ARGAZKIA / Amaiur Ruiz
Marina Segovia
2025/11/02

Internazional Komunistaren VII. Kongresuan aurkeztu zuen faxismoaren inguruko txostenean, Dimitrov-ek baieztatu zuen faxismoaren garapenak eta diktadura faxistak berak hainbat forma hartzen zituela herrialdearen arabera, baldintza historiko, sozial eta ekonomikoak, ezaugarri nazionalak, eta herrialde bakoitzaren nazioarteko posizioa kontuan hartuta. Italiako faxismoa eredu hartutako Europako beste zenbait prozesurekin dituen antzekotasun ideologikoak gorabehera, Espainiako faxismoaren garapenean berezitasunak azaleratzen zaizkigu lurraren banaketa desorekatuari, Eliza katolikoaren pisuari, burgesiaren garapen mugatu zein berantiarrari eta ezarritako tradizio erreakzionarioari lotuta. Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistak (NSDAP) eta Mussoliniren Alderdi Nazional Faxistak (PNF) sistema politiko demokratikoa manipulatuta lortu zuten Parlamentuaren kontrola bere egitea. Mussoliniren kasuan, Erromarako Martxaren ondoren, Viktor Emanuel III.a erregearekin adostasun batera heldu, eta gobernuburu bihurtu zen. Monarkaren eta eliteen sostengua baliatuz, irabazleei mesede egiten zien hauteskunde lege bat sortu zuen (Acerbo Legea) eta, lege horri esker, gehiengo osoa lortu zuen Nazionale zerrendak, hau da, faxistek, kontserbadoreek eta liberalek osatutako koalizioak. Gauza jakina da Weimarko Errepublikaren ahuleziak eta naziek hauteskundeetan lortutako arrakastak Paul von Hindenburg Alemaniako presidentea Hitler kantziler izendatzera eraman zutela.

Internazional Komunistaren VII. Kongresuan aurkeztu zuen faxismoaren inguruko txostenean, Dimitrov-ek baieztatu zuen faxismoaren garapenak eta diktadura faxistak berak hainbat forma hartzen zituela herrialdearen arabera, baldintza historiko, sozial eta ekonomikoak, ezaugarri nazionalak, eta herrialde bakoitzaren nazioarteko posizioa kontuan hartuta

Bestelakoa da Espainiako Estatuaren kasua; izan ere, Primo de Riveraren diktadurak ekarritako esperientzia autoritarioaren hondoratzea eta II. Errepublikaren aldarrikapena kolpe gogorra izan ziren eskuin monarkikoarentzat. Hala, zatikatuta eta bereizita egonik, erregimen demokratiko liberal berriaren aurkako konspirazio estrategia hartu zuen lehen momentutik. Falangistak eta tradizionalistak aurrez aurre eta sakabanatuta ageri dira sigla-zopa batean. Ramiro Ledesmak eta Onésimo Redondok Ofentsiba Nazional-Sindikalisten Batzordeak (JONS) sortu zituzten; José Antonio Primo de Riverak sortutako Espainiako Falangearekin bat egingo zuten gero, 1934an. Bat-egitea bientzat bultzada izan bazen ere, 1936ra arte gutxiengo alderdia izan ziren, “jauntxoen” estamentuari ezinbestean lotuak. José Antonioren lehen miresleen artean jatorri burgeseko gazte unibertsitarioak ziren nagusi, eta langile klasea –gehienetan UGT eta CNTren ingurukoa– erakartzeko egin zituen lehen saiakerak antzuak izan ziren.

Estatu-kolpeak eta Gerra Zibilak, elite eko­nomikoen, sozialen, militarren eta eklesiastikoen laguntzarekin, nabarmen egin zieten mesede falangistei eta tradizionalistei. Nola metodo eskuadristek hala falangista eta jonsisten dialektika bortitzak baldintza hobeetan kokatzen zituzten mobilizatzeko egarriz zeuden zibilak beren lerroetara batzeko, Eskuin Autonomoen Espainiar Konfederakundearekin (CEDA) alderatuta. Beren aldetik, errekete tradizionalistek gerra karlista berri baten gisan ulertu zuten gatazka, beren bastioi historikoetatik. Italiako eta Alemaniako kasuetan ez bezala, estamentu militarraren papera giltzarri izan zen Espainiako Gerra Zibilaren amaieran, eta militar afrikanisten interesek desplazatu egin zituzten alderdi faxistaren interesak; gerora, Francok bere gidaritzapean tresna politiko bihurtuko zituen.

