2024/09/05

Musikaren eta politikaren arteko harremanaz aritzeko elkartu gara Iraitz Aroztegi sopelarrarekin; tatuaje-munduan aski ezaguna izateaz gain, bere bizi osoan zehar Euskal Herriko kaskamotz-eszenaren parte izan da. Musika eta politika: auzi horiei lotutako hainbat esperientzia historiko ezagutzeko jo dugu Aroztegirengana, besteak beste, punk, Oi! edota ska eszenak, eta horiek politika iraultzailearekin izan duten lotura. 

Estetika soil bat, kultura soil bat edo bizitzeko modu soil bat izatetik urrun, musika-eszenek eduki al dute gaitasunik gazte langile masa handiak politizatzeko, faxismoari aurre egiteko eta proiektu komunista elikatzeko? Eta, kontrako zentzuan, nola ekidin halako arte-eszenek ideologia erreakzionario eta faxistak elikatzea?

Hitz egin iezaguzu zure gaztaroaz, nola hurbildu zinen musika eta kultura jakin batera, nolakoa zen garai hartako giro politikoa, eta bi alor horien arteko harremanaz.

Iraitz: 80. urtean jaio nintzen. Euskal Herriko garai horretako giro politikoa eta horrek zuen presentzia zirela-eta, 14-15 urterekin ekin nion nire kontzientzia politikoa garatzeari, “onak eta txarrak” bereizteari, adibidez. 

Musikari dagokionez, 80ko hamarkadako musikarekin hazi ginen gu. 90eko hamarkadan Negu Gorriak eta tankerako taldeak entzuten hasi ginen, eta 95. urtean-edo ikusi nuen haien lehen kontzertua, 15 urte nituela. Negu Gorriak gora eta behera, kontzientzia garatzen hasi nintzen, hari horretatik tiraka. Politikoki hezten jarraitu nuen, abestietako letrak entzunez nagusiki.

Musika hori entzutearen bitartez, apurka-apurka, eredu jakin batzuetara gerturatzen hasi nintzen. Garai horretan, kaskamotz [edo skinhead] munduari zegokionez, Euskal Herriko erreferentzia nagusia Kortatu zen. Bazeuden beste batzuk ere, nolabait esateko undergroundagoak zirenak; Zakarrak ere hortik zebilen.

Bestalde, errugbian jokatzen nuen, eta bertan Algortako kide bat ezagutu nuen, garaian Herri Norten ibiltzen zena. Kaskamotz-kaskamotza zen; redskina topera, mailuak eta igitaiak zeramatzan, eta hainbat erreferentzia jaso nituen beregandik ere.

Zentzu horretan, niretzat, hasieratik egon ziren oso lotuta politika eta kultura jakin bat. Gainera, garai horretan, giroa oso politizatuta zegoen. Modu batean edo bestean, “modan” zegoen Ezker Abertzalearen komunitatearen baitan egotea. Ni mugitzen nintzen espazioak Ezker Abertzalearen ingurukoak ziren, baina, aldi berean, banituen bertan garatzen zen espazio politiko orokorretik apur bat kanpo geratzen ziren kezka batzuk, antirrazismoa kasu. Kezka horiek, Euskal Herrian ere jorratzen ziren arren, ez zuten horren protagonismo handia; edo, agian, beste era bateko presentzia zuten.

Esan daiteke garai horretan gazte gehienek zituzten erreferente musikalek zutela harremana politikarekin.

Anekdota bat aipatzearren, gogoratzen dut 14 urte nituela Durangoko Azokara joan ginela Ikastolatik eta, bueltatzean, erositakoaren inguruan galdetu zigula irakasle batek. %95ek Etsaiak, Su Ta Gar, Negu Gorriak, “Euskal Herria Askatu” eta abarren kamisetak erosi genituen. Gaur egun, 14 urteko neska-mutilei galdetuz gero, eta musika-estiloa alde batera utzita, zentzu horretan denetarik baitago, entzuten duten musikak seguruenik ez dauka inolako loturarik politikarekin.

Gaur egun, 14 urteko neska-mutilei galdetuz gero, eta musika-estiloa alde batera utzita, zentzu horretan denetarik baitago, entzuten duten musikak seguruenik ez dauka inolako loturarik politikarekin

Garaian, hainbat aldaketa ikusi zenituzten musikan eta egoera politikoan. Adibidez, kaskamotz-eszena heldu zen Euskal Herrira, eta apurketa bat izan zen kantautoreen belaunaldiarekin. Agertoki artistiko eta kultural berri batean islatu zen hori guztia, eta baldintza sozioekonomikoak ere aldatu ziren: desindustrializazioa, langabezia masiboa eta abar. Egoera horrek sortutako kezkek eta ezinegonek beste forma batzuk hartu zituzten sorkuntzan ere: punka, irrati libreak, gaztetxeak, fanzineak… Nolakoa izan zen prozesu hori?

Nire kuadrillan askotariko estiloak zeuden: bazeuden “borrokak”, surferrak… Ni hainbat kontzertutara joaten hasi nintzen, Bilbon nagusiki, eta beste estilo bateko jendea ezagutzen hasi nintzen. 98an, unibertsitatera joan nintzenean, lagun bat ezagutu nuen. Hura eta haren kuadrillakoak kaskamotzak ziren, eta Kaskamotz Gorrien Batasuna (KGB) izeneko kolektibo bat zeukaten. Fanzine bat kudeatzen zuten, eta kontzertuak antolatzen zituzten, eta ni bertara sartu nintzen. Orduan hasi nintzen kaskamotz-eszenarekin harremana izaten. 

