«Espainiako Estatu berriaren eta, bestalde, aberriaren batasunari eta handitasunari zor jaioa den gobernu-ekintza eraginkor orok, espainiar guztien egite indibidual eta kolektiboa bere patu komunaren mende jartzea eskatzen du». Hitz horiekin hasten zen 1937ko apirileko indar «matxinoen» Bateratzeko Dekretua, Francisco Francok Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzordeen Espainiako Falangeari (ONSBen EF) eta korronte karlistei ezarria.
Gerran, Falangeari lotutako oste faxistek merezitako aitorpena lortu zuten bloke kolpistaren aldetik, eta bateratzeak korronte faxista eta tradizionalista horiek guztiak Francok gidatutako aginte bakar baten pean lerrokatzea bilatzen zuen. Manuel Hedillaren errefusatzea, adibidez, gertaera horren ondorio zuzena izango da; Jose Antonio Primo de Riveraren Falangeko ondorengoarena, zeinak heriotza-zigorra jasoko zuen lehenik, biziarteko kartzela-zigorra ondoren eta, azkenik, espetxetik aske, diktadorearen partetiko ostrazismorako bazterketa. Gertakari horri dagokionez, aipagarria da Falangeko sektore gogorreko beste ordezkariek, tartean Pilar Primo de Riverak, ez zutela Francoren aurkako liskarrik hasi, patu hori beren gain hartuz.
1936an Errepublikaren aurkako estatu-kolperako batu ziren sektore erreakzionarioen eta Kapitalaren indarren multzo heterogeneoak, beraz, laster hasiko zituen bere nagusitasun-borrokak erregimen berriaren barruan.
Paul Preston ikertzaile anglosaxoiak Franco: Espainiako Buruzagi (Franco: Caudillo de España) liburuan adierazten duen bezala, gatazkak amaitu gabe zirauen oraindik: «Francoren bulegoan, mapa militarrek berehala eman zieten bide fakzio ezberdinen jarduerak batuko zituzten txostenei». Diktadoreak bazekien boterea gutizi zutela guztiek, eta ororen gainetik bere agintea ziurtatu nahi zuen.
Esan behar da, desadostasun ideologikoak gora-behera, larrienak ez zirela ideien arteko lehiak izan. Aitzitik, frankismoaren korronte ezberdinen arteko harremanak markatu zituztenak benetako botere-borrokak izango ziren.
Batasun organikoa indarra hartzen ari zen bitartean, erregimen berriaren gidari izango zen batasun ideologikoa ere eratu beharra zegoen. Eta Francisco Franco bere printzipioen traidore modura seinalatuko zuten Falangeko sektore bazterturik bazen ere, inork esan dezake Francoren erregimenak ez zuenik Espainiako faxismoaren printzipioak integratzea lortu bere egitura ideologikoaren eraikuntzarako?
FAXISMOA ETA NAZIONAL KATOLIZISMOA
Jatorrira itzuliz, egiazko faxismoa Italian Erromarako Martxaren babesean garatutakoa izan zen eta, Espainiako faxismoa, une hartaz geroztiko eraikuntza-prozesu bat. Azken horrek, hasieran, zaharberritze-erregimenaren krisia konpontzea zuen xede; ondoren, aldaketa etengabeen eta klase-borrokaren zorrozte ageriko baten erdian, zantzu iraultzaile oro eragoztea.
Horrela, Italiako prozesua eredutzat hartu zuten lehen egileetatik, etengabe ikus daiteke prozesu hura Espainiako testuingurura egokitzeko nahia. Bilaketa horretan, 30eko hamarkadaren hasieratik, eraikuntza horretarako giltzarri izango diren elementuak zehazturik agertuko dira jada: Erdi Aroko Inperioaren idealizazioan funtsatutako nazioaren ideia, erlijio katolikoa batasun espiritualeko elementu gisa eta, neurri txikiagoan, monarkia. Hiru elementu horiek ezinbestean egingo dute talka Europako faxismoen gorakadaren testuinguruko beste jarrera batzuekin, hala nola, Alemania naziarekin. Azken horiek ere isla propioa izango dute Espainiako Estatuan, batez ere lehen frankismoan, baina krisitik sortutako ideologia edo erreakzio hori hainbat tokitan kutsatu arren, lehian iraungo du estatu faxistari buruzko ideia puru baten bilaketan. Gaur egun eta kanpotik ere faxista hitzaren definizio zehatzari buruz ados jartzea hain zaila egiten zaigun arrazoi berberagatik, ez dira ideia garbizale hori ebaztera iritsiko.
