatearen gainetik ez haztea modu orokorrean, hori funtsezkoa baita Europa mailako metaketa kapitalistarako[4].
Testuinguru horretan instituzionalizatzen dira EB eta EDB, gaur egun ezagutzen ditugun bezala. Zehazki, 1993an Maastrichteko Ituna indarrean sartu eta 1997an konbergentzia-irizpideak onartu ondoren hasi zen eurogunea sortzen. Ikuspegi geopolitikotik, eurogunearen egitura Frantziako eta Alemaniako burgesien gidaritzapean eta konpetentziapean eraiki zen. Frantziak Bundesbank-en eta Alemaniako markoaren alde bakarreko boterea ordezkatzeko gai izango zen finantza-integrazioa nahi zuen, moneta bakarra eta Europa mailako banku zentrala sortuz. Baina, euren markoa sakrifikatzearen truke, Alemaniak konbergentzia-irizpide zorrotzak ezarriko zituen. Horien arabera, estatu kideen aurrekontu-defizitak ezin du BPGren % 3 gainditu edo zor publikoak ezin du BPGarekiko % 60ko ratioa gainditu. Gainera, EBZ Europa mailako Bundesbank gisa finkatuko zen, edozein botere politikorekiko izaera erabat independentearekin, eta haren helburu bakarra prezioak % 2ko inflazioaren inguruan kontrolatzea izanik.
Teoria ekonomiko neoklasiko eta monetaristek euroaren eraikuntza markatu zuten. 1970etik aurrera nazioarte mailan hegemoniko bihurtu ziren, eta adierazten zuten inflazioaren kontrola zela botere publikoek zaindu beharreko arrazoi makroekonomiko nagusia. Halaber, inflazioa leuntzeko nahia ez da langile klasearen aurrezkien balizko murrizketagatik, beste bi arrazoirengatik baizik: batetik, aurreikusi gabeko inflazioak mailegu-hartzekodunei eragiten dien kalteagatik; bestetik, inflazioaren kontrola aitzakia ezin hobea delako kapitalaren errentagarritasun-baldintzekin bateraezinak diren soldata-igoerak eragozten dituzten politika ekonomikoak ezartzeko[5].
EBn Europako Banku Zentralean kristalizatutako botere ekonomiko independente bat dago gaur egun, baina ez da EBZren botere independentea gobernatzen duen gobernu zentral komunitario bat edo antzeko ezer, hautu demokratiko zuzen bati lotuta dagoena (demokrazia liberal-ordezkatzailearen terminoetan hitz eginda). Europar Batasunaren Hitzarmenaren 107. artikuluak arautzen duenez, EBZk erabateko independentzia du. Horren bidez, Europako finantza-kapitalaren erabateko independentzia bermatzen da botere politiko ororekiko; izan ere, EBZko agintari gehienak goi-finantzen mundutik datoz, eta ekonomia-teknokrata moduan aurkezten dira[6].
Horrez gain, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Hitzarmenak, 125. artikuluan, berariaz debekatzen du Europako erakundeek finantza-zailtasunak dituen EBko kide den herrialde bat ekonomikoki laguntzea. Hau da, finantza-erreskate bat eskaintzea. Debeku hori no bail-out klausula gisa ezagutzen da. Era berean, debekatuta dago EBZk eta estatuetako gainerako banku zentralek beren herrialdeko edo beste herrialde bateko zor publikoa erostea. Horrela, herrialde bakoitzeko kontu publikoak barne-austeritatera kondenatuta egongo dira, hau da, soldatak eta gastu publikoak murriztera.
EDBren arazo handienetako bat, ordea, dibisa bakar bat sortu izana da errealitate ekonomiko oso desberdinak dituzten herrialdeentzat. Azken batean, marko berean bi izaera oso ezberdin dituzten herrialdeak elkarbizitzen dute: batetik, oinarri produktibo handiko ekonomia esportatzaileak; bestetik, zerbitzuen sektoreko ekonomia erabat inportatzaileak, kudeaketa-ekonomiak dituztenak, zeinak ezin duten haien moneta-politika manipulatu. Aldi berean, konpentsazio gisa, ez dago inolako mekanismorik estatuen arteko birbanaketa fiskalerako.
