Garai batean, Mundu Berrira bidaiatu ohi zuten esploratzaile frantsesek bertako jendearekin batzuen eta besteen gizarte antolaketaren arteko desberdintasunei buruzko iritziak trukatzen zituzten. Gabriel Sagard errekoletoen ordenako fraidea izan zen Frantzia Berriko lehen misiolarietako bat, eta gaur egungo Ohion, Ontarion eta Michiganen bizi ziren Huron herriko klanak (huroiak) ezagutu zituen bere bidaietan. Sagard txundituta geratu zen tribu independenteetan era konfederatuan antolatutako klan txiki horiekin; etxe egonkorrak eraikitzen zituzten eta lotsa oneko fraidearen morala asaldatu zuten jantziak zeramatzaten soinean. Baina, batez ere, txundituta geratu zen Europako kontinente zaharra deskribatzeak –bere zibilizazioaren sehaska– huroien erdeinua sortu zuela ikustean. Paris deskribatu zien Sagardek: galtzada harrizko kaleak, zubien eta hainbat solairuko eraikinen moduko ingeniaritza-lanak, baina huroien gaitzespen sakona jaso zuen esan zienean auzo batzuetan eskaleak pilatzen zirela eta Parisko kaleetan etxerik gabeko milaka pertsona ostatu bila aritzen zirela. Hari entzun ostean deliberatu zuten: beldurgarritzat jo zuten zuten Europako gizartea, zibilizazioaren erabateko porrota. Fraide frantsesak topaldi horiei buruzko narrazioetan eman zuen epaia: «frantsesak baino hobeak direla uste dute». Hitz horiek intelektual europarren eskuetara heldu ziren, Lockeren eta Voltaireren eskuetara, esaterako. Biak ala biak errentari handiak eta liberalismoaren oinarrizko printzipioetako baten sortzaileak, zeinaren arabera Estatua bizitzaren, askatasunaren eta, nola ez, jabetza pribatuaren defendatzailea den.
Mende batzuk igarota gorputz horiek berak hiri amerikarretako kaleetan pilatzen direla ikusten dugu: Bostonen, New Yorken, Detroiten… Hala ere, inork ez du porrot egindako zibilizaziorik aipatzen. Ez dago kanpotik epaitzen duen «besterik», sistema kapitalistaren kanpokorik ez dagoelako. Eta gu guztiok, menderatze sistema horretan murgilduta, ez gara gai errotik desberdina litzatekeen gizarte antolamendu bat posible dela iradokitzeko ere. Baliteke batzuentzat fentaniloaren zonbiak beldurgarriak izatea, edo etxebizitza bat ordaindu ezin dutelako egunero kale gorrian utzitako milaka pertsonek instituzioekiko eta jabeekiko gaitzespen morala sorraraztea beste batzuei. Baina inork ezin du adierazi ere egin arazo horiek errotik deuseztatzeko modua ekarriko lukeela etxebizitza erabat doakoa, gaur egungo batez bestekoa baina kalitate handiagokoa eta modu unibertsalean bermatua izateak. Hala, gizarte jakin baten mugak, kapitalismoarenak, muga objektibo eta gaindiezin gisa ageri zaizkigu.