Faxismoaren eta nazional-katolizismoaren printzipioei etengabe egin izan diete aurre, batik bat sektore falangista ez-frankistatik gertuko autoreek. Nolanahi ere, azken batean, nazional katolizismoa Espainiako faxismoaren garapen propioaren izaera konkretua baino ez dela errepara dezakegu, Diktaduraren babesean arrakasta izan zuen hura.
Frankismoak, edo faxismoaren gauzatze material eta zehatzerako aukera horrek, aurreko urteetan Espainian garatutako korronte faxisten arteko haustura bat ere ireki zuen. Horrekin, printzipio faxistei batetik eta tradizionalistei bestetik, baliagarri zitzaien ideologia sinkretiko bat garatzea erraztu zuen, Kapital handiarentzat guztiz erabilgarri zen ideologia bat. Horretan ez da kontraesan nabarmenik; postulatu –zentzu batean eklektiko– horiek faxista idealistenak, gainera botere zuzenetik baztertuak izan zirenak, erabat konbentzitu ez izana zentzuzkoa izan arren.
«GENE GORRIA»: PSIKIATRIA ETA FAXISMOA
Espainiako faxismoa ez du, historikoki, izaera arrazista batek ezaugarritu (arrazista hitzaren ohiko zentzuan bederen). Izan ere, urte horietan ez zegoen aparteko aniztasun etnikorik zuen lurralderik. Hala ere, bai eraiki zela arraza-ideal propio bat, erregimen-buruko psikiatren postulatu sasi-zientifikoetatik ateratako printzipioak oinarri harturik. Aipagarrienak Antonio Vallejo-Najera eta Juan Jose Lopez Ibor izan ziren.
Vallejo-Najera XX. mendearen hasieratik armadari eta diplomaziari lotuta egon zen eta, beraz, gerra-arteko Alemanian bizitzeko eta bertan psikiatriako ikasketak burutzeko aukera izan zuen. Nazismo alemaniarraren miresle sutsu hori Francoren psikiatra nagusia izan zen, bere postulatuek frankismoaren krimenak justifikatzeko berebiziko papera jokatu zutelarik.
Haren «ekarpenik» ezagunena «gene gorria» deitu zuenaren bilaketa izan zen, ideia marxisten jarraitzaileen psikeari zein fisikoari eragiten zion determinismo biologiko moduko bat. Eugenesia selektiboaren baitako planteamendu horrek, besteak beste, 80ko hamarkadara arte luzatutako haurren lapurreta justifikatzeko balio izan zuen. Vallejo-Najerarentzat, «gorri»-en seme-alabentzako irtenbide bakarra beraien familiatik urruntzea eta, beraz, beraien izate «narriatua» iraul zezaketen erregimenaren jarraitzaileen heziketa jasotzea zen.
«Marxismoaren eta buru-gutxiagotasunaren arteko harreman estuen ideiak aurretik ere azaldu ditugu beste lan batzuetan. Gure hipotesien frogapenak berebiziko garrantzi politiko eta soziala du; izan ere, eta gure ustea den bezala, psikopata antisozialek marxismoan militatzen badute, subjektuok haurtzarotik bereizteak gizartea halako izurrite beldurgarritik libra lezake». Antonio Vallejo-Najera. Eromena gerran: Espainiako gerraren psikopatologia, 1939 (La locura en la guerra: psicopatología de la guerra española, 1939).
Egia da haur-lapurreta negozio arras errentagarria bihurtu zela, urteen poderioz, mediku eta erakunde erlijiosoentzat (Gizarte Laguntzaz arduratzen diren horientzat). Baina egia da, halaber, jarduera hori praktikan jartzeko funtsezkoa izan zela kontrolik gabe zebilen eta arraza hondatzen zuen «gene gorri» bati aurre egitearen ideia, bai eta horretarako ideologiaren garapena ere. Vallejo-Narejak bere obra ezagunenetako batean adierazten duen bezala: Hispanitatearen eugenesia eta arrazaren onbideratzea (Eugenesia de la hispanidad y regeneración de la raza). «Hispaniar arraza ahitzen duten gaixotasun-germenen aurkako higiene-borroka irmoa». «Hispanitatea» arraza-identitate gisa ulertzeko ideiara itzuliz, hitz-jokoa gorabehera teknikoki genetikoa ez dena, baina bai erlijiosoa eta espirituala.