Gainera, EDBko kide izatera igaro ziren estatu askok ez zituzten betetzen euroaren markoan sartzeko ezarritako konbergentzia-irizpideak. Adibidez, Italiak 1997ko azterketa BPGren % 117,4ko zor publikoarekin igaro zuen, sarrera-irizpideek ezarritakoaren ia bikoitzarekin. Bestalde, Greziak, euroguneko katebegi ahul gisa, 2001ean sartu zen, % 104,7ko zor publikoarekin.
Azken urteotan, soberakinak birziklatzeko mekanismo bat sortzeko proposamena izan da joera neokeynesiarreko autore askoren proposamen nagusia. Horren bidez superabita duten herrialdeetatik defizitarioak diren horietara itzuli beharrik gabeko transferentziak bideratzea planteatzen dute[7]. Dibisa berak elkartutako baina dibergentzia ekonomiko handiak dituzten herrialdeentzako mekanismoa litzateke. Izan ere, merkataritza-defizit iraunkorrak dituzten herrialdeek ezin dute beren dibisa debaluatu nazioartean lehiakortasuna berrezartzeko, eta lan-kostuen, soldaten, diru-laguntzen, subsidioen eta abarren barne-debaluazioaren bidez lortzen dute lehiakortasun hori berrezartzea.
Hala ere, Maastrichteko Ituna mekanismo egonkortzaile hori gabe egin zen, eta horrek arrisku hori bloke monetario osoan partekatu ezina ekarri zuen, kapital-fluxuak produktiboki gutxien garatutako eremuetara birbanatzea ahalbidetuko lukeen mekanismo fiskalik sortu gabe. Horren aurrean, integrazio ekonomiko eta monetarioak berak egonkortze bat ekarriko zuen fedea izan zuten, hau da, Batasuneko herrialde guztien arteko ekoizpen- eta errenta-parekotasun handiagoranzko norabideari berez helduko zitzaiola. Baina hori ez zen gertatu, eta Europako integrazio-eskema asimetrikoa agerian geratu zen 2008an Wall Street-eko krisian, espekulazioaren eta finantzen metatze-zikloaren kontraesanak lehertu zirenean. Herrialde periferikoek, zeinen zor-bonuekin espekulatu baitzuten Europako inbertsio-banku handiek, maileguak lortzeko zuten biderik ohikoena galdu zuten. Testuinguru horretan, EBZk esku hartu behar izan zuen eta azken uneko mailegu-emaile gisa jardun zuen, bai finantza-sistemarako, bai zor-merkatuetatik kanporatuak izan ziren estatu periferikoetarako.
Soberakinak birziklatzeko mekanismorik gabe, 2010eko maiatzean Greziako erreskatearekin hasitako euroguneko krisian, erreskatea inprobisatu behar izan zen, erreskate-plan komunitarioen eta EBZk asmatutako hedapen kuantitatiboko ezohiko planen bidez. Jakina, EBZren erreskate-plan oro gauzatzea eta larrialdiko likideziari eustea, austeritate-plan zorrotzak betetzearen mende zeuden, zeinak Troika ezagunak –Europako Batzordeak, EBZk eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) osatutako hirukoa– zuzentzen zituen. Horrela iritsi gara COVID-19aren krisira eta Next Generation EU funts europarretara: atzeko atetik sartuko dira eta makillatuta eta ozen aldarrikatzen den austeritaterik gabe heldu badira ere, funtsean aurreko erreskate-paketeen berdinak dira. Izan ere. EBk soberan ditu langile klasearen bizi-baldintzak etengabe debaluatzeko mekanismoak.
EUROPAR BATASUNAREN HIRU DOIKUNTZA-MEKANISMOAK
Telebistako solasaldietan parte hartzen duten guru ekonomiko nagusiek EBk bizi duen krisi ekonomikoa kanpoko shock hutsetara murrizteko joera dute, kapitalismoaren ohiko joerekin zerikusirik ez luketenak. Halaber, hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, mendebaldeko kapitalismoa mendeetako krisi luze batean murgilduta dago, intentsitate txikiagoko edo handiagoko krisi-aldiak jasanez, baina hazkunde ahuleko susperraldiak izanda beti. Hala erakusten dute Triada Ekonomikoa deituriko herrialde nagusien datuek (AEBak, Japonia eta EB). Herrialde horien artean batez besteko sinplean neurtutako BPGaren hazkunde-datuek beheranzko joera erakusten dute hirurogeiko hamarkadako maximoetatik: % 5,6ko (1961-65) eta % 5,4ko (1966-70) tasen hazkundearen ostean –% 3,2koa (1971-75) eta % 3,3koa izan zen krisi-garai betean (1976-80)–, 80ko hamarkadatik aurrera hazkundearen erritmoak beheranzko joera nabaria du, hazkundea % 5ekoa (1981-85), % 3,6koa (1986-90), % 1,8koa (1991-95), % 2,7koa (1996-00) eta % 1,7koa (2001-05) izanik[8].