Gerraren amaierak aldi homogeneoa ekarri zuen, eta aldi berean aurreko gertakarietatik bereiztezina; hau da, huts egindako iraultza soziala eta Gerra Zibila. Prozesu historiko bat moztu zen, baina bistakoa da frankismoaren agerpena ez zela gertakari espontaneoa izan, baizik eta Berrezarkuntzaren erregimen politikora itzularazten gaituen aurrekari multzo baten emaitza.

JAZARRALDI MILITARREN MENDEA

XIX. mendean, progresistek askotan matxinada militarraren bidez baino ezin zuten esku hartu politikan, borboiek gobernu moderatu eta kontserbadoreen alde egin baitzuten Maria Kristinaren erregeordetzatik eta Isabel II.aren erregealditik aurrera. 1820an Riego generala Cabezas de San Juanen Fernando VII.aren erregimen absolutista berrezarriaren aurka altxatu zenean sortu zen “jazarraldi militar” terminoa, nahiz eta hori ez izan lehen jazarraldi militarra. Seiurteko Absolutistan zantzu liberaleko jazarraldi militarrak ugaritu ziren: Espoz y Mina 1814an, Díaz Porlier 1815ean, Richart 1816an, edo Lacy eta Milans del Bosch 1817an. Hala ere, guztiek porrot egin zuten, Riegorena heldu zen arte. San Luisen Ehun Mila Semeen esku-hartzetik abiatutako berrezarpen absolutistak Hamarkada Absolutista inauguratu zuen. Garai hartan nabarmentzekoak dira Valdes koronelak 1824an egindako jazarraldi liberala, urte horretan bertan Bessières eta Capapék egindako zantzu absolutistadun jazarraldia, eta, batez ere, Torrijosek 1831an egindako jazarraldi liberala. Gerra karlistekin are gehiago handitu zen estamentu militarraren protagonismoa, eta militarren esku-hartzea normalizatu egin zen politika parlamentarioan. Errege Estatutuaren garaia, 1834tik aurrerakoa, ezegonkortasun politikoak ezaugarritu zuen: 1835eko Cordero eta Quesadaren jazarraldi progresista, esaterako, eta horri segida eman zion 1836ko abuztuko La Granjako jaikialdi militarra, 1812ko Konstituzioa berrezarri zuena. Maria Cristina erregina gobernatzaileak Espartero jenerala agintera igotzearekin batera amaituko zuen bere erregeordetza. Progresistek jazarraldiak erabili zituzten boterea konkistatzen saiatzeko moderatuek garai hartan sortutako monopolioan, Hamarkada Moderatua izenekoan, alegia; hau da, Isabel II.aren egiazko erregealdiaren hasierako garaian. 

Denborarekin, aukera politikoekiko autonomia militarra handituz joan zen. Esku-sartze militarraren helburua ez zen derrigorrez fakzio edo alderdi politiko bati mesede egitea, ordura arte ohikoa izan zen bezala. Aldaketa hori hainbat arrazoirengatik gertatu zen, eta Seiurteko Demokratikoan hasi zen garatzen. Bi erregimenetako ezegonkortasun politikoak –Amadeo I.aren monarkia demokratikoa eta I. Errepublikak–, Kubako gerrek eta hirugarren gerra karlistak, eta langile-mugimenduaren eta kantonalismoaren kemenak kuarteletan ofizialtasunaren interes korporatiboen defentsarako joera handiagoko jarrera berri bat sortu zuten, aukera alderdikoiak albo batera utzita. Alderdi eta aukera politikoekiko autonomia horrek arrakasta izan zuen Berrezarkuntzako sistema canovistan. Cánovasek ahalegin berezia egin zuen militarrak iskanbila politikotik aldentzeko, eta arrakasta nabarmena izan zuen, baina 1898ko Hondamendiak egoera nahastu eta, beste faktore batzuekin batera, gero eta militarismo handiagoa ekarri zuen.