Lopez Iborrek «hispaniar arrazari» buruzko premisa berberak mantentzen ditu, bai eta arrazoiak, aurrerapenak eta berdintasun sozialak eragiten duten ustezko degradazioari dagozkionak ere. Alde horretatik, egun ere osasun mentaleko erreferente den klinikaren buru horrek zeregin nabarmena izan zuen, hala nola, homosexualen aurkako errepresioan, tortura-teknikak, lobotomiak eta elektroshockak egin baitzizkieten.
Nabarmentzea, baita ere, ijitoen aurkako jazarpena ohikoa izan zela, Europako gainerako herrialdeetan gertatu bezala. Ijitoen holokaustoak, Porraimos bezala ere izendatuak, soilik Europa erdialdean milioi erdi pertsona hil zituen. Espainiako Estatu frankistan jazarpena etengabea izan zen, eta herri horren degradazio soziala propaganda frankistaren funtsezko alderdia.
FRANCOREN ESPAINIA ETA BIGARREN MUNDU GERRA
Frankismoaren lehen urteetako funtsezko figuretako bat Serrano Suñer izan zen, Francoren emaztearen ahizparen senarra izateagatik «cuñadísimo» bezala ezagutzen zena.
Ramon Serrano Suñer germanofilo betea zen: berak bultzatu zuen Hendaian Adolf Hitlerrekin elkartzea, nazien kontzentrazio-esparruak bisitatu zituen eta bera zegoen kargupean eremu horietan zeuden espainiar jatorriko milaka presoei nazionalitatea kendu zitzaienean. Preso horiek, beste lurralde batzuetatik zetozen preso politikoak ez bezala, ez zeuden triangelu gorriarekin markatuta, aberrigabeen markarekin baizik, nahiz eta egungo ezkerreko zenbait sektorek lehena aldarrikatu. Bigarren marka horrek are ahulago bihurtzen zituen kontzentrazio- eta sarraski-esparruen barruan, azken batean, gaitasun diplomatikodun ezein estatuk ez zukeen beraien patuaren ardurarik hartuko.
Serrano Suñer tradizio politiko kontserbadore batetik zetorren. Hasieran politikoki Niceto Alcala-Zamorarekin lotu zen, eta Errepublikaren azken garaietan Gil Roblesen EAEK-ko (Eskuin Autonomoen Espainiako Konfederazioko) lerroak osatzera igaro zen. Legebiltzarkide gisa, berriki sorturiko Espainiako Falange txikiaren buru Jose Antonio Primo de Riverarengana hurbildu zen. 1938 eta 1942 artean sei aldiz izan zen ministro, horien artean Gobernazioko eta Kanpo Arazoetako Ministerioetan nabarmenduz, eta ONSBen Espainiako Falange Tradizionalistaren Batzorde Politikoko buru izan zen.
Europako mugimendu faxistekin eta Alemaniako nazismoarekin izandako harremanak gerra aurretik zetozen. Hala ere, kolpistek Alemania naziarekin eta Italiako Mussoliniren erregimen faxistarekin egindako akordioen ondorioz harremanok indartu egin ziren, eta Gerra Zibila deiturikoan indar beliko gisa garrantzia handia izan zuten.
Nabaria izan zen Alemania naziak Gernikaren bonbardaketan izan zuen eginkizuna, edo hiru indar erreakzionario bateratuek (frankistek, naziek eta faxista italiarrek) Malaga hiritik ihesi zihoazen milaka zibilen jazarpenean izandakoa. «La desbandá» izenez ezagutzen den sarraski ikaragarri eta ahantzi horretan, Espainiako kolpistek lurretik josi zituzten balaz, itsasotik faxista italiarrek eta airetik hegazkin naziek.