Esku artean dugun auziari dagokionez, horrek ezinbestean dakar gaur egun arazo partzial gisa agertzen diren bizitzako esparru ugarietan ortzi-muga estrategiko hori bera zehaztu eta zertu beharra
Handia da determinazio horiek aldatu ahal izateko egin beharreko lana. Guztiz askatzailea den programa politiko bat aldarrikatzea dakar egiteko horrek, gure kasuan klaserik gabeko gizarte baten bermea izango den Estatu Sozialistaren eraikuntzaren forma hartzen duena. Bestetik, eta esku artean dugun auziari dagokionez, horrek ezinbestean dakar gaur egun arazo partzial gisa agertzen diren bizitzako esparru ugarietan ortzi-muga estrategiko hori bera zehaztu eta zertu beharra. Estatu Sozialistak etxebizitzari dagokionez zer esan nahi duen azaltzen jakin behar dugu. Baina hori guztia ezin da ideia multzo hutsa izan, oso ondo adierazita badago ere; izan ere, huroiei gutxirako balio izan zien frantsesei egindako kritikak. Zapalkuntza koloniala haien poesia politikoari nagusitu zitzaion, eta mendez mende lurraldearen poro guztiak irentsi zituen gizarte kapitalistak. Ideien hegemonia ez da ideologikoki eraikitzen; ezinbestekoa da boterean oinarritzea. Horregatik, programa politikoaz gain, nahitaezkoa da antolakuntzaren bidez esku hartzea. Soldataren aldeko borroketan «autodefentsa sozialista» kontzeptu politikoaren bidez esku hartzeko gure proposamena ulertzeko, beharrezkoa da gaur egun destakamendu komunistei ematen diegun helburu estrategiko nagusiari erreparatzea, hau da, Masa Alderdi Komunistaren eraikuntzari. Horrek guztiak berehalako egiteko batzuk eskatzen dizkigu gainera, zentraltasun estrategikoaren ikuspegitik landu behar ditugunak, baina etxebizitzaren esku hartzearen eremuan zehaztu ditzakegunak: langileriaren independentzia politikoa berreraikitzeari buruz ari naiz, eta horrek proletalgoa beren programa politikoetan mendeko elementu gisa txertatu duten eragile guztiekin dakarren haustura sakonaz. Halaber, beharrezkoa da proletalgoaren politizaziorako egitura eraginkorrak sortzea, egungo bizi baldintzak hobetzeko borrokak ere modu eraginkorrean garatuko dituztenak. Elementu horietan guztietan sakontzen ahaleginduko naiz segidan.
ETXEBIZITZA UNIBERTSALA, DOAKOA ETA KALITATEZKOA LORTZEKO, ESTATU SOZIALISTA
Bizirauteko oinarrizko baliabidea da etxebizitza, eta, horregatik, gizarte orok bermatu behar die bere biztanleei etxebizitzarako sarbidea. Gizarte kapitalistak hura zuzentzen duen balioaren legeak ezarritako mugen barruan egiten du hori, hau da, burgesiarentzako irabazia eta proletalgoarentzat desjabetza sortzen duen salgaia da etxebizitza. «Etxebizitzaren arazoa» deritzoguna, beraz, sistema kapitalistaren oinarrietatik eratorritako arazoa da. Etxebizitza bat eskuratzeko dirua eduki behar bada, etxebizitzaren kalitatea eta etxebizitza izateko aukera klase sozialaren araberakoa izango da beti.
Gizarte kapitalistak hura zuzentzen duen balioaren legeak ezarritako mugen barruan egiten du hori, hau da, burgesiarentzako irabazia eta proletalgoarentzat desjabetza sortzen duen salgaia da etxebizitza
Sistema hau abolitzeak baino ez du ekarriko etxebizitzaren arazoa modu eraginkorrean deuseztatzea. Gainera, kapitalismoaren abolizioa, termino positibotan, sistema sozialista berri bat ezartzeak baizik ezin du ekarri, etxebizitza unibertsala, doakoa eta kalitatezkoak ezaugarritzen duen sistema batek, hain zuzen. Ekoizpen indarren garapenak aukera ematen digu, historian lehen aldiz, kalitatezko bizi maila modu unibertsalean bermatzeko. Aukera hori ez da zerbait abstraktua edo utopikoa; gizarte harreman kapitalistetan indargabetuta eta lotuta dagoen aukera baizik, askatu beharrekoa. Hau da, ongizatea bermatzeko aurrekaririk gabeko posibilitate baldintzak existitzen dira egun, baldin eta gizarte eta ekoizpen gaitasunen antolaketa era arrazional eta planifikatuan egiten bada. Estatu burgesak baliabideak irabaziaren beharren arabera antolatzen ditu –ekonomikoki eta politikoki kapitalari subordinatua dagoenez–; kontrara, Estatu Sozialistak baliabide horien guztien ahalmenak garatuko lituzke, arrazionaltasun berri baten zerbitzura jarriz. Hain justu, horixe izango da etxebizitza sistema hobe bat, aukera emango duena gizarteak sortutako aberastasun material eta ez-material guztia (gaitasunak, ezagutza, tresnak, azpiegiturak, teknologia…) zentralizatzeko eta modu berri batean planifikatzeko.