Gatazka politiko eta soziala oso indartsua zen 90eko hamarkadan, eta ondorengo urteetan ere presentzia handia izan zuen. Banaketa handia zegoen gizartean. Musikari dagokionez, talde mordoa zegoen, eta gaztetxeetan kontzertuak antolatzen ziren etengabe. Guk, adibidez, Deustuko Gazte Lokalean antolatzen genituen. Egia da manifestazioetan edo beste kontzertu batzuetan kaskamotzak ikusten zirela, baina, orokorrean, nahiko kolektibo txikia zen garai horretan.

Gaur egun, kaskamotz-kuadrilla bat ikusten dugunean dotore jantzita, eman dezake estilo retro bat kopiatzen ari direla, eta gauza bera gertatzen da rockabilly-kuadrilla bat ikustean. Baina, gure garaian, ez zen erraza kaskamotza izatea. Momentu oro ibili behar genuen ezkertiarrak ginela argitzen eta posizio batzuekiko desberdintzen. “Baina zergatik janzten zarete denak berdin?”, galdetzen ziguten, eta guk azalpenak eman behar izaten genituen behin eta berriz.

Gure garaian, ez zen erraza kaskamotza izatea. Momentu oro ibili behar genuen ezkertiarrak ginela argitzen eta posizio batzuekiko desberdintzen

Izan ere, telebistan astero agertzen zen skin talde batek pertsona bat jipoitu zuela, Ultras Sur Skins eta antzeko taldeen berri ematen zen eta abar. Sekulako etiketa zeraman kaskamotzen kolektiboak. Guretzat auzia garbi zegoen, eta garbi utzi behar zen. Kaskamotzak gu ginen, eta ez haiek. Hori zen guk aldarrikatzen genuena. Ez gara antirrazistak bakarrik, langile-klasekoak gara, ezkertiarrak. Garaian ez zegoen “denetarik gustatzen zait” ulerkerarako lekurik, oso polarizatuta zegoen eszena.

Gaztetxeek, fanzineek, irrati libreek eta halako espazioek presentzia berezia izan zuten, eta besteak beste komunikabideek betetzen ez zuten funtzio bat bete zuten.

Orduan ez zegoen Internet bezalako tresnarik. Dena harreman pertsonalen bitartez izaten eta garatzen zen. KGBkoek, adibidez, harremana zuten Manchester United taldeko Red Action sekzioarekin (Anti-Fascist Action edo AFA delakoaren barruan, etorkin irlandarren seme-alabek osatutako talde bat) eta Alemaniako beste talde batzuekin. Futbolak garrantzi handia zuen kaskamotz-mugimenduan, eta alor horretan, adibidez, Herri Nortekoek harreman handia zuten Frankfurteko zaleekin edo Celticekoekin; baita St. Paulikoekin ere, garai hartan.

Bilboko jaietan, kaskamotz mordoa etortzen zen estatuko hainbat tokitatik, redskinak gehienak, baita Frantziatik, Italiatik eta Alemaniatik ere. Haien jatorrizko tokietan egiten ari zirenaren inguruan hitz egiten ziguten, eta leku bakoitzean errealitatea ezberdina zen. Hainbat lekutan, adibidez, sekulako arazoak zituzten kaleetan faxistekin. Horren erakusle da Kortatu Frantziara joan zenean Red Warriors redskin taldeak musika-taldearen segurtasuna bermatu behar izana. Horixe guztia zen, garaian, informazioa lortzeko eta eraginak izateko genuen modua.

Musikari eta kulturari dagokionez, zer eragin izan zuen Britainia Handiak garai horretan?

Britainia Handia erreferentzia moduan ikusten genuen, zentzu askotan: estetikan, musikan, futbolaren alorrean. Eta, horretarako ere, aitzindaria izan zen Kortatu. Cockney Rejects taldearen eta The Redskins taldeen kamisetak eramaten zituzten, esaterako. 

Futbolari lotutako kontua Britainia Handitik heldu zen, estetika handik inportatu zen, eta musikarekin gauza bera gertatu zen. Imitazioz, gure egiten genuen hangoa. Hala ere, 80ko hamarkadatik aurrera erreferentzia horiek guztiak honaino heltzen hasi zirenerako, kontua itzaltzen hasia zegoen han. Berandu iritsi zen dena.

Ingalaterran sekulako booma egon zen momentu jakin batean, baina, denbora igaro ahala, aldatu egin zen hori. Undergroundago bilakatu zen dena, bai kaskamotzen kontua, bai antifaxismoaren kontua. Momentu historiko batean, faxistek indar handia izan zutenean, hainbat harreman sortu ziren mugimendu edo antolakunde politiko batzuen eta kaskamotzen artean. Momentu batetik aurrera, ordea, eta faxismoaren presentzia txikituz joan ahala, harreman horiek ere desagertzen hasi ziren. Antolakunde horietako batzuek, Socialist Workers Party alderdi troskistak kasu, kolektibo horrengan izandako interesa galdu zuten. 

Unibertsitatean ikasten ari nintzela, Ingalaterrara joatea erabaki nuen, sei hilabeterako hasieran. Azkenean zortzi urte egin nituen han. Testuinguru sozioekonomikoa aldatzen ari zen orduan, baina xenofobia ikusten zen. Yugoslaviako gerraren ondorioz Serbiako, Kosovoko nahiz Kroaziako errefuxiatuak heltzen ziren, eta, aurreko garaietan bezala, jendeak etsai berri bat aurkitu zuen haiengan. Etsai pakistandarra edo jamaikarra alde batera utzi zuten, baita garai hartako irlandarrak ere, eta migratzaile berri haiengan ikusi zuen bere etsaia jendarteak.

Ez zetozen bat Britainia Handian aurkitu zenuena eta hemen sortzen ari zena.