Sophie Thonon-Wesfreid abokatu frantziarrak, Ramon Serrano Suñerren aurkako kereila aurkeztu zuen 2000. urtean, gizateriaren aurkako krimenenak egotzirik. Bertan, Bigarren Mundu Gerrako lehen frankismoaren eta nazien gobernuaren arteko lankidetza estuan, disidente politikoak jazartzeko eta akabatzeko zuzeneko harremanari eta praktika sistematikoari buruzko hainbat froga aurkeztu zituen.
Serrano Suñerrek Berlinera bidaiatu zuen 1940ko irailean eta Hitler eta Himmlerrekin bildu zen. Bileraren ostean, Reich-eko Segurtasun Bulegoak gerra-presoen esparruetan zeuden espainiar guztiak kontzentrazio-esparruetara lekualdatzeko agindua eman zuen, Genevako Konbentzioa errespetatuz. Kontzentrazio-esparru horietara bidalitako 9.300 pertsonetatik 73 bakarrik atera ziren bizirik.
Kriminal hori, beste asko bezala, ohean hil zen 2003an, bere kontrako epaiketarik hasteko astirik eman gabe.
Alemania naziak SESB inbaditu ondorengo «Errusia errudun da!» diskurtsoak Espainia frankista Dibisio Urdinaren bidez Bigarren Mundu Gerran sartzea ekarri zuen. Teorian borondatezko banaketa izan zen, baina parte-hartzaile askoren helburua erregimen berriaren jazarpena ekiditea zen, beren izena edo familiena garbituz. Luis Garcia Berlanga zinemagileak, adibidez, Dibisio Urdinarekin bat egin behar izan zuen bere familiaren aurkako errepresioa saihesteko, bere aitak Errepublikan Alacanteko gobernadore zibil gisa bete zuen karguagatik.
«Cuñadisimoaren» gainbehera urte horietan zehar izan ziren bestelako gertaera batzuekin, batez ere nazioartekoekin, dago lotuta. AEB aliatuen alderdian sartu izanak eta Europako potentzia faxisten porrotak erregimen frankistaren nazioarteko harremanetan aldaketak behartu zituen. Horrela, Europako erregimen faxistekiko begikotasun bereziagatik nabarmendu ziren figura batzuk atzean uztea ere ekarri zuen, Serrano Suñer kasu.
Barne-mailan, Erregimenaren alderdi bakarrean parte hartzen zuten fakzioen arteko eztabaidak aktibo mantentzen ziren. Nabarmentzekoa da 1942ko abuztuaren 15ean karlismoari lotutako indarrek Bilboko Begoñako Andre Mariaren Basilikan egin zuten atentatua, Falangeko batzorde politikoa berregituratzea eta «cuñadisimoa» bere kargutik ateratzea behartu baitzuten.
Hala ere, Erregimenaren lehen garaiaren eta estatu berriko faxismoaren eraginaren amaiera bezala aurkeztutako propagandatik urrun, ONSBen EF tradizionalistak eginkizun zentral eta organikoa izaten jarraitu zuen diktaduraren garapenean.
FAXISMOA ETA ESTATU FRANKISTAREN ERAIKUNTZA
Estatu frankistaren eraikuntza-zutabeen oinarriak lehenengo frankismoan kokatzen dira, hau da, Bigarren Mundu Gerra amaitu arte iraun zuen garaian. Izan ere, «alkandora zahar» askoren lekua faxismo historikoarekin lotura txikiagoa zuten beste protagonista batzuek hartu zuten. Hala erregimen frankistaren egitura organikoa, nola funtsezko printzipioak aro horretan finkatu ziren, eta hurrengo urteetan ia aldaketarik gabe mantendu eta indartu ziren.
Erregimen frankistaren funtsezko zortzi legeetatik bost 1947a baino lehen garatu ziren, eta urteekin ia ez zuten inolako aldaketarik jasan. Esan behar da horietako azkena, 1977ko Erreforma Politikoaren Legea, 78ko edo Trantsizio bezala ezagutzen den erregimenaren eta egungo konstituzioaren oinarri juridikoa izango dela.
1943an, munduko gatazkaren indar korrelazioa aldatzearekin batera, Franco diktadoreak frankismoaren alderdi bakarrari izena aldatzea erabaki zuen, eta ONSBen Espainiako Falangea ordutik aurrera «Mugimendu Nazionala» edo, sinpleki, «Mugimendua» deitzen hasi zen. Izen aldaketa soila izan al zen?