Baina hori guztia imajinaezina da gizartearen gehiengoarentzat. Ez programa ulertezina delako edo proletalgoaren gaitasun intelektualerako konplexuegia delako, baizik eta ez delako aukera erreal gisa existitzen, eta, beraz, ez delako kulturalki existitzen. Argi eta garbi esatearren: doako etxebizitzaren ideia ez da ideia oso korapilatsua, guztiz kontrakoa, eta, hala ere, errazago bururatzen zaigu prezioa pixka bat jaitsi beharko genukeela etxebizitzaren arloko askotariko arazoak konpontzeko –eta eztabaida izango litzateke zenbat jaitsi beharko litzatekeen eta zeren kontura–, erabat doako etxebizitza izatearen aukera baino. Muga hori gizarte arazo kapitalista guztietara zabal daiteke, eta lotura zuzena du komunismoak XX. mendearen bigarren erdian izandako porrot militar, politiko eta kulturalarekin. Hori horrela, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko helburuz proposatzen diren programa politiko gehienak itxurazko pragmatismotik abiatzen dira. Proposamen horiek guztiak, politikoki garrantzitsuak direnak bederen, estatu burgesaren eta gizarte harreman kapitalisten esparruan egin behar diren erreforma zehatzetara mugatzen dira, eta hala aldarrikatzen dute prezioak kontrolatzea, etxe kaleratzeak aldi baterako etetea, okupazioa despenalizatzea, krediturako sarbidea bermatzea eta abar.
Hala ere, urgentzia erreformistak, pragmatismo sindikalak eta «gaitzik txikienaren» erretorikak gutxi dute egingarritik. Neurri batean, metaketa kapitalistaren krisiak berak ezarritako mugek eta proletalgoaren bizi baldintzen aurkako eraso orokortuaren testuinguruak maniobra-marjina murrizten dielako izaera aurrerakoiagoko gobernuei. Baina, batez ere, programa horiek ez direlako gai klase gizarteak eragindako arazoak erabat desagerrarazteko. Sozialdemokraziaren birbanaketa politikak urrun daude haien muga ekonomikora iristetik, eta egungo espektro erreformistaren kontsignak ere oso urrun daude Europako alderdi sozialdemokrata handiek garai batean aldarrikatu zutenetik. Etxebizitzaren arazoari dagokionez, pobreentzako karitate politikaren antz handiagoa du proposamen erreformistak: ez du jabetza pribatuaren gizarte forma batere aldatzen; ez du zalantzan jartzen, ezta gutxien-gutxienean ere, etxebizitzarako sarbideari eta kalitateari dagokionez klase posizioaren arabera dagoen aldea; ez ditu proletarioak etxetik botatzeko mekanismoak atzera botatzen, eta etxebizitza bizirauteko bitarteko huts bilakatzen du. Erdi-mailako klaseen programa horiek gizarte zatiketak gaindiezintzat hartzen dituzte, eta podium kapitalistan beraiek duten kokapena defendatzea dute helburu; horretarako, jabetza txikia babesten dute kapitalen kontzentrazio prozesuaren aurrean. Gainerakoentzat, miseriaren kudeaketa atseginagoa proposatzen dute. Horregatik guztiagatik, proposamen sozialdemokratak ezin du askapen unibertsalerako programa politiko bat eskaini, neurri batean, gizarte egitura kapitalistak ezarritako muga ekonomikoengatik –are gehiago gaur egun, soldaten aurkako eraso orokorreko fasean–, baina, batez ere, erdi-mailako klasearen gizarte posiziotik eratorritako programa baten muga politikoengatik, klase horrek mendekotzat hartzen baitu proletalgoa.