Buruan nuen hori oso minoritarioa zen Ingalaterran ni joan nintzenerako. Euskal Herriaren kasuan ere ez zen gauza masiboa, baina talde batzuen sorrerak, adibidez Skalariak taldearenak, nolabaiteko bultzada edo irekiera eman zion eszena horri guztiari. Ingalaterran prozesua kontrakoa zen: kontzertuetan, Scooter topaketetan eta bestelako ekimen jakin batzuetan baino ez ziren ikusten kaskamotzak kalean. Behin, taberna batera joan nintzenean, seguratak esan zidan: “Baina txo, jada ez gaude 80ko urteetan”.

Dena den, hainbat manifestaziotara joatean, Afganistango gerra piztean adibidez, beste profil bateko kaskamotzak ere ezagutu nituen: Antinazi League, Anti-Fascist Action (AFA) eta abarretakoak. Jende politizatuagoa ezagutzen hasi nintzen hala.

Gure irakurle askok, agian, ez ditu ezagutzen kaskamotz-mugimenduaren eta horri lotutako eszena musikalaren jatorria eta garapena: jamaikarren eta britainiarren mestizaje kulturala, rude boy direlakoak, mod mugimenduak, rocksteadya eta reggaea eta abar. Nondik dator agertoki kultural hori? Zein da bere jatorri historikoa?

Jatorria langile-klasean zegoen. Ingalaterrako langile-auzoetan kokatu behar dugu geure burua, 60ko hamarkada inguruan. Etorkinak heltzen hasi ziren eta dena nahasiz joan zen. Garairako bazegoen mod estetikako jendea, baita beste talde batzuk ere, rockerrak kasu. Sarritan haien arteko istiluak izaten ziren, baina elementu politikorik gabekoak: kaleko “makarrismoa” zen. Kontuan hartu behar da garai hartan lanetik itzultzean entretenitzeko beharra zeukala jendeak. Leku askotan, batzuk beren jendearekin batu eta besteen kontra eginez entretenitzen ziren. Animalien erreinua pertsonen artean. 

Kaskamotzen jaiotza jamaikar migranteen etorrerarekin gertatu zen. Giro eta portaera propioak zekartzaten, musika propioa, eta erakargarri bilakatu ziren Britainia Handiko gazteentzat. Britainiarrek zeramaten mod estetika hori jamaikarrek ekarritako hainbat elementurekin nahasiz joan zen, eta horrela sortu zen lehen eszena, “69ko eszena” izenez ezagutzen duguna. Mod estetikatik hardmod deitu diezaiokegun estetika berri bat jaio zen. Moden estetika elegantea zen, trajeduna, baina apurka “kalekoagoa” zen zerbait jaio zen, hardmoda. 

Garaiko dancehall jamaikarrei erreparatzean, zuri bakarrak kaskamotzak zirela ohartuko gara. Zuriei wiggers deitzen zieten, mespretxuz: niggers hitzaren aldakuntza bat da, “beltzen gauzak” gustatzen zitzaizkielako. Garaian arrazakeria oso hedatuta egon arren, belaunaldi gazteen artean garbi zegoen denek zeukatela bizitza miserablea, auzo miserableetan bizi zirela eta lan miserableetan aritzen zirela. Gainera, enpresaburuak etxejabeak ere bazirenez, laneko kaleratzeak eta etxe-kaleratzeak pertsona berberek pertsonifikatzen zituzten: ez zizuten lanik ematen, eta, gainera, etxetik kaleratzen zintuzten. Zentzu horretan, belaunaldi berri horiek benetako etsaia zein zen identifikatzen hasi ziren.

Hau da, nolabait esateko, etsaia burgesia dela bazekiten, baina burgesia zer den garbi adierazi gabe.

Horixe bera. Haien kontzientzia ez zegoen bereziki politizatuta, baina arazoa garbi identifikatzen zuten: auzokoak kaleratuko dituzte, horietako batzuk beltzak dira eta besteak zuriak, baina batera gaude denak; arazo berdinak ditugu. Zentzu horretan, eta agian oso era espontaneoan, baina lehen esperientzia antirrazista bat topa dezakegu bertan.

Ondoren, hori guztia 77ko eszenara heldu arte garatu zen.

Apur bat hil egin zen kontua gerora: boom handi bat egon zen hasieran, denei gustatzen zitzaien, baina indarra galduz joan zen. 70. urtearen inguruan, aldatu egin zen Jamaikatik Britainia Handira heltzen zen musika: Ingalaterran zegoen zaletasun horren berri izan zuten Jamaikan, eta europarrei zuzendutako musika egiteari ekin zioten.

Elkarri lotutako hainbat prozesu izan ziren aldi berean, eta skinhead reggaea sortu zen: skin ingelesentzako egindako musika. Reggaeak ere hainbat aldaketa izan zituen eta rastafarismora hurbiltzen hasi zen, eta hori, finean, mugimendu espiritual bat edo erlijio bat da. Ingalaterrako skinek, baina, ez zuten euren burua horrekin identifikatu. Ondorioz beheraldi bat izan zen, eta mugimendua hustu eta marjinal bihurtu zen. 

Urte batzuk beranduago mugimendua berpiztu zen, two-tone musika-generoaren etorrerarekin. Hamar urte lehenagoko kontuak estilo propio batekin erreproduzitu zituzten, momentu horretan modan zeuden estilo musikal eta estetikoekin nahasiz, punkarekin eta poparekin kasu. Ska berri horrek reggaearen oinarria mantendu zuen, baina punkaren eta poparen eragin handiarekin. Denbora laburrean eszena berri bat sortu zen, beraz. The Specials eta Madness musika-taldeen lehen singleen artean egun bakarreko tartea egon zela esango nuke, kasualitate osoz. Batzuk Londresen zeuden eta besteak Coventryn. Ondoren, lehen two-tone “zigilua” sortu zuen The Specialsek, eta eszena guztia garatu zen.