Hala, ez zuen ideologia eta antolamenduarekiko aldaketa esanguratsurik ekarri. Mugimendu Nazionalak, ONSBen Espainiako Falangearen printzipio berberei jarraituz, frankismoaren bizitza sozial osoa egituratzeko ardura izango zuen.
Lanaren Forua:
1938ko Lanaren Forua da erregimen berriaren funtsezko legeetatik lehena, Edmondo Rosoniren Carta Lavoro-k eta 1927ko Italiako Kontseilu Faxista Handiak inspiratua.
Estatu berriak xede zuen gizartea bizitza publikoan parte hartzeko eta antolatzeko hiru korporaziotan biltzen zen: familia, udalerria eta sindikatua.
Beraz, Sindikatu Bertikala deritzona erregimen frankista garatzeko funtsezko elementu bezala egituratzen da. Etorri faxistadun sindikatu horrek langile klasearen gaineko kontrol-elementu funtzioa zuen, interklasismoa ezarri baitzuen gatazkak «konpontzeko» oinarri gisa. Greba eskubidea ezabatua izan zen, eta lan-arloko auziak aldarrikatzeko modu bakarra Falangeak kontrolatutako sindikatu bidezkoa izan zen 50eko hamarkada iritsi arte. Enpresariei erabateko leialtasuna, laguntza eta babesa zor zitzaizkien, eta aurrerantzean «hornitzaile» bezala ezagutuko ziren, Jesus A. Martinez Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Historian katedradunak Historia de España en el siglo XX (1939-1996) lanean adierazten duen moduan.
Egia esan, etorri faxista argiko elementu horrek erresistentziarako eta borrokarako elementu gisa ere balio izan zuen erakunde politikoentzat. Hala nola, Espainiako Alderdi Komunistarentzat, garai hartan klandestinitatean zegoena eta 1960tik aurrera infiltrazio-prozesu bat hasi zuena haren barruan.
Dakigunez, langile klasea otzantzeko interesa da faxismoaren planteamendu interklasistaren atzean dagoena, erreakzio horren sektore utopikoenek planteamendu antikapitalista dutela uste izan arren.
Lanaren Foruak «Estatuak emakume ezkondua lantegitik eta fabrikatik askatuko zuela» agintzen zuen. Izan ere, Falangea eta bere Emakumeen Atala, estatu frankista berriko emakumea modelatzeko berariazko arduradunak izango ziren.
Emakumeen Atala:
XIX. mendearen amaieratik aurrera garrantzizko aldaketak izan ziren, eta horrek eragina izan zuen emakumeak gizartean zuen rolean. Emakumeen ekoizpen-laneko partaidetza handitzeak politika eta bizitza publikoarekiko esku-hartzea ahalbidetu zien. Lehenik sindikatuen eta, gero, alderdien eta bestelako erakundeen bidez. Hirietan, gainera, emakumeek emantzipatzeko abantailak izan zituzten, postan, hiri-garraioan edo telefonian enplegu hobeak eskuratzeko aukera baitzuten. Emakumearen goi-mailako ikasketetarako sarrerak, kultura-mailan mugak izanik ere, aldeko joera mantendu zuen.
Horrela, Errepublikako emakumeak, batez ere hiriguneetan, garrantzi handia hartu zuen gizarte-aldaketetan, Errepublikaren konstituzioan eta legedian ere ikusten den gertaera.
Charles Fourier sozialista utopikoak zioenez, «emakumearen emantzipazio-maila gizarte baten emantzipazio orokorraren barometro» da. Hain zuzen, baremo horrek frankismoaren diktaduran garapen sozial orokorrak lortu zuen dimentsioa ulertzeko balio digu.
Lanaren Foruak zioen bere premisen artean zegoela «emakume ezkondua lantegitik eta fabrikatik askatzea». Egia esan, hiriko lanbide liberalekin lotutako jarduera askotatik ere «askatu» zituen emakumeak: behin ezkonduta, kaleratzera behartu zituen –kalte-ordain batekin– eta ezkondutako emakumeak behartu zituen, beren lanbidearekin jarraitu ahal izateko, senarren baimen esplizitua izatera. Emakume ezkonduek ez ezik, ezkongabeek ere «adin-nagusitasuna» galdu zuten, eta harreman estueneko familiako gizonaren erabakiaren menpe geratu ziren (aita, anaia, osaba, lehengusua...).
