2025/11/01

Franco hil zenetik 50 urte bete diren honetan, ahalegin handia egin da efemeride hori Trantsizioaren apologia bilakatzeko, bai eta diktadorea hil ondoren klase burgesaren diktadurak hartu zuen formaren, demokrazia parlamentarioaren, apologia bilakatzeko ere. Tejero estatu-kolpea jotzen saiatu zenetik ia 45 urtera, ordenaren alderdiaren ezker hegala, PSOE zaharkitua buru duela, frankismoaren ­itzala xaxatzen ahalegintzen da oraindik ere, denoi sinetsarazi nahirik gaur bizi duguna, txarra izanik ere, miretsia eta apreziatua izan behar dela, diktadura frankistaren 36 urte ilun haiek baino hobea delako.

Behartutako etsitze eta konformismo hori gil­tzarri izan da Espainiako Estatuan eta, bereziki, Euskal Herrian existitu diren aukera iraultzaileak itotzeko hainbat belaunalditan zehar. Hain zuzen ere, gerran eta gerraostean exekutatutako 150.000 pertsonen eta ondoren eraildako 25.000 pertsonen heriotzaren bitartez masetan piztutako terrorearen bitartez, ­proletario-sarraski horren borregoa lasai-lasai zendu zen ohean, bere papera bete duenaren kontzientzia lasaiarekin. Frankismoa, haren garaikide izan ziren gainerako faxismoak bezalaxe, burgesiaren lema-kolpe bat izan zen, bere esplota­tzaile-pribilegioa arriskuan ikusi baitzuen. 

Izan ere, Ekialdetik zetorren haize gorriak ikaratuta, kapitalistek ez zuten zalantzarik egin: estatu liberala bertan behera utzi zuten militantzia iraul­tzailea purgatzeko, ia guztiz desagerrarazi arte heriotzaren, torturaren edo erbestearen bitartez.

Horregatik esan dezakegu diktadura frankistak eta Trantsizioaren ondorengo ordena sozialak hari berari jarraitzen diotela iraultzaren aukera zapal­tzeko eta burgesiaren diktadurari eusteko bidean. Hala, klase menderakuntzak 1978ko konstituzioa baliatuta hartu zuen forma berriaren pean berdin mantendu ziren politikariak, epaileak, enpresariak, militarrak, hedabideak, poliziak, etab.

Alabaina, ordenaren alderdiaren ezkerreko hegalaren ordezkari nagusia, PSOE, etengabe saiatzen da diktadorearen heriotza hiato bat izan zela defendatzen eta ospatzen, gizartearen funtzionamenduan irekitako amildegi gisa aurkezten, bai eta aldaketa gidatu zuten figurak goraipatzen ere. Azken finean, ahalegintzen dira frankismoa Estatuaren historiako kapitulu ilun eta isolatu gisa bazter­tzen, une jakin bateko desbideratze bat izan balitz bezala. Defendatzen dutenaren arabera, Estatuaren zoramen iragankor bat izan zen, Felipe Gonzálezek onbideratu zuena estatu-gidaritza hartu zuenean, eta estal ditzagun oihal lodiz ZEN plana, GAL, heroina, Moncloako Akordioak, langabezia, autonomien estatua, NATO, etab.

Burgesiaren alderdiaren eskuin hegalak, bere aldetik, ezin du ezta hauteskunde kanpainarik ere egin iragan ilun horrekin; ondorioz, negazionismoaren bidea hartzen du. Arekak ireki baino nahi ez dutenei itxita zeuden zauriak irekitzea leporatzen diete, eta iraganaren azterketa materialista historikoan oinarritutako egungo politikaren irakurketa oro ­gerrazibilismotzat kondenatzen dute. Gutxienez horretara mugatzen ziren, hein handi batean, orain arte; izan ere, gaizki antzeztutako disimulu hori lotsa galtzen doa faxismoaren zigorgabetasuna agerian gelditu ahala, eta pixkanaka San Juanen arranoen eta beso altxatuen apologia lotsagabe bihurtzen da.

Bistako desberdintasunak desberdintasun, bi bloke politikoek jarduten dute frankismotik jasotako ordena sozial beraren bermatzaile gisa: batak erretorika demokratiko eta memorialista hutsez makilatzen du; besteak, aldiz, konplexurik gabe aldarrikatzen du, aurrekoen klase kontziliazioko politikak baimentzen duen neurrian. Edozein sakoneko zalantza planteatzen denean, biek ala biek demokraziaren aurkako arrisku gisa seinalatzen dute, biak ala biak ahalegintzen dira iraganari eta orainari buruzko klase irakurketa oro desaktiba­tzen eta memoria historikoa joko-zelai sinboliko eta kaltegabe batera murrizten. Bien arteko pintza horren aurrean, frankismoa aztertzea ezin daiteke izan nostalgia antifaxistaren ariketa etxekotua, ez eta arkeologia moralaren ariketa hutsa ere. Guk defendatzen duguna da Erregimena eraldatu eta modernizatu egin zela horixe exijitzen zuelako garaile irtendako nazioarteko ordenak; hala, egiteke dugun zeregina ez da handik jaiotako mozorro demokrata perfekzionatzea, baizik eta behin betiko garaitzea haren oinarri den klase dominazioko sistema.

Frankismoa aztertzea ezin daiteke izan nostalgia antifaxistaren ariketa etxekotua, ez eta arkeologia moralaren ariketa hutsa ere. Guk defendatzen duguna da Erregimena eraldatu eta modernizatu egin zela horixe exijitzen zuelako garaile irtendako nazioarteko ordenak; hala, egiteke dugun zeregina ez da handik jaiotako mozorro demokrata perfekzionatzea, baizik eta behin betiko garaitzea haren oinarri den klase dominazioko sistema.
EZ DAGO IRUZKINIK