Horren guztiaren aurrean, proletalgoaren interes unibertsalak gauzatzeko proposamen politiko bat garatu behar da etxebizitzaren esparruan ere. Alde horretatik, duela gutxi sortutako Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak aintzat hartzeko moduko proposamen politiko bat jarri zuen mahai gainean. Adierazgarria da Etxebizitza Sindikatu nazionalaren aurkezpenarekin batera gizarteratu izana etxebizitzaren aldeko borrokarako duen proposamen politikoa: lehenik eta behin, nahiko urrun dagoelako gizarte mugimendu askotan presente dagoen joeratik, zeinak indarrak batzeko oinarri gehienetan identitarioak, askotan beste mugimendu politiko batzuek instrumentalizatutakoak eta ez oso esplizituak erabiltzen baititu. Inertzia horren aurrean, esperientziatik abiatuta diseinatutako eta kolektiboki onetsitako oinarri politiko argiak dituen antolakunde bat eratu dute. Bigarrenik, ez delako soilik etxebizitzaren esparrutik egindako proposamen politikoa, baizik eta Mugimendu Sozialista eraikitzen saiatzen ari den zentralitate estrategikotik egindakoa. Zehazki, Kontseilu Sozialistek hausnartzen dute etxebizitzaren aldeko borrokak komunismoaren berreraikuntza politiko, ekonomiko eta kulturalerako egin dezakeen ekarpenaz, eta ez alderantziz. Eta hori ez da hutsala, etxebizitzaren eremu partzialak ezin baitu modu efektiboan ebatzi etxebizitzaren arazoa nola gainditu.
Nabarmendu behar da joan den ekainean aurkeztutako proposamen politikoa ez dela erreforma zehatzak biltzen dituen programa bat: puntu bat bera ere ezin da bere osotasunean aplikatu gizarte kapitalistan, eta, aldi berean, puntu guztiak partzialki gara daitezke, erreformen bidez edo baliabideak eta gaitasunak antolatuz eta zentralizatuz. Adibidez, zenbait etxegabetze geldiarazteko berariazko neurriak har daitezke, baina jabetza pribatua existitzen den bitartean etxegabetzeak ere existituko dira. Beraz, gerra kulturalerako tresna eta etxebizitzaren aldeko eguneroko borrokarako gida da proposamen politiko hori. Konkretutasunaren bidez Estatu Sozialistaren potentzialtasuna ulertaraztea da egitekoa; arazo bakoitzaren gaindipena gizartearen berrantolaketa osoaren bidez uler dadila. Proposamen politiko honek lau puntu nagusi ditu: irabazi kapitalista indargabetzea eta doako etxebizitza ezartzea; pertsona guztientzako etxebizitza bermatzea, hau da, sarbide erabat unibertsalekoa izatea; kalitatezko etxebizitza hedatzea eta proletalgoaren eta, zehazki, militantzia politikoaren eskubide politikoak zabaltzea.
Doako etxebizitza, irabazi kapitalistari eraso egitearen kontura. Arazoa prezio altua besterik ez dela esaten dutenen aurka, alokairuak, hipotekak eta zorra indargabetzearen alde egiten dugu, bai burgesiaren bai erdi-mailako klase errentatzailearen espekulazioa eta errentak amaitzearen alde. Enpresek eta estatuek miseriazko etxebizitza sozialarekin egiten duten negozioa amaitu behar dela diogu, eta proletalgo antolatuak putre funtsen eta bankuen etxebizitzak desjabetu behar dituela aldarrikatzen dugu. Ezinbestekoa da haiek askoz okerrago bizitzea, ongizate handiagoa modu unibertsalean bermatzeko. Irabaziari eraso egiteak hirigintza kapitalistaren eta hark sortzen duen espazioaren banaketa klasistaren aurka borrokatzea ere eskatzen du. Doakotasunaz gain, pertsona guztiek etxebizitza eskuratzeko aukera izan dezaten eskatzen dugu. Bizitzeko behar diren ondasunetarako sarbide unibertsalak proletalgoaren desjabetze historikoa amaitzea dakar, aurka eginez pobreei kontrapartidak eskatzen, iragazkiak jartzen edo epai moralak egiten dizkietenei. Horrek esan nahi du inor ezingo dela bere etxetik kanporatu, eta ez dela irabazia handitu dadin sarbidea mugatzen duten iragazki arrazistarik, burokratikorik eta ekonomikorik existituko. Baina, gainera, etxebizitzak, pertsona guztientzat izan dadin, espazio segurua izan behar du, erasotzailerik, etxejaberik eta poliziarik gabea. Eta, azkenik, etxebizitzaren kalitatea. Kalitatea mende luzetako soldatapeko esklabotasunaren emaitza da, burgesiaren domeinupean sortutako gizarte aberastasun erraldoiaren ondorio; azkenean, desjabetzaileei desjabetua, sozialki antolatua eta banatua izango da, proletalgoarentzat etxebizitza duina aldarrikatu eta kalitatea burgesiari uzten diotenen aurka. Horrek esan nahi du borroka egin behar dela etxebizitzaren kalitate galeraren aurka eta hornidura mozketen aurka, etxebizitza bere gutxieneko adierazpenera murriztuko ez duen etxebizitza sistema baten alde. Etxebizitza-sistema sozialista baten alde borrokatu behar gara, etxebizitza bermatuko duena, bizirauteko ez ezik, baita garapen pertsonal eta kolektibo librerako bitarteko moduan ere.