Zein garaiz ari gara gutxi gora behera?

Gutxi gorabehera 1977an hasi zen punkaren kontu guztia, eta hor nonbait izan zen aipatu berri dugun dena ere, 77. eta 79. urteen artean. Horrekin batera, kaskamotzen kontua berpiztu zen, eta Oi! musika sortu zen.

Punkaren komertzializazioaren aurka erreakzionatu zuten aurrerago zenbait musika-taldek, punkaren langile-jatorria azpimarratuz, Tatcherren aurka agertuz eta abar. Garai hartan talde asko zeuden: modak, rockerrak, heavyak, beranduago hardcorezaleak. Azpikultura mordoa zegoen, baina kaskamotz-mugimendua izan zen langile-izaera aldarrikatu zuen bakarra, esanez “langile izateagatik umiliatu izan gaituzte bizitza guztian zehar. Bada, langileak gara, eta harro gaude”.

Azpikultura mordoa zegoen, baina kaskamotz-mugimendua izan zen langile-izaera aldarrikatu zuen bakarra

Testuinguru horretakoak dira 69ko estetikan oinarritutako izaera bortitzeko janzkerak, langile-izaera horri erreferentzia egiten ziotenak: lixibaz tindua galdutako prakak, Donkey Jackets deiturikoak, lan-uniformeen tankerako pvc-jakak eta abar. Mod estilotik aldendu eta begiak langilerian jarri zituzten, punkaren eszenara gerturatuz. Ordukoa da arropa militarra eramatearen kontua, arropa gogorrak eta merkeak zirelako, adibidez. Gauza bera adierazten da kanta guztietan: “Working class and proud” [“Langileak gara eta harro gaude”].

Noski, hortik kontzientzia bat garatzen hasi zen, eta agian konspirazioetan sartzea litzateke, baina esaten da estatuari ez zitzaiola interesatzen klase-harrotasuna aldarrikatzen zuen kaskamotz-kolektibo hori libre uztea, potentzialki arrisku politiko bat zen heinean. Diotenez, horren ondorioz, ultraeskuinaren infiltrazioa bultzatu zuen. Hortik jaio zen beranduago izan zen apurketa. 

Esaten da estatuari ez zitzaiola interesatzen klase-harrotasuna aldarrikatzen zuen kaskamotz-kolektibo hori libre uztea, potentzialki arrisku politiko bat zen heinean. Diotenez, horren ondorioz, ultraeskuinaren infiltrazioa bultzatu zuen. Hortik jaio zen beranduago izan zen apurketa

Garai hartan, bestalde, arrazakeriaren aurkako sentimendu garbi bat zegoen, baita Antinazi League-rekin gertutasun handia ere.

Momentu batetik aurrera, jadanik ezarrita zegoen komunitate baten inguruan hitz egin daiteke, kultura-nitxo batez. Hainbat mugimendu politikok pausatu zuten begirada komunitate horren potentzial politikoan, gazte asko baitziren espazio horren parte. Orduan agertu ziren, gainera, National Front, British Movement, British National Party eta abar. Zer forma hartu zuen horrek?

Kontua da testuinguru berria zela: langile-jatorriko gazte mordoa bildu zen eszena beraren bueltan, non sekulako dekadentzia zegoen, langabezia nagusi zen, miseria zegoen eta abar. Jendea, nolabait esatearren, kalean biltzen zen, eta bertan “makarrismoa” eta era askotako istiluak izaten ziren. Futbolaren kontua ere hor zegoen. Horren guztiaren zentroan zegoen zerbaiten parte izateko nahia. 

Edozein kasutan, hori ez da inola ere mitifikatu beharreko zerbait. Asko drogazale hutsak ziren, kola esnifatzen eta kalean botata egoten ziren gazteak. Gaur egun beste profil batzuetako jendearengan ikusten diren joerak ikusten ziren haiengan. Miseria-testuinguru batean jaio, kalean hezi eta bizitzako esparru askori entzungor egiten zioten, adibidez hezkuntzari; biziraupen soila zen.

Momentu batetik aurrera, lehenago aipatu dugun bezala, eskuineko adierazpen populistek elementu horiek guztiak aprobetxatu zituzten nitxo horretara sartzeko. “Dena txarto doa”, “Zure familia hau edo bestea da”, “Zure aitona Bigarren Mundu Gerran hil zen, eta begira orain zer jasan behar dugun, jende honek lana kentzea” [kolektibo migranteei erreferentzia eginez esaterako].

Gainera, komunikabideek asko estutu zuten hori guztia. Testuinguruaren eta eszenaren mediatizazioaren ondorioz, une batetik aurrera, kaskamotzak nazi bilakatzen baino gehiago, naziak kaskamotz bilakatzen hasi ziren. Moda edo antzeko joera bat sortu zen. Betikoa. Gazte askok joera horri jarraitzea eragin zuen horrek.

Musika bozgorailu bat da, eta beti izan da horrela. Baita gaur egun ere. Eskuineko adierazpen horiek kontziente ziren musikak nolako potentzialtasuna zuen. Bazekiten musikak sekulako erakarpen-gaitasuna duela eta norabide jakin batean hasi ziren musika egiten, mezu jakin batzuekin, jendea erakartzeko eta ideologizatzeko asmoz

Horri garaiko eszena musikala ere gehitu behar zaio. Musikak sekulako garrantzia dauka. Jendeak sarritan esaten du: “Ez, niri musika bakarrik gustatzen zait”; baina noski, musika bozgorailu bat da, eta beti izan da horrela. Baita gaur egun ere. Eskuineko adierazpen horiek kontziente ziren musikak nolako potentzialtasuna zuen. Bazekiten musikak sekulako erakarpen-gaitasuna duela eta norabide jakin batean hasi ziren musika egiten, mezu jakin batzuekin, jendea erakartzeko eta ideologizatzeko asmoz. 