Aldi berean, estamentu militarraren eta gizarteko maila zabalen deriba erreakzionarioa eragin zuen beste arrazoi bat nortasun nazionala eraikitzeko prozesuan bilatu behar da, oso lotua honako mito honen zabalpenarekin: herria, askatasun nazionalaren aldeko borrokalari heroiko gisa.

Mende amaieran, joera kontserbadorea are gehiago sendotu zen, “1898ko Hondamendia” izenarekin ezagutzen denaren ondorioz; alegia, Espainiak bere azken jabetza kolonialak galtzea. Kubako gerra gaiztotu ahala, errekrutamendu militarraren kontrako iritziek protestak eta konforme ez zeuden herritarren desadostasun eztandak eragiten zituzten kintoen zozketa beldurgarrien aurrean. Gainera, familia dirudunek kontribuzio baten truke beren semeak libra zitzaketen. Egia esan, porrotaren ondorengo hondamendiaren kontaketak zenbait sektore intelektualen eta klase ertainen kezkei erantzuten zien eta ez zuen klase herrikoien sentipena islatzen, zeinak arinduta sentitzen baitziren “odolaren ekarpen” gorrotagarriaren amaieragatik. Hazten ari ziren Europako potentziek Berlingo Konferentzian beren inperioak finkatzen zituzten bitartean, Europako intelektualen artean orokortu egin zen “hilzorian zeuden nazioen” eta “arraza latinoaren” gainbeheraren inguruko ikuspegi peioratiboa. Porrotak eragindako kolpe emozional gogorrari eta umiliazioari erantzunez, kazetari, idazle eta politikari liberalek Espainia birsortzea edo erregeneratzea proposatu zuten. Proposamen erregenerazionistek kritikatu egiten zuten ustelkeria, hauteskundeetako faltsutzeak eta kazikismoa, eta boteretik abiatutako sistema politikoaren erreforma sakona proposatzen zuten. Joaquin Costa idazle eta politikari erregenerazionistak, Oligarquía y caciquismo como forma actual de gobierno en España: urgencia y modo de cambiarla lanean (1920), herrialdeko gaitzak sendatzeaz arduratuko den burdinazko zirujau baten jarduera proposatu zuen: “(…) Kirurgia-politika horrek, berriro diot, burdinazko zirujau baten kargu pertsonala izan behar du, Espainiako herriaren anatomia ondo ezagutzen duen eta harenganako erruki amaigabea sentitzen duen baten kargu (…)”. 

Joaquin Costa idazle eta politikari erregenerazionistak, Oligarquía y caciquismo como forma actual de gobierno en España: urgencia y modo de cambiarla lanean (1920), herrialdeko gaitzak sendatzeaz arduratuko den burdinazko zirujau baten jarduera proposatu zuen: “(…) Kirurgia-politika horrek, berriro diot, burdinazko zirujau baten kargu pertsonala izan behar du, Espainiako herriaren anatomia ondo ezagutzen duen eta harenganako erruki amaigabea sentitzen duen baten kargu (…)”

Figura horrek nahitaez arlo militarretik etorri behar zuen eta Miguel Primo de Riverak gorpuztu zuen. Hark, Costak proposatutako ideia erregenerazionistak bere eginez, Berrezarkuntzaren sistema politikoari amaiera eman behar zion zirujautzat zuen bere burua.