ALDERDI KOMUNISTAREN ERAIKUNTZARI EKARPEN EGITEKO, AUTODEFENTSA SOZIALISTA
Proposamen horren helburua ez da maila ideologikoan atxikimenduak bilatzea soilik; komunismoaren hedapen kulturala ez du konbentzimendu hutsak ekarriko, baizik eta antolakuntza komunista organizatiboki eta politikoki gailentzeak. Beraz, antolakuntza da proposamen honi zentzua ematen diona, erreformaren mugak etengabe azpimarratzen baititu, eta kontsigna horiek Alderdi Komunistaren eraikuntzan are gehiago sakontzeko baliatzen. Eta antolakuntza da etxebizitzaren aldeko borroketan lortutako indar guztiak programa eta estrategia bateratu baten alde artikulatzen dituena. Azken batean, antolakuntza komunistak eta haren programak bermatu behar dute borroka ekonomikoek ez dutela estatu burgesa elikatzen, eta alderantziz, bat egiten dutela komunismoaren berreraikuntza organizatibo, politiko eta kulturalerako balio duen borrokarako indar handi bat eratuz.
Borroka ekonomikoak beharrezkoak dira biziraupen hutsagatik, eta ez dira desagertuko, klase borrokaren adierazpen oinarrizkoena eta proletalgoaren elkargune berehalakoena baitira. Hala ere, borroka ekonomikoetan esku hartzeko modu desberdinak daude, eta horietako baten alde egiten dugu guk: borroka horietan artikulatutako indarra komunismoaren proiektu politikoan batzeko aukera ematen duen aukeraren alde. Horretarako, «autodefentsa sozialista» kontzeptua proposatzen dugu; bizi baldintzen ezinbesteko defentsa eta baldintza horiek hobetzeko eta zabaltzeko borroka barne hartzen dituen praktika da, baina baita lortutako indarra Alderdi Komunistaren eraikuntza prozesuan integratzen saiatzen dena ere. Hala, azken buruko xedea ez da sekula agortzen behin-behineko hobekuntza ekonomiko horietan; helburua instituzio independenteak garatuz proletalgoak borroketan duen botere posizioa hobetzea izan behar da.
Borroka horietan artikulatutako indarra komunismoaren proiektu politikoan batzeko aukera ematen duen aukeraren alde
Borroka ekonomikoen eremua gerra kulturalerako eremua da, beraz. Borroka horien bidez politika burgesaren mugak agerian geratzen dira, antolakuntza independentearen esperientzia hedatzen da, gaitasun propioen ahalmenarekiko konfiantza areagotzen da... Borroka horietako bakoitzean zentzu komunak urrats bat eman behar du aurrera: etxegabetze bat gelditzeak burgesiaren mundu ikuskera indartzeari utzi behar dio, eta aletxo bat gehiago izan behar du zentzu komun berri baten norabidean. Zentzu komun horrek etxegabetze guztiak errefusatu behar ditu; uko egin behar dio batzuek badaukatelako eta beste batzuek ez daukatelako etxebizitza ordaintzea betebehar ekonomiko eta politiko izateari. Baina ez gara iritziak mobilizatzeaz edo zentzu komunak aldatzeaz soilik ari. Esan bezala, proiektu baten hegemonia ez da ideologikoki eraikitzen, duen indar politikoaren bidez baizik. Horregatik, borroka horiek guztiak instituzio proletarioak sortzera bideratu behar dira. Hau da, soldataren aldeko borrokek proletalgoaren antolakuntza independenteak prozesu sozialen gainean duen kontrol progresiboa elikatzeko balio behar dute. Hobekuntza bakoitza gizartearen antolaketa berri batean integratu behar dugu; burgesiari prozesu sozialen gainean duen kontrola –pribatua edo estatuaren bidezkoa– kendu eta proletalgoaren zuzendaritza demokratikoaren pean txertatu behar dugu. Instituzio proletarioek, bizitzako esparru guztietan antolatuta, beren baitan eta gizarte diziplina berri baten pean integratuko dute irabazi kapitalistari kendutako hori. Azken batean, auzia borroka ekonomikoak proletalgoa politizatzeko espazioak sortzeko eta koadro teknikoen oinarri sendoa eraikitzeko baliatzean datza, lurraldearen gaineko kontrol eraginkorra ezartzeko gaitasuna lortzen den unean gaitasuna izan dezaten ahalik eta prozesu sozial gehien kudeatzeko.