Joera horrek agerian uzten du 2008ko krisia ez dela sortu munduko kapitalismoaren goranzko aldi baten agortze soiletik. Horren aurrean, EBk, eta zehazkiago bere lurraldean jarduten duen burgesiak, irabaziak bultzatzeko eta krisitik ateratzeko mekanismoak topatu behar ditu. Espainiako estatuan, esaterako, zentzu horretan izandako doikuntzarik nabarmenena 1992-1996 arteko Europako Erkidegoarekin bat egiteko programa da, 1992ko maiatzean Felipe Gonzalezen PSOEren Gobernuaren ekimenez onartutakoa. Lege horrek EBk abian jarritako barne-merkatuen koordinazio delakoari erantzuten zion, euroan sartzeko baldintza gisa. Besteak beste, aldi baterako kontratuen gehieneko iraupena sei hilabetetik hamabi hilabetera luzatu zen, eta soldatei eusteko eta langabezia-prestazioa murrizteko neurriak ezarri ziren. Horiek izan ziren lehen lan-erreformak.
Joera hori ez da soilik Europako periferiako estatuetan gertatzen. Alemaniak berak ere bere ekoizpen-mailaren araberako soldata-debaluazioarekin lortzen du bere ekoizpen-makinariak lehiakortasun tasa handiak mantentzea. Alemaniak 2003an legeztatu zuen minijobs deiturikoen erregulazioa. Enplegu horien bidez, langileak hilean gehienez 450 euroko soldata jasotzen du, eta orduko 8,84 euroko gutxieneko soldatak ezarritako gehieneko ordu-kopuru bat lan egin behar du. Minijob horietan, batez besteko soldata 291 eurokoa da. Kontratu mota horrek erraztasun handiak ematen dizkie enpresaburuei langileak kontratatzeko eta kaleratzeko. 2011rako, 7,3 milioi alemaniar baino gehiago, Alemaniako lan-indarraren % 25 inguru, minijob motako enplegu batean ari zen. Gainera, Alemaniako Ekonomia eta Gizarte Institutuaren (WSI) ikerketa baten arabera, 2019an minijob bateko langileen erdiek kontratu mota horretarako ezarritako gutxieneko soldata baino gutxiago kobratu zuten [9].
Zalantzarik gabe, soldatak debaluatzeko estrategiak beste doikuntza bat izan zuen 2010etik aurrera, Troikak bultzatutako austeritate-planen baitan. Zehazki, hartzekodun horien erreskate-mailegua jaso zuten estatuak izan ziren azken hamarkadan soldata- eta gizarte-debaluazio handiena jasan zutenak (Grezia, Zipre, Portugal, Irlanda eta Espainia). Irlandan, esaterako, soldatek BPGrekiko duten partaidetza % 19,2 jaitsi zen 2009. urtearekin alderatuta.
Azken batean, Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) datuen arabera[10], soldataren kontentzio konstante horren ondorioz, Europako soldata osoaren laurdena aberatsena den biztanleriaren % 10era bideratu da. Aberastasun-kontzentrazio hori bizkortu egin da errenta handienei ezarritako desarautze fiskalaren bidez; izan ere, EDBko kide diren herrialde guztien kasuan, Sozietateen gaineko Zergaren batez besteko zerga-tasa 1995eko % 36,8tik 2014ko % 25,9ra igaro da.
EBk bultzatzen dituen kapitalaren kontzentrazio- eta zentralizazio-helburu horietara iristeko, Europako Erkidegoko erakundeek hiru mekanismo dituzte langile-klasearen soldata debaluatzeko, nahiz eta estatu bakoitzean forma desberdina hartu:
1) Egokitzapen iraunkorreko mekanismoa
EBk badu mekanismo bat herrialde baten kontu publikoak etengabe baldintzatzeko eta aldatzeko; izan ere, estatuen urteko aurrekontu guztiek Europako Batzordearen azterketa igaro behar dute. Azterketa hori askoz ere gogorragoa da eurogunea osatzen duten herrialdeentzat, konbergentzia-irizpideak zorrotz bete behar baitituzte. Beraz, baimendutako defizitaren % 3ko gehiengotik desbideratzen den gastu gehigarri oro zentsuratu eta zigortu egiten du Batzordeak.