Aldi berean, estamentu militarrak eraldaketa sakona jasan zuen Berrezarkuntzan. XX. mendeko lehen hamarkadetan joera liberal-aurrerakoi zabala zuen estamentu horrek, bere garaian asaldagarritzat jotzen zena, baina gerora pentsaera atzerakoi nabarmenerako bira egin zuen. Hori ezin da ulertu afrikanismoaren osagaia kontuan izan gabe, zeina 1921etik aurrera finkatu baitzen, Marokoko protektoratu espainiarra ezartzearekin batera. Mundu ikuskera bera zuten ofizial talde bat eratu zen orduan, elkartasun lotura sendoek eta Marokoko kanpainetan sortutako identitate komunak elkartuta. “Familia militar” horrek, sustraiak 1898ko krisi inperialistan zituenak, Zaragozako Akademia Orokor Militarrean aurkitu zuen bere eragin tresna nagusia gerraosteko aldi kolonialistan. Marokoko protektoratuan nazioaren ikuspegi autoritarioa zuten ofizialen belaunaldi bat sortu zen, kide zituena, besteak beste, Francisco Franco, José Sanjurjo edo Emilio Mola. Baliabidez hornituta eta Espainia “erregeneratzeko” behar espiritualaz konbentzituta, Gerra Zibila piztu zuen 1936ko uztaileko estatu kolpearen buru izango ziren.

Mundu ikuskera bera zuten ofizial talde bat eratutako “familia militar” batek, sustraiak 1898ko krisi inperialistan zituenak, Zaragozako Akademia Orokor Militarrean aurkitu zuen bere eragin tresna nagusia gerraosteko aldi kolonialistan. Marokoko protektoratuan nazioaren ikuspegi autoritarioa zuten ofizialen belaunaldi bat sortu zen, kide zituena, besteak beste, Francisco Franco, José Sanjurjo edo Emilio Mola. Baliabidez hornituta eta Espainia “erregeneratzeko” behar espiritualaz konbentzituta, Gerra Zibila piztu zuen 1936ko uztaileko estatu kolpearen buru izango ziren.

GARAILEAK ETA GARAITUAK

1931n II. Errepublika aldarrikatu zenean, alderdi monarkikoak desagertu egin ziren eta noraezean zeuden klase kontserbadoreek jarduera politikotik at geratzea erabaki zuten. Hala ere, bi aste baino igaro ez zirela, propagandista katoliko batzuek Acción Nacional plataforma sortu zuten, handik urtebetera Acción Popular izena hartuko zuena. Erakunde politiko horrek jarriko zituen Jose Maria Gil Roblesek zuzendutako CEDA sortzeko oinarriak. CEDA katolizismo politikoak sustatutako eskuin masen erakundea izan zen. Hain zuzen ere, errepublikaren garaiko berrikuntza nagusietako bat masa-erakunde politikoen sorrera izan zen; masa horiek ez zuten beren parte-hartze politikoa esparru parlamentariora mugatzen. Eskuinean, CEDA izan zen estrategia hori hartu zuena. Alderdi bat baino gehiago, alderdien koalizio gisa uler daiteke, koalizio bat Eliza katolikoaren eta klase kontserbadoreen interesen defentsaren pean hainbat lurraldetako beste erakunde eskuindar batzuk integratzen zituena. Erlijioaren, jabetza pribatuaren, familiaren eta ordenaren defentsa ardatz zituen dialektika ­atzerakoi eta antisozialista zuten, baina, betiere, legezko muga batzuen barruan. Horrek alfontsotar eta karlisten estrategia kolpista eta subertsibotik aldentzen zituen; geroago, Espainiako Falangeak ordezkaturiko faxismoak hartuko zuen bere gain estrategia hori.

1933ko hauteskunde legegileek garaipena eman zieten CEDAko eta Partido Radical-eko eskuindarrei. Aurrekaririk gabeko mobilizazio politikoak ezaugarritu zituen hauteskundeok, mitin ­jendetsuekin, eta milioika kartel eta informazio-eskuorrirekin. Landa eremuetan, Tuñón de Larak dioen bezala, laster hasi zen klase herrikoien aurkako mendekua:

«[…] ugazabek irabazi zuten, jabeek, eta haiekin batera, “betiko aparatu guztiak”: kazikeak, Guardia Zibila, udal idazkariak… “Mendeku handia” hasi zen landa-eremuan, jan ezazue Errepublika!, soldaten jaitsiera oinarriei barre eginez, erradikalak nagusien zerbitzura jartzea Epaimahai Mistoetako lehendakaritzetan, nagusiek nahierara aukeratzea finketara lanera joango ziren langileak eta, hori gutxi balitz bezala, udal ordezkari sozialistak kargugabetzea».