Familia, udalerri eta sindikatuarekin batera, «Mugimenduak» gizarte berriari inposatutako egitura organikoa zen. Rol tradizionalek zeregin gailena dute Espainiako planteamendu faxistaren eraikuntza ideologikoan, hiru elementuren ondorioz batez ere: batetik, katolizismoaren eta korronte tradizionalisten pisuagatik; bigarrenik, iragan ideal hori nabarmentzeko eta, beraz, orduko aurrerapen sozial oro baztertzeko beharrari zor; eta azkenik, gerra osteko testuinguru batean amatasuna bultzatzeko beharrari erantzuteko, non hildakoen eta erbesteratuen ondoriozko ageriko krisi demografikoari irtenbidea eman behar zioten.
Esan gabe doa dibortzioa, Errepublikan baimendua, debekatu egin zela, bai eta amatasunarekin loturarik ez zuen sexu-harreman oro ere. Prostituzioa izan ezik, izan ere, modu ezin hipokritagoan onartu zen, testuinguru berri horretan emakume askorentzat irtenbide bakarra baitzen. Eta Erregimenak onartu egiten du, berriro diot, hipokrisiaz, baina tolerantzia argiz eta emakume horiek prostituitzera zeramatzan egoera hobetzeko asmorik gabe.
Falangeak zeregin nabarmena izango du Erregimenaren emakumeak «etxeratzeko» premian, horrela sortzen delarik Pilar Primo de Rivera buru zuen Emakumeen Atala.
Emakumeen Atala ONSBen Espainiako Falange alderdiaren adar femenino gisa sortu zen, 1934an. Urte horietan eta gerran, bere eginkizun nagusia gizonezko pare ideologikoei derrigorrezko laguntza ematea izango da. 1937ko indar erreakzionarioen bateratzearekin, talde ezberdinetako emakume-erakunde guztiak, karlisten «margaritak» kasu, deuseztatuta geratuko ziren, Emakumeen Atala diktadurako emakumeen erakunde bakar izatera pasatuz. Hala ere, bere baitan hiru zatiak mantendu ziren: falangistak, jonsistak eta margaritak; horrek tirabira batzuk sortu zituen, batez ere karlismoaren adar femeninoarekin.
Mundu Gerran, Emakumeen Atalak lotura sendoak ezarri zituen Alemania Naziarekin, hura hiru aldiz bisitatuz, bai eta Italia Faxistarekin ere.
Horko militanteen artean, Clara Stauffer bezalako figurak nabarmentzen dira, alemaniar jatorrikoa eta ideologia nazia erakutsitakoa. Staufferrek Emakumeen Ataleko Prentsa eta Propaganda Bulegoko zuzendaritza kargua izan zuen Gerra Zibilean. Gainera, nazien ezkutaketa-sare eta aterpeetan parte hartu zuen, «ratlines» izenez ezagunak, Bigarren Mundu Gerran eta ondoren. Horregatik, 1947an Kontrol Aliatuko Kontseiluak Espainiari galdegindako nazien zerrendako emakume bakarra izan zen. Erregimen frankistak, zerrenda horretako gainerako izenekin gertatu bezala, babesa eman zion Clara Staufferi, 1984an Madrilen hil zelarik. Beste lider nabarmen bat Carmen Werner Bolin izango zen, jatorri germaniar-espainiarrekoa. Bera izan zen Darmstadtetik gertuko Gazte Hitlertarren instalazioak bisitatu eta 1937an Alderdi Naziaren Nurembergeko Kongresura joan zen segizioaren buru.
Askotariko argitalpenez gain, Emakumeen Atala aktiboki integratuta zegoen Erregimenaren eraikuntza ideologikoan, batez ere emakumeari, haurtzaroari eta gizarte-laguntzari dagokienez.
1977an, Emakumeen Atala desagertzea erabaki zen, eta haren zerbitzuak Familia, Gazteria eta Kirol Idazkariordetza sortu berriari esleitu zitzaizkion. Aldi berean, militanteak, oposiziorik aurkeztu beharrik gabe, Estatuaren menpeko hainbat zentrotan liburuzain gisa birkokatu zituzten. Eztabaida handia sortu zuen horrek.