Horrela, prozesu ezberdinen arteko elkar-eragin horretatik, talde politizatuagoak sortu ziren apurka-apurka. Lehenagotik zeuden sistemaren kontrako mezu abstraktu eta ez ideologizatu horiek, zenbait puntutan ezkerreko posizioetatik hurbil zeudenak, etorkinen aurkako diskurtso batera bideratu zituzten.

Lehenagotik zeuden sistemaren kontrako mezu abstraktu eta ez ideologizatu horiek, zenbait puntutan ezkerreko posizioetatik hurbil zeudenak, etorkinen aurkako diskurtso batera bideratu zituzten

Zenbait talderen konbertsio moduko bat gertatu zen, hortaz. Horixe da Skrewdriver taldearen kasua, adibidez. Hasieran kaskamotzak ziren, eszena orokorraren parte, eta momentu batetik aurrera, svastikak erakusten hasi ziren. Blood and Honour kolektiboaren sorrera ere hor dago.

Hasieran, nolabait esatearren, giro antzeko batekoak ziren punkaren bueltako talde guztiak. Baina Skrewdriver taldearen adibidea paradigmatikoa da oso. Hasieran ez zuten politikaz hitz egiten. Are, taldeko abeslariak esan izan du inoiz Trojan Records zigiluko disko ugari zituela. Hau da, bizitzako momenturen batean, ez zen nazia izan. 

Skrewdriverrek posizio faxistetara salto egin zuen arren, jende askok jarraitu zuen beren kontzertuetara joaten, agian bilakaera hori oraindik ez zelako horren esplizitua; edota pare bat urte lehenago kontzertu bat ikustera joan zirelako, do estetikagatik bakarrik kaskamotzak zirelako. Baina halako batean Blood and Honour kolektiboa sortu zuen abeslariak, National Front-en barruan zeuden desadostasun batzuk tarteko, eta antolakunde politiko baten bozgorailu bilakatu zen Skrewdriver.

Gaur egun gertatzen denarekin konpara dezakegu hori. Beste musika estilo batzuk dira gaurkoak eta agian mezuak ez dira horren politikoak, baina gaur egun entzuten den musikaren zati handi batek letren atzean gordetzen dituen mezuak nazkagarriak dira; guztiz matxistak, esaterako. 

Gaur egun entzuten den musikaren zati handi batek letren atzean gordetzen dituen mezuak nazkagarriak dira

Horrelako mugimenduen bidez lortu zuten pot-pourri horretan muturra sartzea. Talde berriak agertu ziren eta eszena propio bat sortzea lortu zuten, nolabait gotortuta zegoena. Hasieran white noise edo white power noise izendatu zuten agertoki hori. Gero, ezkerreko adierazpenek Rock Against Racism (RAR) sortu zuten, eta horrekiko erreakzio bezala eman zioten Rock Against Communism (RAC) izena aurreko eszenari. Baina ez gaitzala izenaren literaltasunak engaina. Talde berean sartzen baitzituzten arraza-berdintasunaren aldeko borroka, homosexualitatearen aldekoa eta abar; denak “gorriak” ziren haientzat.

Eszena hori guztia National Front delakoak dinamizatu zuen hasieran; ondoren Blood and Honour sortu zuen Ian Stuartek eta, RAC terminoa bere eginez, eszenaren gidaritza bereganatu zuen. Dena den, Britainia Handia ez zen salbuespena izan: Frantzian ere antzeko zerbait gertatu zen.

Frantzian, kolpean garatu zen eszena hori. Eskuinekoak ez omen ziren talde batzuk, hala nola Snix eta Tolbiac’s Toads, eskuineko taldeak ziren. Agian ez faxistak edo nazionalsozialistak, baina betidanik “fatxa” bezala izendatu izan ditugun posizio politikoak zituzten: eskuinekoak, ultranazionalistak. Komunitate faxistaren parte ziren. Zentzu berean esan dezake norbaitek, adibidez, Su Ta Garrekoak ez direla komunistak. Ados, baina gatazka politikoaren alde batean kokatzen dira, bestean baino gehiago.

Hitz egin dezagun orain horrekiko erantzunaz.

National Frontek indar handia hartu zuen garai horretan, jende asko mobilizatzeko gaitasuna eskuratu zuen, eta tentsioa areagotzen hasi zen. Adibidez, behin Sham 69 taldearen kontzertu batera bone talde bat agertu zen [Bonehead, skin naziak], eta kontzertua goitik behera zapuzten saiatu zen. Testuinguruaren erantzun bezala, komunitate antifaxistak Rock Against Racism mugimendu hori sortu zuen, baina erantzuna ez zen horretara mugatu. 

Antinazi League lehenagotik zegoen, baina apur bat deskafeinatuta geratzen ari zen. Seinalamenduak egiten zituen, kartelak jartzen zituen, baina testuingurua gaiztotzen ari zen, eta bestelako erantzun batzuk beharrezkoak ziren. Behar horri erantzuteko sortu zen Anti-Fascist Action (AFA), ekintza zuzenerako gaitasuna eskuratzeko.