Jornalariak, bereziki hegoaldean, Aragoin eta Nafarroako Erriberan, CNTn eta UGTn sartu ziren; bitartean, nekazari lur-jabeek posizio kontserbadoreak hartu zituzten. Nekazarien sektore zabal bat, hain zuzen ere penintsula barnealdeko lur-jabe txiki eta ertainek osatua, kontserbadurismoaren eta eskuin katolikoaren hauteskunde-oinarriaren zati garrantzitsua izan zen Errepublikan, eta Primo de Riveraren diktadura babesten jarraitzen zuten. Sektore horrek 1936ko uztaileko matxinada militarra babestu zuen.

Nekazarien sektore zabal bat, hain zuzen ere penintsula barnealdeko lur-jabe txiki eta ertainek osatua, kontserbadurismoaren eta eskuin katolikoaren hauteskunde-oinarriaren zati garrantzitsua izan zen Errepublikan, eta Primo de Riveraren diktadura babesten jarraitzen zuten. Sektore horrek 1936ko uztaileko matxinada militarra babestu zuen.

Espainiako Falangea eta Ofentsiba Nazional-Sindikalisten Batzordeak (JONS) 1934ra arte bateratuko ez baziren ere, klase ertainetan eta armadan aurkitu zuten babes nagusia. Elite burges eta aristokratikoek postura anbibalentea izan zuten talde politiko faxistekiko: eskuin monarkikoaren aldera mugitu ziren, eta, aldi berean, Falangearen eta JONSen jarrera erasokor eta eskuadrista ekonomikoki sustatu zuten. Bi taldeek Alfontso erregearen aldeko monarkikoen, industrialarien eta lur-jabeen finantziazioa jasotzen zuten. Izan ere, Bilboko bankari alfontsotar talde batek finantzatzen zituen JONSekoak, ideia faxistak zituzten hiri horretako eliteko bi kideren bitartez. 1936ra arte ez ziren jornalari eta langileak sartu, eta orduan handitu zen afiliatuen kopurua. Hala ere, 1936ko hauteskundeetako emaitzek erakusten dute hautagaitza falangistak bere emaitzarik onenak auzo burgesetan lortu zituela beti. 

Buruzagitza kartzelan eta klandestinitatean zuela, Fronte Popularraren garaipenak eta eskuindarren deskalabruak azken babesleku bihurtu zuten Falangea iraultza sozialista baten beldur zirenentzat. Estatu kolpea jo eta gerra zibila piztu ondoren, landako eta hiriko klase ertainen zati handi batek faxistatze bizkorra jasan zuen, eta horrek mesede egin zien erakunde faxistei. Andaluzian, erakundearen hazkundea izugarria izan zen. Bereziki adierazgarria da Sevillako Estepa herriaren kasua: 1935ean, sei pertsona zeuden izena emanda Falangean, eta uztailaren 18aren bezperan, berriz, 101. Altxamendu militarraren ondoren, afiliazio-oldeak bere horretan iraun zuen.

Milizia falangistek eginkizun nabarmena izan zuten Gerra Zibilean eta gerraostean sortutako errepresioan eta sarraskian II. Errepublikaren alde egin zuen biztanleria zabal eta heterogeneoaren aurka, garaileek antiespainiaren terminopean bildu zituztenen aurka, alegia. Falangeko Buruzagitza Probintzialek ordezkariak bidali zituzten matxinatutako bandoak okupatutako herrietara, Erregimenari desafio egiten zioten bizilagunak zaintzeko, jazartzeko eta suntsitzeko udal-kudeatzaile berriak izendatzeko. Haiekin bat egin zuten lur-jabeek, oligarkek eta “ordenaren aldeko” herritarrek, eta agintari militarrekin elkarlanean aritzea erabaki zuten. Oposiziogileak salatu eta harrapatu zituzten, gero eta modu gordinagoan, eta ikerketak ez ziren esparru ideologikora mugatu, auzotarren orientazio sexuala, erlijiotasuna eta jokabide sexuala ere arakatzen baitziren. Urte horietan beldurrean eta isiltasunean oinarritutako zaintza eta kontrol sozialerako sare trinkoa ehundu zen.