EPE LABURREKO ONDORIOAK
Orain arte esandakoak epe laburrean kontuan hartu beharreko ondorioak dakartza. Etxebizitzaren aldeko borrokan jarduten duten eragileek ikuspegi iraultzailetik landu beharko lituzketen lau zeregin nagusi aipatuko ditut abiapuntu gisa: lehenik eta behin, orain arte etxebizitzaren aldeko borrokak eta haren eragile nagusiek izan dituzten mugen gaineko analisia doitu behar da. Analisi hori ezin da kasu batzuetan egokiagoak edo desegokiagoak izan diren taktika sindikalek dituzten mugetara mugatu; aitzitik, haien hutsune estrategikoetan sakondu behar da, haien eraginez pasatu baitira «gizarte mugimenduaren» rolera, eta, hala, zenbait alderdi parlamentariok instrumentalizatzeko moduko bihurtu. Bigarrenik, analisi kritiko horrek arestian aipatutako gaiei buruzko eztabaida sakon eta zintzo baterako preludio gisa balio behar du. Premiazkoa da eztabaida estrategikorako espazioak eratzea, printzipio ukaezin hauek oinarri hartuta: klaserik gabeko eta inolako zapalkuntzarik gabeko gizarte bat eraikitzeko beharra eta hura proletalgoaren independentzia politikoa eraikiz egiteko premia.
Proletalgoaren independentzia politikoa ez da proletalgo soziologikoaren espazio esklusiboen antolaketa gisa ulertu behar, baizik eta, esan bezala, proletalgoaren interes unibertsalen berreraikitze ideologiko eta organizatibo moduan, hau da, proletalgoa subjektu politiko iraultzaile gisa berreraikitzean. Horrek ondorioak dakartza, baita etxebizitzaren aldeko borrokan ere: borrokan ari diren eragileen eta antolakunde sozialdemokraten artean sortu diren loturak askatzea esan nahi du. Ondorioz, bai, politika erreformistekiko haustura politikoa ekarri behar du maila guztietan; interes interklasistak biltzen dituen «etxebizitzaren aldeko mugimendu» kontzeptuaren berrikuspena eta esparru politiko propio baten zabalpena.
Politika erreformistekiko haustura politikoa ekarri behar du maila guztietan; interes interklasistak biltzen dituen «etxebizitzaren aldeko mugimendu» kontzeptuaren berrikuspena eta esparru politiko propio baten zabalpena
Azkenik, prozesu horrekin batera lehen aipatutako helburu eta printzipioekin bat datorren taktika sindikal eraginkorra garatu behar da. Horrek esan nahi du etxebizitza sindikatuek eta beste erakunde sindikal zein erreformista batzuek erabilitako taktikak berrikusi egin behar direla: tresna asko baliagarriak izango zaizkigu eta beste batzuk ordezkatu egin beharko dira. Badira praktika sindikalean oso erabilgarriak zaizkigun metatutako ezagutzak –presio mekanismoak, etsaiaren ezagutza, agitazio eta propagandarako bitartekoak eta abar–, bai eta autodefentsa sozialista ulertzeko dugun moduarekin kontraesanean dauden beste batzuk ere –burokratizazioa; jabe handien kontrako gatazkei lehentasuna ematea; klase batasunaren aurka egiten duten kontsignak eta aldarriak, batzuen interesak besteen gainetik jartzen dituztenak, etab.–. Horrek guztiak soldataren aldeko borrokaren eredu eraginkor bat fintzen lagundu behar digu, aldi berean proletalgo iraultzailearen antolakuntza politikoa eta egungo bizi baldintzak hobetzeko balioko duena.
HEMEN ARGITARATUA