Neurri hori estatuetako gobernuei dagokie, baina eragina du udalen tokiko aurrekontuetan ere. Finean, azken horiek, gastu-muga arautzen duen legearen bidez, behartuta daude orekan dagoen aurrekontu bat aurkeztera. Horren adibide gisa, 2017aren amaieran Manuela Carmena buru zen Madrilgo Udalak aurkeztu zituen kontuak dauzkagu. Garai hartan Ogasuneko zinegotzi zen Carlos Sanchez Matok –Ezker Batuako kidea–, defizita eragiten zuten udal-aurrekontuak egin nahi izan zituen, aurreko ikasturteetan Udalak bere zorra murriztu zuela argudiatuz. Horrela, PPko Cristobal Montorok zuzentzen zuen Ogasun Ministerioari aurre egin zion Sanchez Matok, Udalarentzat baimendutako gastua 244 milioitan gaindituz. Manuela Carmenaren erantzuna lasterra izan zen: bere zinegotzia kargutik kendu zuen eta gastu publikoa zuzentzeko aurrekontu berri bat egitea proposatu zuen, Espainiako Gobernuari eta EBri aurre ez egiteko, hori baitzen maniobra horren atzean zegoena.
Krisi pandemikoa dela eta, Europako arau fiskalak etenda daude gaur egun. Hori dela eta, gobernuek gastu handiagoa egin dezakete. Hala eta guztiz ere, 2023an etenda jarrai dezaketen arren, arau horiek itzuli egingo dira, izan aurrekoen forma berean, izan erreformaren batekin. Baina gastu edo zorpetze handiagoa baimentzeak ez du esan nahi, nahitaez, gastu hori osasunera, zaintzara edo hezkuntzara bideratuko denik, sozialdemokraziak sinestarazten digun bezala. Ezohiko gastu hori industria birmoldaketetarako edo estatuak berrarmatzeko erabil daiteke, gaur egun Ukrainako gerraren testuinguruan ikusten ari garen moduan.
2) Egokitzapen koiunturalaren mekanismoa
Mekanismo hori EBk krisi bati erantzunez sortzen duen erreskate ekonomiko edo funts orori dagokio, EBren arkitektura politiko-geografikoa ez apurtzen saiatzen baita. Adibidez, Greziak bere burua kaudimengabetzat jo zuenean eta merkatuetatik kanpo geratu zenean 2010ean, bere zorra birfinantzatu ahal izateko, EBk, NDFrekin batera, erreskate pakete bat eskaini zion Greziako Gobernuari. Erreskatea ez da inoiz doakoa; izan ere, zatika ematen da beti, eta zati bakoitza desblokeatzeko egiturazko erreformak egin behar dira. Erreforma horiek, gehienetan, lan-merkatua malgutzea eta gastu publikoa murriztea dakarte.
Mekanismo horretan sartzen dira gaur egungo Europako berreskuratze-funtsak. Kasu honetan, ordea, herrialde jakin baten erreskatea izan beharrean, Europako Batzordeak finantzatutako EB osoaren erreskate moduko bat dira. Dena den, funts horien zenbatekoaren ia erdia Europako ekonomian pisu handia duten baina ekonomikoki eskasak diren estatuek jasoko dute. Besteak beste, Espainiak eta Italiak. Izan ere, EBk eta Europa erdialdeko burgesia esportatzaileak ezingo lukete bizirik iraun bi herrialde horiek eroriko balira, beren merkantzien helmuga nagusia hegoaldeko Europa baita.
Gainerakoan, betiko mekanismoa dugu kasu honetan ere: zatika ematen diren funtsak, erreformen baldintzapean, azken lan-erreforma edo pentsioen etorkizuneko erreformaren bidetik. Oraingoan Troikarik ez egon arren, doikuntza-mekanismoa Europako Seihilekoa deritzonak ordezkatzen du. Hau da, EBko herrialdeen politika ekonomikoak koordinatzen dituen markoak. Argi esanda, ezarritako erreformak kide diren estatuek betetzen dituztela gainbegiratzeaz arduratzen den Europako Batzordeko mekanismoa da.