Erregimenaren kontrako oposiziogileak salatu eta harrapatu zituzten, gero eta modu gordinagoan, eta ikerketak ez ziren esparru ideologikora mugatu, auzotarren orientazio sexuala, erlijiotasuna eta jokabide sexuala ere arakatzen baitziren. Urte horietan beldurrean eta isiltasunean oinarritutako zaintza eta kontrol sozialerako sare trinkoa ehundu zen.

GOSEAREN ETA ERREPRESIOAREN URTEAK

1939tik 1951ra igaro ziren gerraosteko urteak, errazionamendurako kartillak, estraperloa eta gosea. Gizartearen atzerakadak, autarkia ekonomikoaren inposaketak eta nazioarteko ia erabateko isolamenduak ezaugarritu zuten garai hura. Blokeo ekonomiko eta diplomatikoari aurre egiteko, politika autarkikoa jarri zen martxan, eta, horren ondorioz, nekazaritza-jarduera industria-jardueraren gainetik jarri zen berriro. Nekazaritza-kontrarreforma II. Errepublikan desjabetutako lur guztiak itzultzearekin hasi zen, eta diktaduraren orekarako bereziki garrantzitsuak ziren eremuetan familien nekazaritza-jabetza sendotu zen. 

Galera demografikoei erbesteratuen kopuru zabala gehitu zitzaien. Estimazio nagusien arabera 440.000 eta 470.000 pertsona artean igaro ziren mugaz bestalde, Frantziara, babes bila. Beherakada demografiko horri biztanleriaren zati handi baten miseria gehitu behar zaio, 1950eko hamarkadaren lehen urteetara arte oinarrizko produktuen eskasiak eta soldata errealaren bat-bateko jaitsierak eragina izan baitzuten. Garestitasun, errazionamendu eta merkatu beltzeko urte horietan, jende bat oso azkar aberastu zen, oinarrizko elikagaiekin espekulatzeari esker. Miguel Ángel del Arco Blanco historialariak La hambruna española liburuan dio elikagaia tresna politiko bihurtu zela, modu desorekatuan banatua eta goitik kontrolatua baitzegoen (gizarte-klase altuagokoa izateak eta Erregimenarekiko kidetasunak sustengu handiagoa bermatzen zuen). Erregimenaren politika autarkikoak larriki kolpatu zituen talde xumeenak, bereziki Extremadurako eta Andaluziako nekazariak. Horrekin batera, zentsurak debekatu egiten zuen prentsan gosea aipatzea. Gorago aipatutako historialariak defendatutako tesiaren arabera, elikadura-gabeziak biztanleria ahuldu zuen, kontrol sozialerako modu bat zen, eta soldaduskara sartzen ziren gazteen neurketetan ere islatu zen hori: “Madrilen, gerraosteko urteetan, Chamberíko gazteak Vallecasekoak baino 4,5 cm altuagoak ziren”. 

Miseriak eta beldurrak ez zien berdin eragin talde sozial guztiei. 1939ko otsailaren 9ko Erantzukizun Politikoen Legea erregimen frankistaren errepresio instituzionalaren tresna nagusietako bat izan zen Gerra Zibila amaitutakoan. 1936ko uztailaren 18tik aurreko garaiari begira ere aplikatu zen legea, atzeraeraginez, Errepublikaren alde, pasiboki izanda ere, agertu zen edonor zigortzeko. Preston eta Casanovak emandako datuen arabera, 400.000 pertsonak baino gehiagok jaso zituzten zigorrak, gaitasungabetzeak eta isunak. Milaka funtzionario, maisu, katedradun eta intelektual kaleratu edo espetxeratu zituzten. Erregimenari atxikitako elite profesionalek bete zituzten lanpostu hutsak. Paul Preston historialariarentzat, garbiketa administratibo eta profesionala bitarteko sistematikoa izan zen errepublikanismoaren arrasto oro ezabatzeko eta Estatua Kaudilloarekiko leialtasun irizpideekin berreraikitzeko. 