Lan kultural orokorrago baten beharra ikusten zen oraindik, seinalamenduak egiten jarraitzekoa, baina jende hori zuzenean gu kolpatzen ari zen. Zentzu horretan, erresistentzia ez zen jada kontu defentsibo soil bat izango: erasoa da defentsarik onena, ez baikara zain egongo ea haiek noiz agertzen ote diren. Zuzenean gu joango gara haien kontzertuetara eta espazioetara.

Erresistentzia ez zen jada kontu defentsibo soil bat izango: erasoa da defentsarik onena, ez baikara zain egongo ea haiek noiz agertzen ote diren. Zuzenean gu joango gara haien kontzertuetara eta espazioetara

Beste musika-talde batzuk ere bazeuden inguruan, agian politikoki horrenbeste posizionatuko ez zirenak, baina ezkerreko komunitate orokorraren parte bezala har genitzakeenak: The Business, The Last Resort, The Burial, Skin Deep... Kontuan hartu behar da, nire iritziz behintzat, politikatik kanpo kokatzeko hautuak eskuineko eszena horretatik bereizteko nahi bati erantzuten ziola garai horretan.

Jendeak kalean kaskamotz bat ikusten zuen bakoitzean, nazia zela pentsatzen zuen lehendabizi. Zentzu horretan, talde askok erabaki zuten mezu politikorik ez lantzea, komunitate politiko horren parte ez izateko. Aldi berean, ezkerreko posizioekin bat egin arren, ez ziren garaiko alderdiekin edo antolakundeekin identifikatzen, edo ez zuten horiekin bat egiten.

Bestalde, The Redskins taldea sortu zen garaian, Socialist Workers Partyko militantez osatuta. Red Action talde antifaxista ere bazegoen eta ezkerreko beste hainbat talde hasi ziren jaiotzen, eta Skinheads Against Racial Prejudice (SHARP) Europara heldu zen. Beraz, hainbat mugimendu izan ziren ezkerreko eszenan, baina, orokorrean, ez zen hain trinkoa.

Eszenako garapen politikoa apur bat landu ondoren, momentu historiko garrantzitsu batera salto egingo dugu: Cable Street Beaten sorrera momentura, Anti-Fascist Actionen lerro musikala zenaren sorrerara alegia.

Horretarako zenbait urte egin behar dugu atzera, Cable Streeteko batailara. Londresko langile-auzo bat zen Cable Street, etorkin ugari bizi ziren bertan, jatorri irlandarrekoak eta juduak bereziki. Garai horretan, faxismoaren gorakadaren testuinguru historikoan, Oswald Mosleyren alderdia sortu zen, British Union of Fascists deiturikoa. Peaky Blinders telesailean agertzen dira pertsonaia historikoa eta alderdia.

Alderdi horrek faxismoa bere egiten zuen, Alemaniako eta Italiako giroa Britainia Handira ekartzeko asmoa zuen, eta herrialde osoan zehar tour bat egiteari ekin zion, manifestazioekin, hitzaldiekin eta bestelako ekitaldiekin. Mussoliniren Erromako Martxa hartu zuten erreferentziatzat. Bira horren barruan Cable Streetera joatea erabaki zuen, auzoak zituen ezaugarriak tarteko. 1936ko urriaren 4an, beraz, auzora bertaratu zen Mosley, 3.000 blackshirtekin batera [hala esaten zitzaien alderdiko horretako kideei], eta 6.000 polizia inguruk babestuta. 

Ekitaldi horri aurre egiteko deia egin zuten alderdi sozialistak, komunistek, anarkistek eta sindikatuek, eta 100.000 pertsona inguruk erantzun zuten. Poliziaren eta manifestarien arteko istiluak izan ziren, eta talkak barrikada artean gertatu ziren. Horrela, ekitaldia bertan behera geratzea lortu zuten. 

Gertakari horren ondorioz, alderdi komunistak, alderdi sozialistak eta sindikatuek sekulako indarra hartu zuten. Kontuan hartu behar da langile-klaseko jendeak era zuzenean pairatzen zuela lantegiko jabearen eta etxejabeen jazarpena. Egoeraren gordintasuna zela-eta, eta antolakunde politikoek eginiko lan politikoari esker, lehenago era abstraktuan egiten zen lagunaren eta etsaiaren arteko bereizketa gero eta era garbiagoan hasi zen politizatzen. Etsaia migrantea zela pentsatzetik etsaia klase-etsai moduan identifikatzen hasi zen jendea.

Egun, Cable Streeteko bataila inflexio-puntu handi bat izan zen garaiko langile-mugimenduarentzat. Mosleyren alderdia eta berak ordezkatzen zuen joera politikoa sekulako indarra hartzen ari ziren, baina Cable Streeteko erantzunak sekulako kolpea eman zion Britainia Handiko faxismoari. Are, jende askok gertakari horri egozten dio bertan eta Europako beste leku batzuetan faxismoari ateak itxi izana. Kontuan hartu behar da jendeak ez duela gustuko galtzaileen bandoan egotea, eta, zentzu horretan, zabalpen-efektu handia izan zuela gertakariak. 

Gertakari historiko horren oinordekotza jasoz, 80ko hamarkadan, lan-lerro musikal propio bezala, Cable Street Beat izeneko musika-lerro propioa sortu zuen Anti-Fascist Actionek. Helburu nagusia zen eszena musikal propio bat sortzea; musikak gazteen belaunaldietan eragiteko zuen gaitasunaz jakitun, haiengan inpaktu politiko bat izateko helburua zuen, esplizituki antifaxista izango zena.