3) Premiazko doikuntza-mekanismoa
Mekanismo hau larrialdi-egoerei dagokie, EBko botereek estatu kide bat diziplinatu nahi duten kasuei, esaterako. Mekanismo hori EBZak eskainitako diru-likideziaren balizko etenaren mende dago, haren ezohiko edo larrialdiko likideziaren mende bereziki. Horregatik, EBZ funtsezkoa da EBren gobernantza kapitalistan. Europako kapitala modernizatu nahi duten berreskuratze-funtsak bezain garrantzitsuak dira EBZren diru-hedapen kuantitatiboko programak, Europako kapitalismoa ez desintegratzea ahalbidetu dutenak.
Gaur egun, EBZ da defizitarioak diren eta erabat zorpetuta dauden Europako periferiako herrialde guztietako zor-bonuen erosle nagusia. Hala ere, erakunde horrek era autonomoan erabaki dezake programa horiek gutxitzea –hurrengo hilabeteetan egingo duen bezala, erabateko ziurgabetasunarekin– edo, are gehiago, herrialderen bateko banku-sistema likidezia horretatik kanpo uztea. Hori gertatu zen 2015ean Syrizaren Greziako Gobernuak erreferendum bat deitzea erabaki zuenean, herritarrei EBk erreskate ekonomikorako eskatutako neurriak onartzeari buruz galdetzeko.
Garai hartan, Greziako herrialdeko banku-sistemak hilabeteak zeramatzan EBZk eskainitako larrialdiko diru-likideziari lotuta. Halaber, ezkerreko sozialdemokraziak azken urteotan EBri proposatutako erronka politiko handienaren unean baino ez zuen erabaki Mario Draghi buru zuen erakunde monetarioak, likidezia moztu eta Grezia corralito batera kondenatzea. Presio politikorako eta diziplinatzeko mekanismo argia izan zen hori, langile greziarrak aurrezkiak eskuratu ezinik geratu baitziren, kutxazain automatikoetatik dirua ateratzeko gehienezko muga eguneko 50 eurokoa izan baitzen pertsonako [11].
NEXT GENERATION-ETIK NEXT CRISIS-ERA
Asko hitz egin da COVID-19aren krisia gainditzeko EBk bere estatuen artean inbertituko dituen 750.000 milioi euroko zenbatekoari buruz, zeinak kapitalaren funtsezko sektoreak modernizatzea izango duen helburu. Hala ere, funts horiek enpresa handiek kudeatuko dituzte eta, horiek eskuratzeko, planak egin beharko dizkiete gobernuei, haiek onar ditzaten. Plan horiek, gehienetan, aholkularitza-enpresa handiek (KPMG, EY, Delloite edo PwC) egiten dituzte, kostu oso handian.
Next Generation EU planaren gorabeheretan sartzea baino gehiago –plan horri buruz asko hitz egin eta idatzi baita zentzu kritikoan[12]–, azken puntu honetan interesatzen zaigu plan hori ulertzea Europako kapitalismoaren etorkizuneko testuinguruari begira, eta ea etorkizunean atzeraldi bat saihestuko duen, langile-klasearen bizi-mailan murrizketa gehiago ekarriko dituena. Bada, EB hasi da funtsen zenbatekoak banatzen, Europan panorama belzten ari den unean. Izan ere, inflazioak, EBZk diru-estimuluak kentzeak eta NATOren eta Estatu Batuen bloke geopolitikoko kide izateagatik EBk Errusiaren aurrean izaten ari den lurralde-nagusitasunagatiko gerra estrategikoak krisi testuingurua areagotu du.
Historian lehen aldiz, eurogune osoaren zorra haren ekonomia baino handiagoa izan zen 2021an, hau da, euroaren eremuko herrialde guztien BPGaren % 100 baino handiagoa. Zorpetze handia duten estatuekin batera, Europak aurre egin behar dio galera ekonomikoak dituzten eta kaudimenik ez duten enpresak finantzatzen aritu izanari. Enpresa horiek kiebra egiteko arrisku larrian egongo dira, EBZk interes-tasak igo eta estimulu artifizialen politikarekin amaitzen duenean. Europako Parlamentuarentzat 2021eko maiatzean egindako txosten batek ohartarazten zuen Europako enpresen % 15 inguru enpresa «zonbiak» direla; hots, finantza-egoera txarra dakartela denbora luzez, eta hori ez datorrela arazo puntual batetik. Horrek porrotera bultzatzen ditu, babes publikoekin ere ezingo dute iraun[13].