Erregimenak ezarritako miseriak eta beldurrak ez zien berdin eragin talde sozial guztiei. 1939ko otsailaren 9ko Erantzukizun Politikoen Legea erregimen frankistaren errepresio instituzionalaren tresna nagusietako bat izan zen Gerra Zibila amaitutakoan. 1936ko uztailaren 18tik aurreko garaiari begira ere aplikatu zen legea, atzeraeraginez, Errepublikaren alde, pasiboki izanda ere, agertu zen edonor zigortzeko.

1940tik aurrera, sindikatu bertikalak agertu zirenean −ugazabak, teknikariak eta langileak biltzen zituzten, klase-borroka deuseztatzeko asmoz−, soldatak ordaintzeko sistema berri bat ezarri zen. 1942ko urriaren 16ko Lan Araudien Legeak hitzarmen kolektiboak hitzartzeko aukera ia erabat ezabatu zuen, eta prezioen eta soldaten arteko desoreka areagotu; horrek, era berean, oligarkiak lehen metaketa garrantzitsu bat martxan jartzea ahalbidetu zuen. 

Gerra Hotzaren ustekabeko etorrerarekin, nazioarteko politikak diktadura frankistaren alde irauli ziren. Espainiak Mendebaldeko antikomunismoaren testuinguruan zuen kokapen estrategikoak erraztu egin zuen Estatu Batuetarako hurbilpena. Barne-mailan, agertoki geopolitiko berriak bat-bateko biraketa politiko eta ekonomikoa eragin zuen. Administrazioan falangismoak zuen nagusitasuna amaitu egin zen Opus Deiri lotutako sektore teknokratak Gobernuan sartu zirenean. Era berean, klase burges merkatari, industrial eta finantzarioen boterea handitu egin zen, baita oligarkia lur-jabe zaharrarena ere. Proletariotzak, aldiz, inflazioak itota, lehen greba eta manifestazioak hasi zituen 1951tik aurrera, eta 1956-1957 artean eztanda egingo zuten protestek.

DESARROLLISMOA. NO-DOAREN ESPAINIA ETA SEISCIENTOSA 

Azken urteetan gero eta ohikoagoa bihurtu da frankismoaren idealizazio ez oso disimulatua sare sozialetan. Normalean erabiltzaileak ez dira gerraoste hurbilaz ari, nahiago dute, hirurogeita hamarreko hamarkadara hurbilduz, “desarrollismo” izenarekin ezagutzen den garaia. Madrilgo metroko bagoi bateko bidaiarien edo hiriburuko erdigunetik paseatzen dabiltzan oinezko batzuen grabazioen zatiak biral bihurtzen dira bat-batean sare sozialetan. Aspaldiko garai oro hobea izan dela pentsatuta, erabiltzaileek apaintasuna eta dotorezia ­goraipatzen dituzte janzkeran, espazioek transmititzen duten ordena eta, bereziki, irudietako protagonisten arraza-uniformetasuna. Grabazio horiek diktadura frankistaren propaganda-baliabide garrantzitsuenetako batetik datoz: NO-DOa. Asteroko dokumental horiek estatu osoko aretoetako emanaldi zinematografikoen atarikoak izan ziren 1943tik 1981era. Erreportajeek, gai askotakoak, herritarrak doktrinatzeko funtzioa zuten, eta Espainia zoriontsu eta axolagabe baten irudia eskaintzekoa, hirien periferiako txabola-herrixken miseria eta landa-eremuko analfabetismoa ezkutatu nahi baitzen, nahiz eta analfabetismoa gutxi gorabehera %42,5ekoa izan. Aurrerapenaren eta modernitatearen irudikapen idiliko horiek indartu egin ziren hirurogeita hamarreko hamarkadan Manuel Fraga Iribarneren Informazio eta Turismo Ministerioaren kanpainekin. “Spain is different” eta antzeko leloak erabilita, irudi erakargarri bat proiektatu nahi zuten, atzerapena eta desberdintasun sozialak ezkutatzeko.