Cable Street Beat izeneko musika-lerro propioa sortu zuen Anti-Fascist Actionek. Helburu nagusia zen eszena musikal propio bat sortzea; musikak gazteen belaunaldietan eragiteko zuen gaitasunaz jakitun, haiengan inpaktu politiko bat izateko helburua zuen, esplizituki antifaxista izango zena

Punk, ska edota reggae kontzertuak antolatu zituzten, indar eskuindarren eraginik gabekoak izango zirenak, jendea lasai bertaratu ahal izateko. Sekulako eragina izan zuen, gazte askorengan bereziki, eta nazioartera salto egin zuen dinamikak. Hala ere, momentu batetik aurrera, nolabait husten hasi zen faxismoaren agertokia, eta Cable Street Beat ere itzaltzen joan zen.

Nola gertatu zen Europa mailako zabalpen hori?

Hedapena Alemanian izan zen lehendabizi, Frankfurten. Kontuan hartu behar dugu toki bakoitzean ezberdinak zirela testuingurua eta kezka edo arazo politikoak. Britainia Handiko esperientzia faxismoari eta horri lotutako eszena musikalari aurre egiteko asmoz sortu zen, baina Europan zehar antolatu zituzten gainerako ekimenen kasuan, gehiago izan zen apolitizismoaren hedapenari aurre egiteko apustu bat.

Izan ere, kaskamotz apolitikoaren figura hedatzen hasia zen, eta, kasu askotan, aitzakiak jartzen zituzten musika-talde faxistak edo naziak entzun ahal izateko. Reggaearen edo soularen eszenetan ez bezala, Oi! musikaren eszenan, apolitizismoaren bandera zeramaten horiek eskuinerantz irristatu izan dira historikoki; izan Britainia Handian edo izan Espainiako Estatuan. Alemanian ere hori ikusten hasi zen. Eskuineko taldeak apurka-apurka indarra hartzen ari ziren, eta norbera edozein kontzertutara joan ahal izateko hautua baimendu zuen apolitizismo-testuinguru horrek. Joera horri erantzuteko asmoz, Cable Street Beat sortu zuten bertan ere, eszena esplizituki antifaxista bat eraikitzeko. Horrela, nazioarteko dimentsioa hartuz joan zen Cable Street Beat 90eko hamarkadan zehar.

Reggaearen edo soularen eszenetan ez bezala, Oi! musikaren eszenan, apolitizismoaren bandera zeramaten horiek eskuinerantz irristatu izan dira historikoki; izan Britainia Handian edo izan Espainiako Estatuan. Alemanian ere hori ikusten hasi zen

Horrek islada izan zuen Euskal Herrian ere…

2000ko hamarkadan Britainia Handira joan nintzenean, Euskal Herriko kaskamotz denak ziren antifaxistak eta ezkerrekoak. Bazegoen nagusiagoa zen jende bat apolitizismoarekin maite-jolasean, “Skrewdriverrek sekulako soinua dakar” esaten adibidez, baina oso gutxi ziren. Denborarekin, ordea, elementu horiek garatu egin ziren: kaskamotz bat adibidez oso sartuta egon zen eskuineko taldeak Euskal Herrira ekartzearen kontuan, ezagutzen genuen beste bat nazi bihurtu zen, eta abar. Salbuespenak salbuespen, Ingalaterrara joan nintzenean ezkerrekoa zen hemengo eszena, eta antifaxista. 

Hala ere, 2013 inguruan, bestelako gauza batzuk hasi ginen ikusten Interneten, bilakaera baten erakusle. Gatazkak hasi ziren eta dena gaiztotzen hasi zen. Espainiako Estatuan errealitate ezberdinak zeuden, adibidez, Katalunian beti egon izan dira faxista espainolistak, baina baita faxista katalanak ere. Madrilen errealitatea beste bat zen, eta Euskal Herrian, beste bat. Hemen, apolitizismoaren mamua espazioa irabazten hasi zen, eskuineko taldeekin harremantzeko portaera, esaterako. Baina hemengo jendeak ez zeukan bere burua apolitikotzat: abertzaleak ziren, ezkerrekoak, eta hemen ez zegoen apolitiko purua zen pertsonarik. 

Gainera, prozesu hori graduala izan zen. Lehendabizi eskuineko taldeen musika entzuten hasi zen jendea. Gero diskoak erosteari ekin zioten, diskografia jakin batzuk finantzatuz; talde horien kamisetak erosten zituzten, haiek ikustera joaten ziren Euskal Herritik kanpora, eta bertan beste toki batzuetako jendearekin elkartzen ziren, nabarmen faxista zen jendearekin, hain zuzen ere. Hurrengo pausoa izan zen jende hori guztia Euskal Herrira ekartzen hastea.

Denbora pasatu denean, garaian inguru horretan ibiltzen zen hainbatek esan izan dit denborarekin konturatu dela Madrilgo naziak ikusten zituztela hainbat kontzertutan; Only for Whites izeneko fanzineak egiten zituzten naziak adibidez, Euskal Herriko jendeak gonbidatuta. Eszena bat garatzen hasia zen, eta normalizatu ezin diren gauzak normalizatzen hasiak ziren.

Euskal Herriko jendea De Kastelein [Brujas, Belgika; ondoren Moloko izena hartu zuen] eta antzeko lokaletara joaten hasi zen. Lokal hori Blood and Honour antolakunde naziko jendeak kudeatzen zuen, eta bertaratzen zirenen %80 ziren naziak eta beste %20 fatxak, eskuineko jendea. Horrek sare sozialen boomarekin bat egin zuen, eta jende asko hasi zen giro horretara arrastatzen. Urteak generamatzan kaskamotz-mugimendutik aldarrikatzen kaskamotzak gu ginela, eta haiek naziak besterik ez zirela; baita jende horren aurka borrokatzen ere. Eta, bat-batean, nazi horiek “musika gogoko zuen jendea” eta “jende guaya” bilakatu ziren.