Urte honetan bertan, NDFk ohartarazi du zor korporatibo pribatua munduko BPGren ia % 100era iristen dela. Ukrainan gerra hasi aurretik, NDFk berak adierazi zuen banku zentralak inflazioa kontrolatzeko interes-tasak handitzen ari diren honetan, enpresen zorra birfinantzatzeko kostuak handitu egingo direla. Zaurgarritasun korporatiboak agerian geldituko dira gobernuek krisiaren punturik gorenean enpresa kaltetuenei eman zieten laguntza fiskala murrizten dieten heinean. Gerta liteke NDFk gobernuei eskatzea COVID-19aren ondoren sortutako testuinguru ekonomiko berrian errentagarri izan daitezkeen enpresak berregituratzea, edo, besterik gabe, enpresa horiek erortzen uztea.
Hemen sartzen da, hain zuzen ere, EBren Next Generation EU berreskuratze-funtsa. Azken hori laguntza publikoen funts handi bat da, eta garrantzi berezia duten enpresa-sektoreak berregituratzea du helburu, sektore horiek beren irabazi-tasak berreskura ditzaten eta Europako eremu geografikoa hirugarren polo lehiakor bihur dadin AEBen eta Txinaren arteko lehia ekonomikoan. Hortaz, funts horiek honako ondorio hauek ekarriko dituzte: batetik, 4.0 teknologiako puntako enpresak digitalizatuko dituzte; bestetik, sektore elektriko eta energetikoko enpresa handiak modernizatuko dituzte birmoldaketa ekologikorako; azkenik, zerbitzuak birfinantzatuko dituzte enpresa liderrak Europan instalatu ahal izateko. Baina ez dute inola ere berreraikiko Europako ongizate-sistema, osasunerako edo hezkuntzarako aurreikusitako partidak hutsaren hurrengoa baitira.
Helburu horrek berak ere, ordea, huts egin diezaioke Europari. Azken batean, berreskuratze-funtsak EBko BPG osoaren % 0,8a dira, 2020an, pandemiaren urte gogorrean, EBren BPG erantsia % 6 erori zenean (800.000 milioi euro inguru). Gainera, gaur egun kapitalismo europarra ataka larrian jartzen duen arazo nagusia inflazioa kontrolatzeko estatu defizitarioenen zorra erosteari utzi behar diola da, bai eta enpresak interes-tasa baxuetan finantzatzeari utzi behar diola ere. Baina hori egiten badu, periferiako estatuetan zenbait krisi eragiteko arriskua izango luke, estatu horiek kiebrara eta zorpetzera kondenatuz. Gaur egungo egoeran, beraz, Europako kapitalismoarentzat ez dago krisi gehiago ekarriko ez duen irtenbiderik.
Inflazioa eragiten duten arrazoi geopolitikoak, fenomeno hori arrazoi ekonomiko sakonagoek sortu arren, ez dira desagertuko. Alabaina, kapitalismoa artifizialki mantentzeko politikek –EBZren diru injekzio handiek, adibidez– inflazioa larriagotu dezaketela uste du EBk eta, hori dela eta, laguntza horiek pixkanaka kenduko dituzte. Dena den, EBk badaki batere produktiboa ez den produkzio-ehuna duela, eta horren porrotak aurrekaririk gabeko krisia eragin dezakeela. Beraz, inflazioak enpresa-galerak sortzen dituen eta inflazioak berak diru-estimuluak kentzea eragiten duen testuinguru batean, zer egin daiteke errentagarritasunari eusteko? Bingo, erreforma eta politika berriak, langile klasearen lan- eta bizi-baldintzak debaluatzeko.