1959ko Egonkortze Planaren ondoren bultzatutako hazkunde ekonomikoak eraldaketa sozial sakona eragin zuen. Industrializazioak eta hirugarren sektorearen hedapenak lagundu zuten langile kualifikatuz eta administrazio-enplegatuz osatutako klase ertain berri bat bat-batean sortzen. Talde berri horrek aktiboki parte hartu zuen masa-kontsumo hasiberrian. Horren sinbolo da ezagun egin zen Seat 600a, ongizatearen eta estatusaren ikur bihurtu zena. Ekonomia bizkortzea, turismoaren hasiera eta irekiera erlatiboa gizarte-gatazken areagotze batez lagunduta etorri ziren. Zineman proiektatutako estanpa pintoreskoek ez zuten Erregimenaren josturak ezkutatzerik lortzen. Industriarako eskulanaren eskaerak nekazarien exodoa areagotu zuen, eta “txabolismoaren” fenomenoa sortu. Berrogeiko hamarkadan gosearekin espekulatu bazen, berrogeita hamarrekoan gauza bera egin zen etxebizitzarekin. Espekulazioak, Estatuaren finantziazioak lagunduta, aberastasun azkarrak sortzea ekarri zuen. Hirien hazkunde neurrigabearen aurrean, landa-eremua ahulduz joan zen. Erregimenak “urtegien politika” delakoarekin erantzun zuen, propaganda desarrollistaren eta autarkia berantiarraren funtsezko osagaia izan zena.

1959ko Egonkortze Planaren ondoren bultzatutako hazkunde ekonomikoak eraldaketa sozial sakona eragin zuen. Industrializazioak eta hirugarren sektorearen hedapenak lagundu zuten langile kualifikatuz eta administrazio-enplegatuz osatutako klase ertain berri bat bat-batean sortzen. Talde berri horrek aktiboki parte hartu zuen masa-kontsumo hasiberrian. Horren sinbolo da ezagun egin zen Seat 600a, ongizatearen eta estatusaren ikur bihurtu zena.

ERREGIMENAREN LEGITIMAZIOA 

1820an Riegoren jazarraldiak “Gora Konstituzioa!” oihukatuz hasitako arkua 1936an itxi zen behin betiko, kasu horretan ere jazarraldi militar batekin, eta orokorrean garaipena lortu ez bazen ere, estatu kolpeari bide emango zion gobernu errepublikarra boteretik kentzeko balio izan zuen.

Erregimen frankistak, beraz, Espainiako erreakzionarismoak Berrezarkuntzako sistema politikoaren krisian izandako ibilbidean dauka jatorria, eta Primo de Riveraren diktadurak ekarri zuen esperientzia autoritarioaren hondoratzean. Tuselli jarraikiz, aipatzekoa da Gerra Zibilak aurrekaririk gabeko aldaketa erabatekoa ekarri zuela, ez bakarrik diktaduraren erregimen politiko baten inposaketagatik, baizik eta bat-bateko hausturagatik eta aurre-aurreko historia isilarazi eta desagerrarazteko nahiagatik. Erregimen berriak, tradizionalismoaren eta katolizismoaren printzipioetan oinarrituta, babesa jaso zuen erreforma errepublikarrek iraindutako gizarteko kolektibo askotarikoak osaturiko sare zabal eta heterogeneoarengandik, langile eta jornalarien gatazka iraultzailearen aurrean erradikalizatuak izandakoak. Elite garaileek, printzipio erregenerazionisten lekukoa hartuta, aberriaren garbitzaile papera hartu zuten. Casanovak adierazten duenez, Erregimenak ez zituen soilik bere ­etsai politikoak suntsitu, baizik eta ordena moral bat eraiki zuen memoria selektiboan, eguneroko beldurrean eta erredentzio nazionalaren promesean oinarrituta. Militarrak, lur-jabeak, enpresariak eta atxikitutako klase ertainak sarituak izan ziren beren leialtasunagatik eta errepresioan laguntzeagatik. Goseak eta errepresioak ahuldutako sektore herrikoia, berriz, protesta politikoko edozein manifestazio artikulatu egiteko ezinduta geratu zen.


EZ DAGO IRUZKINIK