Urteak generamatzan kaskamotz-mugimendutik aldarrikatzen kaskamotzak gu ginela, eta haiek naziak besterik ez zirela; baita jende horren aurka borrokatzen ere. Eta, bat-batean, nazi horiek “musika gogoko zuen jendea” eta “jende guaya” bilakatu ziren

Denborak aurrera egin eta eszena hori gorpuztu ahala, erreferentzialak ziren hainbat kaskamotz talde Euskal Herrira ekartzen saiatzen hasi ziren; Frantziako The Veros adibidez. Bideoklip batean, talde horretako baxujolea ateratzen da Ian Stuart Donaldson Memorialen kamiseta batekin [Ian Stuart Skrewdriver talde faxistako abeslaria zen]. Hau da, jada ez zen Skrewdriverren kamiseta bat eramatea musika hori gustuko zenuelako, baizik eta zuzenean Blood and Honouren sortzailearen omenezko kamiseta bat eramatea.

Jende batek erreakzionatu egin zuen eta erabaki zuen hobe zela ate batzuk itxita mantentzea, kontua ez zedin beste leku batzuetan bezala hedatu. Kataluniako esperientzia ezagutzen genuen, eta, bertan, egoera oso problematikoa zen jadanik.

Ni Ingalaterran bizi nintzen hori guztia gertatzen ari zen bitartean. 2008an bueltatu nintzen Euskal Herrira, eta gutxi gorabehera orduan sortu zen Euskal Herriko Cable Street Beat. Indarra hartzen ari zen aipatutako eszena horri kontrajarriko zitzaion eszena bat sortzea. Auzia ez zen alor musikalera mugatzen. Euskal Herrian talde jakin batzuek funtzio politiko bat bete izan duten neurri berean betetzen zuten aipatutako talde fatxek euren funtzio politikoa. Kontzertuak eta pintxadak antolatzen hasi ginen, eta gure ekimenetako leloa garbia zen: Zorrozki antifaxista

Euskal Herrian talde jakin batzuek funtzio politiko bat bete izan duten neurri berean betetzen zuten aipatutako talde fatxek euren funtzio politikoa

Kontua zen, gainera, aipatutako eszenaren dinamizazioan parte hartzen zuten batzuk, gerora garbi geratu den bezala, bazirela fatxak; baina inguruan zebiltzan gehienak ez. Asko, seguruenik, ez ziren guztiz kontziente izango, edo ez zuten auziaren sakontasun guztia ezagutuko.

Gure ikuspuntua gaztetxeetan eta abarretan azaltzeko aukera izan genuen, eta orokorrean harrera positiboa izan zen. Jendeak argi ikusten zuen arazoa. Batzuek, baina, nahiago izan zuten eztabaidari ateak itxi eta entzungor egin, esandako harremanekin aurrera eginez. Dena den, gatazkak aurrera egin zuen eta beste alor batzuetara zabaldu zen, zoritxarrez. 

Ordea, hasierako booma pasatu ondoren, seinalatutako eszena ahulduz joan zen; testuingurua aldatu egin zen, maila musikalean eta politikoan. Elementurik problematikoenak eszena publikotik ateratzea eta ezkutatzea erabaki zuten. Horrela, garaia aldatu ahala, Euskal Herriko Cable Street Beat dinamika ere bertan behera uztea erabaki genuen. 

Pare bat orduz hitz egin ondoren, ondorio bat ateratzearren, esan dezakegu garbia dela eszena musikala politizatzeko beharra eta bertan egoteko beharra. Eta bestalde, argi dago faxismoaren garapenari ezin zaiola inolako espaziorik utzi.

Bai, nire ustez garbi dago. Ez da existitzen hutsik dagoen espaziorik. Guk betetzen ez ditugun espazioak beste batzuek betetzen dituzte. Eta futbolean gauza bera gertatzen da. Egon daiteke futbola gustuko ez duen jendea; baina futbola egon badago, jende askori gustatzen zaio, eta sekulako mobilizazio-gaitasuna du. Beraz espazio hori ezin daiteke abandonatu, ez da hutsik egongo, eta norbaitek beteko du. 

Zentzu horretan, espazioak hartu egin behar dira. Euskal Herria berezia izan da historikoki: astakirten talde baten erasorik jasan gabe ibil gaitezke kaletik; 90eko hamarkadan Zaragozara joanez gero, flipatzekoa zen egoera. Baina hori, noski, ez da zerutik erortzen. Lan politiko kolektibo baten ondorio izan da. Zentzu horretan, ezin daiteke guardia jaitsi; espazio guztiak bete behar dira.

Cable Streeteko 36ko gertakari historikoaren espiritua datorkigu burura. Arazoa kolpetik moztu behar da, elur bola ez dadin handiago egin eta geldiezin bilakatu.

Hori da. Jendeak ez dezala hautu politiko erreakzionariorik normalizatu eta mitifikatu, are gutxiago iraultzailetzat eta antisistematzat hartuta. Gaur egun, batzuek Alvise atzeratu horren aldeko botoa ematea guaya dela pentsa dezaketen bezala [Alvise Pérez, Espainiako Se Acabó La Fiesta eskuin muturreko hautesle-taldearen burua], edo Frente Obreroren kasua bezala. Gauzak ondo neurtu behar dira, gatazka bide onetik garatu dadin. Kontu batzuk hobeto egin izan dira aurretik, beste batzuk okerrago, baina konfrontaziozko gatazka politiko guztietan bezala.

Jendeak ez dezala hautu politiko erreakzionariorik normalizatu eta mitifikatu, are gutxiago iraultzailetzat eta antisistematzat hartuta
EZ DAGO IRUZKINIK