Horregatik, berreskuratze-funtsek, beren enpresa edo fakzio liderren eta punta-puntakoen kapitala modernizatuko badute ere, horiek jasotzearen truke langile guztiei eragingo dieten erreformak ekarriko dituzte. Hauek izango dira etorriko diren erreformen gakoak etorkizuneko Next Crisis iraunkorraren aurrean: batetik, lan-malgutasuna areagotuko dute eta, aldi berean, langabeziaren datuak makilatu, aldizkako kontratu finko gisako asmakizun berriekin; bestetik, gutxieneko biziraupen-sorospenen funtsak sortuko dituzte kapitalaren berregituratze-prozesutik kanpoan geratuko den biztanleria osoarentzat; azkenik, zenbait zerbitzu publiko mantenduko dira, ahalik eta gastu txikienaren truke, eta gero eta biztanleria pobreagoarentzat.
ONDORIO POLITIKOAK
Gako horietatik, bi ondorio politiko garrantzitsu atera daitezke. Lehenengoa, EB gaur egun egiten ari denaren izaera politikoari dagokio. Egiazki, EB bere kapitala modernizatzen eta krisi-testuinguru bati aurre egiten saiatzen ari da, eta horri erantzuten diote diru-politika hedakorrek eta zorpetzea baimentzeko politikek. Ezker sozialdemokraziak ez du ulertzen, ordea, moneta-hedapenak ez dakarrela sekula gastu soziala lehen lerroan izango duen politika sozialdemokratarik. Gaur egun bizi dugun gerra-gorakadarekin ikusiko dugun bezala, EBk salbuespenezko zorpetzeak onartu ditzake, baita zor komuneko Europako funtsak planeatu ere, kide diren estatuen berrarmatzea finantzatzera bideratutakoak.
Gauzak horrela, proiektu sozialdemokratak gaur egungo EBn topatzen ditu bere proiektu politikoa gauzatzeko inoizko ezintasunik handienak. Egun, ordea, alderdi sozialdemokratak politika sozialdemokratak deitzen ari zaizkie langile-klasearen soldata erreala debaluatzen duten eta gutxieneko bizi-mailara kondenatzen duten politikei, aldi baterako lan-erregulazioko espedienteei edo gutxieneko bizi-sarrerari, besteak beste. Horregatik, gaur egungo EBn, ongizate-estatuaren paradigma gainbeheran eta erabateko miseriara kondenatuta dago.
Bigarrenik, EBren eta egungo egoeraren errepaso historiko batek erakusten digu estatu-nazionalak presionatzeko langile mugimendu tradizionalaren hipotesi politikoa gaindituta dagoela. Azken finean, estatu-nazionalek ezer gutxi egin dezakete beren politika fiskalak, lanari lotutakoak, monetarioak eta sozialak EBren nazioz gaindiko instantziaren mende daudenean. Egiazki, hor egituratzen da botere burgesaren benetako botere politikoa Europa mailan. Hori dela eta, estrategia sozialista batek kontuan izan behar du antolaketa-mailak nazioarteko eskala bateranzko joera izan behar duela. Errealitate zaila da, baina aldi berean premiazkoa, eta bizi dugun orainak eta etorkizunak ez digute konponbide errazik ematen.
OHARRAK
1 Horri dagokionez, ikusi besterik ez dago Ezker Abertzaleak eta bere alderdi instituzionala den EH Bilduk funtsak ulertzeko eta horiek kudeatzeko aukerari buruz erakutsi duten jarrera. Jarrera horren erakusgarri da Pello Otxandiano (2021) Sortuko kide eta EH Bilduko programen zuzendariak Erria aldizkarian argitaratutako artikulu hau: «Europako funtsak borrokarako esparru gisa. Estrategia, taktika eta praxi politikoa» (online eskuragarri). Artikulu horretan agerian geratzen dira sozialdemokraziaren ezkerreko hegalaren kontraesanak, funtsen izaera eta EBren arkitektura politikoa ulertzen ez dutelako, edo ulertu nahi ez dutelako.
2 Europako integrazio ekonomikoaren historian sakontzeko: Perry Anderson (2012): El nuevo viejo mundo, Akal, Madril.
3 Joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadako krisia eta irabazi-tasaren kalkulu bat ulertzeko, nahiz eta Estatu Batuetako ekonomian oso zentratuta egon: Robert Brenner (2003): La expansión económica y la burbuja bursátil. Estados Unidos y la economía mundial. Europa sakonago aztertzeko, honako artikulu hau gomendatzen dut: Gérard Duménil eta Dominique Lévi (2005): «From prosperity to neoliberalism. Europe before and after the structural crisis of the 1970s», CEPREMAP-CNRS, Paris (online eskuragarri).