FAXISMOA ETA KLASE BORROKA: IREKITASUNA
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, erregimen frankistak bere nazioarteko harremanak berrantolatu zituen. 1947an, AEBek Francoren erregimena Nazio Batuen aurrean kondenatzeari uko egin zioten. 1953an Madrilgo Ituna sinatu zen eta, une horretatik aurrera, AEB izango dira erregimen frankistaren nazioarteko funtsezko kide berriak.
1947ko irailean, AEBek CIA (Central Intelligence Agency) sortu zuten eta handik gutxira, MI6 britainiarrarekin batera, Gerra Hotzeko armada paramilitar sekretu garrantzitsuenetako bat: Gladio Operazioa.
Gladio Europan izaten ari zen sozialismoaren aurrerapena borrokatzeko sortu zen, eta bere jarduerek eragin handia izan zuten Italian, esaterako, urte horietan Alderdi Komunista oso indartsua baitzen. Gladioren agente ugari naziak eta faxista europarrak izan ziren, gerrako krimenengatik epaituak izatea saihestea bilatu zutenak beren lanaren truke. Ez da inolako sekretua, AEBek Europatik ihes egindako dozenaka nazi helburu desberdinekin berrerabili zituztela, batez ere, ikerketa zientifikoaren munduarekin loturik, baina, batzuetan, baita hain ezagunak ez diren operazio paramilitarretarako ere. Italiako Gladiori buruzko ikerketan, Guido Salvini epaileak «berunezko urteetako» eskuin muturreko erakunde terroristak, La Fenice, Vanguardia Nacional eta Ordine Nuovo, Estatuaren aparatuarekin eta CIArekin lotu zituen, goragoko instantzia horren aginduak baino betetzen ez zituztela azpimarratuz.
Francoren Espainia faxismo europarraren babesleku izango da, Bigarren Mundu Gerraren ondoren bezala. Estatu bat, premisa faxisten pean sortua eta garatua, AEBek emandako salbuespenaren babesean aurkitzen zen eta, zalantzarik gabe, nazioarteko antikomunismoaren erreferente hori Gladioren egitura babesteko leku ezin hobea izan zen. Horrela, Francoren erregimenak babes eta inpunitate osoa eman zizkien Vincenzo Vinciguerra edo Stefano Delle Chiaie bezalako neofaxista italiarrei, Gladio Operazioarekin eta Kondor Operazioarekin (Latinoamerikako aldaerarekin) zuzenean lotutakoei. Are gehiago, Delle Chiaie Montejurrako gertakarien egileetako bat izango da Nafarroan, bunker frankistaren inguruko nukleo gogorretik aldendutako sektore karlistaren aurkako erasoarena.
Frankismoa, hasieran esan bezala, talde heterogeneo baten batasuna da, talde faxistak, tradizionalistak, katolikoak eta burgesia handia uztartzen dituena. Frankismoa, beraz, guztien arteko harreman sinbiotikoaren bistako froga da. Urte horietan, ideologia sozial elitistaren, interklasismo sindikalaren eta erregresio sozialaren babespean, aurrekaririk gabeko kapital-metaketa prozesua finkatu zen, gaur egungo egitura ideologiko eta ekonomikoak ulertzeko prozesu erabakigarria.
Urte horietan, ideologia sozial elitistaren, interklasismo sindikalaren eta erregresio sozialaren babespean, aurrekaririk gabeko kapital-metaketa prozesua finkatu zen, gaur egungo egitura ideologiko eta ekonomikoak ulertzeko prozesu erabakigarria
Faxismoak Kapitalaren ustiapenerako tresna gisa funtzionatu zuen eta funtzionatzen du, kontraesanak kontraesan eta nahiz eta diskurtso utopikoak izan, errealitatea hurrengoa da: Vallejo Najeraren «gen-gorriak» haurtxoak lapurtzeko balio izan zuela, bai eta presoen esklabotza edota disidentzia politiko ororen aurkako errepresioa justifikatzeko ere. Eta horrek guztiak klase burgesa pribilegiatu eta ahalmentsu mantenduko zuen statu quo oso bat bermatzeko irabazi izugarriak ekarri zituen.
HEMEN ARGITARATUA