4 Europako merkatu bakarra abian jarri zenetik eta diru-integraziotik abiatuta eraikitako erakunde guztiek zuzeneko eta zeharkako soldataren etengabeko debaluazioa ahalbidetzen dutela ulertzeko: Javier Murillo eta Mario del Rosal (2012): «El euro como mecanismo de aplicación del ajuste salarial», Ekonomia Kritikoari buruzko XIII. jardunaldiak, Sevilla (online eskuragarri).
5 Inflazioak duen paperari buruzko informazio gehiago: José Luis Sampedro (1976): La inflación en versión completa, Editorial Planeta, Madril.
6 Europako Banku Zentralaren rola sakonki ulertzeko: Mario del Rosal (2019): «Una crítica de la economía política del Banco Central Europeo», Papeles de Europa, Madril (online eskuragarri).
7 Europarako korronte neokeynesiarrak duen proposamenaren sintesi gisa Yanis Varoufakis-en liburua ikus daiteke, non bere pentsamendu ekonomikoa laburbiltzen duen 2015ean Syrizako Gobernu greziarreko Finantza ministro izatera iritsi aurretik: Yanis Varoufakis (2013): El minotauro global. Estados Unidos, Europa y el futuro de la economía mundial, Capitán Swing, Madril.
8 Barne Produktu Gordina erabiltzen dugu hemen neurtzeko, adierazlerik bisualena eta bilatzeko errazena baita ekonomia estatistiko ofizialak erabiltzen dituenen artean. Teorizazio marxistaren garapenari lotuago dauden datuak lortzeko, irabazi-tasa kalkulatzeko tauletan sartu beharko genuke, eta hori artikulu honen irismenetik kanpo geratzen da. Hala ere, EBren estatistiken web orrian (AMECO) bertan, erraz kontsulta daiteke hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera EBren kapital produktiboaren gainbehera erakusten duen adierazle bat: Kapital Finkoaren Eraketa Gordina (KFEG). Adierazle hori herrialde baten inbertsioari dagokio, eta aktibo finko ez-finantzario pribatu zein publikoen (erosketen zenbateko guztia, ken aktibo finkoen salmentak) denbora-tarte jakin bateko aldakortasunak adierazten du. Era horretan, ekonomia kapitalista jakin baten metatze-erritmoa dei genezakeenera hurbil gaitezke, kontu handiz bada ere.
9 Datuok honako lan honetatik ateratakoak dira: Comisión Europea (2018): Case study – gaps in access to social protection for mini-jobs in Germany, Bruselas, Oficina de Publicaciones de la UE (online eskuragarri).
10 Organización Internacional del Trabajo (2016): Global Wage Report 2016/17: Wage inequality in the workplace, Ginebra, OIT (online eskuragarri).
11 Europako Banku Zentralak Greziari egindako xantaiaren kontakizun bat irakurtzeko: Yanis Varoufakis (2017): Comportarse como adultos: mi batalla contra el establishment europeo, Deusto, Bartzelona. Honako artikulu hau, berriz, Syrizako kide ohiak kontatutakoaren ikuspegi osagarria nahi izatekotan, azkenean Syrizak Europak eskatutako baldintzak onartu baitzituen, erreferendumaren emaitzari traizio eginez: Éric Toussaint (2020): Capitulación entre adultos. Grecia 2015: Una alternativa era posible, El Viejo Topo, Madril.
12 Funtsen zenbatekoari eta banaketari buruz asko idatzi eta aztertu da jada. Mario del Rosalen artikulua gomendatzen dut (2020): «Los fondos europeos: ¿un nuevo Plan Marshall?», Nueva Revolución (online eskuragarri). Baita YouTubeko KoinéTV kanalak egindako bideo sorta ere, «EBko funtsek benetan nola funtzionatzen duten» eta «Europako funtsen ondorioak» izenburupean.
13 Nazioarteko erakunde ekonomikoen txostenak baino gehiago, «zonbi» enpresen arazoak ulertzeko bi artikulu gomendatzen ditut: Michael Roberts (2022): «Fallen angels», The next recession (on-line eskuragarri) / Yago Álvarez Barba (2020): «¿Qué es una empresa zombi y cuántas hay en España?», El Salto (online eskuragarri).
HEMEN ARGITARATUA